Galera errepikatuak
Galera errepikatuak
1992, poesia
100 orrialde
84-86766-39-7
azala: Yuka Fujii
Juanra Madariaga
1962, Bilbo
 
2009, poesia
2003, poesia
 

 

Oroitzeko ura, edateko ura

 

Felipe Juaristi

 

Herioarengandik ihes egiten saiatuz, biziaren bila abiatu, eta hori bere baitan dagoela konturatu ez den gizonaren liburua da hau. Heriotzea kanpokoa baita, ez barnekoa. Eta horretaz konturatzen garenean hasten gara bizitzen, bizitzaz gozatzen, denboraren iragan krudela gainditzen.

        Askotan pentsatu izan dut zein den bi kontzeptu horien arteko ezberdintasuna (heriotzeaz eta bizitzeaz ari naiz). Konjeturak, autresentipenak besterik ez ditut aurkitu. Arakatu dut literaturaren historia. Gauza handirik ez. Isiltasun-ibai bat hitzen itsasoan itotzen. Azken finean, ez bata zein bestea, huts-hutsean eta bat-batean, ez baitira deus, garrantzia dute guk haiei ematen diegun neurrian. Eta prozesu horri memoria deitzen zaio. Denboraren balioa, edo plusbalia batzutan.

        Gogoratzen ari naiz, aspaldi ez dela, gai honetaz egon ginela mintzatzen poeta hau (Juanra Madariaga) eta biok, euria ari zuen egun batean. Bizkaiko herri estraino batean. Gogoratzen ari naiz hitzaldi inprobisatu hartan esandakoaz. Memoria dut. Bizi naiz, alegia. Bizi gara.

        Hala zioen Martin Heidegger-ek Hölderlin-i buruzko saio zoragarrian: «Poesia egitea da oroitzea. Oroitzea, sortzea. Zerbaitek irauten duen seinale. Oroimena».

        Memoria eginez gogoratzen naiz Grezia Zaharrean memoria gabe gelditzea zigorra zela. Memoriarik ez izatea eromen-suerte bat ere bazen. Memoriak gizona definitzen baitu, denbora definituz. Iragan denbora eta denbora presentea bat egiten dira izpirituaren ahalmen horren bidez.

        Eta garena izan garenaz oroitzen garelako.

        Bada Marguerite Yourcenar-en poema bat, oso ondo adierazten duena prozesu guztia: «Ate beltz baten aurrean, / eskubitan, zumar baten azpian, / ahazteko ura dario. / Ezkerrean oroitzeko ura jaiotzen da, / kristal izoztua, likido hotza. / Oroitzeko ura nire bihotzean dago. / Hantxe edaten dute nire minak eta nire pozak. / Ondoan etzaten dira jakintsuak. / Zera esango nieke nik: Heriotzearen naiz beldur».

        Memoria dudalako identifikatu ditut hitz horiek poetak berriki idatzitakoekin. Urteak igarota ere ura baita ur. Bihotzetik sortzen denaren eramale. Minen eta pozen edari.

        Mina, maite izan dena betirako joan egin delako. Mina, elemendu aintzinakoa. Hura dela medio, eraiki ziren piramide erraldoiak, katedrale ikusgarriak, tenplurik erakargarrienak. Minetan jaio ginen. Oihua izan zen gure lehengaia. Mina ezagutzen ez duenak ez dezake ezagut horren infrentzua: poza. Minari muzin egiten dionak lurrari egiten dio muzin. Minetik ihes egiteko txoria izan behar, eta hegan egin zeru garbian, edo pausatu edo kulunkatu soka lazo batean. Minak idatzi ditu sinfoniarik ederrenak, apurtu ditu adimenaren gartzelak, egin ditu iraultzarik sinesgaitzenak.

        Galera, ausentziaren beste izena. Eta ausentzia amodioaren ahizpa. Horretaz konturatzen gara ez dagoenean. Poesia-liburuak beterik daude ausentziaz. Poesia, ez dagoenarekin bat egiteko saioa. Amodioa, betiko ezintasuna, hura ikutzen ari garenean desagertzen baita. Mamu bat, persegituko duguna mendetan eta mendetan, ditugun bizi guztietan. Gu arroka izango garenean hura izango baita goroldio. Eta hura denean zuhaitz sendo, gu orduan haize. Eta gu itsaso eta hura hondartza. Eternidade deitzen den jolas erremediezina. Mundua aienez dago beterik, norbait falta zaigulako kexu.

        Gauaren, itzalaren sinonimoa. Sufritzen duenari argia ere ilun egiten baitzaio. Dolua, zilarrezko ilargia. Gizon bat bakarrik lau puntu nagusiek seinalatzen dituzten lau norabideetan. Jiraka burua. Tristezia.

        Tristeak dira poetaren hitzak. Benetakoak direlako. Iku daitezke, usain daitezke, laztan daitezke, arimaz aparte gorputza baitute, urrutian bada ere. Ez dago poemario honetan hitz fribolorik, gaurregun modan dauden horietarik, hitzegiten da sentitzen den modura, eta ez da sentitzen hitzegiten den arauera. Bada zerbait hondoan, iraultzen dena, gauzak bere lekuan uzten ez dituena. Egoneza.

        Jakitea ez garela inongoak. Ezin gaitezkeela ezeri atxiki behar, ez bada garen instante iheskor horri, nahiz eta jakin galduko dugula. Izan ere, maite ditugun pertsonak joaten badira, zeren izan behar dugu beldur?

        Heriotzearena, noski. Agerian dago poemario osoan. Errekorritzen ditu zuzen ala zeharka etorbide guztiak, estaltzen ditu atseden-lekuak, mututzen ditu ezpain guztiak, jartzen du lutoa larrosa gorrietan. Denbora.

        Iraganean bizitakoa. Euriaren hariak gugana dakarrena, ezari-ezarian. Horri ere deitzen zaio memoria. Munduaren kontzepzio ziklikoan giltza nagusia, memoriarik gabe apurtzen baita heriotzearen eta bizitzearen artean dagoen oreka. Ibaiaren urak gainezka egin eta bazterreko zelaiak menpean hartuko balitu bezala. Bi marra paralelok elkar aurkituko balute bezala. Zerua eta lurra ur tantez batuko balira bezala. Oreka apurtzea naturalezaren legea apurtzea baita. Naturalezaren zikloarekin haustea.

        Grezia Zaharreko filosofoei irakurriz ikasi nuen ez dagoela ezer txarragorik naturalezaren aginduei ez jarraitzea baino. Eta haiengandik ere jakin nuen kontzeptoak ez direla itxura duten antzekoak. Memoria dudalako gogoratzen ari naiz Heraklitok esandako honetaz: «Heriotzea da ikus dezakeguna, ernai gaudenean; baina lo gaudenean ikustera iristen garen hori ametsa besterik ez da».

        Ametsa, memoriaren lagun. Memoria da horregatik egon daitekeen hitzik politenetakoa. Memoriaren bidez jakin dezakegu zer izan ginen, aurki dezakegu besteen arrastoa denboran, geure ezaugarriak direnak baieztatzeko. Bizitzea, heriotzearen erdian. Bizia, Juanra Madariagaren baitan.

        Poesia, geroaren erauntsia.