Ezker hanka falta zuen
Ezker hanka falta zuen
2005, nobela
112 orrialde
84-95511-76-2
azala: Leire Gisasola
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2011, narrazioak
2007, nobela
2002, nobela
 

 

LARUNBATA

 

Coruñarako errepide alboan paratu naiz, hartaratzen den nornahiren zain. Euri txikia ari du gaur ere. Egunsentian ez dut Xenaro asmatu, lo-zorroan omen dago oraindino. Itzartu orduko atzoko biharamuna nagusituko zaio, niri bezalatsu. Unaturik eta buruko mina nuela esnatu naiz, Arimateako Josek harritzarra ezarri balit bezala, Albariñoak gurutziltzatu gaitu. Ez dut pentsatu gura zelan gelditu den literatura irakasle metaleroa, puskaturik behar ditu gitarra elektrikoaren soka guztiak. Zorionez, Aste Santua badoa.

        Luze itxaron gabe, herrikoa egokitu zait.

        — Nora?

        — Coruñara.

        — Ordu erdira utziko haut.

        Tiburoi frantses berdean, Vicente Porras, tabernan Celtakoak larrutu zituen Kaifas ozpina. Ile xerlo beltz batzuk kopeta gainera etorri zaizkio buruaz baiezko keinua egin didanean. Esertzeko astirik eman gabe, Rivasi buruz hasi zait. Badirudi agindupean daudela denak herri honetan.

        Galdetzeko moduagatik sinetsita dago idazle galegoaren aitorlea naizela. Ze Rivasen adiskidea izatea eta haren ipuinak buruz jakitea normalena baita. Pixka batean itxoiteko erregutu diot, autora sartu orduko atzokoaz jardutea baita legezkoa niretzat. Okerrenean Celtako astapotroez ere badut gurago, ezuste bat baino gehiago eman diezaioket futbolaz. Tamalez, ez dit ulertu, Carlos Mejia Godoy y los de Palacagüinaren zinta bat jarri du irrati-kasetean.

        Carmiña da bere ipuina.

        — Aukeratuen artean hago —neure artean.

        Hura ere hiru edo lau bider irakurri nuen Gerena ospitalean zegoen bitartean eta hil ondoren. Ipuineko zakurrak, Tarzan, Mount-en akordua ekartzen zidan behin eta berriro, neuk akabatu banu bezala tabernako zakurra: zaunka egin zuen, bare, mesfidati, makila aho parean ipini nion arte. Orduantxe zabaldu zuen eta ezpatak sartzen diren moduan sartu nion, barruraino. Eztenak lepo-eztarria zarrastatu eta erraien biguntasuna zulatu nuen.

        Herri handi samar baterainoko tartean jardun du Vicentek. Gizon hau den kontalari aritu eta trebea bezain jokalari iaio eta arinak balira Vigoko zeltarrak, gaitzerdi! Adar eta abar narratu du ipuina, paragraforik ahaztu gabe. Zumardi batera ailegatzean segurtatu dit Galiziako herri guztietan bizi dela Carmiña. Sestaoko azal beltzaraneko andrazko tentagarria. Dei egin dit berriz ere horma zikinak, ipuina irakurtzean deitzen zidan ahots bertsuaz. Burutik kendu ezinean, gaiaz beste egiten ahalegindu naiz.

        — Eta noski Que vida... hitzek hiri ezer ez, ezta?

        — Ez, neuk ere bilatu beharko nikek —erabaki du gidariak—. Baina sarri urrundu egiten gaituk begien aurrean duguna topatzeko. Beharrik gabe. Auskalo.

        Musikagatik ez balitz, gizon atsegina ere irudituko litzaidake.

        — Eta hi nora hoa, Vicente?

        — Lombaseko Santa Martara! Joan bai, baina etorriko ez zara!

 

 

Herriko andrazko batekin egin dut Coruñarako bidaia. Kontatu dit Txinan ere badagoela Finisterre. Misiolari joan zen behinola bere aitona bat. Han-hemen sosak ematen zizkien nekazariei semeak Finisterre izenaz bataiatzeko. Serio aritu zait. Larunbatean Madrilera beheratuko da bederatzi lagunekin Continental enpresaren autobusean.

        — Kabareta ikusten, Antzoki Nazionalean.

        Bueltakoan beren senarrak larrutuko dituzte Vicentek Celtakoak larrutzen dituen moduan.

        Liburu-denda batera joan naiz artez. Gerenaren esaldia osatu arte, asmatu behar dut zer gertatzen den Xenaroren herrian. Dauzkaten ipuin liburu guztiak erosi ditut, As chamadas perdidas eta ¿Que me queres, amor? barne. Ondoren, porturatu egin naiz ibili lasaian.

        Herculesen magalean lotu naiz Anxelarekin, herrian bizi ez den herritar bakarra. Badut aurretik ordu pare bat. Kontserba enpresen artetik galtza labur samalda dabil zer harrapa. Zamaontziak isil-gordean iragan dira kanaletik arrantzale zaharren begiradapean. Ez da luze izardun bandera batek ihartu zituela amarralekuetan. Ostadarrak ur azala zikindu du Black Prince itsasontziko uhara sigi-saga hasi orduko, burdinazko bihurtu dira kurriloak moiletan, zilarrezko lazunak barraderan, eta Carmen elizako arkupeetan gezatu egin da Salve Marinera. Umeek arrain txikiak dituzte helburu, ze adina banderarik gabeko multinazionala baita. Arrantzaleek txikota botako ligukete heldu berrioi baina beranduegi da. Lehorreko haizeak galipotez galegotu ditu Komandantziako bagoiak jaioberriaren mekonioaren antzo. Erostaka dator fuel-olioa O Rostro plaiatik, tantaka erostak karga-tren batera hiltzera inor errukitu barik. Zeru-goietan zurizko arrakala dago, gasolio sunda dario Salbeari.

        Galicia Hoxe kazeta besapean duelarik azaldu da Anxela. Hitzen beharrik ez duen erretratu argigarri batek janzten du lehen orria. Behin eta berriro hiltzen nauten berri-agentzietako argazki horietako bat. Irudiak badira albiste eta albisteak erraz bilakatzen dira irudi. Osaba Ignacio gomutatu zait. Leica kamara aldean, Europan barna ibili zen jakiteko nolakoak ziren beste europarrak, eta Europako mugetatik harago ere heldu zen, Petrogradoraino, baina hura garai hartan Europa zen. Ze orain Berlingo argamasarekin eraikitzen baita hura.

        Egunkaria ez da oihuka ari zaidan bakarra. Anxelaren kotoizko kamixeta beltzak ere gainditu gura ditu mugak, Nunca Mais de Catalunya. Lolo akordatu zait berehala.

        — Nunca mais, pero luego les votáis.

        Baina hura araua da, Galeusca behinik behin, galegook ez dira inondik ere salbuespena. Haize berri idorraren bafadek mugarriak bota eta harresiak altxatu ditu. Gaur, ostera, itsasotik dator haizea, harrizko Hercules hau bezain sendo sentiarazten nau.

        Luze paseatu ondoren, taberna batera sartu gara. Cruzeiro izenekora zabaltzen da Anxelaren portua. Golpes Bajos taldearen kartel batek agintzen du.

        Pakotene zen Garazi eta biona. Haren berbak, malekoia.

        Zaratotsa lekutara badoa, taska honetan badaukak kaxa bat oihartzun agindu zidan. Pakotenen kresala beti. Lur-zoruan zerrautsa, kartelik ez—. Zerua belzten bada, taska honetan badaukak kaxa bat ekaitz.

        Eta badakar, haize galego hau ez dabil bromatan. Enbata da. Finisterreko labar zorrotzetatik iparreratzen da bizarra mozteko xaflak bezalatsu. Abaroan gaude taberna honetan.

        Herrira zertan joan naizen azaldu diot lehenik eta behin. Herrikoekin gertatu den bezala, ez du Que vida... esaldiaren aditurik. Ez nuen besterik espero. Ahalegindu egin da, dena den. Hausnarrean ibili da une batez, berbak, herria eta irudi mordoa hiruangelu batean lotzen.

        Dartsena hutsik badago, taska honetan badaukak kaxa bat xiringa —Garazik.

        Ohartu baino lehen bere ipuina kontatzen hasi da. Anxela hiritarturik dago zeharo, narrazioa ate karrankariaren antzo. Coruñan giroturik egoteak salbatzen du.

        Amaitzean konturatu naiz Garazik ere konta lezakeela ipuin beraren bertsio bat.

        Liverpoolera Rotterdamera Belfastera bahoa, taska honetan badaukak kaxa bat Sestao.

        Sestao ez eze, Catania guztiak ere behar nituen. Zegoeneko Garazi ez zegoen nire kaletegian. Andrazko siziliar ederrak soilik ikusten nituen kale meharretan; saltzaile berriketariak ezpata arrainei arrenka aritzen zitzaizkien merkatuetan; zilarra ostu gura zidaten asmo gazietan; ikaratzen ninduten gaueko ibilera susmagarrietan. Idatziko ez nuen postala erosi nion. Eta berandu baino lehen karriketan barna galdu nintzen. Plazek gaueko soineko dotoreak jantzi zituzten. Ze Catanian plazak kameleoiak baitira. Igel itxurako zerbitzariak ekarritako Krug Grande Cuvée botila hotelean neukan zain, ehiza sari.

        Edozein Cataniaren beharrean nengoen.

        Sestao banuen.

        Baina inoratzeko premia sentitzen baduk...

        Poema papereratu eta Pakotenera bidali banu... Ahaztuta nengoen amaierarekin.

        Cataniaz geroztik are gehiago artesitu ginen.

 

 

Plano bertsuko lerro bi etengabeko borrokan arituko balira bezala, elkar ukitu barik, Anxelak ere badu poemarik:

 

                Cruzeiro honetan ez dute bertoko inor makilatu.

                Bertoko.

                Zokoetan franko dira negar-zotinak, barreak dira bazter.

                Barrea ez da kanpoko.

 

                Hondartza honetan ez da itorik lehorreratu bertoko.

                Argibako faroak ditut ezagun, gaur ere badago desenbarko.

                Atzipetua ez da umemoko.

 

                Horma honetan ez diete arrotzei behatzen bertoko

                Kaleak largabistaz jantzi zaizkigu, zuritu aldamioetako lohia.

                Koloretua ez da barroko.

 

                Finisterre honetan haizeteak ez du txaluparik hondatzen bertoko.

                Gibelean dugu afrontua, nora gabeak zapiak.

                Iparrekoa ez da siroko

 

                Bidaia honetan ez dago herraturik bertoko.

                Portu eske dabilenarentzat urruntzea dakar posturak.

                Iruzurra ez da azpijoko

 

                Barru honetan ez gaitu euriak bustitzen bertoko.

                Listuz kargatzen dute, erruz, mingain gabetua.

                Melatua ez da debozioko.

 

                Epai honetan ez da bilaurik hormara eroan bertoko.

                Ustea egia ustela dela naiz aiher, zer esan.

                Gezurra ez da osoko.

 

                Erloju honetan ez da hondar-alerik okerka jausi bertoko.

                Tantaka dator fuel-olioa plaiara, miaka, dardarka.

                Ordularia ez da geroko.

 

                Erbeste honek ez du bertoko negar-zotinik merezi.

                Bertoko.

                Bazterretan naute makilakatu, kanpo zokoratu beharko.

                Kanpora ez dut gogoko.

 

        Eta badu ezusterik ere.

        Ibaiko harriari goroldioa nola, hala itsatsi zaie fardela herrikide guztiei. Xenaro Ourensera joan zen udal musika-eskolaren atezain; Vicente Porrasek karburante usaina arnastu zuen Madrilgo zulo batean; Herminio Noval atunetan baino kantetan abiatu zen Cabo Verdera; Manuel Besteirok matea eta aldakarik gabeko emaztea ekarri zituen Rosariotik; Isidora Varelak Pazo do Venton jardun zuen neskame, Luger batez bere buruaz beste egin zuen jaun itsu baten agindupean; Juan Pedreira Espainian barna ibili zen, Puertollanotik Agramontera, Hermosilla de Burevatik Lierganesera, herririk herri, Entre cazuelas de barro aldizkarirako harpidetzak lortzen; Bento Figueira merkante batean sukaldari engaiatu zen Suezeko kanala zeharkatzeko; Xose Zorellek zapatak eta gizonentzako trajeak saldu zituen Barcelonako Corte Inglesean; eta Rosalia de Bucer, Galiñeiroko zubiko atsoa, San Pedrotik San Juanera desagertu zen urte batean, nora alde egin zuen inork ez dakien arren.

        Palmondorik gabeko indianoak.

        Eta hi heu, jakina.

        Hala duk, neu ere bai.

        Hori dun hori bizimodu mugitua!

        Que vida...!

        Barre egin dugu gogotik. Golpes-ek A Santa Compaña dakar, haizeak lehen euri kolpeak. Gure mahai ondoko leihotik Jabo Irureta bistaratu dugu, pausoa azkartzen duelarik.

        Luze gabe itzuliko da hori ere.