Eroriaren logika
Eroriaren logika
2009, poesia
104 orrialde
978-84-92468-11-9
azala: Iņaki Landa
Juanra Madariaga
1962, Bilbo
 
2003, poesia
1992, poesia
 

 

EROSI MAPA

 

Bazterretako mapa geografikoa

bidaia agentzia batean eros daiteke,

tour ederra proposatuko dute

desertu periferiakoetan barrena.

Bakardadea, nork berea batu bideari ekiteko.

Hegoaldera luzaturiko begirada galduak,

arrotzak, okerrak, absurdoak, akastunak,

denak dira horretan monumentu nazionalak.

 

Muturretako demonioek

erreka magalak betetzen dituzte,

txoriak joanak dira toki honetatik, British Airways,

alfonbra koipetuak baino ez ditugu zapalduko,

deslekuetako hizkuntza berri eta

paraplegikoa darabilte biztanleek,

arnasa hartzeko aparatuak ere

zaharregiak dira funtzionamenduan.

 

Atrakzioa egongo da nonahi.

Igo gure tranbiara eta ez duzue ordainduko

hemisferio honetako bitakorako poemak

irakurtzen ez badituzue.

Barneratuko zaizkizuen zantzuen artean

lirismo groteskoa, distortsioa, aseezintasuna, desoreka,

zirriborroaren erreinua, poesiaren tentsioa aurki daitezke.

Salgai daude orratzez zeharkaturiko hasperen bildumak.