Zulo bat uretan
Zulo bat uretan
2008, nobela
208 orrialde
978-84-92468-01-0
azala: Lander Garro
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

—6—

 

Urak irakin gabe.

        Logelako pertsiana goizero altxatzea bezain mekanikoa dirudien arren, urregilearen antzea eskatzen duen lantegia da matea taxuz gertatzea, Maite. Neuk ere lanak izan nituen, ez pentsa, baina umetan etxean ikasi bezalaxe egiten dut oraino ere: ongi lehortutako matea hartu bezperan utzitako apaletik, belarra erdiraino bota, eskuaz estaliz ontzia ahoz behera jarri hautsa aska dezan, bonbilla sartu, egoki kokatu, ingurua bustitzeko adinako ur xorta bota, ahorainoko belar guztia erantsi, eta ur beroaren txorrota isuri.

        Oraindik ere aditu egiten dut aita etxeko sukaldean, egunkaria mahai gainean zabalik duela, ezpainak silaba bakoitzarekin ozen ebaki eta entzuteko moduan irakurtzen, begiak paperetik altxatu gabe, ni batera edo bestela nabilela, nik dakit bada zertan, atzealdera joanda zigarroren bat erretzera, edo Osvaldo beltza-rekin leihoaz bestalde kalakan... eta ez dakit nola, haren begi handiak azaltzen zaizkit oraindik ere, berripaperetik doi bat jaso eta beha, gure zaharraren begi irten haiek, aurrean zuen oro ehizatu eta, ezta Constitución geltokian bildu ohi diren basazakur amorratuetako bat balitz ere, letagin artean hamaika zati egiten ninduela.

        «Irakin gabe!».

        Entzun egiten zuela esango nuke, Maite. Aitak entzun egiten zuen uraren mintzoa, burbuilak pava-ren ipurditik gorantz igotzen, badakizu, purrustila txiki eta geldoak hasieran, ur azalaren kontra jotzen duten gero eta anpulu borobilago eta azkarragoak nik sutatik erretiratu gabe bertan utzi arau.

        Borbor egin arte.

        Sarri samar gehiegi berotzen uzten nuen. Edo hotzegi erretiratzen ontzia beti piztuta zegoen surtatik. Orduan begiei laguntzen zien bekozkoa eta ezpain mintz okertua. Alferrik galdutako matea zen hura. Letrak orri zabaletan zeudenean utzi eta begiak ziren eleka zirenak. Aita arraina zen, ez esan nolakoa, Misioneskoa edo entrerrianoa, Amazonas aldekoa nolanahi ere, surubi-aren aldean bestelakoa, ez dakit nola esan, baina matea egiteko uretan bizi zen arraina, hozbero jakin hartan bizi zen bakarra. Eta esan dizut, txakurrak baino hobeto zekiena ehizan.

        «Txahal begiak dituzu, vasquito», defenditzen ninduen amak senarra erregosten ikusten zuenean. Eta orduan gure zaharrari are handiagoak egiten zitzaizkion, zuloetatik jauzi eta eraso egin behar zizutela zirudien. Ez zuen amaren umore alemana jasateko nahikoa egonarririk. «Alemantzar hauek guztiak bertara joango balira!» esanda, orduan inork ulertzen ez genion ahapeko erretolika luzean katigatzen zen, eta egunkaria mahai gainean utzita, gelarakoa egiten zuen, ateari danbatekorik eman gabe baina. Ondorengo orduetan Radio Rivadavia egiten zen etxearen jabe, eta gurasoen gelatik bazter guztietara zabaltzen ziren Fontana Show edo Hector Larrearen Rapidísimo saioaren hotsak. Afalondorena bazen, Radio Continental jartzen zuen aldiz, berak inoiz argi azaldu ez bazigun ere, bagenekien, Olavarriakoak tarteko familiako egiten zitzaigun Betty Elizalderen ahotsa entzuteko. Ez zitzaion haserrea irratia mututzen zen arte itzaltzen.

        — Proba ezazu, Maite.

        Hamabost urte nituen. Hilabete batzuk izango ziren Peron hil zela, eta irratiak behartuta zeuden ehuneko handi batean bertako musika jartzera.

        — Kontuz, erre egiten du-eta.

        Nazionalismoek bizirik jarraitzeko behar izaten duten neurri bat, aurrez berotutako jendearen gustuko erabaki populista horietako bat. Badakizu, tangoak-eta, baina folkloretik asko. Zer nahiago gure zaharrak, ez zituen ingelesak kanturako ere begien aurrean nahi.

        «Esadazu musikari ingeles on baten izena!».

        Alferrik aipatuko zenion edozein.

        «Errusiarrak, hungariarrak, poloniarrak... tira, Alemaniaraino. Horiek bai!».

        Klasikoez ari zen, noski. Eramanezina zitzaion musika berria.

        «Lurraren indarra, ulertzen? Lurraren indarra!».

        Eta aitonak zapatak konpontzeko behar adinako sekretuak kontatu bazizkion, ordainean musika nola maitatu behar zen erakutsi zion gure aitak aberririk, uhalik eta maletarik gabeko soldadu uzkur hari. Melomano handiak ziren biak.

        Horregatik harritu ginen Larralderen milonga baten ostean irratiak kanal berean segitzen zuela ohartu ginenean. Beatlesak ari ziren, Let It Be zela esango nuke, seguru, pieza amaitu arte jo ahal izan zuten. Aitona berehala ohartu zen. Kanpora begiratu eta espaloia harrotuta gehiegi hazitako ezkiaren adarretan geratu zitzaion begirada. Uda betea zen, urtarrila, eta umeak berandu arte ibiltzen ziren patio atzean jolasean. Baloi baten hotsa entzuten genuen, horman behin eta berriro joz. Let It Be. Zoazte zeuen gelara agindu zigun arrebari eta bioi. Amaren bila atera zen gero, auzoarenera. Egunkaria han gelditu zen, mahai gainean, hildako kalatxori handi bat balitz bezala.

        Barkadazu, Maite, ez dakit zergatik bahitu didan gogoa orduko ilunabarrak, leiho orriak zabalik, arbolak besoak luzatuta eta Osvaldo beltza ateraino helduta, zer gertatu den jakin nahian. Tangozale amorratua zuen aita, gorria arras, eta Puglieseri zion fedea, musikan ez ezik bizitzaren aurreko filosofian ere. Hortik zetorkion izena, Osvaldo. Nik, berriz, Oscar, aitonarena. Bata dela edo bestea, jabetzen zara, inoren bizitzak norberarekin beti, izenean bada ere. Hala zen usadioa gurean.

        — Azukrea ere botatzen diote batzuek, mikaztasuna kentze aldera. Nahi baduzu...

        Aitonarentzat gordea genuen alorrean ehortzi genuen, Chacaritan. Petrala zen, baina zital askok bezala ez zuen umorerik falta. Nik badakit barre egingo zuela ikusi balu non lurperatu genuen. Berak kontatuta dakit Virulazok, ezagutzen duzu?, hemengoa zen jatorriz, Jorge Martin Orcaizaguirre, Argentinan inoiz izan den tango dantzaririk onenak, Italia aldean jiran ibilita etxera itzulita, hangoaz galdetu ziotenean eman zuen erantzuna:

        «Venezia? Chacaritako hilerria, uholdeak harrapatuta egotea».

        Eta han da aita orain, Virulazoren ahokadan, Ca'Foscari jauregia dirudien panteoi haietako batean barik lurpean, gaindosiz hildako erdipurdiko rock kantari baten ondoan, berenez beren betirako.

        Lur eman genion igande goizean, atertu gabe aritu zuen goizetik. Katabuta lurrean sartu genuen unean ere arindu ez zuen euri xehea, hemengoaren aldean bestelakoa baina, eta sinbolismorako keinurik ez, hodeiak ez ziren zabaldu, eguzkia ez zen zirrikitutik lotsagabetu. Tximu eginda nengoen, euriak soingainekoa pasa eta elastikoa bustitzen zidan. Amak etxean geratzea zuela onena erabaki genuen, eta osaba-izeben esku utzi zen guztia. Egunak eman nituen irudia burutik kendu ezinik, aita Dogoen Kanal Nagusian betirako.

        «Irakin gabe!».

        Gaizkitxo, arraina zen.

        — Ez duzu gehiago nahi?

        Hura hil eta denboralera joan zen aitona, Prozesuaren garaian. Penaz, alabarekin errukituta eman zituen ilunabarrak harrezkero. Ikusi zuenean non hobiratu genuen aita, berarekin ez genuela horrelakorik egingo agintarazi zigun, erre egin behar genuela sartu zitzaion. Hala hitz emanarazi zion amari. Azkenean pneumoniak eraman zuenean, esan bezalaxe egin zen. Segizio txikiak lagundu zituen errautsak Costanera Nortera. Han, Arrantzaleen klubaren parean, auzoko bezero batek klarinetea jo zuen, eta hala joan zen La Plata ibaian behera egun sargoritsu batean. Aitonaren hautsak ur lohietan galdu zirenean norbaitek Oskar Escher bere aberrira itzuli zela esan zuen. Nik ere eskuaz hartu nuen aitona. Errautsak epelak zeuden. Ontzia eguzkitan uzteagatik zela azaldu zuten han. Alkandora orduan ere blaitu egin nuen, eta burua altxatu nuelako, hegazkin baten sabela dut gomutan, gurpilak aterata, Jorge Newbery aeroparkera iristen.

        Ezagutzen ez nuen pieza zen.

        «Shostakovitxena da, oso zuen maitea».

        Halakoxea zen.

        Hitlerren armadak bederatziehun egunez setiatu zuen Leningrad. Ordukoan gosez hil ziren milaka herritar haiei eskainitako zazpigarren sinfoniaren txatalarekin egin genion agur.

        Bortxazko soldadua zen aitona. Ez nazia.

        Aita hil ondorengo hilabeteetan irratiari mihia jan zion katuak. Matea hartzen bai, segitzen genuen, nola ez bada, baina akabo tangoak eta milongak, joan ziren Cafrune eta Discepolo, eta amak berak, kantari aparta zen, gehiago ez abestea erabaki zuen.

        Osaba Fransek aurkitu zion lanari esker egin ahal izan genuen aurrera. Astegunetan ez zen ilundu arte itzultzen Saenz Peña eta Mitre arteko bulego hartatik. Larunbat eta jaiegunetan ere askotan aplikatzen zitzaion joan beharra. Etxea erabat hustu zen. Aitona ez zen ausartu suhiaren gauzak ukitzen, eta disko bilduma hautsak jan zuen. Giltza auzokoaren kakoan utzi zen, eta arrebak eta biok institutuan ematen genuen eguna.

        Garai hartan gauzak aski azkartu ziren. Ogia goizean goiz erosi beharra zegoen, iluntzerako biren prezioa baitzuen. Egunero hori. Arrunt uste zabaldua zen, hala esaten zen eta hala sinetsarazi ziguten, bost orduan behin hilketa politiko bat gertatzen zela. Egunkariek lotsarik gabe iragartzen zuten bazetorrela, eta ezin gintuela gehiago babestu ohartu zen ama.

        Goiz batean bera izan zen sukaldeko mahaiko mantel loratuaren gainean zeuden ontziak baztertuta tartetxo bat egin, gelatik beso artean ekarri, eta patioko atea zarratuta, irratia piztu zuena. Videla jenerala zen hizketan ari zena, Maite. Isabelitaren berririk ez. «Seguru gatibu dutela», pentsatu genuen. Ohitu egingo ginela ahots hartara.

        Delinkuentziaz aritu zen, subertsioaz eta gure artean habia egina zuten piztia marxistez. «Iluntasun honen aurrean, Argentinako herria iratzartzeko momentua iritsi da», esan zuen. «Bakea ez da eskatu bakarrik egiten, zoriontasunaren zain ez da egon behar. Biak, irabazi egin behar dira».

        Hala esan zuen, zoriontasuna irabazi.

        Egun hartan ez ginen institutura joan. Lainotuta zegoen. Presidente berriak amaitu zuenean, materako ura berotu nezala eskatu zidan amak.