Jalgi hadi plazara
Jalgi hadi plazara
2007, nobela
228 orrialde
978-84-95511-93-5
azala: Zaldi Eroa
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

Tuba mirum

 

Arte Ederren aitzinean aurkitu nintzen bitxiki. Txillida Platz-en. Lelo zaharraren arabera eguzkirik gabeko goiz tentel bat zen. Carmen ondoan neukan eta Iturriza baratzeko bidexketarik abiatuak ginen, besoak korapilo. Ez nekien nola etxeratu ginen Engelblau tabernatik, zein ordu eta zein egoeratan. Ez nintzen deusez oroit. Haizemin artista totalak zoratu eta zorabiatu ninduen: Iparraldeko ohiturazko kantak eskaintzeko haren molde postmodernoak ukitu ninduen barne-barnetik. Haizemin izar bat zen. Edan genuen eiki, gin-kas eta erre, salbaiki. Ahotsa harrobi neukan eta aurrean nuen Carmenen itxura ez zen hobea.

        Zer ari ginen Iturriza baratzean?

        Memoria ordenatzen saiatu nintzen, galtzen atzeko sakelan bezperan Axular hoteleko harrera gelako zikinontzian atzeman paper puska purtzilikatua behatzez ferekatu bezain laster. Carmen zehaztu nuen. Buruan min nuen eta ez neukan amodio gutiziarik. Ordu hartan berdin zitzaidan maitatua ala ez maitatua izana, baina eiki maitatua nintzen, neska-lagunaren larru azaleko eremu leunak bost axola zitzaizkidan, egarri nintzen, urez. Kopeta hegiak ahurretan tinkatzen nituen.

        — Etorriko dea Jean Martin Gorringo? Hamaiketan?

        — Igurika dezagun, ageriko.

        — Kafe azkar baten premia dinat nik. Alkoholean gehiegi igerikatu naun barda. Barda eta goizeko ordu txikituetan.

        — Kafea, gero, maitea. Nor jinen da Gorringorengana?

        — Zenbat galde debalde, bijotz.

        Isildu ginen. Begiak apaldu nituen. Urrunean, Nerbioi ertzean, autoen abiadura biziko ibilera herotsak aditzen nituen, ama-alaba pare bat, baloi batekin jostatzen deika eta noiztenka bele biren kroako bihurriak. Ibaian gora zetozen kai-txoriak miretsi nituen betazalak altxatzean. Ala behera zebiltzan? Let it be: let it bleed? Itsas usaina usaintzen nuen. Airearen gazitasunak Bakioko bestetarik landa Bermeoko badian arrantzara joan ginen argi zirrinta gogorarazi zidan: txiripitxeruek jauzika ari ziren, gure nardatzeko, eta nik ez nuen itsasturi-jaidurarik, ontzian kulunka egon ginen bi ordu haietan Bakion gozatu txakoli ondu berria bota nuelako urera. Baina egunsentia, Bermeoko hiria eta eguzkiaren jazarpena, hirurak batera eder zirela berrets dezaket oraindik.

        Xendretarik nagitzen genbiltzan. Haizeminek izpiritua kilikatu zidan. Ez nuen nehoiz aski eskertuko Carmenek Engelblau sator-zulora eraman ninduelako.

        — Haizeminek nolaz ezagutzen ditu Zuberoako eta Iparraldeko auhenak oro?

        — David eta biok —hasi zen azalpen brodatzen Carmen— unibertsitatean ginenean ez gintunan euskaradunak. Abizena euskalduna dudan arren, Lerga nafar jatorrikoa eta idazle izengoitia halaber Enrique Artazu, ez naun euskaradun hazi...

        — Mila aldiz errepikaturiko istorioa, han eta hemen.

        — Bai. Davidek emaztetzea erabaki zuenean, deliberatu zinan bizitzaz eta hizkuntzaz aldatzea. Bere urratsetan galdu nindunan eta Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko ohiko abeslarien urratsetarik kontzertuz kontzertu ibili gintunan. Bidenabar nik hi hindudan bilatzen...

        Mutu nengoen. Ez nekien mintzatzea egokitzen zitzaidan ala ez. Hala ere, ele hustasuna hautsi nuen, Carmenen azken perpausaren aditzak zekarren damuzko zartagailuaren mehatxutik urruntzeko:

        — Bilbon aurkitzen dun Iparraldeko kultura altxorra zaintzen den altzoa.

        — Zer da poesia xoxola hori?

        — Alabaina, Iparraldean euskara arras desagertuko denean, Bilbon elkartuko ditun zubereraz eta baxenafarreraz ariko diren apurrak. Batzuek amikuztarra ere mintzatuko diten... Bazauna?

        — Eta ordu latz hartan nola hitz eginen dute Iparraldekoek?

        — Gaur Bilbon bezala. Edo Donostian. Edo Gasteizen. Edo Iruñean.

        — Zergatik ez Baionan?

        — Baionan oso gutxi hautematen baita euskara.

        Zerebroan Larrun mazelako bi harri peza arrosa elkarri joka nabaritzen nituen. Kafea behar nuen. Astia bagenuen. Ez nuen ulertzen zergatik ez ginen ostatura abiatzen. Gogorra zen Carmen. Ene ikerketa barrutik hartzen zuen. Haur talde bat sartu zen baratzean: erregepettitten antzera denetan barreiatu ziren. Berdez tindatu jargia batean etzan nintzen, eta gorputzaren uhinkarekin arima uskailtzen zitzaidala sentitzen nuen: zergatik bada desagertuko zen Iparraldeko euskalkia? Hizkuntza alorrean katastrofea genuena sekretuki espero? Gure Historia taigabeko katastrofe zerrenda bat zen eta geroa halaber, katastrofiko asmatzen genuen. Hizkuntza ikastea eta erabiltzea baino erosoagoa zen alainan, iragarpen linguistikoak ordenadorez marraztea eta hemendik hamar, hogei edo berrogei urterako ondorioak ateratzea. Dena antolatzen zen hizkuntzaren beharrik gabe jarduteko, ekonomian purruxka batzuk, politikan lauzpabost lema eta kulturan tipikotasunaren hornigailu ttanttatsua zen mintzaira, eta negarrez higatzen ginen ama mintzoa gaizoa ama ama ama ama amama...

        Bi eztul eta urrats herresta bat entzun nuen.

        Ama zena?

        Katastrofearen aurreikusteak ederki laguntzen gintuen. Batetik hizkuntza ezpainetarik ezabatuko zitzaien bizidun-biktimak ginen, biktima negarroiak, eta bestetik lanjeraren hurbiltasun hotzaren estakuruz, apurkerian irauten genuen: idazleek berek hiltzera zihoan hizkuntzarekiko errespetuz ez zuten izkiriatzen eta ahapez mintzatzen ginen, etsaia hor zegoelako, etsaia bai afera galanta zela, etsaia non zen eska zezakeen Dragok tartaroen basamortuan begiak zabal zabalik bazterrak mirazkatzen zituenean, eskubideak zein genituen jakin gabe, euskaldun izanez eskubidez biluziak ginela uste genuelako. Populu zaharrak oinarrian katastrofistak ginen eta, adibidez, 1915ekoa gogoratuz, armeniarrei katastrofeak etortzen zitzaizkien, trumilka, odoltsu, zauri ahantzezin.

        Zepo mental burbuilatsuan ihalozka nenbilen norbaitek bortizki astintzen ninduela sumatu nuenean.

        — Amaia! Otoi. Jean Martin Gorringo.

        — Zer derasan? Zein gorringo eta zuringo?

        — Katxis! Altxa hadi jargia hortarik!

        — Lo egin dinat ez?

        — Bai, bistan dena.

        Begiak torratu nituen. Bezperan Axular hoteleraino segitu gizona hantxe zegoen, kukuskari, barranda, behari, aitzina ari. Segurtasun distantzia mantenduz haren gibeletik lerratzekoak ginen. Baratzeko eremu belartsuen erditik sugetzen ginen, kuzkur eta lurrari kasik itsatsiak. Haur talde batek imitatzen gintuen eta jarraitzaile inuxente haien haizatzea neke zitzaigun. Gorringok edonoiz ume mukizuen algarak adi zitzakeen eta gure legez kanpoko segipena sumatuko zen. Ez genuen horrelakorik nahi. Carmenek, ez nekien nondik jalgitzen zuen bere irakasle gaizto ahotsaz, haurrak erasiatu zituen handizki eta bihi batek ez gintuen gero, zinominokatu.

        Zuhaitz multzo baten maldako jargia batean plantatu zen Gorringo. Pareko sasiko hostoak higitzen ikusi genituen. Jonki bat zena handik punpan ilkiko? Kabala bat? Auñamendietan ez hain aspaldi libratu Malba hartza, agian Bilboko tupina eztira geriza eske Ariegetik eskapatua? Edo Berlingoa. Imajinazioaren kraxturuak aske neuzkan eta ez nintzen gutxi harritu, gorputza itseskatuz eta hostoak banaka kenduz, argazkitan neukan Gexan Hiriart jaukitzen begiztatu nuelarik. Carmen ere ttattit zegoen:

        — Lauretarik bat?

        — Dirudienez.

        — Bilatzen dunana.

        — Bitxi.

        — Bitxi... —errepikatu zuen ene ondotik Carmenek.

        Errazegi zen. Bat harrapa eta laurak zakura, nerasan herenegun Donostiatik Bilborako autobusean nintzenean. Hala zen. Hari pilotaren erdira iristeko puntta atzemana genuen. Itxuraz pataskan ari ziren bi gizonengana lasterkatzea erabaki genuen. Belardi debekatuak ausarki tapalakatzen genituela ohartu zen baratze-zaina eta oihuka jauzi egin zigun, tigre kexatua bailitzan: ez ginen ikusezinak, alajainkoa! Carmen lehen heldu zen Gorringo eta Hiriartek mugatzen zuten erresumara. Gizonak so zegozkion, bortitz, bekatu lizunean atzeman gaztetxoak bailiran.

        Atzetik tinkatu nuen Gorringo, ez zen gozo baina, Carmenek Gexan Hiriart gerritik hertsatzen zuela. Hezur zaharrak kurrinka hauteman genizkien, haustear, kaltzioa purruxkatzear. Samurtasun izpirik gabeko besarkadak iraun zuen une laburraz baliatu nintzen galde biren pausatzeko:

        — Zer da bordela hau?

        — Ez zara argiago izaten ahal?

        Gorringoren ihardespena trufariegi zitzaidan.

        Pantzoilan ukabilkada bat eman nion, dohainik. Intzirika plegatu zen. Baina ni baino indar gehiago zeukan eta nire beso artetik ihes egitea lortu zuen. Bizkitartean, Hiriartek Santa Engrazian dago giltza orroatzen zuela Carmenen aurpegira gas negargileak bota zituen, edozein dendatan eros zitekeen bonbatxoari esker. Neska-laguna eztul eta negarrez ari zen. Gorringo nuen helburu: trinkili-trankala zihoan, haur taldeak, ama alabak, udatiarrak kuskatuz. Eskuan maleta bat zeramala ohartu nintzen eta ideia bakarra bermatu zen nigan: maleta hori zen behar nuena, Hiriarten enigma, lau euskaltzaleen desagerpena eta Gorringoren misterioaren zulatzeko. Gizon adindua baino lasterrago ari nintzen eta, belardiak moztuz bezain xendrak aztalkatuz, Arte Ederren atarian igurikatu nuen. Hatsanka zebilen. Tripa airean. Ez zuen orduan euskaltzain ohoratuaren jarrerarik, alajainkoa!

        Alimaleko zakurra azaldu zen bat-batean. Txakurren beldur nintzen, herrian auzoko moloza zakarrak ipurdi mazelan ausiki ninduenez geroztik. Uspel borobila ukan nuen zenbait egunez eta laneko lagunek arrabiaren aurkako txertoaren egitera lehiatzea erregutzen zidaten. Izatekoz, eta adiskide hurbilenek baimen zezaketen, zakurraren ordez, ni nintzen arrabiatua sortu. Erremediorik ez zen. Kondenatua nintzen. Halaz aberea ikustean urrats bat gibelera egin nuen, teeeizi, teeeizi, Bilboko zakur batek ene Iparraldeko txakurrera ulertuko zuela esperoan. Piztia izugarria nitarik urrundu zen eta Jean Martin Gorringoren ondotik erotu: haragia bazuen hor, freskoa, odoltsua, nasaia. Menturaz zakurrak ez zuen nehoiz beste ametsik eduki.

        Gizon trapu trapatua karrikan zen jadanik, boz lakar batek zakurra deitu zuelarik. Suposatzen nuen Gorringo Elkano etorbidean urtu zela. Azkenekoz begimendu nuelarik, maletarik ez zeraman eskuan. Nori eman zion? Non zen? Zikinontziak mirazkatu beharko nituen. Bederazka. Betekizunak gohaintzen ninduen. Baina aurretik neure bihotzaren erdiaz arduratzekoa nintzen. Han zegoen Carmen, lurrean etzanik, itsu eta begiak ibai, bere burua ihesean asmatzen zuen gizon kankail batek kolpatua.

        — Maitea? Bizirik haiz bederen?

        — Ez dinat deus ikusten. Mokanesik baduna?

        — Zorigaitzez, ez.

        — Eta Gorringo?

        Carmenek ez zuen iparra galtzen, eiki. Zakur astapito zikin baten erruz, egoeraren latza kontuan edukiz lerdoki mintza nindaikeen alabaina Maripetipier ala Nakosaren antzera deabrua sar balakio, Gorringo eskapatu zitzaidala aitortu nion, gizona ere zakur ustelak zaintsuki haiatu zuela eta Elkano abenidan lurrindu zela. Baratzean maletarekin zebilen baina ateratzean, eskuak huts zituen. Carmenek hasperena borobildu zuen:

        — Eta orain? Non atzemanen dugu gizon hori? Eta maleta?

        — Maleta baratzearen aixolbean dun, nonbait zikinontzi batean edo sasi baten azpian.

        — Beharbada jadanik baratzera itzuli dun, gu hemen estiraz estira gabiltzalarik. Zotüka gaitezen. Non gurutzatu duzue zakurra? Zein bide egin du gero Gorringok baratzetik jalgitzeko?

        Haztamuka zutitu zen Carmen. Ibiltzen lagundu nuen. Ez zuen deus ikusten. Edo gutxi. Arte Ederren museorantz zuzendu ginen. Baratzeko umeak eskola zein etxeetara joanak ziren. Autoen azantza salbu ez zen deus entzuten. Isilik aitzinatzen ginen, Carmenek noiztenka oihutxo bat aurtikitzen zuela. Ondoren, zikinontziak eta sasi zolak arakatu genituen, metodikoki.

        Aurkikuntzak pozez bete gintuen: bussinesman maleta han zegoen, erakustokiaren laugarren sarreraren maldan, Gorringok, zakurra atzetik zuela, abandonatua. Carmenek zera paporatu zuen, inkesta zailaren garapenean, irabazpen-trofeo.

        — Hau gure badinagu hondarrean.

        — Urrats batek beste bat deitzen din.

        Filosofatzeko ohitura uholdetu zitzaidan. Filosofoa baino sofistagoa nintzela iruditu zitzaion Carmeni, sorbaldan keinu arinaz sariztatzen ninduela. Erranahiz hutsak ziren perpausak lerrokatzen nituen, zer ahoska ez nekielarik. Laneko kolegek ere usantza arin hori azpimarratzen zidaten.

        — Bai, filosofia ongi da, baina praktikan zer?

        — Filosofia pixka bat ere behar da ez?

        — Ez dugu denborarik. Negarrez ari gara, greban jartzeko ordez.

        — Greban?

        Ene harridurak lankideak zur eta lur uzten zituen. Gaurkoan, maleta papondoan zeraman Carmenen antzera. Funtsean, euskaldun zahar frankoren moldean, erran zaharrez hazten nintzen: ezintasuna irri eta ironia zozoaz apaintzen nuen.

        — Eta giltza.

        — Nora jo zuen Gexan Hiriartek?

        — Hortik.

        — Segur hiza?

        — Nola ez?

        Soa ibaira ezkeldu nuen. Doña Casilda parkea Bilbotik Santurtzira zihoan burdinbidearen aldamenean zegoen. Hiriart hortik pasatu zena, kaiertzez kaiertz hiri erdiratzeko? Halatan, maletaren jabe, filmetako espioien pare eskuburdinez lotzen ahal genion ukaraiari, zuzen-zuzen Nerbioi aldera abiatu ginen, lehenik burdinbidea zeharkatuz, gero kaiertzeko barraka eta egoitza doien erditik pasatuz, azkenik Deustuko zubiaren itzalera heltzeko. Carmenek karta bat erakutsi zidan:

        — Ebaristo Txurrukaren kaia.

        — Eta Deustuko zubia. Bilboko zubirik bereziena. Ordulari bat, uraren gainean. Ez ote ziren hemen biltzen Euskaldunako langileak, nagusiek altzairu eta ontziolak hertsi zituztenean?

        — Bai naski. Garai hartako arduradun politikoek Europa guztia burdinaz biluz utzi zitenan. Vigon ere ez zunan astelehen eguzkitsurik ernatu.

        — Eta ikazkinen urte beteko greba Ingalaterran. Decazeville zein Longwyko burdinezko ihardukiak: debalde.

        — Euskalduna jauregia hor dinagu orain.

        Zubiaren azpitik iragatean, Nerbioiko urak hogei urte lehenago baino garbiago zitzaizkidala salatu nion Carmeni. Hiriak ordea behialako altzairu, kedar eta ikatz usainaren aztarna nostalgikoak gatibatzen zituen, hats hartzen genuen airearen aberasgarri. Haizea eurira edo hegora makurtzen zenean adibidez. Carmenen aita nafarra Euskaldunan ari izan zen lanean, biriketako minbiziak eraman zuen arte. Ama andaluzak garbiketa egiten zuelarik lantokiko ingeniari baten familiaren zerbitzuko. Gizona alderdi jeltzalekoa zen, burgesa, manatzailea baina, Carmenek agertzen zuenez, gisakoa. Bilboko adiskidearen jatorriarekin kontrestan, ni hari zoharrekoa nintzen: aita eta ama, biak, herri berekoak ziren, elkarren auzo ez izan arren. Jean Martin Gorringo eta Gexan Hiriart halaber. Gogoan nuen karia horretara, sare zibernetikoan artikuluak berriz irakurri nituelako menturaz, Gexan Hiriart apezak ye-ye belaunaldiko euskaldun gazteei nola gomendatzen zien odola garbi atxikitzea, ez nahastea, ez zikintzea, ez beltzatzea, ez arroztea.

        Kaiaren erdian, bat-batean, arropa higatu meta bat begiztatu genuen. Ur hegian. Hurbildu gintzaion: palto grisa eta txapela hor zeuden. Norenak ziren? Paltoko sakelak karrakatu genituen, eta barnean dirurik eta nortasun paperik ez zeukan poltsa aurkitu genuen. Idazki labur bat bazen ordea. Desplegatzera lehiatu ginen, eta leitu genuenak bide onean ginelakoa berretsi zigun: Santa Engrazian dago giltza. Hitz horiek oihukatuz urrundu zen Gexan Hiriart Doña Casildako baratzetik, gas negargileak Carmenen muturrera botaz. Jantziak, beraz, Hiriartenak ziren.

        Aurrean Guggenheim eraikuntzaren handitasuna zegoen, argiarekin ortzadar. Agian bilatzen genuena han zen, Kleinen tinta urdinezko margoen aitzinean, belauniko. Hala espero genuen behintzat. Eguzkia hedoi astunen artetik ziztatzen saiatzen zen. Salveko zubiaren parean ginauden. Erraldoia zen, autoak burrunbaz iragaten zitzaizkion gainetik eta bihi bat ez zen Nerbioira erortzen, jainkoari esker euskaldun zintzoak lerrakeenez. Lehen aldikoz ikusiko bagenu genion zubiari so egin. Begiak altxatuz oraino Matiko auzoa baino gorago, Artxanda mirets genezakeen. Buruko mina arindu zitzaidala ohartu nintzen, baina egarriak erretzen ninduen:

        — Kafea har dezagun nonbait, laztana.

        — Ez dinagu denborarik.

        Carmen ene ikerketan belarrietaraino zebilen. Ez zuen pausarik onartzen. Zinezko bilbotarren moduan, bazekien burdina bero zeno lantzen zela. Jeff Koons-en Puppik errezebitu gintuen Guggenheimeko sarreran. Zakur honek ez ninduen den-mendrenik kikiltzen. Bazterrei barranda ginaudela, Turismo Bulego zeregina zeukan egoitza prefabrikatuaren saihetsean, beste beribilen erdian, 4L lohizu bat bazen. Txistuka hasi nintzen:

        — Ez da posible, ezin liteke...

        — Iparraldeko matrikularekin. Gure lagun berriena balitz?

        — Aztertu behar dinagu...

        — ...eta indizeak bihikatu.

        Bizkarrean zeraman zakutik Carmenek eskularru zehargiak jalgi zituen. Pare bat eskaini zidan. Kotxea hunkitzean, behatz hatzik ez uzteko alabaina. Pentsalari zuhurra zen Carmen. Gidariaren aldeko atea irekitzeari ekin genion. Arrakastarik gabe. Eskuinekoa gero. Berdin. Atzekoarekin suerte gehiago ukan genuen. Hargatik, barnean, euritako beltza salbu, ez zegoen deus. Matrikula apuntatu nuen karnet txiki batean, deituko ninduenean Jean d'Amouri galdatzeko.

        — Adiskide bat badinat Bilbon ertzain, Estevez, jatorriz galegoa.

        — Telefonatu beharko dion bertan, jakiteko zer agitzen den auto honekin. Ebatsia seinalatua denez. Adibidez.

        — Arrunt.

        Arratsaldean egitekoen zerrenda osatu nuen, Carmenek Guggenheimen sarrerako hegi batean jarririk, laguna heiatzen zuela: kafe bat, Santa Engrazia non den xerka, bazkaldu eta siesta txiki bat, zainetan zebilkidan haizearen elektrizitateaz hustea helburu. Bilbok voltez hanpatu zutoin moldatzen ninduen. Gorputz barneko hariak tximista eta pindarka ari zitzaizkidan, elkar joaz gurutzatzen zuten ber. Elektrika hizkuntza baino errazkiago transmititzen nien, esku ahurraz ukitzen nituen jende, gauza eta kabala guztiei. Alor magnetikoak ginen, Bilbo hala zen, amodioa hala zen, arroztasun salbagarria hala zen.

        Guggenheimen sartzean ostatura eramaten gintuzten geziak segitu genituen. Kleinen erakusketa kafetik landa ikusiko genuen. Mintzairak mustupilkatzen zirela, bisitarien arramantzak burtzoratu ninduen, gosari epel usainek bezainbat. Goragale une bat jasan nuen eta Carmenen besoari lotu nintzaion. Carmenek besarkatu egin ninduen eta oinak lurrean itsatsi zitzaizkidan, errealitateak bere atzamarretan lardaskatua.

        Mugikor batek jo zuen.