Zubigilea
Zubigilea
2007, nobela
176 orrialde
978-84-95511-97-3
azala: Lander Garro
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2011, narrazioak
2005, nobela
2002, nobela
 

 

AREATZAKO ZUBIA

 

Alde Zaharreko kaleetan barna genbiltzan Andres eta biok, gozotoki bat non topa. Ahab kanpo-ederrak kaxa bana bonboi oparitu nahi zien Carmeri eta Nekaneri. Plaza Barria ondoko denda batera sartu baino lehen, aurreko gaueko amets bat kontatzen hasi zitzaidan detaile eta guzti.

        — Blondaren ipurmamiak eta Beltzaren bularrak sortutako planoak asebete egiten nindian. Arkitekto lez banekian nire ikus-eremua hartara soilik mugatua zela. Uste duk Blonda eta Beltza...?

        Ez ninduen fitsik harritu, ez ametsak ez neuri kontatzeak ere, nire baiezko pizgarrien beharrean zegoen. Entzundakoari buruz duda bakarra nuen: zeri ote zion gorroto Blonda delakoak, Andresen aurpegi kamutsa ikusteari ala, hura gibeletik bultzaka ari zela, Beltza izenekoaren begirada sumatzeari larruazalean. Larri antzean mintzo zen.

        — Hain zeudean emakume biak elkarrengandik urrun! Ezin diat ulertu zertan ari ziren.

        Ametsari buruzko gomuta garbiena hasierakoa zuen. Eri nagien buruak ahora eroan eta zurrupatu egin zituen. Bizarrik gabea zen Beltzaren alua. Blondarena, aldiz, ile-sastraka batek zedarritzen zuen. Hurrupa eta hurrupa aritu zen luzaz. Ondorengo irudiak lausoagoak ziren, maparena izan ezik: Blonda eta Beltza ahoz gora zeutzan zurezko ohatze batean. Blondaren titiak, udare txipi bi iduri, alboetara zeuden makurturik. Beltzarenak borobilago eta handiagoak ziren, horrenbeste gustatzen zitzaizkion Golden sagarren modukoak. Andres belauniko zegoen euren artean. Ohea baldakin bihurtua zen ordurako, arras aldaturik ikus-eremua. Eta baldakinaren barruan ez zegoen lastairarik, plano bat baizik, estudioan ibiltzen genuen horietako bat, ikaragarri handia, bere bizitzan ikusitako handiena. Zorrotzaurreko penintsularena etorri zitzaidan berehala burura, neronek diseinatua proiektuari ekin orduko, hiru metro luze eta bat zabal. Eraikin guztiak ageri ziren: Madaleno Etxea, Mefesa, Lancor, Cromoduro, Saft eta Vicinay lantegiak, San Pablo eliza, Tarabusi fabrika zaharraren orubea, Bilbao-Goyoagaren seme-alaben pabiloia, zerrategia, SAEMA tailerrak... Baita itsasadarreko kaiak ere, ibai-balizak, zurginen ontzitegiak kalafateatzeko, bolardoak, biltegi kalamastrak, buiak, txatarra-mendiak, garabiak, atoiontziak, dragak, gabarrak eta gangilak. Andres geure planoari buruz ari zitzaidan, ez nuen besterik zertan entzun.

        Ametsaren berri izatetik astebetera, Guggenheimeko aurkezpen-ekitaldi batera biltzeko gonbita onartu nuen, Manolo Valdes artistaren erakusketa antologikoaren aitzakiaz. Andresek aukera baliatu nahi zuen emakumeak eramateko. Ez ninduen harritu Nekane ere etortzeak. Glamour-a irrikatzen duen gizarte batean bizi gara azken batean. Ezkerreko mugimenduak karga dira hura lortzeko, baina azkenean jendeak kopak eta El Correoren argazkian agertzea desiratzen ditu.

        Neska argal bat hurbildu zitzaidan azpil batekin. Irri maleziatsua egin nion. Kopakada xanpain hartu eta azpilik azpil ibili nintzen kanapeen bila. Zerbitzari guztiak neskak ziren. Catering-enpresa batekoak barik, modelo-agentzia batekoak ziruditen. Ignacio Bidarte ikusten banuen, galdetuko nion. Halako batean Yolanda Alzola gelditu zitzaidan ondoan, soineko zeru-urdin luzez jantzia. Agurtu egin nuen. Aurkezleak ezer esan aurretik, Enzo Padovano arkitekto italiarraren laguntzailea nintzela argitu nion. Bazekien nor zen. Telebista-solasaldietan lan egiteak halakoak dakartza. Berehala desenkusatu eta ETBko albistegietako esatari batekin biltzera joan zen. Neuk ere bilatu nituen nire taldekoak. Denen artean sintonia doi bat zegoela begitandu zitzaidan. Lehen aldia zen. Biharamunean Andresek ametsaren kontuarekin jo zuen nigana ostera ere, larriaren larriz, mamu armada bat ikusi balu bezain ikaratuta. Eskumuturrei gogor heldu eta ahapeka mintzatu zitzaidan, xuxurla batean.

        — Ezin diat burutik kendu. Lehenari beste batzuk jarraiki zaizkio.

        Zorrotzaurrera bilduak ginen laurok. Nekane eta Carme eztabaida betean aritu ziren luzaz, zenbat zubi behar zituen aurre-proiektuak. Penintsula izaten segituko zuen ala irla bihurtuko zitzaigun aintzat hartu beharra zegoen lehenik eta behin. Eta penintsula zen gure hipotesia. Udalean gero eta babes eskasagoa zuen irlaren kontuak. Udal-gobernuaren zati batek bakarrik eusten zion, batez ere proiektua prentsaren bazka bihurtu zenetik. Hiritarrak ere irlaren aurka zeuden, ez ziren Manhattan berriarekin fio. Andres, Hirigintza zinegotzia bezalaxe, aldekoa zen.

        — Penintsulan, asko jota, sei zubi eraiki litezke. Deustu eta Zorrotzaurreren arteko ubidean lau, eta Olabeaga eta Zorrotzaurreren artean, itsasadarrean, bi.

        Carmek oso besterik pentsatzen zuen. Proiektuak, gutxienez, hamar zubi behar zituen: sei kanalean eta lau itsasadarrean. Eta hamabi penintsula irla bihurtuz gero. Padovanoren beraren ideia zen. Carmek aste bitik behin bidaiatzen zuen Sienara harekin batzartzeko. Star italiarrak arduratuago ematen zuen zubiekin proiektu orokorrarekin baino. Aukera ematen bagenion, kabroiak Pinamontiz josiko zuen Zorrotzaurre.

        Kopuruarena ez zen zubiek zekarten ika-mika bakarra. Nabigazioari begira eraiki behar genituen Nerbioiko zubi berriak, hura Nekaneren aldarria. Itsas Museoraino iristen ziren belaontzi, goleta eta eskola-ontziak porturatzen jarraitu beharrean zeuden. Zubi guztiek birakariak edo baskulagarriak izan behar zuten itsasontziak Euskaldunaraino arribatuko baziren. Ederto asko zekien Nekanek, denok bezala, Padovanok ez zituela itsasadarrean lau zubi higikor eraikiko. Kopuru hura buruan bazebilkion, zubiak mugiezinak izango ziren nabigazioaren kaltetan.

        — Eztabaidaezina dun.

        Carmek begirada beldurgarri batez erantzun zion, abenduaren 13an bata bestearen atzetik zetozkion emendakinak. Kaskako bat emango ziokeen, gaitzitu egiten zitzaion lankidearen jarrera doilorra.

        Detergente eta fuel usaina zekarren haizeak. Itsasbeherak agerian utzia zituen ontzitegi txipiak. Beta lantegiaren aurrean geunden. Aitzinean zamako laranja zegoen, Holandako banderapean. Lazunetan ari zen gizon zahar bat izan ezik, ez zebilen inor. Udaltzainak eta ertzainak aldian-aldian, galdutako auto gorri bat edo beste. Taxi ugari udal-biltegirako bidean. Elkarri mokoka ari ziren Carme eta Nekane, deus berririk ez. Edozelan ere, une txarra zen Andresi arreta eskaintzeko.

        — Ezin diat lehengo ametsa burutik kendu! Hitz egin behar diagu lehenbailehen.

        Gorriturik neuzkan eskumuturrak. Andresen esku likatsuez gain, hozmina. Hura ez zen Ahaben manatua. Gorakoa etorri zitzaidan bat-batean, detergente eta fuela nahas zetozen barrenak endredatzen, itsasbehera. Hatsa zerion boz beldurtiari.

 

 

Autoz jaso nuen bazkalostean. Kostaldeko herri batera ostera bat egiteko proposatu zidan. Bueltan zetorren kapitaina, portu gaineko talaiatik balea zuri asesinoa bistaratuko zuelakoan. Ez nuen astirik izan zakurraren ipurdira bidaltzeko. Erantzuterako bere jesarlekuan zegoen aldizkaria irakurtzen ari zen.

        — Noiztik leitzen dituk honelakoak?

        Fitness Athletic kazetaren zenbaki zaharra zen, azalpenak emateko beharrean ikusi nuen neure burua. Itsasalderainoko bide bihurrian Andresek fibraren onurak aletu zizkidan. Adinean aurrera obsesio bihurtua zitzaion gorputza. Eskertzen nion hipokrisia falta, sekula ez zidan mens sana in corpore sano eta halakorik aipatzen. Fedea zitzaion gazte antzak zekarren politasuna, egunero xerka aritzeak ez zekarkion zamarik. 1988an banandua zen emaztearengandik, Imanol del Valekin batera estudioa sortu zuen urte berean. Orube zaharrean eraikitako etxe berriaren distira eman omen zion banaketak. Nik eta beste edozeinek hauteman ezineko bristada. Maiz entzuna nion hura. Batek jakin. Andresen baieztapen askotan legez, esandakoaz bestera ulertu beharra neukala agindu ohi nion neure buruari.

        Lehen hondartza desertuak bistaratu eta gero, duda sortu zitzaidan. Ordura arte Carme eta Nekane ikusten nituen, hurrenez hurren, Blondaren eta Beltzaren larruazaletan. Ez zen harrigarria. Neuri ere agertzen zitzaizkidan andrazko biak lantzean-lantzean. Erretegi baten parera heldutakoan, aldiz, Dimitri eta Sasa ikusi nituen, ezin gardenagoak, biak ala biak ahoz gora veneziar erako baldakinean, baina ez neronek diseinaturiko planoaren gainean, baizik eta Nou Camp futbol-zelai zaharraren belar kilikarian, zakil gabetuak. Barre egin nuen neure kabutan. Ez zen buru-hankarik gabekoa. Andresek zer edo zer zeukan biekin, zor moduko bat. Dimitriren aitorpen izugarrian zegoen, harako eldarnio hartan hamaika arrazoi harrotu zituen, jokalari bezainbat. Eta Sasaren ahots mingostuan ere bazegoen erreminik, hura ere mendeku bila ez ote zebilen. Zer, ordea. Andres Andreiren ezpainetatik entzuteko irrikan nengoen.

        — Blonda eta Beltza atergabe azaltzen zaizkidak...

        Mentrame izeneko tabernara sartu ginen. Bistaz ezagutzen nuen jabea, txima luzeko mutil jatorra. Kafesne kargatua eskatu nuen niretzat eta gin-tonika Andresentzat.

        — Behin eta berriro ikusten ditiat; edonon eta edonoiz, zeinahi egoeratan! Gauez ezin diat begirik bildu!

        Oihuka ari zitzaidan, ahapeka ni.

        — Eta nola dakik Blonda eta Beltza direla?

        Telebista azpiko mahaian jesarri ginen, barratik urrun. Arrantzarik ez egiteko erregutu nion.

        — Esan diat nolakoak diren. Blondak adats horail distiratsua dik, begi urdin jostalariak, sudur fina, sabel zapala, zango luzeak eta madari itxurako titi sendoak. Beltza, berriz, ikatza duk, begi zelatariak ditik, bular handiak, musu biribila, aldaka kulunkaria, bizkar zabala eta ahots sentsuala.

        Carme eta Nekane albait garbien ikusteko senperrenak egin nituen. Kostata bistaratu nituen. Itsasoak hareazko gazteluak zelan, hala desagertu ohi zaizkit jendearen begitarteak. Hala ere, Blondari lehenaren antza hartu nion eta Beltzari bigarrenarena. Eta arestian Dimitri eta Sasa alboratu arren, eurak ere etorri zitzaizkidan gogora, lipar batez bakarrik, Andresek ez baitzuen gelditzeko asmorik. Koilara txikiarekin kolpeak jotzeari ekin nion.

        — Lehen ametsa izan nuenetik egunero ikusi ditiat, aldaketa batzuk gorabehera. Orain Beltzak larru argiagoa dik. Normala duk desitxuratzea, irudiak, oroipenak bezala, etengabean mudatzen dira-eta. Gainera, irudi baten gomutak dituk. Are zailagoa duk. Ulertzen duk, ezta? Baina funtsean eurak dituk, Blonda eta Beltza.

        Platerean laga nuen koilaratxoa lau gizon sartu ziren unean. Hangoak ziren, zer duda egin, kanpotar antza hartu ziguten. Portura eroan nuen behakoa. Arrantzontzi bi besterik ez zeuden estekaturik. Karrikaratzeko eskatu nion Andresi. Herria mortu zegoen, antxeten txiliorik ere ez zen aditzen. Haize hezeagatik ere, ateri zegoen. Portuari buruz abiatu ginen urrats luzean. Azkenekoz ikusi nuenetik guztiz aldaturik begitandu zitzaidan. Haurretan gurasoekin joaten nintzen egun pasa. Orduak ematen genituen ronpeolasen arrantzan, saskia bete amu. Gau batzuetan txipiroitan ere aritzen ginen.

        Andresek lekutan zuen gogoa. Alboetara so egin zuen herritarren bat barrandan ibiliko balitzaigu moduan. Ez zebilen inor, goiko kale bihurgunetsuak bezain hutsik zegoen babesleku txipia. Apo-begiak tinkatu zituen nireetan irmo. Eske ari zitzaidan. Sorbaldak goititu nituen. Banekien zer zetorren. Muturra okertu eta begi borobilez behatu zidan berriro. Ahab, Testamentu Zaharra besapean, pulpitura zihoan Mapple abadearen tokia hartzera. Munta handiko afera baten aurrean geundela sinetsarazi behar zidan milagarrenez.

        — Kosta ahala kosta margotu beharra zagok Zorrotzaurre, ulertzen duk?

        Buruaz baiezko keinua egitera derrigortu nahi ninduen. Urrun zeuden branka zorroztuaz izotza hautsi behar genueneko garai baikorrak. Margolari etsituak ginen orain. Zinegotziari aitortu nion berben jabetza. Azkenaldian sarriegi biltzen zen harenera. Politikari distiratsua zen. Bazuen zilarra kalparrean, koipea nonahi, korrokoiei darien distira, sastar artetik ibili beharra. Kristal lodiko betaurre beltzak zeramatzan soinean San Juan eskola publikoan eman egunetatik, Aranak eta Agirrek sortua zioten gaitza begietan zereginik gabeko lan orduetan. Hitzarmenetarako, ordea, begi zorrotzekoa zen. Hankaluzea, popa zabala, beso finak, esku hezurtsuak, tripa gero eta beherago. Korapilo gurutzatua krabatan. Nolanahi den ere, metafora berriaren abantailak onartu nizkion Andresi. Baita oker ibili nintzela ere, zuzendaria ez zebilen Padovanoren ideiak bultzatu alde, zinegotziarenak babestu alde baizik. Halaber, zinegotziak ez zuen italiar arkitektoa nik baino estimu handiagoan. Poltsa zaindu beharrean zegoen hamabost edo hogei urtez.

        — Bost inporta jendeari hamar zubi ala sei dauden! Ez dituk zenbatzen hasiko! Eta berdin galiboaren kontu hutsalarekin. Zubiak birakariak diren ala ez! Baskulagarriak diren ala ez! Eta beste horrenbeste masta luzeko belaontziekin! Bost axola Itsas Museoraino ala eraikiko diren moila berrietaraino iristen diren!

        Udal-bozak aipatu zituen jarraian Andresek. Udaberria ate joka zegoen.

        — Urtarrilerako proiektu sendoa behar diagu. Osterantzean, gureak egin dik. Ulertzen duk?

        Gogait eragiten zidaten ulertu hau eta ulertu hori haiek guztiek. Goizeko sesioa ez ezik, aurreko egunekoa ere ipini zidan adibidetzat. Eta segidan aurrekoa ere bai. Carme eta Nekane elkarrekin hasi zireneko egun guztiak ekartzen ahal genituen gogora. Eguneroko bat idatzi izan bagenu, ez genukeen mokokaldirik gabeko lan-egunik aurkituko, behar-ordu adina liskar zeuden zerrenda amaigabean.

        Funtsera jo zuen Andresek. Penintsularen metamorfosia zehaztu barik, bigarren mailako ziren zubiak. Kontu inportantei zegokienez, ezin urrunago zebiltzan aldeak elkarrengandik. Berehalako zerrenda osatu nuen nire buruan deus esan baino lehen: San Mames berria, kirol-gune zabala pabiloi erraldoia eta guzti, kirol-portua, moila berriak —ferrien kaiak ahantzi gabe—, arraun-eremua, merkataritza-gune handiak, Euskal Herriko Unibertsitateko fakultateak eta Paraninfo berria, Industria Museoa, Institutu Ozeanografikoa, etxebizitzak —publikoak eta pribatuak—, lan-eraikinak, bizikletentzako bideak... Den-dena udaberriko programarako.

        — Enzo Padovanori esleitu ziok Udalak proiektua. Batzuetan ematen dik Bilbo Eraikiri eman diola.

        Harrizko aldatsetan gora egin genuen. Ikaragarri kosta zitzaigun igotzea, etxe artetik sartzen zen haizea alde geneukan baina. Andresek etenaldi laburra egin zuen arnasa hartzeko.

        — Nahitaezkoa diagu neska biak elkarrengana hurreratzea. Eta hor sartzen dituk Blonda eta Beltza —ozta ahoskatu zituen izenak, arnasestuka genbiltzan biok.

        — Zer esan nahi duk?

        — Burutik joan zaidala uste duk, ezta? Andresi joan zaiok zeharo. Hire zuzendariak, Europan datorren hamarkadan martxan jarri behar den lan handienetako baten arduradun honek, esaten dik amets batean sortutako andrazko bi dabilzkiola buruan azken egunetan, ezin kendurik. Zer pentsatu behar duk, ba!

        Baiezkoaren erregutan dabilenari baiezkoa eman behar zaio beti. Isilik geratu nintzen. Goiko behatokira heltzean portuko forma beltzei igarri genien. Kaiko argiek zertxobait bereizten zituzten txanelak, yateak eta arrantzontziak. Andresek abante egitera gomitatu ninduen esku-keinu batez, beherantz.

        — Ez zakiat ametseko andrazkoak Nekane eta Carme diren, zer suma bazagok. Baina hain zuan maingua menage hura! Elkar laztantzeko uko eginik biak, ohatze berean larrugorritan. Ondorio garbia atera nian. Ez ziotean elkarri azala ukituko neuk konpontzen ez banuen. Ulertzen duk? Neronek hurbilarazi behar nitian. Baina zelan? Ametsak ez zidaan errebelatu. Lehen uste nian lagungarria nintzela sute txipiak amatatzeko. Baina ohartu nauk ezinbestekoa naizela Carmek eta Nekanek lanean elkarrekin jarraituko badute.

        Portuan ginen ostera ere. Lapatzako harriek burrunba ulergaitza egiten zuten olatuen espantadan, tirain handia zegoen. Argi ikusi nuen. Berriro munduratuko balitz, Julio Zesarrek ez zuen Rubicon zeharkatuko, Nerbioi itsasadarra baizik, nondik eta Andres Peruarenak sinatutako zubi batetik.

        — Ulertzen duk?