Zamaontzia
Zamaontzia
2011, nobela
200 orrialde
978-84-92468-30-0
azala: Gorka Lasa
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

—3—

 

Ordukoa dut konparazioak egitea, berbakera handigura hau. Denbora napalma da. Eta begiak osorik hartzen ez duen orube zabala gure bizitza, euri erreak hemen bai, han ez, nahi bezalaxe kiskaliko duena. Orbanak betirako geratuko dira txintxorrezko zoru gainean, baina hondakinak garbituta, belztu gabeko lurra agertuko da tarteka. Aztarrika, hala datozkit Mateo Vallejorenean emandako hilabete haiek orain. Gertaera batek besteari dei eginda, eskonbro kentzen aritu naiz, ez nekerik gabe. Bazter batean pilatu ditut adreilu hautsiak. Zertarako hartzen ditudan halako lanak galdetu dit Sarak, ea merezi duen orain hamabost urteko kontuak berregitea, gertatua ez dela itzuliko, ez dagoela ordukoa beste bide batetik eramaterik. Zergatik jakin nahi du. Zergatik. «Harrotu egiten naizelako» erantzun behar niokeen, zabaldu egiten zaidalako paparra iragana berregiteko gai naizela ikusita. Baina irribarre egin eta musu eman diot. Begiak zarratzen ditu beti, maite dut nola egiten duen.

        Zeuk ere gogoan ez dituzun gomuten jabe egin naiz. Berbarako, akorduan duzu nola joan ginen aterpe eske aitite Mateorenera? Ni bai, nola ez naiz akordatuko zurekin eraman baininduzun. Hori ere egin zenuen, hamahiru urteko alaba erabili zure ezinen abalista.

        Esango dizut, xehe-xehe: itzalak bildu zuen Mateo Vallejo bebarruan sartu orduko. Astiroago zeraman aspaldian urratsak, baina behartu gabe paratzen zuen artean oina zurezko maila higatuan. Ez zion atetak, baina, uda betean eskaini ohi zion freskurarik ekarri, beroena ere joan ohi da-eta irail hondarrerako hemen. «Bazekarrek, bazuan garaia», gorde zuen bere artean. Mendebala lohi zetorren hodei ilunez, «laster duk euria teilatu gainetan, haizean dik ezagun». Buruek kukuka erreparatuko zuten leihoetara aterata auzoko etxeetan. Eta ohartzerako lanpar-orratzak hodeietan behera, lanpar-orratzak portuko ura zulatzen, lanpar-orratzak potin eta motor-txiki guztien gainean jo eta jauzika. Baten batzuk artean itsasotik moilara heldu gabe harrapatuko zituen udazkeneko oste-zaparradak.

        Mateo Vallejo etxean zen, deiadarrak entzungo zituen handik gutxira, auzoak auzoari abisua, batzeko agudo esekitakoa, hasi duela. Eta xirak arrapataka zabalduko ziren praken, alkandoren, blusen, pijamen, barruko arropa guztien gainean. Presaren presaz beti eroriko zen galtzerdiren bat patiora, edo kalera, balkoipean aparkatutako autoren baten kapotera. Edo hildako hormatxori bat bezala geldituko zen potxingo beltz baten erdian. Hala izaten zen beti, hala izango zen hamar, hamabost, hogei minutu barru.

        Beste mundu bat zen. Eta beste mundu hartan, euria ere bestela egiten zuen.

        Eskertuko zuen busti usainaren gozoa, horrela erantzuten zuen Mateo Vallejok edonork galdetuz gero. Garaian garaikoak behar duela. Orain inork hitz egiten ez duen bezala esaten zituen gauzak. Etengailuari eman zion. Garbitu egingo zuen airea arratsaldeko zaparrada hark, oilaritera arte eramango zuen tarrasean sufre keru zakarra, itsasadar barrenetik azken aldian ostera hazita zetorren intsektizida keru hura. Argia pizten ahalegindu zen berriro. Gora eman zion, behera. Temaz eragin zion giltzari Mateo Vallejok. Kakatzarra. «Kontakturen bat dik», ipini eta batera eteten zitzaion, antza, bonbillari haria. Lehenbailehen deitu behar ziola argizaleari agindu zion bere buruari, ez zuela goitik beherakoan zangotrabatu eta kaskezurra hautsi nahi.

        Eskailerak zuen harrizko maila bakarra jaitsi eta bodegako atean sartu zuen giltza. Zoko-usainak jo zuen. Itzal ezagunak zituen zain ilunpean. Ahula zen argia, baina nahikoa izango zuen. Gainera, nora zihoan ba saskiarekin. Arkoiaren ondoan utzi eta zabalik laga zuen atea. Euliek lorrindutako bonbillak ematen zion argitasun horrexetan egin beharko zuen gora, eskailbururaino. Zarratuko zuen gero. Ez zegoen inor sartzeko beldurrik atea hala utziz gero ere.

        — Aita, zu zara?

        Eskailburura irten zenion gorantz zihoala entzun orduko. Ez zeniola bakerik ematen azkenaldian, horixe uste zuen aitite Mateok. Ezkondu zenetik hutsik egin gabe egunero egin izan zuen zerbait egiteko ere, ezgauzatzat hartzen zenuela. Berehala sumatu zintuen makurtuta, mailadian beherantz beha, ehiztaria bezala, harrapakina nondik ageriko.

        — Sar hadi barrura, arraioa.

        Sestran hasiko zineten atzera ere.

        — Ez naik perlesiak jo...

        Harraskan utzi zuen poltsa. Plastikozko korapiloa askatuta, albo batera egin zuen zamak, bizirik baleude legez atera ziren labainka geunetan.

        — Saburdinak ostera ere?

        — Alde egik paretik —baztertu zintuen.

        Beheko atea zabalik utzi zuela, ez zeukan ahaztua. Su ondoko tiradera atera, zapi artean bila aritu eta linterna txiki bat zuela eskuan ikusi zenuen eskailburuan behera galtzen. Beste ahots bat bebarruan, gizonezko adindu batena. Norbaitekin ari zen hizketan. Lagunen bat, Urbano Peña beharbada. Edo txolintzen hasitako besteren bat, beste zoro bat, pasatu zitzaizun. Urrats pausatuak handik laster eskaileretan gorantz.

        — Ez zenuke gehiagotan atera behar, aita.

        Saburdin asko ari zen harrapatzen azkenaldian, edota kabrak, berdelen bat tarteka, txitxarrotarako juta hausten ez bazuten bertan katigatzen zitzaizkionak. Ez zizun aitortuko, baina urduri antzean zebilenean joan ohi zen arrain txikitara, txibiatarako nahikoa egonarri ez-eta.

        — Ez duzu adinik itsasorako...

        «Horixe diat bada», errepikatuko zizun, «adina. Handia gainera hire aldean, kakaume horrek». Baina bestela esaten zizun, ez zuen ostera ere hasi nahi. Horregatik ez zuen ulertzen Urbano Peñak zizun mira. Ume handi bat, hara zer izan zaren beti Mateo Vallejorentzat.

        Kanila zarratu, saburdinak bertan utzi eta mahai gainean zabalduko zuen zapia, arrain gorrikarak astiro uzteko haren gainean. Zurezko ola txikia atera eta aiztorik zorrotzena aukeratuta ekin zion arrainak garbitzeari. Zirujauaren trebeziaz bereizi zizkien xerra biak, doitasun arduratsuaz pilatzen zituen hezurrak, buruak eta izpiak plater atal batean. Gizon mando askoak ere minez ikusia zela hiru izpiongatik, kontuz ibili beharra zegoela gogorarazten zidan aldioro.

        — Hori ditek saburdinek.

        «Hori ditek txarra, bai», errepikatuko zuen Urbano Peñak, lan handia dutela garbitzen gero hainbeste mami ez izateko, eskerrak emanda tomatetzan jarriko zituela eransteko ondoren. Ordurako urteak ziren Mateo Vallejok ez zuela berak harrapatutakorik platereratzen. Opari ematen zituen denak.

        — Gainera, zeuk ez jateko...

        Etxeratu orduko kargu hartzen hasi zitzaion gizona sartu zen une batez Mateo Vallejoren gomutan. Hondartza egun bat zen. Ur ertzean zebilen oihu mindu bat adituta jiratu zenean. Arineketa batean hurbildu zitzaizun. Umea zinen eta negarrez zeunden, esku biak oin guria bildu nahian. Ziztada garbia du saburdinak. Beso artean eraman zintuen Mateo Vallejok Gurutze Gorrikoengana. «Hainbesteko harrokeriarik gabe ere ezagutu haut», halako zerbait pentsatu zuen bere kolkorako oilartzen ikusten zintuenean. Ez da zaila jakitea zer zerabilen errotan jiraka: «oraingo aldean, asko egoten zen orduan saburdin txiki hori, hondar artean gordea. Eta galipota, haurren zein nagusien oinpean itsasten zen galipot alu hura. Sorospen postukoek ez, neuk igurtzi nian oin hori beraiek utzitako amoniakoarekin, pozoia hil eta mina gozatzeko, ez haiz oroitzen?».

        Ez zizun laurdenik ere esango, ordea. Tuperra zabaldu, arrain xerra garbiak elkarren gainean atondu, kondarrak zakarrontzira bota eta mahai gainekoak jaso zituen, ola eta aiztoa harrian uzteko. Gero zorroztuko zuen. Zapia tolestuta geratu zen harraska ertzean. Bi eskuez itxi zuen tuperraren estalkia. Hozkailuan sartu zuen.

        Orduan menturatu zinen:

        — Aita, hona etortzerik ba dugu?

        Begiraturik itzuli gabe erantzun zizun.

        — Zer, oilo-gaitza ostera ere?

        — Ez, oraingoan betirako da. Nerea eta biok etorriko ginateke, beste zerbait topatu arte...

        Amagatik berak galdetu zizun.

        — Londresera itzultzekoa da.

        Txorrotapean sartu zituen eskuak, zatar garbian lehortzeko ondoren.

        — Saltzen jarri dugu etxea.

        — Etorri ba, kalean ez zarete geratuko.

        Orduan bilatu ninduten haren begiek. Zu aurrean bazeunden, zakarkeriak babesten zuen lotsatik. Lotsorra baitzen Mateo Vallejo, zuk pentsatu aldean oso.

        Mahai gainekoa batzea eta hotsa entzutea, bat izan zen. Usainagatik etortzen ikasten den azantza gozoa, bat aurrena, beste bat ostean, orratzak sukaldeko kristalaren kontra. Hala dator euria oroimenera datorrenean. Eta lehenbiziko oihuak atoan, etxekoneko Maria zuri:

        «Euria, Mateo! Euria! Bildu arropa!».