Ez obeditu inori
Ez obeditu inori
2009, nobela
200 orrialde
978-84-92468-09-6
azala: Iņaki G. Holgado
Mikel Peruarena Ansa
1978, Ereņotzu
 
2014, nobela
Ez obeditu inori
2009, nobela
200 orrialde
978-84-92468-09-6
aurkibidea
 

 

—3—

 

Heldu dira soka mutur guztiak korapilo bakarrean lotzera, bukatzear dago kontakizuna, eta hala ere Estudianteak hisiatuta jarraitzen du irakurtzen eta idazten ikas dezadan. Zenbat aldiz saiatu ote da bi urte hauetan? Baina alferrik da. Lepo gainean dudan arroka tzar honekin alferrik izango da, noski. Eta hala ere gaur berriro saiatu da, zakurraren ipurtzuloan Frantsesaren zain eserita geundela, beste ahalegin bat egin du. Gutunazal bat atera du lebitaren barruko sakelatik, eta zirriborro batzuk egin dizkio lapitzarekin. Bukatu duela iruditu zaionean nire aldera itzuli du gutunazala. Ezetz egin diot buruarekin, lepo gainean dudan arroka tzar honekin, ez dudala konprenitzen, nekaturik nagoela, ez dudala inoiz konprenituko, uzteko lasai, heldu direla soka mutur guztiak korapilo bakarrean lotzera.

        Madrilen onartu al duten galdetu diot, aldatzeagatik. Baietz egin dit buruarekin eta liskar inozoan hasi gara gero.

        — Maingu mandoa! —esan dit azkenean, minduta.

        Barre egin diot, igarri diodalako zer esango zidan. Hain ditu agerian pentsamenduak.

        Orduan makurtu da nigana eta esan dit astelehenean izango dela, goizeko zortzietan. Frantsesak esan bezala. Bazekien zerbait eltzagorrak.

        Tximeletak, inurriak edo puzker itoren bat hasi zait irabiaka urdailean, kontuak egin eta bost egun baino ez direlako geratzen astelehenerako. «Bost egun eta c'est fini», pentsatu dut. Patrikatik kutxatxoa atera, Hohnerra mahukan igurtzi eta Baracoatik ihesi, azukre kanaberen artean gordeta, moro beltzei ikasitako kanta jotzen hasi naiz orduan.

 

                «Maria Cristina me quiere gobernar...»

 

        Estudianteari ez zaio gustatu eta utzi egin dut. Urduri dago bizargabea, eta arrazoi du, ez da komeni. Kuban sarjentu gradura igo zutenetik legamia baino harroago dabilen Arrieta horrekin ezin du inork fidatu. Berandutzen ari da gainera, eta Frantsesa ez da ageri. Urduri jartzen hasi gara, Estudiantea ni baino gehiago. Konturatuta nago, ordea, eta Frantsesari nik itxarongo diodala esan diot; maiteñoaz despeditzera joateko, nahi badu.

        Esan badiot esan, konturatu naizenerako bakarrik gelditu naiz zakurraren ipurtzuloan eta aste erdiko diruak bota ditut Ramiroren mostradore gainera.

        Azkenean, taberna itxi behar duela, eta esan egin behar izan diot Ramirori, ez gogoz, baina esan egin behar izan diot, igandean, goizeko hamarretan, Atotxako frontoian egongo garela Estudiantea eta biok, pasatzeko abisua Frantsesari.

        Apropos aldatua genuen biltzeko eguna. Ahaztu egingo zitzaion akaso.

        Frantsesaren itzalari segika pasa dut aste osoa, baina igandean Atotxako frontoiaren kanpo aldean Estudiantea eta biok elkartu gara, eta alferrik ari garela esan dit bizargabeak.

        — Ez da etorriko —esan du, tabakoaren kea sudurretik isurtzen zaiola.

        Petrilean eseri eta zigarroak erre ditugu. Itxaroteak merezi ote duen galdetu diot Estudianteari.

        — Saldu egin gaitu, Sotero, saldu...

        Frontoiko pilota hotsak isildu egin dira. Eta gaurko galtzailea nor izan den jakin gabe etsi behar izan dugu.

        Lasaitua hartu du Estudianteak. Zama ederra bota du gainetik.

        Pentsatu dut jaiki egin behar genukeela petriletik, lekutu, ospa egin, ezkutatu, Argentinara joan, larreratu, Frantziara hanka egin, sasiratu. Azkar gainera. Baina galdu egin dugula onartzea izango litzateke petriletik altxatzea orain. Ez dugu altxa nahi. Dena amaitu aurretik amaitu da dena, eta hemen gaude gu, petrilera iltzatuak, umezurtz gaudela onartzeko indarrik gabe.

        Bi urte, kare bizian erreak.

        — C'est fini —epaitu du Estudianteak, apropos gordeak nituen puruetatik eskaini diodanean.

        Min eman didate hitz haiek, traizioa begien bistara ekartze horrek.

        — Esan nian —ekin diot orduan—. Esan nian hobe zela dinamita nik gordetzea.

        Hortik aurrerakoa berez etorri da. Mozkortu egin gara, lotsarik eta korajerik gabe.

        Asteazkenean La Voz de Guipúzcoak ekarri du Maria Cristina, erregina anderea, eta Alfonso XIII., errege umea, Gaztelu mendira igo zirela bezperan, Sicilia erregimentuaren garnizioari bisita egitera.

        Madrilerako trena hartu aurretik topo egin dut Estudiantearekin. Nik txapela eta hark ginbaila erantzi ditugu, eta besarkatu egin gara. Madrilera doa bizargabea, medikuntza tituluak eta emakumeen galtzariak konkistatzera.

        Gehiago ez pentsatzeko joandakoari buruz, esan dit. Izan zenak eta izan behar zuenak ez dutela axolarik gehiago. Aurrera begiratu behar dugula.

        «Aurrera begiratuko du gerorako zerbait duenak; besteok, atzera begiratu behar». Hori pentsatu dut, baina ez diot ezer esan, bidaia luzea duelako, ez dudalako tristatu nahi. Behin honetara helduta, alferrik delako.

        Ez dut gauza zuzenik esaten asmatu, ordea.

        — Esan nian hobe zela dinamita nik gordetzea —esan diot atzenean.

        Okerrago izan da. Isiltzea nuen onena, baina hala irten zait.

        Besoa askatu dut Estudiantearen lepo bueltatik. Ez dut bere lebita maiztua berriro usainduko, akaso.

 

 

Joan da mendea. Niri adiskideak joan zaizkidan bezala. Espainiari Kubak alde egin dion bezala. Atzean gelditu dira denak. Heldu da mende berria, itsasoz haragoko koloniarik gabe, eta betiko miseriekin. Espainiako erreinua baino bakarrago utzi naute. Lehen ere ez nengoen saltoka hasteko, baina banituen adiskide batzuk, bederen. Adiskide uste nituenak. Lehen baino abailduago utzi nautenak.

        Zer gelditzen zait? Hemen daukat labana, gerruntzean, baina ez daukat dinamitarik. Patrika miatzen dut, eta pospoloak dauzkat, baina ez daukat surik. Itzali ziren azken pindarrak. Amaitu dira antzerkiak. Acta est fabula, Estudianteak behin, aspaldi, Zubietan esan zuen bezala.

        Izan behar zuen su hura, eta izan den ke hau. Erre egiten zuen su hura, ito egiten duen ke hau. Nahiago nuke ahaztuko balitzaizkit eltzagorraren zapi gorriak eta bizargabearen zapi brodatuak. Denak. Nahiago nuke haien gezurrak eta fantasiak hutsean galduko balira. Atzean gelditu ziren haiek denak. Eta, tarteka, neu ere haiekin atzean gelditu naizela iruditzen zait, konpaño.

        Ito egin behar nau ke honek.

        Hotzean pentsatzen dudanean, arrazoiak ateratzen hasten naizenean, ez dut ulertzen, nahi dudana egin nezakeelako. Inori konturik eman gabe. «Ez daukak ez bizargabearen izurik, ez eltzagorraren aitzakiarik», esaten diot neure buruari, hotzean hartzen dudanean. Hainbeste buelta eman eta, azkenean, Fernando Arrospide Tolosan zain daukadala konturatzeko. Aita Tolosan zain daukadala ohartzeko.

        Korajea bildu behar.

        Baina baso erdiek itotzen dituzte nire buruan baino ez dabiltzan keak.

        Bi urte, kare bizian erreak. Joan dira, hanka egin dute, eta bakarrik utzi dute maingua. Maingu elbarria. Ez naiz gauza. Ezin dut. Amorrua ematen dit onartzeak Frantsesa bezain koldarra naizela.

        Zer egingo nuen, Frantsesak nire zotza erdibitu izan balu? Berez etorri zait erantzuna.

        Bertsoak egin nizkion asto berriari. Xeferi eman nizkion. Paperean jarri zizkidan, eta joan nintzen Tolosara, Gurrutxagaren moldiztegira. Tratua itxi genuen. «Arrospide», esan behar nien «Fernando Arrospide». Aski zen hori esatea. Jakin behar zuten non bizi zen, gutxi gorabehera. Baina konturatu nintzen ez nintzela gauza. Beldurtu egin nintzen. Kuban ikasitako guztiak debalde izan nituen «Arrospide jauna non bizi den badakizue?» galdetu behar izan nuenean.

        Ez nuen kartzelan edo garrotean bukatu nahi.

        Kartzela, bestela ere banekien zer zen. Zorri zaku bat burutik behera hustea. Gosea, zikina eta grilluak. Ez nuen hara behar, ez horratik.

        Garroteak, ikusia zegoen zertarako balio zuen garroteak. Sua piztu, kearekin itotzeko.

        Frantsesaren kopeta handi zimurtuari begira jarri naiz, Estudiantearen esku luze, leun, hezurtsuei. Atzera begiratu behar, aurrean ezer espero ez duenak. Asteazken iluntzea dela, eta berriro Ramirorenean bildu garela begietaratu zait. Hohnerra hautsa biltzen utzia dudala esan dit Frantsesak. Ez dudala aspaldi jo Kuban ikasitako kanta hura, Estudianteak.

        Hohnerraren kutxatxoa atera dut poltsikotik, eta kanta batzuk jo dizkiot hego haizeari, triste jartzen nauen horri. Soinuak hartzen ditu haizeak, eta eraman egiten ditu, oraindik zeharo usteldu gabeak dauden azken hostoekin; soinuak hartu eta eramaten ditu, urrutira, han atzean utzitako iraganera, akaso, konpaño.

        Bada hirugarren aukera bat, sokarena. Aitzakia da, badakit, baina «Nola urkatu behar duk beso bakarrarekin?», esaten diot neure buruari.

 

 

Dugiolsen zelatan egon naiz, baina hura ere joan egin zait . Hil da Filipinetako heroia. Tristura handia hartu du probintzia osoak. Handiagoa nik. Zenbat aldiz ez zen sutunparen erdian gertatuko, lohitan hiltzear, odola ezpainetatik xirripan erortzen, Filipinetako lur urrun haietan? Zenbat bider ez zen saldukeriaren batean jausteko puntuan suertatuko? Eta zetazko maindire eta burko artean itzali da azkenean, eztitan, labanarik kamusten utzi gabe.

        Zerraldoa Donostiatik Tolosara eraman zuten zalgurdian. Tolosan apaizek, alkateak, musika bandak eta jendetzak hartu zuen hildakoa. Elizkizunak egin zizkioten. Bertsoak eta hitzaldiak eskaini zizkioten, loriatu zuten goraino eta Arrizabalagatarren hilobian sartu zuten, beheraino, mikeleteek. Han nengoen neu ere, badaezpada, zulotik altxatzea bururatuko balitzaio ere. Han zegoen On Kaxildo ere. Eskerrak ez ninduen ezagutu. Ez nuen asmatuko zer erantzun. Han nengoen, grinak errenditu ezinik, Arrospide sarjentuari begirik kendu gabe. Lastima, atzeko biderik ez ikustea. Ni ez naute kartzelan edo garrotean errendituko, ez horratik.

        Aitzakia baldarrak, elbarriarenak.

        Hartu eta brast! egingo luke Angiolillok. Beldurrik gabe. Atzeko biderik gabe.

        «Hala utzi zitean, larrua urratuta», pentsatzen dut.

        Baina horrek ez dit korajea biltzen lagunduko, ez preziso.

        «Konpaño, bakarrik egin zian hark, egin beharrekoa», esaten diot neure buruari.

        Zabuan ibiltzea bezala da hau, alde batera hotz, bestera bero, grinatik etsipenera, zorigaitzetik amorrura.

        «Kantabriako itsaso zakar horrek zenbat urderen oinak garbitu, eta trukean zenbat errugabe irentsi duen!» esaka berotzen dut neure burua. Eskua estutzen dut, berotasun pixka bat egiten zait odolean, eta kolpe tiratzen diot zerbaiti. Angiolilloren pindar hartaz akordatzean.

        Laster kristau zintzoz betetzen hasiko dira badiako hondartzako aulkiak. Hankak bustiko dituzte goizean, bazkari oparoa egingo dute eguerdian, dantzaldiren batera joango dira arratsaldean eta, gauean, hotelerako bidean, atzemango dut baten bat, han ez bada hemen. Gauean izan beharko du.

        Hainbeste min... Ezinezkoa da dohainik izatea.

        Ramirori pitxerra betetzeko eskatu eta su eman diot nire kaskezurrari: markesen bat; enbaxadoreren bat; Romero Robledo, akaso; Maria Cristina bera, beharbada. Martinez Campos ez.         Gaixo dago. Zarautzera etorri da, eztitan hiltzera, Dugiols bezala. Baina bat ez bada, bestea, egokituko da baten bat parean. Gauean. Eta orduan, lastaira bezala urratuko dut, gurina bezala erdibituko ditut denak.

        Une aproposa itxarotea da kontua. Itxaron, eta atzeko bidea begiratzea. Ihesa begiratu, eta koraje puska bat biltzea.

        Hohnerra atera dut kutxatxotik. Zabaldu eta mahukaren kontra igurtzi dut, distira ateratzeraino. Neuk asmatu dudan pasodoble triste, geldo, bati ekin diot, ezpainak ardotan bustita.

        Arrieta sartu da, eskuetan duen egunkaria astintzen. Zoro batek, Italian, Humberto Lehena hil duela esan du builaka. «Zoro batek», esan du.

        Jotzeari utzi diot, atenditzeko. Batzuk ondora bildu zaizkio. Mostradorean egunkaria zabaldu eta ozen irakurtzen hasi da Arrieta.

        — Hainbeste krimen burutzen dituen anarkismoa gaitzesten dute denek.

        Akaso Italian eutsiko diote Angiolillok piztutako suari.

        — Eta denek erauzia ikusi nahi lukete gari alorrean iraka bezain zitala den legenar hori.

        Zeinek jakin Frantsesa Italiako bazter haietan ibiliko den.

        — Atxilotu duten gizona hiru aldiz interrogatu omen dute, eta hiruretan izen ezberdinak eman omen ditu. Ikerketak egiten ari omen dira Madrilen eta Bartzelonan.

        Katre Minako dinamita kartutxo tzarren batzuk zorroan sartuta ibiliko da eltzagorra, Florentzian, edo beste nonbait.

        — Angelo Bressi deitzen omen da.

        Esango balidate, ez nuke sinetsiko, baina itsu-itsuan sinetsi nahiko nuke Frantsesak behar adina koraje bildu duela, Michelleren izenean, aspaldi egin behar zuena egiteko.

 

 

Tabernara sartu aurretik esan dit, irudipena duela, bihozkada bat, datorren astelehenean izango ote den, heldu den astelehenerako prestatu behar ote dugun. Zergatik galdetu diot, zergatik uste ote duen. Bihozkada dela esan dit, ezagutu ninduenean izan zuena bezalako bihozkada bat.

        Hainbeste denbora eta gero, ezkutuan egindako lana agertuko dugula pentsatu dut. Satorrak bezala ibili garela, lur azpiko lanean, hainbeste denboran, muturrik ere atera gabe, argia zer den ahaztuta. Horiek pentsatu ditut, baina Frantsesak dioena egia bada, bihozkada zuzena badu, zuloa egingo dugu astelehenean, muturra aterako dugu argitara, eta mundu osoak ikusiko du Angiolilloren argia, Arrasateko bainuetxean piztu zuen suaren garra.

        — Sator-zulotik aterako gaituk astelehenean, Emilio.

        Bekainak altxa eta kopeta zimurtu du, baina galdetzeko denborarik ere ez du izan. Kanpoan lehertu den trumoi hotsarekin, atera joan zaio begirada.

        Besotik heldu dut, nigana erakarri.

        — Hainbeste denboran lur azpiko lanean ibili eta gero, satorrak bezala aterako gaituk argitara, Parisen bezala.

        Muturra belztu zaio, marmarka hasi da, ate aldera egin du keinu buruarekin. Tximistak argitu ditu ilunduta zeuden kaleak.

        Lepoa noiz luzatu ere jakin behar dela erantzun dit. Baina ni asteazkena heltzeko irrikaz nago, esan nahi didanaz konturatzeko. Lepoa luzatu aurretik, aitzurra zelatan ote dagoen jakitea komeni dela esan ote didan, baina nire buru barruko hotsak besterik ez ditut aditzen.

        — Jakin egin behar izaten da lepoa noiz luzatu, Sotero. Parisen ere, han zegoen aitzurra zelatan. Muturra atera orduko, brast!

        Baina ni irrikaz nago, dagoeneko, astelehenarekin. «Sarraskien aroari atea ixteak ekarriko du ikurra aldatzea, eta gure bandera gorri tenteak mundu berria gidatzea», letra hori besterik ez dut entzuten. Horregatik ez diot kasu handirik egin Frantsesari, hizketan ari zenik ere ez naizelako konturatu.

        — Pariskoa ez da berriz gertatuko —esan duela iruditu zait.

        Edalontzia hustu, biona ordaindu, eta joan egin da, «Asteazkenera arte» esanda.

 

 

Hator hona. Zer behar duk? Azukrez karga-karga egindako kafe txar bat eskatuko diat. Uztak lebita zahar hori aulkian. Bai, esadak «Maingu mandoa!». Egin ezak barre. Gaztea haiz. Bizarrik ere ez daukak eta! Barre egitea tokatzen zaik. Baina etor hadi hona. Eta lagun iezadak. Arrieta nazkagarri hori zirikatzen hasi zaidak berriro. «Hik piztuko huen sua», esan ez zidak ba? Estudiantinarekin atera ez nintzelako haserre zagok nirekin. Edo nire bertsoak entzun dituelako, egiazkoak, ez Xeferi diktatzen dizkiodanak. Edo gehiegi edan duelako. «Hik piztuko huen sua, insurrekto zikin horrek». Ikusten al duk, zer esan didan? Esadak baietz, mainguak maniguan galdu beharrekoa zuela besoa. Ez nabilela oker. Ez nagoela bakarrik. Utz itzak hire Madrileko entretenigarriak, eta esadak astamakilak zuzen egiten ikasi dudala. Esaiok Arrietari. Berak hainbeste ikasi dudala idazten eta leitzen. Esaiok bakean lagatzeko. «Hi ibiliko hintzen Miramarreko tximiniei sua ematen, traidore zikin hori». Ni ez nauk traidorea. Maingua bai. Elbarria ere bai. Koldarra, akaso. Koraje gutxiko pertsona; baina traidorea ez. Aditu al duk? Ni ez nauk traidorea. Nik ez ditiat inoiz, aditu al duk?, nik ez ditiat inoiz adiskideak alde batera utzi. «Salatu egingo haut, salatu egingo haut!», ez zaidak ba hasi, ume setatiak bezala. Esaiok zerbait, edo neuk botako zioat sermoiren bat hantuste horri. «Hi bai, traidorea!», esango zioat. La Habanan matxetearekin erdibitutako umeak gogoraraziko zizkioat. Hantxe, kale erdian, batere errukirik gabe. Zer kulpa izango zitean haiek? Gogorarazi egingo zioat, hemen bertan, denen aurrean. Odol putzuen eta hesteen gainean, orroka eta intzirika aldi berean. Munstroa bezala. Denei kontatuko zieat. Azkar ez bahaiz etortzen, esan egingo zioat. Aspertu nauk «Salatu egingo haut, eta Ondarretara eramango haute, aditu al duk?» horiek entzuteaz. Nazkatuta nagok Arrietarekin. Hator hona, Alberto, hator azkar. Handiren bat egingo diat bestela. Uda bazoak. Udatiarrak bazoazak. Campooko markesa. Santa Barbarako kondea. Turkiako ministroa, Izzet-Patxa. Ibarrako kondea. Casa-Gileko markesa. Jaulisek bere edadeko lagunak egin ditik. Herenegun ikusi nian koadrilarekin, estropadak eta gero, uretan ahateak eskuekin ehizatzen. Lotsagarri. Esaiok heuk, lotsagarri ibili zirela. Niri baino kasu gehiago egingo dik hiri akaso. Hi bezain umea duk. Esaiok ez ibiltzeko lotsagarri señoritoen aurrean. Esaiok itxura barregarria zuela. «Ondarretan ustelduko haiz, aditu al didak?». Ez zaidak Arrietaren behatz hori gustatzen. Esaiok ez zaidala gustatzen. Esaiok kentzeko, ez ni seinalatzeko. Ez zaidak gustatzen inork ni seinalatzea. Kenduko zizkioat nik horri sudurreko mukiak. Aditu al duk Alberto? Non hago? Bazoazak denak, eta bakar-bakarrik gelditzen ari nauk hemen. Gero eta aukera urriagoekin. Gero eta koraje gutxiagorekin. «Kasu egidak nik hitz egitean!». Badakik? Egarriak zagok gerruntzeko labana hau. Egarriak zagok oraindik. Zergatik idatzi didak gutun txepel hori, Alberto? Min egin zidak. Zertarako idatzi didak? Esadak ez haizela damutzen. Esaiok Arrietari: «Guk ez zioagu inori obeditzen». Guardia zibil zapuztu horri. Ez garela damu. Esaiok, Alberto. Handiren bat egingo diat bestela.

 

 

Hasteko, kosta zitzaidan bizargabea konbentzitzen. Baina ulertarazi nion ezin geniola Frantsesari lan haren berri eman, ez dinamita gure eskuetan eta ondo gordeta eduki arte behintzat. Ulertu zidala iruditu zitzaidan orduan. Laster hasi zen esaten, ordea, informeak eskuratuko zizkidala, baietz, baina ez zidala handik aurrera lagunduko. Ezin zuela. Handik aurrerakoa asko nabarmentzea zuela.

        Poliki-poliki, eta pazientzia handiarekin, aurreraxeago ere eraman nuen. Ihes egiten laguntzeko, behinik behin, konbentzitu nuen. Usurbilerako bidean itxarongo niola, ez gintuela inork ikusiko eta gero, gordean egon besterik ez zuela nik lana bukatu arte. Sotero, makurtu eta lan zikina egitera. Hala beharko zuen zerbait egitekotan. Aizarnarako bidea egiteko landaulet bat eskuratuko zuela hitzeman zidan azkenean.

        Asko atzeratu gabe azaldu zen Igeldoko bidera, zaldi beltz handi batek tiratako gurdian. Inoiz ikusi nuen zalgurdirik txikienean etorri zen, eta aldamenean eseri nintzelarik, uhalak eman zizkidan eskura. Neuk gidatu behar omen nuen landauleta. Bizargabeari iruditu zitzaion ez genuela itxura onik emango elkarren aldamenean eserita, nabarmendu egingo omen ginen. Morroi hartu ninduen, itxuraz bazen ere, eta atzean eseri zen, neu gidariaren lekuan bakarrik utzita. Gidatu egin behar, zerbait egitekotan. Hasieran trakets samar, baina lanik handiena zaldiak egin behar zuen, eta oker handirik gabe heldu ginen Aizarnaraino, erretolika handirik gabe. Herrira sartu aurretik, bide aldapatsu eta estu samar batetik gora hartu genuen. Bizargabeak itxaron behar zidan lekuraino heldu ginen, pinu arteko zabaldi batera. Han utzi nuen, landauletaren kontra bermatua, esku urduriekin zigarro luxe batentzako harria piztu ezinik.

        Bidezidor bat hartu nuen, mendiaren hegaletik, bizargabeak seinalatutako tokitik. Txara itxi samar batzuk igaro eta minaren gain aldean azaldu nintzen. Ordua zen eta, gauzak ondo bidean, etxean bazkaltzera joanak behar zuten langile gehienek. Hutsik behar zuen eremuak, bizargabearen arabera.

        Burua atera nuen lahar artetik. Gertu zegoen bulegoa, oholez eginiko txabola soil bat. Ez zegoen inor bistan. Zuzenak ematen zuten bizargabearen informeek. Pixka batean itxaron nuen, badaezpada ere, eta txabolara hartu nuen zuzenean. Poliki jaitsi nintzen, harri solteak ez amiltzeko kontu handiarekin.

        Sartu nintzen bulegora, atea behartu gabe, bizargabeak emandako giltzarekin. Segituan aurkitu nuen biltegia, sartu eta eskuinetara. Egurrezko ate txikia ere batere behartu gabe zabaldu zen.

        Ilun zegoen biltegia, baina han zeuden, egurrezko kutxa luze batzuetan pilatuta: urde haientzako behar genuen ozalea. Kutxetako bat zabaldu eta sokaz lotuta zegoen eskukada bat kartutxo hartu nuen.

        Harrapatu bezala utzi nuen dena, ezer ez antzemateko moduan. Itxi nituen ate guztiak giltzarekin, eta isil-isilik joan nintzen etorritako bidetik. Malkarrean gora igo, ahuntzen pare, txara itxiak zeharkatu, ez urraturik egin gabe, eta hasierako bidezidorra aurkitu nuen. Iritsi nintzen landauleta utzi genuen lekura, pinu arteko zabaldira.

        Eta falta.

        Egin behar zuen gauza bakarra. Eta ezta hura ere. Falta.

        Guardia zibilak ibili zirela landauletaren inguruak miatzen, eta galdezka hasi zitzaizkiola, zer egiten ote zuen han, noren zain zegoen. Aitzakiaren bat asmatu, eta joan egin behar izan zuela. Ezin izan zidala abisurik pasa.

        Sinetsi egin nion orduan. Malmuzkeria hura.

 

 

Estudiantearen gutuna iritsi zaidala. Esan didanean, ez diot sinetsi Ramirori.

        Sartzeko asmorik gabe igaro naiz taberna aurretik. Ferminek aspaldi zor zidan ordainsaria jaso dut, eta oinetako berriak erosteko asmotan nintzen. Baina taberna paretik pasa naizenean, Ramiro atera da arineketan mostradore atzetik, gelditzeko keinuak eginez, trapua astinduz. Alpargata berriak behar ditut lanerako. Oinak txikitu beharrean ibiltzen naiz. Tabernara sartzen banaiz, ez dut deskantsatuko diru guztiak xahutu arte, badakit.

        Horregatik itxaron diot Ramirori kanpoan. Ateraino etorri eta sartzeko esan dit, gutun bat iritsi dela nire izenean, brusatik heldu eta barrura sartzeko tira egin dit. Ez da sinestekoa, baina. Erreal guztiak lapurtu nahi ote dizkidan, zer amarru ote darabilen zalantza egin dut, baina atzetik joan natzaio, atzenean. Jakin-mina handiagoa izaki. Mostradore atzean sartu eta tiraderatik atera du gutuna.

        Arrazoi zuen Ramirok. Niretzat da, Estudiantearen gutuna.

        Gehien urrundu denean asmatu du ni haren terrenora eramaten. Badaki ezingo diodala inori erakutsi, ezingo dudala laguntzarik eskatu. Barreka egongo da, han Madrilen, edo nonahi dagoela ere, gure bizargabea; jarri berri didan lanarekin kontentu, irakatsi zidan apurragatik harro, zain egongo da, ea noiz iritsiko nik zirriborratutako paper pusketa bat. Irrikaz egongo da, nire gutuna noiz jasoko, «Zerbait ikasi zenuen, Sotero!» pentsatzeko.

        Pitxer bete ardo eskatu diot Ramirori. Pazientziarekin hartzekoa da lan hau.

        Zakurraren ipurtzuloko kriseilua pizteko baimena eskatu diot Ramirori. Gutuna irakurtzeko behar dudala azaldu diot. Garrafoia askatu gabe, baietz egin dit buruarekin. Eseri naiz. Piztu dut kriseilua. Letra hanpatua du Estudianteak. Hantxe dago nire izena, «Sotero Múgica». Eta jarraian, «Maingu mandoa». Sekula ez naiz helduko gutunazalean ikusten diren biribilketa horiek egitera. Bi marra zuzen itxurakoak egiteko astamakilekin nik botatzen ditudan izerdiak.

        Toxa atera eta zigarro bat bildu dut. Pitxerrarekin eta zigarroarekin behar bezala hornitu naizenean, gutuna zabaldu dut. Orrialde bat, paper gogor samarrean, idatzi dit. Sinadura beheko aldean, agurraren ondoan, «¡Salute, compagno!». Goiko partean, data, eta diosala, «Estimado señor Sotero». Adarra jotzen ari ote zaidan pentsatu dut. Señor ni? Baina ez, doinu berarekin jarraitzen du egun ona izan dezadala opatzen, zer moduz nabilen galdezka.

        «Ondo», erantzun diot nire kolkorako, «Ondo izorratua».

        Gazteleraz egiteagatik barkatzeko eskatzen dit, ez duela ia euskaraz egiten eta ahazten ari zaiola. Faltan botatzen omen ditu gure hitz aspertuak. Donostian egon omen zen abuztuan, baina ez omen ninduen ikusi.

        Ez dit entzungo, baina «Ez hintzen Ramirorenetik pasatuko», erantzun diot. Nekez eta poliki irakurtzen dut hark istant batean idatziko zuena. Poztuko litzateke, hala ere, gure bizargabea. Algara politak egingo lituzke zakurraren ipurtzuloan berak bidalitako gutuna irakurtzeko lanean ikusiko banindu.

        Ardoari eman diot musua, baina nire poz guztiak zimurtu ditu sartu berri den Arrietak. Bekozko ilunarekin heldu da gaur ere.

        — Zeri begiratzen diok hik, insurrekto mutur beltz horrek? —galdetu dit, oldarkor.

        Ez du ozen esan, baina ulertzeko moduan bai, hala ere: «Traidore ustela!».         Sumindu egin nahi nauela konturatu naiz, baina gaur ez dit izorratuko. «Salatu egingo haut!» esaka aritu zitzaidan hartan bezala. Onetik aterea etorri da, baina gaur ez dut bururik galduko.

        Ramiro saiatu da kalmatzen. Zer gertatu zaion galdetu dio. Guardia zibiletan sartzeko ikasketak hasi behar omen zituen, baina izen ematera joan, eta lekuak beteta daudela erantzun diotela, Arrietak. Ez dutela onartu. Pattarra ateratzeko eta mostradorean uzteko eskatu dio Ramirori marmarka.

        Bere erneguarekin laga dut Arrieta, eta pitxerrari heldu diot, nire lanarekin jarraitzeko. Gutuna Ramirorenera bidaltzen ondo egin ote duen galdetzen dit Estudianteak. Ez omen zekien nora bidali. Ikasketen inguruko gorabeherak kontatzen dizkit baita ere.

        Lehengo nekeaz gainera, kosta egiten zait jarraitzea, ordea. Arrieta hortxe daukat, bost urrats eskasera. Umorea txartzen dit. Zeharka begiratzen didala sentitzen dut. Pikutara bidaliko nuke. Baina gaur ez, ez naiz aldrebestuko.

        Ardoari tragoa eman, eta gutunari jarraitzea izango dut onena. Estudiantearen gutuna, ez nuen asko espero. Hara, jakin omen du Arsenio Martinezena. Prentsan irakurri duela esan dit.

        «Ba nik ere bestek kontatuta jakin diat», erantzungo niokeen. Ez da luze lurpean sartu zutela, Dugiolsen konpainiara.

        Estudianteak ere jakin omen zuen Dugiolsena, eta nirekin akordatu omen zen. «Nostalgia» sentitu omen zuen. Ikasketekin ari omen zen, ordea. Egonkortu gabe omen zegoen artean. Hurrengorako utzi omen zuen gutuna, eta horretan luzatu. Martinezena irakurri zuenean erabaki zuela idaztea, luzatzen utzi gabe. «Kontentu ibiliko zara, ezta?», idatzi dit. «Zerrendan zenituen guztiak ari dira erortzen, eta besoa batere nekatu gabe, gainera. Nor izango da hurrengoa?», galdetzen dit. «Nor daukazu miran jarria?».

        Doinu jostalaria antzeman diot. Ni ez nago jolaserako, ordea. Esplikatu nahiko nioke erdituta nagoela, emakumeak erditzen diren bezala. Bitan zatituta nagoela, ezinaren eta nahiaren artean. Baina neure buruari esplikatzen ere kosta egiten zait; hari esaten hasteko.

        Arrietaren purrustadei bizkar emanda, irakurtzen jarraitu dut, poliki eta nekez, silabaz silaba hitzak osatuz, hitzez hitz esaldiak lotuz. Baina ez da erraza, ez dut ulertzen zer esan nahi didan bizargabeak. Ez da letrarengatik, ez da irakurtzeko ezinagatik. Ez dakit zer esan nahi duen. Arrietak bake puska bat emango balit, behintzat. Ematen du gaur ere nirekin itoko dituela ezinak.

        Gutunean esplikatzen dit Dugiolsenarekin barre txiki bat egin zuela, baina Martinezen albisteak ez zuela poztu, ez ziola zirrararik eragin. Penarik ere ez. «Ez dut esan nahi tristatu nintzenik. Ez naiz ni hasiko haren hezurrak lurpetik ateratzen. Baina pozik ere ez dut batere sentitu». Beste zerbait sentitu omen zuen albistea irakurri zuenean: «Nostalgia, edo urruntasuna, agian». Oraindik urtea ere igaro ez den arren, urrun ikusten omen du Oinazearen Federazioaren sasoia. «Lotsatu ere egiten naiz tarteka», idatzi dit. Barkatzeko, baina lotsatu egiten dela. Ez gaizki hartzeko.

        Ez gaizki hartu? Nola nahi du hartzea orduan? Zer nahi du pentsatzea? Ez dut ulertzen zertaz lotsatu behar duen. Ez dakit zertarako idatzi didan.

        Alferrik sartu naiz Ramiroren tabernara. Ez dakit zergatik pasatu naizen aurretik. Beharrik ere ez nuen. Kalearen beste aldetik joanda ere berdin zitzaidan. Arrieta pixka bat isilduko balitz, sikiera, baina horrela ezin da. Arrieta itsaso pare bat urrutiago balego, eta Estudiantea aurrean edukiko banu, esango nioke zerbait. Esango nioke errezelo txarra ematen didala gutun honek. Akaso, esango nioke hasieratik sumatu niola koldar itxura, eskas eta nagi eman zidala eskua Frantsesak aurkeztu zidan egunean. Ez dakit zertarako sartu naizen taberna zikin honetara, jakinda Arrietak azaldu behar zuela, lehenago edo geroago.

        — Mintzen hasia dago ardo hau.

        Ramirori esan diot, baina Arrietak bota behar izan du berea.

        — Hi hago mindua. Ustela

        Isiltzeko eskatu dio Ramirok, bakeagatik. Zakurraren ipurtzulora etorri da, pitxerra jaso, eta ardoari usain egin dio.

        — Mindua egoteko, ederki hustu duk ba —aurpegiratu dit.

        Lotsaz onartu diot baietz. Pitxer berria aterako didala agindu dit, hala ere. Egia esan, joan egin nahi nuke, zulo honetatik irten egin behar dudala sentitzen dut. Estudianteak burla egiteko idatzi didala iruditzen zait. Ez dut gehiago irakurri nahi. Gutun hau jasotzeko gogorik ere ez nuen, ez dakit zer fantasia klase asmatu ditudan, Ramirok gutun bat neukala esan didanean. Begiak nekatzen hasiak dauzkat, Arrietarekin nazkatzen hasia nago. Utzi egin beharko nuke, oinetako berriak erosi, eta etxera joan, baina baietz esan diot Ramirori, ekartzeko beste pitxer bat.

        — Baina goraino bete gabe. Oinetakoak erosi behar ditiat. Ez diat soldata guztia hemen hustu nahi.

        Jakin-mina handiagoa izaki. Berriro zabaldu dut papera. Ezin dut utzi irakurri gabe, tira egiten didala ematen du. «Neure buruaz lotsatzen naiz». Lotsatu egiten dela esateko idatzi badit, ederki gaude, pentsatu dut. «Umea nintzen orduan. Ez nekien zertan ari nintzen ere». Ez dut ulertzen zer egiten dudan hemen, odol txarra egiten gutun nazkagarri honekin. Estudiantea adarra jotzen ari zaidala iruditzen zait. «Emiliok leiho bat zabaldu zidan, eta liluratu egin nintzen erokeria harekin».

        Erokeria? Ziri ederra sartu didate adiskide uste nituen horiek.

        Baina nik hasieratik bertatik jakin nuela konturatu naiz. Bostekoa emateko modu nagi hartan, zapi brodatu haietan, zalditik jaitsi gabe eskua eman behar hartan. Ikusten zen ez zela gure artekoa; beste kasta batekoa zela. Ez dakit Frantsesak nondik atera zuen oilo busti hura. Ez dakit zer ikusi zion aurpegi leun hari? Hura al zen errautsetatik piztu behar gintuena? Alberto?

        Eta okerrena da nik banekiela, hasieratik, eta ez niola usteari kasurik eman.

        «Orain poztu egiten naiz dena hasi aurretik bukatu zelako», idatzi dit, traidore horrek. Akabo. Orain bai. Kito. Ez du ba nire erantzunik jasoko. Aspertuko da nire gutunaren zain egon behar badu.

        Mahai gaineko kriseiluaren atea zabaldu dut, eta orria tolestu erditik. «Salute, compagno!» idazteko adorea izan du gainera, gutunaren beheko aldean. Hori ez bada adarra jotzea.

        Kriseiluaren ate zabaldutik sartu dut gutunaren mutur bat. Barrura. Gorritzen hasi da papera. Estudiantearen lebitari emango nion su, gustura asko, bera barruan sartuta, gainera. Baina konformatuko naiz gutuna erretzearekin.

        — Erotu al haiz? —buila egin dit Arrietak, eta gainera oldartu zait.

        Lurrera bota nau, eta eskuetatik erori zait gutuna. Sentitu egin dut nola irristatzen zen nire behatzetatik. Lurretik ikusi dut nola oin zolekin zapaldu eta itzali duen Arrietak.

        — Hi ez hago osorik! Denok erre nahi al gaituk!

        Derrepente zutitu naiz lurretik. Bultzakada batekin, gutunaz aparte bidali dut Arrieta astapotro hori. Papera jaso dut lurretik, eta ate aldera abiatu naiz, baina atzetik zangotrabatu nau Arrietak. Zanbulu egin eta mostradorearen kontra joan naiz. Eskutik irristatu zait gutuna. Ordurako, errezoan hasia dago Ramiro. Ez dut ondo entzuten, baina sumatzen dut haren erretolika. Gutuna hartzeko makurtu da Arrieta. Esku zikin hori.

        — Zer daukak hemen, hainbesteko arretarekin gordetzeko? —zirikatu nau—. Baina, hik ba al dakik ba leitzen?

        Ez diot denborarik eman gutuna hartzeko. Lurretik zeharo altxa gabe, ostikoa eman diot eskuan, eta labana atera dut gerruntzetik.

        — Uztak gutun hori!

        Arrietaren gainera oldartu naiz.

        Hortik aurrerakoa lausoturik ikusten dut.

 

 

Nahastuta nago oraindik, baina gero eta lan gutxiago ematen dit esnatu eta ohe moduko honetan esertzeak. Orain lanak ematen dizkidana bizarra da. Sekula baino luzeago daukat, eta ematen du hura hazten egindako lanean ahitzen zaizkiola indarrak nire gorputzari. Lau egun, eta hebaindua daukat gorputz osoa oraindik.

        Goizeroko moduan, arrastaka iritsi naiz palankanaren ondoraino. Lau eguneko ur zikinean eskua sartu eta aurpegia pasa dut. Ur tantak erori zaizkit bizarreko ileetatik. Bitxia da.

        Tantak ikusten ditut erortzen, baina ez ditut sentitzen azalean.

        Nigandik eroriko ez balira bezala.

        Astearte arratsaldean egin nuena bezala, Ramirorenean.

        Ez zen nigandik atera. Ez dut sentitzen nik egin nuenik. Baina ikusi egiten dut nire eskuaren bekatua.

 

 

Hemen sartzean, edo berdin aurretik pasatzea tokatuz gero, Odia al delito, compadece al delincuente irakurtzen da. Baina ez da erruki etxea. Mojak etortzen dira bai, tarteka, baina hemen ez dago inorengatik abemaria bat errezatuko duen kristaurik. Hona heldu aurretik uste nuen ikusiak nituela ikusi beharreko guztiak, paseak nituela inon diren infernu guztiak.

        Oker nengoen.

        Gogoan daukat ikusi nuen lehen aldia. Kanpotik ikusi nuen lehen aldia. Dozena bat lagun zeramatzaten bertara, esku eta hankak kate luzeekin lotuta. Nola aldatzen diren kontuak, barrutik edo kanpotik ikusita.

        Ez askotan, baina tarteka joaten ginen Ondarretako arroketara. Bainatzeko ez zen leku txarra. Konportako harpausoetan jolasean ibiltzen ginen. Olagarroak ere harrapa zitezkeen arroketan, abileziarik izanez gero. Ni ez nintzen langintza horretarako jaioa, ordea. Besteek nola ehizatzen zituzten ikustearekin etsi behar.

        Neska gazteren batekin paseatzeko ere, ez zegoen gaizki. Bazter batean zegoen, bertan baina apartean. Gure jirako neska gehienek ez zuten paraje haietara joan nahi izaten, ordea. Ez zuten gurasoen baimenik. Guk ere ez, baina.

        Lanean hasi nintzen, ikatz partitzen, Gomera deitzen zuten mutilzahar begi bakar batentzat, eta arroketarako joera eskastu zitzaidan. Gainera, kartzela berria eraikitzeko lanak hasi zituztenetik, bertarako gogoa ilundu zitzaigun.

        Orduko adiskideak, Anttonio, Tragalax... Kuban gelditu ziren. Nik zorte handirik izan ez banuen, haiek gutxiago. Beste batzuk, Luixmari, Bermeano... Ameriketara joanak ziren, gerrara beharrean. Pedrito suak kiskali zuen, etxean. Zunzunegi, bizi bazen, ez nuen gehiago ikusi bueltatuz geroztik. Banekien Ezenarro Alegiara ezkondua zela, eta Anjelek Bilbon egiten zuela lan. Tarteka ikusten nuena Abelino zen, arotz hasi zena aitarekin. Hura pasako zen, akaso, kartzelaren aurretik, eta irakurriko zuen sarrerako atearen goiko idazpurua. Ni barruan egon nintekeela susmatu ere gabe.

        Ondo gogoan daukat noiz ikusi nuen lehen aldiz, idatzi hori, bertsotarako puntu galdua eskuratu bainuen egun hartan.

        Antiguan ikatz partitzetik heldu nintzen, gurdi hutsari tiraka. Bidean topo egin nituen soldaduak, presoak kartzela berrira aldatzeko lanean. Dozena bat gizon, esku eta hankak kateatuta, geldirik zeuden badiako ibilbideko barandaren kontra. Armak bizkarrean tinkaturik, eskuak eskopeten uhaletan zeuden soldaduak, lurrean etzanda zetzan gizonarekin zer egin erabaki ezinik. Etortzen ikusi nindutenean, nigana egin zuten soldaduek. Altoa eman zidaten.

        — Hire gurdia behar diagu!

        Errekistatu egin nahi zidaten, baina agindua zen; zer esan behar nion?

        — Gizonetako bat egoskortu egin zaiguk —eman zidaten azalpena.

        Lurrean etzanda, sabelari eskuekin eusten zion ezkailuari erreparatu nion. Hila ematen zuen, kolore zuri harekin. Gainerako gatibuak burumakur zeuden, eserita batzuk, barandaren kontra besteak.

        Soldaduetako batek katetik askatu zuen eria, eta gurdian zamatzen lagundu zidan arnasa hartzeko indarka hari zen gizon luze hura. Hezurrak hautsi behar zitzaizkiola ematen zuen.

        Ilara osoa lerroan jarri zuten soldaduek, abian jarri ziren. Atzetik jarraitu nintzaien, ahal izan nuen bezala, gurdiari tiraka. Ezkailu hark ez zuen ihes egiten saiatzeko itxura handirik, baina soldadu batek aldamenetik jarraitzen zigun, begirik kendu gabe. Ez zituen gerriak asko okertuko niri laguntzen. Erdi hildako ezkailu hark ez zuen hiru ikatz zakuk baino gehiago pisatuko, baina eskertuko nuen besoren baten laguntza.

        Kartzela berriko atariraino joan ginen. Ate handi hura zabaldu zuten. Ez nuen barrura sartzeko batere intentziorik, eta handik aurrera ni gabe ere moldatuko zirela esan nion atzetik zetorkigun soldaduari.

        — Barruan entzerratuko haugun beldurtu al haiz? —galdetu zidan irriz.

        Atearen goiko aldeko idazpurua seinalatu eta, han jartzen zuena eginez gero, ez nuela zertan beldurrik izan, esan zidan.

        Laguntzeagatik txakur txikirik ere eman ez eta, gainera, eskerrak ematea nahiko zuen. Ez nekiela irakurtzen erantzun nion. Orduan jaso nuen burua, idazpuruari begiratzeko.

        — Odia al delito, compadece al delincuente, hori jartzen dik —esan zidan—. Delitua gorrotatzen baldin baduk, ez daukak hemen bukatzeko beldurrik.

        Presoa gurditik jaisten lagundu nion. Ezkailua besazpietatik heldu eta arrastaka eraman zuen barrurantz. Ateak itxi aurretik idazpurua seinalatu zuen berriro.

        — Badakik! —buila egin zidan, barrez-barrez.

        Ondo gogoan daukat, Arrietarekin akordatu nintzelako. Berandu, baina behar zen garaian bertsotan eman ez nion errespuesta okurritu zitzaidalako: lapurrentzat ez dagoela errukirik, hori esan behar nion.

        Urrun geratuak ziren Gabonetan kantari irteten genuen sasoi hura, ordea, eta Arrietari esateko berandu zelako, isilik egon ezin, eta Frantsesari eta Estudianteari kontatu nien.

        Ez zidaten kasu handirik egin. Estudianteak ozen irakurtzen jarraitu zuen auskalo zer paper zahar. Hark irakurtzen bukatu zuenean hitz egin zuen Frantsesak.

        — I a un temps que trampa, un autre que destrampa.

        Tarteka bazuen, ezustean, okzitanierazko esaerak errezitatzeko ohitura hori.

        — Eroriko da kartzela hori ere —erabaki zuen.

        Barre egin nion Frantsesaren inuzentekeriari.

        Serio jarri zitzaidan orduan. Berari barre egiten ari al nintzaion galdetu zidan. Ezetz erantzun behar izan nion, barreak isilduta, baina inuzente galanta izango zela hori egiatan pentsatzen baldin bazuen.

        — Inuzente galanta naiz, orduan?

        — Ez nian hori esan nahi...

        — Ba esan egin duzu.

        Azaldu nahi izan nion, baina ez zidan utzi.

        — Eguzkia jartzen ikusten ez zuen inperioa, esaten zioten. Zer uste duzu pentsatuko dutela erreginak eta haren ministroek orain?

        Ez nuen ulertu zer galdetzen ari zitzaidan.

        — Zer uste duzu pentsatuko dutela Kuba eta Filipinak galduko dituzten egunean?

        Artean ez zegoen horren argi kubatarrek irabaziko zutela, baina Frantsesak horrela galdetu zidan.

        — Zer uste duzu pentsatuko duela erreginak, Kubaren independentzia sinatu eta, hurrengo ilunabarrean, leihotik begiratu eta eguzkia erortzen ikusiko duen goizean? Badakizu zer pentsatuko duen?

        Sudur puntaren pareraino altxa zuen hatza.

        — Sekula pentsatuko zuela uste ez zuena, hori pentsatuko du. Eguzkia erortzen ari dela, eta lur haiek ez direla ja Espainiako Koroarenak gehiago izango.

        Kristorena esan balu bezala gelditu zen, aulkian atzera bota eta gerrikoa lasaituz sabelaren bueltan. Estudianteak ere barre murritz bat zuen, ez zuen ezer esango, baina sumatzen zitzaion gustatu zitzaiola.

        — Eta? —galdetu nuen, azalpenak eskatuz.

        — Zuk uste duzu Marco Aureliok inoiz pentsatu zuela Erroma hain azkar eroriko zela?

        Asko nekien nik zein zen Marco hura. Laster konturatu zen Frantsesa ere. Begira gelditu zitzaidan, eskuak zabalik.

        — I a un temps que trampa, un autre que destrampa —esan zidan, berriro, zakar eta hisiaturik—. Bibliak ere jartzen du eta, Sotero! Baina nolako kristaua zara zu? «Badago harrientzako garai bat, eta badago hitzarentzako garai bat».

        Ez nuen lotzen kartzelarekin, eta esan egin nion, ez nuela ulertzen zer lotura zuen horrek guztiak kartzelarekin.

        — Batzuetan busti, besteetan lehortu, Sotero, egin eta desegin, dialektika, arraioa, dialektika!

        Zutitu egin zen, galtzetan kabitu ezinik, eta begira gelditu zitzaidan, ezpainak erdi irekita. Komunera joan behar zuela esan zuen.

        Lepoko zapi gorria askatuta eta kopeta handi hartako izerdiak lehortuta, baretuago itzuli zen. Ordurako Estudianteak egina zuen ahalegina, nik zerbait uler nezan. Frantsesa eseri egin zen, haizea hartu zuen, eta polikiago hasi zen hizketan.

        — Nire hizkuntza hau... Hara, garai batean, Europako gorte guztietan, hizkuntza honetan kantatzen zieten errege-erreginei. Bai. Okzitanieraz kantatzen zuten trobadoreek. Orain, berriz, nork uste duzu hitz egiten duela orain? Nork uste duzu kantatzen duela okzitanieraz? Inork ez, Sotero. Urte gutxi batzuen buruan galduko da. Ez da gehiago entzungo. Ezer ez. Desagertu egingo da. Zuk uste duzu...

        Libre zuen eskuko hatz erakuslearekin atze aldeko horma seinalatu zuen.

        — Zuk uste duzu trobadore haiei, duela bostehun urte, norbaitek esan balie okzitaniera desagertu egingo zela... Zuk uste duzu sinetsiko lioketela?

        Hori esan nahi zidan, beraz, kartzelarekin.

        — Barre egingo liokete!

        Nik barre egin nuen moduan, alegia, esan nahi zuen.

        — Inuzentetzat hartuko lukete!

        Nik egin nuen moduan, alegia.

        — Dena bukatzen da, Sotero. Dena. Gauza batzuk betirako direla ematen duen arren.

        Zentzuzkoa zirudien Frantsesaren burugabekeria hark.

        — Kontua da zenbateko indarra egiten zaion, bukatzeko.