Ospitalekoak
Ospitalekoak
2010, nobela
240 orrialde
978-84-92468-18-8
azala: Lander Garro
Mikel Antza
1961, Donostia
 
2015, poesia
2012, nobela
1987, ipuinak
1985, antzerkia
1985, ipuinak
Ospitalekoak
2010, nobela
240 orrialde
978-84-92468-18-8
aurkibidea

Aurkibidea

Badakin?, ospitale honetara etorri nintzenean...

Ez zaidan iruditzen ospitaleekiko dudan arbuio jarrerak...

Beldurra, eragile handi, esan ohi zidanan Xabierrek...

Ez zaidan iruditzen, duela ia hiru urte kartzelan sartu gintuztenean...

Nire egoeraren eta hemen gertatu zaizkidanen berri emateko asmoz...

Duela urtebete pasatxo izango zunan...

Gaua dun. Bero hezea egiten din...

Ospitalearen zuritasuna hilerrien belztasunaren aurrekari begitantzen zaidan...

Ospitale honetan ezagutu ditinat borondatezko bezeroak...

Sudurreko operazio hari itzuri egin eta urtebetera...

Gauetik egunera, kartzelan sartu-eta...

Amak ezkaratzera lagundu gintinan...

Haurtzaroko hausnarketak eten zizkidanan ateko zaratak...

Beti iruditu zaidan susmagarri mediku eta erizainen adeitasuna...

Xabierrek eta biok elkar ezagutu genuen egun hartan...

Xabier ezagutu nuen egun hartan gelara iristean...

Operazio osteko krisialdia gaindituta...

Galderak egiten zizkidanan Xabierrek...

Bederatzi urte izango nitinan...

Noizean behin izaten genitinan hizketaldi gatazkatsu horietako bat...

Ezkerreko hanka hautsi eta makuludun nintzenez geroztik...

Xabierrek ere ez zinan sinesten, noski...

Hona iritsitakoan, asmatutako nire jaiotzari buruzko kontakizunak...

Larrialdi gelatik atera eta gela berri batera eraman ninditenan...

Elbarri gelditu naizenez geroztik...

Christophek nire aldartea alaitzeko...

Itxi dinat kaiera...

Elbarritu ostean aldatu ninduten gela honek...

Ohean etzanda eskuin eskuko erdiko hatzari begira...

Ohiko Diazepam eta Myolastan gaindosiak eragindako loalditik...

Elbarritu nintzenez geroztik Fred eta Veronique batera...

Hodeiertzari begira egoten naun...

Etsaiek nolako etorkizuna apailatu diguten bazakinat...

Arratsaldeko seietan atea ixten didatenean...

Istripu Handia baino lehen...

Erosi: 17,57
Ebook: 3,63

Aurkibidea

Badakin?, ospitale honetara etorri nintzenean...

Ez zaidan iruditzen ospitaleekiko dudan arbuio jarrerak...

Beldurra, eragile handi, esan ohi zidanan Xabierrek...

Ez zaidan iruditzen, duela ia hiru urte kartzelan sartu gintuztenean...

Nire egoeraren eta hemen gertatu zaizkidanen berri emateko asmoz...

Duela urtebete pasatxo izango zunan...

Gaua dun. Bero hezea egiten din...

Ospitalearen zuritasuna hilerrien belztasunaren aurrekari begitantzen zaidan...

Ospitale honetan ezagutu ditinat borondatezko bezeroak...

Sudurreko operazio hari itzuri egin eta urtebetera...

Gauetik egunera, kartzelan sartu-eta...

Amak ezkaratzera lagundu gintinan...

Haurtzaroko hausnarketak eten zizkidanan ateko zaratak...

Beti iruditu zaidan susmagarri mediku eta erizainen adeitasuna...

Xabierrek eta biok elkar ezagutu genuen egun hartan...

Xabier ezagutu nuen egun hartan gelara iristean...

Operazio osteko krisialdia gaindituta...

Galderak egiten zizkidanan Xabierrek...

Bederatzi urte izango nitinan...

Noizean behin izaten genitinan hizketaldi gatazkatsu horietako bat...

Ezkerreko hanka hautsi eta makuludun nintzenez geroztik...

Xabierrek ere ez zinan sinesten, noski...

Hona iritsitakoan, asmatutako nire jaiotzari buruzko kontakizunak...

Larrialdi gelatik atera eta gela berri batera eraman ninditenan...

Elbarri gelditu naizenez geroztik...

Christophek nire aldartea alaitzeko...

Itxi dinat kaiera...

Elbarritu ostean aldatu ninduten gela honek...

Ohean etzanda eskuin eskuko erdiko hatzari begira...

Ohiko Diazepam eta Myolastan gaindosiak eragindako loalditik...

Elbarritu nintzenez geroztik Fred eta Veronique batera...

Hodeiertzari begira egoten naun...

Etsaiek nolako etorkizuna apailatu diguten bazakinat...

Arratsaldeko seietan atea ixten didatenean...

Istripu Handia baino lehen...

 

 

Iragan ez hain urrun haren ordezko mozorrotua baino ez dun gaur egunean indarrean dagoen kartzela-sistema. Orain kartzelak espanturik gabe betetzen ditin hilkutxak. Nahi gabe bezala. Ezinbestekoa den propaganda doi-doiarekin.

        Ospitalerako bidean goazela, kartzela-irteera ingurura iristean, berriro ere metalak detektatzen dituen segurtasun ataka batetik igaro behar da. Ondoren, berriro ere itxaronziega batean sartzen gaituzte. Itxaronziega luzeak dira, sabai altukoak; burdin barraz eta sarez itxitako leihoa goialdean, hiruzpalau metrotara; hormaren alde banatan eta alderik alde eserleku luzea, zikina. Zorua ere ugerra dago, hamarkadatako karkaxa idortuek, orban identifikatu ezinek, garbitu ezin den zarakar lodia osatua dute izkinetan.

        Atea itxi ahala, itxaronziega horretan sartutako kabalak norako diren idazten du giltzariak kanpoaldean eskegitako arbeltxoan. Gurean HP (Hôpital Pénitentiaire, alegia) jarriko zuen.

        Sarrerako itxaronziega guztiak dira antzekoak. Hormak estaltzen dituzten graffitiak dituzte bereizgarri bakar. Graffitiak irakurtzeko ohitura dut. Denbora pasa, eta burkideren baten berri izateko esperantza izaten dudalako ere. Preso arrunten sineskeria da norberak bere izena horman idatziz gero berriro ere itzuliko dela kartzelara. Horregatik haiek egindako idazkun gehienak salatarien berri emateko, presozainak, epaileak eta poliziak laidotzeko eta beren jatorria aldarrikatzeko izaten dira. Frantziako departamentuaren zenbakia izan ohi da beren nortasuna azpimarratzeko zeinua (93, 94, 78...), beste batzuek beren herria (Kolonbia, Brasil, Kosovo, Turkia...) edo gure antolakundea erabiltzen dugun bezala (ETA, FLNC, PKK, Tamil Eelam...). Aizkora eta sugeari esker erakundeko kideen mezuak aise identifikatzen dira: datak, orduak, izenak. Ez gara nonbait berriro ere horma zikin hauen artera ekarriko gaituzten beldur; aitzitik, gure patua izango da gure herria askatzea lortzen ez dugun artean.

        Beti aldean neraman boligrafoarekin horman idazteko ohitura nuen nik ere, izena, eguna, nora ninderamaten, nondik nindekarten. Naufragoaren mezua itsasora. «Kideren batek egunen batean irakurriko du, eta ez da hain bakarrik sentituko», pentsatzen nuen idaztean. Edota «nik irakurriko dut, eta idazkunaren higatzean denboraren zimurrak neurtuko ditut».

        Egun hartan hogeitik gora pertsona geunden pilatuta, hogeita lau zehazki (bakartuta izan ninduten garaitik itxaronziega eta etxarteetan biltzen ginen jendea zenbatzeko ohitura hartu bainuen). Mukuru zegoen itxaronziega, beraz.

        Ordu laurden pasa zen. Isilik gehienak. Elkarrizketan bizpahiru.

        Ordu erdi pasatu zen. Albokoak zein gaixotasun ote kezkatzen hasteko aski denbora. Ospitalera bidean gindoazenez denok izango genuen-eta gaixo itxura hurkoarentzat.

        Izkina batean burumakur zegoen hark zerbait larria behar zuen izan nire irudiko, horixka hautematen bainuen berez beltza zuen azala. Eztulka hasi zen beste bat, guztion kezka biderkatuz. Arnasteak berak ere beldur ematen du halako lekuetan.

        Interdit Fumer jartzen du itxaronziegetako hormako idazkunak, frantsesa ulertzen ez dutenentzat pintatutako nazioarteko zeinuaren azpian. Itxaronziegetan ordea, isunei eta gaixotasunei beldurrik gabe, zigarretak ezpainetik ezpainera ibiltzen dira. Jende txiroa da gehiena, ez dute izaten tabakoa erosteko adina. Horregatik biriketako antsia asetzeko horrelako jendarteak baliatu behar dituzte, berdin adiskidearenetik zein ezezagunarenetik tiratzeko, zigarreta zigarrokin bihurtu aurreko azken xurgaden eskeko.

        Ausartak dira. Ni ez.

        Ur botila poltsatik atera eta tragoxka kendu nionean, gaitz kutsakorra izateko itxura zuen gizaseme bat hurbildu zitzaidan, berari ere emateko eskatzera. Hiruzpalau eguneko bizarra zuen, ezpain zartatuak, listu lehorra aho ertzetan, begirada itzalia. Jantzi zarpailen artetik, kartzelak behartsuei doan ematen dizkien oinetako marroi argiak ziren garbi itxura zuten bakarrak.

        Ez zuela botilaren ahorik ukituko gaztigatu zidan nire kezka asmatuz. Egarri denari edaten eman. Omen. Gezurra esan nion:

        — Gaixotasun kutsakorra dut.

        — Berdin zait.

        Suizidaz beterik dago mundua. Edo gezurti txarra naiz. Hala ere, gezurrean tematu nintzen, bere hobe beharrez ari nintzela konbentzitu nahian.

        Edaten eman egarri denari, bai. Igarriko zidaten denek gezurretan ari nintzela. Baina ez zidan inork kargu hartu, ez zen inor haren alde jarri, ez zidan inork jokabidea gaitzetsi. Pilulez bekainetaraino galkatua zegoen gizagaixoa besterik ez zena iraindu eta pikutara bidali ez nuelako («clochard zikina!, cachetoné purtzila!») aratzegia nintzela iritziko zionik ere egongo zen agian.

        Bat-batean ireki zuen atea giltzariak, egarritua nigandik uxatuz.

        — Les gars! Arrêtez de fumer! —zaunka egin zigun.

        Erretzaileek eskola-haurren moduan zigarretak ezkutatzen ziharduten bitartean, kexatu egin zitzaizkion beste batzuk, denbora luze zihoala-eta. Tropela lasaitze aldera, laineza hartzen duten haurrei hitz egiten zaien doinuarekin, bi minuturen buruan abiatuko ginela esan zigun presozainak.

        Sinetsiko zioten agian kartzelara iritsi berriek, alegia kartzelara sartu orduko egin ohi duten biriketako erradiografia egitera zeramatzatenek. Bi minutu. Zailduok badakigu kartzelan bi minutu esamolde bat besterik ez dela, ordu erdi gehiago pasa daitekeela, aise, inor etorri aurretik.

        Ordu laurden baten buruan, giltzariak hurrena atea ireki zuenean, itxaronziega kirastuan pilatuta geundenok ospitalean hitzordua genuen berak ginela berresteko zerrenda zekarren.

        Batzuetan kabalak baikinen zenbatzen gaituzte, behin eta berriz, atal batetik ateratzerakoan eta eremu berri batera sartzerakoan. Ordukoan, gure izena entzutean, eskua altxa eta gure kartzela-zenbakia ozen esateko agindu zigun presozainak. Ondoan nuen agureak, purrustaka, etengabeko zenbaki eskatze eta agiri erakuste gabe, nazien garaian bezala zenbakia besaurreko azalean irarria eramatea ez ote zen praktikoagoa izango murmurikatu zuen, presozainak ez entzuteko kontu eginez, zer gerta ere.

        Eskatu ahala txintxo-txintxo eman zuten denek beren preso-zenbakia. Nigana iristean aldiz, kartzela-zenbakia ordez ziegakoa eman niezaiola eskatu zidan, denon harridurarako.

        Esan nion ziega-zenbakia eta baita prisonnier politique basque gehitu ere.

        Irri egin zuen. Ez zela beharrezkoa, esan gabe ere asmatua zuela euskal preso politikoa nintzela.

        «Bai zera asmatu», pentsatu nuen, ohartaraziko zioten, edota zerrendan, nire izenaren ondoan, oharren bat idatzita izango zuen, DPS zioena, Détenu Particulièrement Signalé, Bereziki Zaindu beharreko Presoa, alegia, edota, besterik gabe, basque.

        Espantuz begiratu ninduten itxarokide batzuek. Gaixotasun bereziren bat nuela pentsatuko ote zuten?

        Nik nire grazia eman nuen bezalatsu beste denak nor bere gaixotasuna ozen aldarrikatzen irudikatu nituen:

        — Euskal preso politikoa!

        — Tuberkulosia!

        — Hiesa!

        — Minbizia!

        — Bizkarreko mina!

        Eta medikuek senda ez zezaketen nire minen diagnostiko azkar bat egin ninan, kalearen eta nire artean eta ni eta hire artean zeuden ate eta hesiak banan-banan buruz zenbatzen nitinan bitartean.

        Abiatu baino pixka bat lehenago ekarri zuten gurpil-aulkiduna. Sartu ahala isildu ziren hiztunak. Uhalekin aulkira lotua zeraman ezkerreko hanka. Lepoko bati esker zuen burua zut.

        Batek ezagutu eta hurbildu egin zitzaion. Aulkikoa isilik. Ezagunak, atea itxita zegoen arren, edo horrexegatik agian, errieta egin zien presozainei.

        — Zuek utzi duzue nire laguna horrela! Zuek zarete arduradunak!

        Aulkiari lotutakoari mintzatu zitzaion ondoren, besteok entzuteko moduan.

        — Arranopola! Hi hintzen gizon puska eta begira nola utzi hauten! Gogoratzen al haiz gimnasioaz? Saio ederrak egindakoak gaituk, gero! Jarri al duk salaketa?

        Jartzeko asmoa zuela. Bai, arrazoia emango lioketela. Baina segur aski ere askatasuna emango ziotela, salaketa ez jartzearen truke.

        Mutu geunden denok, adi. Errukia eta amorrua sentitu nituen. Beldur pixka bat ere bai. Ez bainekien zer gertatu zitzaion. Nolako jipoia eman ote zioten horrela uzteko? Zer gertatu zen zehatz jakin gabe ere bolo-bolo zabalduko zen zurrumurrua kartzelako korridoreetan, ziegaz ziega, matoiek preso bat elbarri utzi zutela emandako jipoiaren ondorioz.

        Inork galderarik egiteko ausardia aski bildu baino lehen ireki zen atea berriro eta abiatu ginen, lerro-lerro, kartzela-ospitalera eramango gintuen furgoitxorantz.

        Furgoian hamabirentzako lekua zegoen arren, estu-estu gindoazen errail berezien bidez ibilgailura igo zuten gurpil-aulkikoak bizpahiruren lekua hartu zuelako.

        Kartzelatuak espazio itxietan biltzen diren bakoitzean nagusitzen den usaina hedatu zen segituan, giza usain sarkorra, binaka edo hirunaka eguneko 20 ordu ziega barruan igarotzen dutenen eta bi egunean behin baino dutxatu ezin daitezkeenen usain mina. Ar usain erregosia, guri zegokigunez.

        Abiatu ginen bada ar kirasdun furgoian, atera ginen kartzelatik, polizi autoa aurrean eta polizi autoa atzean zaindari. 200 metro besterik ez dira, bi minutu exkaxeko kontua, ateak ireki eta itxi, atera, bidea egin, berriro ateak ireki eta itxi eta barrura: askatasuna ikusi, arnastu, jende arrunta kalean, batetik bestera, sakelako telefonoetatik hizketan, bidera atera aurretik albo bietara begiratzeko aginduz haurrei. Guretzat jada ez den mundua.

        Hain hurbil. Kartzelatu berritan, isolamenduko modulutik erizaindegira iristeko besterik ez, hamahiru ate zenbatu nituen. Furgoitik ateratzeko, aldiz, furgoiaren kaiolako atea eta furgoiarena berarena besterik ez nituzke gainditu beharko.

        Hain urrun. Ate biak gaindituta ere.

        Itxi ziren sarrerako ate bikoitzak, bageunden kartzela-ospitalean. Banan-banan jaitsarazi gintuzten furgoitik, ospitaleko harrera-lekuko leihatilako presozainari agiria erakutsi ondoren, beste presozain baten atzetik ospitaleko pasabideetan barrena itxarongela bateraino eramateko.

        Eguneko hirugarren itxaron lekua. Guztira bi ordu ziegatik atera eta ospitaleko itxarongelaraino iristeko.

        Txukunagoak dira Ospitaleko itxarongelak. Leihoetatik auzoko eraikinak ikusten dira, eta eguna eguzkitsua bada, ziegan ez bezala, eguzkia sarearen oztopo gabe sartzen da barrura.

        Leihotik hurbil eseri nintzen. Belaunen gainean zabaldu nuen liburua argitu zidan eguzkiak: «Errepidea». Ez nintzen liburuan kontzentratzeko gai. Hizketan ari ziren Aulkira-iltzatua eta bere kidea. Sarrera-atetik hurbil geratu zirenez, ez nezakeen aditu zertaz ziharduten. Aulkira-iltzatua bere kide aurkitu berriari gertatuak kontatzen ariko zitzaion. Jipoi galanta emango zioten giltzariek gizona horrela uzteko, bai!, nioen nirekiko.

        Iritsi zitzaidan noizbait otorrinoarenerako txanda. Metalezko tresna batzuen bidez arnasbideak zabaldu ondoren, sudur-zuloak ispilutxo batekin ondo behatu zizkidan gizonak. Tarteka arnas egiteko agintzen zidan. Sudur-hezurra zuzentzeko operazioa egin ala ez, hori zen erabaki beharrekoa. Mediku jaunak zioen ez zela ezinbesteko operazioa, beste ezer baino estetika kontua zela, eginez gero hobeto arnastuko nukeela, dudarik gabe, nahiz eta ez lidakeen gaueko loa eragozten zidan apnea arinduko.

        Ospitaleak maite ez baditut, zer esan operazioez? Ahotsean kezka nabarmen nuela galdetu nion ea nolako operazioa izango zen.

        Umoretsu erantzun zidan:

        — Bada operazio horren ondorioz bizia galtzen ez duenik!

        Eta ozen barre egin zuen medikuak bere ateraldiaren apaingarri:

        — Ah!, ah!, ah!

        — Ah, ah, ah... —egin zuen kontsultan gurekin zegoen erizainak ere.

        Eta nik, bestela ezin:

        — Ha, ha, ha... —egin nuen, urduri.

        Begietan kezka ikusiko zidan edota bere txantxa ondo ulertu ez nuela irudituko zitzaion, segituan saiatu baitzen ni lasaitzen: bezperan, goizez operatu zuela gazte bat, eta arratsalderako etxean zegoela, operazio erraz-erraza zela, lasai egoteko alde horretatik. Eta berriro ere egin zuen barre:

        — Ah!, ah!, ah!

        «Tira, horrela izatekotan, ez dagoke gaizki», pentsatu nuen bere barreari jaramon egin gabe.

        — Baina zure kasuan —eten zidan pentsamendua, medikuek hain ongi ikasia duten belusezko doinu lasaigarriz mintzatuz—, konplikazioren bat gertatuz gero kartzelatik hona larrialdian ekartzea erraza ez denez, ospitalean bertan egin beharko zenuke astebete.

        «Hara! Beraz konplikaziorik gerta daiteke», pentsatu nuen belusezko doinuaren xarmaren segadan erori gabe.

        Otorrinoa aitzurrean aritua zen ordea, eta nire kezkaren erroak luzatzen utzi gabe, argibide lasaigarriak eman zizkidan jarraian:

        — Irekidura bat egingo dizugu sudur azpian.

        Bere bisturiak nire azala non urratuko zuen erakutsi zidan azkazal puntarekin.

        — Hor ez dago ez nerbio ez puntu arriskutsurik —jarraitu zuen—. Egin beharrekoa egin eta berriro josiko dugu.

        Azalpenak amaitutakoan, azkazala sudur azpitik kendu zuenerako asmatua nuen erretzailea zela.

        — Gero astebete pasa beharko duzu kotoia sudurrean daukazula. Hori da dena. Eragozpen handiena? Astebetez ezingo dituzula mukiak kendu! Hara! Ah!, ah!, ah!

        Erraza zirudien, bai, bere azalpenek konbentzitu ninduten. Baina adostasuna emateko zorian nengoenean harritu ninduen, lasai hausnartzeko aholkua eman baitzidan. Hartzeko denbora, hamabost egun barru berriro ere deituko ninduela eta orduan emango niola azken erantzuna.

        — Ados, pentsatuko dut —esan nion gogaituta, zer hausnartu asko ez zegoela iruditu baitzitzaidan—. Galdetuko diot emazteari ere, ea zer irizten dion —gehitu nuen txantxetan, adarra jotzen.

        — Ah, ah, ah, emakumeek erabakitzen dute beti, e? —barre egin zuen medikuak, gizonki, begia kliskatzen zidan artean.

        — Ah, ah, ah —barre behartua egin zuen erizainak ere.

        Nik ez nuen barrerik egin aldi hartan:

        — Soilik zer iritzi duen galdetuko diot; erabakia nik hartuko dut —erantzun nion zakar, medikuaz gain matxista nazkagarria izango zela iritziz.

        Kontsulta bukatutzat eman, hurrengo hitzordua finkatu eta itxarongelara itzuli nintzen. Gutako bakoitzari zegokion espezialista ikusi arte zain egon behar genuen. Ordurako medikuarekin egonak zirenetako batzuk hiztunago zeuden, beste batzuk goibelago, medikuaren pronostikoaren arabera, pentsatu nuen.

        Ireki nuen berriro «Errepidea», baina ez nuen lerro bakar bat irakurtzea lortu. Boligrafoa atera eta burutazio batzuk idatzi nituen liburuaren aurkezpen orrialdean. Leihotik begiratu nuen, sagarra jan nuen, ura edan nuen, eta sudur operazioa egin ez egin gogoeta egin nuen: aspaldian egin beharreko operazioa nuen, haurra nintzela medikuak egin beharrekoa zela aholkatu baitzion amari; gainera, gaueko apneak zertxobait arintzeaz gain zurrungen kontua ere hobetuko zidan, zurrungekin azkenaldian ohekiderik ernegatzen ez nuen arren...

        Arnasketa froga batzuk egin nituen disimuluan, hatz batez sudur-zulo bat itxi eta bestetik arnastuz txandaka. Eskuinekotik ez zitzaidan ia airerik sartzen. Ez nuen inorekin kontsultatu beharrik, argi zegoen operazioak on egingo zidala, egin egingo nuela esango nion hamabost egunen buruan deitzen zidanean.

        Aulkira-iltzatua izan zen medikuarenetik pasatzen azkena.

        — Zer moduz hago? —galdetu zion lagunak.

        Nahiko patetikoak eta faltsuak iruditu zitzaizkidan lagunaren erruki agerpenei ihes egiteko-edo, entzungor egin eta egoera tamalgarri horretan utzi zuteneko gertakari posibleak irudikatzen hasi nintzen. Bururatu zitzaizkidan aukeren artean hau zen gehien atsegin nuena: ERISek (protestaldien aurkako presozain talde berezietakoak) emandako kolpeen ondorioz utzi zutela elbarri. Ez zen harritzekoa izango, Txerrixen jantziak ez du gorputz atal bakar bat bera ere babes gabe uzten, zinez beldurgarriak dira, gimnasioan orduak ematen dituzten presozain bolondresek osatutako taldea da, eta mozorropean aritzen diren gorputz errepresibo guztiek bezala beren herra eskuzabal eskaintzen dute.

        Bukatu ziren noizbait kontsultak. Tropelean jaitsarazi gintuzten. Aulkira-iltzatua, burua dingili-dangala, igogailuraino eraman zuten artean, besteok, gure zangoez baliatzeaz zoriontsu, eskaileretan behera abiatu ginen.

        Behe solairuko beste itxaronziega batean itxi gintuzten berriro. Ospitaleko kanpoko atea ikusten genuenez bertatik, kartzelara eramango gintuen furgoiaren etorrera zelatatzen zuten bitartean kezkati zeuden presoak:

        — Iritsiko ote gara bazka-nazka banatu aurretik ala gaur ere hotz jan beharko dugu?

        Nik ere atea zelatatu nahi nuen eta oharkabean Aulkira-iltzatuaren aurrean jarri nintzen, hari ikusmira oztopatuz.

        Zakar agindu zidan paretik kentzeko, ez niola sarrera-atea ikusten uzten, arraioa.

        Denak isildu ziren, guri begira. Batez ere niri begira, nola erreakzionatuko nuen aiduru.

        Barkatzeko eskatu eta baztertu egin nintzen.

        Erabili zuen zakartasuna bere egoerak eragindakoa zela iritzita, giroa samurtzeko asmoz mintzatu nintzaion:

        — Zer daukazu, paralizatua zaude?

        Ez zidan kargu hartu, zorionez. Hitz egiteko ere ez zebilen aise, sudurrak itxita zituen eta lodi balu bezala zerabilen mihia aho zuloan.

        — Edzkerreko handka edz dut badtedre dsendtidtzen, edta ldepodko hau gadbe budua budlar gaindera edrordtzen dzait.

        — Zer gertatu zaizu?

        — Dtondtakedria bat! Ardnas hardtzeko adradzoak nidtuen. Dudur-hedzudrreko gadrrandtzi gadbeko opedradzioa edgin dzidadten. Anedstedsiadrekin kadle egind dzuten, edta hondela udtzi naudte, medidku dsadsikudmeek!

        Hamabost egun geroagoko otorrinoaren kontsultara joateari uko egin nion, noski. Sudur-hezurra lehen bezain okerra dut, lehen bezain aire gutxi sartzen zait eskuin aldeko sudur-zulotik, gauetan inork esaten ez didan arren inor ernegatzen ez duen zurrunga egiten jarraitzen dudala uste dut eta apnea ez zait konpondu.

        Ez nuen sudur-operazio erraz-erraz batek elbarritu eta betirako gurpil-aulkira lotuta gelditzeko arriskurik hartu. Etorkizunak bazuen niretzat beste gurpil-aulki bat prest.