Ezker hanka falta zuen
Ezker hanka falta zuen
2005, nobela
112 orrialde
84-95511-76-2
azala: Leire Gisasola
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2011, narrazioak
2007, nobela
2002, nobela
 

 

PAULOVA HISPANO OLIVETTIN

 

Purgatorioa-2

 

Ospitaleko eremu kirastu hartara lehenbizikoz sartu ginenean, zera ikusi genuen: Kantauriko apar izoztua abenduan, alga hilen hatsa, Lauaxeta hil zuten eskuen atzamar zurbilak, farolen argipeko oinatz okerrak, tira egiten duen harrabots espantagarria, orbel gorri hezeak, hordituen kanta desafinatuak, kakalardo zapalduak, erraiak formoletan, eztarri urratuak, basa lore zimelak, Tercio Norteko pinporta beltzak, hiletarien errezoak, euri disidentea, sutontziaren txingarrak, negu-mineko ilunabar ezkorrak, larregi umotutako madariak, gogortutako arto opilak, beratu egin den lapikoaren lohia, Mount zakurraren begi ilunduak, Besteiroren arkumearen begi urrikalgarriak...

        Eta Gerena buru-makurturik, lo-zorroan.

        Aurrez aurre, esperoan.

 

 

Nikolas Barrena Kresala eta Xabier Amezagarekin finitu zen eredu literarioa prentsan. Denbora galtzea da gaur kronika, ikus-entzunezkoek ez dute alferrik hura lekutu. Gazbakoa da, txepela erreportajea, lausenguz bete dituzte elkarrizketaren galderak. Kazetariak beldurrez ari dira, adurretan egon daitezke Kazetaritza fakultatean.

        Gerenak gaztigatu egin zigun. Asteburuetan Hierro egunkarian kolaboratzen zuen. Bere kronika zorrotz bezain ederrek La Naval baino goragoko mailara eroaten zuten Sestao futbol taldea, River. Hirurehun berbatan agertu behar zituen Anselmo Nuñez Boli-ren mutilen balentriak. Partida kaxkarretan, mister betokerrak jokalarien samak bihurritzen zituen bere karramarro eskuez. Entrenatzaile bikaina zen. Hala ere, bazegoen haren dohainak eta moduak zalantzan jartzen zituenik, ikusmen eskasa. Gerenak berehala uxatzen zituen duda guztiak: zuek bezain urrunera hel naiteke hanka bakarrarekin. Boli ez da minbizia. Eta zegoen tokian zegoelarik, itsasadar zabalera bihurtzen zuen begirada, handik etorriko balitzaizkio bezala garaipenak eta porrotak. Taldea, hala ere, ez zen petrolioaren krisian itotzen. Bigarrenera igotzeko ametsa ez zen ontzioletan deliberatzen.

        Mamenekin La Najako tren geltokian lotu, Gerenaren bila joan Sestaora eta handik salto egiten genuen Bizkaiko futbol zelaietara: Maiona Ategorri Soloarte San Jorge Basozabal. Bidean zehar mila galderaz zigortzen genuen Seat 850 gorria.

        Nor da arkero bizkorragoa, Lezea ala Sarobe?

        Zein izango da gaurko hamaikakoa?

        Igoko dira?

        Ukatu egin zioten El Correo Español-en kolaboratzaile-lanpostua. Ez zegoen Boluetako aldatsetako bulegoetan Las Llanas futbol zelaiko ateei angelurik ikusten zienik. Hierro-ri aurrea hartua zion arren, sestaotarrek bazekiten zer irakurri Simon Drogaseko mezetan. Geuk ere Gerenarenak bakarrik estimatzen genituen. Amezagak zuri-gorriei buruz eta Kresalak han-hemengo pilotalekuetan jasotakoak ere deszifratzen genituen, noski, kazetetan bazegoen genero epikorik.

        Amezaga eta Kresala jubilatu orduko akabo prentsa!

        «Testamentu Berria» esaten zien Gerenak Kresalaren kronikei, derrigorrezko genuen Biblia pilota partidarik egundo ikusi ez arren. Grimm anaien ipuinak balira bezala irakurtzen genituen, gerriko urdina heroia gerriko gorria bilaua. Elkanoren munduan zeharreko ibilaldiak zelakoak, halakoak begitantzen zitzaizkigun Roberto Garcia Ariño, Panpi Ladutxe eta Bermeoko Txoren ezker gantxo eta sotamanoak.

 

 

Beste ebanjelista bi falta zaizkigu, mahaia herren dago-eta.

        Onartu ez arren, bere apalean Gerena ere bazen partidakoa.

        Hirugarrena.

        San Lucas.

        Boliren asto baldarrak Moskuko Ballet Nazionalaren dantzari bilakatzen ziren haren Hispano Olivettin. Burukada erdiratze geldiketa adina klak sortzen ziren idazmakina zaharrean. Klak klak klak beste jokaldi. Sarobe zen Lezea baino atezain bizkorragoa, Ezkerraldeko Paulova. Beste guztiak haren aurrean paratzen ziren, talde defentsibo bezain eskasa zen River. Ordurako burdinazko zikoinak belaunak makurtzen hasten ari ziren, tendinitisak jota baleude bezala, lehor haizeek astintzen zuten Koreatik. Futbol-zelaian gertatzen zenak zerikusi gutxi zuen paperean agertzen zenarekin. Gerenak begi bat zuen berdegunean eta bestea ontziolan. A. Maria de Pando eta M. Luisa de Pando itsasontziak gorpuzten ari ziren IZARekoetan. 168 metroko luzera, 32ko zabalera eta 15eko altuera, Marítima Antares-en enkarguz. Baloi gehienak, ostera, Laminados Aguirre S.A. lantegira galtzen ziren. Batzuk ondoko eremu batera ere jausten ziren, sastar eta gurpilen artera, non auzoko mutil gosetiak esperoan baitzeuden kiskalitako auto baten ondoan. Gerenak argi zuen eta egoki zeritzon entrenatzailearen planteamenduari, batasuna inoiz baino beharrezkoago zuten. Gibelaldean itxaron eta behar zen unean erantzun.

        Hura estrategia.

 

 

Laugarren hanka ere nahitaezkoa zen eutsiko bazioten, laugarren kontalaria Ebanjelio iraunkorra osatzeko.

        Gerenak hirurok etsaminatzen gintuen partida bakoitzean, banaka eta astiro, zomorroak mikroskopioan aztertzen diren moduan. Hiru mukizu etorkizun goibel baterako. Agortu egiten zitzaizkion espezieak entomologoari. Erabakita zegoen. Egur zaharrak arotz berriak behar zituen. Mister genuen ordurako.

        Lehen partidetan etorri ziren baztertzeak. Mutilok kezkatuago genbiltzan Pando haren alabekin. Urrezko G erraldoia ikusten genuen Irlandako bandera peko txopa batean. Eta konturatu baino lehen aulkien zokora bidali gintuen.

        Garazik idatzi beharko zituen handik aurrerakoak oro.

 

 

Bizitzan lizentziatu gura baduzue, erdu nirekin.

        Halako batean horrela bota zigun Gerenak, gurasoek baimena emana zuten. Haren adiskidetasunaz preziatzen ziren.

        Egunkarikoek gutxitxorekin berdintzen zuten zorra. Bidegabe generitzon. Hirugarren maila osatzen zuten herrietan arduratuago zeuden Gerenaren kronika laburrekin PSOEren etorrerarekin baino. Anitzez gehiago aitortzen genion. Ikusi besterik ez zegoen zelan zapaltzen zituen bateko eta besteko harmailak. Mozkortia tabernariari nola, hala hurbiltzen zitzaizkion zaletuak, debozioko indarra nabari zitzaien ahoskeran. Eta ez ikusleei soilik. Hierro-k ez zion itzalik egiten El Correo-ri, baina bolo-bolo zebilen Alfredo Gaston, Postaria, aholku eske inguratzen zela Burdingilearengana.

        Bizitzan lizentziatu gura baduzue, erdu nirekin.

        Harropuztzat jo genuen hasieratik Gaston. Musua pikatua zuen, inoiz edo behin nafarreriak jota egon zelako zantzu garbia. Hala ere, ardi-zakur aurpegia zuen. Metro eta erdi luze bazen ere, nabarmenkeria ederra zerion ahotik. Behin, Gerena aldagelan zegoelarik, kontatu zigun prostitutak, periodistak eta poliziak toki berberetara biltzen zirela. Bera barne, jakina.

        Nora?

        Postaria inoiz ez zen aldageletara sartzen, ez genekien zergatik. Guri hitz egin eta Mameni begira geratzen zitzaion, harengandik zer edo zer jaso beharko balu bezala. Baina harekin ere jai, Gerenak baino kasu gutxiago ematen zion. Eta azkenean guri azaltzen zigun hasierako letrek hartara behartzen zutela, larritik bazuten P haiek guztiek, informazioa salgai eta erosgai.

        Gerena ez zen Postariarekin fidatzen. P-ren esanahia bereizten ez zekielakoan zegoen. Adarrez adar ibiltzen diren katagorrien antzo, gairik gai hasten zen erraztasun handiz. Burdingilearen ustez, hark ere zorrozten zuen begi bat Las Llanas joko zelaira eta beste bat ontzioletara.

        Azken momentuan UGTkoak kikildu baietz!

        Sestaoko entrenatzailearen erabaki baten aitzakian, lanuzte deialdiaren langara bota zuen baloia Gastonek. Inork ez zion hitzik ere esan. Sestaon bat zetozen denak Boliren hesiarekin.

        Batasuna funtsezkoa zen.

 

 

Gerenak erregutu ohi zigun portuari begiratzeko aurrelarien zartako gogorrei eskaintzen genien arreta beraz. Ailegatuko baitzen eguna non Santurtzitik Bilborako distantzia ez zuten garabi eta zamaketariek ebatziko.

        Tiloaren simetria zer den badakizue?

        Iturrizako banku batean esertzen ginen udaberriko arratsalde gero eta luzeagoetan. Gure aurrean tilo batek Euskalduna ontziola erdibitzen zuen: ezkerrean herdoila; herdoila eskuman.

        Colonizatu egin dute portua eta laster Pizarrotuko dute gure disidentzia! Erretratatu ondo! Oroimena alferrikako talaia da zer gomutaturik ez dagoenean.

        Arbola zabala luzaro begiratu ostean, jazotzen zitzaigun bi silabatako hitzak hamaika bider errepikatzen direnean bezala: ez genekien zein zen lehena, zein bigarrena.

        Hargatik sarritan, abiatu aurretik, Iberiako geltoki ondoko taberna batean lizentziatzen ginen.

        Hitzaren esanahia jakin gabe.

 

 

El bar de Aurelio zen gure unibertsitatea. Iganderoko hamaikakoak Sestaoko baseliza hartan negoziatzen ziren. Hormak argazki pornografikoekin santifikaturik zituzten. Lolori, ipurmamiak eskaintzen zizkion blonda pulposa batek tentetzen zion zakila. Niri, titiei esku biekin eusten zien azal beltzaraneko andra exotikoak. Zulo ttipian geografia zabala genuen, bazegoen zer ikasia. Taberna ez zen Aureliorena, Maritxu emazte zakarrenarena baizik. Aureliorenak barra eta Lib aldizkariaren erretratuak ziren. Hori ez zigun inork esan. Urte batzuk lehenago Iru zen tokiaren izena, baina Aurelio beti nire tabernan hau, nire tabernan hura ibiltzen zenez, jendea El bar de Aurelio esaten hasi zen. Handik gutxira, Riverren kartelak inprimatzen zituzten moldiztegian El bar de Aurelio jarri zuten eta, bezeroek eskatuta, Maritxuk izena aldatu zuen. Kostata baina amore eman zuen. Kanpoko errotulua atzera ere jarri zutenean, bezero guztiak mehatxatu zituen: hortik aurrera inork bere tabernari Iru deitzen bazion, babarrunen lapiko handian bigunduko zion kaskoa.

        Baita geuri ere.

        Gerena, zenbat bider errepikatu behar diat ez ekartzeko hona neska-mutilak!

        Beste eskola batzuk eta lizentziatu egingo ditun!

        Antzarak ferratzera bidaltzen zuen segituan. Gerena beti ibiltzen omen zen lizentziaturak eskaintzen, ea lizentziatzen zuen bere senar alproja behin betiko.

        Ikaragarri maite genuen Maritxu.

        Nahiz eta besapeetan goroldio beltz mardul hura hazi. Sukaldeko koipe eta zikinkeria guztia xurgatzen zuen.

 

 

Tabernara Boli ere biltzen zen. Entrenatzaile ezkelak berak diseinatzen zituen grebetako istiluak, nabarmena zen berebiziko dohainak zituela estrategiarako. Halakoetan arerioak etsai bilakatzen ziren, etsai bakarra. Horrek izugarri errazten zion lana. Poliziak kontraerasoan jokatzen baitzuen beti.

        Hala ere, behin baino gehiagotan bateko hamaikakoak eta bestekoak nahaspilatu egiten ziren.

        Atzealdean Irigibel, Pedrueca, Pinos eta Juanma!

        Atzealdean Comisiones-ekoak! Pankartarako lehenak, baina ostiak hartzeko azkenak beti!

        Berehala pipertzen zitzaien Gerena:

        Zertaz ari gara, ba, igandeko partidaz edo biharko manifestazioaz?

        Estrategia helburu bihurtzea nahasgarria ez ezik, arriskutsua ere bazen. Hura zen Boliren akats bakarra. Eta gurea. Ezkerralde osoak, ontzitegiek eta labeek iraungo bazuten, nik banuen nire hamaikako kuttuna: atean, Sarobe; atzealdean, Irigibel, Pedrueca, Idoiaga (LABen delegatua Euskaldunan) eta Julian (ELAren delegatua La Navalen); erdialdean, Pacheco, Isidro, Iñaki Barandika (ELAren delegatua Babcocken) eta Josete (USOren delegatua Labe Garaietan); eta aurrealdean, Juan Pablo eta Emilio Lopez Berasategi, CNTko anaia bikiak.

        Gure artean ere sortzen ziren desadostasunak. Lolo ez zen Saroberen aldeko, goiko baloietan kale egiten zuen. Julian eta Iñaki ere ez zitzaizkion gustatzen, nahiz eta ehun bider aitortu ez zuela deus ere ELAren kontra. Garazik ere bazituen bere gogokoak. CCOO eta UGTko bana sartu gura zituen hamaikakorik onenean: Eduardo Montes eta Moises Albeniz, biak La Navalekoak.

        Sestaoko taldean ontziolako jendeak egon behar dik, bestela dena pikutara joango duk!

        Baina Montes eta Albeniz ez ziren fidagarriak. Hura aurpegiratzen zieten, behinik behin, Boli, Gerena eta beste guztiek. Ze guk ez genuen inortxo ezagutzen, eta gure eskuadra osatzeko entzundakoaz baliatu behar genuen.

        Juan Pablo eta Emilio Lopez Berasategik kontra egin zieten hamar txakurri lehengo bariku gauean.

        Eta mozkortuta biak! Esos de marrón de qué equipo son ez zieten ba aurpegiratu!

        Orduan guk apuntatu egiten genuen. Erandioko anaia bikiak baliagarriak ziren. Nahiz eta CNTkoak izan.

 

 

Bazterreko mahai baten inguruan egoten ginen jesarrita. Barra gainean dozenaka txikito, soldaduak lez. Maritxuk txorizo frijitua eta Dimako odolosteak ateratzen zizkigun. Mount, arkakusoz beteriko zakur otzana, aingeru begiez hurreratzen zitzaigun usnaka. Hala esaten zioten Lord Mountbatten Indiako azken erregeordearen omenez. Hiru urte lehenago irlandar batzuek kalitu zuten Sligeach-eko badian. Pospolo itxurako Lord Mountbatten ingelesa nor zen ez zekienik ez zuen Maritxuren tabernan edaten. Barra atzean zegoen, kikildurik horrenbeste titi handi eta ipurmasail borobilen artean. Masailezur irtenak zituen, betzulo sakonak eta asto belarriak. Mandatariak ontziola bisitatu zuen hil baino urtebete lehenago.

        Belfast eta Bilbori buruz aritu zen beharginekin.

 

 

Titanic ingeles bat falta omen zitzaigun.

        Gerenak harekin ez liluratzeko aholkatu zigun, hondalera zihoazen hiri biak, itsasontzia bezala.

        San Mames bat falta zaie hantuste horiei.

        Bilbon Munduko Futbol Txapelketa jokatzen ari zen. Gerenaren lagun batek Katedralera sartzen utzi zigun Ingalaterra eta Kuwaiten arteko partida ikusteko. Zelaia kaskamotzez lepo zegoen, denak berdinak, denak garagardoa eskuetan.

        Titanic! Titanic! Titanic!

        Denak Azoreetako antizikloia bezain hegemoniko eta tirano.

        Sestao petrolioaren beharrean zegoenez gero, kuwaitarrak animatu genituen.

 

 

Italiak irabazi zuen txapelketa, eta Sandro Pertinik eta Juan Carlos de Borbonek elkar besarkatu zuten.

        Greziak garaitu balu! Edo Indiak! Edo Armeniak!

        Edo Sestaok!

        Bilboko partidan Gerenak ez zuen inor animatu. Garazi Lord Mountbattenekin oroitu zen. Irlandaren alde zegoen Gerena. Argiagorik!

        Irlanda? harritu plantak egin zituen. Irlandak... koplak eta ipuinak, asko!

        Eta kontatu zigun ipuin irlandarrenak Guinness derrigortuko zuela, alproja mordoa bodhrana jotzen, Moherreko itsaslabarrak, Connemarako turba eta, zergatik ez, gaubeila Antrimgo etxalde bateko logelan, atzean IRAren bandera zirpildurik eta Kristo gurutziltzatua zeudela.

        Kontatu zigun, baita ere, ipuin irlandarrenak Cromwell madarikatuko zuela hatz erakusleaz, arbolen botatzeaz mintzatuko zitzaigula eta, epika lar lirikoa ez bazen, egunaren etorrera aldarrikatuko zuela gaelikoz.

        Ipuin irlandarrena Donegalen idatziko zela —Mazen bertsio bat apailatuko zuten—, Book of Kells bezain sakratu, eta herri irlanderadun batean O'Connell kalean Tipperaryn irakurriko zutela Pazko Igandean, hurling partidarekin mozkortu ostean.

        Azaldu zigun ipuin irlandarrena Gran Soleko olatu batek hondoratuko zuela.

        Eta ipuin irlandarrenak ipuin euskaldunena besarkatuko zuela.

        Baina ipuin irlandarrenak ez zigun sekula argituko zelan ihes egin ipuin irlandarrenari.

 

 

Purgatorioa-3

 

Ospitalera ailegatu berria ez izan arren, beteranoa ere ez zen Gerena.

        Jesarrita zegoen, isilean, gehienak bezala.

        Ezinean, eztarria arrakalaturik.

        Hitz eta pitz ari ziren beste batzuk, bizitzak erabili beharreko berba kopurua aldean ekarriko balu bezala.

        Beteranoak ohatzetan zeutzan indarge —denborak ez du han dominarik banatzen—, laster aterako ziren seinale.

        Nora, baina?

        Garazik Vila-Matas delako bat ekarri zuen akordura: «¿También en el paraíso existirá la muerte?».