Beņat Dardo
Beņat Dardo
2006, nobela
200 orrialde
84-95511-86-X
azala: Xabier Gantzarain
Joxan Oiz
1968, Donostia
 
 

 

BI ESTOIKO EIHERALARREN

 

Eiheralarre herriak aspaldiko lasaitasuna hartu duela irudi du. Mende berria urratu zenez geroztik Ibañetarantz zein Donibanerantz erasoan nahiz ihesean goiti eta beheiti joan eta heldu ziren errege, gortesau eta arma gizon guztiak lekutu dira bazterrotatik. Beilariak ere, arras bakanka bada ere, pixkanaka agertzen hasiak dira Compostelaranzko erromesaldian. Herritarrek goizero ekiten diote lan gogorrari, gerla boladaren araberako ezein arrotzek euren eguneroko gari apurra kenduko ez diela lasaituta. Hartzaile ezagunak dituzten ohiko zergek eta hamarrenek baizik ez dituzte eskastuko euren ondasun ezdeusak.

        Erretore etxean ere lasaitasuna da nagusi. Erretore jaun prelatuak biharamuneko meza nagusirako erretolika prestatzen amaitu berri du. Zakutoan gorde ditu betaurrekoak. Paperaren tinta xurgatu, idortzen utzi eta bere mutilari hots egin dio, Angelus ezkilak jotzeko garaia dela ohartaraziz:

        — Martin!, mugi zaitez, hamabiak jotzeko tenorea da!

        — Istantean, Mosen —erantzun dio leihoaren bestaldetik ordurako ezkila soka ederki estekaturik duen laguntzaileak. Mutilarena egiten duena ez baita mutiko bat, erretorearen adineko gizaseme sendoa baizik.

        Eiheralarreko erretoretxean, eguneroko ordutegiak minutuak erretzen ditu doi-doian. Sarri bazkaltzeko tenorea. Ondoren lo kuluxka konfortari bat. Segidan, aurrena letrak ikasteko eskola; norberaren irakurketetarako astia hurrena, eta otoitzetarako tartea azkena. Eta eguna amaitzeko afaria, ohatzea, irakurketaldia, otoi egitea eta loa. Goizean baratze eta bestelako lan praktikoak, meza zein konfesioneetarako saioa, bazkaldu eta horrela beste egun betea gure azken fina plazentki hel dakigun Ama Birjin Gloriosa ararteko dela.

        Argiro azaldu baitzion Etxeparek Bereauri zein izanen zen Eiheralarreko erretoretza lortutakoan euren eguneroko eginkizuna: antigoalekoek bizitza zoriontsua zeritzaten hura. Finituak ziren Donibaneko borreroaren lan lohiak eta bikario nagusiaren ahalmen ez garbiagoak:

        — Anitzetan aipatu derauzkizudan estoiko haien bidea da gurea, Martin.

        Klasikoen edozein liburu estreinakoz erakustean aldiro errepikatzen zion leloa oroitarazteaz gain —damu gaitzik gaur gero oro da eskribatua, Martin, ezen jaiotzeko fortunatu zaigun sasoi honetan ez baita deus berririk egiterik; zori gaitzez bi aukera baizik ez ditugu: zerbait berria egiten ari garela saiatuz itsutasun handia egin ala antigoaleko jakintza hau zabaldu inprimitzerat igorririk—, letrak irakurtzen ikasteko egin zuten lehen saioan honako hau ere erran zion Etxeparek, Lukuzeko baroi zaharrak Lyondik aspaldi ekarritako Luzio Anneo Senekaren De otio edizio ederreko liburuttoa zabaldu zuelarik:

        — Astia, «Otium-a». Jagoitikoz ez dugu bertze nahirik ukan behar.

        Astiaz edota gizon jakintsuaren erretiroaz mintzo zen Seneka liburuan. Gaiaz gain, liburuak bazuen berezitasunik. Izan ere, erretoreak berak zeuzkan Senekaren beste hainbat liburutako edizioetan De otio izeneko atal berak hamar orriko pasartea baino ez baitzuen betetzen. Esaterako Etxeparek azken aldian sarritan esku tartean zerabilen Senekaren beraren De vita beata izeneko liburuan ageri zen zorioneko pasartea baina azken atal gisa, «Sereno» delako bati egindako eskaintzapean. De otio honen berezitasuna edizioa bera zen.

        Lukuzeko gazteluan burutu ohi zuten gaztetako eskola saio haietako batean, Baroi zaharrak Eñaut semeari zilarrezko sastakai bat ekarri zion ustekabeko opari gisa. Beñat gazteari, ordea, larru gorri apainez josiriko liburuttoa:

        — Ez zakiat zein diren barrengo letrak, Lyongo dendari aleman horrek apaletan zuen libururik pollitena zuan bederen. To. Hurrengoan erranen deraudak zer deabrutaz eskribatua den. Latinez egina duk, dudarik gabe.

        Ederra, ikusgarria zen. Larruzko azal gorriak zabalduta, lehen orriak inprentaz egindako lana baino monasterio bateko monje baten esku trebeak eginiko artelana zirudien. Tinta beltza eta gorritan txirikordaturiko landare eta irudi geometrikoek lauki bat osatzen zuten. Tinta sarriak paperaren zuriak eskaintzen zituen irudi eta hutsuneak are ederragoak agertzen zituen. Letra tipo gotiko txiki gorrietan L. Annaei Senecae ageri zen. Beheraxeko tipo etzan latindarrez OPERA. Orriaren erdialdean DE OTIO neurrigabeko tamainan, karaktere gorriz. Hurrengo lerroan, tarterik gabe, beltzez eta bi hosto gorriren artean datazioa arabiar karaktereez: 1495. Azpian, azkenik, eta tipografia borobilkara erabiliz, inprimatze lekua tamaina minuskuloz eta inprimatzaileren aipamenik gabe: Lugduni.

        — Hau baino gauza ederragorik ez da munduan, Martin! Letrek gordetzen duten jakintza halako molde ederretan bildua! Hau izanen da zuri letrak irakurtzen irakasteko erabiliko dugun joia!

        Eta halaxe, orriak eri muturrez eztiki pasaz, papera ferekatuz, usainduz, segidan heldu ziren orri horien balioa erakutsi zion. Landare zein giza irudiz josiriko letra kapitularrak, tipo ezberdinetako lerroak orri guztietan, tamaina eta tinta askotariko pasarteak tartekatzen ziren lotsagabeki. Ezagun zuen liburu hori inprimatu zuen maisu Lyondarrak ez zuela Senekaren astiari buruzko hausnarketa zabaltzea helburu. Zoriz, astiaz eta zahartzaroan denbora probesteko era duinaz mintzo ziren orriak. Helburua, ordea, tipografiaren artean trebatzeko lan bat egitea, ariketa tipografiko moduko zerbait obratzea izan zen. Esperimentazio eta inprimatze probaketa zen liburuaren xedea. Irakurle klasikoentzako erakusketa anarkikoa aukeran, baina aurreiritzirik gabeko Bereau bezalako lego batentzat primerako ikasgaia. Irakurtzen ez ezik, borrero izandakoak liburuekikoak ere ikasi eta ederresten ikasi beharko baitzuen, momentuz lozorroan zegoen Etxepareren benetako bizi misioa noizbait burutuko bazen.

        — So egizu eta ikasi, Martin. Guhaurek horrelakorik ezin dugula egin uste duena albailedi tentuz.

        Alfabetoak gordetzen zuen sorginezko kodea deszifratzen ikasi zuen Bereauk arian-arian. Latina ez endelgatu arren, trabarik gabe dekodifikatzen ikasi zuen laster batean:

        — A... A-ge-re et con-tem-pla-ti-o-ni va... va-ca-re!

        — Ontsa! Hori baita Senekaren Naturak eta gure Jainkoak nahi dutena, «ekitea eta kontenplazioneari amore ematea». Hori da gure egitekoa, aritu baina astiaz jokatu, «ezen ekintzarik gabeko kontenplazionea ezinezkoa baita».

        Martin Bereau mundu ezaguneko lehen borrero eskolatua bihurtzen ari zen, errege baten kumea bailitzan, Salamancako eskolastikarik finena etxean bertan zurrupatzen ari zen Europako lehen borreroa. Izan ere, erretoreak irakurritakoa itzultzeaz gain horren gaineko gogoetatzeak tantaka itzurtzeko probesten baitzuen:

        — Bizitza laburra da, Martin. Eta noiz ohartzen gara horretaz, oraindik gazte ginela uste genuelarik zahartzaroak harrapatu gaituenean. Orduan ohartzen da gizona denbora alferrik galdu duela. Zer da bada negozio handitan aritzea, otiuma, ukatzea. So egizu Martin «neg-otium». Itsutasunean aritu dira euren aberasbideetan arima estekatuta, anitz langintza eta oharkabean emaitza gutxi.

        — Eta hortaz, alferra da gizon ona —erantzuten zion ikasle fidagaitzak.

        — Ez, ez. Deusetan ari denari ere bizitza eskapatzen zaio. Luxu ergelean bizi dena ere itsu da. Horiek miraila eta orraziaren artean bizi dira. Astia bizi izandakoaz hausnartzea da, jakintsu zaharren liburuak irakurtzea da, bizitzaren eguneroko mirakuluak aztertzea da, Jainkoaren arabera bizitzea da: plazera ukatzeak ematen duen plazeraz bizitzea da astia estimatzearen bertutea.

        — ...Plazera ukatzeak ematen duen plazera?

        Ez borreroak, ez olagizonak, ez elizmutilak, ez eta irakaskuntza eskolastikoaren ikaslerik berrienak ere, inork ez zuen deus ere ulertzen. Haatik, Bereauri ez zitzaizkion Epikuro, Aristoteles edo Zenon estoikoaren izenak arrotz egiten. Engoitik frankotan entzunak zituen. Ez zuen ongi asmatuko bakoitzaren eskola eta ezaugarrien berri ematen, baina aditzearen poderioz ez zitzaizkion arrotz. Tarteko lotura ez zuen sobera argi, ordea. Gainera, luxuarekiko grina falta, aberastasuna eta boterea ez dira helburua, plazerari uko egin eta bertutea besarkatzea bezalako erranerek desegoki irudi zuten Beñat Dardo, Sarasketako Etxepareko kaparea eta Donibaneko bikario nagusiaren ahotan. Inkoherentzia hitza ikasia izan balu... pobrezia, mixeria, eritasuna, gerra eta heriotza baizik ezagutuak ez zituen Martinek horixe bera egotziko lioke erretoreari. Ez inkoherentzia, ez paradoxa, ez horrelakorik. Bereauk oraindik hitz errazagoak ikasiak zituen. Errespetua eta eskerrona, esate baterako. Beharbada horregatik ez zion inolako trabarik jarri maisuak erakutsitakoei, eta bai borreroak bai olagizonak eta baita elizmutilak ere ikasle adikorrarena egiten jarraitzea deliberatu zuten aho batez.

        — Horazio handiak ere erran eta goraipatu zuen jakintsuaren bizitza lasaia jendarteko xaribaritik lekutua...

        «Hihaurek ere aski negozio eta jendarteko zalaparta ukan duk, Mosen Bernat» pentsatzen zuen bere kolkorako Etxepare maisuak Bereau ikaslea adi-adi zuen bitartean. Berak bai, Etxeparek ulertzen zuen inkoherentzia eta paradoxa hitzen esanahia. Sokrates, Platon, Aristoteles edo Senekari berari anitzetan egotzitako bizimodu bakiko eta batere aszetikoa izana baitzuen Mosen Bernatek. Ez zuen, hala ere, jakinmin infinituaz hornituriko Bereau ikaslea zapuztu nahi. Gainera, beretzat hartzen zituen halako salaketaren aurrean estoikoek eman ohi zuten erantzuna: «Ez ditzagun ondasunak gaitziritzi, eurenganako makurraraztea baizen» edota «aberastasuna jakintsuaren zerbitzari da, alabaina ergelaren nagusi».

        Salaketa anitz jasandakoa, erretoreak ere argi zuen inbidiak eta falaziak eskua emanda aritzen zirela. Hortaz, iraganaz zer adierazi eta Astiaren ikuspegi zabal horretan ikasleari zer erakutsi argi zuen:

        — Etorkizunari beha oraina dugu galtzen, eta oraina galduta oro da damu. Iragana galdua du oraina galdutakoak, alabaina ez zaitez iraganaz sobera arduratu. Azken Judizioan egun denak berdin baitira. Iraganaren bozkariozko egunetaz oroit zaitez eta haiek baliatu egun.

        Ikasleari zail egiten zaio arrazonamenduari jarraitzea, zailago, ordea, bere iraganeko txokorik urrunenean begiratuta ere, «bozkariozko egunik» topatzea. Argi duena da, orain bai, Eiheralarren ezagutu duela zer den poza: Aberatsek huts-hutsik zitean hura, Martin.

        Maisuak harrituta entzuten du bere burua. Bere solasak dira, baina Erasmoren liburu gorde haietan Salamancan irakurritakoa orain bereganatzen ari dela ematen du. Deseroso sentitzen da, izan ere, Etxeparek argi baitauka berak egin nahi duen bidea Mediterraneoko antzinateko jakintzarengana dela, ez ordea Europatik datorren jakintza berrietara. Berriro ere, orduraino ezagututako mundua eta heldu dena jadanik ez dutela bat eginen iruditzen zaio. Maisu Etxeparek, hala eta guztiz ere, falta du hori definitzeko hitza. Berak ez du sekula ezagutuko gainera. Berak maite duen Petrarca ez da gerora modernotzat hartuko zen italieraz idazten zuen aitzindari humanista hori. Berak latinez irakurriak dituen Petrarcaren De otio religiosorum edo De vita solitaria maite ditu.

 

 

Poliki eta gozo, baina Mediterraneo klasikoan bezala, hondarrean, Eiheralarren ere denborak ihesean fugit eta liburutto gorriarenak egin du. Martin Bereauk arazorik gabe dekodifikatzen ditu haren barren miragarriak. Hizkiak, hitzak banaka, esaldi luzeak, paragrafo osoak. Ezker eskuin, goitik behera zein alderantziz. Martin de Bereauk, horrela idazten baitu bere sinadura oraindik urdurian, begi aurrean fortunaturiko edozein testu irakurtzeko gai da. Azken azterketa gisa, maisuak zabaldutako orrialdea faborez irakur dezala eskatzen dio:

        — Quo pertinet haec dicere? —galdetzen du dikzio dotorez Eiheralarreko ikasleak—. Ut appareat contemplationem placere omnibus; alii petunt illam, nobis haec statio, non portus est.

        — Martin, miraz nago nola ikasi duzun letrak irakurtzen. Miretsita nauzu. Zorionak adiskide!

        Maisuak eta ikasleak besarkada batean bat egin dute. Borrero ohia negar zotinka ari da.

        — Esker mila anitz, Mosen. Esker mila...

        — Zaude isilik, Martin. Zeurea da meritu osoa. Zorretan nengoen, eta emandako hitza ez da jan behar. Elas! Atzendu aitzin, oroitzen zara zein zen pasarte honen erranahia?

        — Ea... «dicere» hori erran zen, ezta? «Contemplationem» astiaz gozatzen lasai ederrean kontenplazionean egotea izanen da... eta «portus» hori bortua izanen da.

        — Bai, baina ez idorreko bortua, itsas portua da. Erran nahi baita, ontzien helmuga. Horixe da, Martin. Erran hauek guztiak zertarako izan diren? Erakusteko batzuendako portua dela kontenplazionea guretzako, alabaina, kontenplazio lasai hau geltokia baizen ez da izan. Nola ikasi dugun bertze plazerei uko egiten, hala jakin behar dugu orain ikasitakoa herriari helarazten. Ikusi, ikusi, Senekak berak astiaren emaitza «Res Publica-ri» eskaini behar deraukagula erraten du klarki.

        — Ekitea eta kontenplazioneari ematea —zehazten du Bereau ikasle apartak.

        — Horixe, Martin: kontenplazione aski ukan dugu eta orain ekin egin behar dugu! —egin zuen aldarri Mosen Bernat euforiko batek.

        Bere osasun kaxkarra sukaldeko zizeiluan utzita, erretorea lasterka, ia saltoka, abiatu zen gelara. Itzulitakoan zizeiluaren taulak kexu hots bat egin zuen Etxeparek danbateko batez utzitako paper metatxoaren eraginez:

        — Hona ene koplen eskribuak. Zu ez baitzara hilabete hauetan lan egin duen bakarra. Ea nola moldatzen zaren euskaraz irakurtzen. Eskriptura hau bederen ulertuko duzu.

        Erretoreak berrogeita hamabost plegu inguru erakutsi zizkion liluratutako Bereauri. Banaka-banaka azaldu zizkion kopla bakoitzaren nondik norakoa, jatorria eta helburua.

        Aspaldi idatzitako koplak ziren gehienak. «Mossen Bernat Echepareren cantuya» zeritzan bertso bilduma, ordea, berri-berria zen.

        — Hauxe duzu obratutako ene azken kopla sorta. Bertan kontatu nahi ukan dut zuri anitzetan azaldutakoa. Jagoitikoz ez da dudarik izanen eta orok jakinen dute ogengabea naizela. Kartzelan nengoelarik gogoan neuzkan koplak paperean paratzea baizen ez dut egin.

        — Eta bertze lanak? —galdetu zuen Bereauk jakinminez.

        — Aspaldian eskribatutakoak paper berritan ematea izan da. Begira hauek —Doctrina Christiana izenburupeko kopla sarriak erakutsiaz—, Zaron erretore nintzela eskribatutakoak dituzu; bertze hauek, alabaina, gazteagotan obratu eta Donibanen bikario nagusia nintzelarik gerla sasoian berriz eskribatutakoak dira...

        Azken kopla hauen artean Emazten favore, Amoros gelosia edo Potaren galdacia izeneko koplak zeuden. Bereauk izenburua irakurrita aski deigarritzat jo zituenak.

        — Prelatua izaki eta honelakoak idatzi?

        — Bai —erantzun zion erretoreak irriz—, oroitu estoiko bihurtu aitzin epikureo aski hedonista nintzela! Beñat Dardok eskribatuta baina Mosen Bernaten eskripturan emanak dira. Gaztearen amorio gogoa baina elizgizonaren gaztiguekin baretuta. Plazer baduzu irakur itzazu eta ukanen dugu mintzatzeko materia. Hamahiru kopla sorta dituzu, ea onirizten dituzun.

        Irakurri baino irentsi egin zituen Bereauk. Irakurritako gaiak alde batera, borrero ohiak ikaragarrizko gozamena hartu zuen erretorearen koplak irakurtzean. Izan ere, bertsoak begitandu ahala gero eta aiseago irakurtzen zuela ohartu baitzen. Irakurgaiak ez ziren jakintsu arrotz batzuk gai are arrotzagoez idatzitakoak. Berak ezagutzen zituen gaiak eta grinak ziren paperean agerturikoak. Maisuaren azalpenik behar ez zuen hizkuntza batean izkiriaturiko letrak. Areago, laster konturatu zen, halaber, irakurri ez ezik kantatzen ahal zituela bertan idatzitakoak. Bere bizitzako bigarren negarraldia bizitu zuen Eiheralarreko erretoretxeko zizeiluan jarrita. Irakurtzeak berak eta irakurritakoak hunkituta, gazitasun goxoa fortunatu zitzaion masailean behera egiten zuten negar malkoena. Beste norbaitek barren-barrenetik idatzitakoa bere barne muinetan txertatzen ahal zitzaiola ohartzeak pozezko zirrara atsegina sortu zion. Segapoto eskolatu berriak orduantxe ulertu zuen Donibaneko ziegan erretore presoari ikasitako jakintsuen libertatea hura zer izaten ahal zen, baita Etxepare maisuak irakurketa saio horietako batean egin zuen aipamen hura ere: latindarren ditxosozko otium greziarren scholé kontzeptuari zegokiola. Maite zuen estoikoa izatea.

 

 

Amoria nor yçan da gure bion artian

Muthaturic vaçavilça ia aspaldi handian

Nic çugana daquidala faltatu eztut vician

Bioc behin secretuqui nonbait mynça guitian

 

— Ez daiteke! —pentsatu zuen, ustekabean, bertsoen bigarren irakurketa kantatuari gogotsu emana zegoen Bereauk—. Hauek Adardunaren koplak dira! Mosen, zatoz sarri! —oihukatu zuen segidan.

        Ez zion sukaldera bertaratzeko astia eman. Deiadarra amaitu orduko erretorearen gelako ataripean zen Bereau.

        — Pasa, pasa. Zer duzu, Martin?

        — Kopla hauek ezagunak ditut, Mosen, aski famatuak dira Donibanen aspaldian. Martina Elizetxe eta Mattin Larragoieni paratutako koplak dira. Asto-lasterra ederra egin zuten iragan urtean Mattin jelostuta zebilelako Etxeberz zapatariarekin. Tobera eta joare hots ederrak atera zituzten gazte haiek. Hura zalaparta! Plazan ere irrizko trajeria pollita obratu zuten!

        — Ez da egia izanen. Nola daiteke ene koplak publikatuta izatea?

        — Ez dut erran eskributan emanak daudenik. Hori ez dakit nik. Alabaina Donibanen kantu hori aski ezaguna da. Bertze koplak ere ezagunak ditut, ez dira berberak baina iduritsuak dira.

        — Aski da. Ez dut deus gehiago aditu nahi —eten zuen erretoreak zakar eta haserre—. Erran nizun bazela ekintzetara pasatzeko tenorea, eta halako berriek areagotu egiten dute ene ustea. Amoros horiek hala astoz nola karrozan paseatu zituzten axolarik ez! Nor deabru zen alabaina galarrotsetarako koplak egin zituena?

        — Ez dakit, Mosen. Jakin nezake aise Donibanerat joanez gero —gaineratu zuen Bereauk izutu samar, Seneka maisuak hartu berria zuen Neron jarrerarengatik.

        — Segi bada harat eta ez itzuli infernuko etsai kirats hori nor den jakin gabetarik!

        Infernuko etsai kiratsa Jakes Bordagarai zen, Uharteko oihal saltzailea. Gaztea arruntean, zituen letrak kontuan hartuta. Gerla eta gero Garazin biztu berria zen pastoral, galarrots eta asto-laster giroko koplen egile taldeko kideetariko bat. Egileok hiru ziren. Zein baino zein gazteago, gainera. Bordagarai zaharrenak 20 urte baizik ez zituen. Hurrena Johanes Etxegarai zen, 19 urteko donibandar ikaslea, eta azkena Eñaut Logras, «Gaskoi Lodia» zeritzaten Donibaneko merkatari aberatsaren 18 urteko semea. Hiruren artean osatua zuten Kain eta Abel heldu zen udaberrian Donibanen bertan taularatzeko prest izanen zen pastorala. Halaber, zenbait kopla irrigarri eginak zituzten eta aski ezagunak ziren gaur gero Donibane inguruan.

        Hori dela eta, Bereauk ez zuen arazorik izan duela urtebete entzundako kopla horien egilearen grazia lortzeko: Bordagarai oihal martxanta.

        — Ez dut ezagutzen —onartu zuen Etxeparek—, baina ez du axolarik. Paperetan eskribatuta dituen kopla guztiak eskuratu behar ditugu. Ezen nehongo inprimatzailek ez baitu deus ere inprimatzera igorriko esku izkribuak nonahi banatuta baldin badaude. To, har ezazu moltsa hau eta ea bere paperak saltzeko prest dagoen. Bertzenaz, onean ez bada, badakizu, bortxaz ekarri kopla horiek.

 

 

Ilunabarrerako Eiheralarren zen Bereau:

        — Gaur gero ez duzu zertaz kezkatzerik.

        — Elas! Hau bozkarioa!

        — Halaxe duzu, jauna. Bordagaraik ez du jagoitik deus erranen.

        — Hortaz, dirua oniritzi eta koplak eman al derauzkizu?

        — Ez, Mosen. Bo, ba! Eman, bai, eman dizkit. Graziana bere emazteak eman dizkit. Bordagaraik ez baitzuen eskribatutakoa saldu nahi. Ergelak, berak obratutako artea ez zela sosetan pagatzen ahal erraten zuen. Errefusa ikusirik, ez niola ebatsi behar erran nion, eta koplak banaka-banaka pagatuko nizkiola jakinarazi. Ordaina makilaka eman nion. Ez nuen hitza bete, ordea, eta zenbait kantu ordaindu gabe utzi nizkion. Izan ere, hamar kolpe baizik ez baitzituen sufritu, lurrean isilik geratu zenerako. Makilakadekin pagatutako hamar kopla eta bertze zazpi eman zizkidan, hortaz, Graziana andereak irainka eta espantuka. Hemen dituzu! Hona gaur gero ezkerraz eskribatzen ikasi beharko duen Jakes Bordagarai eskuina zenaren eskuizkribu sorta.

        — Ontsa, Bereau, ontsa. Ni bezainbateko bekatorea izateko bidean zaude. Zu, baina, jentilago zara. Bortitz baina jentil.

        Erretoreak orriak banaka aztertzeari ekin zion berehala. Betaurrekorik gabe, ordea, aurpegiera istantean antzaldatu zitzaion begiak behartuta eta ximur-ximur eginda.

        — Hortaz, kopla hauek ere irakurtzen utziko didazu, ez da hala? —eten zion Bereauk orriak inpazientziaz seinalatuz.

        — Utikan eta mila deabruk eraman! Hauek ez dituzu ene koplak! —izan zen erantzun zakarra—. Demonioaren giderra, hauek ez dira, Bereau! Ez daiteke, Johanot eiherazainak ez al zerauzun bada erran asto-lasterretan kantatutako koplak Uharteko Bordagarairenetik jalgiak zirela. Segi luzamendurik gabe Johanot modorro horren bila eta ez zaitez berriro ere nahas! Infernuko suarengatik, adbokatu, notari eta poetaz bete ote zaigu Garazi herria? Preso hartu aitzin ez nekusan nehor letrak zekizkienik! Etxepareko Bernatek salbu nehork ez zeukan letrarik. Orain, orok! Bereau, otoi, harrapa ezazu ene bertsoak berorren kantuak diratekeen gisan baliatzen ari den sugegorri hori!

        Egoerak berpiztutako borreroak ez zuen letradun kopuruaren puzteari buruzko aipamena ulertu. Baionako apezpikua, dozena erdi bat apez, pare bat prelatu, jaun nobleren bat edo beste eta Erregeren Bordeleko adbokatua ezik, nor zen bada gai mundu honetan letrak irakurtzeko? Bereauren ustez, inor ere ez. Areago, euskaraz eskribatzen zuen gizakirik ez omen zegoen ez Garazin ez Baigorrin ez eta inon. Salbuespena: berari letrak irakatsi zizkion Mosen Bernat Etxeparekoa, dudarik gabe berak ezagutzen zuen gizakirik bizkorrena. Izan ere, latina eta gazteleraz eskribatzeaz gain euskarazko letrekin ere arrunt ongi moldatzen baitzen. Mosen Etxeparek ere erakutsia zizkion Donibaneko astelehenetako merkatuan gaskoi kauterek gero eta sarriago erabiltzen zituzten frantsesezko hitzak. Etxeparek berak aspaldian doi-doi zekizkienak, baina Paueko gatibutzan ongi menperatu zituenak. «Martin, zuk niri lagundu ene koplak inprimierazten eta nik irakatsiko derauzkizut nahi dituzun letrak, baita frantses lengoaje mordoilo horrenak ere».

        Bereauk Johanoteneko errotara egindako bigarren bisitaldiak huts egin zuen. Eiherazainak Bordagarairen beso eta saihets hautsien berri ukan bezain laster, Donibaneko borreroarekin ez zuela inolako solasaldirik egin nahi deliberatu eta bere burua gorde baitzuen zenbait egunez.

        — Ikusten baduk aita, nik ere irina egiten badakidala erraiok, ezen ene esku errotak zuen errotarriak bezainbat gari xehatu baitik.

        Ganex gazteak ederki ulertu zuen Bereauk ez zuela esku errotak izateko erregeren debekua hautsiko. Borrero krudelak zerbait haustekotan aitaren bizkarra hautsiko zuela konprenitu zuen argiro. Hori dela eta, hiru egun baizik ez ziren pasa Logras eta Etxegarai donibandar gazte koplagileak Eiheralarreko erretoretxean agertu arte.

        — Mosen Bernat, umil eta Jainkoari anitz urtez begira zaitzan galdetuz, zure etxerat heldu gara argibideak emateko gogoz. Zuk egindako koplak ederretsi baizik ez ditugula egin aspalditik eta haiek plazaratzeko ohore eta plazera baizik ez derauzugula ebatsi aitortu nahi derauzugu. Ez gara ohoinak, noizbait ikasitako kopla eder horiek denen dosteta eta irri egiteko materia zabaltzeko gazte eroak baizik ez gara. Otoi, barkatu gure ausardia. Hiltzat zintugun Donibanen, eta frangotan baliatzen ditugun kopla anonimo gisa erabili genituen guhaurek egindako koplekin batera. Ez genekusan faltarik kopla horiek plazaratzean, eta hala galdetu nahi derauzugu, jauna, otoi, barkamena zerbaitetan damnatu bazaitugu. Menturaz gorderik ukan nahi zenituen kanta horiek, eta hori dela eta gure ogena onestea baino ez dirogu. Barkaiguzu, Mosen. Otoi.

        Erretore zaharraren matelak are deserrotuago irudi zuen. Begiak lausotuta. Dar-dar batek hartu zuen gorputz osoa. Modu bat baizik ez zegoen dardarizo hori eteteko:

        — Zatozte enegana, gazte maiteok. Etorri honat... —eta besarkada batez lotu zituen—. Ni nauzue ogena egin duena. Ni eta nire zahar banitate ergela. Ardi itsuak deus ez dakusan arren, segitzen du ugalderat bertan ito arte. Nik ere, ene itsutasunean, ez dut bertzerik ikusi eta ene paperak baizen ez nituen gogoan. Ahalketurik nauzue. Egundaino nehork ez ditu nik bezainbertze maite ukan koplak. Ergel modorroa izan nauzue. Herriak koplak kantuan ematea baino plazer handietarik ez dela ahantzi dut. Moldeko letretan, inprimategirat igorriak, ikusi nahi nituen ene kantuak. Molde berrietan ikusi nahi nituen koplak... eta usaiazkoa ahantzi dut.

        — Ez, Mosen, ez zaitez tribulatu. Gu ere ogenduruak gara. Donibaneko Bikariotza armaz hartu zelarik, ene aitak —desenkusatu zen Logras «Lodiaren» semea— bertzeak bertze zure paperak hartu zituen bertatik. Handik urte batzuetara niri eman zerauzkidan, «letrak eta horrelakoak maite dituzulakoz». Nik, miretsirik, Bordagarairi erakutsi nerauzkion, eta orduz geroztik anitz preziatu ditugu. Bordagarairi koplak sortzeko gogoa biztu zitzaion handik harat.

        — Nik ere neure erara paratu ditut zure koplak —zehaztu zuen Etxegaraik—. Kantuak elkar trukatzen eta denon artean korrejitzen hasi ginen horrela. Orain pastoral bat ari gara prestatzen heldu den udaberrirako. Lograsek kopla xorta polita bildu du eta Bordagaraik... bo, gaur gero ezagutzen duzu Bordagarairen lana.

        Etxegaraik lotsak kiribildutako Bereauri egin zion so. Hau ez zen ausartu begirada itzultzen eta bere kolkoan bildu zen, are gehiago.

        — Gaitz egin ikaragarria izan da Bordagarairena. Martin eta biok damuturik eta ahalketurik gaude. Sarri osatzea espero dugu eta bere langintza ederrean jarraitzea. Hortaz —erasoaren gaia lehenbailehen saihestuz—, batean aritzen zarete?

        Hasierako giroa epelduta, letretako lagunartea osatu zen segituan. Gazteek azaldu zioten erretoreari euren poetika moldea. Atseginez eta harriduraz entzun zituen azalpenok Etxeparek. Bereau, aldiz, egur batzuk txikitzera abiatu zen baratze aldera, ikasle berriekiko bere maisuaren abegi onarekin jelostuta. Erretore zaharra emozioz itokarrean zen. Gazte garaztar horiek entzunda aspaldiko Etxepare koplazale entzuten ari zen. Donibandar koplagileek herriari eta herriarentzat kantatzen hartzen zuten plazera. Era guztietako gaiak aintzat hartu eta hiruren artean moldatzen zituzten koplak. Bordagarai zen ditxolaria. Hara! hor heldu duk karrikan beheiti kapitaina hizpidera ekarri batek, eta amen batean Bordagaraik: Deuskai horrek egundaino ez du jaso behar duen ordaina, norbaitek sarri emanen derauka, alabaina! Johanes Etxegaraik, bertzalde, buruan metatuak zituen Mauletik Baigorriraino azken ehun urteetan kantatutako kopla eta kantoreak oro. Xirula joz ez zegoelarik, kantuan ari zen. Taldeko doinu emaile zen bera. Lograsek, azkenik, baten etorria eta bestearen erritmoa doitzen zituen paperetan. Bera zen letra gehienak zituena, eta bere esku zen hondarreko bertsioaren ardura.

        Batez ere irrigarrizko koplak sortzen zituzten gazteok. Espresuki eskatutakoak, asto-lasterretan bezala, nahiz euren kabuz sortuak. Azken boladan, ordea, asmo handitan zebiltzan: pastoral bat prestatzen ari ziren. Ideia Etxegarairena izan arren, hirurak ari ziren lanean. Orain, Bordagarairen ezbeharra eta gero, Logras eta bien artean moldatu beharko zuten.

        — Miraz nago, gazte maiteok! Bozkarioz alegeraturik utzi naute zuen gogo eta bizindarrek —erranez agur modukoa hasi zuen bi donibandarren azalpenak pazientki jaso zituen apez jaunak—. Baldin eta laguntzarik beharko bazenute, beti gertu izanen nauzuela erran baizik ez dut. Gaztetako gogoak biztu derauzkidazue, baina gaur gero zaharra naiz eta herio hurren dut. Nik ere plazera hartu dut koplak eskribatzen eta plazer hori zabaltzea da ene nahikaria. Alabaina ez niro eskribatutakoa plazan kanta. Zuek eta irakurleek kantatzea nahi dut. Horregatik inprimitzerat igorri nahi ditut sarri.

        Erretorea ez zen gehiago luzatu. Izan ere, inprimategiaren apologia Bereauri askotan egina ziola oroitzearekin batera, baratzetik zetozen aizkol kolpeak aspaldi isildu zirela ohartu egin baitzen.

        — Mila esker anitz zuri, Mosen Bernat. Jakizu zure laguntza hori probestuko dugula dudarik gabe. Agian guri ere koplak inprimitzerat igortzeko tenorea ailegatu zaigu. Pundu horretan gaudelarik, zure gaztigua onetsiko dugu gustura. Otoi, barkaiguzu eragindako penengatik eta sarri arte, Mosen.

        — Sarri arte, bai, Mosen —finitu zuen Lograsek—. Aitari aipatuko deraukat zure inprimatzeko gogoa. Berak baditu anitz lagun Bordele eta Lyon aldean. Plazer handiz erraztuko lizuke hango atelierretarako bidea. Bordelerako arartekotza bederen aise eginen lizuke. Lehete adbokatuarekin hilabetean behin biltzen da afaritarako...

 

 

— Lehetek! Lehetek arartekotza eginen deraudala! Baina zer uste dute zorri biztu hauek, Martin? Nik behar dudan ararteko bakarra Andre Dona Maria da! Nor da baina Lehete maradizionezko hori?

        — Guk bagenuen Saran lehengusu bat, Beñat, Beñat Lehete...

        Bereauk ez du ikasi oraindik zer den galdera erretorikoa, eta xaloki bada ere erretorearen zalantza argitzen saiatu da. Ez zen sobera okertu borrero fidela. Saratarrak baitziren Lehetetarrak, Enrike erregearen gortean aski ongi laketutako jaun noble lapurtarrak.

        Bernard Lehetekoa erregeren adbokatu jenerala zen 1529. urteaz geroztik. Hurrengo urtean kargua ofizialki hartua, laster bereganatu zuen sona handia Bordelen. Bordelen ez ezik, Baionatik Bordelera eta Bordeletik Tolosarainoko lurraldean arrakastaren eredu gisa hartuak ziren aspaldi Lehetetarrak. Ez ziren gerla kontuetan nabarmenduriko kapareak. Katedralak eta gorteak ziren apezpiku, kalonje, adbokatu eta letradun saratar kasta honen habia usuena. Bernardek, Tolosako unibertsitatean sekulan matrikulaturiko ikaslerik bizkorrenak, ordea, bazuen bere senideek ez zuten dohain berezi bat: letrak eta musika arras zituen maite. Eta era berean, musikagile eta letragizonak maite eta babesten zituen.

        Hainbat alderdik eta erresumek estutu eta trabatutako Enrike erregeren lege makulu bihurtu zen Lehete adbokatua. Lurraldeak, oinordekotzak, jaun noble zein elizarekiko zerga-tirabirak eta era guztietako lege auzitan saratarra zerbitzu arrunt eraginkorra ari zitzaion egiten Albretekoari. Erregeak ez ezik, Margarita erreginak ere hagitz gustuko zuen. Izan ere, biek bat egiten zuten literaturarekiko maitasunean. Angulemako Margaritak obratu ohi zituen lanak, Lehete eta bere Bordeleko etxea bisitatu ohi zuten letragizonen iritzi trukaketetan hizpide ziren sarritan. Erreginak berak iradokizun apal gisa hartutako zuzenketak estimu handitan zituen. Erregina ez zen Bordeleko literatur saioetara biltzen, Lehetek, ordea, Pauen bertan helarazten zizkion iradokizunak erreginari. Paueko bilera horietako batean bere alaba jaio berriari Margarita izena paratzeko gogoa zuela adierazi zion saratarrak, eta ponteko izena emateaz gain bataiarrian bertan berak kontuko zuela haurra besoetan erantzun zion erreginak.

        Bordele hiri osoan ez zegoen, bada, errege-erreginekin halako harreman estu eta emankorrik zuenik. Hori dela eta, poetekin ez ezik, bestelako koplari, kantari, musikari eta abarrekin astero ospatu ohi zituen bilera horiek, sona handiaz aparte, ordutegi eta amaiera aski laxoak izaten zituzten. Ilunabarrean ongi doitutako kopla, kantu eta poemak xaribari eta harrabots hutsa bihurtzen baitziren afalondo eta ordu ttikietako errebestatan. Hala ere, Bordelen ez zen salaketa paratuko zuen gizakumerik. Bernard Lehete nor zen bazekitenen artean ez bederen. Areago, bilera horiek Erasmo, Luther eta bestelakoen ideien zabalpenaren mesedetan egiten zirela aipatu ohi zuten herritarrek. Leheteren kontrako salaketarik ez, alabaina. Esan ere, halako ideiak errege-erreginaren ganbaretan bertan ausarki ari zirela zabaltzen zioenik ere bazen ordurako.

        — Zorri biztu halakoak! Lau zapata eta dozena bat zilarrezko miraila salduta aberasturik Donibanen harrizko etxea erosi dutelakoz, Sarasketako Etxepareko Bernati erran behar ote deraukate bideak nola erraztu. Egundaino ukan ote dugu, bada, bideak zabaltzeko laguntzarik?

        — Bai, Lukuzeren ezpata...

        — Isil hadi behingoz, ergel modorroa! —maisuak galdera erretorikoaren ikasgaia agudo irakatsi ezean, makina bat ustekabeko errieta sufritu beharko zituen Bereau ikasleak—. Egidak grazia eta isil hadi hainbaten! Ene kabutan ari nauk!

        Bere kolkorako eta kezkaz beterik ari zen Etxepare. Izan ere zorri biztuek haize boladetaz gain, arrazoia ere bere alde zuten. Zail, oso zaila zuen erretoreak inprimategirako bidea. Bere ahalmen osotara eskastuak izateaz gain, arras bakanduta zeuden bere lagun ahaldunen laguntza ere ez zen sobera baliozkoa liburuen inprimaketa alorrean.

        Bakanak eta ahulak ari dira fortunatzen Mosenen lagunak. Baxenafarroa eta Zuberoako lurretan zein Baiona hirian dituen kontaktu urriok desegin egiten dira Euskal Herria gaindituta. Biarnes eta frantses aginteak kontrolatzen ditu Bordele, Tolosa eta, dudarik gabe, Lyongo inprimategi eta liburu saltzaile guztien ateak. Lizarra eta Logroño dira inguruko bere aukera bakarrak. Askatasuna lortu berria, Eiheralarreko erretoretza berreskuratu ahal izateko Donapaleun izan zuen audientziak, ordea, Paris baino urrunago jarri zizkion Ibañetaz bertzaldeko lurrak.

        — Barkamena jaso duzu, hortaz, Sarasketako Mosen Bernat Etxeparekoa. Guhaurek hartu dugu, halaber, sekulakoz bertan izanen den zure konfesionea eskributan emana. Eta bertan ere ageri zaizu Espainiako lurretan sartzeko debekua. Erregeren deszerbitzurako zure harat-honatak finitu dira Mosen Bernat. Aski duzu, jagoitikoz, eiheralartarren fedea zaindu eta erregerenganako fideltasuna ez haustea. Hori baizik ez duzu egin behar.

        Euskarazko koplen liburutto bat argitaratu nahi lukeen babesik gabeko elizgizon susmagarri batek Garona ibaiaren inguruko inprimaketa etxeekiko harremanak zailak bazituen, bizitza begiratzea eta hil arteko lasaitasunaren trukean Orreaga baino urrunago joaterik ez zuen Eiheralarreko apez jaunak guztiz ezinezko zuen, esaterako, Lizarrarainoko erromesaldia egitea.

        Egindako beste ibilaldi batek, ordea, erretorearen itxaropenak biztu zituen ustekabean. Baigorrira mandoz egindako bisitaldiak, hain zuzen, koplak molde letretan ikusteko aukera zabaldu baitzion. Baigorriko Erretorearenean zen bazkaritarako hitzordua. Bertan bi lagun zahar nor baino nor babesgabetuago. Erbi errearen inguruan Mosen Bernat eta Hirigibel jaun kalonjea. Aspaldi-aspaldian Baionako katedralean ongi kokaturiko baigorriarra. Hango kaperau batekin izandako afera ilun batek Nafarroara berriro ekarri eta Etxepare Donibaneko bikario nagusia zen garaian laguntzaile lanetan aritu zen Hirigibel, Baztango eta Baigorriko apezen ibileren informazioa jasoaz. Orduan ez zuten berezko adiskidetasunik, baina denbora pasa ahala eta beste lagunik bildu ezean, biak elkarren babesa bihurtu ziren zenbait arratsalde pasa egin ahal izateko. Erbiarenak egin zuenean, ataritik sartu zen ustekabea. Pitxar bat eskutan sartu ere. Ustekabea Mixelko zen, Mixelko Lizarazu:

        — Amak hau ekartzeko manua eman deraut goizean. Agian berantetsirik zineten...

        — Lasai, sagarnoa azkarki edan diagu eta aski diagu gaur gero. Alabaina, ea, edan dezagun hire aitatxiren arno pixka bat. Jarri, jar hadi, Mixelko —erantzun zuen kalonje egarrituak abegikor.

        Mutikoaren familiaren kide guztien gaineko osasuna eta bizimodua gaitzat zeukan Hirigibel eta heldu berriaren arteko solasaldiak ez zuen Etxepareren arreta bereganatu, kalonjeak mutikoaren aitaren txanda zela erabaki zuen arte:

        — Eta aita ontsa duk hargin lanetan han, zera... nola huen herria?

        — Oñati.

        Oñati. Urte mordo bat leku izen hura aditu gabe. Hori ustekabea, pentsatu zuen Etxeparek. Hemen Baigorrin, Lizarazu, Hirigibel eta Etxepare izenen artean Oñati agertu zaigu. Hain aspaldikoa zuen oroitzapen hura, Salamancan hondarrekoz entzundako herri izen horri lotuta zihoakion beste pertsona izenarekin ez zela oroitzen. Ustekabea, benetakoa, Hirigibelek mutikoarekin hitz egiteko zuen gogo eutsiezin horren bidez etorri zen, ordea:

        — Hori duk, Oñati. Banitatez betetako apezpiku horrek bere banaglorian egin nahi duen herri zizelatua. Aditu, Bernat, kontu arrunt politta duzu. Nola zian izena, Mixelko, apezpiku horrek?

        — Rodrigo Mercado.

        Rodrigo, Rodrigo Mercado de Zuazola. Ezin zitekeen! Mixelkok ekarritako ardoak erotu ote zuen galdetzen zion bere buruari Etxeparek. Rodrigo, berriro. Hezurrak berriz elkartu eta jandako erbia erretiluaren erdian dantzan hasi izan balitzaio ez litzateke hainbeste harrituko. Ez zen sinestekoa. Rodrigo non eta Baigorriko erretoretxean hizpide. Oraingoan, beraz, Etxeparek zuzendu zuen galdera:

        — Eta zer egiten dik hire aitak Oñatin? Zer erran nahi duk apezpiku horrek herria zizelatu nahi duela kontu horrekin?

        Mixelkok gustura azaldu zion misterioa. Izan ere lau hilabetean behin etxera itzultzen zen aitak familia osoari kontatzen baitzizkion sutondoan Don Rodrigo Mercadoren abenturak. Ordurako, pertsonaia mitologikoa bihurtua zen Zuazola Baigorriko Lizarazutarren etxean. Mixelkok azaldu zion nola aitaren lehengusu batek, Lizarazuko Pedrok, aspalditik harreman estua zuela Mallorca eta Avilako apezpiku izatera iritsitako Rodrigo Mercado delako gizon ahaltsuarekin. Apezpikuaren bitartez Lizarazu maisuak Oñatiko Jaun Done Mikeleko eliza berritzeko enkargua hartua zuen. Alde batetik, klaustro bat erantsi zion parrokiari eta, bestetik, kapera bat eraikiarazi elizan bertan. Halaber kapera horretan Zuazola apezpikuak bere omenezko mausoleoa eginarazi zuen Erromako Aita Santua bailitzan.

        — Aitak erraten duenez, herri hartako jauntxo batekin lehian aritzen da Don Rodrigo. Batek monasterioa eginarazi bertzeak klaustroa, baten banitateak ospitale bat behar bertzearenak unibertsitatea. Unibertsitateko lanetarako eskuratu zuen hargin lana aitak duela bi urte, Oñatin ontsa pagatutako lana ausarki zegoela lehengusuak oharrarazita.

        — Bertze jauntxo hori ez zen bada Lazarraga izeneko bat izanen? —galdegin zion Etxeparek jakinminez.

        — Lazarraga, noski, hala uste dut.

        Rodrigo Mercado de Zuazolak Salamancan zirriborratutako asmoak handizki ari ziren betetzen. Etxepare harri-harri eginda zegoen. Oñatin unibertsitate bat egin behar omen zuten eta hango hargin artisau baten semeak berari jakinarazi. Eiheralarreko erretoreak Irulegiko arnoz beteriko pitxerrari heldu behar izan zion berriro ere. Sinesgaitza zen istorioa. Etxepareko Beñat iragan denboran Lizarazuko jaunarekin lehiatzen zen baleztaz, orain Oñatiko Don Rodrigo zorri biztua Lazarragako jaunarekin ari zen borrokan Lizarazutarren zizelaz.

        Pitxerra eta kontakizuna amaituta, etxerako bidean, Etxepare Don Rodrigoren beste ezusteko agerpen batekin gogoratu zen, bere oroimenak ordurako atzendua zuena erabat. Aspaldiko kontu bat zen, baina orduan ere izugarrizko ustekabea sortu ziona.

        Iruñea armaz hartua zuten agintari berriekin 1512. urteko udazkenean izandako adiskidantzazko bilera baten itzuleran, Armendaritzeko jaunak emandako goraintzien bitartez izan zen Rodrigo Mercadoren agerpen hura:

        — Iruñean, Erregeren jauregian nengoelarik, orain han laketu duen batek agur zaitzan galdetu deraut.

        — Errege jauregian?

        — Bai berak ez du uste bertan anitz denboraz iraunen duenik, baina orain han duzu.

        — Eta nor da bada ni agurtzera igorri zaituen errege jauregiko hori, katedraleko kalonjeren bat?

        — Ez, Bernat, ez. Apezpikua da, apezpikua eta Nafarroako Gobernadorea. Zure adiskidea izandakoa dela erran deraut.

        — Ez da egia izanen!

        — Jakina egia dela! Erran deraut zuri galdegiteko ea oraino ere errebelde bat zaren. Orain argi dagoela nori zerbitzatu behar zaion eta, hortaz, ea nafar errebeldea zaren ala ez.

        — Baina zer diostazu? Ez dut deus ere ulertzen!

        — Orain dela tenorea jauntxo barbaro zenbaiti legeak mutatzeko eta enpresa horretan adiskide fidelak beharko dituela erran deraut.

        — Nork erran derauzu hori.

        — Erran derauzut. Aragoiko Fernandok Nafarroan paratu duen gobernadore berriak: Rodrigo Saez Mercado de Zuazolak.

        Eiheralarreko erretoretxeko ohatzean jada, Etxeparek Ama Birjinaren mirakulutzat jo zuen Rodrigoren bigarren agerpen ustekabekoa. Aldioro beregan gomendatuta, erretorearen otoitzek konbentzitu zuten Andre Dona Maria mirakulua obra zezan. Bere koplak inprimatzera igortzeko laguntza betaurrean zuen. Rodrigok liburuak eta inprenta ederresten zituen berak adina. Ahalmena, ordea, honezkero Etxeparek ez zuena zeukan. Alimaleko ahalmena Ganteko Karlosen meneko lurraldetan, bederen.

        — Lehetek dirona Don Rodrigok ere diro, gazte maiteok. Mosen Bernat juje eta jurista etsaiak izan dituk abastu, jagoitikoz alabaina, ediren duk ararteko eta prokuradore potentziaduna.

        Halaxe, irriz eta bere buruarekin imintzioka hizketan, estoizismo garaietako lo goxoak hartu zuen Etxepare tribulatua. Berak ez zuen igaroko Ibañeta, bere koplek bai, ordea. Nori igorriko zizkion bazekien-eta.