Ragga-ragga dator gaua
Ragga-ragga dator gaua
2006, nobela
152 orrialde
84-95511-84-3
azala: Gotzon Garaizabal
Paddy Rekalde
1964, Deustua
 
2011, poesia
2004, poesia
 

 

3

 

Txakolin hotza, bai, oraintxe botila oso bat hustuko luke gustura Joxanek, Bibiren ahotsa gogotik oraindik kendu barik. Atzean entzundako klaxon zaratak errealitatera ekarri du. Ez txakolin freskorik ahoan, ez Bibi aldamenean.

        Itsasadarraz bestaldeko balkoietara enfokatu ditu begiak, eta lehengo emakume beltzarana ikusi du. Landareak ureztatuta, barrura sartu eta berriro agertu da zigarro batekin. Zigarroa ezpainetan duela atzerantz orraztu du ile mataza. Horrela ezagutu zuen Bibi, Joxan Vagalume pubera sartu zen lehenengo gauean. Baziren ordu batzuk Susorentzat aurreneko «lana» egina zuela. Susok —orduan nagusi berriak— gustuko zuen berba erabiltzearren: «kaleko abokatu lana», alegia, bizkartzaina, matoia... legez kanpoko arazoetarako morroi ukabil gogorren jabea.

        Arratsalde hartan Neira gimnasioan zegoen Joxan, egunero bezala. Lolo zaharra, patu txarreko boxeolari izandakoa eta orduan bertako garbitzaile eta denetariko morroi zurruteroa, Joxanengana hurreratu eta kanpora joateko xuxurlatu zion.

        — Suso daukak zain. Ez zidak zer nahi duen esan, baina...

        — Lasai, Lolo, hortik aurrera kontua nirea duk —erantzun zion Joxanek txamarra janzteaz batera.

        Albo batera utzi zituen gimnasioko ring biak eta zenbait punching-ball dantzari, lurrera begira, entrenatzen ari ziren mutilei erreparatu ere egin gabe, batzuk bere ardurapean zeuden arren. Eskuak txamarrako patriketan sartuta joan zen, Susorekin hitzartuta zeukan «kontratu» berrian lehenengo «lana» egitera. Borborka igartzen zuen odola, arineketan bihotza, arnasestuka gimnasioa atzean uztean. Urduri, adur sikua ahoan, gaztaroko lehenengo boxeo borroka hartan bezalaxe.

        — Ez arduratu, lan errazak izango dituk —esana zion Susok hamar egun lehenago.

        — Ez diat armarik nahi, ezta hiltzeko kontuetan sartzerik ere.

        — Kontu horiek usaindu ere ez dituk egingo. Hire indarra nahi diat, borroketan erakusten huen erasoa, amorru itsua. Hori besterik ez.

        — Ez diat inor ez infernura ez zerura bidaliko...

        — Ez duk egingo, Joxan, ez duk egingo. Akaso baten bat ospitalera.

        — Baina...

        — Ondo ibiliko haiz nirekin, ikusiko duk.

        Hura guztia etorri zitzaion gogora Joxani segundo gutxitan.

        Gimnasiotik kalera irten eta haize zakarrak okotza jasoarazi zion. Hantxe, bigarren lerroan aparkatutako kotxe dotore batean Suso, atzealdeko jesarlekutik deika, kotxe barrura sartzeko keinua eginez.

        — Haize heze honek zulatu egingo zizkidak hezurrak —esan zuen Susok, eta Malpicaren sorbaldan eskua jarriz aurrera egiteko keinua egin zion.

        Denak martxan, Suso, Joxan eta Malpica gidari zaharra, Coruñako portura.

        Hogei minutu geroxeago kontainer eta garabi erraldoien artean zeuden. Joxanek ordurako jakin beharrekoa bazekien. Gutxi eta nahikoa. Toliño izeneko jonkiak Poliziarentzat txibato lanak egiten zituen noizbehinka. Horrek babesa ematen zion, eta diru apur bat, jakina. Azken aspaldi hartan Susoren negozio txiki pare bat bertan behera gelditua zen Toliñoren mihi diruz koipeztuarengatik. Eta horrela ez zegoen negoziorik egiterik. Susoren abisuek ez zuten ezertarako balio izan; beraz, bestelako neurriak hartzera behartu zuten. Eta horretarako, Joxanen «diplomazia».

        — Txamarra berdea daukana —esan zion Susok, jonki itxurako hiru morroi seinalatzen aldi berean.

        Toliñok Suso ikusi orduko hanka egin zuen kontainer artetik. Ondo zekien berarengana zihoan morroi handi hark opari mingarria zekarkiona: egurra. Minutu baten buruan, arineketan egin ostean, inoren begiradetatik kanpoko bazter batean harrapatu zuen Joxanek. Zintzurretik sendo heldu eta Susoren «aholkua» bota zion.

        — Susoren kontuen gainean ez duk hemendik aurrera ezer ikusiko, ezta txintik ere esango. Aditu duk.

        — Nik ez diat... —esaten saiatu zen esaten Toliño.

        — Berba bakar bat eta hireak egin dik, portuko karramarroentzako jana izango haiz.

        — Ez duk berriro gerta...

        Esaldia amaitu aurretik sabelean jo zuen Joxanen ukabilkadak. Aurrerantz makurrarazi zuen salataria, eta orduan bigarren mailukada bat jaso zuen muturrean, belaunez. Sudurra, ezpainak eta hagin batzuk txikituta, belauniko geratu zen Toliño, eskuak musu odolduan.

        Atzera begiratu barik alde egin eta Joxan kotxe barruan zen berriro. Apur bat dardaraka eskuak, minbera, jonkiarenganako erruki barik.

        — Dena ondo?

        — Dena ondo, bai —itsasaldera begira erantzun zion Susori.

        — Arazorik emango al ziguk gaurtik aurrera?

        — Ez dut uste. Ondo ulertu du.

        — Eta hi, zelan?

        — Primeran.

        — Ez duk ezer gaiztorik sentitzen?

        — Ezer ere ez. Jonkiei ez diet amorrurik, baina gorroto ditut txibatoak.

        Txerra lagunminaren aurpegia etorri zitzaion akordura, odolez lohitua, beltzune handi bihurtua leherketaren indarraz. Ordutik urteak pasata ere, ezin Txerra memoriatik kendu. Salatari baten mihi luzearen erruz. Urteak, bai, baina ezin burutik kendu. Harrezkero txibatoen irudia estolderietako sagutzarrekin alderatzen du.

        — Deputamadre —Susok martxan jartzeko agindu zion Malpicari.

        Portu aldeko taberna baten parean gelditu eta biak jaitsi ziren. Malpicari zerbait esan eta alde egin zuen.

        — Malpica isila duk. Mutua ematen dik. Ez zidak inoiz trabarik ipintzen. Konfiantza osokoa duk —esan zuen Susok urruntzen ari zen kotxeari begira.

        — Isila naiz ni ere.

        — Horixe duk euskaldunez dudan iritzia.

        — Euskaldunik ezagutzen duzu?

        — Gutxi batzuk. Iritzi berekoa zuan gure aita ere. Han, zuenean ibilitakoa, Pasaian, arrantza munduan. Euskaldunek ondo tratatu zitean. Berba gutxiko jendea zela esaten zian, baina betiko lagunak, betiko, bai, eta hori oso inportantea duk niretzat.

        — Denetik dago.

        — Hirekin asmatu dudala uste diat.

        Susok besotik heldu eta taberna barrura eraman zuen.

        — Hemen ateratzen ditiztek Coruñako lanpernarik onenak, Sisargas irletatik ekarriak. Eta albariño aparta. Ospatu egin behar diagu.

        Afalostean, biak ondo janda eta hobeto edanda, taxi bati deitu eta Vagalume pubera abiatu ziren. Begiak distiratsu, berbalapiko eginda zebilen Suso, zertaz berba egin ondo zainduz. Alkoholak ez zion traiziorik egiten. Gaueko kale artetik igaro ondoren, Vagalume izena iragartzen zuten neoizko argi berdeen ondoan gelditu zen taxia.

        — Nirean ez duk joko zikinik topatuko. Hik garbi eta nik ere bai, horixe duk kontu bakarra. Bazakiat oraindik badaukaala zalantza apur bat, baina negozio zikinetan ibiltzen banaiz ere, nire bostekoa benetakoa duk, garbia. Ez zaik damutuko. Itsaso berekoak gaituk... —eta barre batean hasi zen Suso, Vagalume barruko ilunpera zihoazela.

        Barran gintonik pare bat eskatu zuen Joxanek. Vagalume ilun zegoen, putetxe pub guztien moduan. Egunez itxita eta gauez zabalik. Argi laranjak eta urdinak zituen foku txiki batzuekin. Musika-disko zaharreko giroa. Barra luzanga hartan zerbitzari bakarra, gizonezkoa, hara eta hona edariak prestatzen. Barra kanpoan dozena bat prostituta gizonen artean. Baserritar iganderako jantziak, sasiejekutiboak, adurra zerien bi gazte... Batzuk ohiko bezeroak izango ziren. Beste batzuk lehen aldikoak, korta hartako emeak zelakoak ziren ikusi nahian. Denak pozik antzean. Prostitutak, parte guztietakoak, irribarre behartuak musuan, soineko elastikoez, minigonez eta sujetadore koloretsuez, prakamotzez eta brusa finez, denak haragiaren bihurguneak bistan, sexu azoka hartan. Eta gizonezkoak oilartuta, ahalegin barik emakume katxarro haiek ondoan, gainean, gerritik helduta, emakumeak belarrian zerbait xuxurlatzen... euren bizitzako gizona topatu balute bezala. Bezeroak gustura, emakume haiek euren graziengatik hurbiltzen zitzaizkiela sinetsi guran. Sexuaren gezur-plaza bat gehiago.

        Joxanek gintonikak ordaindu eta ilunpean atzera egitean, emakume haietako batekin berbetan zegoen Suso. Orduantxe ikusi zuen Bibi aurreneko aldiz. Gintonik bana eskuetan, zigarroa ezpainetan, haiengana jo zuen.

        — Vagalumeko ipurtargirik ederrena duk Bibi —esan zion Susok.

        Eta Bibik, adats beltz ondulatuak atzerantz eskuez orraztu ondoren, musu pare bat eman zion Joxani. Musuek Bibiren usaina oparitu zioten, eta azal beltzaran haren gozoa.

        — Ekarri zigarroa, keak begi eder horiek itxiarazten dizkizu —Bibik ezpainetatik kendu zion zigarroa, astiro, suabe... bide batez laztandu nahi balu bezala.

        Zigarroari kalada pare bat hartu eta ezpainetara bueltatu zion.

        — Hau morrosko hau niretzat! —esan zuen Marilyn itxurako emakume batek—. Astindu ederra emango diat, sekula ahaztuko ez duana!

        — Geldi hor, Rakelita, hau gizontzar hau usaindu ere ez dun egingo, aditu?!

        Susok barre egin zuen, tabakoak horiztatutako hagin zikinak agerian utziz. Urrezkoak ziren hagin haietako bi, atzamar potoloetan distiratsu ageri zituen bi eraztunen modukoak.

        Hainbat gintonik gehiago ibili zituzten dantzan. Bibi, Joxanekin pega-pega eginda, lapa bat bezala, irribarretsu egon zen gau osoan, gogotsu, gozo, eskua Joxanen gerrian batzuetan, honen saman eta bularrean besteetan. Susok koka lerro pare batez zuritu zituen sudur zuloak, eta gora jo zuen Marilyn itxurako putarekin, logela batera. Joxan eta Bibi barra ondoan geratu ziren berbetan... eta Vagalume itxi aurretik, izara artean amaitu zuten eurek ere.

        — Maitemindu egingo zaitut —esan zion Bibik ke, izerdi eta sexu usainak nahasian.

        Horrela hasi zen dena. Horrelaxe gogoratu du Joxanek une honetan, itsasadarraz bestaldean dagoen emakume beltzaranari begira dagoela. Bibiren kafe koloreko larruazal epela, adats beltz kirruak, begi ederrak, ezpain haragitsuak... eta haietatik irristatzen zen ahots gozoa. Maitemindu egingo zaitut, esan zion, eta baita gertatu ere. Orain, Joxan erriberako barandan bermatuta dagoela hori guztia ekarri du gogora, Bibiren faltan atsekabe.

        — Nik argi daukat —zigarroaz ke zirimolak egiten jarraitzen du arrain saltzaileak—, jo eta akabatu egingo nituzke lazun higuingarri hauek guztiak, edozelan akabatuta ere, benetan...

        Aldameneko gizonaren berbek itzartu egin dute Joxan, Coruñako oroitzapenetatik gaurko egunera ekarri, eta, batez ere, atzotik Joxani buruan bueltaka dabilkion kontura. Patrikan sartu du eskua, ezpainetara eraman berri duen zigarroa piztuko dion metxeroaren bila. Atzamar itsuek, metxeroarekin batera, bestelakoa haztatu dute hor barruan: Susok oparitutako altzairuzko labana automatikoa. Uretara begira zigarroa isiotu eta berriro patrikara itzuli du eskua. Begirada lazunetan jarrita, labanaren inguruan olgetan dabilzkio atzamarrak, altzairu zorrotzaren maitale.

        Akabatu, bai, pentsatu du Joxanek, akabatu.