Auzoak
Auzoak
2005, narrazioak
160 orrialde
84-95511-72-X
azala: Alain M. Urrutia
Urtzi Urrutikoetxea
1977, Bilbo
 
1997, poesia
 

 

Itsasontziak

 

Ezkontza polita izan dela esan diote Sergeiri iritsi denean. Ez arranditsua, lau berba xume soilik.

        — Oso polita gelditu da. Bazkalostean ere kantatuko ditugu abesti ukrainarrak.

        Georgiu eta bere banda apuntatu da otordura, neskaren gurasoek gonbidatuta.

        Sergeik soldadutzan ikasi zuen kantuan. Itsasoa maite zuen, Odessako portuan gelditzerik izan ez zuen arren. Baltikoko haizeetara sekula ohitu ez bazen ere, Kaliningradeko kuarteletako erreklutek hotzarenak baino ardura handiagoak zeuzkaten udagoien amaiera hartan. Aldamio gainean lankideek zubi honetako borroka latzak aipatu dizkiotenean, 1980 amaiera izan zela latza erantzun die. «Kasernan jantzita oheratzen ginen lotarako ahaleginean, jakin barik gau erdian Poloniara bidean jarriko ote gintuzten indar erreakzionarioak zapaltzera». Ordu pare batera zegoen Gdansk. Eta elektrikaria eta bere artaburu koadrila soka apurtu artean tenkatu beharrean.

        Nagusiak ordubete baino ez dio eman Sergeiri Abandoibarrako aldamiora itzul dadin.

        Inguruko aldaketen lekuko izan da museotik kongresu-jauregira doan ibaiertzean. Palmondoak, arte-lanak, pasealekuak, hotelak... asko aldatu da eremua. Zail da irudikatzen bazter haiek garabiz beteta (nork esan behar zien bakarra gorde behar zutela: museoko pieza), zubia altxatuta zamaontziak pasa zitezen, edo zahar koloreko irudiok, kea nongura, ontzioletako beharginak habailaz harriak jaurtikiz, poliziak tira eta tira... oso urrun gelditzen den errealitate bati dagozkio. Ukraina urrunari, adibidez. Haurtxoa bakarrik falta da karroan, eskaileretan behera! Asko aldatu da paisaia.

        Na zdorov'ya! Gora ezkonberriak!

        Pozarren ari dira lagunak ospakizunean. Valeryk Kale Nagusian ezagutu zituen moldaviarrak, eta eurekin batera jotzeko konbentzitu zuten. Arrastian batzen ziren, Valery zoriontsua zen. Emaztearen heriotzatik bururik altxa gabeko gizona barrez ikusi zuen atzera. Aldamioa eta lan-baldintzak ziren gaiztotzen zuten bakarrak. Eta egun batez hari ere uko egin zion. Ez ei zeukan beharrik.

        — Egin ezak kontu, zenbat diru bidali duan hilez hil etxera. Horrenbeste aurreztu diat nik. Denboraldi baterako lasai asko musikan jarduteko behintzat.

        — Erdi ijito horiek euren zatia gurako dute, horratik.

        — Baina sos batzuk egiten ditiagu egunero, denen artean banatu eta gero ere.

        — Valery, zentzatu hadi eta pentsa ezak ondo, titiriterotarako zahartuxe habil eta.

        — Nahikoa diagu, aizak. Inbidiatan habil, ez duk jasaten hi behar alienatzaile horretatik lur jota itzuli eta ni pozik ikustea.

        Doinu berrien bila uzten zuen laguna goizez, doinu berrien bila aurkitu etxeratzerakoan. Bazeukan zerbait, ostera. Odessatik itxaropenez eta diru-gosez abiatutako Valery adiskidea, Alemania edo Ingalaterra buruan, Sergeik aldamiotik ikusten zuen hiria baino gehiago aldatu zen. Porturik portu ibili ostean Bilbon amaitu zuten. «Espektatibez» eta «perspektibaz» egin zieten berba, eta eurek sinetsi.

        Ezteietan urdaidun potapsia eta Ukrainako beste zizka-mizka batzuk atera dituzte: azaz, sagarrez, pernilez, pepinoz eta tomatez eta indioilar zatiez egindako pintxoak. Aurpegi xelebrea jarri du Itziarren aitak. Gizon zintzoa dirudi, egoerak gainditu egiten du baina. Dastatu ditu mokaduak edozelan ere, berehala txorizo egosira eta tortillatara itzuli aurretik.

        Lan kontuei buruz Sergei ez zebilen oker, eta azkenean aitortu zion Valeryk. Kontuz ibiltzeko aholkua eman zion, irten zirela arazo batetik baino gehiagotik Itsas Beltzeko bazterretan eta gogoratzeko hango buruhausteak. Lanerako prest etorri ziren arren, bizitzaren bigarren erdian sarturik, bizimodu lasaia ere aintzat hartzekoa zen.

        — Gutizia badaukak, segi emakume horrekin —esan zion Sergeik—, baina arretaz ibili, zertara etorri ginen ahaztu barik. Etxean gelditu direnak...

        Hor sartu zuen hanka Sergeik eta aurre egin zion adiskideak:

        — Hik bai, han dauzkak denak. Baina nik zer utzi diat Odessan? Ibili ere ez dabilen Lada zaharra? Han ez zaukaat besterik.

        Artean ez zuten hiriaz berri askorik. Lana, etxea, aurreztea, paper kontuak begiratzea eta horretara mugatzen zitzaien eguna. Inoiz sorterriko ontziren bat heltzen zenean Nataliak bidalitakoak afaltzen zituzten, edo pattar bereziren batekin jai txikia egiten.

        Barkamena eskatu zion Sergeik, lagun moduan ari zitzaiola.

        — Ohitura ezezaguneko lurralde arrotzean gaudek, eta hire emakume hori, Itziar, nazionalisten artekoa duk.

        — Eta?

        — Valery, guk ez ditiagu politika kontu horiek ondo ulertzen, eta gutxiago nazionalista baina gero erdi komunista diren horienak.

        — Horrek zer ikusi dauka nirekin?

        — Hik kontu egin badatorrela nik zer zakiat nongo bat... moldaviarra, adibidez. Hori da, moldaviarra, edo turkoa, eta etorri eta andrea kentzen diala. Zer esango luke jendeak?

        — Zer esan behar dute elkar maite badugu?

        — Tira, nik ez zakiat hemengo nazionalistak zelangoak diren, bakarrik batzuk tiroka dabiltzala. Eta hik esan hidanez, Itziarren gizona ez duk ba...

        Valery gizon zoriontsua zen. Azken hamarkada eta erdian urteko bizpahiru zahartzen zen eslaviarra gaztetu egin zen bat-batean. Ardurak ardura, poztu egin zen Sergei, kontua argi ikusi ez arren.

        — Senarra edo dena delako hori barik ere zer? Tipoa noizbait irtengo duk kalera. Eta gero, hemen gelditu behar duzue?

        Sustraiei buruz erantzun ziona une hartan askorik ez adituagatik, egunek eta hilabeteek Sergeiren baitan ere egin dute bidea. Nataliagaz berba egiten duenean, diru apur bat gehiago bildutakoan batuko direla diotso; baina nabari du joan-etorriko bidaiak ez direla existitzen. Europa zabala, Kieven hasi eta Wroclaw, Dresden, Frankfurt eta Parisen barna, azkenean hego-mendebaldeko bazter honetaraino, barne-bidaia ere bihurtu zaio, atzean utzitakoaren eta aurrez aurre jotzen duten errealitateen arteko gatazka.

        — Itziar ez zagok hemendik alde egiteko, ulertu egiok. Deserrotu batekin nahikoa diagu. Hau bere lurra duk, eta nik nirea galdu ostean ametsetan ere topatzen ez nuena lor zezakeat: beste etxe bat!

        Sergeik ez zion jarrera berehalakoan ulertu. Eta giro horretan sartu ahala, badaki bertakoen begirunea ere kosta behar zaiola lagunari. Ezkontzea batik bat. Besteak errazagoak dira. Ezteiak horratik haserreak eta esamesak ekarriko ditu. Ospakizun polita darabilte, nolanahi dela. Antzerki handi bateko funtzio orokorrean papera ulertu barik jokatzen ari dela iruditu zaio Sergeiri. Baina Valeryren arazoa da.

Borscha zerbitzatu dute eta Nataliaz oroitu da Sergei. Etxean baino goxoago igarri du platera menturaz, erremolatxa eta gainerako barazki haiez emaztearen oroitzapenak gozatzen ditu, ordea. Azkenekoz hitz egin zutenean arduratuta igarri zuen, hiria gogorregia baldin bazitzaion aldatzeko ziotsola, eurak banatu ziren legez Valeryrekikoak ere ez zuela zertan...

        Baina zelan esan ez dituela atzera sustraiak erauziko?, gauzak ez direla hain errazak?, eta Valeryk beti bezala arrazoi zuela, itzultzen denean ez dela abiatu zeneko gizona izango?

        Funtsean, nori axola zaizkio ezagutu berritan ezkontzen ziren zoro bi haien istorioak? Txoko hartan bildutako familia txikiari. Eta etorri ezinetan bere burua defendatzerik izan ez duen gizajoari.

        Georgiu mozkortzen ari da, eta ardoa hartuta euskaraz ekiteko ere gai da astakirtena. Azken batean, paperetarako edo denerako, behin mozorrotzen hasita, hobe ondo egitea, ezta? Sergei izan da lekuz kanpo gelditu den bakarra: errumaniarrek espainola aise ikasi eta bertokoenarekin saiatu gura izan dute, kanta eder askoak ei dauzkatelako; Valeryk Itziarren akuilua izan du, baina berak dirua eta denbora ikastaro haietan xahutu orduko... okerrena da zereginik ere ez daukala.

        Lekuz kanpo eta lekutu behar ote duen jakin ez. Bazkari-modu ederra egin dute, Atlantiko zabaleko arrainez berdindu Ukrainako mokaduak, Sergeik bere txokoa topatu barik jarraitzen badu ere, burua han eta gorputza hemen.

        Gauzak oharkabean joan dira, Joxe harginak aipatu dion legez:

        — Orain jabetu gara amaitu direla barrikadak. Gaur egun etorkin koitaduak soilik ikusten dira karrakan zakua lepoan; ez zuek bezalakoak, e!, besteak, sudakak eta beltzak.

        Hamaika ikusteko jaioak, harginari ikasi dion legez. Haatik, etorkin haien moduan dabil Sergei, batetik irten eta errealitate haren trenbidearen erdian jarrita, lokomotorak nondik datozen asmatu ezinik.

        Tamara txikiak ere alde egiteko gogoa zeukala esan zion Nataliak. Hazten ari da eta bera bakarrik ez ei da gai bide onera ekartzeko. Odessako portuko estraperloak «aitak baino hobeto» ikasiko dituen beldur dela aipatu zion, eta laster itzuli ezean, bera ez beste guztia galduko zela. Itziarren senarrarekin bezala —senar ohia, ordurako—, urrats batek, erabaki batek idatzitako lerro guztiak halabeharrez aldatzen dituela dirudi.

        Ordua aurrera, Abandoibarrako aldamiora itzuli behar duela jabetu da Sergei. Bihar abiatuko da Monika Muller Mediterraneo ekialderantz txatarraz beteta. Mahaitik altxatu eta Valery agurtu du:

        — Banoak, laster nagusia haserretu egingo da-eta.

        Ez dago dacharik ez Itsas Beltzeko uda sargoririk, baina ederra da hau bere berdean. Ederto jan ohi da hemen, eta neguak ez dira hain gogorrak. Herri lasaia da, albisteak albiste. Gainera emazte bizkorra dauka, ikasiko du hizkuntza, behar izanez gero. «Ze demontre, agian gustatu ere egingo zaio» egin dio bere buruari iruzur, txokotik lanerako irten denean.