Urtu aurretik
Urtu aurretik
2022, poesia
88 orrialde
978-84-17051-83-9
Xabi Borda
1981, Azpeitia
 
2004, poesia
 

 

AIREAN

 

 

hegazkinak lurra hartzean hodei baten itzala gainera

elkarrengandik urrundutako bi galaxia gara orain

nire hatzak zure atomoen bila mugikorraren pantailan

baina hemendik hara espazioa okertu egiten da

elkarri eskurik eman gabe ere

berdin eusten dio arratsalde honek

 

turistak eskailera mekanikoan behera

inbidiaz begiratzen diet

xingola metalikoan hilotz bat maletarik ez

aduanakoak datoz

erreklamazio orririk bete gabe atera naiz presaka

 

atarian nabil neure izenaren bila

esku arrotzek idatzitako letren artean

autoan sartu eta ez diren kaleetan barna naramate

txiklea mastekatzen dut belarriak zabaltzeko

 

sir hauxe duzu paradise hotela diost gidariak

sarreran norbait pianoa jotzen

harrerakoak begia kliskatu paperak sinatzean

 

larrialdi irteeraren bila hasi naiz zer gerta ere

taket batez blokeatua dago ordea

gezi berde bat gainean dirdirka