Tractatus
Tractatus
2014, poesia
128 orrialde
978-84-92468-57-7
azala: Laura Esteve
Jule Goikoetxea
1981, Donostia
 
 

 

TRACTATUS MAGNANIMUS

 

                          1

 

Biluzik itzuliko nintzateke oihanera.

Ginkgoen, magnolien eta sekuoien

adarren artean gidatuko zintuzket biluzik.

 

Titipuntak igurtziko genituzke nahigabe

nana gracilisen artetik igarotzean

eta erdigune sakratuan

abiatze-erritual bati emango genioke hasiera.

 

Desberdintasunaren elizkizunari.

 

Ikertuko genizkioke elkarri

atzaparrak eta hegalak

basamorturik ez duten

eztizko duna horiek zeharkatzean

izterrekin sortzen duten harremana.

 

Biluzik itzuli naiz

halabeharra itsutzeko

atsedenik ez hartzeko

 

keinu hori nahi dut

nire izpiritua dotore

manipulatuko duen

keinu basatia

 

jakin dezan

haztatu baino lehen

nola ikertu nire

beste gorputzak.

 

 

 

            2

 

Akuri polit hori,

ni lerrotuta baizik

ez naiz existitzen

eta nire misioa

kaosa zeharkatzea da

identitatea ezarri eta

absurdoa biribiltzea,

zure gisako ugaztunek

jarrai dezaten

zentzuan bizi eta eternoki

egietara jolasten.

 

Zu norabidetzea

eta gero galbideratzea da,

kreatura eder hori,

nire misioa.

 

Oreka nahi baduzu

agonia eta kontraesana

eman beharko dizkidazu,

ezer ez emanda

ezereza itzuliko zaizu

ezin baitut, kume panpox hori,

ezin beti posizio bakar

eta berbera izan.

 

 

 

      3

 

Ez nator

zu ehizatzera

zu salbatzera

 

zure mundu begirada

nire betileen haizeñoaz

urratzera

nator

 

nire ezpainak

une batez eme

zure bizitzan pausatu

eta zure burua

arrotz bihurtzera

 

zure minenetik

ukitu gabe

zu besterentzera

 

zu

bereiztera

nator.