Kea behelainopean bezala
Kea behelainopean bezala
1994, poesia
80 orrialde
84-86766-53-2
azala: J.M.W. Turner
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1996, nobela
 

 

Mugak

 

Hain hiskor diren marrok

gauak berdinduak bere oleo ihesezinaz

ez dituzte errekek lerratzen

urtuz isurian bideko berun txintxarrak

ez dituzte beleek erortzen utzitako lumek zedarritzen

ez mendiek ez ibarrek ez buhameen karabanek

ez gizakiaren baldartasunak sikira

mapetako marra zarpailok

baioneten zizta errepikatuek edo eta

arrastaka eraman sudarioetatik

banan-banan irristatutako

odol tantek dituzte marraztu

harrapatuz eta itoz

beren pean lore kolerikoen loak

beren pean sasi soslaien lausoak

Baina odolbilduek seinalatutako sasibideak

euriak ditu ezabatzen

euriak dakarren aroa denborak daroa

gaualde susmatzaileetako

arrastiri busti barreiatzailean

 

Marrok ez dute ulertzen

amore ematen ez duten herri itxurako multzoez

multzo itxurako herri irlatiez

hizkuntzez edo eta

sentimendu itxurako kasketaldiez

Marrok pultsu dardartiz

seinalatu zituen ezein jainko aketok

gure azaletan tatuatuz minaren orbainak

entzun gabe erreken eztarri unibertsalak

deiadarka botatako etsipenaren sinonimoak mila

zakur eta armiarma oro aurki ezinean bila

baina zeren bila

ez al gara ba herri hila?

 

Marra baten alde batera nahiz bestera

dagoen hura berdina izanik

nola ulertu amildegi izun horien sakona

eta nola konprenitu

zuria eta beltzaren artean dagoen eremu jabege

begiz beha ezinekoak

lerro mugatzailerik ez izana?