Beņat Dardo
Beņat Dardo
2006, nobela
200 orrialde
84-95511-86-X
azala: Xabier Gantzarain
Joxan Oiz
1968, Donostia
 
 

 

HARC ORORI EMANEN DIC

BERE MEREXITUYA

GAYZQUIGUILER PENA HANDI

PACIENTER GLORIA

 

Eztul idorrak dardararazi du begirada ez ezik gogoa ere Errotzate aldean iltzatua zuen erretorea. Itokarrean, makulu gisa erabili behar izan du gorputza bertan finkatua zuen ataka, arnasketa erritmoa bere onera etorri arte. Giro epela. Haizegoa dabil Eiheralarren. Mosen Bernat, ordea, hotzak dago. Hezur mamietaraino sartua duen ziegetako hezetasunak lizundua dio barrena aspaldi. Ezterenzubirako bide eta ezpondak dagoeneko lurmenduta dauden arren, Errotzate mendia elurtua da, baita begirada eskuinera lerratuz gero hesi zuria osatzen duten mendi guztiak ere. Ezterenzubi elurrez beteta egonen haiz, Arnegi, hi ere bai, alabaina... Orria, elurretan haiza? Galdetzen dio bere buruari berriz eztulka hasi aitzin.

        — Orreaga. Han elurra izanen duk, hotzik ez baina.

        Koplak oraindik Bordelen, meza emateko deusgai, Etxeparek gero eta sarriago finkatzen du begirada Ezterenzubiko zubian Zaro edo Donibanerakoan baino. Gatibatzen zuten paretetako leiho ttiki hormatuek Arradoi mendiaren ipar haize hotza baizik ez zioten sarrarazten. Arrotz ikusten du bere burua Donibanen. Haizegoa ekarki duten mendiz inguraturik egon arren, Eiheralarren ere ez du laketzen jada. Aizinburu alargunaren konfesioneak ere entzuteko gai ez denak errukia baino ez du merezi.

        Orain bere kezka bakarra da izokinaren gogo bera: Ezterenzubiko errekan goiti egin ahal izateko indar nahikoa biltzea, eta han azken hatsa hartu lasai ederrean, ondorengotza ziurtatuko dioten lanak obratuta. Izokina Errotzate edo Urkulluren magaletan geratuko da. Etxepare giza izokinak, aldiz, erromesen bidea probestu eta Orreagako zeinahi ohatzetan laketuko luke bere burua, ereindako haziaren fruitua Bordeletik bidalitako fardeltxo batean ikusi arte.

        Etsitzekotan da Etxepare. Bereau ere lan automatikoan laketua. Borrero ohiak Etxepare bezain ongi artatzen du mandoa. Lasai ederrean obratzen ditu egin beharrekoak. Eta aipagai duen liburu bakarra gaur gero goitik behera buruz dakien Marco Polo veneziarrarena da. Aipamenak, ordea, bere kolkorako egiten ditu, erretorea sumin ez dakion. Elkarren arteko solasaldiak bakandu dira arruntean. Bereauk beregana zezakeen jakinduria honezkero jasoa duela ematen du. Halaber, erretorearen iraganari buruzko jakinmina ere bere izena zeramaten koplek asetu dutela iduri du. Bi zaharrek elkarren ezezagun ematen dute. Gaixoak ez luke serora gehiago lanpetu nahi... eta erizainak ez du asmatzen, ez da saiatzen, eria konfortatzen. Estoiko ekintzaileak baretu dira berriro. Ukatutako plazerean plazerik topatu gabe baina. Eritasun usain sarkorrak ez du menda belarraren lurrinaren usaina aditzen uzten. Gaur gero ez da giro Eiheralarren.

        — Bagoaz, Martin! Izan gara bertan luzez pazientki. Morpain diru gose horrek saldu gaitu. Eta Lehetek nola izanen baitu jostailu berririk, ez da gutaz oroituren haboro. Parti gaitezen Orreagarat! Donibaneko bidea saihestuko dugu eta Ezterenzubitik barrena joanen gara. Bortua igan eta Gazteluaren magaletik Bentartean barrena Orreagan geundeke sarri. Ezin dirogu bertze negua Eiheralarren sufritu, Parti gaiztezen, Martin. Orreagako priorea adiskidea dut eta hark begiratuko gaitu sekulakotz. Han izanen dugu jagoitikoz guretako nehon ere ez den bakea.

        Horixe da Etxeparek gustura erranen lukeena. Alabaina Bordeletik berriren bat ailegatuko den esperantza ttikia izan arren, Orreagako erretreta gauzatzeko adorea are ttikiagoa da. Kasik maiteagoa du datorren neguan abaildutako sabaiaren azpian hiltzea, zeinahi bidetan norbaitek estekatu eta preso hartzea baino. Edo gaztetako hartza, otsoa eta basurdea bere aitzinean fortunatzea baino, orduko balezta eskuetan edukita ere.

        Jalgi nahi eta ezin. Orain, ordea, inork ez du preso atxikitzen. Orain, sasoi faltak estekatzen du Eiheralarren. Ehiztari trebea, ikasle buru argia, abokatzen aparta zen prokuradorea, bikario nagusi ahalguztiduna eta inolako arazorik gabe Zaroko maldan lasterka goiti eta beheiti mandorik gabe komunioa garraiatzen zuen Eiheralarreko erretore zaulia hilik zen. Itzultzen ez den altxor bakarra galdua zuen: sasoia. Osasuna makal, kemena lekutua.

        Eskuragaitz eta urrun zegoen molde letretako kaxoi batean gordea zioten azken-azkeneko bizindarra: ilusioa. Hortaz, osasuna galdua, ilusioa Bordelen kukutua eta adorea arabera eskastua, Etxeparek nahikari bat baizik ez zuen: euskarazko kopla batzuk inprimaturik zituen liburuttoa Garazi Herrirat ailegatzea, Bereauk Eiheralarreko erretore akituaren hilotza baratzean topatu baino lehen.

        1545eko ekainaren lehenean ustekabe galanta izan zuen Bereauk. Baratzean ari zela, Zaroko bidetik zaldun bat beregana zetorren arrapaladan.

        — Bernard Lehete ene jaunak Mosen Bernat Etxeparerendako igorritakoa duzu hau. Bere eskusak ere igortzen derauzka. Egunon Jainkoak eta izan ontsa.

        Etxepare ohatzean zetzan sukarrak erreta. Zorabiatuta eta guztiz ahul, ez zen berehalakoan ohartu gizonkotearen agerpenaz. Bereau ohatzearen ondoan belaunikatu zen eta eztiki xuxurlatu zion berria:

        — Mosen, erna zaitez, hemen duzu! Zure koplen liburua hemen duzu!

        Bildua zabaldu gabea zuen arren, Bereauk haztatuta zuen fardela, eta liburuaren azalen gogorra hatz mamitan sumatu. Etxeparek begiak zabaldu zituen istantean. Urduritu zen fardelaren bildua askatzen asmatu ezinik.

        — Nik libratuko dut, Mosen. Sosega zaitez. Liburua sarri duzu libro.

        Bereauren hatz baldarrek larruginaren aizto trebea ziruditen. Tentu handiz espartzuzko lokarria askatu, larruzko estalkia zabaldu, lakrez lotutako plegu handi baten hertzak bereizi eta barrukoak agerian utzi zituen. Ohatzean bertan jarria, Etxeparek nekez eusten zion bere buruari. Bereauk besapetatik gora tira eginez finkatu zion gorputzaren enborra. Eta magalean paratu zion zabaldutako plegu handia.

        Koplen eskuizkribuak zeuden lokarri batez bilduta, azal nabarreko liburu ttiki bat eta lakrezko zigiluaz itxitako gutun bat. Etxeparek liburua hartu zuen, eztiki ferekatu zituen txahal-larru ondu nabarrez eginiko azalak, eta sudurrera eraman zuen larru josi berriaren usaina aditzeko. Berriro ferekatu zuen eta zabaldu ere egin gabe eman zion Bereauri. Honek zeremonia errepikatu zuen, baina ez zuen liburua zabaldu.

        Elkarri begira, irriz hasi ziren. Irria segituan malkotan busti zuten eta besarkada batez lotu.

        — Benedikatua izan zaitez, Mosen. Benedikatua Mosen! —erraten zuen Bereauk zotinka.

        Liburua magalean zetzan, artean inork zabaldu gabetanik. Etxeparek eskuizkribuak lurrean pausatu zituen eta gutuna estekatu zuen.

        — Martin, irakur ezazu, otoi.

 

        «Mosen maitea, orain puntuan errezibitu dudan liburua igortzen derauzut presentarekin, baita zeure eskuz eskribaturiko koplak ere. Beriyoren Cantuya izeneko kopla xorta, alabaina, Bordelen gordeko dut. Ez bainukezu halako koplak ustekabean nehongo koplariri aditzea nahi. Hemen dukezu gordailurik onena.

        «Dakuskezunez Morpainek liburu pollita obratu du. Bere esku izan da edizione guzia eta, hortaz, bereak dira hala ongi nola makur eginak.

        «Plazer nuke liburuak bide luze eta oparoa eginen balu, ezen orai ikusiren baitugu euskaldunok obratutakoa preziatzen. Ongi forogatu duzu, Mosen, euskara eskribatzeko on dela. Ainitz jendek Morpaini forogatu beharko derauka irakurtzeko ere on dela, hala, Jainkoak lagun, maisu inprimatzaileak edizione gehiago obratuko ditu eta bertze eskribatzailek ere emanen dituzte euren lanak euskaraz inprimatzerat.

        «Heldu den letran gauza hauetaz eta bertze zenbaitetaz mintzatzeko tenorea izanen dugula fin ematen deraukat presentari, zure zerbitzari hunblea gelditzen nauzula oroiturik eta ene eskusak Latsaga jaunari emanen derauzkatzula fidaturik.

        «JesuChrist Gure jaunaren 1545garren urtean maiatzaren 30garrenean Bordelen hiri noblean.

«Bernard de Lehete

 

        — Elas Lehete, hondarrean ararteko zintzoa izandu haiz! —arrapostu zuen Etxepare biztu berriak gutunak zuen berotasun faltari erreparatu gabe.

        Argitaratu gabeko koplen erreferentziak ere ez zien ariman zimiko handirik egin.

        Ez berak ez eta Bereauk ez zuten gutunaren azterketa estilistikoa egiteko asmorik. Ez behintzat ohatzean bertan lozorroan zegoen beste gonbidatuari ongi etorria egin baino lehen.

        — Ikusi, Martin! Hemen dugu! Ukitu, ukitu zeinen azal goxoa duen. Morpainek ontsa josi ditu pleguak, maisuki. Otoi Andre Dona Maria emadazu indar eta aiuta liburu hau zabaltzeko!

        Lehen orriaren zabaltzeak bikotearen aurpegiak argitu zituen. Ez zuten horrelakorik espero, baina ikusitakoa pozez oniritzi zuten.

        — Lin-gua-Vasconun-primi-tiae-per-Domi-num... hau latina duzu, Mosen! Ez dute euskaraz inprimitu!

        Bereau larritu egin zen lehen orrialdea ozenki irakurtzen hasi bezain laster. Etxeparek berak lasaitu zuen hurrengo orrialdea eztiki paseaz. Bertan zeuden Lehetek editore gisa euskarazko testuekin eskarmenturik ez zuten inprimatzaile zein irakurleei latinez egindako ohartarazpen grafiko eta fonetikoak. Hurrengo orrialdean pausatua zen Etxeparek berak Leheteri aspaldi igorritako euskarazko gutuna. Handik aurrera, berrogeita hamar orritan banatuta, irakurgai zen guztia Mosen Bernat Etxepareren euskarazko koplak ziren.

        Lehetek egindako hautuaren arabera Doctrina Christiana osatzen zuten 450 bertsoek zabaltzen zuten liburua. Giristinoen hezkuntzaren kariaz osatutako kopla bilduma horri amorosen gora-beherekin osatutako 11 koplek ematen zioten segida 650 bertsotan banatuta. Ehun bertso inguruk osatzen zuten Mossen Bernat Echaparere cantuya izenburupean moldatutako kantore arranguratsua. Hondarrean, Lizarran inprimatu ahal izateko idatzi eta Bordeleko ediziorako moldatutako kontrapasak eta sautrelak ixten zuten liburua. Zuazola eta Egiaren aipamenen ordez, baina, Lehete eta Morpaini buruzko erreferentziak ziren liburuttoan nabarmentzen zirenak. Morpainek berak Bordeleko parlamentuari egindako eskubide errekerimenduaren erantzuna azken orrialdean ageri zen atxikita.

        — Morpain satsu horrek frantsesez eman derauka fina —zehaztu zuen Etxeparek doi bat mindurik.

        Esaera horrek hasiera eman zion liburukiaren bigarren azterketari. Oraingoan testuen edizio, apaintze eta tipografian garai batean trebaturiko bi liburuzale estoikoek gainbegiratu zuten liburuaren itxura.

        Edizioa ez zen Egiak eginen zukeenaren parekoa. Ezta hurrik eman ere. Urkamendian zigorturiko Jesukristoren irudi batere ineditoak, letra kapitularren erabilera urri eta heterogeneoak, kopla lerroen ausazko banaketak eta, besteak beste, testuan zeuden hainbat akats nabarmenek hasierako euforia epeldu zuten.

        — Ovidio handiari arrobatutako errana ontsa ezarri dugu bertan —bota zuen erretoreak etsipenean erori gabe, eta hondarrean Morpainek obratutako lana oniritziz—: Donibaneko gazteek drezatuko dituzte haboro euren inprimitzeak.

        Debile principium melior fortuna sequatur... ongi paratua da Mosen. Zuk lan gaitzena obratu duzu. Zure graziaz Donibaneko gazte horiek badute jagoitik koplatzeko miraila.

        — Elas Morpain! Ez dugu gaitz erranik eginen zure lanaz, izanen duta nik hainbertze oniritzirik?

        Hainbeste urtetako nahikaria egia bihurtua zen. Morpainek aski izan zituen bederatzi plantxa. Molde letraz bete, tinta eman, beste hainbeste plegu handi gainean paratu, dolarean prentsatu, pleguak laurdendu, josi, larruzko azalak erantsi eta plazara eman. Halaxe argitaratu zuen lehendabiziko alea, beharbada erretoreak eskuetan zuen huraxe. Morpainek aise obratu zuena Etxepareren abantzu bizitza osoko gogoaren isla zen. Hain zen desorekatua bata eta bestearen energia galera langintza berean, nornahik iraingarritzat har lezakeela baten erraztasuna bestearen nekearekiko.

        Bernard Lehete jaunaren manua beteta, Morpainek bere atelierraren ospea handitzeko zein bere sukaldeko laratza betetzeko lanetan segituko zuen. Etxeparek berriz, bertan eman zuen amaitutzat bere obra oro. Luzamendurik gabe etsi zuen gainera:

        — Har ezazu liburua, Martin, zure veneziar horren istorioak ez baitira egiazkoak, peril sobera dute eta arnoak baino gaizkiago hordi diro pertsona eta libertatea aise atzeman daitekeela kojitarazi. Hemen dituzun gaztiguak sekulako libertaterat eramanen zaituzte.

        Urteetako nekea eskuin aldeko matelan zamatu zitzaion eta aspaldi lekutua zuen solas modu guztiz oker eta motelez jarraitu zuen hizketaren hariarekin, arnasestuka, motel eta mintzaira trabatuan:

        — Mandoa ere har dirozu. Jagoitikoz nik ez dut behar izanen. Mosen Bernat ohatze honetan estekaturik geratuko da, ezen Orreaga betiko lekuan egon arren beretako sekula baino urrunago baitago. Mila esker, Martin; debotki zerbitzatu nauzu eta Andre Dona Mariak sarri ala berant emanen derauzu merezi duzun zeruko ordaina. Bitartean hartu moltsa ttiki hau ontsa irabazitako soldata gisa, eta jarrai zure bidea. Ene sasoia lekutu da behin betikoz eta sekulakoz. Mila esker, Martin. Josafaten bilduko gara! Sarri arte, adiskide!

        Liburua Bereau hunkituaren eskuetan laxatu bezain pronto irentsi zuen ohatzeak Etxepare.