Euzkadi merezi zuten
Euzkadi merezi zuten
2009, nobela
112 orrialde
978-84-92468-14-0
azala: Indalezio Ojanguren
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
Euzkadi merezi zuten
2009, nobela
112 orrialde
978-84-92468-14-0
aurkibidea
 

 

—10—

 

 

Bidea betean heldu ziren Oriora, bizikleta, gurdi, zakur, atso eta ume, «Halako erromeria tristerik!». Txalupak eta baforeak mukuru beteak ageri ziren jendez eta koltxoiez, Bilbo aldera zihoazen gehienak. Zapelandi bat hurbildu zitzaien, ilundutakoan pasako zituela San Juan de Luzera merke.

        Biharamunean Oikiako zentralean zeuden, lasai zegoen hangoa, adinekoa zen, ezagutzen zuen Compañian noiz edo noiz ikusiaz, baserritarra. Etxera eraman zituen, bazuen nahikoa intxaur eta arrautza. Alarguna zen, bi alaba zituen neskazahar «Zein baino zein!». Laguntzailea, mukitsu ahalena, atzetik hasi zitzaien lehen egunetik. Ganbaran egingo zuten lo.

 

 

Kontxako barandilletako mugarrietan paratzen zituzten buruak eskarmentagarri, erruz ari baitziren lepoa mozten, eta jendetza biltzen zen egunero hartara, seniderik edo ezagunik aurkitzen ote zuten. Halako berriak ematen zituen zentraleko telefonoak.

        Bibelarra txorrokotan biltzen ari ziren euri beldur ibai ondoko bidetik kamioiaren hotsa sumatu zutenean. Eskuarearen kirtenburuan jarri zuen kokotsa, beha. Katu emeak satitsu bat zeraman ahoan. Kamioia jendez betea zetorren. Nekez baina bertaragotu zenean, gorri-beltza ikusi zuen pertika muturreko bandera, milizianoak ziren. «Zenetekoak!» esan zien laguntzaileari eta Ibaiganeberriko alabei, eta eskuarea bertan utzirik bideraino amildu zen malkarrean. Kamioia mantso zetorren. Laster egin zuen «Eh, eh!» oihukatuz, eskua inarrosiz, bihotza ere punpaka.

        Kamioia gelditu egin zen. Fusilak zeramatzaten kajerakoek, uniformatuak zetozen, uhalez josiak. Ahoa bete hitz gelditu zen. Bizardunak zorrotz behatu zion kajera gainetik begi zeharrez, haien buru seguruena, fusila kendu zuen sorbaldatik eta zangoa kartola gainean ipiniz jauzirako «Alua!», ukabila erakusten dio «Hago, hago pixkatian!», ahotsagatik ezagutu du, bertan akabatuko zuen, arineketan dihoakio ihesi, belarretakoek ere zangoei eragin diete. Sasipean bota du pistola, «Harrapatuko hat!», zakarragoa orain ahotsa etorri berrian eraztuna mahaiko kajoitik atereaz «Por mí podéis hablar en vasco!» txunditu zituenean baino «Siempre que os entienda, claro!», isilik gelditu ziren eskolako denak, eraztuna hartu eta botzen duenean harrika, eta algara egin dute kamioiko denek harrika hasi zaionean. Bandera gorri-beltza zen pertikaren muturrean, «Falanjearena!».

 

 

Ama eta bere senarra mezatarik itzuli gabeak ziren eta bakarrik zegoen baratzean. Zer edo zer galdetzera etorriko zitzaizkion, galduak beharbada, ez ziren ezagunak behintzat. Aitzurra utzi zuen, ez zen mugitu haatik. Aza hosto bat zanpatu zuen bibotedunak. «Ignacio Jauregui?» galdetu zion, eta «Acompáñenos!». Besotik heldu zion. Gabardinaduna atalburuko hitz beltzak ezin irakurriz atzeratu zen, ezpainka gora beha. Aldamenean jarriko zitzaion autoan, «Qué quiere decir eso?».

 

 

Bordatxo zaharrean arrautza txitaduna ere jana zela, «Baietz!», zioen Oilagorrak eztulka, «Ume alu honek propio ekarrita!», eta kolpea tira zion lepondora, baina bazterrera egin zuen parrokianoek irri eta Oilagorrak «Demónió!» mehatxu xamurra egiten ziotela. Ahitua zegoen Oilagorra.

        Emakumezkoak azaldu ziren plazara mantilak kenduz. Oilagorrarena ordaindu zuen eta elizarako utzi zuen taberna. Aurrerako manua egin zion Don Mateok, burutik gora ari zen roketearekin borrokan. Ile harrotua zanpatu zuen. Gurasoei ere esana ziela esan zion ikusi orduko, ez ibiltzeko horrela, kalterako ere izan zitekeela (...emen ez dago beste modurik, artzagun pazientzia...), ez zegoela ezer egiterik. «Arkalen egongo dek noski, denok gaituk pekatariyak baño, Jaunak barka bezayo!».

 

 

Denak lerroan zeuden txertoaren akuilukadak bizkarra minberatzen ziela, arropa handiegiarekin, ilea motz, belarridun. Ofizial batek errebista pasa zien lista hartu ondoren. «Tripa nakan ordun!», aurrez aurre gelditu zitzaion harro, bizarra zuen. «Estás bien cebado, tú lo menos serás cura!» esan zion. Aldamenekoek barre egin zuten, Artolak behatu egin zion, kinta berekoak ziren. «Si eres cura, sabrás latín!». Artolak ez zuen barre egiten, ez zuten soldaduskarik egin, kupoz gaindikoa suertatu zitzaien biei, baina segur zegoen sarjentua zela tipo ergel hura. «Vamos a ver, dinos qué color es éste!» galdetu zion sardineta erakutsiz. Bazekien militarrek galdera petralak egiten zituztela. Usteko zuen ez zekiela erdaraz. «Rojo!» esan zuen sardinetari erreparatu ere gabe. Sarjentuak, sarjentua behar zuen hark, buruari eragin zion erantzunaren okerra deitoratuz. Sardineta gorria zen. «Barrabiletan eman zidan ostikua!». Makur eginda gelditu zen. «Qué color es éste?». Denak isilik zeuden. Gradetaraino heldu zen koleran, hiru maila igan zituen, besoa jaso zuen bokamanga erakutsiz. Sardineta gorriari behatzen zioten denek. «Encarnado, encarnado!» oihukatu zien, eta haren orroek Inazio Jauregiren pilotakadek bezperetako garaian bezala egiten zuten zarta Logroñoko frontoian. «Aquí no hay nada rojo!».