Ragga-ragga dator gaua
Ragga-ragga dator gaua
2006, nobela
152 orrialde
84-95511-84-3
azala: Gotzon Garaizabal
Paddy Rekalde
1964, Deustua
 
2011, poesia
2004, poesia
 

 

9

 

Honek merezi dik —diotso Anjelek, Joxanen aurrean zerbeza botila luzanga bi ipiniz.

        — Nik ez diat zerbezaz aditzen...

        — Berdin ziok, hik probatu eta esango didak. Lagunen artean baino ez diat marka hau ateratzen, zer uste duk —eta atzera egin du baso handi pare baten bila—. Alemaniarra duk, ez zakiat nongo komentutan abade alfer potrozuri batzuek egina; hauxe ei duk euren plazer lurtar bakarra.

        Anjelek baso luze makurrarazian zerbeza zelan isurtzen duen ikusten du Joxanek. Aparra neurrian geratu da haren gainean, kotoizko laino baten moduan.

        — Beharbada aspaldiko lagunak garelako, gazte-gaztetatik, badakik... aitaren heriotza oso mingarria izan bada ere, bestelako zeozer igartzen diat... zeozer ezkutua...

        Joxanek ez dio erantzun. Begiak bildu eta ahora eraman du zerbeza.

        — Ez daukak kontatzeko beste ezer?

        — Ez —erantzun dio Joxanek apaleko botilei begira—. Egun hauetakoa izango duk... aitarenak nire mundutik atera naik... Orain egun batzuk arrebak deitu eta aitak bihotzekoa izan zuela esan zidaan, larri zegoela. Etortzea erabaki nian... hango kontu guztiak aparkatu eta hona segituan. Behintzat aitaren ondoan eman nitian bere azken egunak. Ez duk gutxi.

        — Hire arrebak kontatu zidaan orain hilabete bi-edo, hona agertu zen egun batean, Jose Luis Agirre hori larregi estutzen ari zela zuen aita, baserria eta soroak eskuratzeko, golf zelai hori martxan jartzeko.

        — Kontu zaharra duk golf zelaiarena. Ezagutzen ez ditudan arazo edo traba batzuk izan dituk hau lehenago ez gertatzeko; baina, bai, azken hilabeteotan azkartzen ari zuan... Agirre hori putakume itzela duk!, putre galanta!... sasidemokraziaren jauntxo negoziante berria, eusko jaurlaritza, diputazioa eta udalaren babespean beti dirutza egiten.

        — Beharbada estutze horrek kalte egingo zioan zuen aitaren bihotzari.

        — Auskalo...

        — Horrek usteltzen ditik hire barrenak?

        — Zerk? Putakume horren sokak gure aitaren zintzurrean? Balitekek, zergatik ez...

        Biek batera jo dute zurrutada, isilean. Anjelek amorrua ikusi uste du Joxanengan, mendeku nahia. Honen bisajea gogortu egin dela iruditu zaio, Joxanen benetako mina ukitu balu bezala. Hasierako irribarrea desagertu egin zaio Joxani, eta aurpegieran bestelako seinaleak nabarmendu dira, ukabilak erabili izan dituenetan agertzen zaizkion berberak, borroka hasi baino segundo batzuk lehenago azaleratzen direnak. Eta horretaz konturatu da Anjel.

        — Egon hadi, Joxan, koadrila horrek trago luze batzuk eskatuko zizkidak —diotso Anjelek barrara hurbildu diren batzuengana doala.

        Beste zurrutada batez hustu du Joxanek basoa. Egarri itzela gaurkoa. Bekokitik pasatu du eskua, tantaka jausten zaion izerdia kendu nahian. Badirudi edandako guztia azaleko poroetatik agertzen dela berriro. Bustita sentitzen du sama, eta kokotea. Gimnasio Neira iragartzen duen niki horia bustita dauka bizkarrean eta bularrean.

        Botilen apaletik kalera atera du begirada. Anjelekin izandako solasaldiaren ostean arrapaladan datozkio gogora igande ez oso urrun bateko irudiak, Coruñan, Bibi beltzaran gozoa ondoan, arrebak egindako deia, Txerraren heriotza zelan gertatu zen jakin ostean kristala apurtzeagatik eskua odoletan... Hori guztia etorri zaio akordura Joxani, bero sapa honen azpian hiria urtzen ari den bitartean.