Atzerri
Atzerri
2012, nobela
344 orrialde
978-84-92468-41-6
azala: Gorka Lasa
Mikel Antza
1961, Donostia
 
2015, poesia
2010, nobela
1987, ipuinak
1985, antzerkia
1984, ipuinak
 

 

Ebatondoak

 

 

1

 

Ez dago betirako galtzeko zorian duguna bezainbeste estimatzen den ezer.

        Dena galtzeko ikararik gabe bizi behar da ordea.

        Galtzeko beldurra izanez gero, zeken, uzkur eta beldurti bihurtzen gara. Zuhurtasunaren mozorropean ezkutatzen dugu gure jokabide doilorra. Behar denerako aitzakia ekoizten du beldur-olak.

        Xuhur bihurtzen gara bizitzarekin. Bizitza xuhur bihurtzen gurekin. Gure hitzek eta ekintzek ordura arteko arintasun eztabaidaezina galduz mikatz eta erratu begitanduko zaizkigu.

        Deabru zaharrak baino zimur gehiago ditu Demonio koldarrak.

        Eskuzabaltasunak edertzen du egintza oro. Baita huts egindakoak ere.

        Eta mina?

        Sorgortuta. Zilegituta. Soraio. Zigilatuta.

        Ezkutuko borrokan sartzen dena ez dago hazitarako. Ez dago lore-jokotarako. Ez dago barne-azterketa askotarako. Aurretiko hausnarketez betetako gordagia baino ez du gibelean. Zurrundutako konbikzioz gainezka. Ez dago aurrera egiteko beste modurik. Iragan ziren zalantzak kaiertxoan kontsignatzen zituzten iraultzaileen garaiak. Mundua aldatu da, ez iraultzaileak. Ez egiak. Egiak esateko tenoreak baizik.

        Nola hitz egin minez akatsez errakuntzez, pozez garaipenez lorpenez aritzea zigortzen denean?

        Hurrengo hitzordu klandestinora doanak badaki azkena izan daitekeela.

        Eta badaki, ohikeriaren garroek itoko ez badute, goizero gosariarekin aurkikuntza hori egin behar duela, bere buruari oroitarazi gabe, berez ohartu behar duela aukera hipotesi horretaz: gaurkoa izango diagu dinagu azken hitzordua, agian. Dramatismorik gabe ordea. Oreka hauskor ezin berdinduzko hori. Maiterik badu ondoan, agurreko musuak zapore bakana izango du, lehen musua azken agurra ez hadi joan ederra izan da orain artekoa nola maite haudan jo ta ke-a ordezkatzen duen De Villeren Stand by me-ren doinuan.

 

 

2

 

Kanta pare bat beste berririk ez literatur lubakietan.

        Ohartzerako, motxilako liburutegia oraindik existitzen ez den herrialdea aurkitzen laguntzeko errepide-mapa eta txostenez ordezkatua, folio zuriaren aurrean errepide nazionalak herrialdekoak eskualdekoak herrikoak auzokoak lokalak asmatzen, lur bat haratago galduta, irakurritako azken eleberriaren oroitzapena bezala.

        Penelope ezindu muga ezabatze-lanetako bide-zidorretan goizaldera arte. Ezabatzekoarekin papera urratzeraino etsi gabe, biharamunean berriro ere mapari erreparatzean marrak aduanak ezinikusiak apenas margulduta hor egongo direla jakin arren. Zuazoren liburuak irakurriz banderizoon maldizioa euskalkien sorreran ote dagoen asmatu nahian.

        Iraganean gelditutako etorkizuneko aberri ezinezkoaren ordezko berria asmatzen. Ez dagoen herri horrek bere lekua mapan aurkitzen ez duen bitartean ezin itzuliko dela dakienaren grinaz. Sepia koloreko argazkia margotzen, etxe zaharren ordez orube hutsak aurrena eta eraikin modernoak ondoren diseinatzen, errealitatekoekin ahalik eta antz gehien izango duten esperantzaz, oinarri horretatik dagoena hobetzeko asmo eraldatzailez.

 

 

3

 

Lehen urteetako isilune literarioa oharkabean pasatuko zen.

        Ariko da zerbaitetan. Ez da urte luzetan deus argitaratzen ez duen lehen idazlea, pentsatuko zuten, hitz eta esaldi jorien oihanak utzi eta metaforarik gabeko txosten idorren basamortuan atzeraezinki tinta-gordagirik gabe barneratzen ari zen bitartean.

        Hitzordu klandestinoko atsedenaldian:

        — Eta? Idazten al duk zerbait? —ezagutu du honek; oraindik ez dute ahazteko nonbait.

        — Idatzi? Bai, noski! —mikaztasun apenas disimulatuz.

        Harrapatu du.

        — Bai, baina esan nahi diat, literatura —zalantzarik gabe, horrela izan behar duen doinuz.

        Garraztu egingo zaio eztarria, «Literatura?, zer da hori?» erantzuten badio.

        Keinu ezaxolati bat egin eta gaiz aldatzen saiatu da, ez dio oraindik eskuena egingo, oraindik galderak berpiztu minak ezinak inarrosiegia dago eta, aurrerago aurkituko du egokiera hobea, berak dakien dramatismoz, edonor hunkitzeko antzerkitxoa egiteko.

        Keinu ezaxolatiari jaramonik egin gabe tematzen zaio burkidea ordea:

        — Ongi idazten huen ba!

        Hara! Azkenean, gaztetan Mexikon meniskoa apurtu behar zuenaren elastiko higatua darama ohartu gabe soinean.

        Aspaldian edan gabe egongo zelakoan muga-pasan ekarri dion sagardo botila buruan apurtzeko gogoa jarri zaio.

        Ados, eskuena egiteko tenorea iritsi da.

        Sagardo botila hartu eta edontziak neurrian bete ditu idazle ohiak.

        Patxadaz hartu du berea.

        Topa egitea proposatu dio militante literaturzaleari; ehizakia ezustean harrapatu behar da efektua erabatekoa izan dadin.

        — Literaturagatik!

        — Literaturagatik!

        Klik!, klik!

        — Gozoa zagok!

        — Bai, e?

        Koitadua. Hortxe dago Mikel Antzuren ezpainetatik irtengo diren hitzen azalpenen amutik eskegita.

        Aurrena, bere eskuei, biei, luze begiratuko die idazle ohiak.

        Isiluneak luzea izan behar du, ez luzeegia ordea. Besteak hitz egin dezan ekidin behar du, zer gertatzen zaion bere buruari galdetzeko adina luze, baina ez kezkatu eta deseroso senti dadin bezainbeste.

        Badago.

        Altxatu burua, begietara begira, irribarre patetiko hori, gupida senti dezan burkideak, engaiamenduaren prezioaren zenbatekoaz ongi ohar dadin, azken hurrupatxoa sagardo kondarrari, sagardorik ezean berdin dio, efektu berdina lortzen da kafearekin edo garagardoarekin, horrek ez du inporta, Coca-Colarik ez, boikota egiten baitio Indian ezarritako lantegi horrek eragindako hondamen ekologikoaz ari zen erreportajea ikusiz geroztik nazioarte-sailaren bidez jasotako txosten batean Kolonbiako sindikalistak akabatzeko sikarioak ordaintzen zituztela irakurri zuenetik.

        Poliki-poliki ezkerreko eskua hatzak bata besteari aiztoa irudikatuz itsatsita edontzia mahaian utzi berri duen eskuineko eskumuturrera hurbildu eta ras! ebaki.

        Segidan, burkideari deus esateko aukera eman gabe, azkar, eskuin esku aiztotua ezkerreko eskumuturrera eta ras! bigarren ebakia.

        Lepantoko maingua ber bi!

        Ederki lortzen du efektua, trebea da dagoeneko.

        Begira zer aurpegi jarri duen honek ere. Elbarri, esku gabe irudikatzen du. Irudimen pixka bat baldin badu, eta literatura maite duenez ziur baduela, odola darien ebatondo bana ikusiko ditu idazle ohiaren esku belaxken ordez.

        Zer esan jakin gabe gelditu da burkidea.

        Tertulia literarioaren arriskua urrunduta, arazorik gabe aurkituko dute beste mintzagai egokiago interesgarriago bat.

        Eramanezina litzaioke tarteka poemak idazten dituela konfesatu eta iritzia eskatuko balio. Dagoeneko hau ere ez zaio ausartuko.

        Gezurretan ari da ordea.

        Esku osasuntsuak ditu. Ez zaizkio igeltsero lanean zartatu fundizioan kiskali, ez du iltzerik egin pilotan ez dira Orlac-en eskuak, ez du ezta ere burdinazko gakorik hatzen ordez ez artrosirik ez aitzakiarik, ez ditu Mexikoko aire argitsuak zurrundu ez Europako egurats ilunak herdoildu.

        Ez ditu ezagutzen, hori egia da. Bereak ez balira bezalakoxea da.

        Ez baitira, Brodskyk Parisko XVI. arrondizamenduko Felix Potin saltegi haren aurrean eta ondoko asteko osteguneko hitzorduan zalantzarik gabe baiezkoa eman zuen une berean Herriari eskaini zizkionetik.

        Esamolde prosaikoegiak kirrinka egiten badio ere, auzia ez da eskuak Herriari eskaini izana, baizik eta bere buruari agindutakoaren kontra ez zituela umilki zehazki zintzoki mintzatuz ahanzturaren uholdetik sentimenduak erreskatatu sasien arteko isiltasuna hautsiz bolbora usainik gabeko batailen malkorik gabeko negarren ezinegonaren aztarna uzteko bederen ere erabili.

        Isildu egin zen Mikel Antza.

 

 

4

 

Oso aldian behin zigilurik gabeko gutun bat aurkituko du aitak amak arrebak arrebak anaiak postontzian. Bizi den seinale.

        Behin senideei, kalean ostiraleroko elkarretaratzean iganderoko mendi txangoan halabeharrez topo eginda, Alde Zaharreko taberna jendetsuan bi gorri bi beltz zurito bat moskatel bat, norbaitek egiten dien begi-kliska: «Ondo dago». Bizi den seinale.

        Bat-batean izena entzungo dute hedabideetan. Bilatuenen artean. Beste norbaitez ari balira bezala. Izenez tronpatuko ziren, esperantza irrazionala. Omen agian borrokan ari den seinale.

        Ezagunen auzokoen hurbilekoen begi-bekainekin osatutako galde-ikur elkartasun-jakinguratsuak senideei, zer? Ez dugu bere berri.

        Sinesten ez badute ere, okerrena, egia dela.

        Sinetsi edo ez, ezinbestean, denentzat egia izango da hedabideek diotena, bestela zertarako hainbeste misterio?

        Lantzean behin ilargi eta izarrik gabeko gau ilunetan arrantzaleek zelatatzen duten ur-azaleko ardora salataria. Bere arrastoa.

        Sarri, eztanda tiroketa polizia-operazioa atxiloketak izenak tortura hildako eta zaurituak.

        Gatazkaren sufrimenduaren inbentarioan bere izenik ager ez dadila erreguz.

        Azkenean, esklusibaren jabe bakarrenetakoa izan arren ezin entzungo duen azken-orduko berria irratian.

        Uste nuen ez zituztela inoiz harrapatuko, etsipenez bezala bozkarioz ahoska daitezkeen iruzkinak.

        Azkenean, horra bizirik zegoen seinale ez ezik borrokan ari zeneko froga ez-idatzia.

 

 

5

 

Zenbat denbora eman dut gogoetan?

        Gorriz nabarmendutako aipuak zabaldutako denbora sakailan galduta nire iturri literarioaren idazteko grinaren tantaz tantako agortzeaz jabetzen: joan den urte luzeetan, zertaz eta zertaz ez eta zein ikuspuntutik idazle kazetari lekuko eragile egilearenetik, ez dut ezer idatzi.

        Zerk bultzatzen ninduen sorkuntzara? Istorioak asmatzera poemak taxutzera errealitatea hitzez atzematen saiatzera? Ez al nuen aski bizi nuenarekin?

        Ez al du aski gizakiak irudimenak entelegatu ez dezakeen bezain luze den giza kate baten segidako begi izate hutsarekin?

        Ez ote da idaztea iragandakoa etorkizunean behin eta berriz biziarazteko gizakiaren asmo hutsal eta jainkotiarra?

        Edo gure baitakoa besteei erakusteko tema lotsagabea besterik ez da? Kanpotik ez ezik barrutik ere biluzteko joera exhibizionista?

        Ez bada kontrakoa, gure barnekoa hobeto mozorrotzeko biluzten garela.

        Eta gertatuak hurkoari jakinarazteko tresna besterik ez bada idazketa? Haizeak eraman eta oroimenak itxuragabetzen zituen hitzak fosiltzeko aurkikuntza? Margolaritzaren mugak hausteko argazki film bideo kamera digitalik ez zegoeneko denboran irauten duen asmakizuna?

        Nondik dute hitz idatziek gure baitan margo hots sentimenduak sortzeko gaitasuna? Gure bizitza aldatzeko botere ahalguztiduna?

        Azken funtsean, ez ote idazkera oro ariketa aizuna? Gertatuak ederresteko, borobiltzeko, bizitza gezari zaporea emateko asmatzen duguna?

        Ez al gara orrialde zuria zikintzean teklatua zanpatzean galdu denboraren aurrean axolagabe benetako bizitza eteten, egiazki gertatutakoaren matxurak eta herrenak ezkutatu osatu ostentzeko?

        Ez al dugu aski bizi dugunarekin? Ez al dut aski bizitze hutsarekin?

        Zulo honetan ez bederen.

 

 

6

 

Ezin dut artikuluko esaldia gogotik kendu.

        Buruz dakit niri dagokidan zatia: Zenbateraino izango litzateke ezberdina gaur egungo euskal letren mundua Mikel Antzak klandestinitatera pasatzeko beharrik izan ez balu?

        Otutzen zaizkidan esaldiaren aldaerak baztertzen tematzen naiz.

        Ez da erraza bakardade isiltasun hustasun barne azterketara bultzatzen duen ermitau egoera honetan.

        Zenbateraino izango litzateke ezberdina gaur egungo euskal mundua Mikel Antzak klandestinitatera pasatzeko beharrik izan ez balu? irakurtzen dut batzuetan.

        Zenbateraino izango litzateke ezberdina bere bizitza Mikel Antzak klandestinitatera pasatzeko beharrik izan ez balu? bestetan.

        Nire burua amildegi eta erpin arriskutsuegien ertzetan ariketa ezdeusetan alferrik galzorian dakusat.

        Gorriz nabarmendutako aipudun artikulua dakarren orria erauzi egin dut egunkaritik.

        Pilota eginda bazkako erretilu hustuarekin batera hesiaren ondoan uztekotan egon naizen arren, azkenean, tolestu eta mahaitxoaren izkinan, hortzetako eskuila babesteko erabiltzen dudan plastikozko katiluaren azpian ezkutatu dut, ez ote duen egunkariko orriak aurkitu ez dudan mezuren bat gordetzen bere baitan.

        Gero eta sinetsiago nago ez duela halabeharrak ekarri niganaino. Askatasunean ez bezala kartzelan gertatzen den orok bere arrazoia du eta.