Chevrolet tropikala
Chevrolet tropikala
2007, nobela
224 orrialde
978-84-95511-96-6
azala: Jose Luis Zumeta
Rafa Egiguren
1948, Hernani
 
2019, narrazioa
2002, poesia
1986, poesia
 

 

18

 

Espaloiaren ertzean Bus paratzen zuen seinale metaliko gorri baten ondoan dozena erdi lagun zeuden hark ematen zuen itzalaren arrastoan lerro-lerro. Egunkari bat zekarren Migelek hoteletik, eta paperezko txano bihurtzeko zorian egon zen errukirik gabeko eguzki hartatik babesteko. Autobusa uste baino lehen heldu zen, eta ez zuen ahalkegarri gelditu behar izan. Urdin turkesaz margotutako antxoa-lata xarmanta zen eta aulki bat, zorionez, bazegoen libre; beraz, egun hartako berriak irakurtzeari ekion zion.

        Iberoamerikako III. Gailurra Bahia de San Salvadorren bildurik zegoen, eta zenbait agintariren hitzak jasotzen zituen egunkariak. Albisteak ez zeukan —Migelendako, bedere— aparteko interesik, baina irakurri egin zuen dena den.

        Paz Zamora Boliviako lehendakariaren ustez Gero eta zailagoa ari zen bihurtzen Kubaren aldeko elkartasuna.

        Alberto Fujimorik, bertzalde, Abimael Guzman Sendero Luminoso erakundeko aitzindaria aipatzen zuen, Ahal izanez gero tiro bat emanen ziola aitortzeko.

        Espainiako Erregea beti bezain argi eta zorrotz mintzatu zen, eta bere hitzaldia errematatzeko, Garapen soziala eskubide indibiduala ez ezik, betebehar kolektiboa ere bazela erran omen zuen serio-serio.

        Fidel Castrori leku gehiago eskaintzen zioten, bertzeak bertze, isilik geratzeko ohiturarik ez duelako, zeren...

        Hego eta Ertamerikan laurehun milioi biztanle baino gehiagok ez omen zuten ordezkari iraunkor bakar bat ere Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan eta, gainera, bortz potentzia nagusiek baizik ez zuten betoa erabiltzeko eskumenik.

        Aski iruditu zitzaion mundua nola zebilen jakiteko; gainera, ez zekien ziur non jaitsi behar zuen, eta gidariari galdetu behar izan zion.

        Ispilutik zeharka begira zanpatu zuen frenoa, eta aitzineko atea ireki zion denbora gehiago ez galtzeko. Alde batera eta bertzera mugitu zuen burua nolako gibelak zeuzkan adierazteko, baina ez zion, alabaina, fitsik erran.

        Ozta-ozta bizkarrean zeukan pilotalekuaren atea Migelek, eta zabalik zegoela probestuz, eguzkiaren azpian su ez hartzeko, sartu egin zen Virgilioren zain egon gabe. Ordu laurden lehenago iritsi zen adostutako tokira, eta zementuzko mailadian jesarri zen itzalaren gozoan. Urteetan abandonaturik, aldamioz beterik zegoen, baina besta eguna izaki, ez zebilen langilerik. Isiltasun mortu hartan bildurik, pilotaren oihartzuna entzun zuen bere baitan.

        Virgilio Monterok agindu bezala, astebete gabe jaso zuen bere deia, zeren...

        Egunak aitzinera zihoazen, eta egindakoaren berri eman nahi zion. Urtemugaren inguruko ekitaldiak antolatzeko batzordekide batekin bildu berria zen, eta prest zegoen behar bezainbat laguntza emateko. Baina bazterrak endredatzen omen zebilen norbait, eta xehetasun batzuk aipatu nahi zizkion.

        Igandean paratu zion hitzordua. Institutuak egun hartan ez baitzituen ateak irekitzen, Concordia karrikan elkartuko ziren, zeren...

        Pilotaleku zahar bat zegoen bertan, eta erakutsi egin nahi zion.

        Behialako jarleku ederrak hondaturik zeuden. Lur jotako lantegia irudi, leihoetan ez zuen kristal bakarra osorik ikusi. Azalik gabe zeuden hormak, lurra pitzaturik eta herdoilak janik zeukan osoro frontiseko txaparen burdina. Nolanahi dela, Jai Alai irakurtzen ahal zen goiburuan, eta berdez edo urdinez margotutako bazterren bat ere bazegoen. Arras handia zen, hamasei koadro; punta-xisteran jokatzeko erabiliko zuten, noski. Euskal Herrikoa ez bezalako giroa behar zuen izan, habanarrez beterik. Pilotariak etorri zitzaizkion gogora, partidaren beroan, non zeuden ere jakin gabe, elkarren artean euskaraz solasten. Garai hartan irabazleak txapela jantziko zuen Kuban... eta Migelek Obispo karrikako alkatearekin oroitu bertze erremediorik ez zuen izan eta, bide batez, Ainhoari ere egin zion tartetxoa, zeren...

        Migeli poz ematen zion Ainhoak maite zuela pentsatzen zuen bakoitzean eta, berak ere pixko bat, bedere, maite ezean, ez zuen uste halakorik posible izaten ahal zenik. Opari gisa hartzen ahal zuen bere aitorpena baina, bai zera, La Vienesa kafetegiko goiz hartan, hostoa baino arinagoa izaten ahal zena, harria baino astunagoa iruditu zitzaion. Orain, aldiz, ez zegoen hain ziur eta, beharbada, faltetsi ere egiten zuen neurri batean.

        — ¡Aire! —entzun zuen halako batean.

        Virgilio zen sarrerako atean keinuka. Bortzekoa elkarri eman ondoren, zizerone lanak egin zituen; arranoari hegan erakusteko gogoarekin zetorren, agi denez, eta, solaskidearen jatorria kontuan hartu gabe, harrizko zapata-kaxa hura aspaldi batean oihu eta zalapartaz bete ohi zela eman zion jakitera. Amaraun ikusezina ehuntzen omen zuen pilotak tanto bakoitzean, eta giroaren oihartzunean nahasten ziren osagaiak oroitarazi zizkion: aitzineko hormaren kontrako kolpea, botea bera, xisteran harrapatzean ateratzen zuen soinu idorra edo txaparen gaineko eztanda izugarria eta, gainera, pilotarien arteko aginduak, zigortu gabeko faltaren bat salatzeko biraoak, bitartekarien oihuak edo ikusleen artean sortzen ziren zarta-zaparradak eta iskanbilak.

        — El palasio de los gritos —deitzen zioten orduan pilotalekuari.

        Aurki beteko ziren berrehun urte euskaldunek pilota ekarri zutela. XIX. mendean zabaldu zituen Concordia karrikako fronton hark ateak. Igande eguerdian musika-banda batek Kubako Ereserkia eta Gernikako Arbola —Es desir, el himno de los fueros o libertades vascas— jotzen zituen partida hasi aitzin, eta jendea zutitu egiten zen entzuteko. Habanako hiriak ez zuen hainbateko ekarpena aitortu gabe utzi nahi; zorretan zeuden Euskal Herriarekin betiko, eta bere garaian ezagututako mailara jaso nahi zuten pilota.

        Kontu gehiago ere bazeuzkan eta, hitz bertze, Iruñeko ekimenari buruzkoak ekarri zituen solasera. Ez omen zen ahalegin faltarengatik izan, baina gauzak ez zihoazen behar bezain ongi. Bihotzetik bihotzera adierazi nahi zion bere nahigabea. Eskariz gainezka zebiltzan, eta komandantearen adiskide, burkide eta familiarteko gehienek emana zuten beren izena han eta hemen parte hartzeko. Atzerriko konpromisoez bertzelakorik ere bazuten, Santa Claran antolatzen ari ziren gorazarre nagusia ere bideratu beharra adibidez; baina, tira, bazegoen denbora pixko bat, eta lehen mailako eginkizunen zerrendan sarturik omen zeukan Migelen izena.

        Ezinak ezin, albiste hobeak ere bazituen berarendako: Guevarak eskumuturrean kendu gabe eraman ohi zuen Rolex handi bat —oraino bazebilena—, tabakoa erretzeko erabili ohi zuen pipa zaharra eta, gainera, Sierra Maestran eguneroko pasadizoei buruzko oharrak jasotzeko erabiltzen zuen libreta txipia.

        De su puño y letra.

        Eskerrak eman zizkion, baina aurreko egunean eskatutako kantariari buruz deus erraten ez baitzion, Carlos Pueblaren izena utzi zuen Migelek airean.

        — Nada lo hubiera hecho más felis, pero desgrasiadamente fayesió hase por lo menos tres años.

        Aho bete hortz, ahaleginak egin zituen bertze kantariren baten izena oroitzen, eta Virgiliok berriz ere pilota kontuak aipatuz josi zuen solaskidearen etena. Bi astekari omen zeuden aspaldi hartan Habanan pilotaren berri ematen zutenak: Euskal Erria eta Beti Jai. Orduko pilotarien izen batzuk ere oroitzen zituen, hala nola: Ituarte, «El divino sonámbulo»; Nicasio Rincon, «El Pitágoras de los frontones» edo «Macala» —Que significa floho en vascuense—. Eta amaitzeko, hirian zer erran handia eman zuen pasadizoa kontatu zion:

        Ez zekien zein bikoteren kontra, baina Bergarako Txikito zeukan gibelean Makalak, eta azken tantoa bertzerik ez zitzaion falta. Aurkariak, ordea, piztu egin ziren eta, azkenean, inork espero ez bazuen ere, ados egin zuten. Egun haietan partidak hogeita hamarrera izaten ziren, eta bikote bakoitzak bazeuzkan hogeita bederatzi. Aitzineko jokalaria sakatzera zihoala, ¡Aire, Macala! entzun zen frontoneko harria pitzatzeko moduan, eta hirugarren koadroan paratu zen jokalaria pilota errestoan eramateko prest.

        Azken hurreneko kinka larri hark bazuen Habanan bere izena: El tanto de la buya, eta une hartan lehertzeko zorian omen zegoen Oihuen Jauregia.

        Airean harrapatu zuen Makalak pilota, baina indar izugarria zeraman, eta xistera puskatu zitzaion. Are gehiago, puskatu eta zulatu egin zuen pilotak, bere traiektoria jarraituz. Ikusleek ez zuten sinesten ahal eta pilotaria, harriturik, bere erremintari begira gelditua zen. Amorruz beterik egin zuen alde, baina inoiz baino zarta gehiago jaso zituen egun hartan. Ohi ez bezala, Makalak galdu zuen partida aspaldiko partez. Habanak ez zuen jokaldi hura sekula santan ahantziko.

        — La Atenas de la Pelota Vasca —deitu zion Virgiliok Kubako hiriburuari.

        Eta iraganaren orrialdea pasatu ondoren, etorkizunari egin zion bide. Azaroan beteko ziren bi urte Euskal Pilotaren Munduko XI. Txapelketa egin zenetik Habanan, eta hainbat jende zebilen buru-belarri orduan hasitako bideari segida emateko. Aunitz gauza zeuden jokoan eta ez kirolaren aldetik bakarrik, zeren...

        Turismoaren garrantzia atzendu gabe, Ipar Amerikako Estatu Batuek tematurik segitzen zuten blokeoarekin, eta parada ezin hobea gertatzen ahal zen nazioarteko harremanetan aitzinera egiteko, zeren...

        Asmo handiko eginkizunak zituzten abian —Concordia karrikako pilotaleku hura berritzea, konparazione—, baina Espainiako jendeak indar handia zeukan Euskal Pilotaren Nazioarteko Federazioan eta, denak ere amets hutsak gertatzen ahal ziren laguntzarik ezean, zeren...

        — El asunto estriba que hay un pendeho en la delegasión española que dise que las relasiones de los siudadanos de su país deben de ser tramitadas nesesariamente a través de la Enbahada.

        Ez zion gehiago azaldu behar izan. Ez zuen harreman diplomatikoetan sartzeko batere asmorik, bazekien ez zuela deus erdietsiko. Ainhoak ez lioke baimenik emanen jakinaren gainean balego; beraz, bertze alde batera begiratu eta, isil-isilik, parentesia egin zuen, Virgiliok solasean jarrai zezan:

        — No hay derecho.

        Esperantzarik ez galtzeko gomendatu zion hala ere, zeren...

        Ez zen lehen kasua, eta edozein txalupak ba omen zeukan bideratzeko aski denbora zubiaren begira heldu bitartean, zeren...

        Afrikan komandantearekin batera borrokan ibilitako norbaitekin zegoen harremanetan —erabateko diskrezioan ohitutako jendea—, eta Mexikon Granma yatean itsasoratu zirenen artean ere bazeukan ezagunen bat edo bertze laguntzeko prest.

        Atzendu ezineko zerbait zeukanez, fite lekutu zen Virgilio. Ortotsa buru barnean lehertu izan balitzaio bezala, soraio gelditu zen Migel pilotalekuaren erdian bakarrik. Egunkaria besazpian, kanporako bidea hartu zuen mantso-mantso, eta espaloiaren ertzean jesarri zen busaren zain. Jendez mukuru zetorren, baina Migelek ez zeukan lurrean geratzeko asmorik, eta gibeleko sarrera zabalik zegoela probestuz, barnera igan zen autobusak ihes egin baino lehen. Inork ez zion dirurik eskatu eta, egia errateko, ordaintzeko ohiturarik ez zegoela ematen zuen, baina arrotz izaki, hobe zuen zintzo portatu; ondoko mutiko bati txanponak eman eta eskuz esku, katean, txoferraren aldameneko potora heldu ziren, edo heldu bide ziren: txilin-hotsa entzun zuen Migelek, eta handik tarte batera txartela eman zion anabasaren erdian sortu zen esku batek.

        Aldameneko aulkiaren bizkarrean hartu zuen berme. Eskolako haur batek burua sartzen zion ezkerreko besapetik etengabe, eta bere ama zoragarriaren paparrean zeraman berak sudurra tantaka. Izerditan zegoen, pega-pega eginik zeraman elastikoa. Amaigabea egin zitzaion bidea eta, etsipenaren zorian, hoteletik gertu zegoela erran zion errautsaren koloreko aitona zahar batek. Ateekin asmatu ezinean ibili zen txoferra baina, halako batean, gorde ezineko eztula bezala, tupustean ireki ziren. Ahal izan zuenak heldulekuren bati eutsi zion arren, Migelek ezin izan zuen orekarik gorde eta, jaitsi gabe, jausi egin zen espaloiaren gainera.