Zubigilea
Zubigilea
2007, nobela
176 orrialde
978-84-95511-97-3
azala: Lander Garro
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2011, narrazioak
2005, nobela
2002, nobela
 

 

SAN ANTON ZUBIA

 

— Zer nahi duk?

        — Azal zurbila urre merkez mozorrotzen duten emakume ingelesak, Norwicheko urte ahaztezinei zor; fucking gora fucking behera zango luzeak eta bular oparoak eguzki galdaz gorritzen dituzten Liverpoolgo neska bizizaleak; aldaka zabaleko andre heldu manchestertar mozkortu zaleak eta larrua tatuaje lotsagabez belzten dituzten dublindar gazteak; ilunabarrean azazkal horiak erpeak lez zorrozten dituzten nerabe itxurako unibertsitarioak; working class-eko lirain kalapitariak eta upper class-eko zatar handiusteak.

        — Traidore alaena!

        Norwich: ba al dakit nik non dagoen! Ez dut Luton edo Gloucester baino hurragokoa. Liverpool: gurearen legezko portu industriala! Manchester: futbol talde baten marka gorri hutsa! Dublin: pub, ate eta musikari ile-gorrien postala! Ostu ditiat, Andres, urte ahaztezinak, onenak, daborduko ez haiz gona laburren kontuetan sartuko. Madrilen ez ezik, hiri horietan ere ibilitakoa haiz, Dimitrik jakin ezetz! Buruz zakizkiat hire masterraren adarrak.

        — Carme ikusi duk?

        — Horra Menorcara bueltatzeko arrazoia! —esan dit Josepek—. Banengoan, ba!

        — Hoa zakurraren salara!

        Martiniak eta Walkers Cheese & Onion merkantzia oliotsua dakartza tabernari nagiak altzairuzko azpil batean, ohitura lege. Ez da lar aldatu urtebetean, sarriagoak ditu bekain beltzak, hanpatuagoa sudurra, gorriagoa, borobilagoa begitartea, astunagoa tripa gurintsua, marrantatua eztarria.

        Betiko lez, haize-kirria sartzen da fiordoetara. Milaka medusek setiaturik dituzte kalak, irakiten dago Europako hustubidea. Ekaitzik ezak ere zerikusi handia du kontu dibertigarri honetan. Josepen ekonomia arteztu omen dute, beteago ikusten dut tabernazuloa.

        — Hire zuzendari horrek ez dik amaiera txarrik merezi.

        Segituan traidorea deitu dit atzera ere. Andres Peruarena Ahab nagusi doilorrarekin kupitu nahi du, zernahi ipuin luzatzearen aldeko beti. Harena traizioa. Iribarren alde ere azaldu da. Madrilgo hotel batean ezagutu zuen behinola zurrutero tripontziak. Erantzuteko astirik eman gabe, azpila besapean jarri eta barrurako bidea hartu du. Billie Holliday-ren boz erdiragarria irten da handik. Taberna swing beroan murgildu da. Bueltatu denean, gorantz noratu du hatz lodia, Andres salbatzeko keinada etsigarria.

        — 1988tik Dimitri eta Andres elkarrekin ahantzi ezinik bizi izan dituk.

        — Etsaiaren ezinbestekotasuna duk.

        — Elkarren beldur ere bai.

        — Jashin eta Iribar, historikoa duk hori.

        Botikazarra, Deustuko Erribera eta Zorrotzaurrera joan zait gogoa. Hormetako afixetan agertu zenetik, Andres izu-ikaratan bizi zen. Gara eta El Correo kazetetan Padovanoren ezkutuko asmoak argitaratu ziren une berean itsatsi zituzten lehenak. Bistaz ezagun zuen auzokide jubilatu batek jakinarazi zion non zeuden zuri-beltzezko kartelak. Bilbo Eraiki ez zen haietan ageri. Andresek berehala ulertu zuen nork eginak ziren. Dimitriri egindako bisita ere ekarri dut akordura. Hura ere sinetsirik zegoen Andres modu batean edo bestean paretik kentzen ahaleginduko zela.

        — Eta zer uste duk hik?

        — Aukera bietan sinetsi gura izan diat behin baino gehiagotan.

        — Hire nagusia hiltzailea?

        — Ez eta Dimitri ere! Baina lehen atxiloketaren unean esanda zian: «Pasioak hiltzera eroaten gaitu; zorotasunak, akabatzera; mendekuak, bukatzera; diruak, asesinatzera; amodioak eta desamodioak, kalitzera; erailtzera jelosiak, erailtzera; beldurrak, azkentzera; zekenkeriak, garbitzera; goseak, finitzera; pasioak, heriotza ematera. Eta hilketetan labanez menturatu beharra dago».

        — Eta zerekin geratzen haiz? Erotasunarekin? Mendekuarekin? Jelosiarekin? Beldurrarekin, agian?

        — Traizioarekin! Traizioak ere galdegiten dik aiztoa. Andrei, Andres Peruarena jauna duk! Ez ahaztu hori.

        — Ederto, asesino bilakatu duk Dimitri. Eta zer gertatzen da Andresekin?

        Okertzen ari gara berriro, narratzailea nahasten trebea dut Josep. Bidea ez ezik, norabidea ere ezarri nahi dit ostaler hurrupariak. Dimitriren alde gura nau orain, kontalariaren ekidistantzia hautsi. Eta fin ari da, loreari petaloak kendu eta kendu ari naiz oharkabean.

        — Andreiren barik, Andresen beldur zuan Dimitri.

        Errotik eten dut gogoeta, atsedena behar dut. Bazkalordua denez, lepo dago tabernazuloa. Josepek onartu egin du, alfer lana da katalan bati irakastea azken trakak zer dakarren.

 

 

— Aurreko gauekoak ezin hobeto oroitzen nituelako sineste astunaz itzarri ninduan otsailaren 23an.

        Zapatua zen. Kalea ilun zegoen. Euria ari zuen, edo euria zekarren bederen, ohetik ez nuen detaile hura bereizterik. Irratia piztu nuen. Bilbo Hiriko esatariak hainbat duda ekarri zizkidan albisteak aletzean.

        Goizaldean gizonezko bat atera zuten itsasadarretik.

        Identifikatu gabeko morroi batek bere burua bota omen zuen Erribera zubitik.

        Bat-batean, bular parean adrenalina injekzioa jarri izan balidate bezala, brinko egin nuen.

        — Dimitriren zubia zuan —argitu diot Josepi.

        — Dimitrirena?

        — Bana hartu zuten 63an: hark Erriberakoa; Andreik, Areatzakoa; eta Sasak, bere kasa, San Anton.

        Tabernariak kontakizunarekin segitzeko gomitatu nau, irrika bizian dago.

        Quid pro quo-ka hasi natzaio, jakin beharra daukat Bilboko emakume gazte bat Carme bisitatzera etorri ote den.

        Itsaso bareari begira, bezpera hartako irudi nahasiak etorri zaizkit erreskadan. 13:45ean alfonbra gorririk gabe hartu genuen Padovano Loiuko aireportuan. Ez zegoen inondik ere Gehryren pare. Bostekoa eman zion zinegotziari lehenik eta behin, elkarren ezaupidea bazuten, signore deitu zion. Departamenduko zuzendaria eta zuzendari-ordea ere bazebiltzan jira-biraka. Berandutu baino lehen abiatu ginen Bilbora. Bazkalostean, inolako azalpenik eman gabe, Carmek jakinarazi zigun Padovanorekin egin beharreko afaria bertan behera geratu zela. Andres bozkariatu egin zen. Haren ezusteko algara aztertu nuen adi, ezin bridatuzko barre-imintzioak ulertzen ahalegindu. Izar italiarraren ondoan ez afaltzeak ez zuen Ahab atsekabetzen. Padovanori Udalak ipini ez zion alfonbra luzea etorri zitzaidan gogora. Nagusiak bazuen non paratu neronek hedatu beharreko tapiz gorrimina. Bristada eta irrizko keinu haietan ageri zen. Padovanorekin barik, Carmerekin eta Nekanerekin nahiago zuen hiria eraiki Andres Peruarenak, Sodoma eta Gomorra.

        El Perro Chico jatetxean erreserbatzeko agindu zidan baikor, bazterrera eroanda. Lanaz kanpo ere Ahab sentitzen zuen bere burua. Ez nion kargurik hartu.

        Berehala Dimitrirekin akordatu nintzen, haren eremuan nahi zuen garaipena Andresek.

        — El Perro Chicori lotuta zagok Erriberako zubia. Hiriko beste zubi bat izan duk Perrotxiko, birakaria, ingeniari ingeles batek eraikia, Chicagoko Madison kalekoan oinarritua.

        — Baina zenbat zubi dauzkazue?

        — Uste baino gehiago.

 

 

Loiu aireportu deserosoa da Padovano bezalako arkitektoentzat. Santander, Hondarribia edo Gasteiz dituzte gurago, edo Madril bera. Baina harako hartan Bilboko Udalak ordaintzen zuen bidaia. Arkitekto sienatarra atetik irten zen une berean susmatu nuen bisitak ezer onik ez zekarrela. Eta ez lona gorri bizia zabaldu ez izanagatik. Gehryk ez bezala, Padovanok ez zigun eraikin star bat sortuko, ilunagoa zen haren proiektua. Hala ere, non zeuden berba zuriak eta estutu koipetsuak? Non bilbotarron balakuak? Bazkaldu aurretik, eskolen arteko ipuin-lehiaketan parte hartzen duten umeei urterik behin eskaintzen dieten modu bertsuan eskaini zion alkateak Udaletxeko Arabiar Aretoa. Non zeuden argazkilariak eta ETBko kameralariak? Bildutako guztiak egoera neurtzen zebiltzan. Ezin ulertuzko isiltasun burrunbatsua sortu zen. Eta isiltasuna hitzartuta dago beti. Usaina hartu nion. Inork ez zuen informazio osoa, lepoa egingo nukeen, gorde-gordeka ari ziren. Andresekin nuen dudarik handiena. Noraino zekien. Zer.

        — Aurre-proiekturik gabe ere, bazirudik hire nagusia prest zegoela zubi berriak eraikitzeko.

        Gaueko hamarrak eta bost ezkero elkarrekin heldu ziren El Perro Chicora emakume biak. Kontu dibertigarri bat zerabilten. Carme xarmangarri zetorren, blusa olibakara soinean. Jaka beltz tristea Nekanek. Hamabost minutu geroago batu zitzaigun Andres, sekula baino Ahabago. Dotore zetorren hura ere, Edward Munch-en «Oihua» koadroaren irudia krabatan. Ezikusia egin zidan. «Zein baino zein politago zaudete». Gela hartua nion Carlton hotelean, 201 zenbakiduna, Padovanoren korridore berean. 24:00etan tripako minaren berri eman nien. Bost minutu geroago komunera joan nintzen lehen aldiz. Erlojuak eta laurdenak jo aurretik ni gabe jarraitu beharko zutela iragarri nuen. Ez Carme ez Nekane ez zitzaizkidan batere harriturik iruditu. Lapak lez zeuden elkarri itsatsita. Ahabek adostasun keinua egin zidan, Almax hartzeko.

        Handik minutu batera Madariaga tabernarako bidean nenbilen, bakardadea zurrutean arintzeko beharrez.

        — Hurrengo egunean, irratia nahastuta entzuten ari nintzelarik, Andresek bere burua hil zuela otu zitzaidaan. Gogoetak ez dik ez bururik ez hankarik, jakina. Jatetxean zegoan. Handik irtendakoan, gorputz bat uretatik ateratzen ikusi nitian ertzain batzuk. Irratiko berria entzun nuenerako banekian norena zen.

        — Zer jazo zen afalostean?

        — Carmek eman zidaan haren berri.

        Hiru egun geroago Basurtuko Neurologia eremuan bisitatu nuen Andres. Itxura espantagarria zuen. Hiru eguneko bizarrak eta demaseko nekeak mudaturik zuten zeharo zuzendaria. Mesanotxera eroan nuen behakoa. Ez zegoen deus. Andresek mespretxu keinu bat egin zidan. Ez zitzaion lar inporta. «Nola jakin duk?», bota zidan ezer baino lehen. Itxaropen doinu umiliagarria zegoen han, putakumeak ez zuen nire bisita estimatu gura. Alde egiteko gogoa sartu zitzaidan.

        Carmek kontatutakoak ekarri nituen gogora. Gauerdian, jatetxetik irtendakoan, Andresek inguruko pub batera joatea proposatu zuen. Kanpoko atean bertan hasi zitzaion lehen krisi epileptikoa, Erriberako zubiaren parean. Bigarrena larrialdietako ohean bertan etorri zitzaion. Neurologian hirugarrena eta laugarrena. Urduritasunak eragingo zizkion krisiak. Lurrean dar-dar batean zegoela anbulantzia bat galdatu zuten neskek. Ospitalera laguntzeko prest agertu ziren Nekane eta Carme, baina erizainek lasaitutakoan hanka egin zuten.

        — Ez zitean harekin egon gura.

        — Bistan zagok, plan hobea zeukatean. Zubiak ihes egiteko ere badituk! Iheslaria ez duk koldarra zertan izan.

 

 

Padovano Loiuko aireportuan lurreratu baino egun bat lehenago, Andresek eta Dimitrik gutun bana jaso zuten. Mezulari-enpresa bateko enplegatu batek eraman zuen Ziridinievara. Gutunaren idazpuruan 1964ko ekainak 17 ageri zen. Sinaduraren ondoan, berriz, 2003ko otsailak 22.

        — 39 urteko aldea...

        — Denbora horretan ereindako hazia.

        Kontatzera premiatu nau Josepek zurrut-trukean. Bere egarria nirea baino handiagoa da. Ez diot berehala ekin, ordea. Ailegatu berri diren bezeroek barrara sartzera behartu dute tabernaria. Salto batean egin du. Betilun. Zorrak kitatu beharrean dagoenaren antza hartu diot. Mekagauenka itzuli da nigana. Denbora galdu gabe hasi naiz, gutuna benetan irakurtzen ariko banintz bezala:

        Neu nauzue inor hil duen bakarra. Neu nauzue Charles Manson; neu Andrei Txikatilo; neu Luis Candelas. Hilik zaudete 1964ko ekainaren 17tik. Neronek eman dizuet akaboa. Ustelduriko hilotz kirasdunak zaituztet... Neuri ere helarazi zidatean testu bera lau egun geroago.

        — Sasa!

        Josepek arnasa hartu du sakon akordatu nahirik, igarri egin dio bidaltzaileari, alproja bezain entzule ona da. Oihu lazgarria egin du segituan, alkohol erreserbarik gabe geratua dela pentsatuko dute pig guztiek:

        — Zelan esaten zioten haren atezainari?

        Ezizena ez eze, izen-deiturak ere ez dakizki. Lagun egin diot:

        — Gordon Banks Banks of England, Ingalaterrako goardameta.

        — Hala duk, hala duk. Orduan, Sasak beste biak hil nahi zituen?

        Jarraitu egin dut:

        Neu nauzue zuen hiltzaile ankerra. Lo-zorroan zeundetelarik garbitu zintuztedan Gracia auzuneko pisuan, Berettaz garondoan tiro bana jo gabe. Neuk haizatu nuen askatasunaren ikurra Nou-Camp futbol-zelaian. Neure askatasunarena. Alferrik saiatu nintzen zuek zentzatzen. Martirioan ez zagok mozkinik.

        Eguzkia gero eta baxuago dago. Luze gabe irentsiko du Mediterraneo goiztiar honek. Xarma itzela du hemen arratsak. Une batez, Sasa irudikatu dut Bartzelonako pisuko leihotik begira, itsaso berberari, mende herena lehenago. Eguerdian katalan batek hots egin du Futbol Federazioaren egoitzatik. Sasak berak hartu du telefonoa: «Autoz eroan behar ditiztek Danimarka eta Sobietar Batasuneko banderak futbol-zelaira. Sobietena gorri argiagoz tindatu ditek, ez dik berezkoa. Beste auto bat ere abiatuko duk Nou Campera ordu berean. Kontuz ibili, ez nahastu». Sasak argi ikusi du. Autoen modeloei buruz galdetu dio lagunari. Segidan Andrei eta Dimitriri zuzendu zaie. Artega daude. «Askatasunaren trapua Citroën Tiburon beltz batean zakartek».

        — Auto hartako maletegian, ordea, partidako aktak besterik ez zeudean...

        — Hala duk... Neu nauzue zuen arteko gorrotoaren sinatzailea, zuen amaieraren hastapenaren fede-emailea, zuen heriotza politikoaren notarioa, zuen hilburukoaren ebaslea. Berba hauekin mintzo haiz hi, ezta Dimitri? Neu nauzue zuen herio-lasterketaren bozeramailea. Hilek ez dute berba egiten.

        — Asesino eta etoia duk Sasa, bada.

        Tabernaria gero eta hurrago dabil, petrolio gardenak ernatzen du. Alta, kale egin du hamaikagarrenez. Salduarena soilik onartu diot. Ezer esan barik behatu diot, neu ere garaipen gose naiz, Marlborougheko dukearen bergantinari ababorrean joko diot abordatzea. Apur batean itxoiteko eskatu diot. Walker patata frijituak eta largabistak behar ditut, andrazko ingelesak hondartzatik ospa egiten ari dira erret-epidermisak kiskalita. Mina eta hildura maite dituzte, horretan antza Dimitri eta Andreirekin.

        Bartzelonara itzuli naiz. Bihotzean daramatza trapuak Sasak, ez dago gertu soto bateko gurutzean hiltzeko. Ostu beharreko banderak igitai barik sega du ikur, suizidioa, «bainuontzia», «gurpila», «aulkia», erredura ugari, hamaika aldiz esan die, ez batak ez besteak ez diote kasu eman gura. Folke Bernadotte zamakoan deslaitu da Dimitri, Graciako hormek ito dute Andrei.

        «Ez gaituk kristau epelak!» saiatu da Sasa. «Samina ez zegokiguk guri!».

        Alferrik. Itsutu egin dituk biak. Trufatu zaizkio.

        «Hi haiz hemen epel bakarra!».

        «Koldarragorik!».

        «Bilbon laga behar hindugun!».

        «Kakati halakoa!».

        Mokadu batean irentsi ditut ozpin zaporeko patatak, fini dira hondartzan ikuskizun guztiak. Cala Blancako haurrak baino ez dira geratzen, txonbo egiten harkaitzetatik. Salto bakoitzean iduri du burua kraskatu behar dutela.

        Gutunera bueltatu naiz:

        Euskalduna ontziola betiko zarratu zuten egun berean sortu ziren moila berriak. Hori diok hik, Andres. Biblia Santuaren pasarte bat ematen du, kar, kar. Zuen gezurraren historialaria nauzue... —begietara so egin diot Josepi—. Ondarresa tabernako urteak bukagabeak iruditu zitzaizkioan Sasari. Partida itxia zuan. Gutuna honela amaitzen zuan: Bihar, San Anton elizaren ezkilek gauerdia jotakoan, nire zubian ikusi behar zaituztet, huts egin gabe. Komeni zaizue.

        Tabernariak zupada bat eskatu dit, gazteak edo amoranteak bagina bezala. Zigarroa konpartitzea nire esku balego, debekaturik legoke. Hala ere, luzatu egin diot. Zelan ukatu hainbeste oliba eta martini hartu ostean elkarrekin. Besterik ez dut egin iritsi naizenetik.

        — Sasa, antza denez, Euskalduna zarratu zuteneko urte historikoari estekaturik zegoan artean. Andresek bere bulegoko sastarrontzi laranjan botako zian papera. Eraispen industrialak akabera ekarri ziean iraganeko afera guztiei; edo gehienei, behinik behin: kosta ahala kosta bota beharra zegoan Dimitri Zorrotzaurretik, ziridinieva oro latorritu.

        — Ez Andrei ez Dimitri ez zituan agertu, ezta?

        Otsailaren 22an San Anton zubira abiatu zen Sasa, bazuen Golden Gate. Elizaren ondoan jarri zen, monjeak arrantzan ibili ohi ziren tokitik hur. Tergalezko traje gris higatua zeroan soinean. Besapean plastikozko poltsa bat. Gauerdirako bost minutu falta zirela, 400 piezako erlojua begiratu zuen. Amaitua zuen egun batzuk lehenago. Erdialdera jo zuen astiro. Merkatura begira paratu zen farolaren alboan. Itsasgora zegoen. Vendetta-k bukaerara arteko mespretxua estali behar zuen. Ezker-eskuin behatu eta Sobietar Batasuneko bandera bat atera zuen poltsatik. Trapu zahar kolorgetua zen. Zubiaren erdiko foku nagusian ipintzeko makurtu zen momentuan, erlojua espaloira jausi zitzaion. Sasa atzera egiten saiatu zen, baina laprast egin eta itsasadarrera jausi zen bandera eta guzti.

        — Sama hautsiko zitzaioan.

        — Ez, ertzainek atera zitean hurrengo zubian uretan hamabost minutu eman ostean. Jatetxetik irten nintzen unean ikusi nian, esan diat lehenago.

        Josep etsia hartuta dago.

        — Baina zertarako zubiratu zen?

— Bere atezaina duintzeko.

        — Duintzeko?

        — Loriatzeko! Errematea zuan, sinbolo hutsa. Beharra aurretiaz zegoan finiturik. Neu nauzue Armiarma Beltza eta Txoporen arteko desenpatearen kronista. Kazetaria manipuladorea duk. Neu atezain biei txartel gorria erakutsi dien jujea. Zorrotzaurrerako asmoen berri izan zuenetik, hark piztu zitian su ttipi guztiak. Atzera ere isoszeletu zian triangelua, bere erara.

        Akordu garbiak dauzkat, neroni ere jausi nintzen haren zepoan. 2002ko azaroaren 25ean, Enzo Padovanoren izena Udalak zabaldu baino hiru aste lehenago, Gara eta El Correo Español kazetek italiarraren ustezko proposamen su-emailearen berri zekarten. Bigarrenean zegoen danbada handiena. Luxuzko gunea omen zebilkion buruan arkitektoari. Nekaneri leporatu genion, itsuan ibili ginen. Sasa postari bihurtua zen, aldiz, nori eta niri esker. Oharkabean, zertan genbiltzan eta beste hamaika kontatu nizkion Bartzelonan gertatutakoen truke.

        — Eta erlojua?

        — Sasa ito beharrean atera zitean, hotzak akabatzear. Ni ezagutu orduko, haren bila joateko erregutu zidaan. Erlojua adierazitako tokian zegoan, puskaturik.

 

 

Azken tragoa jo diot martiniari. Ur gardena lasai sartzen da fiordo mediterraneora. Lohia da bere garbian, estolda-zuloa da itsasertza Menorcan. Bizileku bihurtu dut hondartza gaineko behatoki aparta. Ez dut gomutan nola heldu naizen talaia honetara, inork ekarri nauen. Argi dut, baina, ez dudala ipuin honekin jarraituko. Prest naukak, tratulari horrek, aperitif bakoitza ordaintzeko hemendik aurrera, arriskutsu bihur dakidake hau guztia, iluntzean ikus nazake Carmek Ciutadellako kale estu batean, Mercadaleko estratetan behera gau partean, egunsentian Cala d' Macarelletan, Cap de Favatrix-en, Illa de l'Aire-n, Punta de s'Esperon, Platja d'en Tortugan, etzi gauean Maoko portuko pantalanetan, zubi distiratsuz josi ditzakegu irlako fiordoak oro. Bien bitartean, ez dut komeria honen beharrik, Brightongo andrazko bi paratu zaizkit alboan, desio ditut, dauden moduan, zuri, zurbil, hits, eguzkiak kiskali gabe, neronek ere bi, Whitechapel-eko Miss bat ailegatu da orain, ala Mrs. ote da?, berdin dio, Paddintong-ekoa da ile-gorri hori, desio dut, Chelsea-koa adats larukoa, usaindu ahal ditut Londongo auzuneak, Kings' Cross-ekoa hau, Maida Vale-koa hori, Vauxhall-ekoa hura, ez dut zertan jakin Carmek irlara gonbidatu duen Nekane, ez dit horren berririk eman inork, ez dit ezertxo ere esan ondoko burukoi honek, jocker leratsu bat du gordeta non edo non, tipula-malkoz dolutu zait kabroia, egurastu beharrean nago toki hau. Narrazioari ekin aurretik bazekien Padovano kalerik ez dela sekula Bilbon izango. Apirileko udal-hauteskundeetara arte ez zuten itxaron behar izan. Ez zioten alfonbra gorririk paratu. Losintxarik ez nuen sumatu. Erabakita zegoen, Zaha Hadid arkitektoari proposatu berri diote ezkutuan, urrian edo azaroan jakinaraziko dute. Hark diseinatuko du Bilbo berria, Manhattan berria agian, ikusi beharko da Zorrotzaurre irla bihurtzen den, Peruarena & Del Val eta Bilbo Eraiki estudioek lagunduko diote hari ere, dudarik ez dut, ez da eszenifikazioa, behar egingo dute, behar egingo dugu, nire nagusiek konfiantza dute nigan, Hadidek izenpetu egingo du, haren oniritziaz eraikiko dira zubi berriak gurean.