Kea behelainopean bezala
Kea behelainopean bezala
1994, poesia
80 orrialde
84-86766-53-2
azala: J.M.W. Turner
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1996, nobela
 

 

Zikutazkoak

 

Oroiminezkoak ziren urak zikutazko

bilakatu zaizkit eskuartean

Bakardadeak zulatu dit mingaina

Pisu batean erkatuz eromena edo heriotza

eskainiko balizkidate bezala da

ez da aukera erraza

aterki asko ikusten baititut gaur kalean

makina bat kapelu beltz zain zianuroaren

ugaranetik urruntzen desioen hondarretara

jaka ilun asko beren hezurdurak paseatzen

eta haizea nahikeriaren haizea ere badabil

hiri honetan udazkenak hain luzea izaki

hamasei hilabete irauten duela ikusi dut

zapata hautseztatuak ere bai eta zikutazko ibaiak

igarotzen duten zubi bakoitzean geratzeko

esperantzarik galdu ez duten zikutazko ibaiak

itsas brisarak ekarritako astelehenak

norbaiti ostutako zumezko isiltasunaz

eraiki dituzten gau artifizialak

eta saguak eta ogi lizundua ikusi ditut

kalegarbitzaileak zaborra hitza

hiztegietatik errazten

katea hitza ere kendu nahian eromen gozotik

baztertzen heriotzaren hesietara

Ikusi ditut putzuak irakiten eta armiarmak

erdiminez hamasei udazkeneko haurdunaldian

baina batez ere ikusi ditut

jaka ilun asko hezurdurak paseatzen berandu

edo besterik ez bada poliki

hiltzearen sekretua idorotzen gurutzegrametan

sei hizkitakoa laburdura pb

kearen lau ertzetariko batean kizkurturik

haize ikustezina ikusi dut

xuxurlatzen erantzunak burezur deboilatuetan

belarrizulo izandako hutsuneetatik sartuirteeran

Ikusi ditut gauza gehiago ere

bederatzi hizkitakoa sinonimoa desertu

zikutazkoa gure etorkizuna eta zikutazkoak

egunsentiak ilargiko etxekalteetan