Elektrika
Elektrika
2004, nobela
192 orrialde
84-95511-69-X
azala: Garbiρe Ubeda
Xabier Montoia
1955, Gasteiz
 
2021, narrazioak
2017, nobela
2013, nobela
2004, nobela
2000, poesia
1999, nobela
1998, kronika
1997, narrazioak
1992, ipuinak
1991, nobela
1988, poesia
1985, poesia
1983, poesia
Elektrika
2004, nobela
192 orrialde
84-95511-69-X
aurkibidea
 

 

—4—

 

Egun batzuetan, elkartze-herrira eraman beharrean, mendira eramaten zaituztete. Umetatik maite izan duzu mendian ibiltzea. Zabiltzaten malkar harritsuak, aitzitik, ezin Euskal Herriko mendi-mazela guri eta leunekin aldera. Izan ere, arrea da hemengo koloreetan nagusi, berdea zure sorterriarena den gisan. Berdea sastraka eta belar gaizto zenbaitetan baizik ez muino hauetan. Edo olibatze bakarti baten adarretan. Asteak iragan ahala, aldiz, ohartu zara irudiz zakarra den eskualde honek baduela nolabaiteko edertasuna. Patarra goiti eta patarra beheiti zoaztelarik, gero eta gehiago harritzen zaitu muin eta funtseraino errea dirudien lur agor honek. Mirakulu tipiak sortzen dira aldika. Lili zuri bat harri-txintxolen artean. Ortziaren urdintasun hobengabea dotoretzen duen hegaztiren baten agerpen bat-batekoa. Zedro-oihan bat mendi gora batean.

        Orenetan ibiltzen zarete, lerro-lerro. Erran beharrekoa kasernatik irten baino lehen erraten dizuete, ahalik eta isilen ibili behar baita bazter hauetan. Felaga anitz omen dabil, arras anker eta odolzale. Bakar bat ere ez duzue ikusi orain arte.

        Begiak zabalik izateko galdatu eta horrela dituzu, inguruari arras emanak. Zola legartsua zapaltzean botek sortu hotsaz gain, euli eta zomorroen hegaldi urduriak sorturikoa aditzen duzue. Bertzerik ez, bidezidorretan gaindi zoaztelarik. Benetan eskertzen dituzu oihu eta hitzik gabeko aldi hauek. Batez ere sarjentaren ahots beti erlats eta koleratua aditu gabe izatea. Eskuetan daramazu mitrailetagatik ez balitz, errazki ahantziko litzaizuke gerla.

        Isiltasuna ez ezik, badute mendietan gaindiko ibilaldiek bertze abantailarik. Denbora, kasu, kasernan baino fiteago iragaiten da. Bazterrik bazter zoaztelarik, badoa eguzkia ere pitinka, mendebaldera buruz. Kilometro anitz egiten duzue, unatu egiten zarete. Noizbehinka gelditu eta, batzuk zaindari zaudeten artean, gainerakoak jarri eta jan-edan egiten dute, orenetan ibili eta gero.

        Egosi egiten zaizkizue oinak boten barnean. Arrats apalean kasernara itzultzen zaretelarik, ur gazitan sartu behar izaten dituzue. Urez bete ontziren batean eskukada bete gatz jaurti, eta galtzak belaunetaraino goititurik, oin minduak uretan sartu, eta solasaldi luzeak izaten dituzue.

        Atsedenaldirik gabe utzi zaituztete gaur. Ibilalditik kasernaratu eta, latoizko ontziak eskuan, oin puztu eta gorrituetarako sendagarri bila joan zaretelarik, sarjenta kausitu duzu zure beha.

        Hator nirekin. Dergaudek ikusi nahi hau.

        Lagunei behatu diezu. Pollet aho zabalik dago. Begia kliskatu dizu Mazellak.

        Jarraitu diozu, urrats pare batera jarraitu ere.

        Kapitainaren bulegora heldu, eta igurikitzeko. Atea jo du sarjentak.

        Aitzina, dio ahots batek ateaz bertze aldetik.

        Rivette sarjentak sartzeko keinua egin dizu. Kapitaina agurtu duzu. Zuk baino askoz urte gehiago ez du ukanen. Argazki bat du mahai gainean. Zeharka behatu diozu. Emazte eder bat haur baten ondoan. Badu gauza gehiago ere, kartoizko karpeta arre bat, bertzeak bertze. Hura hartu, ireki eta barnean behatu du kapitainak laburki.

        Oker ez banaiz, argazkilaria zara, dio behakoa karpetatik zure begietara eramanez.

        Hotzikara batek inarrosi zaitu. Badakizu zer datorkizun. Egia erran, karpeta ikustearekin batean jakin behar zenuen, antzekoak erabiltzen baitzituzten Aljerko zure nagusiek. Nora igorriko zaituzte hurrengo?

        Zalea baino ez naiz, diozu, begiak kapitainaren gibeleko kartan ezarriak. Aljeriako karta da, De Gaulleren potreta baino poxi bat gorago dagoena.

        Zalea baino ez? galde egin dizu kapitainak irri zuriz.

        Bai.

        Arrunt zalea, haatik.

        Bai.

        Hala ere —berriz ezarri ditu begiak paperetan— ez omen duzu argazkirik egin nahi. Armadarako, jakina.

        Argazki bakoitzean hautatu beharra dago.

        Gerlan bezala, beraz.

        Anitz utzi behar izaten da argazkitik landa.

        Eta zuk, kasurako, ez dituzu biluziak maite, dio kapitainak. Oker naiza?

        Baliteke horrela izatea.

        Eufemismoa barkatuko didazu. Biluziena mintzatzeko molde bat baizik ez duzu.

        Eufemismoa! Horra zer laket zaion armadari gehien, diozu, Artolari behin entzuna errepikatuz.

        Nolabait, kapitainari buru egitearren erran diozu, harira joanaraztearren, bai eta karpetan gorderik duena zer den ongi dakizula adieraztearren ere.

        Zuk uste duzua Rivette sarjentak eufemismoak maite dituela?

        Isilik gelditu zara.

        Maite dituzua? galde egin dio sarjentari.

        Barka ene kapitaina, baina ez dakit hitz horrek zer erran nahi duen.

        Ongi da, Rivette, ongi. Behar bezain handia duzu hiztegia. Ez arrangura.

        Zuregana bihurtu da: Jakinen duzu arazo larriak ditugula elkartze-herrian.

        Baietz adierazi diozu hitzik gabe, haren mintzaldia ez eteteko.

        Ahal baino lagun gehiago bildu dugu eta orain ez dakigu zer egin haiekin. Kontrolatu behar ditugu. Bakoitza nor den, nondik datorren eta zer egiten duen jakin behar dugu. Bertzela debaldetan ariko gara bakegintzan. FLNri eginen diogu mesede. Beldur naiz ez ote ditugun felagak oharkabean gure artean izanen. Identifikatu behar ditugu, haiek gu hil baino lehen.

        Aspaldi utzi nion zerbitzu sekretuetarako lan egiteari. Ez dea hori zure paperetan ageri?

        Bai, baina ez nahas ni haiekin. Kapitain soila nauzu, hona igorria zu bezala eta etxean hobeki legokeena. Potretak eginen dizkiezu, banatuko dizkiegun nortasun agirietarako. Beren hobe beharrez.

        Manua dea?

        Bai. Joan zaitezke.

 

 

Elkartze-herrian dagoen pareta bakanetarik baten aitzinean ezarri duzu aulkia. Pareta zuria da eta aulkia zumezkoa. Horretan jartzen dira argazkiaren egitera etorriak. Hamasei urtetik gorako guztiek iragan behar zure kameraren paretik. Hasteko gizonak. Emazteak gero jinen omen dira. Ezetz diote harkiek, gizonek galaraziko dietela zuregana hurbiltzea. Deabrukeriatzat jotzen dute.

        Zure ingurukoak hemengoez trufatzen dira. Aski basatiak dira, zure ustez ere, baina ongi konprenitzen duzu kamerak eragiten dien mesfidantza. Konprenitu bai, nahiz eta haien mesfidantzaren zioa eta zurearena ezberdinak izan.

        Idazmakina jotzen duen soldadua eta horri zer idatzi diktatzen dion axuanta jarriak diren mahaitik iragan behar dute zuregana baino lehen. Izena, adina eta sorterria galdatzen dizkiete eta kartoizko fitxetan idatzi. Zenbaki bana damaiote, zuri erakutsi beharrekoa. Zuri eta kamerari. Bularreraino altxatzen dute, zuk galdatu moldean. Begitarte ilunez behatzen dute, beldurrez batzuek, nahasirik gehienek. Lasai egoteko erranen zenieke, ez diezula kalterik eginen. Baina mutu dirauzu, hurrengoa baizik ez erranez.

        Eta hurrengoa datorkizu, zumezko aulkira zuetarik batek lagundurik. Zenbakiari behatzen diozu, botoia zapaldu aitzin. Bertzela, nekez zenekike so duzun hori jadanik potretaratu duzun, hain zaizkizu elkarren antzeko. Txilabak, durbanteak, mustatxak, oro berdin. Haien uniformea, nolabait.

        Bizkorki ari zarete, baina batzuetan iruditzen zaizu, finitutakoan jendeak urrundu ordez, igurikatzen dutenen lerrora biltzen direla berriz, ez baituzu haren azkena hautematen.

        Eguzkiak zipildu bisaia horiek bata bertzearen ondotik datozkizularik, bitxi zaizu egoera. Zer ari zara? Ihardespen bakar bat ere ez duzu galde bakar horretarako.

        Zer ari gaituk?

        Mazellak harriturik behatu dizu.

        Zer ari gaituk, Mazella?

        Argazkiak egiten.

        Ez hemen berean, ez orain berean, gerla honetan baizik.

        Hori hik jakin beharko huke, ni baino ikasiagoa haiz eta. Nihaur, denbora iragaiten ari nauk, etxera itzultzeko egunaren beha.

        Antzeko zerbait ihardetsi ahalko zenuke zuk ere. Edo ez? Amaz eta arrebez oroitu zara. Aitaz ere bai, zorigaitzez. Orain ikusiko bazintu, nolako irriak. Aspaldi ohartarazi nian, poztuko litzateke, zu ere soldadu joanen zinela azaldu zenionean berak aholkaturikoa oroituz. Bi mundu gerlak ezagutu ditiat, ez didak hik gerla zer den azalduko, haserretu zitzaizun orduan.

        Gerla hitza ez zenuen zuk aipatu, baina zuen aita harekin tematua zebilen, halako moldez non ezin zenion adierazi nahi zenuena. Axolarik ez, haatik. Hartarako bertze ele batzuk behar ziren. Hark gorrotatu zenbait, hain justu. To, erranen luke, berdintasuna hitza (edo askatasuna, justizia, anaitasuna) zuk ahotan hartu orduko. Ideiak irrigarriak iruditzen zitzaizkion, ideia larriak, erran nahi baita. Hala ere, izan omen zituen noizbait, gaztetan edo.

        Sekula ez dizu garai hartako tutik aipatu. Horretaz espresuki galde egin diozun gutietan ere ez. Konprenigarria, zure ustez, Gerla Handian eta Hirugarren Reicharen zangopeko Frantzian jasanen zuena jasan ondotik.

        Galde guti egin ohi diozu aitari. Ihardesteko hordituegia zelako batzuetan. Haren lotsaz edo ahalkez bertze hainbatetan.

        Nihauren izenaz bataiatu hindudan, erran ohi zizun.

        Itxaropen handia ezarria zuen zugan tipitatik. Amak salatu zizun behin baino gehiagotan. Haurdun zegoelarik, sabel puztuan ahurra ezarri aitak eta handitutakoan eginen zenuenaren berri ematen zion. Biziaren aldi ederra deitzen zion amak hari.

        Halako batean, eten egin da kameraren aitzinetik iragan beharrekoen lerroa. Mahaiari buruz bihurtu zara.

        Zer gertatzen da?

        Irri karkailetan ari dira guztiak, konprenitu ezinik zareten aljeriarra eta biak izan ezik. Harkiak batik bat. Zerbait errepikatzen dute beren mintzairaz eta, hura erran bakoitzean, karkailak ozenago.

        Mazellari behatu diozu.

        Berehala itzuliko nauk.

        Irriari atxikitzeko eginahalean itzuli da.

        Zoroa duela izena erran ziek.

        Horixe errepikatzen ari dira: zoroa, zoroa. Harkiak hastapenean, orobat haurrak orain. Horiek badakite zuen inguruan beti izaten dela entretenigarririk non kausitu.

        Zuregana dakarte, haur mukizuak haren ondotik zalapartaka —harrika ere hartu nahi izan du haietarik batek—. Pildaz jantzirik, noizbait txilaba osoa izaniko baten hondarrez dator, oinutsik. Kontent dirudi, saihets banatan dituen harkiak eta jarraiki duen haur saldoa bezain kontent. Bertze nornahirentzat gurutze-bide dorpea litzatekeena, arrosa-bide zaio ustezko eroari. Golgotarako bidea ez, Jesusen sarrera Belenen oroitarazi dizu.

        Harkiek erakutsi aulkian jarri da, irri egiteari utzi gabe. Soldadu eta haurrei kasu eman ez diezaiela galdatu diozu, beha diezazula. Ezinezkoa. Beharrik Mazellak haizatu dizkizun. Gehiago ere egin du zure alde: zoroaren gibelean gelditu, haren buruari atxiki eta kamerari beha ezarri du.

        Hortz bakarra gelditzen zaio ahoan, beheko ezpainaren gainean harroki ageri dena. Bisaia lohitua du.

        Argazkia egin diozu. Kameraren hotsa entzun eta altxatzeko erran dio harkiak. Orain arte bertze nehork ez bezala, ezetz dio hark, ongi dela han jarririk.

        Baietz, bat etorri zara harekin. Gutienik bertze pare bat merezi du. Laster damutu zaizu. Bigarren argazkiaren klik hotsa aditu orduko, arras aldatu zaio aldartea. Oihu ikaragarria egin, zumezko aulkitik zutitu eta zugana jo du, konprenitu ez diozun amorruz bete zerbait aldarrikatuz. Herra eta beldurra batean hauteman dizkiozu begi gorrituetan, hain izan duzu hurbil. Besoak zuri buruz luzatuak eta zentimetro gutitara izan duzularik geldiarazi dute. Argiki entzun da haren bizkarrezurra jotzean fusil baten kirtenak sortu hotsa. Lurrera erortzen dakusazu ikaraturik. Han datzalarik ere, berdin jarraitu dute, ostikoa ostikoaren gainean. Hormaturik zaude. Aski dela eta berriz ez jotzeko galdatu nahi diezu, baina zure mingainak ez. Berdin du. Jadanik ez da kordokatzen. Darion odolak eta zolako hautsak osatu ore batean atxikia dirudi.

 

 

Oroimenak ez du su-etenik onartzen. Bonbardaketa noiznahi has daiteke. Zernahi daiteke suaren eragiteko txinparta. Galde bat izan da zuretzat. Zure xerka jin sarjentarena.

        Utz tximinoen potretatzeari eta hator nirekin.

        Bazoaztelarik, Mazella ikusi duzu zuri so, sarjentaren agerpen ustekabekoak nahasirik.

        Ez ahantz kamera, hots egin dizu sarjentak.

        Orduan beldurtu zara. Txinparta. Villan zara bat-batean. Bertzela iruditu arren, beharbada ez zara handik sekula irten. Zer edo zer egin behar duzu. Ihes egin behar duzu, nola edo hala. Sarjentak zuri behatu eta asmatu egin du: Bizkorrago, Etxegoien, bizkorrago. Ez pentsa horrenbertze.

        Baina pentsatu egiten duzu. Zangoak baino zalukiago doazkizu pentsamenduak. Sarjentak ez du zuretzat deus onik, ziur zara. Badaezpada ere, gertatzen ahal zaizkizunak aztertu behar dituzu. Kamera aipatu badizu, argazkiak egiteari jarrai zakizkion izanen da. Aljertik hona igorri, eta zutaz eta zure makinez ahantziko zirelakoan zeunden. Inozoa.

        Denden segidak sorrarazi karriketan barna zoazte. Betiko itxura dute: haurrak nonahi, emazteak ia nehon ez, eta gizonak dendetako sarreran. Eguneroko zalaparta tenore honetan. Poxi bat lasaitu zara.

        Hiritik irten zarete. Dendak gibelera utzi, eta larre harritsu batean alhatzen ari den artaldeari buruz zoazte. Ardi eta ahuntz bakan batzuk baizik ez dira. Geldi-geldi daude, lurrari lotuak irudi. Artzainik edo zakurrik ez da ageri. Haratagoko zuhaitz iharren azpian egonen dira, gerizaren bat premiazkoa baita honelako eguzki kiskalgarriaren pean. Haatik, hara pitin bat gehiago hurbildu zaretelarik, zuetarik batzuk hauteman dituzu harriduraz.

        Berriz ere urduri zara. Erne, mesfidati zoaz, gero eta maizago sarjentari begi zeharrez beha. Horrela ibiltzeko aski zio duzu, alafede.

        Sarjenta agurtzeko zuzendu dira han bildurikoak, eta ikusi duzu: hilotz baten inguruan bilduak daude. Konprenitu duzu. Kutxaño batean preso den euliaren gisan ari zara, den eta zirrikiturik tipiena kausitu ezinik ilunpean. Zure lokamutsik makurrena gauzatzeko zorian dago. Zer eginen duzu hilotz horri argazkia egin diezaiozun galdetutakoan. Damu duzu elkartze-herriko biztanleen potretak egin izana. Hasieratik ezetz erran izan bazenio Rivetteri, ez lizuke galdatuko laster galdatuko dizuna.

        Galdatu ez, manatu egin dizu. Bertze soldaduak baztertu eta bide osoa utzi dizute. Artola daramazu garunean iltzaturik. Higuina sentitzen duzu. Hotzikara batek zigortu zaitu. Begiak hetsi dituzu une batez. Hats egin duzu. Isilik, urratsa labur, egin beharrekoa egiteko unea ahalik eta gehien berandutu nahian bezala, hilotzari buruz aitzinatu zara.

        Heda begiak eta egin argazki ona. Jakin dezala munduak felaga zintzo horiek zein izugarrikeriak egiten dituzten.

        Kamera begietara goititu, ezkerrekoa hetsi eta fokatutakoan ezagutu duzu. Lehengo egunean kifia eskaini zizun agure bizar-urdin bera. Sakaila handia du eztarri aldean, handik odolustu da, atorran ageri zaion odolezko lerro nabarrak aditzera ematen duenez. Odolak lohitu du halaber lepotik dilindan duen afixa moldekoa. Traidorea dio afixak, hauxe frantsesak laguntzen dituenaren akabera. Hitz horiek agurearen odolaz idatziak ote? Badaiteke. Nork idatzi ote ditu baina, felagek edo zure aldamenekoetarik batek? Bertze soldaduei behatu diezu, Rivetteri. Botoia zapaldu duzu. Bigarrenez ere zapaldu duzu, bai eta hirugarrenez ere.

        Aljeriara etorri aitzin sinestezina litzaizukeena arras sinesgarria zaizu egun. Ezagutzen dituzu services secretesekoak. Haiekin lan egin zenuen, nahiz eta zure orduko jokamoldearen zuritzeko hainbat estakuru orain aurkitu. Horren ahazteko gai izanen zinela uste izan duzu berriki arte. Ez litzaizuke harrigarria servicesekoek hil izan balute, galdatu dizuten argazkia egiteko. ALNkoei egotziko liekete hilketa, terroristen basakerien adibide.

        Alde egiteko baimena galdatu diozu sarjentari.

        Hoa nahi baduk, lana bururatu duk eta. Baina bertze argazki eder bat galduko duk baldin bahoa.

        Ez zara higitu, horretarako baimena baduzu ere. Nahasturik zarela eta bere hitzek zugan eragina izan dutela ohartu da Rivette: jin nirekin, erakutsiko diat.

        Jarraitu diozu. Ez duzula nahi diozu zure artean, baina hor zoaz, bertze zenbait soldaduren antzera. Ehun bat metro haratago, zuhaixka batetik dilindan dagoen zerbait hauteman duzu. Hurbildu arau, dabilen haize pitina mugiarazteko gai ez den zakur baten itxura hartu diozu. Artzainarena. Artolaz oroitu zara berriz ere.

        Argazkirik ez.

        Ahoa bete hortz utzi dituzu, felagen krudelkeriak salatzen dituzten hitzak eztarrian trabaturik. Jin bidetik zoaz, ondoan gertatu hilketari kasurik eman gabe, larratzeari segitu dion artaldeari erremarkatu gabe. Bizkorki zoaz, beroa zure baitako suak ahantzarazirik.

        Laster zara kasernan. Gaur, behintzat, ez zara herrira bihurtuko. Han utzirikoek bururatuko dute lana. Sukaldearen gibel aldera jo duzu, bakarrik egoteko premia duzun bakoitzean bezala. Janari usaina sudurrean eta zer hausnartu franko zure baitan, gerizpea bilatu eta jarri zara, ukalondoak belaunetan eta burua eskuetan.

        Aldi luzea egin duzu horrela, zuhauren zokoan. Turuta batek erauzi zaitu gogoeta eta kezketatik.

 

 

Ikusi orduko ohartu da omonierra zure hersturaz. Aitortu nahi duzula erran diozu.

        Orain berean?

        Bai. Ahal izanez gero.

        Estola atera du tiradera batetik. Urdina da eta muin egin dio lepoan ezarri aitzin. Bere parean jartzeko galdatu dizu.

        Badakizu bekatari gaitza zarela, nola adierazi ez. Tipitan ikasi bekatu nagusien zerrenda oroitu nahi duzu, zureak ediren nahian. Gogoz dakizun hori goiti beheiti aztertu, baina debaldetan, ez baita hor arima lohitu dizuna.

        Izan ere, zein bekatu suerte da beldurra?

        Ezetz dio omonierrak, beldurra ez dela neholaz ere bekatua. Bakerik ematen ez dizuna konta diezaiozula galdatu dizu, zertaz ari zaren konprenitu ezinik.

        Agure hilarena kontatu diozu, beraz, haren afixak zioena.

        Zeinatu da omonierra, aditu berri duenak ikararazirik irudiz. Lasai izateko aholkatu dizu gero, ego te absolvo erran baino lehen. Zeinatu zuhaur orobat eta eskertu diozu zure alde eginikoa.