Ospitalekoak
Ospitalekoak
2010, nobela
240 orrialde
978-84-92468-18-8
azala: Lander Garro
Mikel Antza
1961, Donostia
 
2015, poesia
2012, nobela
1987, ipuinak
1985, antzerkia
1985, ipuinak
Ospitalekoak
2010, nobela
240 orrialde
978-84-92468-18-8
aurkibidea

Aurkibidea

Badakin?, ospitale honetara etorri nintzenean...

Ez zaidan iruditzen ospitaleekiko dudan arbuio jarrerak...

Beldurra, eragile handi, esan ohi zidanan Xabierrek...

Ez zaidan iruditzen, duela ia hiru urte kartzelan sartu gintuztenean...

Nire egoeraren eta hemen gertatu zaizkidanen berri emateko asmoz...

Duela urtebete pasatxo izango zunan...

Gaua dun. Bero hezea egiten din...

Iragan ez hain urrun haren ordezko mozorrotua...

Ospitalearen zuritasuna hilerrien belztasunaren aurrekari begitantzen zaidan...

Ospitale honetan ezagutu ditinat borondatezko bezeroak...

Sudurreko operazio hari itzuri egin eta urtebetera...

Gauetik egunera, kartzelan sartu-eta...

Amak ezkaratzera lagundu gintinan...

Haurtzaroko hausnarketak eten zizkidanan ateko zaratak...

Beti iruditu zaidan susmagarri mediku eta erizainen adeitasuna...

Xabierrek eta biok elkar ezagutu genuen egun hartan...

Operazio osteko krisialdia gaindituta...

Galderak egiten zizkidanan Xabierrek...

Bederatzi urte izango nitinan...

Noizean behin izaten genitinan hizketaldi gatazkatsu horietako bat...

Ezkerreko hanka hautsi eta makuludun nintzenez geroztik...

Xabierrek ere ez zinan sinesten, noski...

Hona iritsitakoan, asmatutako nire jaiotzari buruzko kontakizunak...

Larrialdi gelatik atera eta gela berri batera eraman ninditenan...

Elbarri gelditu naizenez geroztik...

Christophek nire aldartea alaitzeko...

Itxi dinat kaiera...

Elbarritu ostean aldatu ninduten gela honek...

Ohean etzanda eskuin eskuko erdiko hatzari begira...

Ohiko Diazepam eta Myolastan gaindosiak eragindako loalditik...

Elbarritu nintzenez geroztik Fred eta Veronique batera...

Hodeiertzari begira egoten naun...

Etsaiek nolako etorkizuna apailatu diguten bazakinat...

Arratsaldeko seietan atea ixten didatenean...

Istripu Handia baino lehen...

Erosi: 17,57
Ebook: 3,63

Aurkibidea

Badakin?, ospitale honetara etorri nintzenean...

Ez zaidan iruditzen ospitaleekiko dudan arbuio jarrerak...

Beldurra, eragile handi, esan ohi zidanan Xabierrek...

Ez zaidan iruditzen, duela ia hiru urte kartzelan sartu gintuztenean...

Nire egoeraren eta hemen gertatu zaizkidanen berri emateko asmoz...

Duela urtebete pasatxo izango zunan...

Gaua dun. Bero hezea egiten din...

Iragan ez hain urrun haren ordezko mozorrotua...

Ospitalearen zuritasuna hilerrien belztasunaren aurrekari begitantzen zaidan...

Ospitale honetan ezagutu ditinat borondatezko bezeroak...

Sudurreko operazio hari itzuri egin eta urtebetera...

Gauetik egunera, kartzelan sartu-eta...

Amak ezkaratzera lagundu gintinan...

Haurtzaroko hausnarketak eten zizkidanan ateko zaratak...

Beti iruditu zaidan susmagarri mediku eta erizainen adeitasuna...

Xabierrek eta biok elkar ezagutu genuen egun hartan...

Operazio osteko krisialdia gaindituta...

Galderak egiten zizkidanan Xabierrek...

Bederatzi urte izango nitinan...

Noizean behin izaten genitinan hizketaldi gatazkatsu horietako bat...

Ezkerreko hanka hautsi eta makuludun nintzenez geroztik...

Xabierrek ere ez zinan sinesten, noski...

Hona iritsitakoan, asmatutako nire jaiotzari buruzko kontakizunak...

Larrialdi gelatik atera eta gela berri batera eraman ninditenan...

Elbarri gelditu naizenez geroztik...

Christophek nire aldartea alaitzeko...

Itxi dinat kaiera...

Elbarritu ostean aldatu ninduten gela honek...

Ohean etzanda eskuin eskuko erdiko hatzari begira...

Ohiko Diazepam eta Myolastan gaindosiak eragindako loalditik...

Elbarritu nintzenez geroztik Fred eta Veronique batera...

Hodeiertzari begira egoten naun...

Etsaiek nolako etorkizuna apailatu diguten bazakinat...

Arratsaldeko seietan atea ixten didatenean...

Istripu Handia baino lehen...

 

 

Xabier ezagutu nuen egun hartan gelara iristean sinesgogor nengonan oraindik. «Agirretar bat! Nola da posible?», pentsatu ninan.

        Xabier ezagututa, beste itxura bat hartu nion ospitalean egin behar nuen egonaldi behartu hari. Jadanik ez nengoen bakartuta. Beste euskaldun bat zegoen ospitalean. Mintzaide bat. Gogaide bat, agian. Burkide bat, oxala! Izango nuen aurrerantzean nire kezkak nori aitortu eta, agian, baita kartzelako oihanean bizirauteko trikimailuak norengandik ikasi ere.

        Aukera horrek hurrengo enkontrua noiz gertatuko irrika biziz utzi ninduen. Banekien halako aukerak urriak izango zirela, OLTren baten laguntza jaso ezean.

        Gela garbitzen zidaten unea zen zainketa aldetik nahasiena. Hura zen atea irekita egoten zen unea, eta kartzelazaina beste zeregin baterako deituz gero, gelatik ateratzeko balia nezakeen. Une horretako nahasketa baliatzen nuen dutxara joatea eskatzeko, dutxa bidean Xabierren ziegan sartzea lortzearren. OLTak gela txukundu bitartean ofizialki dutxan egongo nintzen. Gainera, OLTak gela garbitu bitartean bertan egotea oso deseroso egiten zitzaidan. Traba egiten nuen. Eta nire zerbitzura norbait izatearen itxura ere ez nuen maite. Orduan, eskuin eskuko erdiko hatza besterik ez nuenean kaltetua, ez al nintzen bada zorua garbitu eta nire ohea egiteko gai? Lotsa sentitzen nuen. Zer esan ez nekiela egoten nintzen, ezer esan behar ote nuen jakin gabe, edota ezer esateko eskubiderik ba ote nuen ere ziur jakin gabe. Zitekeena zen baita ere, nire gelaz arduratzen ziren OLTak kartzela-agintariek espresuki izendatutako salatariak izatea.

        Kartzelazaina ez zen beste edonorekin hizketan harrapatuz gero susmo txarra hartuko ote zuten beldur ere banintzen. Banekien nolako paranoia zuten zaindariek. Behin batean, Bereziki Zaindu beharreko Preso bat, paquetage-a egiteko denborarik eman gabe ere, goizeko lehen orduetan lekualdatu zuten, salatariren batek bezperan etxartean elkarrekin izandako elkarrizketa xalo baten berri eman eta ihesaldia prestatzen ari ginelako susmoa piztu zielako kartzelazainei.

        Horregatik guztiagatik, OLTak gela garbitu bitartean isil-isilik egoten nintzen. Lehen egunetan begiratzera ere ez nintzen ausartzen. Lanean ari zen bitartean begiratzen banion bera ere deseroso egongo zela iruditzen zitzaidalako.

        Ez zen beti OLT bera etortzen. Eta aitortu behar dut nire deserosotasuna txikiagoa zela gela egitera zetorkidana gizonezkoa zenean.

        Fred etortzen zen batzuetan. Mugimendu zabarrez egiten zuen lan. Zakar agintzen zidan paretik kentzeko. Aurrena ohean esertzeko, ondoren besaulkian; gero, besaulkitik altxa eta ate ondora joateko. Berriro ere ohera igotzeko ate inguruan traba egiten nionean. Ohea nik ezin al nuen egin galdetzen zidan orduan. Nik baietz. Baina ez zidan uzten. Umore txartuta ibiltzen zen beti.

        Nire zorigaitzak Fredengandik hurbilduko ninduen. Erakusten zuen zabarkeriaren arrazoia ondo menderatzen ez zuen berezko indar fisikoan zegoela ikasi nuen.

        Ospitalea ez zela beretzat lantoki egokiena pentsatu nuen. Pentsamendu horretan arrazakeria zantzurik ba ote zegoen galdetu nion nire buruari. Ezetz ebatzi nuen. Freden azal beltzak ez zuela nire juzkua baldintzatzen. Beste nonbait, beste lanbideren batean egokiago moldatuko zela iruditzen zitzaidan, ez baitzen abila eskuekin. Ohea egiterakoan izarekin borrokan aritzen zen. Nahiko nabarmena zen ez zuela besteren oheak egitea maite. Freden besoen indarrak egiten zuen lanbide horretarako egoki, denbora gutxiren buruan, tamalez, jakin nuenez.

        Jantzi zuri-zurien eta azal bel-beltzaren arteko kontrastea zen Fred. Bizar ile indartsuak zituen, burukoak bezain kizkurrak. Hortz zuriak eta begirada goibela. Esku ahur argiak eta ibilera baldarra. Espezia-usaina ekartzen zuen azalean atxikita.

        Freden besoetan egiten dut gurpil-aulkitik bainuontzirako tartea orain. Bainuontziko ur beroak giharrak lasaitzen dizkidan bitartean, berak dioen bezala beratzen naizen bitartean, beste zereginik ez badu, ondoan izaten dut bere gaztaroko gertakizunen berri emanez.

        Veroniquerekin izan nuen harremana bestelakoa izan zen hastapenetik. Bere izena zela-eta, ospitaleko ordu asperretan, Dimitriren arreba izan zitekeela pentsatzea maite nuen, aukera horrekin jolas egiten nuen denbora-pasa. Dimitri eta bere arreba Veronique kartzela-ospitale berean egotea, bata gaixo eta bestea erizain, erakargarri egiten zitzaidan: Dimitri laguntzeko al zegoen Veronique bertan?; edo hildako senarra mendekatzeko?; edo Dimitri zen arreba hiltzeko asmoz ospitale honetan eta ez beste batean ingresa zezaten lortu zuena?

        Haren bizitzaz zeharka jakin nituenak aukera hori ezeztatzen zuela zirudien arren, Veronique alargun gisa ikusten jarraitzen nuen gela egitera etortzen zitzaidan bakoitzean. Tratu txarrak jasandako emakumea ikusten nuen beragan. Veronique Dimitriren Veronique izatea ezinezkoa iruditzen bazitzaidan ere, diskrezio osoz zelatatzen nuen, bere jokabidean edota bere gorputzean tratu txarren aztarnak bilatuz. Bururatu zitzaidan baita ere inoiz tratu txarren aztarnarik atzematea ez zela Dimitriren arreba zela ondorioztatzeko azken frogarik izango, munduan Veronique izeneko emakume asko izango baita tratu txarren biktima.

        Emakumea zelako ere bestelakoa zen harekiko nuen harremana. Kartzelaren oinarrian gizonen (arren) eta emakumeen (emeen) arteko bereizketa artifiziala dago, sexuaren arabera egiten du kartzela-sistemak lehen banaketa. Horrela, kartzelak biderkatu egiten du kanpoan korapilatsu bihurtu diren sexuen arteko harremanen artifizialtasuna.

        Emakumea ala gizona sexu irrika huts bihurtzeaz gain, objektu eskuragaitz bihurtzen baita, obsesio. Kartzelak irendutakoen obsesio. Obsesio kitzikatu, aldizkari eta telebistako film pornoen bidez. Obsesio isildu, tabu. Zigor erantsia den norberaren sexualitateari egiten zaion eraso horri buruz presoen artean hitz egitea ahultasun adierazpentzat hartzen baita.

        Eta krudelkeriaren pastelaren ginga: elkarren arteko maitasun harremanak zigorraren mehatxupean debekatuak dituen presoak bere burua goitik behera biluztu behar du debekua gauzatzeko ardura izan berri duen presozainaren aurrean, hark agindu arau arropak banan-banan aurkeztuz sekula asmatu den strip-tease umiliagarrienean.

        Pertsonen arteko harremanak sexuaren arabera ez baldintzatzen heziak izan garenoi, jasotako heziketa osoa komuneko zulotik botatzeko agintzen digu kartzelak.

        Uste daitekeenaren kontra, sexu berekoen arteko harremanak ez dira horregatik errazagoak, ez bada kontrakoa. Arren kasuan bederen, harreman homosexualen zelatatzea, iraintzea dago; baina baita ere bortxaketa, emeen ordezkatzea.

        Dena dago faltsutua kartzelan. Kartzela gezurraren mundu erreala da. Gizonak baino asma ez zezakeen izugarrikeria da.

        Horregatik guztiagatik, gelan sartu zitzaidan lehen egunetik sentitu nintzen deseroso Veroniqueren aurrean. Ordura arte presozain emeak baino ez nituen izan aurrean, eta ez zitzaidan zaila gertatu giltzaria baino ez ikustea haiengan: ar ala eme, berdin zitzaidan, berdin ixten zizkidaten-eta atea eta morroiloak bortxaz; uniformea baino ez ikusteko ez nuen ahalegin handirik egin behar.

        Aldiz, Veronique gelan sartzen zenean ez nuen jakiten soa non pausatu.

        Lanean ari zela hari begiratuz gero, asmo lizunekin begiratzen niola pentsa zezakeen beldur nintzen. Ez nuen zalantzarik egiten, beste geletara sartzean eriak ez zirela ni bezala isilik egoten: presozaina parean ez bazegoen ausartenek proposamen lotsagabeak egingo zizkioten; lotsatienek, aurrez aurre galdera xaloak egin eta bizkarra emandakoan keinu zatarrez, ahoa zabaldu eta mihia ateraz, bi eskuekin ipurditik heldu eta alua jateko imintzioak egingo zituzten.

        Bestalde, ni isil-isilik egoteak zer pentsatua emango ziola iruditzen zitzaidan. Jakingo zuen agian zergatik nengoen kartzelan, zaindariren batek esanda. Edo okerrago, ez zekien deus, eta preso arrunten itxura ez nuela ikusita zernahi izan nintekeela, baita bortxatzailea ere, pentsa zezakeen.

        Bere lanari arreta jarrita gainditu nuen lehen egunetako deserosotasuna. Lana artista baten zehaztasunez egiten zuen Veroniquek. Profesional baten ziurtasunez. Ongi zekien nola burutu bere betebeharra ahalik eta denbora laburrenean. Gela egitera zetozkidanean, kartzelazainak atea ireki eta zabal-zabal uzten zuen. Garbiketa-gurditxoa gelaren ate parean uzten zuenez, gelatik atera eta sartu aritzen zen behar zituen tresna eta produktuak txandaka hartu eta uzten. Egunerokotasunak oraindik higatu gabeko automata erritmoz egiten zuen lan.

        Egunak igaro ahala, hurkoaren sorbalda gainetik egunkaria zelatatzen ari nintzeneko irudipena gaindituta, gero eta lasaiago begiratzen nion. Ez dut esango ederra zenik Veronique; bazuen hala ere erakartzen ninduen zerbait. Azken urteetan ikusitako emakume gutxiak batez ere kartzelazainak izateak horretan zerikusirik izango ote zuen galdetzen nion neure buruari.

        Lehen egunean, isil-isilik beraz, gelan emakumezko baten presentzia arrotzak nigan sortzen zituen sentimenduei adi egon nintzen. Eta haurtzaroan amari etxeko lanak egiten laguntzera etortzen zen emakumea gogoratu zitzaidan.

        Oheko izarak aldatu zituen aurrena, berak beste lanak bukatu bitartean bertan geldirik egon nendin.

        — Assied-toi dans le lit —agintzen zidan.

        Ohea nahiko gora igota zegoenez, eseri nintzenean, hankak dilindan gelditu zitzaizkidan. Itxura barregarria izan behar nuen. Liburu bat hartu eta irakurtzeko plantak egin nituen.

        Zapi batekin garbitzen zuen harraska. Beste batekin komun-zuloa. Mahaitxoa eta aulkia garbitzeko erabiltzen zuen hirugarren bat.

        Berez hezea zegoen zapi bat ateratzen zuen kutxa batetik erratz makila biluziaren puntan ezartzeko. Bezperatik egindako hauts apurra eta jatorduetan erori zitzaizkidan ogi papurrak besterik ez zituen biltzeko. Keinu zehatzez, erabilitako zapia erratz makilak buruan zituen gakoetatik askatu eta gurditxoaren albo batean zegoen zakar poltsa berezira botatzen zuen.

        Lurrungailu baten bidez xaboi ura hedatzen zuen zoruan. Eta lehengo makilaren kakoetan beste zapi bat jarriz garbitzen zuen.

        Lanak bukatuta, egunak igaro ahala gero eta zabalagoa bihurtu zen irribarrez,

        — À demain —esaten zidan.

        Edo, ostirala bazen eta asteburuko txanda libratzen bazuen,

        — Au revoir, à lundi.

        Garbiketa tresna eta produktuz betetako gurditxoa bultzatzen ondoko gelarako bidean entzuten nuen.

        Kartzelazaina agertzen zen atearen koadroan.

        — C'est fini? —galdetzen zidan alferrik atea giltzapetu aurretik.

        Atea ixten zuenean, gela garbitu berriaren usain nahasketa nabarmentzen nuen: xaboiarena, lixibarena eta Veroniquek lanean botatako izerdiaren usaina, ezagun egiten zitzaidan baina izena oroitzen ez nuen perfumearenarekin ezkonduta.