Jalgi hadi plazara
Jalgi hadi plazara
2007, nobela
228 orrialde
978-84-95511-93-5
azala: Zaldi Eroa
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

Agnus Dei

 

Giltza guretu baina beti zerbait eskas zenez, maleta falta genuen. Santa Engrazia herriko elizaren barnean bazen mugimendu, egia erran. Han ziren Zokil eta Gexan Hiriart. Han zen ezagutzen ez nuen gizon zardai bat ere.

        Albert Labruquere totelka hasi zen:

        — Jean d'Amou! Adiskide Gexanen seme propioa...

        Euskaltzainak Jean d'Amou eriaz erakutsi zidan. Beldurrez eta hatsa galtzear zegoen. Sinesgaitz nengoen. Manipulatua izan nintzena? Duda neuretzat atxiki nuen eta belarrira murmuratu nion:

        — Zaude zutik, erori arte bederen.

        — Aise mintzo zara. Deus ez dakizu. Ume mukizu bat baizik ez zara.

        — Bizitza salbatu dizut.

        — Uste duzu aski dela?

        — Ez da gaizki.

        Carmenen gomendioetara utzi nuen Albert Labruquere, larrazkeneko haize hegoan abartxo batez arbolari lotutako hostoaren antzera higitzen zen, zer egin ez jakin. Carmeni begi keinuka abisatu eta Haizeminek gordeka bidea urratzen zigula, Estevez pistolarekin atzetik zeukala, aitzina ari nintzen. Zutoin baten gibeletik hiru kakeriatuak lurrari hazkaroka begimendu genituen. Xinaurriak bezala, bazterretara behatu gabe, lan zikinari ekiten zioten. Taldearen bildutasun gartsua bitxia zen, zinez Iparraldekoa. Harlauzezko zoladuran belauniko zebiltzan, harri arteka guztiak metalezko isopa batez mirazkatzen. Sakreak oldartu ziren halaber, arraroa baitzen jende hauen ahoetan. Laidoak etsaientzat zeuzkaten, ez besterentzat.

        Arratsaldeko lauretan ez zen norbait elizan sartzeko arriskurik. Etxeetako leiho koloretsuak oro hertsiak ziren, eta behiala Santxo Abarkan gurutzaturiko andere adindua menturaz ezkaratzeko freskuran zitekeen jadanik. Auto baten azantza entzun genuen, oihu bat eta mando zohitu baten arramantza patetikoa. Minutuak ahitu genituen ikusgarriari begira: artoski karrakatzen zituzten harriak, errautsak buhatzen eta noiztenka bizkarra zuzentzen doloreak ezabatzeko. Irrigarria zen Gexan Hiriart, astoaren moldean lauzangoka aurreratzen segitzea, Zokilen ipurdi erranguratsuak tirriatzen bailuan. Mortifikazio linguistikora gonbidatzen ez zuen itxura arras pornografiko bat genuen begien bistan.

        Algararako jaidura zozoa zapaldu nuen nigan.

        Zokilek klandestinitate garaietan adoraturiko pistola zilarra jargia batean pausatua zuen, ustez eta seguritatean ziratekeen. Tiroka trebe ez nintzen arren, pistola eskuratu nuen. Haurtzaroan, bost metrotarik ere murru gaineko kuskandel nagia huts egiten nuela oroitzeak ez zidan onik eragiten. Hala ere ausartu nintzen. Ez zuen inork inor hiltzen hiltzeko plazer hutsarengatik, denek hala zioten behintzat, are gutxiago M neska gazte hiltzaile Madarikatuak, harrapatu zutenean oihukatzen zuela etengabe ez dut nahi! behar dut! ez dut nahi! behar dut! Arrazoi politikoengatik hiltzen zutenak ez ziren kriminalak, aperentziarik ez, preseski arrazoi politiko gorakoiak aixolbe zeuzkatelako. Buruko meandreak odol debaldez blai neuzkan. Pistola ahurrean tinkatzen nuela, tregoa izanki kontzientzia txarra hazten zihoakidan eta momentu batez pistola zegoen tokian berriz ezartzeko gogoa nuela aitor nezakeen. Eskerrak ez nuela horrelako xoxokeriarik egin, pistola ederki baliatu zitzaigulako, partida genituen biligarroen menderatzeko.

        Jesukristo gurutzifikatua zizelkaturik zekarren zutabearen azpian borobildu zirenean, jauzi batez ondoratu gintzaien. Estevezek eta biok pistolaz mehatxatzen genituen. Haizeminek, gizon zelarik oraino ikasi karate puntu zehatzak marrazten zituen airean, eta edonor oldartzera atrebitu izan balitz orduan, eskuaren ezpata zorrotzaz, erdiz erdi trenkatuko zuen. Bekatuan atzeman haurren antzera besoak altxatu zituzten. Dardara ziren, kukubilko eta otoizka:

        — Ez gaitzazuela hil, familiak baditugu guk.

        — Eta lana!

        — Ez gara zuek bezalako alfer-ondoak!

        Gexan Hiriartek ahoa zabaldu orduko pistola sakatu nion ezkerreko matelako haragi malguan. Gaitzitua nintzen. Zokilen pistolaren burdinazko mihiarekin euskaltzainaren hortzak ukitzen eta zirikatzen nituen. Mina sentituko zuela espero nuen. Gutaz trufatu zenaz mendekatzeko gutiziak gogortzen ninduen, bortitz. Estevezek Jean d'Amou zetxikan errespetuan. Gizona zizare malatsaren pare bihurdikatzen zen ordu hartan. Haizemin Zokilez axolatzen zen, eztiki, aiherkunderik gabe. Emazteak emazteekin ongi konpontzen ziren hondarrean. Carmenek, Labruquere gaizoa sostengatzen zuela, izkina ilun batean zetzan maleta bereganatu zuen. Laket zitzaidan emekidearen ibileraren kulunka lizuna, maletaren jabe, elizako leiho bakarraren maldara itzuli zenean.

        Jean d'Amou orroaz ari zen:

        — Ez duzue irekiko! Ez duzuela irekiko! Giltzarik ez duzue...

        — Bai, xerkatu eta atzeman dugu. Santxo Abarka kaperan. Maleta zabalduko dugu, baina zabaldu baino lehen jakin nahi dugu zergatik hil diren Manex Bergeret, Pierre d'Oihenart eta Jean Rene Gorringo, zergatia ezagutzerik baldin bada behintzat. Carmen eta Labruquere...

        — Amaia, Albert deitzen ahal nauzu engoitik!

        — Albert beraz... Thunderbirdaren kofretik ekarri ditugun soka horiekin zutoin honi esteka itzazue, tinkirik. Mintzatuko dira alaxokotzia, bestela indarra erabiliko dugu eta sufrituko duzue!

        Buruak apal zeuzkaten. Jean d'Amou lelotzen zihoan, Santxo Abarka Santxo Abarka auhenka. Zokilen matelari malko bat zerion eta aldamenean zuen Gexan Hiriarten behatzak ukitzen saiatzen zen, hondar keinu laztana bailitzan. Estevez eta Haizemin arraileriant ziren. Nik, ene aldetik, alegrantziarako gutizia nuen eta Carmenek alegrantzia hori nirekin partekatzen zuela jakiteak, alegrantzia bera biderkatzen zidan. Albert Labruquere ttattit eta mutu zegoen, bizitza doi-doietarik salbatu zuela konturatzen zela azkenean. Gexan Hiriarten begitartera tu egin zuen:

        — Abantxu hil nauk deabru zikina! Anaiak gintuan!

        — Ez nian hire hiltzeko xederik, jakizak.

        — Nork orduan?

        Labruquere erotzen ari zen. Salda minduko bide zen, Estevezek pistola ez balio zuzendu bat-batean. Gizonaren sabeleko kalda mingotsak epeldu eta laster hoztu ziren. Jabaldu zenean, gurutzearen oinetan jarri zen eta ez genuen hortik hara den mendrenik ere entzun. Isiltasun bulta Zokilek laburtu zuen garrasika:

        — Beti gauza berdina da! Hegoaldekook Iparraldekoen laguntzera goaz eta begira nola sariztatzen gaituzten! Frantzian nengoenean, armak eskuan haien euskara zaharkituaren alde borrokatzera haiatzen genituen eta Zuberoako ibai ertz anonimoetan Hegoaldekoen aurkako irainak jasaten hegoaldea nausi handi, iparraldea heien miskandi edo zerbait horrelako, koblakari txepelen batek espraitua, Lhanderen hiztegia arakaturik! Bazauzue! Hiriarten xarmetara amildu eta estanka bati lotua aurkitzen naiz gaurkoan, katxislaporra!

        — Lasai Zokil, mintzatzeko zure txanda etorriko da.

        Beroagatik herioa egundaino karroin hegaldatzen baitzen, pistolaren labain hormatua ferekatzen nuela solasaldiaren kudeatzea egokituko zitzaidala irudikatzen nuen. Jean d'Amouk ni ninduen aferaren arduradun izendatu, han, Izturitzeko harpe zoragarrien ilunpe amakoian. Bardeetako tepo larrian, harripe zaharraren freskura neukan gogoan eta zinez izpiritua freskatzen zidan. Neanderthalen ondorengoetarik nintzen egiazki. Ez zitezkeen denak hil, alabaina bizirik nintzelako, eta hondarrean nahikoa hilotz bazen istorio honetan, jende mota baten desagertze misteriotsuaz hitz egiteko.

        Hasi nintzen arraposki:

        — Iparraldeko lau euskaltzain galdu zirela jakinarazi zenidanean D'Amou jauna, ez bat ez bi, Iparraldeko euskararen egoerak sor ditzakeen zinkurina guztiengatik, lanari uztartu nintzaion. Papertxoz papertxo ikasi nuen, genuen erantsi beharrean aurkitu nintzen Carmenen so laztana dastatzearekin, ikasi genuen giltza bat atzeman behar genuela eta gizonak Bilbon eratorrian higatu zirenez, Bilbora zuzendu nintzen.

        — Ongi egin zenuen —ebaki ninduen Jean d'Amouk—, Bilbon nengoelako zu baino ordu zenbait lehenago.

        Jean d'Amouk ez zidan sekula erraten non zen, baina deitzen ninduen aldi oroz, inkesta zein heinetan neukan salatzen nion, deblauki, konfiantza osoz. Nardagarria zen, hilotz bat agertzen zitzaigularik norbaitek aitzina hartzen zigula sentitzea. Eta Jean d'Amou zen, ikerketaren manatzailea bera. Tuteran susmoak sortu zitzaizkidan. Azken bidealdi zuzena zailena zen, ondorioz. Eta horrela dugu herstura gainditu eta giltza eskuratu, Santxo Abarka kaperako aingeruekiko zutoinen azpian.

        Jean d'Amouk ezinegona erakusten zuen. Estekak estiratzen zituen, ez nintzen bakarrik errepikatzen zuela. Hogeita hamaikakoa atxiki nuen:

        — Bistan dena ez zinela bakarrik, zure aitaren konplizitateaz baliatzen zinen.

        Gexan Hiriart, lau euskaltzainetarik bat zen eta taldean afera guztiaren eramailearen mutil-jokoa eramaten zuen. Beste hirurek ez zuten ezer jakin, salbu beharbada Albert Labruquerek, izuak eroanik, bere aldetik xerkari tematzen zela, berak baitzuen bihotz aldean giltza zegoen tokiaren agerpen zehatza. Imajinatzekoak ziren adineko gizon hauek, kukumixak ehiztariaren men, lurpeko hobiak lehian eskapatzen. Iparraldeko euskararen suntsitzeak sor liezaiekeen beldurra baino gehiago nabaritzen zuten aita-seme deabrutuen parean. Ez ziren horrela ohituak. Bazkari gastronomikoz bazkari astronomiko, ahotsa sekula altxatzen ez zen bilkura ekumenikoz bilkura hegemoniko, batzuetan eguna putaetxe anemiko batean bukatzen zutela. Baionara itzultzen ziren Iparraldeko euskara salbatu zutelako sentimenduaz aseak. Baina aldion ez ziren gauzak usaiako planen arabera biribilkatu.

        — Ez naiz hobenduna! —Gexan Hiriarti oihu lantzinante bat jazarri zitzaion erraietarik.

        Azalduko zidatena zergatik irekitzekoa zen hainbat urtez sekretuan mantendu zen maleta? Galdea pausatu nion Jean d'Amouri:

        — Zertako orain?

        — Ez dizut erantzuten ahal.

        — Pistola honekin kilikatzen baldin bazaitut ere ez?

        — Lotsatzen naiz ikustean egungo euskal gazteria zein bortitza den! Ez duzue jende zaharraz errespeturik.

        — Hiltzaileek goragalea ematen didate. Zentzu eta alor guztietako hiltzaileek preseski, eta zu haietarik zarela sumatzen dut. Zergatik orain?

        — Lazarraga baten idatziak argitaratu ziren Hegoaldean eta banekien, aitak erranik, bazela Iparraldean gordean atxiki zen testu bat. Ez gara Hegoaldekoak baino gutxiago araiz? Donostiako editore handi batekin mintzatu eta diru-alde gotorra proposatu zidan.

        — Euskararekin sosa egin daiteke beraz?

        — Itsuski. Saldoak bizi dira euskararen bizkar. Ezpainetarik euskara ezabatzen ari baldin bada hainbat ongi, ez baitute orduan euskararen ikasteko premiarik. Alabaina zergatik ikasiko da laster zenduko den zerbait. Egizu zuhaurk gogoeta Amaia!

        — Amodioz ikas daiteke ez? Emazte baten amodioz adibidez.

        — Kar-kar-kar... Aspalditik ez dut hoberik entzun!

        Jean d'Amouren zinismoak herra hazten zidan. Ene mintzaira pobrea, Iparraldekoa, itxuraz munduari egokitzen ahal ez zena, maite nuen, eder kausitzen nuen, ele, aditz trinko eta deklinabideez Carmenez bezainbat maitemindua nintzen. Laborari unatuena zen noski, eta hirietako jende euskaldun eskolatuek muturra zimurdikatzen zuten, urrikiz eta ulermen ezaz. Santa Engraziako kaperaren itzal hotzean banekien euskaldun petzerorik gabeko euskaldungoa hobetsiko zela franko fite, Hegoaldean eta Iparraldean bertan jada nehork nehor ez baitzuen konprenitzen. Erdaretara lerratzen ginen komunikazioa erraztearren. Beharrik bazirela Bilbon Iparraldeko euskararen maitale indartsuak, bestela dena akabo zitekeen.

        Burutazioak utzi eta galdeketari ekin nion berriro:

        — Nork zuen artsenikoa bota Pierre d'Oihenart eta Manex Bergereten jatekoetara? Ideia txiki bat daukat, baina zuk Jean d'Amou argituko nauzu.

        — Ez ditut nik aitaren adiskide horiek pozoitu. Ahanzten duzu Gorringo.

        — Bai. Gorringo. Segi ezazu.

        — Jean Rene Gorringo gurekin zen. Diruaren parte bat hitz emana zitzaion, testu sekretuaren edizio kritikoa apailatzearen truke. Erran diezazuket buru-belarri sartu zela gure abenturan. Hark zeukan maleta Bardeetara heltzean eta mikromotozerraz ukaraiaren moztera bortxatuak izan ginen. Jokoa bukatu zitzaion. Ez dugu hil, bera da buztin errautsetan odolustu. Halatan, Gorringo lau euskaltzainekin gosaldu zen Bilbon, ostegun hartan eta katiluetako kafea artsenikoaz nahasi zien. Manex eta Pierrek edari beltza falangaz edan zuten, bietan jarraian gainera, baina aitak eta Albertek ez. Albertek tea manatu zuen beranduago.

        — Kaferik ez dut hartzen, eta zorionez, bestela ez nintzatekeen hemen —azpimarratu zuen Labruquere gaizoak hasperenka—. Baina Gorringo, d'Amou eta Hiriart atzetik ukan ditut ihesean nenbilenean, bilaketan aurrerapen txiki bat edukiagatik. Bardeetan noraez atzeman ninduzuen, eriaz erakusten gintuen, eta egarriz hiltzeko arrisku hitsetik aldendu.

        — Zer zenekien zuk?

        Albert Labruquerek kasko pelatua ferekatu zuen. Larru azalaren distiran jauzika zebilkion ulu bat kalitu eta eleari eman zen:

        — Banekien Gexanek, Miarritzeko saunategi batean ginela ahapekaturik, maletaren zabaltzeko ideia bitxia sortu zitzaiela zenbaiti. Dirua eta ohorea helburu. Ez euskararen geroa, imilitzik ez. Banekien halaber, jendaila gose honetan noizbait ordua etorriko zela: norbaitek maleta irekiko zuen pandoraren kaxaren antzera. Iparraldeko euskara salbatzeko estakuruarekin. Testu pornografikoak zirela aditu dut betidanik, baina agian, Euskal Herriaren osotasun eta gehiengo linguistikoari begira, ez da ezer Iparraldeko euskararen erreskatatzen saiatzea baino pornografikoagorik. Horren onartzera behartuak gara. Garaia bera dugu pornografia gizenekoa.

        — Halabiz —xuxurlatu zuen Carmenek, begi kliskaz ari zitzaidala.

        Estevez eta Haizemin elkarren ondoan jarri ziren. Bazen bulta bat ez nituela entzuten. Carmeni so egin eta ez hain aspaldi ahoskatzera atrebitu nintzen lesbiana naun perpausa burutik pasatu zitzaidan. Sintaxiaren soiltasunak ukitzen ninduen, harrigarria zen, mugatzen eta mugaz harainditzen ninduelako, harrotzen eta umiltzen, jendetzen hondarrean, ahalketik, gutxiestetik eta sortuz geroztik jasan nuen etengabeko deprezio egoeratik askatzen baininduen. Galde berrietara iragan aitzin, behatzak ezpainetaratu nituen musu bat Carmenenetara hegaldarazteko: hamazazpi urte genituen eta Rimbaudek zioenez on est un peu fou quand on a dix sept ans...

        Zokil zutoinaren kontra bihurdika nekusan. Joko uherra eraman zuen istorio honetan eta argi zen, Florena Blancoren ostatuan neska honen topatzea ez zela kasualitate hutsa izan.

        — Zokil, zure aldia.

        — Sokak tinkiegi ditut, aska nazazue mesedez.

        — Mintza zaitez arren!

        — Gexan Hiriart eta Jean d'Amou Frantzian nengoela ezagutu nituen. Bien maitalea nintzen, Marylin Monroe euskaldun bat. Txorta orduan gizon zahartuak zaizkit bereziki gustatzen, eta hauekin galanki konpontzen naiz. Duela lau egun Jean d'Amouk deitu ninduen sekretu behar zuen operazio batean parte hartzeko. Eta nik arriskua dut gogoko! Pentsa, erakunde armatuan nengoela, zuzendaritzari proposatu nion polizian infiltratzea. Lanjerosegi zelako, ez zuten onartu. Armairuan datxikadan pistola zilarra, espero dut Amaia itzuliko didazula, aireztatu eta istorioan urtu nintzen. Kanpoan zinetela, gelan zeneukaten maleta ebatsi genizuen Gexanekin.

        — Gorringo zela ustez, Manfreden ondotik genbiltzan hartan?

        — Bai, zuek desbideratzeko europarki konpondu ginen Manfred aferagile alemandarrarekin, eta lortu genuen.

        — Manfred! Garagardo tupina hura! Ostatuz ostatu eraman gintuen eusko-alemandar adiskidantza ospatu asmoz. Zepora erori ginen, udaberriko goizalde zoharretan, Amikuze oihaneko orein ahulen gisara. Bazauzue, adiskidantzaz zioen Manfredek, hitz batzuk ez dute zintzotasun oinarri izpirik. Ustelak zarete.

        — Ez dizut horrelako jujamendurik zilegitzen! Guztia obratu da euskararen alde, Iparraldeko euskara mulikatuaren alde.

        Halabiz errepikatu zuen Carmenek.

        Gatibatuen ileak ikara ziren. Elektrizitatea nabari zen airean. Arianaren haria orratzaren katutxoan sakatu genuen eta bagenekien azkenean nor-nori-nork josi zuen. Hatsean hartu genuen. Baina hiru hilotzek azpatzen zuten bidea. Hilen ziren berdin, bistan dena, denborarekin. Bat-batean, imajinatzen nituen Iparraldeko urgazle-lagunak oro beraien lurpeko tuneletan ihalozka, hegiak inarroska, arrestak kurruska U unea hainbat igurikaturik, ohorez egarri. Hargatik, errealitateratuz, bazen gauza bat ulertzen ez nuena:

        — Maleta Gexan Hiriart eta Zokilek ebatsi baldin baziguten, zergatik zegoen Gorringo malefikoaren esku muturrean?

        Hiriartek ihardetsi zidan:

        — Alegia ari ginen, guk maleta ostu eta irakasleari oparitu bagenio bezala. Maleta harrapatu zuen momentuan, gizonaren harrokeria ikusgarria zen, espantu eta punpaka ari zela, gantza dantzan. Aurrerapen puska bat zilegitu eta hemen, Santa Engraziara iristean, hondar kolpea eman genion.

        — Diabolikoak zarete.

        — Ez zuek bezainbat. Begira, deus egin gabe, orain maletaren eta giltzaren jabe zarete. Ordu da beharbada maleta likits horren irekitzeko.

        — Ideia ona duzu Hiriart.

        Estevezek zeukan giltza eta Haizeminek maleta. Biak izerdi intzirika zebiltzan. Betekizun arduratsuaren hurbilak izpiritu barreiatuak berbildu zizkieten. Haizeminek maleta beltza Estevezi eskaini zion:

        — Tenorea da. Ez dezagun aukera gal. Egitekoa egin dezagula ahalik lasterren, eme hormonak isurtzen ari baitzaizkit ur epelaren pare. Bilbora nahi dut, agudo.

        — Zaude, zaude, ez zara hein horretan ez araiz!

        — Zuk ez dakizu ezer Amaia! Hercule Poiroten antzera ari zara, astikoi bagina, galdezka eta ni berriz gizontzen noa.

        — Hauxe destinuaren latza...

        Haizeminek eskuak torratu zituen. Hasperenez. Egia zen Hercule Poirot bat bilakatu nintzela, Lili Rush, Jack Malone eta Lauren Laurano izan ondoan. Gustatzen zitzaidan nortasunez aldatzea, ikaragarri. Kameleoi bat nintzen, eskorpioi bat edo gauaren minean mundua zeharkatzea xede zukeen sagarroi beldurti bat, batez ere amodioaren alorrean. Baina burutazio antzua agortzea hobe nuen, taldearen osasun mentala zaintzearren. Estevezek, antzerkilari trebe eta hirukoitzen gisa, giltza altxatu zuen eta maletan zegokion zuloan kokatu. Ahaaaa izutuak aditu ziren, ohoooo zoratuak eta zintzur korrok elkorrak.

        Hiru presoak zutoinari estekatuak zirela, maletaren inguruan kukubilko ginauden gu laurak, begiak leize. Ilusionatuko gintuzten dokumentuek Iparraldeko euskararen geroa bermatuko zutena zinez? Bi euskaltzain zaharren heriotza justifikatua zena? Eta hirugarrenarekiko zer? Zer aurkituko genuen? Eskakizunak biderkatu zitzaizkidan maletaren estalkia Estevezek arraposki altxatu zuenean: paper meta bat baizik ez zen ageri. Horitua. Zoko usainarekin. Trepeldu ginen.

        — Zer da hori? — Carmenek ahurra ahora eraman zuen.

        Zutoinaren aldetik Hiriart hauteman zen oihuka:

        — Gure altxorra da. Ez duzue ezer konprenituko, ezjakin alaenak! Mende ahituetako euskaraz izkiriatuak dira. Laguntzekoak gintuzuen aberastasun literarioa gureganatzen, ez zuenganatzen, alajinkoa! Horretarako kontratatu zintuen Jean d'Amouk. Redios. Ez dugu xantza izpirik.

        Negarrez hipaka ari zen, baina ez hiru hilotzen doluz.