Jalgi hadi plazara
Jalgi hadi plazara
2007, nobela
228 orrialde
978-84-95511-93-5
azala: Zaldi Eroa
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

Libera me

 

Aste bat eskas mugaz haraindian pasaturik, Baionan nintzen berriz. Egun latz eta zoragarriak higatu nituen Iparraldeko lau euskaltzainen hatzetarik. Hiru gizon hilik suertatu ziren, beste hainbeste orain itzalpean zeuden, eta gure taldea bihurtu zen Mosen Bernaten kopla gordeen jabe. Egia osoaren errateko, Jean d'Amouk, Gexan Hiriarten seme propioak ederki manipulatu ninduen eta gintuen, Bilbotik Bardeen hegietako Santa Engrazia kaperarainoko ibilbidean. Eskerrak Haizemin izugarriaren Thunderbird zaharrak sabelean nahikoa indar zeukala, lasterka horretan garaile atera gintezen. Ezer ez zen aurretik irabazia.

        Goizean hargatik, Basurtuko autobus geltokian bustirik genbiltzan Carmen eta biok.

        — Baionako bestetara etorriko naun. Nobela bukatu eta banatorren!

        — Hitza hitz? Hire eta neure artean nobela bat izango dea beti? Bazekin, hi gabe ezin naun bizi!

        — Ez. Bai. Elkar maiteko gaitun. Eta ez hadila lotsa, lesbiana haizela erraterakoan.

        — Nori nahi dun azal diezaiodan? Fidela naun ni!

        — Hi?

        — Hala naizela uste dinat behintzat. Agian usteak ustel ditun. Ez didan arauz krisi bat eginen... Baina hago lasai, hire maitatzeaz harro sentitzen naun.

        — Hobe.

        — Eta nire baitan azkenean, ongi.

        Barre eztia marraztu zuen Carmenek. Amodiotik landa, presaka beztitu eta geltokira lehiatu ginela gogoratzen nintzen. Besarkadak luze iraun zuen, eta soilik abiatzear zegoen autobusaren tutuak ebaki zituen gure maitale ezin bereizi plantak.

        — Maite haut.

        — Nik ere bai.

        Elkarrizketa mota hauek amerikar film xoxoloetan ziren kausitzen, baina batzuetan bizitza errealean. Batzuetan. Hain gutxi ordea. Baionara itzultzeko bide guztian, autopistan, Carmen neukan buruan, haren soa, haren lepo gibela, haren ezpainak, haren bularrak, haren sabel borobila, haren soinalde leuna, haren pubis ilezua, haren sexua, haren klitoria, haren alua, haren izterrak, haren azpiak, haren, haren... haren... haren... ad libitum. Gorputz lesbiana baten aurkezpen-zerrenda puntalakakurloa molda nezakeen jada Bilboko tunelaren azpitik autobusa ilundu zenean, urrakoak min egin zidan, erdibitua nintzen bat-batean eta negarrez urtu nintzen. Auzoko jargiako andere adindua ene egoeraz kezkatu zen:

        — Gaizki zaudez ala?

        — Ez.

        — Orduan, zergatik malko horiek?

        — Lasai. Zorionezkoak dira.

        Begietako uholdea jabaldu zitzaidalarik, bezperako Kafe Antzokiko emanaldiko irudiek eraso ninduten: kantari zuberotarrak ikaragarriak ziren, biziak eta hilak, ukiduraren limes-etaraino eroaten gintuztelako. Eta Haizeminek, zoramena haziz, airarazi zituen Bernat Etxepareren bertso haiek:

 

                Gizonaren probetxuko emaztia bethi da

                Barnean sartzen zaiola hazittoa kurri da

                Ezpata zorrotza dauka egundainoko gida

                Eztenak baduelarik sekulakoz segida.

 

        Gelan metatu jendea zutitu zen txaloka. Haizeminek olerkiaren plazaratze-historia kontatu zuen mikroan. Harridura irakurtzen zen behatzaileen aurpegietan. Harridura eta poza. Euskal Herrian dena ez zen galdua, (auto)zentsuragatik, debeku moral eta ideologikoengatik. Bazen, sua hautsetan itzaltzera zihoala, suhar zirauen itxindu kraskari bat. Euskal Herriak hain zuzen, eta hori zebilkidan kolkoan ordu hartan, Iparraldearekin ere kontatzea premiazkoa zukeen, ez baitezpada politikoki, baina bai linguistikoki, hizkuntzaren aberastasuna bere zabaltasunik handienean gozatzeko. Gure mintzaira septentrionaleko elementu erranguratsuenak sartzekoak ziren alabaina, euskara batua deitzen genuen euskalki berri horretan. Kafe Antzokiko ikuslegoaren gehiengoak euskara, Iparraldekoa, Zuberoakoa hobetsiz, baserrietan ikasia zuen.

        Halaz, Iparraldeko idazle apurrak, hala bota nuen behintzat Carmenen belarrira, Hegoaldeko irakurlego nagusiak ulertzeko gisan izkiriatzera plegatzen ziren, eta jadanik bakarren batzuk nobelak erdaraz eskaintzen zituzten euskal argitaletxeetan argitara emateko. Elkarrizketa oroigarrietan, beraien postura azaltzen ziguten:

        — Euskalkien problema bat bada. Batu hotzez idazten baldin baduzu, Urepeleko literaturazaleak ez zaitu ulertuko; eta nafar-lapurtar motzez ontzen baduzu zure ekimena, Bilboko leitzaile arrunta urrun geratuko zaizu. Ez dugu erdaraz beste aterabiderik.

        Alainan, Iparraldean ez zen asko irakurtzen eta Hegoaldean testuak, zailtasun sobera omen zutelako, baztertzen ziren. Bernat Etxepareren zutarria bertan lerratuko zena, batzuen ezjakinkeriaren eta besteen indiferentziaren lezeko hormetan behera? Hizkuntza berdina ukan eta zergatik ginen hain arrotz? Merkatu kontu soila zena? Ez nekien nondik zula arrazoiaren belar-puloa.

        Zena zela, burutazioz burutazio, ekiak Xaho kaiertzeko etxe-aitzinak distirarazten zituela Pannecau zubira heldu nintzen. Emazte lodikote bat orroaz ari zitzaion bere senar edo gizongai mehakoilari:

        — Ez, erran dautzut. Ez eta ez. Ez naiz ados.

        — Kauensos. Kalma zaitez amiñi bat. Mentsa iduri duzu.

        — Ni? Kalma? Bazauzu? Onartzen ez baldin baduzu, Aturrira aurtikiko zaitut.

        — Aturrira?

        Zainak tinki zituen andereak Aturri erran zuen Errobi erakutsiz. Irri gutizia neukan: jende hauek aspalditik bizi ziren Baiona Txikian, okindegian eta eske gurutzatzen nituen, eta ez zituzten ibaien izenak zehazki ezagutzen. Hori zen zinez arrotz izatea. Urrunago, arroztasun sozialaren ikurra zen eta Easy Rider-eko Billen antza handia zeukan Thierry eskaleak, ohiko zarpaila mutxituz inguratua, lurrean kukubilko, eskua atzamarratzen zuen:

        — Euro bat plazer bazenu!

        Agur eta irri apurra salbu, arditik ez neukan.

        Txinako auzuneko ene garaietan, gizaki argalegiak, bost eguneko bizarrekin, metroan sartu eta predikuan hasten ziren, hatsaren hartzea kasik ahantziz:

        — Kartzelatik jalgi naiz atzo, etxerik ez daukat, jatekorik ere ez, sei ume mukizu baditut gosez orroaz, diru edo ogi puska batekin aski nuke. Nahi ukanez gero, zuen Visa txartela uzten ahal didazue: arraileriaz ari naiz bistan dena! Mila esker eta pasatu egun on bat...

        Jendeen erditik ibiltzen ziren gero, errumaniar musika talde batek bagoiak azantzez elkortzen zituelarik. Gertakaria anitzetan errepikatzen zen. Chinatown gogotik ken eta justuki Orbe kalearen izkinan, Bucarestetik etorri aita-seme soinulariak agurtu nituen. Urziceni, beraien sorterria, Karpatoetan zegoen eta gizonak Europa sartaldera zetozen uda partean, dirua irabaztera. Ez ziren musikari onak, eta doitasunean, iruditzen zitzaidan gure lurra soinurik soinu balkanizatzen zutela: bazuen euskal monolitoak beharra!

        Iparraldeko Euskaltzaindiaren egoitzara abian nintzen arratsalde hartan. Santa Engrazia elizaren dorpean, gaizkile plantakoei lapurtu orrialdeen kopiak han ere uztea erabaki nuen. Ekintza sinboliko hau Bilboko adiskideekin planifikatu genuen bezperan, Kafe Antzokian. Aseak ginen klandestinitateaz, norberakeria kulturalez, biktimismo linguistikoaz, ohore bilakuntza pribatu eta pribatizatuez. Mosen Bernaten hiru koplak munta handiko literatura aldizkarietan publikatuko ziren, dohainik. Ez, Gorringo eta D'Amouk xedetu bezala, sos ozen eta distiratsuen truke.

        Gorringo, alabaina, odolez hutsarazi zuten Hiriart, bere seme eta Zokil iluminatuek. Tresnatua izan zen. Jakintsu preziatuaren ehortzetak Uztaritzen iragarri zirela aditu nuen Gure Irratian. Kazetariaren arabera, bertsio ofiziala baitzen, ikerlariak bere buruaz beste egin zuen. Nehork ez zuen Jean Rene Gorringo zenaren ukarai ebakia aipatzen. Egia zen, euskalduna deusek ez zuela harritzen eta, menturaz, mendeen mendeetan, krima domestiko franko suizidioz apaindurik pasatu ziren, den mendreneko galderarik gabe.

        Herrialde bitxia zen gurea. Batzuetan ez genion ezer ulertzen.

        Baionako bestak apailatzen ari ziren ostalerak. Urtetik urtera barrak handiago montatzen zituzten, jada karrikaren erdiraino hedatzen zirela. Sekula ez zuten aski. Herriko Etxearen belarriak haientzat baizik ez ziren. Egunkarietarik jakiten zena zuzen baldin bazen, bost gauez egiten zuten hirurehun eta hirurogeita hamabost eguneko diru emaitza. Pleini ziren ordea, elkarte ugarien aurka haserre, hauek edangiak irekitzean mozkina murrizten zietelako. Ordaintzen zuten ber, alkohola burrustan saltzen zieten ume mukizuei eta gero, kattalinanbroxin etsituen pare, gazte hotzen mozkor moldeak deitoratzen zituzten, batez ere neska gazteekiko. Baionako bestak, besta ondoko bilanaren orduak zetozenean, zinezko psikodramak ziren. Hiriko arduradunek tragedia humanoak eta bortxaketak menosten zituzten, Koldo Izagirrek idatziko lukeen eran, ospakizunen omenaren ez histeko.

        — Neskek dituzte gizonak akuilatzen! Soizue nola beztituak diren! Probokazioa da!

        — Erran dute bost bortxaketa izan direla, baina ez dira gehiegi aipatzekoak.

        — Telebistan hortaz ari dira terrentaz, alta hainbat gauza eder badelarik egiteko Baionako bestetan, euskal kantak entzutea adibidez.

        Euskal kantei zegokienez, hiria luze eta zabal zeharkatzen ahal zen eta, mahai puntetako hordi orrogileez aparte, ez zen abeslari onik nehon kausitzen. Oro har, ez zen edateaz beste egiteko handirik Baionako Jaietan. Monoprix magazinaren parean, Carmenen itxurak burua argiztatu zidan: aurten Bilboko nire andregaiarekin gozatuko nituen Baionako besta madarikatuok! Elkarrekin derrigorrez lortzeko helburu bakarra finkatu nuen: igande eguerditan BDM ostatuan bazkaritea. Zailetan zailena zen, mila eta milaka kideena ere zelakoan. Amodioak ninderaman eta segur nintzen erdietsiko nuela!

        Esperantza bederen baneukan.

        Carmenen falta sentitzen nuen jadanik, pentsakerak nahas-mahas hegaldatzen zihoazkidalako. Geldi edo aitzina erraten zidan Carmenek, eta eratorri mental likitsetan galtzetik zaintzen ninduen. Asteazkenean etorriko zen eta berantetsia neukan. Ohartzen nintzen maite nuela harekin bizitzea, haren ondoan esnatzea, harekin bekoz beko gosaltzea, harekin afaltzea eta harekin kaleetarik eskuz esku ibiltzea, mintzatzea, isiltzea, egunkariak komentatzea, Volver lauretan eta Don't Come Knocking hiruretan ikustea, Casenave txokolategian askari haguntsuaren hurrupatzea, Edipo Errege antzerkia komentatzea, Thomas Bernharden azken nobela aztertzea, eta orenak ahitzean larrua jotzea. Maite nuen harekin bizitzea eta segur nintzen maiteko nuela, herioak separatu arte.

        Hiriko ibiltariak presatuak ziren, erreus, kexu, muturra tiratzen zuten. Ez zuen irudi laster bestak zirela. Muturrak hits zeuzkaten, jendeak ez zion jendeari kasu izpirik egiten: salbaiak ziren, bakoitza karrikan aurkitzeko bere eskubidearen jabe bekaitz bailitzan. Banekien Baiona ardura oinez zapaltzen nuelako, ez nuela existentzia pilixkarik, ez nintzen ikusgai edonork kuskatzen ninduelako, barkamendurik eskatu gabe. Jendea tankearen pare aurreratzen zen, etxearen eta lantokiaren artean no man's land erraldoi batean balihoa bezala. Zergatik zeuden hain triste eta ulu beltzen moldean hain ziztakor? Frantziako futbol taldeak Italiaren aurka galdu zuelako? Floyd Landis dopatu zela susmatzen zelako hondarrean garbi fama zeraman Tourrean? Nicolas Sarkozyren promozio politikozko liburua Megadendan aurkitu ez zutelako? Urik ez zegoelako? Zoriontsu ez zirelako? Alta (euskal) gizarte ohitura hobetsien arabera, etxea eraikia zuten, igerileku eta bi autoentzako garajearekin, ezkonduak ziren elizan eta bizpahiru haur pottolo zeuzkaten gartsuki bataiatuak, senarrak emazteekin zeuden eta viceversa, salbuespenak salbu.

        Orduan zertako ziren leizafinak bezain gaizto?

        Ene galdeak ihardespenik ez zuen. Orobat zitzaidan. Ez nintzen ederra, ez nintzen aberatsa, ez nintzen boteretsua. Noiztenka so bereziak gurutzatzen nituen baina zer da hori zerasatenak, aberrazio genetiko bat bainintzan, ez gizon-ez emazte arras, ez-jende bat hots, zerbait atipiko, Erikak bere sanotasun deblauaz lerrakeenez. Ez-izaten saiatzen nintzen. Uhargi nahi nuen. Eta uste dut ikusezintasunaren hein horretan desagertuko nintzela, lurraren azaletik nihaur ezabatuko nintzen, Carmenek eztiki zuzulutik iradoki ez banindu. Alabaina Bilbon, Gasteizen eta Erriberan, barnez bederen bezain Carmenen gustuko edertzen ninduen eta berrogeita hamar urtez gorderik atxiki hitz lerroa ahoskatzen nerraikan:

        — Lesbiana naun.

        — Ikusten, ez dela hain neke!

        — Beharbada ez.

        — Erratearen erratez.

        Thiers karrikan nintzen. Menturaz, nioen, gizonek eta emazteek, belaunaldiz belaunaldi jalgihaditzean bizitza zerotik berriz hasten zihoakiela sentitu zuten lesbiana nüzü edo gay nauzu agertzen zietenean adiskideei, gurasoei, lankideei eta maitaletzat desiratzen zituztenei. Agian, nahitara edo ezin bestez, eiharturik ez hiltzeko, hitzok ezpainetarik ihes joan zitzaizkienean, bizitza ezezagun baten atari arriskutsuan zeudela sinetsi zuten. Big-bang bat zen. Edozein adinetan agitzen zen, eta aldi oroz urgentzia gorrian, leze hegian, jauzi egitear edo behin betiko amiltzear. Zorigaitzez, behialako euskalduna naiz eta harro nago haren antzera, perpausak ez zuen aitorkidea lagun-taldean integratzen, alderantziz, une batez bederen baztertzen zuen, bitxiki kontsideratzen zen, homosexualitatea gaixotasun kutsakorra bailitzan, gizartearen oreka, norbera orekatzen zuen xuxurla zela medio zalantzan jarriko bailitzan.

        Euskaltzaindiaren egoitzako bortan nengoen. Mugikorrak jo zuen. Paltoko sakelatik jalgi nuen bristan. Jean d'Amou zen:

        — Amaia Ezpeldoi anderea?

        — Baai.

        — Libre nago.

        — Libre?

        — Bai, aita eta biok goiz honetan askatu gaituzte. Bilbotik pasatu gara aitaren 4Laren errekuperatzeko eta Baionara hurbiltzen ari gara.

        — Eta Zokil?

        — Atxiki dute oraino. Baina bihar bertan eguzkiaren berotasuna dastatzen ahalko du.

        — Ez dut zuen agurtzeko gutiziarik.

        — Zer egin duzu Bernat Etxepareren olerkiekin?

        Maiatz eta Zurgai aldizkarietan argitaratuko dira datorren astean.

        — Kitorik?

        — Eta bai, kitorik.

        — Aferetarako dohainik ez duzu gaizo neska!

        Jean d'Amouk jakinarazi zidan Albert Labruquere Bilboko ospitalean zegoela, bat-bateko zain-nahasmenduaren aurka artatua. Gizona Gasteizen atera zen gontzetarik, eta Thomasen komisaldegiko apaletan zeuden liburuak oro esku gibelaz birindika aurtiki zituen, urde zikinak urde zikinak garrasitzen zuela. Labruquereren zorigaitza ulertzen zen, Manex Bergeret eta Pierre d'Oihenart bere adiskiderik intimoenak desagertu zitzaizkiolako, banda zozo baten diru falangaren kausaz. Hargatik, prozac pastilatxo berdeak irents eta kalmarazi zuten. Pentsatzekoa zen, hemendik zenbait egun barne, Labruquere hautsia Baionan ibiliko zela, makila eskuan, hinki-hanka René Cassin baratzetik.

        Eraman nuen ikerketa ez nuen ahanzten ahal. Kaskoa kiribilkatzen zidan. Ttaka ilun batzuk geratzen zitzaizkidan. Baina, Carmenen etorrera iragarriak eta etxean atzeman nuen gutunak izpiritua lasaitu zidaten: Baiona Hiriko Garbiketa Zerbitzuetatik agorril osorako ordezkatze baten egiteko proposamena eskuratu nuen. Ametsa zen egiaztatzen. Enetzat hiri garbitzaileak langile garrantzitsuenak ziren, hemen eta han, denetan, batez ere Baionako bestetan. Karia horretara, aspalditik miresten nuen sekula aski goresten ez zen haien lana. Gaitzeko udaz gozatuko nintzen Carmenen aldamenean gauez, bigarren katean Jack Maloneren eta Arte-n Eva Maria Prohaceken serieak irensten, eta egunaz airea hatsartzen, zakur gorotzak biltzen eta bazterrak Sarkoziren kartxerrez garbitzen.

        Emazte batek amets hobea egin zezakeen, noski.

        Euskaltzaindiaren egoitzako atea bultzatu nuenean seiak ziren. Ez nuen inor harrapatuko bulegoetan. Funtzionarioen ordutegiez burlatzen ziren ausarki euskaltzainak, euskaldun frankoren moldean, baina hauek nola, tenorez etortzen ziren lanera eta, oroz gainetik, tenorez partitzen, bakoitzak euskara salbatzeaz beste egiteko baitzuen. Eremuen teknikaria tituluaz eufemizatzen zen behialako erratzaren jabea baizik ez nuen atzeman. Ikusi ninduenean giderra tinkatu zuen eta telefonoari hurbildu zitzaion:

        — Zu? Polizia deituko dut.

        — Ez du balio. Ez naiz errotuko. Paper hauek pausatzen ditut.

        — Zer da? Bonba kimiko bat?

        — Film amerikar soberaz galkatzen zara, anderea. Olerki baten hiru kopla dira eta...

        — ...eta orain, zoaz!

        — Banoa.

        Itzulikatu gabe atera nintzen bulegoetarik. Inkesta bukatua zen enetzat. Iparraldeko Euskaltzaindiko kideek agian interes gutxiz hartuko zituzten, bihar goizean, ekarri nizkien dokumentuak, bazkari, afari edo herrialde exotikoetarako bidaia gonbitik ez baitzekarten. Zorigaitzez. Ikerlari baten arreta mereziko zuen agian, mendeen mendeetan morala zaintzearren saihestutako Mosen Bernaten olerki zatiak. Bost axola zitzaidan azkenean:

        — Egin bezate nahi dutena bakean uzten gaituzten ber.

        Kanpoan berriro pentsamendua harilkatzeari eman nintzaion. Ene biziorik handiena zen. Bizitzen lagundu nindukeen. Bizioak, noiztenka, bizitoriak ziren. Hala nioen bederen Herriko Etxearen aitzinetik lerratu nintzenean, magazinen izenekiko poltsak eskuetan nagitzen zihoazen udatiarren erditik. Batzuek izozki arrosak milikatzen zituzten, besteak urrutizkinetik oihuka ari ziren, eta azkenak oporretan eguneroko bizitzan bezain pozez zuhur.

        Pannecau karrikako ene apartamentuan aurkitu nintzenean, leihoak ireki eta Sinead O'Connorren KDa ezarri nuen platinan. Emma's Song haren ahairea garatu zen samur, ene izpiritua, eta ez bakarrik izpiritua egia erran, alhara deituz:

 

                The first time I saw you

                I loved you

                I loved you

                Your face blue

                Your eyes too

                Your mouth too

                When I heard you

                I wanted you

                Give birth to you

                Give birth to you

                I made love to you

                Made love to you

                The great Goddess

                Had us blessed...

 

        Maiteminaren sareetan gatibu nintzen eta bihotzak zioen: jalgi hadi plazara, euskara, lesbiana, euskara, lesbiana, eusleskarabianakaralesbeusbianaka. Bizitza, sagar lodi onduaren antzera ausikitzeko indarra nabaritzen nigan eta Larruni begira, ikerketa bukaturik, ohiko tristura desperatutik urrun, pozik nioen:

        — Betor hurrengoa!

        Tregoa zen.