Boga boga
Boga boga
2012, nobela
224 orrialde
978-84-92468-39-3
azala: Unai Iturriaga
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

13

 

Arrats apalean berriz begiak tapatu zizkiguten. Mercedes erraldoira igotzen lagundu gintuzten zaindari zainartek. Jean Lavigne gurekin zebilen. Sabela nahas neukan eta Nolwenen eskua tinkatzen nuen, itsaso ernegatuko marinel izutuaren salbamen egur puska bailitzan. Bidaian Janaren garrasia hautematen nuela iruditu zitzaidan. Lavigne ezin isildua zen:

        — Afera bukatu bezain laster Wiesbadenera etorri nintzen. Izeba batek deitu ninduen bere ardo zuri sotoez eta Rhin ertzeko mahastiez axolatzera. Bordeleko Unibertsitatean justuki enologia ikasia nuen. Ordutik ez dut arazorik ukan eta zuek agertu artean ez naiz Janaren desagertzeaz kezkatu ere egin, nahiz eta gauez amets gaiztoak egin. Frankfurteko psikologo on bati esker desjabetu nintzen aztarna mingarri horiez.

        — Ez zuten Janaren gorputzik nehon aurkitu.

        — Hala da, bai. Gaztaroko zozokeriei uko egin nien eta azkenean suharki plantatu nintzen lanean. Hortxe duzue hotela, bi izarrekoa.

        Luisenstrasseko izkinan aurtiki gintuzten ogi zakuak baino ez baikinen. Hiriko planoa eskuan. Eskerrak eman genizkion Lavigneri, piztiek begietako oihalak kentzen zizkiguten bitartean. Eki horailak seinalatzen zituen karrika zabalaren bukaerako egoitza gorakoiak. Nolwen tatxa beltz baten antzera ikusten nuen argi-aurka. Mercedesak bihur handia egin zuen kalean bertan beste ibilgailuak kontuan eduki gabe. Errotak irristaraziz, izenik gabeko norabidean aldendu zen. Ez zuen polizei delakoen lotsarik. Gertatua beranduago zirikatuko genuela erabakirik, puskila arinak hotelean pausatu genituen. Harrerako andereak ingelesez errezibitu gintuen, hutsaren hurrengoa zelako gure alemanera. Danke eta bitte baino ez genezakeen ahoska. Alta, hiri erdira abiatzean, gogoratzen ginen gaztaroko zer kultuen aldarean Kraftwerk, Neubauten eta Nina Hagen erre ezinezko idolotzat geneuzkala, tutik ulertu gabe, bistakoa zenez:

        Ich warte... und radio aktivität!

        Warum Wiesbaden?

        Kartari so gindoazen. Dern'sches Geländes plazako Marktkirche eliza gorriaren haga mehar luzeak miresten geundela jo zuen Nolwenen mugikorrak. Prezios zen.

        — Ontsa? Ba berri interesgarria badut zuentzat. Angeluko Kortsarioen hondartzan juntatu dira gaur Julieta eta Marieta. Nehork ez ezagutzeko gisan zebiltzan: beltzez bezti burutik oinetara eta alimaleko betaurrekoekin. Zoko ematen zuten.

        — Ez da eder, Prezios, maite ditugunez trufatzea... —erran zion Nolwenek—. Zer zuten solas?

        — Urrunetik gatibatuaren arabera, dirua naski. Zer bestela?

        — Zehazkiago... —orroatu nuen telefonoaren bozgorailua saturatuz.

        — Haizea ez nuen alde, badakizu. Arranguratuak ziruditen. Kuku umea habiatik erori bailitzan... Segiketa tematuko dut, lasai. Noiz etxeratuko zarete?

        — Bihar iluntzean. Baionako geltokian itxoingo gaituzu?

        — Marlenek nahi badu, bai.

        Karkara larria askatu genuen. Lehen aldia zen Prezios norbaiten meneko zegoela deliberatzeko orduan. Marlenek sudurretik eramaten zuen jadanik. Egoera txarra zitekeen maitasun istorio batentzat. Baina amodioaren alorrean ez zen arau finkorik eta molde guztiak bali ziren, amodioaren izenean kolpez kalitua izateraino.

        Zorigaitzez. Stadtschlossen enparantzatik lerratzean, Marktstrasseren ezkerraldean Maldaner kafetegia begimendu eta duda izpirik gabe bertaratu ginen. Ordu erdi baten buruan hertsiko zela xuxurlatu zigun zerbitzari plaxentak. Sacher Torte zati bana eta kikara bete kafe eskatu genion: gozo eta kafeina premian geunden. Wienako Hawelkaren itxura zeukan, dena girgil eta zaharreria, bizkotxo oparoak berina azpian herronkatzen zirela, jendeak ahapez zebiltzala mahaiaren erdian opari zetzan arrosa gorriaren usainaz loriatuz. Ikasleak, bainu-gazietara etorriak eta herriko burges apainduenak gurutzatzen ziren Maldaner ospetsuan.

        Afalduak ginen. Azken edari batekin aski genukeela hausnartu genuen. Kanporatu eta, ahurrak bilduz, ahoratzeko ur bero eta gaziarekiko iturri baten saihetsean gelditu ginen:

        — Lavignek aditu garrasi latzak harritzen nau ni. Janarena zena? Nolakoa zen? Abere sangreatu batenaren antzekoa zela berretsi digu. Alta errepikatzen dut: ez zuten Janaren gorpurik atzeman.

        — Agian gizonaren defentsa egitura da. Erreferan, bere ttanttoaren salbatzeko, arerioak aurkituko ez duen pareta motzera igortzen du pilota.

        — Nolwen, zu ez zara Lavigneren hitzez fidatzen?

        — Ez dezazula ahantz Kergelen komisarioa naizela. Ez dut lehen xixtan nehor sinesten. Eta zer diozu Preziosek helarazi digun berriaz? Interesgarria, ez?

        — Alafede baietz. Julieta depresiboa eta kexu baizik ikusi ez dudan Marieta saindua, biak, diruaz mintzo Angeluko hondartza horren sekretuan! Begira! Zein da partekatzen duten zama? Zer dute bat-batean elkarri kontatzeko? Daniel Elgebeltzen arabera 1985eko Baionako Besten gau miserable harrezkeroztik ez ziren juntatzeko gai izan. Bakoitzak taldearen argazkia datxika moltsaren zokotto batean. Bazauzu zuri?

        — Auzia ez dugu orain trenkatuko. Goazen riesling baten hurrupatzera.

        Galduak ginen. Jira-biraz genbiltzan iturri gazirik gazi. Erromatarren aztarna argitua zekarren zelai hertsi batetik jaitsi ginen eta Nolwenek, hatza zut-zuta, ostatu bat erakutsi zidan. Atea bulkatzean lekuaren izenaz jabetu nintzen: Trend. Barneratu eta ohartu ginen gure gisako bizidunen aizolbea zela: Good As You. Bezero gutxi zegoen. Salbu lau bikote, mahaietan jarriak. Gehienak kontuarrean jostari. Pantailan gizonez apaindurik agertzen zen Lady Gagak noizbait zuzenean eskaini You and I abestiak taberna mailukatzen zuen dantzari brantxatu apurren zorionerako. Bizkarrak barrari bermatu ginen Trendeko faunaren miresle. Riesling ardoa manatu genuen: trocken. Rhin ertzeko lurren odol zuriak begiak pindarrez kliskarazi zizkigun. Jainkoen edaria preziatzen genuen, ttilikaz ttilika, zaurien bezperako egun dorpeen ondotikako saria bailitzan. Trendeko hezetasunean musua eman eta ausartu nintzen:

        — Maite zaitut, Nolwen.

        — Hara beraz bihotzaren ordua!

        — Zergatik burlatzen zara nitaz?

        — Amodioaren aitortza zuretzat zerga aitortza bezain arrotza eta desegokia dela iruditzen zaidalako.

        — Atx! Uste duzu?

        — Maite zaitut nik ere.

        Beth Dittoren gorputzeko gurin masek gelako intimitatea eraso zuten. Heavy Cross-en bateria bizitoreak neurkatu zidan Nolwenen maitasun agerpenaren hats bahitua. Basoak berriz bete zizkigun Sharleen Spiteriren irudiko zerbitzariak. Ninikak ortzadarraren zazpi kolorekoak genituela baimentzen genuen hondarrean. Euskal Herritik urrunduz. Nolabait deslokalizatuz. Errazagoa baitzen, egia erran. Gauak gauari Miarritzeko Wittig tabernan tapalakatzen ziren Prezios eta Zoko geneuzkan gogoan. Marlen eta Deborah bien andraideek taldea handituko zuten jagoitik. Nolwenek Trendeko ezezagun bati gatibatzeko eskatu bion argazkia bidali genien MMS uhinez. Joan Jetten I Love Rock'n'Roll hisiak mugitzera bulkatu gintuen. Izerdia kopetan perlatzeraino ausatu ginen, edan eta dantza, dantza eta edan, gauerditan Indigo Girls bikotearen Closer to Fine hiperbitaminatuak horkoak ez ginela gomutara ekarri arte.

        — Goazen Robin Hoodera.

        — Bostetan altxatzekoak gara...

        — Trenean eginen dugu lo!

        Hegoaldeko ama lanpetu askori entzun ez izan pelma mesedez lelotzen nion nik ere Nolweni. Irriz ari zen arrazoirik gabe. Ez jakin nola baina, autoen pasaia utziz, karrika alderik alde zerratzen zuen eraikin gris argiztatu baten hegalera iritsi ginen. Misteriotsua zen. Michelsbergstrasserantz isuri horma puskaren gibelean monumentuaren zergatia azaltzen zen alemanez eta ingelesez: hor zegoen Wiesbadengo Sinagoga, 1938ko azaroaren 9an, juduen ontasunen aurka naziek antolatu, akuilatu, sustatu Kristallnacht izugarrian suntsitu zuteneraino. Hegatsik ez zuen eraikinaren kantoian jarri ginen, erabat belliturik:

        — Alemanian izan eta behar genuen, bai, iragana bera ezeztatzen duen Historiarekin parez pare agitu. Zerbait da! Judutarrei apokalipsia etorri zitzaien nehork ez zuelarik hatz ttittilarik higitu.

        — Auschwitzeko trenen heltzea erakusten duten irudiek urratzen naute beti: links... rechts... hitz zintzurroi elkor soilaz trenkatzen zen Europako judutarren destinoa. Emazteak, haurrak, gizonak. Hondo gabeko horrorea. Jendarte mailan barka ezina. Arrazakeria, arrogantzia, insatisfazioa, bekaizkeria soziala lur beltz gisa dauzkan izurrite zatar hori edonoiz berriz heda daitekeela pentsatzeak negar gura hazten dit. Beldurtzen nau.

        — Amaia, otoi... badakizu, ikasle nintzela Sachenhausengo kontzentrazio zelaia bisitatu nuen. Elur eguna zen. Zurezko barraketan aire hotza zebilen eta zigor ziegek leihorik ez zuten. Juduz eta aurkari politikoz bete bagoiak Birkenau edo Auschwitzera igortzen zituzten. Bizitzaren ikusteko manera aldatu zitzaidan orduan: nevermore marmaratzen nuen etengabe. Ezer ez ahantzi eta lagun proximoarentzat ona izan. Ez dut beste lemarik. Zuk ere ez, naski. Horregatik gara batera Sinagoga bat zegoela frogatzen duen leku zehatz honetan.

        Behiala sarraskitu isiltasun sakratua errespetatu genuen, itsu mandoka ernatzen ginela Luisenstrasseko hoteleraino. Bostetan etorriko ziren Jean Lavigneren piztiak gu Frankfurtera eramateko. Parisen geltokiz kanbiatu eta betezpal mugimendu bakarraz Baionan ginatekeen. Lo labur eta bihurria egin genuen, riesling ardoarengatik edo Sinagogaren gerizan irun solasengatik. Zergatik jakitea zaila zen.

        Henrich Böllen trena bezain puntuala suertatu zen Mercedesa. Zangoak loturik eta hegalak ebakirik zituzten pinpirin biren moldean garraiatu gintuzten, gehienek Mainhattan deitzen duten Hesseko hiririk handienaren muineraino. ICEaren 15. bagoian zinez plantatzen ginela segurtatu ziren mamuak. Gugan konfiantzarik ez bailuten. Bizkar zakuez gain Jean Lavigneren uztako botila laukote bana generaman.

        DBko trenean ohatu orduko oihartu zen Nolwenen urrutizkinaren turruta bretainiarra. Louise Ebrelen kanta puska bat jarria zuen soinu. Preziosen izena jazarri zitzaigun.

        — Moura villaren atarian bada mugimendua! Zin dagizuet... Haizea bortitza da eta uhinak apokaliptikoak. Non zaudete?

        — Saarbrücke aldean. Errazu Prezios: Daniel ere Julietarekin eta Marietarekin dago?

        — Bai. Hiru dira. Borta banpez hertsi dute. Besterik ez gaurkoz.

        — Bihi eskasekin ez da irin onik ehotzen.

        Loak eroan hegiko zuhur hitz berriaren unea zen.