Ospitalekoak
Ospitalekoak
2010, nobela
240 orrialde
978-84-92468-18-8
azala: Lander Garro
Mikel Antza
1961, Donostia
 
2015, poesia
2012, nobela
1987, ipuinak
1985, antzerkia
1985, ipuinak
Ospitalekoak
2010, nobela
240 orrialde
978-84-92468-18-8
aurkibidea

Aurkibidea

Badakin?, ospitale honetara etorri nintzenean...

Ez zaidan iruditzen ospitaleekiko dudan arbuio jarrerak...

Beldurra, eragile handi, esan ohi zidanan Xabierrek...

Ez zaidan iruditzen, duela ia hiru urte kartzelan sartu gintuztenean...

Nire egoeraren eta hemen gertatu zaizkidanen berri emateko asmoz...

Duela urtebete pasatxo izango zunan...

Iragan ez hain urrun haren ordezko mozorrotua...

Ospitalearen zuritasuna hilerrien belztasunaren aurrekari begitantzen zaidan...

Ospitale honetan ezagutu ditinat borondatezko bezeroak...

Sudurreko operazio hari itzuri egin eta urtebetera...

Gauetik egunera, kartzelan sartu-eta...

Amak ezkaratzera lagundu gintinan...

Haurtzaroko hausnarketak eten zizkidanan ateko zaratak...

Beti iruditu zaidan susmagarri mediku eta erizainen adeitasuna...

Xabierrek eta biok elkar ezagutu genuen egun hartan...

Xabier ezagutu nuen egun hartan gelara iristean...

Operazio osteko krisialdia gaindituta...

Galderak egiten zizkidanan Xabierrek...

Bederatzi urte izango nitinan...

Noizean behin izaten genitinan hizketaldi gatazkatsu horietako bat...

Ezkerreko hanka hautsi eta makuludun nintzenez geroztik...

Xabierrek ere ez zinan sinesten, noski...

Hona iritsitakoan, asmatutako nire jaiotzari buruzko kontakizunak...

Larrialdi gelatik atera eta gela berri batera eraman ninditenan...

Elbarri gelditu naizenez geroztik...

Christophek nire aldartea alaitzeko...

Itxi dinat kaiera...

Elbarritu ostean aldatu ninduten gela honek...

Ohean etzanda eskuin eskuko erdiko hatzari begira...

Ohiko Diazepam eta Myolastan gaindosiak eragindako loalditik...

Elbarritu nintzenez geroztik Fred eta Veronique batera...

Hodeiertzari begira egoten naun...

Etsaiek nolako etorkizuna apailatu diguten bazakinat...

Arratsaldeko seietan atea ixten didatenean...

Istripu Handia baino lehen...

Erosi: 17,57
Ebook: 3,63

Aurkibidea

Badakin?, ospitale honetara etorri nintzenean...

Ez zaidan iruditzen ospitaleekiko dudan arbuio jarrerak...

Beldurra, eragile handi, esan ohi zidanan Xabierrek...

Ez zaidan iruditzen, duela ia hiru urte kartzelan sartu gintuztenean...

Nire egoeraren eta hemen gertatu zaizkidanen berri emateko asmoz...

Duela urtebete pasatxo izango zunan...

Iragan ez hain urrun haren ordezko mozorrotua...

Ospitalearen zuritasuna hilerrien belztasunaren aurrekari begitantzen zaidan...

Ospitale honetan ezagutu ditinat borondatezko bezeroak...

Sudurreko operazio hari itzuri egin eta urtebetera...

Gauetik egunera, kartzelan sartu-eta...

Amak ezkaratzera lagundu gintinan...

Haurtzaroko hausnarketak eten zizkidanan ateko zaratak...

Beti iruditu zaidan susmagarri mediku eta erizainen adeitasuna...

Xabierrek eta biok elkar ezagutu genuen egun hartan...

Xabier ezagutu nuen egun hartan gelara iristean...

Operazio osteko krisialdia gaindituta...

Galderak egiten zizkidanan Xabierrek...

Bederatzi urte izango nitinan...

Noizean behin izaten genitinan hizketaldi gatazkatsu horietako bat...

Ezkerreko hanka hautsi eta makuludun nintzenez geroztik...

Xabierrek ere ez zinan sinesten, noski...

Hona iritsitakoan, asmatutako nire jaiotzari buruzko kontakizunak...

Larrialdi gelatik atera eta gela berri batera eraman ninditenan...

Elbarri gelditu naizenez geroztik...

Christophek nire aldartea alaitzeko...

Itxi dinat kaiera...

Elbarritu ostean aldatu ninduten gela honek...

Ohean etzanda eskuin eskuko erdiko hatzari begira...

Ohiko Diazepam eta Myolastan gaindosiak eragindako loalditik...

Elbarritu nintzenez geroztik Fred eta Veronique batera...

Hodeiertzari begira egoten naun...

Etsaiek nolako etorkizuna apailatu diguten bazakinat...

Arratsaldeko seietan atea ixten didatenean...

Istripu Handia baino lehen...

 

 

Gaua dun. Bero hezea egiten din. Eltxoak heldu nain, ez dinat zirkinik egiten ordea. Sabela bete bitartean zurrupatzen uzten zionat. Zurrungak entzuten ditinat. Haizeak palmondoak astintzen ditin. Martin ere ez dun mugitzen, baina bazakinat esna dagoela. Bihar dinagu egun handia. Zirt edo zart. Ez dinagu egun bat gehiago egingo zartailuaren pean, eguzkiaren pean, esku ahurra mailutzarraren eskulekuan gogortzen, zartatzen, harri puskak apurtuz.

        Uzkian nabari dut gure plana. Zilindro metalikoa gordetzeko nire txanda da. Azken gaua. Biharkoan uzkitik atera, nola hala garbitu, deskiribildu eta barruan gordetzen ditugun altxorrak aterako ditut. Askatasunerako txartela: hankak ohera lotzen dizkiguten kateak zerratzeko tresnatxoa, Gurutze Gorriaren behatze ikustaldiarekin etortzea lortu zuen kazetari hark isilpean eman zidan xoxa, billete parea, eta Odileren etxeko helbidea.

        Ur beroko bainua etorri zait bat-batean burura. Martini utziko diot lehen txanda. Berak niri utzi nahiko dit. Ni gabe ez zela aterako esango dit. Eta nik, txantxa doinuz, bera gabe ez nukeela zoriona ezagutuko erantzungo diot.

        Odile azalduko zaigu bainugelako atean errieta egitera. Askatasuna ala zoriona zein den garrantzitsuagoa eztabaidatzeko astia izango dugula gero ere, prestatzen ari zaigun otordu goxoaren aurrean; edota ondoren, etxaldeko atariko zumitzezko besaulkietan jarrita, kotoizko arropa arin zuriak soinean whiskia edaten ari garen bitartean, Karibeko gauaren isiltasunean, baina hori baino lehen bagneko urteetan azalean irarri zaigun zarakarra eta ugerra kentzeko ordua dela, ura hoztu egingo dela eta berak ez duela ur gehiago berotuko, nahita ez bigarrenak lehenaren zikinkerian egin beharko duela murgil, eta ura epeltzen bada, guretzat kalte.

        Zaplaztekoa entzun dut. Martinek harrapatu du eltxoa. Teknika paregabea du. Nik gutxitan lortzen dut eltxoa akabatzeko une hori ondo hautatzea. Azkarregi abiatzen naiz eta zomorroak ohartuta alde egiten du. Edo beranduegi. Bietan alferrikako zaplaztekoa ematen diot neure buruari. Ez dakit zerk egiten didan min handiagoa, zaplaztekoak ala zigorkideen erdeinuak. Horregatik uzten diot eltxoari zurrupa dezan bapo egin arte.

        Martinen izaerak egiten du eltxo-ehiztari ona nire ustez. Bihozbera da. Eltxoari zurrupatutako odol dosiaz gozatzen uzten diola iruditzen zait. Sentitzen duela eltxoaren betekada, zoriona. Eltxoak ez balira, bazkalosteko korroskada bota zain egoten dela esango nuke. Martinen odola zurrupatzen duten eltxoak alferrik hilko ez balira bezala. Dagokeen beste mundu batera bederen zorion poxi batekin igorri nahi balitu bezala.

        Eskuineko eskua mugitu dut Martinen galtzaren oihal latza ezarian ukitzeko. Iratzarrita dago bera ere. Ezin loak hartu gaude biok. Buruz gora, lastairarik gabeko ohantze ditugun oholetan etzanda, beste guztiek bezala, katea orkatiletara lotuta. Eta katea, gelaren luzeran alderik alde ohantzearen oinaldean kokatutako burdina barrari lotuta dago. Ezinezkoa da gorputza alde batera edo bestera edo ahuspez lo egitea.

        Ez dugu atseden aski hartzen gauez. Eta egunez lan bortxatuetan xehatu egiten gaituzte. Jaten dugun ore susmagarriak nire ustez on baino kalte egiten digu. Elikatu beharra dago ordea.

        Hanka mugitu du. Eskuak bularrean bilduta ditu beti bezala. Isilik gaude biok. Goizean eguzki galdatan, zaindaria urruntzen zen aldiro harilkatutako elkarrizketa izango du berak ere gogoan, agian.

        — Lortzen badugu. Zer?

        Mailutzarrarekin jo diot bizpahiru aldiz, gogor, harriari, zaindaria aski hurbil sentitu dudanean. Dardara egin dute nire gihar ahulduek. Hezur muinetaraino sentitu dut minaren ziztada.

        Martin harri kozkorrak biltzen hasi da, zumitzezko saskian banan-banan sartuz zaindariaren begiradapean. Kapela kolonialez estaltzen du burua sasikumeak, presook oihalezko bonet zarpail bat baino ez dugu, batzuek hori ere ez, zapi batez babesten dute kaskezurra, hona ekarri gaituen justiziak baino gupida gutxiago duen eguzkitik.

        Aski urrundu denean erantzun dit:

        — Ez dakit. Herrira. Agian.

        Izerdia xukatzeko behar baino imintzio gehiago egiten ari naiz. Zalduna dugu harrobiaren gainaldean guri beha. Noizean behin fusilarekin destatzen gaitu. Bizkar ematen diot eta nire itzalpean dut Martin.

        — Pixka batez. Inguruan. Hobe.

        — Bai. Agian.

        — Nik ere. Herrirako gogoa. Sekulakoa.

        — Alfer alaenak!

        Ohiko elkarrizketa mailukatuan aritu bagara ere, gehiegi luzatu gara nonbait.

        Zartailuaren zartada, beroa bitan erdibituz. «Gugandik hurbilago jo balu haize fresko pixka bat egingo liguke», pentsatuko zuen Martinek.

        Eta jarraitu dugu lanean, mailutzarraren kolpez, kaioen karkailez, presozainen zaunkez, zomorroen burrunbaz, mukuru betetako zumitzezko saskien garraioak aterarazten dizkigun aienez eta askatasun egarriak gure garunean egiten duen oihartzuna entzungo ote den beldurrez, noizean behin txistuka jotzen dugun aire tristeak hautsitako isiltasun galdan.

        Kateak apurtzea izango da errazena. Zaratarik egin gabe nola egingo dugun ezin dut asmatu. Martinek baietz dio, berak badakiela nola egin.

        Aldiz, denboraz eskas ibiliko garela dio berak. Denbora ez dela arazo izango diotsat nik. Bion hanka-trabak askatzeko adina izango dugula.

        Nire katearekin hasteko esango dit noski. Herenegun gaiari heldu nahi izan zionean ez nion utzi. Ezagutzen dut. Ez al da bada hori argi dagoena, zerbait argi badago? Berak du zigorrik luzeena, berea zerratuko dugu aurrena. Badakit zer erantzungo didan:

        — Baina hik dakik nondik egin behar dugun must. Eta hire laguntza gabe ni ez nauk kostara iritsiko. Beraz, hi askatu ezean alferrik ibiliko nauk ni, zakatzik gabeko arrain, bagne inguruko oihanetan hegalik gabeko txori, zakurren ehizaki erraz. Eta akabo, erotuko nauk. Ez diat berriro putzuko egonaldia jasango. Nahiago laburtuko banindute.

        Badator zaintze txanda. Esku-argiaren lorratza nabari dezaket begiak ireki gabe korridoreetan, txabola batetik bestera. Eztulak, zurrungak, kate zaratak. Iratzarri arren inork ez du protesta egingo. Okerrago litzateke, biharamunean, marmartiak zigorkideengandik jasoko bailuke jipoia. Merezitakoa zigortuon artean banatzen dute zaindariek. Horrek bederen amorrua piztia txar bat bezala bularrean ez gordetzen laguntzen die. Martin, Dieudonne eta hirurok ez gara jipoi emate zale.

        Dieudonne ez da etorriko gurekin. Albertengan, eta oro har kazetariengan, ez du oraindik konfiantza galdu. Justizian sinesten du. Nik ulertzen diot, frantsesa baita eta bere erkideek egin diote hau. Liberté, Égalité, Fraternité. Sinetsi beharra du. Guk ordea badakigu etsaiarentzako zuzenbidea aplikatuta ekarri gintuztela hona. Ez dela justiziaren akats bat. Batzuentzat akatsa guri behar zenean buruan tiroa jo ez izana bada ere.

        Zenbat urte ote zeramatzan Xaharrak Deabruarenean? Zaindari zaharrenak ere ez zekien. Bere izena fitxategian bilatzen hasi eta ez omen zuten aurkitu. Ez zuten askatu haatik. Xaharra askatzeko erabakia hartzera ausartzen zenik ez omen zegoelako.

        Eta Xaharra herio eske. Gillotina gordetzen den gelako ate aurrean pasatu zituen azken egunak. Nolako oihuak bota zituen:

        — Laburtu nazazue! Laburtu nazazue!

        Lanerako ezdeus, gupidaz edo bakean uzten zuten zaindariek. Noizean behin zaindari hasiberriren batek ostikada bat ematen zion handik altxa zedin aginduz. Xaharra ez zen mugitzen. Zakur leialak nagusiaren altxorra nola, hala zaintzen zuen Xaharrak gillotinaren gela.

        Zainak zabalduta aurkitu zuten. Odolustuta.

        Niri ez zait iruditzen berak bere buruari egindakoa izan zenik. Norbaitek lagundu ziolakoan nago, zaindarien onespenarekin. Arazo bat gutxiago.

        Martinek galdegiten dit ea nik lagunduko niokeen. Ezetz erantzuten diot. Gaizki ulertu diodala, Xaharrari ez, berari baizik. Ea ihesaldiak huts eginez gero, putzutik bizirik aterako bagina, ea zainak mozten lagunduko niokeen. Antzarak ferratzera bidali dut. Barre egin du. Barre egiten dit? Ez dakit txantxetan ari den ala ni frogatu nahian dabilen.

        — Ez diagu hutsik egingo!

        Zalantzak zalantza, badakit nirekin fio dela. Niganako konfiantza horrek ematen dit indarra.