Ospitalekoak
Ospitalekoak
2010, nobela
240 orrialde
978-84-92468-18-8
azala: Lander Garro
Mikel Antza
1961, Donostia
 
2015, poesia
2012, nobela
1987, ipuinak
1985, antzerkia
1985, ipuinak
Ospitalekoak
2010, nobela
240 orrialde
978-84-92468-18-8
aurkibidea

Aurkibidea

Badakin?, ospitale honetara etorri nintzenean...

Ez zaidan iruditzen ospitaleekiko dudan arbuio jarrerak...

Beldurra, eragile handi, esan ohi zidanan Xabierrek...

Ez zaidan iruditzen, duela ia hiru urte kartzelan sartu gintuztenean...

Nire egoeraren eta hemen gertatu zaizkidanen berri emateko asmoz...

Duela urtebete pasatxo izango zunan...

Gaua dun. Bero hezea egiten din...

Iragan ez hain urrun haren ordezko mozorrotua...

Ospitalearen zuritasuna hilerrien belztasunaren aurrekari begitantzen zaidan...

Ospitale honetan ezagutu ditinat borondatezko bezeroak...

Sudurreko operazio hari itzuri egin eta urtebetera...

Gauetik egunera, kartzelan sartu-eta...

Amak ezkaratzera lagundu gintinan...

Haurtzaroko hausnarketak eten zizkidanan ateko zaratak...

Beti iruditu zaidan susmagarri mediku eta erizainen adeitasuna...

Xabierrek eta biok elkar ezagutu genuen egun hartan...

Xabier ezagutu nuen egun hartan gelara iristean...

Operazio osteko krisialdia gaindituta...

Galderak egiten zizkidanan Xabierrek...

Bederatzi urte izango nitinan...

Noizean behin izaten genitinan hizketaldi gatazkatsu horietako bat...

Xabierrek ere ez zinan sinesten, noski...

Hona iritsitakoan, asmatutako nire jaiotzari buruzko kontakizunak...

Larrialdi gelatik atera eta gela berri batera eraman ninditenan...

Elbarri gelditu naizenez geroztik...

Christophek nire aldartea alaitzeko...

Itxi dinat kaiera...

Elbarritu ostean aldatu ninduten gela honek...

Ohean etzanda eskuin eskuko erdiko hatzari begira...

Ohiko Diazepam eta Myolastan gaindosiak eragindako loalditik...

Elbarritu nintzenez geroztik Fred eta Veronique batera...

Hodeiertzari begira egoten naun...

Etsaiek nolako etorkizuna apailatu diguten bazakinat...

Arratsaldeko seietan atea ixten didatenean...

Istripu Handia baino lehen...

Erosi: 17,57
Ebook: 3,63

Aurkibidea

Badakin?, ospitale honetara etorri nintzenean...

Ez zaidan iruditzen ospitaleekiko dudan arbuio jarrerak...

Beldurra, eragile handi, esan ohi zidanan Xabierrek...

Ez zaidan iruditzen, duela ia hiru urte kartzelan sartu gintuztenean...

Nire egoeraren eta hemen gertatu zaizkidanen berri emateko asmoz...

Duela urtebete pasatxo izango zunan...

Gaua dun. Bero hezea egiten din...

Iragan ez hain urrun haren ordezko mozorrotua...

Ospitalearen zuritasuna hilerrien belztasunaren aurrekari begitantzen zaidan...

Ospitale honetan ezagutu ditinat borondatezko bezeroak...

Sudurreko operazio hari itzuri egin eta urtebetera...

Gauetik egunera, kartzelan sartu-eta...

Amak ezkaratzera lagundu gintinan...

Haurtzaroko hausnarketak eten zizkidanan ateko zaratak...

Beti iruditu zaidan susmagarri mediku eta erizainen adeitasuna...

Xabierrek eta biok elkar ezagutu genuen egun hartan...

Xabier ezagutu nuen egun hartan gelara iristean...

Operazio osteko krisialdia gaindituta...

Galderak egiten zizkidanan Xabierrek...

Bederatzi urte izango nitinan...

Noizean behin izaten genitinan hizketaldi gatazkatsu horietako bat...

Xabierrek ere ez zinan sinesten, noski...

Hona iritsitakoan, asmatutako nire jaiotzari buruzko kontakizunak...

Larrialdi gelatik atera eta gela berri batera eraman ninditenan...

Elbarri gelditu naizenez geroztik...

Christophek nire aldartea alaitzeko...

Itxi dinat kaiera...

Elbarritu ostean aldatu ninduten gela honek...

Ohean etzanda eskuin eskuko erdiko hatzari begira...

Ohiko Diazepam eta Myolastan gaindosiak eragindako loalditik...

Elbarritu nintzenez geroztik Fred eta Veronique batera...

Hodeiertzari begira egoten naun...

Etsaiek nolako etorkizuna apailatu diguten bazakinat...

Arratsaldeko seietan atea ixten didatenean...

Istripu Handia baino lehen...

 

 

Ezkerreko hanka hautsi eta makuludun nintzenez geroztik, etxartekideak aratzagoak ziren nirekin; batez ere nire antzera zangoak ezinduta edo matxuratuta izateagatik ordezkoen laguntzarekin zebiltzanak hurbiltzen zitzaizkidan. Makuludunen taldeko bihurtu nintzen, hiru edota lau zangodunen kofradiako kide; ohorezko kide, beste guztiak ez bezala ospitalean bertan bilakatu bainintzen elbarri, eta horrek beren barne antolaketaren araudian berezitasunik ematen omen zion nire kasuari. Osasuntsu ezagutu ninduten eta orduan, makuludun, beraien mailan ikusten ninduten.

        Lehen bekaizti begiratzen ninduten berek hartzen ninduten orain goxoan. Aratz ziren nirekin, ez zen gizabidezko esku emate behartu eta hotza, ez zen politesse frantsesak agindutako jokabide txatxua. Lehen, korrika edo ibilian, beren irismenetik at nengoen. Orain, etxarte txikian errotarrian ibiltzen hasten nintzenean, makuluen gainean baldar, beraien arteko baldarrena nintzen eta segituan hurbilduko zitzaizkidan bizpahiru, ni bezala makuluen laguntzaz baina ni baino askoz ere trebeago. Nirekin egingo zuten ibilbidea, nire tiki-takaren baldresa nabarmenaraziz, nire ibilera hobetzeko aholkutxoak emanez, fisioterapeutarenean ikasitakoak jakinaraziz, berrikusiz, ikastorduetatik kanpoko dohainezko irakasle partikular bihurtzen ziren. Azterketa gainditzea nahi izango zuten, nonbait.

        Errotarriko ibilera niretzako hain goibel haietan —hegoak moztutako txoria bezala sentitzen bainintzen—, ezer behar izatekotan eskatzeko beldurrik gabe esaten zidaten: gutunen bat ezkutuan ateratzeko beharra banuen gustuz aterako zidatela; erretzekoa edota sudurretik hurrupatzekoa ere lor ziezadaketela. Eta bereziki animatuta zeudenean, erizain edota presozain emeren batekiko hitzordua antolatzea proposatzera iritsi ziren, konfiantza osoz eta merke... baldin eta Erregearen oniritzia jasotzen banuen.

        Etxartera atera gabe gelditzen nintzen askotan. Minagatik eta etsipenagatik. Nire burua ezindua ikusteak sortzen zidan tristura eraman ezina zitzaidan. Txantxa itzela neritzon ospitalera eskuin eskuko erdiko hatzaren lotailu hezurreko haustura ondorengo berreziketa egitera etorri eta bertan hanka apurtzeari. Eta artean ez nekien patuak prestatua zidan jokaldi aparta!

        Xabier izan nuen orduan ere makuluetan sendoena. Bizitzen ari nintzen egoera ez zela betirako esaten zidan etsiak jota ikusten ninduenean. Isildu egiten nintzen, burkide batek garai zailetan errepikatu ohi zuena niretzako gordez: ez galdu esperantza, egoera txarrenak ere txarrera egin dezake.

        Nire jendarteko harremanak ugaritu zirenez geroztik, etxartean hurbiltzen zitzaizkidanen berri ematen nion Xabierri, haien esamesak eta txutxu-mutxuak jakinarazten nizkion. Eta hark alea eta lastoa bereizten laguntzen zidan.

        Hanka hautsi nuenetik ere, Erregeak eta bere gorteak niganako begirune moduko bat erakutsi zuten. Haiengandik hurbilekoagotzat banindute bezala. Erregeak harengana hurbiltzeko keinua egiten zidan batzuetan, edo bere gorteko bat (Jopu, Oxygène, edota Beemeube) igorriko zuen nire bila. Zigarretak eskainiko zizkidan, edo erretzekoa. Ez nuela erretzen eta eskertzen niola hala ere. Behin batean, hitzik gabe, erpurua belarri aldean eta txikia aho aldean kokatuz egin zidan eskaintza, nahi nuenean eskatzeko eta eskuratuko zidala bat, prezio onean.

        Istripu Handiaren ondoren doan eskaini dit telefonoa, nahi dudanean ekarriko didala, ni bezalako batek merezi duela etxekoekin hitz egitea, une zailetan maite gaituztenen beharra izaten dela.

        Ez naiz fio ordea, ez oraindik, ez oraingoz. Betidanik izan naiz zuhurra. Horri esker lortu dut etsaiaren hainbat segadari itzuri egitea.

        — Eta zer gertatu zitzaian bada? Lokartu egin al hintzen? Ez al hintzen ohartu inguruan hituela ala? —xaxatzen nau Xabierrek nire zuhurtziaz harro agertzen natzaion bakoitzean.

        Eta erantzuten utzi gabe bere aholku gogokoena errepikatzen dit hamaikagarrenez: «Ez hadi hire aitaz ere fio, Mikel!».

        Aholkua eman zidan lehen aldian nire izaera zuhurraren oinarrian dagoen gertaeraren berri eman nion. Hain zuzen ere, haurra nintzela aitak bere bulegora deitu ninduen batean, haur mesfidatia besoetan hartu mahai gainean jarri eta besoak zabalduz jauzi egiteko agintzen dion aitaren pasadizo ezaguna kontatu baitzidan. Haurrak, beldurtuta ez duela jauzi egingo erantzuten dio aitari. Eta aitak haurrari, goxo, konfiantza egiteko, aita duela, ea nola ez den fidatuko aitarekin. Ea norengan izango duen konfiantza beragan ez bada, egiteko jauzi eta hartuko duela besoetan. Ez izateko koldarra. Haurrak, azkenean, ahots goxoak hartaratuta, jauzi egiten du ausart antzean aitarengana, begiak itxita hala ere, hark besoetan hartuko duelakoan. Orduan, aitak bazterrera egiten du eta danba! muturrez lurrera doa haur gaixoa. Ipuineko aitak haurrari emandako aholkua betirako oroimenean iltzatuta gelditu zaidan doinuz ahoskatu zuen aitak, niri ari balitzait bezala: «Horrela ikasiko duk ez dela inorengan uste osoa izan behar, ezta hire aitarengan ere!».

        Aitaren eta Xabierren aholkuak gora-behera, onartu behar dut, sinesbera xamarra izan nintzela hanka apurtu eta gurpil-aulkira lotuta utzi ninduen istripua gertatu bitartean. Jendearen xalotasunean sinesten jarraitu nuen. Konturatzen nintzen hurbiltzen zitzaizkidanek atze-asmorik bazutela, baina ez konturatuarena egiten nuen, jokabide hartatik zer txar etor zekidakeen susmatu gabe.

        Nire osasunarekin zinez arduratzen zirela uste izaten nuen. Nire ezkerreko hankak lo egiten uzten zidan galdetzen zidaten, minak loak eragotz ez ziezadan trikimailuak aholkatzearekin batera. Aholku batzuk arlo fisikoari zegozkion: nola kokatu hanka, bigarren buruko bat eskatzeko OLTei, oina bertan bermatzeko. Beste aholku batzuek ordea pilula izen exotikoak zituzten, erdia hartuta ere zaldi bat seko loarazteko indarra zutenak. Artean ez nuen farmazi industriak ekoitzitako min-aringarrien atzaparretan erortzeko adinako oinazerik, eta uko egiten nien kolore deigarridun pilula flasko eta kutxei.

        Hezur lotu berriak eskaiolarekin uztartu eta etxartera jaisteko gai izan nintzenean, Jean-Noel/Dimitri ustez DSTko kidea izan nuen errotarriko kide gehienetan. Ni bi makulurekin eta bera bakarrarekin, bikote banaezina osatu genuen. Geldo zebilen ospitaleko errotarria, aleak xehe-xehe egin beharrez. Ordubete luze besterik irauten ez zuten etxarte-aldi haiek luze eta amaigabe egiten zitzaizkidan, isolamendu garaietakoak baino areago.

        Jean-Noelek ez zidan inoiz Dimitri aipatu. Nik ordea elkar ezagutu genuen egun hartan, ospitaleko sarrerako itxaronziegan kontatu zidanaren jarraipenaren jakin-minez jarraitzen nuen, noski. Eta bost axola zitzaidan dena asmatutakoa bazen ere, bere benetako izena Jean-Noel ala Dimitri izan, ez zitzaidan ardura. Jean-Noelek edo Dimitrik Veronique izena zuen arreba jipoiturik ez izatea ere bost axola zitzaidan. Kontakizunaren amaiera jakin nahi nuen nik. Zer egin zuen Dimitrik? Arrebarenera joan ote zen? Arazo Jauna akabatu zuelako ote zegoen kartzelan? Asma zezala istorioa eta kito, nioen nirekiko.

        Zeharka aipa niezaiokeen Dimitriri, behin batean ezagutu nuela bere antz handia zuen gazte bat, hark istorio bat kontatu zidala. Baina beldur nintzen Dimitri eta Veroniqueren aipamen hutsak ez ote zituen iraganeko mamuak esnatuko, Arazo Jaunaren oroimena berpizteko bidea ematen banion, ez ote nukeen garesti ordainduko.

        Jean-Noelen bizitzak ez zuen Dimitrirenarekin zerikusirik batere. Berak esandakoaren arabera, mendetan luzatzen zen tradizio militarreko familia aberats bateko seme zen, eta bera kartzela-ospitalean bazegoen ez zen lege hauste baten kariaz, baizik eta Gobernu frantsesak agindutako misio bat betetzeko.

        Gaia aipatzen zuen bakoitzean, isildu eta begira-begira gelditzen zitzaidan.

        — Nik zugan uste osoa dut, Migüel, badakit ez nauzula traizionatuko. Nire misioaren berri emango nizuke. Baina hain zuzen ere, nire misioak zurekin du zerikusia eta honaino esan diezazuket eta ez gehiago. Ulertuko duzu orain isildu eta bihar arte gehiago hitzik ez badizut egiten.

        Ulertzen niola esaten nion. Erlojuari begiratu gabe ere banekien etxarte-aldiaren amaiera ordua hurre zela, Jean-Noelek erlojuari begiratu gabe denbora neurtzeko gaitasun txundigarria zuen-eta. Erlojuari begiratzen nion, hala ere, ohituraz, eta kartzelazaina atean agertzeko hiru minutu faltako zirela kalkulatzen nuen. Jean-Noel/Dimitriren misterioa buruan iltzatuta geldituko nintzen berriro.

        — Promenade terminée! On remonte les gars! —oihu egin eta txalo jotzen zuen giltzariak.

        Papertxo batean idatzia zeukan zenbat pertsona atera ginen egun hartan etxartera, eta otsoak inor ez zuela irentsi baiesteko, Eiheralarreko ardi mutur beltzak baikinen zenbatzen gintuen bere aurretik igarotzerakoan.

        — Un, deux, trois...

        — Beee, beee —egiten nuen nik.

        Eta barre egiten zuten denek.