Lur bat zure minari
Lur bat zure minari
1995, poesia
68 orrialde
84-86766-58-3
azala: Nicolas de StaŽl
Jose Luis Otamendi
1959, Azpeitia
 
2019, poesia
2014, poesia
2007, poesia
2000, poesia
1999, narrazioak
1990, poesia
1987, poesia
 

 

Talaia galduak-1

 

Talaia guztiak galduak ditut eta ibai zokotik zelatatzen zaitut

Odolez hustu ezinik nabil bihotza, zure odolez nirea

Beti izan dira bi gure bihotz biak

Ezponda honen aldatz beheran iluna kudeatzen gagoz

Ez nazazu arren memoriaren haitzarrietara kondena

Etxera ezinik nago ertz honetatik begira

Orube urrun bat bazenu bezala bihotza

 

Negarra bozatzeko beste txara hazi da nire hortz-obietan

Etxe hustuetako enpapelatuan dira behialako maite-izenak

Eta bihotzok bi diren artean erdibi dagoz, bi erdi

Eta zelan zagozan asmatzera egiten dut

Zure eskua asmatzera loak tatuatu amildegien bila

Eta jitoak itotakoen patsa dakar

Ez nabil ez zubi lehertuen bila ez aintza ez ezein atzerriren bila

Gau itsaskatu ezinotan zein urrun dagozan bionak, zein urrun bihotza

Ahantz zaitzadan batu den lainotik hartu dut arnasa

Hor kaleak erratzez garbitzen dituzten goizak ez nau aurkituko berriz

Neure ezinak kainoituta bizi naz eta gauero amatatzen da argi bera

Ez nazazu inoren duintasunagatik maite