Ospitalekoak
Ospitalekoak
2010, nobela
240 orrialde
978-84-92468-18-8
azala: Lander Garro
Mikel Antza
1961, Donostia
 
2015, poesia
2012, nobela
1987, ipuinak
1985, antzerkia
1984, ipuinak
Ospitalekoak
2010, nobela
240 orrialde
978-84-92468-18-8
aurkibidea

Aurkibidea

Badakin?, ospitale honetara etorri nintzenean...

Ez zaidan iruditzen ospitaleekiko dudan arbuio jarrerak...

Beldurra, eragile handi, esan ohi zidanan Xabierrek...

Ez zaidan iruditzen, duela ia hiru urte kartzelan sartu gintuztenean...

Nire egoeraren eta hemen gertatu zaizkidanen berri emateko asmoz...

Duela urtebete pasatxo izango zunan...

Gaua dun. Bero hezea egiten din...

Iragan ez hain urrun haren ordezko mozorrotua...

Ospitalearen zuritasuna hilerrien belztasunaren aurrekari begitantzen zaidan...

Ospitale honetan ezagutu ditinat borondatezko bezeroak...

Sudurreko operazio hari itzuri egin eta urtebetera...

Gauetik egunera, kartzelan sartu-eta...

Amak ezkaratzera lagundu gintinan...

Haurtzaroko hausnarketak eten zizkidanan ateko zaratak...

Beti iruditu zaidan susmagarri mediku eta erizainen adeitasuna...

Xabier ezagutu nuen egun hartan gelara iristean...

Operazio osteko krisialdia gaindituta...

Galderak egiten zizkidanan Xabierrek...

Bederatzi urte izango nitinan...

Noizean behin izaten genitinan hizketaldi gatazkatsu horietako bat...

Ezkerreko hanka hautsi eta makuludun nintzenez geroztik...

Xabierrek ere ez zinan sinesten, noski...

Hona iritsitakoan, asmatutako nire jaiotzari buruzko kontakizunak...

Larrialdi gelatik atera eta gela berri batera eraman ninditenan...

Elbarri gelditu naizenez geroztik...

Christophek nire aldartea alaitzeko...

Itxi dinat kaiera...

Elbarritu ostean aldatu ninduten gela honek...

Ohean etzanda eskuin eskuko erdiko hatzari begira...

Ohiko Diazepam eta Myolastan gaindosiak eragindako loalditik...

Elbarritu nintzenez geroztik Fred eta Veronique batera...

Hodeiertzari begira egoten naun...

Etsaiek nolako etorkizuna apailatu diguten bazakinat...

Arratsaldeko seietan atea ixten didatenean...

Istripu Handia baino lehen...

Erosi: 17,57
Ebook: 3,12

Aurkibidea

Badakin?, ospitale honetara etorri nintzenean...

Ez zaidan iruditzen ospitaleekiko dudan arbuio jarrerak...

Beldurra, eragile handi, esan ohi zidanan Xabierrek...

Ez zaidan iruditzen, duela ia hiru urte kartzelan sartu gintuztenean...

Nire egoeraren eta hemen gertatu zaizkidanen berri emateko asmoz...

Duela urtebete pasatxo izango zunan...

Gaua dun. Bero hezea egiten din...

Iragan ez hain urrun haren ordezko mozorrotua...

Ospitalearen zuritasuna hilerrien belztasunaren aurrekari begitantzen zaidan...

Ospitale honetan ezagutu ditinat borondatezko bezeroak...

Sudurreko operazio hari itzuri egin eta urtebetera...

Gauetik egunera, kartzelan sartu-eta...

Amak ezkaratzera lagundu gintinan...

Haurtzaroko hausnarketak eten zizkidanan ateko zaratak...

Beti iruditu zaidan susmagarri mediku eta erizainen adeitasuna...

Xabier ezagutu nuen egun hartan gelara iristean...

Operazio osteko krisialdia gaindituta...

Galderak egiten zizkidanan Xabierrek...

Bederatzi urte izango nitinan...

Noizean behin izaten genitinan hizketaldi gatazkatsu horietako bat...

Ezkerreko hanka hautsi eta makuludun nintzenez geroztik...

Xabierrek ere ez zinan sinesten, noski...

Hona iritsitakoan, asmatutako nire jaiotzari buruzko kontakizunak...

Larrialdi gelatik atera eta gela berri batera eraman ninditenan...

Elbarri gelditu naizenez geroztik...

Christophek nire aldartea alaitzeko...

Itxi dinat kaiera...

Elbarritu ostean aldatu ninduten gela honek...

Ohean etzanda eskuin eskuko erdiko hatzari begira...

Ohiko Diazepam eta Myolastan gaindosiak eragindako loalditik...

Elbarritu nintzenez geroztik Fred eta Veronique batera...

Hodeiertzari begira egoten naun...

Etsaiek nolako etorkizuna apailatu diguten bazakinat...

Arratsaldeko seietan atea ixten didatenean...

Istripu Handia baino lehen...

 

 

Xabierrek eta biok elkar ezagutu genuen egun hartan, OLTak, ohiko gela garbiketa-lanak bukatuta alde egin zinan.

        — Au revoir —esan zidan alai Veroniquek.

        Presozaina beste nonbait ibiliko zen une hartan, nire gelako atea irekita gelditu baitzen. Niri zegozkidan segurtasun arauek agintzen zuten nire ateak beti itxita egon behar zuela, preso arruntenak ez bezala.

        Ohean etzanda nengoen. Hasieran, liburua alde batera utziz, presozaina noiz agertuko ateari begira geratu nintzen harrituta. Zorua lehortu-eta ez zetorrela ikusirik jaiki egin nintzen. Betaurrekoak ipini nituen, txankletak jantzi nituen, xukadera hartu nuen. Sudurra atera nuen aurrena, esateko modua da, ate zirrikitutik. Periskopioa hurrena, hau ere esateko modua da. Ez zegoen azal zuririk pasabidean, ez eta azal beltzik, ez azal marroidunik. Giltzarien arrastorik ez, alegia.

        Dutxarako itxurak egin nituen pasabidean aurrera ausarki eginez. Eguzkiak pop-arteko diseinuak marrazten zituen lainoen eta leihoetako erlauntz egituren laguntzaz zoru berdean. Askatasun antzekoa gozatzen nindoan, poliki-poliki, korridorean barrena. Inoren baimenik gabe, inork irudikatu ezin ninduen lekuetatik nenbilen. Atxilotu nindutenez geroztik lehen aldiz haien zaintza estutik kanpo. Sabelean zirrara, edozein unetan «nora zoaz!» zakar bat entzuteko prest nindoan aurrera.

        «Dutxara...» erantzungo nion, sekula gaiztakeriarik egin ez duenaren irribarre xaloa eskainiz eta xukadera eta txankletak seinalatuz.

        Kartzelazainaren oihuaren ordez korridorearen erdian zur eta lur utzi ninduen kantu bat entzun nuen. 251. gelaren barnetik zetorren euskal kantu bat zen. Ahots apal eta sentikor batek Txori erresiñula kantatzen ziharduen. Agure baten ahotsa zen. Erdi irekita zegoen pareko atea bultzatu behar nuen derrigor. Atea irekitzen ari nintzela irudikatu nuen barruan aurkituko nuena. Ohe gainean eserita, hankak dilindan, buruan txapela, agure bat zegoen. Irribarre goxo, begi urtsu, lepoko azal zimelak kantuaren erritmoan dardaran. Begiradarekin gonbidatu ninduen, bere alboan eser nendin. Kontu handiz eseri nintzen, malgukien zaratak une magikoa etengo zuen beldur banintz bezala. Abestia bukatutakoan malko bat xukatu zuen.

        Hortxe geunden biok, isilik, erridauek babestuta, erdi ilunpetan. Noizean behin pasabidean bata zuridun bat igarotzen zen, gela barrura begiratu gabe. Lasai nengoen, geunden, urdinik agertzen ez zen artean.

        — Euskalduna zara? —galdegin nion nire ohiko trebezia eskasarekin.

        — Zer izango nauk ba!, errusiarra?

        — Zer egiten duzu hemen?

        — Sendatu ez behintzat.

        Beti izan dut zailtasuna euskaldun petoen arteko bat-bateko elkarrizketa txukun bat mantentzeko. Xabierri egin nion lehen galdera egindakoan bezalatsu sentitzen naiz beti, baldres. Esaldi egokiak berreskuratzen saiatu arren ez dut lortzen lehenean galdera-erantzun zuzenak pausatzea. Gero bai. Adibidez:

        — Ez zaude horretarako leku aproposean, gero!

        Egunkari batetik moztutako argazki horiztatu bat zeukan eskuartean agureak.

        — Xabier nauk.

        — Mikel.

        Argazkian lubaki bat ageri zen, bi gudari metrailadore batekin. Batek metrailadorea eskuetan, besteak balak zerbitzatzen zizkion.

        — Ni nauk —metrailadorearen jabea seinalatuz.

        Ni isilik, badaezpada ere.

        — Bestea Teodoro.

        Ni beti isil, ukalondoa ez sartzeko.

        — Hil zuan. Ni ez. Ni ez. Ni ez.

        Pijama galtza jaitsi zuen eta izterrean zuen orbaina erakutsi zidan.

        — Altxa bizkarraldea —agindu zidan gero.

        Azal gurian beste bi orbain zituen.

        — Zortea izan nian. Ebakuatu ninditean. Larri, baina bizirik. Zer gehiago behar du gizonak.

        «Zer gehiago behar du gizonak», pentsatu nuen. «Zer gehiago behar du pertsonak» zuzendu nuen, nire baitarako badaezpada ere, gerora Xabier nolakoa zen ezagututa zuzenketa onartuko zidakeelakoan nagoen arren.

        — Ospitale batetik bestera. Hanka galdu ez nuenerako gaitz erdi. Birikak ere juxtu libratu nitian. Galeno onak egokitu zitzaizkidala. Gabatxoak, baina onak. Gero, gaixoaren bizimodua ez dela ona. Hori ere bai. Gutxiago bakartasunean. Okerrago norberak nor den ere ez dakienean. Esan al diat? Xabier nauk. Hik ez al didak hire grazia eman behar?

        — Mikel naiz... —berriz aurkeztu nion nire burua.

        — Hori duk txarrena, begiak irekitzea eta dena lainotuta —eten zidan—. Kolpe txar bat hartu nuela esan zidatean. Hemen, begira. Arranopola.

        Txapela kendu zuen, ile fin-fin zuri bakanen artean, sakonune bat zuen, norbaitek hatz batekin indar handiegiz sakatu izan balio bezala.

        — Ez niean piperrik ere ulertzen. Amorratu egiten ninduan. Eta haiek ere berdin. Jartzen zidatean papera eta arkatza. Idazteko. Idazten niean. Ez zutela ulertzen. «Medikuak, bai, baina ezjakinak», neure artean. Eta haiek, begira ez nengoela uste zutenean, hatza lokira eramanda, keinuka adierazten ziotean elkarri burutik eginda nengoela. «Euskalduna naiz! Euskalduna naiz! Jende nazkantea!» esaten niean, oihuka. Alferrik.

        Hasperen egin eta jarraitu zuen:

        — Erizain pertxenta baten kuidadoan utzi ninditean. Zopa ahora ematen zidala, castellano, castellano, esaten zidaan. Nik ezetz, kastellanoz ere ez niola ulertuko, alferrik zuela bere irribarre goxoarekin. Nigandik zerbait aterako bazuen ez zela ahotik izango.

        Tarte bat utzi zuen. Argi ibili nintzen orduan ere eta ez nuen ahorik ireki.

        Egun batzuk geroago, geure arteko laguntasuna sendotu zenean, horrela esaten zidan beti Xabierrek:

        — Hi azkarra haiz, Mikel, badakik noiz ez duan ahorik ireki behar! Nahi duena esaten duenak, nahi ez duena entzuten du!

        Kontakizunarekin jarraitu zuen ahots apalez:

        Nigandik zerbait ateratzekotan ez da ahotik izango. Hori Teodororen esana zuan. Honoko hau ere: gerran emakume oro lubaki. Eta orduan, bizar-guri halakoa ni, halakoak botatzen zituenean Teodoro barrabas horri gaitzitzen nintzaioan. Emakumea errespetuz ibili beharrekoa dela. Ama bezala errespetatu behar dela. Ez dela edonola ibili behar. Baina Teodoro ezagutu egin behar zuan. Ume handi bat. Aho handia. Niretzat, emakumea zer den ezagutu gabe joan zela hura beste mundura. Auskalo nori entzungo zion gerran emakume oro lubaki hura eta beste aho kontu hura. Helduago ikusiko zian bere burua modu horretan mintzatuz. Bizar-guria bera ere. Zer izango zituen, hogei urte? Ni baino zaharrago hala ere. Ez duk hiltzeko adina, hain gazte. Eta orain, nire adinean, eta ezin hil. Gorputzak eusten diola, buruak eusten ez dion lekuan.

        Txapela kendu gabe buruari hazka egin eta jarraitu zuen.

        — Emakume haren usainak ateratzen nindian nire onetik. Lur hezearen lurrina. Gustura hartuko nikean lubaki horren babesa. Gerra bukatua zuan, ordea. Pixka baterako bederen. Nirea bederen.

        Ez nuen ahorik ireki orduan ere.

        — Teodorok, behar ez zuenean atera zian burua, beti bezala. Hantxe balazoa. Posizioa ezin eutsizkoa zen arren, komandanteak atzera egiteko agindu arte kieto. Gero, ahal bezala. Ez nian Teodoro bertan utziko. Lepoan hartu eta ehun metro ere ez genitian egingo. Ziplo lurrera biok. Ni Teodororen azpira. Hark salbatu nindian. Heriotzaren ostean ere lagun. Nik hiru hartu banituen, hark beste hirutan hiltzeko adina. Arrantxoa ere berdin banatzen zian alproja hark, nik bat eta hark hiru. Handiagoa ere bazuan. Gosea berdintzeko behar zuela esaten zidaan, irribarre gaizto harekin. Barkatu egiten nioan. Noizbait bizia salbatuko zidala jakin izan banu bezala. Astuna zegoan. Ehun metro ere, ez nian garraiatu erori aurretik. Baina tiro parrastak harrapatu ez bagintu ere ez diat uste metro erdi bat harantzago joateko gai izango nintzenik. Ziplo. Biak lokatzetan. Hura hilda eta ni hil hurren. Gandu gorria egin zitzaidaan begietan. Esnatu arte zulo beltza. Eta esnatutakoan laino zuria. Ez zakiat inor arduratu ote zen hari lurrean atseden ematen.

        Isildu zen, arnas mehe bat hartu zuen, birikek txistu egiten zioten.

        — Hi igual, ETAkoekin ibiliko haiz, ezta?

        Erantzuteko astirik ez zidan utzi. Erantzuna nola eman pentsatzeko ere ez.

        — Hoa, gazte. Bestela zakurrek harrapatuko haute. Hator berriro ere. Baina kontu egin ezak bidean, hator lubakiz lubaki.

        — Adio, Xabier, etorriko naiz bai hurrena. Ongi izan.

        Kantuan hasi zen, apal hasieran, gero eta ozenago, oihuka nire gelan babestu nintzenerako.

                Eusko gudariak gera

                Euskadi askatzeko,

                gerturik daukagu odola

                bere aldez emateko.

                Irrintzi bat entzun da

                goiko tontorrean,

                goazen gudari danok

                ikurriñan atzean.