Kea behelainopean bezala
Kea behelainopean bezala
1994, poesia
80 orrialde
84-86766-53-2
azala: J.M.W. Turner
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1996, nobela
 

 

Askatasunaren harlauzak

 

Munduari egin zioten ohizko errebisio batean

zer eta zor bat aurkitu zioten dolar askotakoa

zer egingo diogu inor ez da perfektoa

zor bat aurkitu zioten munduari estolderiatan

ilargiko etxekalteetan ateratako argazki lizunekin batera

eta orduan zorrez eta zorriz mintzatzen ziren irratiak

egunkariak eta telebistetako sugandilak

berehala itxaropena kortinen bestaldean

imajinatu genuen itxaroten

askatasunaren hiribideari altxa zizkioten harlauzak

ibaiko ura dragatu zuten infernuko perkusioa miatzeko

munduari egin zioten ohizko errebisio batean

bere gorputzeko zeru ezkutuenean

zor bat aurkitu ziotelako dolar askotakoa

eta orduan hondartza guztiak eta ganbara guztiak

errekisatu zituzten gu ez gara errudunak

guk ez dugu ezer egin esaten zuten denek

askatasunaren hiribideari altxa zizkioten harlauzak

etsituta itzultzen ziren etxera langileak

urre bilatzaile menturazale haien desenkantuaz

askatasunaren hiribideari altxa zizkioten harlauzak

aspaldi hartan poetek esaldi kopulatibo gehiegi

zerabiltzatela zioten kritikoek

eta hirira ez zen usorik etortzen

ganbarako ametsak gasez fumigatu zituztelako

askatasunaren hiribideari altxa zizkioten harlauzak

koartadarik gabe topatu zuten burua galdu zuen i hura

bere eskuak ebakitzear iturriko amildegian

askatasunaren hiribideari altxa zizkioten harlauzak

estolda zuloetatik eta jendearen harriduratik

o ugari errendatu ziren gu ez gara errudunak

guk ez dugu ezer egin esaten zuten denek

ordea errudun bat nahi duenak beti topatzen du erruduna

sahara gobi eta basamortu gehiagotan

dabiltza oraindik hondarra ihintzarekin fumigatzen

nahiaren eta ezinaren n isurkorraren bila

miatu zuten olatu bakoitzaren erradioa

askatasunaren hiribideari altxa zizkioten harlauzak

harri eta zur geratu ziren arkeologoak

duela mila eta seirehun urte inguru eskuz egindako

itzal eskerga topatu zutelako harlauza puskatuen azpian

pitzadurarik gabe apenas egoera estimagarrian

british museum-era igorri zuten itzal eskergaren lagina

air mail korreo urjentez por avión

ertzetan marra gorri eta urdinak dituzten

gutunazal horietako batean sartuta zorrak kitatzeko

txeke zuri baten itzal gurutzatua

dolarretan of course

askatasunaren hiribideari altxa zizkiotenean harlauzak