Marinela
Marinela
Fernando Pessoa
itzulpena: Joseba Sarrionandia
1985, antzerkia
80 orrialde
84-398-3065-3
azala: Kapo Urrutia
Fernando Pessoa
1888-1935
 
Marinela
Fernando Pessoa
itzulpena: Joseba Sarrionandia
1985, antzerkia
80 orrialde
84-398-3065-3
aurkibidea

Aurkibidea

Prologoa
Joseba Sarrionandia

Marinela

O marinheiro

Erosi: 5,71

Aurkibidea

Prologoa
Joseba Sarrionandia

Marinela

O marinheiro

 

 

PROLOGOA

 

        Fernando Antonio Nogueira Pessoa —hau baitzen bere izen ofiziala— 1888 urteko ekainaren hamahiruan sortu zen, arratsaldeko hiruretan, Lisboan. Eta Lisboan bertan hilgo zen, 1935 urteko hazilaren hogeita hamarrean, alkoholismo kronikoa eta zirrosia medio.

        Berak esaten zuenez, bizitza bi izaten ditugu: bata, egiazko bizitza, haurtzaroan amets egin eta harrezkero ere irudimenaren behelaino mehe artean segitzen duguna eta bestea, bizitza faltsua, besteekin eta iharduera praktikoan konplitu eta hil kaxan amaitzen dena.

        Goi mailakoa eta kultoa zen Fernando Pessoaren familia, hidalgo leinukoa aitaren aldetik, judukonbertsoen leinukoa amarenetik. Sei urte zituelarik hil zen bere aita, tuberkulosiarekin, eta geroxeago urte beteko bere anaia tipia. Baina bi urte geroago ama alarguna berriro ezkondu zen militar batekin eta, 1896 urtean, Hego Afrikan bizitzera joan ziren hirurak, Durban hirira. Han, Fernando Pessoa eskola ingelesetan hezi zen, eta gazterik hasi zen literatura estudiatzen eta izkiriatzen, ingelesez beti.

        Hamazazpi urterekin, 1905ean, Lisboara itzuli zen; eta ez zen gehiago hiriburutik irtengo bere bizitza guzian.

        Itzuli ondorengo urteak aldaketa urteak izan ziren, bizimoldez eta hizkuntza literarioz egokitu behar bait zen. Ingelesa utzi gabe, portugesez saiatzen zen idazten. Lana bulegoetan aurkitu zuen, itzulpen eta gutun komertzialak, herbesterako batez ere, erredaktatzea zuen ogibidetzat.

        1912 urtean argitaratu zituen Fernando Pessoak bere lehen idazlanak, A Aguia aldizkarian. Lusitanismo eta saudosismoaren garaia zen literatura portugesean, berbizkunde eta eztabaida aldia orduko abangoardietan, eta berehala eman zen ezagutzera, eztabaidetara bete betean sartu eta jakintza literario aparta erakutsi zuelakoz.

        1913 urteko bere paperetarik dakigunaren arauera, etengabe izkiriatzen zuen, gutxiago ingelesez eta gehiena portugesez. «A Brasileira» tabernako tertuliara joaten zen lagun batzukin. Baina literatura bakarrik egiten zuen, hasiera eta amaierarik gabeko narrazioak, behelaino arteko poemak, zurrumurru metafisikoak. Bere amari, Hego Afrikara, sarritan bidaltzen zizkion gutunak. Bere lagun minena garai haretan Mario de Sa-Carneiro zen; gero suizidatuko zen poeta hura. A Aguia aldizkariko idazkaria ere laguna zuen, Alvaro Pinto. Emakumeekin oso lotsatia omen zen, ez zen haiengana hurbiltzen edo alde egiten zuen. 1913ko martxoan Impressoes do Crepusculo izeneko poema idatzi zuen, gerora paulismoa delako korronte literarioa fundatuko zuena, eta sortzear zeuden —1914 urtean erditu bait ziren— Fernando Pessoaren heteronimoak, halegia, Alberto Caeiro, Ricardo Reis eta Alvaro

de Campos.

        O Marinheiro, prologo honetan aurkeztu nahi dudan obra, 1913 urteko urrian datatzen da. Argitaratu geroago. Lehenengo, A Aguia aldizkarikoek ez omen zioten onartu, eta ez zen argitaratu Orpheu aldizkariaren lehen alean baino, 1915 urtean:

Obra hau —euskaraz Marinela izendatu dudana—, ez da erabat kabitzen literatura sailkatzeko usatu ohi diren zakuetarik batetan. Teatroa da, baina egitura arras berezikoa, gertaerarik gabea; poesia moldekoa ez bada, hagitz poetikoa da; narrazioa ere bada, narrazioaren antsia dario behintzat; eta filosofia tratatua ez bada, gogoeta metafisikoa besterik ez da lehen arnasetik azken silabara arte. Orduan, sailkatzekotan, autoreak berak imini zion azpitituloa haintzat hartzea besterik ez dago, «drama estatikoa» dela esan zuen Fernando Pessoak.

        Zer da drama estatikoa? Gatazkarik eta mugimendurik ez dagoeneko teatroa da estatikoa. Posible dea gatazkarik eta mugimendurik gabeko teatroa? Fernando Pessoa baietz erakusten entseiatu zen eta, areago, teatrogintza drama estatiko eta lirikorantza zihoala uste osoan zegoen. Drama estatikoan argumendua ez da ekintzen bilakaera eta ondorioetan oinarritzen, dramaren haria, obra honetan erakusten denez, arimaren biluzketa hutsean finkatu daiteke. O Marinheiro honetan, hain zuzen, errealitatearen ate zein leihoak hertsi eta lengoaiaren eta ametsaren bidez arima azaltzeko situazioak kreatzen ahalegintzen da Fernando Pessoa. Bizitzaren tentsioa lekorean bilatu beharrean pertsona barruan topatzen da, arimaren teatroa izendatzea otutzen zaidan zerbait eginaz.

        Erreferentzien aldetik, kritika literarioaren aipamenak ekarriez gero, modu desberdinez interpretatu da O Marinheiro. Kritiko batzuek (Maria Teresa Rita Lopes, Fernando Pessoa et le Drame Symboliste, Paris, 1977) teatro sinbolistaren erroak somatu dituzte, Maurice Maeterlinck autorearen herentzia hain zuzen. Beste kritiko batzuek (Maria de Fatima Marinho, Actas de Congreso International de Estudos Pessoanos, Porto, 1979), berriz, absurdoaren teatroa ikusi nahi dute Fernando Pessoarenean, Samuel Beckett eta Eugene Ionesco gerokoagoen aintzindari legez edo. Erlazioak bilatzen abiatuez gero, nahiz eta kritikoa ez naizen, eta horregatik behar bada, cantigas de amigo zaharren aidea hartzen diet nik dontzeilen solasei. Irakurketa arras desberdinak egin daitezke, beraz, desberdinak eta hurrinak. Dena dela, O Marinheiro Fernando Pessoaren obra guziaren kontextoan entelegatzen da egokien. Hain zuzen, drama estatiko honetan daude 1914 urteaz geroztik heteronimoek, bakoitzak bere tankera berezian, zabaldu eta borobilduko zituzten gairik funtsezkoenak, eta bizitzari eta lengoaiari buruzko ideiak batez ere, gero Livro do Desassossego delakoan agian beste liburuetan baino era zuzenagoan azaltzen direnak.

Hemen ez dagoen lekua balego, interesgarria litzateke erakustea Fernando Pessoaren obra ugariak ez direla hari puska solteak, baizik eta sare zabal baten zatiak, eta sare handi horretan O Marinheiro, besteak beste, lehen lokarrien artean dagoela. Liburu honen epilogotzat hogeita zazpi inguru ohar erantsi ditut, hitz eta esaldi konkretuen komentarioak eginaz batzutan eta Fernando Pessoaren texto zatiak argibide eta osagarritzat emanez bestetan. Fernando Pessoaren obra den sare zabal hori haritxo buru hoietan antzematen hasi daiteke behar bada.

        Bestalde, itzultzea deliberatzean zergatik O Marinheiro hau, eta ez beste edozein, hautatu dudan galdetzen badidazu, ez dut arrazoi handirik, salbu eta irakurtzean laket egin zitzaidala. Itzultzea, gero, ber irakurtzeko modu on bat da eta, gainera, irakurlea zerbaitetara gonbidatzeko modua ere bai.

        Gonbidatu egin nahi zaitut, bada, Fernando Pessoaren kantiga aideko mintzairaren bidez edo lur gotor gisa habitatzen dugun gure hizkuntzaren bidez, hiru dontzeila geldi eta misteriotsuen eta laugarren geldiago eta misteriotsuagoaren gelara. Gela honetan, Fernando Pessoak aipatzen zituen bizitza bietatik egiazkoenean, amets eta bildur batzuk besterik ez duzu aurkituko, libururik gabe eta egunsentira orduko leihotik begiratu eta bizitzari buruz gogoeta eginez eduki ditzakezun zentzazio berberak, agian, baina sar zaitez.

 

Joseba Sarrionandia