Elurretan hotsak
Elurretan hotsak
2004, nobela
184 orrialde
84-95511-68-1
azala: Garbiņe Ubeda
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2002, nobela
2000, nobela
1996, ipuinak
1992, ipuinak
1990, ipuinak
1986, nobela
1984, nobela
Elurretan hotsak
2004, nobela
184 orrialde
84-95511-68-1
aurkibidea
 

 

6

ETXEKONEKOAK

 

Pertsonaiak:

 

Patxi zaharra, etxekoa.

Gaston, Patxiren iloba.

Larra, Gastonekin ari.

Juana, tabernaria.

Pikuta, bere eskobarekin.

Yago, beso makurrekoa.

Agustin, udaltzaina.

Mandi.

Mikaela, etxekoa.

Larraitz, etxez etxeko laguntzailea.

Taxi, linterneroa.

Joxemari, Unbakoa.

Pello, astoarekin Etxabera joan zena.

Maite, mertzeriakoa.

Uxue, Mikaelaren alaba.

Agentea.

Txonaren Aita.

Ijito bat.

Amona.

 

Guridi eta Txona, Idoia, Uxueren laguna Nadia, Xeberi, Iñaki kamareroa, Maxuneren semea (Ixaka), kalean Jende gehiago.

 

 

Kale zaharreko puntan, zubi parean, elkargainka, zenbait etxe zahar-oker. Haietako bat, denetan apalena: bi solairukoa, leiho txikiak, hormak aspaldi pintatu gabe. Haren ondoan beheko plazari begira etxe txuri bat, beste aldekoan, lau solairuren azpian, Ipurua taberna.

      Teilatuetako izotz burruntzietatik ura tantaka-tantaka, azokara zihoala edo handik zetorrela, edo beste gabe paseoan ibilki, jendea banaka edo binaka; zubian hiru agure, handituxe zetorren ibaiari begira; haratago mendi koska elurtuak, Adunako eliza; haratago Ernio.

      Zokoren batetik ijito musika heldu zelarik, etxe txikiaren ondoan, banku bat, adreilu gotorrez erdi eginikoa: zementoa nolabait emanik, bukatu gabea. Pastera ondoan harea pila bat, adreiluak, lurrean hor eta han kapazo bat, errejazko hesi txiki bat, borra, pala, paletak, taladroa eta beste zenbait tresna eta erreminta.

      Bi lagun faenan ari ziren: bibote luzeko Gaston tripa-handia, galtzak eta txamarra hautsez zikin eta tabernatik luzatuta mangera, ur txurrustarekin lur bandaz bestaldeko harresiko belarrak kentzen ari zena. Larra gaztea: ile-azkar, begi-eder, aitzurrarekin lurra urratzen ari zen.

      Bi beharginei begira Patxi zaharra: hezur-giltza lokak, antiojoen atzean malkozko begiak, galtza argalak, zapatillak; haren alboan Pikuta: ile gutxi, txamarra, eskorga bazterrean utzirik, eskobaren gainean apoiatua eta puru txiki bat erretzen.

      «Kontentu egongo zara, Patxi: orain muskerrak eguzkitan bezalaxe egon ahalko zarete hor eserita lagunak.»

      «Bai... Udaletxeak ez du egiten eta, azkenean, guk egin behar!... Bankua baitzegoen hortxe lehenago; asfaltoa emateko kendu zuten hura.»

      «Bai, gogoratzen naiz, lehenago bazegoela.»

      «Horixe egon! Gu mutiko koxkorrak ginenean ere bazegoen bankua hor... Gauza ederra da bankua. Eguzkitan jarri eta, hezurrak berotzeko ere.»

      Gastonek uraren giltza itxi eta, Pikutari, begia kiñatuz:

      «Orain preokupatuta zagok; e, Patxi? Kenduko ote duten.»

      «Zera kenduko dute...» esan zuen Pikutak.

      «Permisorik ez ditek eman eta...»

      Patxik ezpainak estutu, begiak arrunt zabaldu zituen:

      «Gogor jartzen badira... Eta gero, guri emango digute kulpa.»

      «Ezetz ba, Patxi. Hori guk egin dugu, zuk ez daukazu parterik horretan.»

      «Kalean denak alde izango dira gainera,» esan zuen Pikutak.

      «Etxekoak bai behintzat, esan zuen Patxik. Mikaelak eta, firma eman zuten...»

      «Harentzat ere ondo... Ke-ba! Hor ez dira sartuko. Ez zait iruditzen, behintzat.»

      «Plazakoak bezalako bat jartzeko eskatu genian, esan zuen Gastonek; ez zegoela beste holakorik. Guk ekarriko genuela; permisoa eskatu genian... Zera! Falta zela halako papera. Eraman genian... Handik hiru hilabetera: Ezin zela, hausten zuela... konjunto arkitektonikoa, ez dakit zer esan zuten. Denon patrimonioa, holako xelebrekeriaren bat. Azkenean esan diagu: Auzokoek nahi dute, ba, egin egingo diagu, eta kito!»

      «Mikaelari komeni zaiona da, esan zuen Patxik; bera ere gaizki nola dabilen...» Hatz dardartiaz etxeko ataria erakutsiz: «Zakarrak ere kendu behar ditugu hortik.»

      «Gero kenduko ditugu, Patxi, zu lasai egon.»

      «Hor daukat karrua, esan zuen Pikutak; zer edo zer hartu behar bada.»

      «Ez. Bi zaku dira...»

      «Neronek eramango nituzke kontainerrera zakuak,» esan zuen Patxik.

      «Zuk zer eramango dituzu; basotik behera nahikoa pinu ekarrita zaude... Horiek, arratsaldean edo jende gutxiago dabilela guk kenduko ditugu. Horiek ez daude enbarazutarako hor.»

      «Mikaelaren alaba gazteak, sorgin horrek, atzo bota zituen purrusta batzuk...»

      «Ederra da hori.»

      «Eskolan egon behar zuen baina, elurraren aitzakiarekin... Eta, bestela ere, parkean egoten baita.»

      «Hori, Tantoan tipi-tapa ikusi izan dut,» esan zuen Pikutak.

      «Bai. Ez eskolaren aurretik pasatzeko, ez eskolatik ikusteko, buelta handi bat eginda etortzen da hortik.»

      Ipurua tabernatik Juana etorri zen.

      «Bukatu al duzue urarekin?»

      «Oraintxe, Juana, oraintxe eramango dizut.»

      «Ez dago presarik e... Hola, Patxi. Ondo ari al dira mutilak?»

      «Ondo ari dira, ondo.»

      Kale bazterreko lur banda pixka bat elurtuan zulo bat egiteari lotu zen Larrari begira, Juanak:

      «Hara, hara, ze polita uzten ari zareten...»

      «Hor arbola jarri behar dugu...»

      «Arbola ere jarri behar al duzue? Baina, baina... Lan handiak hartu dituzue.»

      «Beste zer eginik ez dute eta hauek,» esan zuen Pikutak.

      «Beste zer eginik ez? esan zuen Gastonek; ohean egongo nintzateke oraintxe; gutxi iruditzen al zaik?»

      «Ez zaik gaizki etorriko lan pixka bat egitea, tripa bajatzeko ere.»

      «Beldur gutxi alde horretatik; hau aseguratuta zaukaat...»

      Juana bazihoala, etxe txuritik etorki, Yago beso-hautsia haien parean gelditu zen, imintzio garratz bat eta irri gaixto batekin bankuari begira:

      «Hori al dugu? Txapuza ederra egin duzue!»

      «Heuk egitea daukak. No te jode... Hau auzo lana duk, hi. Ez gaituk profesionalak gu.»

      «Igeltsero horrek etorri behar zuen, esan zuen Patxik; nola da...?»

      «Mandi.»

      «Eta, esan zuen Yagok, mangera zertarako behar duzue?»

      «Mangera? Eman ezak buelta, erakutsiko diat nola funtzionatzen duen.»

      Patxik hartu zuen erreleboa:

      «Horma zahar hori pixka bat txukundu eta, goroldioak eta likenak pixka bat kendu eta.»

      «Horiek garbitzeko presio handiagoa beharko genuke... Bah. Orain jende asko samar dabil eta, gero segituko dugu.»

      Mangera horma aldera nolanahika bildu eta, galtzetako poltsikotik zigarro pakete murriztua atera zuen, eskaini eta gero zigarro arrunt okertua eraman zuen ahora. Pikutak, sano-sano:

      «Hori duk lasaitasuna, moteel...!»

      «Hola egingo duzue zuek... zera!» esan zuen Yagok.

      «Hi: lana, tamainan egin behar duk;» begi ñika eginez: «Gero istripuak izaten dituk eta.»

      «Lana? atzera Yagok. Batere gabe, ederki gaituk.»

      «Lana... diskurritzeko ona da,» esan zuen Patxik; besteen irribarreak sumatuz, barre irudian bera ere: «Bai: diskurritzeko...»

      «Lana, esan zuen Pikutak, pentsa ze txarra izango den, egiteagatik pagatzen dute...»

      Kale berritik errekarantza udaltzainen autoa pasatu zen altabozetik hizketan.

      «Hara, esan zuen Gastonek, etorri dira Kijote eta Santxo... Zer ari da esaten?»

      «Ura, esan zuen Pikutak, ez omen da edatekoa.»

      «Bazakiagu ez dela edatekoa... Nigatik behintzat libre dituk uretako xomorroak.»

      Autoa zubian gelditu, udaltzain bat jaitsi zen; Gastonek aurrera pauso bat eman, Larrak utzi zion ari zenari.

      «Agustin; honekin kuidado gutxi...»

      Pauso ez oso seguruaz inguratu, distantzia batera plantatu zitzaien Agustin udaltzain lodikotea. Beste udaltzaina autotik begira gelditu zitzaien.

      «Zer... ari zarete?»

      «Bai; arian ari.»

      «Zer ari zarete?»

      «E... Mejora batzuk.»

      Isilune bat; kuriosoren bat gelditu zen; udaltzainak, bankua seinalatuz:

      «Zuek egin al duzue?»

      «Guk ez. Hori beti egondu da hor.»

      «Ya... Eta hor, zer ari zarete?»

      «Arbola aldatu behar dugu hor.»

      «Arbola? Zeinek eman du baimena?»

      «Baimena? Ezer ez dagoen lekuan, arbola bat aldatzeko ere baimena behar al da?»

      «Hombre! Baimena gabe, ez dago kalean ezer egiterik.»

      «Eta, zeinek eman behar du baimena?»

      «Udaletxeak.»

      «Udaletxeak egin behar duena, baimenak eman ez, egin behar duena da, berak egitea... Klaro! Berak ez du egiten egin beharko lukeena eta, bestek egin behar.»

      Sineste urriko aurpegia jarri zuen Agustinek, musua okertu zuen; erdi buelta emanda:

      «Legea bete beharko da... Ikusiko dugu;» autoridadea bera zelako pausoaz, geldi-geldi itzuli zen autora.

      «To! Badakik hik mingaina dantzatzen,» esan zuen Pikutak.

      «Koplarekin joan duk.»

      «Mm, esan zuen Patxik; horiek berriz ere etorriko dira.»

      «Etortzea dute, Patxi; ez daukagu zer ezkutaturik.»

      Yagok, garratz, etxe txikiko hormari begira:

      «Etxe hau zeharo okertuta dago. Ez al duzu ikusten?... Hori udaletxeak egin behar duena da, etxea bota, eta zuri eta Mikaelari Rotondan etxe berri bana eman.»

      Patxik ikara antzean begiratu zion, Gastonek esan zuen:

      «Zu zer zara, injenieroa ala?»

      «Hi, hobe beharrez esaten diat e! Niri, alla-kuidaus.»

      «Hara, hemen diagu obrako burua,» esan zuen Pikutak; izan ere, udaltzainen autoa joan eta, berean etorri zen Mandi; estoldako zulo gain-gainean gelditu zen, jaitsi eta handik bere gorro beltzarekin, irribarre handi bat eta buruarekin kasu egin zien, bakatik arbola askatzeari lotu zitzaion.

      «Hau ere ez duk ez sorotik behera amilduko...» esan zuen Gastonek; denak Mandiri begira; patxada ederrean heldu zelarik hura: «Hamaikak, hi; hauek al dituk orduak?»

      «Ixilik egon hadi, esan zuen gozo-gozo Mandik, Lezoraino joan behar izan diat eta arbola honen bila;» harresiaren ondoan utzi zuen arbola.

      «Lezon edozer gauza. Zer eman diate?»

      «Astigarra.»

      «Astigarra? Pikua edo, ez al genuen esan?»

      «Bestela ere badiagu nahikoa piku hemen. Hi! Emandakoa... Esan zieat norako zen eta, honek oso ondo hartuko omen dik. Honek, lurra epeltzen hasten denean...»

      «Astigarra ona da, bai,» esan zuen Patxik.

      «Ez edozein astigar e! Japoniatik ekarri omen ditek hau... Honi gainera, udazkenean hostoak gorrasten omen zaizkiok...»

      «Neguan hostorik ez duena, esan zuen Patxik, holaxe behar du; bestela itzalak eguzkia kenduko bailiguke hor.»

      «Hori ba...» Horma aldera itzuli zen Mandi, bekainak goititu zituen. «Zer egin duzue hor?» Barreak eman, ez eman: «Hori al da bankua?»

      «Masa falta genian eta...» esan zuen Larrak.

      Mandi hurreratu zen, hanka puntarekin ukitu, zemento puxka bat askatu zen.

      «Masa? Hau porroskatu egiten duk eta.»

      «Zer uste huen ba? esan zuen burlari Pikutak; betiko egina zela, ala?»

      Mandik zemento eskukada bat hartu zuen eta:

      «Ura sobera jarri duzue hor. Jelarekin ur gutxiago behar baitu morteroak. Eta, ladrillo hauek nondik atera dituzue?»

      «Joakin ez zegoan; esan zioat zertarako ziren Etxezarretari eta, horiek eman zizkidak.»

      Mandik adreilu bi elkarren kontra igurtzi zituen.

      «Sendoak, bai, esan zuen; garestiak ere... Bai: porlanaz ere juxtu ibiliko gaituk. Kotxean zaku erdi bat bazaukaat baina... Zer egin duzue, gaizki kalkulatu ala?»

      «Galdu ere pixka bat galdu diagu eta.»

      «Horixe. Metro kuboetan neurtu behar baita, betelana egiteko.»

      «Guk metro koadroetan neurtu diagu eta,» begi ñika Gastonek.

      «Hik neurtu, zera egingo duk, esan zuen Yagok... Pixua neurtu beharko duk hik.»

      «Lehengoan neurtu nian; bai... Arrebarenera joan eta, aspaldi nire berri ez zuela eta, balantzaren gainean jarrarazi nindian. Jarri ninduan... Eman dik orratzak esferari buelta, hiru kilo markatu ditik. Hik arrazoia, esan zioat arrebari, larogeita hemeretzitik hirura jaitsi naun, hasi beharko dinat zaintzen...» Nonbaitik jo zuen mobilen batek. «Hirea izango duk hori.»

      «Ez diat uste,» Mandik; Larrarena zen. «Nik telefonoa etxean, eta deiak hartzeko bakarrik. Hilean behin deitzen zidatek, baina normalean ekibokazio bat izaten duk.» Larrak telefonoa jaso zuen eta, hari: «Zer? Ekarriko al ditugu zementoa-eta kotxetik? Batidora eta... llana ere beharko diagu, ba.»

      «Hola, hola! Fundamentoarekin...» esan zuen Pikutak, farrasta-farrasta, eskobarekin xakar pilo txikia eskorgara inguratuz.

      Larrak Gastoni eman zion aitzurra, Yagok agur esan zuen.

      Txona eta Guridi pasatu ziren, erreminta kaja eta kable-luzagarri bat eramaki. Idoia ere bai, kotxezitoarekin; Guridi hari zer edo zer esateko gelditu zen, Patxik Txonari zerbait galdetu zion.

      Kotxetik etorri eta, Larrak zemento zakua lurreratu zuelarik, etxe txikian sartzera zihoan Larraitzi kasu egin zion.

 

 

Linoleo gainean alfonbra sare bat, norvegiar kutxa bat, aulki bat arropa batzuekin, aparadorea, armairu zahar bat, kalefakzio gainean artilezko galtzerdiak, mesanotxean baso bat eta botika kajatxo batzuk; sabaian bonbilla piztuta, gelako paretetan, lore ñimiñoekiko paper lastokara gainean, dekoraziotzat zenbait plater zeramikazko: Kordoba, Granada, Napoli, Palermo...

      Mikaela ohean ezarrita zegoen: irrati txikia piztuta, bizkarpean almohada eta kojina, bufandarekin eta jertse lodi berde ilun batekin jantzita, eskuak edredoiaren azpian, hanka aldean katu beltza kiribildua, ohearen alboetan manta gorri pikardatua ageri zen. Masailak zimurtzen hasita, flekillo horia, begi urdinak geldi, goiti zetorren Larraitzen pausoak aditu zituen.

      Haiek gelditu, giltza hotsa, atearen kirrinka, zoruko karraska, Larraitz sartu zelarik eskuak edredoipetik atera eta itzali zuen irratia.

      «Hola...» saludatu zuen pasillotik Larraitzek; burua jaso gabe, hara begiratu zuen katuak. Gelara egin zuen Larraitzek: ile beltx-gorri tximatuekiko neska bixi potolantxa. «Egunon Mikaela...»

      Irribarre ahula egin zuen Mikaelak.

      «Egunon...»

      Lepoko fularra erantzi, aulkiaren bizkarrekoan utzi eta, zamarrako kremallera ireki gabe:

      «Aspaldiko; zer moduz?»

      «Hementxe... Kaleko marmar hotsarekin entretenituta.»

      Larraitz makurtu, bi musu eman zizkion:

      «Baina, sudurra hotz-hotza daukazu...»

      «Bai, neska... Berotu ezinda nago.»

      «Ya. Hotz bat egiten du... Bizkarra, zer moduz duzu?»

      «Hola-hola. Lehenago jaiki naiz komunera joateko eta, min handiarekin... Orain hobetoxeago nago. Botika hartzeko ordua ere badaukat eta...» Mesanotxera, imintzioa egin zuen.

      «Zein duzu... Hau?»

      «Bai: gorria; utzi; orain hartuko dut...»

      «Itxoin. Ura ekarriko dizut.»

      «Ura, ez dakit... Munipak pasatu dira oraintxe, zikina behar du.»

      «Bai aditu ditut; irakiten jarriko dizut.»

      «Zaude;» esku meharrez ohegainak pixka bat atondu zituen; «eseri zaitez pixka batean...» Larraitz jarri zelarik katua altxa, ohe gainean itzulitxo bat egin, lehengo toki bertsuan, pixka bat haraxeago jarri zen; lurrun zurixka atera zuen Larraitzek ahotik. «Egun hotzak, e?»

      «Gaur hotzena hala ere.»

      «Elurra, eta... Herrian egongo zinen.»

      «E? A, oporretan bai; ja ahaztuta nago... Badakizu: egun horietan, jan eta edan, ez da beste konturik izaten. Zuek ere egingo zenuten festa pixka bat?»

      «Guk? Zer egingo genuen guk? Polboroi batzuk ekarri zituen Jonek...»

      «Ahizparen etxera ez al zineten joan behar?»

      «Baai. Urtezaharrarekin ez, errege egunean joan ginen azkenean. Arkumea eta, roskona eta, turroi pixka bat ere probatu genuen eta... Kanpoan izan baitziren ahizpa eta bere gizona; Portugalen... Ikusi, plater hori ekarri zidaten.»

      Oheaz bestaldean, lurrean zegoen platera ikusteko altxa-okertu zen Larraitz.

      «Re-don-do, irakurri zuen. Oso polita da.»

      «Hango eszena tipiko bat omen da.»

      «Hala izango da... Zuhaitz bat, bi emakume igitaiaz garia ebakitzen ari... Bi kardo handi ere badira edo, ez dakit zer diren horiek...»

      «Bai; kardoak omen dira.»

      «Eta hor, gizon bat ere, zahatotik edaten...»

      «Ez; botijotik edaten ari da, esan zuen Mikaelak... Gero jarriko didazu paretan; kajoian badago iltze-kako bat. Zer iruditzen zaizu? hor edo... Han ere badago tartea...»

      «Hor pare-parean ondo geldituko da.»

      Mikaelak hasperen egin eta, isilune baten ondotik:

      «Bazkalondoan, esan zuen, Uxuek kantatu zuen... Oso ondo kantatu zuen. Denak berari begira zeuden eta, bukatu zuenean, txalo ederrak egin genituen... Sumatu nuen, irribarrez ari zela. Gero, nire ondoan izeba Maria zegoen, Urnietakoa eta, hark esan zidan: 'Ikusi behar zenuen Uxueren irribarrea'... Eman zidan pena bat... Negar egin nuen...»

      Eskua hartu zion Larraitzek.

      «Klaro; zuk ere ikusi nahi...»

      «Ikusi nahi nuen irribarre hori... Istant batez ikusi, foto bat egiteko denbora...»

      Larraitzek eskua ferekatu zion.

      «Pozik egongo zen Uxue...»

      Zapitxoarekin malko bat xukatu zuen Mikaelak.

      «Denbora asko zen, ez zuela kantatzen. Eta balio du. Balio du baina, ez du kasu egiten...»

      «Jone ere han egongo zen. Ja bost hilabete izango ditu...»

      «Ja sei hilabete... Orain lanik gabe gelditu da.»

      «Bai? Ez esan...»

      «Jaiak pasata eman zieten abisu: Hilaren hamabostean, zu eta zu, kanpora. Bost lagun joan dira kalera. Eguberriak ez puskatzeko ez omen zieten abenduan esan. Protesta egin dute... Alferrik. Noski kanpoan erosi behar omen dute papera... Hori esaten du nagusiak. Azken hitza berak nola baitaukan.»

      «Eta, zer egin behar du orain?»

      «Aste honetan hor ibili da, batera, bestera... Asteartean, neska bat behar zutela eta, denda batean izan zen. Nagusia hasi zitzaion galdera arraroak egiten, aber bakarrik bizi zen, aber deportea egiten zuen, aber umeak izateko pentsamenturik al zuen... Noski esan zion, haurdun zegoela eta... Badakizu.»

      «Bai; orain ez dauka oso ondo.»

      «Atzo joan behar zuen Billabonako enpresa batera, komertziala behar zutela anuntzio bat ikusi zuela eta... Ez dakit; horretarako kotxea beharko da noski.»

      «Bera ez da etxean izango...»

      «Ez; hura ja... Gero etorriko da igual. Uxue dago hor, lagun batekin; lehenago telebista piztuta izan dute eta... Orain isildu dira; ez dakit zer ari diren. Desbarajuste bat ibiltzen du... Esan diot, labadora jartzeko baina, zera.»

      «Labadora nik jarriko dut.»

      «Eez... Berak jartzea du. Lehenago sukaldean ibili da. Isilik zegoen eta, katua ez zen hemen eta: 'Zer ari zara, Uxue?' 'Zer, ba?' 'Badakizu ez zaiola galletarik eman behar Mixiri.' 'Bai badakit'... Eman egin dio, horixe.»

      Larraitz jaiki zen; protesta imintzio bat egin zuen Mikaelak.

      «Momentu batean, esan zuen Larraitzek... Ez da ezer kostatzen.»

      «Zaude;» jaikitzekoa egin zuen Mikaelak; «emaizkidazu galtzerdi horiek; hankak ez zaizkit berotzen...» Tapakiak kendu eta, Larraitzek erantzi egin zizkion jantzita zeuzkanak. «Atzo, hankak labean sartuta egon nintzen eta, goiko suarekin galtzerdien puntak erre egin zitzaizkidan.»

      «Amaa. Zuk ere...» Erantzitakoak estufa gainean jarri eta, galtzerdi beroak janzten ari zitzaiola: «Nire amonak esaten du, hankak berotzeko galtzerdi barrenean mostazaren irina paratu behar dela. Hala esaten du: joaten omen da harekin oinetara odola...»

      «Oinetara niri... nondik joango zait odola, maitea? Inon ez daukat berorik eta.»

      Basoa hartuta, Larraitz sukaldera joan zen; kazo hotsa entzun zuen Mikaelak, metxeroa piztu hotsa...

      Larraitz etorri zen eta:

      «Zer pasatu da sukaldean? esan zuen; ze zulo da hori?»

      «Bai, ez dizut esan... Lehengoan, zer zen?, asteazkenean noski, arratsaldean etxean bakarrik nengoen eta, soinu handi bat aditu dut sukaldean; joan naiz... Zoruan harri xehe batzuk, harraskan eta kubiertoen gainean hauts lodi bat eta eskaiola zatiak, dena kakaztuta zegoen... Deitu nion Patxiri... Berak ez zuen ezer sumatu; berean ezer ez, haren sukaldean ez da ezer ikusten; justo haren suaren azpian izan da... Uxue auskalo non ibiliko zen eta, eskerrak Jone etorri zen iluntzean... Orain, berriz, ez dakit zer pasatu den, dutxan ez daukagu urik... Halako batean, etxea dena behera etorriko zaigu... Ostegunean pasa zion Patxik abisu linterneroari; gaur esan omen zion etorriko zela; ez dakit...»

      «Nagusiari ez al diozue esan...?»

      «Hari ez esatea hobe.»

      «Baina, hori berak egin beharko luke.»

      «Kasua egingo du ba horrek. Ezagutzen dugu.»

      Larraitzek, aulkiaren gaineko arropengatik:

      «Hauek zer dituzu, garbitzeko?»

      «Ez, horiek ez; kolorezkoak lehengoan egin genituen... Saskian dituzu denak.» Larraitz pasillorantza zihoala: «Itzali kalefakzioa; automatikoak salto egingo du bestela...»

      «Argia ere itzaliko dizut...»

      «Bai, itzali; gauez piztuta utzi dut... Gauez dena itzalita, buruko mina ematen dit eta.»

      Larraitz sukaldera joan zen. Arropa eta jaboia labadoran sartzen ari zela hotsak... Ontziak garbitzen hasi zelakoak ere etorri ziren.

      «Utzi horiek! esan zuen Mikaelak; gero egingo ditut nik!»

      «Ba!...» Geroxeago: «Kamamila jarriko dizut.»

      «Bai!...»

      Handik pixka batera etorri zen Larraitz.

      «Kontuz, erre egiten du.» Basoa mesanotxean laga, zamarra erantzi eta: «Liburu bat ekarri dizut.»

      «Ui! Ze liburu?»

      «'Cartas de Italia.' Biajetakoa omen da; esan dit liburutegiko emakumeak, oso ondo dagoela...»

      «Italia... Nire ilusioa izandu da beti...»

      «Esan zenidan; horregatik gogoratu naiz.»

      «Ahizparekin joatekoak ginen. Gero pasatu zena pasatu zen...»

      «Gero irakurriko dizut;» liburua aulki gainean utzi, eta: «Ikusi dut badituzula porru batzuk hor... Porrusalda egingo dizut, bale?»

      «Bai, neska; konformatuko gara. Tomate koxkor bat ere badago...»

      «Ikusi dut, bai. Patatarik ez al dago?»

      «Atzo afaltzeko jan genuen patata.»

      «Ba; porruarekin ondo etortzen da beti ere patata...»

      «Ez... Atzo afaltzeko patata... zegoen azkeneko patata jan genuen.»

      Errieta doinuarekin, Larraitzek:

      «Mikaela; jakin izatera zerbait erosiko nuen... Ogia ere gogor-gogorra dago eta; momentu batean jaitsiko naiz...»

      «Ez jaitsi; frigorifikoan badago ogi puxka bat.»

      «Frigorifikoan?»

      «Bai; kanpoan jelatu egiten da eta. Atzo yogur bat kanpoan utzi nuen eta, gaur goizean izoztuta zegoen.»

      «Zer esaten duzu?» sinesgaitz, irri doinuz, Larraitzek; «orain hemen baino epelago dago ba sukaldean...»

      «Seguro baietz; Patxik ekonomika piztu baitu goizean; orain zulotik sartzen da beroa...» Larraitz berriz ere harantza: «Eduki bost minutu sutan eta gero ekarri kutxara; gasa gutxi dago eta.»

      Larraitz joan eta, Mikaelak pastilla gorria ahoan hartu eta tragu larri batez irentsi zuen. Kalean ahots sendo eta zalaparta batzuk aditu ziren, palaren soinu zakarra lurrean, baten bat kristoka, mutilen barreak. Etorri zen Larraitz.

      «Hor, zer obra edo zer ari dira hor?» galdetu zuen.

      «Hormaren kontra, bankua ari dira jartzen, esan zuen Mikaelak; esan zidan Patxik gaur jarri behar zutela; jartzeko ziren... aspaldi... Aizu; barre egingo duzu baina, lehenago kalean txerri bat kurrinka aditzea iruditu zait...»

      «Txerri bat kurrinka?...»

      Larraitzen irribarrea sumatuz, egin zuen irribarre Mikaelak ere:

      «Ez dakit, ba; nire irudipena izango zen...»

      «Igual bai, e, esan zuen Larraitzek... Herri honetan ja ez nintzateke ezerekin harrituko...» Hanka punten gainean, kaleari begira. «Bankua ez da hemendik ikusten...»

      «Hor al dago Patxi?»

      «Bai; hor zen lehenago behintzat... Orain ez dut ikusten...»

      «Linterneroari kasu egiteko... Zein beste dago?»

      «Hor da barrendero txiki hori eta, berarekin mutil handi bat, nola da hori? Kixmiren anaia, Joxemari uste dut... Arbola txiki bat ere ekarri dute. Badirudi hor aldatu behar dutela.»

      «Aditu dut bai lehenago zer edo zer ari zirela arbola batetaz. Ez didate ba ezer esan... Non aldatu behar dute?»

      «Kaleaz bestaldean dagoen lur zati horretan egin dute zuloa.»

      «Parean al da?... Ernioren bista, ez al digute kenduko.»

      «Bai... Zuloa nahikoa parean dago baina, txiki-txikia da arbola.»

      «Gero handia egingo da.»

      «Ez dakit zein arbola den... Galdetu egingo diet.» Leihoa ireki zuen; horma zabala zen eta, leiho barrenean gorputza luzatuz, orain bere bistapean ageri zen, ezpainetan zigarro okertua zerabilen Gastoni: «Aizu! Ze arbola da hori?»

      «Hori? Astigarra.»

      «Hori zer egingo da, oso handi?»

      «Hori? Zer egingo da?...» Mandiri begira; honek, esku lepoarekin muki ttantta bat xukatuz:

      «Zortzi-hamar bat metro edo. Gehiago ere bai igual, hemendik berrogeita hamar urtera. Zer, ba?»

      «Ez; Ernioren bista kenduko ote duen...»

      «Ernio?» Batera bestera begiratuz kalkulu batzuk egin eta: «Ez dakit ba. Pixka bat kendu egingo du horko bista igual.»

      «Ezin al duzue harantzaxeago aldatu?»

      «Harantzaxeago? Be... bai; ez da lan handia.»

      «Bi-hiru metro harantzago edo...»

      «Bai... badago tartea.»

      «Ikusiko duzue, esan zuen Gastonek, honek udan ze freskura ederra...»

      Kalean zeri-miran lagun batzuk gelditu ziren, eta:

      «Hori egiten baduzue...» Atzera egin eta, agur gisa eskua jasota: «Eskerrik asko.» Leihoa itxi zuen.

      «Ondo esan diezu, Larraitz. Argia ere, ez dugu eta sobera etxean.»

      «Nahi al duzu hemen eseri, Mikaela? Izkina honetan eguzki pixka bat baduzu oraintxe.»

      «Eez. Ez dut mugitu nahi oraintxe. Leihoaren zirrikitutik gainera, sartzen da haize bat... Hemendik nabaritzen dut. Zinta jarri behar genuela baina... Zein zen, Patxiren iloba?»

      «Igeltseroa?»

      «Ez; bestea.»

      «Ez dakit; biboteko bat...»

      «Bera izango da, bai: Gaston; mutil zabarragorik... Lehenago beste mutil batekin ari zen...»

      «Larra?»

      «Gazte bat... Mutil isila da hori. Eta, goapoa izan behar du...»

      «Bai, hala da; zuk nola dakizu...?» Irribarre egin zuten biek. «Oso majoa da baina, ez da nire tipoa.» Musua zimurtu zuen. «Gainera, neska batekin dabil...»

      Pausa baten ondotik, hasperen handi bat egin zuen Mikaelak.

      «Ai!... Nahiago nuke gure Uxuek ere nobioa baleuka...»

      «Zer esaten duzu...? Oso gaztea da nobioa izateko, Mikaela.»

      «Bai, baina... Kezkatu egiten nau. Lagun horiek baditu baina, barru-barruan ikusten dut... oso bakarrik. Lehengo egunean bere gelan aditu nuen... Hasieran pentsatu nuen mobiletik ari zela. Baina zen soinu urratu bat... Joan nintzen isil-isilik bere gelarantza... Negarrez ari zen.»

      «Normala da;» aulkian eseri zen Larraitz; «bere edadean edozein gauzarekin...»

      «Bai; eta ez bere edadean bakarrik. Kezkatzen nauena da, ezer ez esatea. Ez baitit kontatu nahi ezer... Zer esango diot? Sentitzen dut urruti balego bezala, baina... hementxe dago.»

      «Bah; orain nobioa esaten duzu baina, ikusiko duzu ze pena gero, joaten denean...»

      «Hori bai. Jone joan eta gero, hura etxean asko egoten zen eta, orain Uxue gabe izango nintzateke... transparentea... Lehengoan diskusioa izan zuen ahizparekin. Jonek galleta horiek ekarri zizkidan eta, Uxuek: 'Nola okurritzen zaizu galleta horiek ekartzea?' Badaki ez zaizkidala komeni... Gauza horiekin oso sentitua da. Nik esaten diot: 'Nik badakit...' Ez dut nahi, nigatik preokupatu dadin. Eta, aldi berean, eskertzen diot...»

      «Gelan norekin dago?»

      «Neska horrekin... Nadia. Orain dela gutxi egin dira lagunak. Horrek ere, ez du asko hitz egiten baina, behinik behin, kasu egiten dit; ez beste batzuk bezala... Bere etxean paliza ederrak hartua izan behar du. Horregatik etortzen da gurera. Neska leiala ematen du. Gustatzen zait Uxuek holako lagunak izatea... Orain biak egongo dira lo. Egon naiz lehenago sartu, ez sartu; telebista ikusi nahi nuen. Atzo hartu zidaten, hor gelditu da. Uxuek esaten dit: 'Ama, zuk badaukazu irratia.' Bai; badut irratia baina, ez da gauza bera. Programa hori, atzo gustora ikusiko nuen, nola da? emakume rubia horrena... Orain ez zait izena gogoratzen...»

      Eskaileran gora pauso hotsak entzun zituzten.

      «Hara. Hemen dugu Patxi.»

      «Ez. Linterneroa izango da hori... Portala irekita utzi al duzu ba?»

      «Hala zegoen eta...» Txirrina jo eta, Larraitz jaiki zen, ireki zuen atea.

      «Egunon!» saludatu zuen Taxik.

      «Berdin... Sartu, sartu; hor dago Mikaela.»

      «Larraitz! hots egin zuen Mikaelak. Ekatzazu eltzea!»

      Larraitz sukaldera joaki, katuak ohetik salto egin, Taxik pasilloan kaja lagata egin zuen Mikaelaren gelara: begi txikiak, ile urria, ahoan espresio burlati samarra.

      «Egunon Mikaela. Hots!...» Katua hanka artean sartu zitzaion. «Garaiz al nator?»

      «Bai; uste nian ja ez hintzela etorriko.»

      «Lehenago etorri nahi nuen baina... Enpresatik hona etortzeko, autobian sartzera joan naiz eta, horko kruzean dago krixto bat... Kamioi bat irauli edo ez dakit zer pasatu den, ordu erdia eman dut gutxienez hor geldi-geldirik... Eta, zer sorpresa dugu gaur?» Eltzea zekarrela etorri zen Larraitz; hura norvegiar kutxan sartu eta almohadilla eta taparekin ongi itxi zuen. «Etxe honetan, beti izaten da sorpresaren bat eta.»

      «Zera, esan zuen Mikaelak, sabaia erori duk sukaldean.»

      «Sabaia? Nola ba?»

      «Sabaia erori eta... hor tuberiaren bat izango duk noski, orain dutxara ez baita ura etortzen.»

      «Ura dutxara? Zer esaten ari zara?... Aber...» Larraitz aurrean zuela, sukaldera egin zuen; handik haren hotsak: «La ostia. Hori da aberia... Bai. Mantxa atera da hor... Hor badago ihesen bat, bai. Ez da ba normala. Hori konpontzeko... fu!»

      «Hi! hots egin zuen Mikaelak... Aizak!» Mutila etorri zen eta: «Motel, nola haiz? Beti ahaztu egiten zaidak hire izena.»

      «Ramon. Lagunentzako Taxi.»

      «Taxi, hori duk. Ez zakiat horrekin zer ikusia izango duen baina, orain komuneko bonbak ere hamar minututik gora behar dik betetzeko...»

      «Bonba?»

      «Bai eta, oso goian zagok eta, aulki batean igota belarria jarri behar diagu, zergatik urez betetzeko bonba, lababoko grifoa ireki behar diagu eta, errekaren hotsarekin ez duk aditzen bestela...»

      «Jesus, zer da hau? Intxixuak sartu ote dira etxean?»

      «Ez zakiat zein izango den sartua... Aber hik bilatzen duan.»

      «Oraintxe ikusiko dut... Hor dena sukaldekoa ez da izango e? Esaten duzunagatik, hor matxura bat baino gehiago dago.»

      «Dutxa behintzat...»

      «Bai; ikusiko dut ba, zer egitea dagoen;» kaja hartu eta komunera egin zuen. Larraitz eseri zen ohean.

      «Bost egun dutxatu gabe,» esan zuen Mikaelak.

      «Ya. Neguan ez da hainbeste behar, baina...»

      «Ez baina, ilea daukat...»

      Hatz-buruekin Mikaelari ilea apur bat harrotu zion Larraitzek.

      «Ondo daukazu.»

      «Mm... Zikina daukat.»

      Komunean, lababoko grifoa ireki eta, hango ispiluak dar-dar pixka bat egin zuen; Taxiren ahotsak:

      «Baduzue balde bat?» Larraitzek jaikitzekoa egin zuen, baina: «A, hemen dago bat; bale, bale...»

      Isilaldi baten ondotik, apalsko:

      «Honekin ibiltzen omen da Migel,» esan zuen Mikaelak.

      «Bai; ikusi izan ditut elkarrekin kuadrillan.»

      «Horrek ere...» musua okertu eta, klink egiteko sinua egin zuen Mikaelak.

      «Zein, Migel?»

      «Bai; lanetik tabernara bidea badaki baina... Lehengoan, Jone sukaldea garbitzen aritu zenean, bera kalean egon zen... Hor egon zen zain: aditu nion, zintz egiten zuela... Esan nion Joneri: 'Uste dut zure nobioa katarroarekin dagoela...' Ez dakit, ba. Ezkondu egin behar dute eta, ni ikustera lau edo bost aldiz etorri bada... Esan didate zatarra dela, baina...»

      «Zatarra? Bai zera. Normala da. Gainera, hori...»

      «Bai, badakit gutxienekoa dela; gainera, Jonek hura nahi badu...» Bonbaren soinua etorri zen komunetik. «Ez du poz handirik izan gure alaba horrek; izan dezala hori behinik behin: ezkondu dadila, eta gero...»

      «Gero gerokoak.»

      «Gero... gizonak errespetatu dezala; ez dut besterik eskatzen.»

      «Orain, lana bilatzen badu... Asko izango da hori.»

      «Hori bai... Ai... Errezatzen ez dakidalako, bestela... Lehengoan telebistan, atera zen rubia hori, Elena Barco!, hori, esaten zuen: 'Hemen gauzak hola izaten dira: emakumeek itxoin egiten dute, eta zaharretan onak izaten dira; gizonek edan egiten dute, eta zaharretan erotu egiten dira.' Ze gauza, e!»

      Katuak aharrausi egin zuen. Etorri zen komunetik Taxi.

      «Bueno. Bonba ondo jarri dizut. Bestea... Tuberia zati bat aldatu behar dut; Fonsatik ekarriko dut. Arratsaldean etortzen banaiz...»

      «Hemen egongo gaituk.»

      «Hor zulo barrenean ikusten da egurra... Pf! Oso hondatuta dago.»

      «Ya; pipiak janda egongo duk hori...»

      «Pipia edo... Zulo handi samarrak dira, igual beste eskarabajoren bat ari da kirri-karra hor. Hori dena, ondo utziz geroz, fumigatu egin beharko litzateke.»

      «Labezomorroak ez dira ba izango? Orain Patxiren labetik...»

      «Ke-ba. Etxea dena dago...» Lurrean zanpa egin, karraskotsa atera zen.

      «Ez fuerteegi zapaldu, esan zuen Mikaelak, igual behera joango haiz eta. Eta zuloa tapatzeko, hi...?»

      «Hori nik ez... Igeltseroak egin beharko dizu hori.»

      «Mandi dago behean,» esan zuen Larraitzek.

      «Horrek ez du igual holakorik egingo,» galde egin zuen Mikaelak.

      «Hori edozeinek, esan zuen Taxik. Orain denek denetik egiten dute; ez da lehenago bezala.»

      «Igual horri esatea...»

      «Neuk esango diot, nahi baduzu.»

      «Esaiok bai, faborez...»

      «Nik gaur tuberia jartzen badizut... Astelehenean etortzeko esango al diot?»

      «Astelehenean, ondo.»

      «Bueno... Laurak-bostak aldean etorriko naiz. Kaja hor uzten dizut.»

      Agur esan eta, Larraitzek atea itxitakoan, leihora egin zuen.

      «Mm, esan zuen; eguzkia ezkutatu da...»

 

 

Goiak estaltzen ari, kalean gora eta behera jendea, Larra paleta zabalarekin masari eraginez eta Mandi llanarekin bankua nahikoa moldatuta artean, Gaston berriz, kaleaz bestaldean esku biez pikoaren kirtenari eutsita, berari eta Joxemari handiari Pello bizarbeltza keinu eta espantuka ari zitzaien.

      «...Eta, ja Etxabera ailegatzen ari ninduan eta, halako batean, hango ukuilutik bezala ahots handi batzuk aditu nitian, gelditu ninduan eta, abisatu gabe hi, tiroa tiratu zidatean! Salto egin nian eta... eskerrak horri, bestela bala hori niretzako zuan! Astoa noski askatu egin zuan eta sustoarekin maldan behera joan zuan arrapaladan...»

      Hartan Taxi, kalera irten eta, haiengana joanda, Joxemariri saihetsez:

      «Ze: lanik eza dagoela...»

      Joxemarik, serio antza, arrunt itzuli gabe:

      «Ixo... Oraintxe libre utzi ditek.»

      «Zein?» Pellori: «Hi? Non izan haiz ba?»

      «Kuartelean.»

      «Eta hori?»

      Pellok ezaxola plantan, harrotasun puska batekin sorbaldak kixkurtu zituen.

      «Eta? esan zuen Gastonek; segi ezak: tiroa tiratu ziaten eta...»

      «Bai, tiroa... Eta, nik salto egin nian eta, astoa bazihoala ni ere saiatu ninduan handik barrena ospa egiten baina, zutik jartzearekin gainean bi guardia nitian... Buruan kolpea jo eta besoan giltz txar bat eginda eraman ninditean Etxabeko ezkaratzera eta, han hiru edo lau lanrober edo patrol horietakoak zeudean eta, izkina denetan eta sasiartean ere zibila mordoa, denak txanoa jarrita, haietako patrol batean sarrarazi ninditean eta, sartzearekin eta batere galdetu gabe di-da, di-da, goian eta behean zartako ederrak eman zizkidatek eta, gero: 'Tú quién hostias eres?' galdetu zidatek, eta nik: 'Pello...' Danba! Me caguen dios... 'Pedro... Pedro Otxondo!' Danba!... Joder, ez al naiz ba Pedro Otxondo?... 'Dónde están los otros?' 'Los otros? No... yo estoy solo,' esan zieat eta, kaputxa jarri zidatek eta, abiatu gaituk...»

      Mandik masa aldia bukatuxe eta, Larra banku aldean paleta jardunean lagata inguratu zen.

      «Bidean ni zeharo makaldu eta goitika egin diat; ezer garbitu eta ezer gabe behintzat, presa batean kuartelera iritsi eta sartu naitek gela txiki batean eta, han hasi zaizkidak Artola delako batetaz galdezka: non zen Artola eta, non gorde genuen eta... Orma gazteaz ere galdetu zidatek: Tapaxez; non zen eta... Esateko dena... Nonbait haren bila zebiltzaan, nonbait haren zain zeudean Etxaben... Eta nik, Artola hori ez nekiela nor zen eta Tapaxen berri ere ez nekiela aspaldi, egunak neramazkiela ikusi gabe. Eta: non bizi nintzen ni; zergatik, karnetean Idiazabalgo helbidea baitago jarrita. Eta, nik hori ez niean esan nahi, zergatik esanez gero igual joan egingo zituan etxera eta, arrebak gero krixtonak esango zizkidaan; baina, insistitu egin ditek eta, azkenean esan egin zieat eta, hala ere, orain koinatuarekin hitz egin diat eta, ez omen dituk guretik azaldu... Gero hasi zitzaizkidaan zapatillarekin kaskatekoak ematen, eta: Aber zer egiten nuen astoarekin Etxaben. Esan zieat astoa hangoa zela, Olakuan lagunekin egon eta astoa azaldu zela hara eta hura laguntzen joan nintzela Etxabera baina, haiek ez zitean hori aditu nahi eta, kiski eta kaska, haiek berenarekin: nonbait zerbait egina izateko susmagarria ninduan eta, uste zitean baten bat nintzela: Artola hori norabait eramatekoa nintzen eta nora eraman behar nuen eta, noski nik banekien non gordetzen zen eta: 'Dónde lo tenéis?' Nik azkeneko: 'Joder, en un zulo estará!' Eta: 'Dónde está el zulo?' Eta nik: 'El zulo?... En el monte estará!' Sartu zidatek ahoan zapatilla, gero esan zieat: 'Qué te voy a decir? Yo no sé de qué zulo me hablas...' Eta: hitz egiteko 'de usted'. 'De usted? No sé yo de usted...' Kaska, kaska!... Gero inutiltzat utzi naitek, orduko beste bat ekarri zitean: Erdoizta, hura ere gauean Olakuan gurekin zegoan eta, hari, ondoko gelan krixto bat eginda zegoan eta, bera ere astoarekin edo ez zakiat nola harrapatu duten, esaten baitzioten: 'Rebuzna!' Eta Erdoiztak, hasieran ez nahi eta, gero berriz, joder rebuznar, gozo-gozo egin dik arrantzan... Ni han bakarrik egon nauk... hiru bat orduz igual, aldian-aldian bat pasatzen zuan eta hitz politen bat esaten zidaan, gero besteak ekarri ditiztek: Kakoren ahotsa aditu diat behintzat...»

      «Kako han al dago ba? galdetu zuen Mandik; me caguen dios, Tximitxan bazkaria genian...»

      «Kakorena eta, Tolorena ere bai, ai-ai-ai eginez; Txemiñe ere bai... Horiek denak bart gauean Olakuan zeudean, han atxilotuko zitiztean edo... Nirekin berriz, paperak eta denak ondo nitian eta, azkenean konturatu dituk ez nintzela ezertako mobida horretan, buru egiten zuenak esan dik: 'Ese a la puta calle que es un gilipollas.' Eta, nirekin zen gazte batek esan zidak: 'Pues, para qué andabas escapando?' Eta, nik esan zioat: 'Joe, me tirasteis un tiro! Queríais hablar conmigo? Para qué me tirasteis un tiro?'... Eta, hola atera nauk...»

      «Besteak han gelditu al dira?»

      «Geroztik ez badira atera... Nik taxia hartu eta bakarrik etorri nauk behintzat.»

      «Ander ez zen ba tartean izango, esan zuen Gastonek; ongarri puxka bat berak ekarriko zuela esan ziguan eta...»

      «Ba, seguru asko bai e! Ze, hura ere Olakuan gurekin zegoan...»

      «Familiek ba al dakite?»

      «Batzuek bai behintzat. Lehenago Txemiñeren aitarekin egon nauk eta, Edurnerekin hara zihoaan oraintxe;» erlojuari begiratu zion; «ostia, ordu bata pasea... Bakailaoa erosi behar diat.»

      «Azokara al hoa? esan zion Taxik; hirekin noak. Hago...» Mandi aparte hartuta, hari hitzerdi bat esan, eta: «Goazen!»

      Abiatu ziren Pello eta biak, haraxeago Xeberi zaharrarekin topo egin eta harekin berriketan gelditu ziren. Jende gehiago zebilen orain: erosketak egiten ari zirenez gain, poteoko kuadrilla batek edo bestek ere kalera egin zuen. Gastonek zigarroak atera zituen; Mandik esan zuen:

      «Artola horren bila ibiliko dituk... erotuta.»

      «Zein da hori, esan zuen Joxemarik, kartzelatik martxa egin duena, ala?»

      «Bai: Jose Ignacio Artola; ez ditek esan nolaz egin duen baina... Ederra sakatu ziek.»

      «Kontrolak eta, horregatik izango dituk...»

      «Noski horregatik... Orain, Tapaxen bila...» Ez sinestez, karantza luzatu zuen Mandik.

      «Hori ekibokazioren bat izango duk, esan zuen Gastonek; atzo arratsaldean txatarrerian izan ninduan... Han hartu nian burdina hori; eta, han zegoan bera... normal.»

      «Hark zer izango du ba? esan zuen Joxemarik; hark ere, horrek bezalaxe eta nik eta hik bezalaxe: zotza!»

      «Horiek amorrua zigutek...» esan zuen Mandik.

      «Ke-ba! esan zuen Joxemarik sendo. Hori industria bat duk... Hik badakik zenbat jende bizi den hortik: zenbat juez eta zenbat polizia eta zenbat paper-zorri? Horiek kriminalak, ez diren tokitik atera behar ditiztek. Bestela, nondik biziko dira? Ez bailitzateke horientzako lanik, horregatik geroz eta gauza gehiago delitu dituk.»

      «Goizean goiz, esan zuen Mandik, horren fotoa erakusten ibili dituk ertzainak azokan. Gure lehengusinari erakutsi omen ziotek eta: 'Niri zer erakusten didazue? esan dik Maxunek, fotoa egindakoan zergatik ez duzue harrapatu? Orduan bazenuten aukera'...»

      «Begira, esan zuen Gastonek, han zoak haren semea furgonetarekin.»

      «Bai. Horrek ere injuriengatik epaiketa zaukak.»

      «Nonahi ere delituak, esan zuen Joxemarik, nik esaten dudana...»

      «Bueno mutilak, esan zuen Mandik, hori bukatu behar diagu... ja! Aber ordu bietarako...»

      «Ea ba,» esku ahurretan listu egin zuen Joxemarik; «zer egin behar da?»

      Mandik harrituta begiratu zion.

      «Zer? Ez al huen atzo monoa errekara bota?»

      «Lanik gabe hogeita lau ordu, esan zuen Gastonek, gehitxo Joxemarirentzat.»

      «Hori duk. Ezin etsi!»

      «Hartzak ba pala, esan zuen Gastonek, eta berdindu ezak horko zulo hori...» Piku lanari ekin zion berak; pikukada bi, eskuekin harri kosko batzuk bota zituen errekara. Joxemarik, berriz, horma ondotik pala hartutakoan, Larrari begira gelditu zen: kapazoan orain, masa arina ari zen adorez iraultzen.

      «Hori duk sasoia hori...» Gero, espatulaz llanaren ertzak garbitzen ari zen Mandiri: «Hori masadora batean...»

      Mandik, lasai ederrean:

      «Masa izerdiarekin egin behar duk. Ez al dakik hori?»

      «Ez duk ba samurra izango gaur izerdiarekin egitea.»

      «Ez,» tentetu zen Larra, irribarre eginez; Mandiri lekua utziz, zerura begira: «Berriz ere elur giroa jartzen ari da.»

      Mandik masa palekada batez hornitu zuen llana, bankuaren gainaldea raseatu zuen.

      «Hola, hola, esan zuen Joxemarik, ertzak ondo leunduta; bestela umeren batek mina hartuko dik hor.»

      «Horixe; zer uste duk ba? Dena kalkulatuta zagok.»

      Pixka batean begira egon, eta:

      «Naturan ez zagok angulorik,» esan zuen, burua gora, Joxemarik; eta Larrari: «Hi beti mendian ibiltzen haiz eta, konturatuko hintzen: harriak eta fruituak eta, denak izaten dituk formaz biribilxeak.»

      «Bai, ezta? Hezurrak ere...»

      «E? Hezurrak ere?... Seguru asko bai. Denak.»

      Plater batean txistorra pintxoak zekartzala etorri zen Juana; haren atzetik Iñaki, kamareroa ere, ardo botila bat eta baso batzuekin; haiek lurrean utzi eta, Mandik Juanari:

      «Zer dugu hau?»

      «Patxiren partez...»

      «Baina, baina... Viña San Pedro eta...»

      «Ari zaretela, eta...»

      Gaston, arbolaxka artaziekin apur bat kimatzen ari zen eta, hura bertan behera lagata, gozo-gozo etorriz:

      «Ordu onean,» begia kiñatu zuen; «tripako zorria oihuka hasi zitzaidan oraintxe.»

      Larra basoerdiak zerbitzatzen ari eta, Joxemarik Juanari, espantu puxka bat eginez:

      «Niretzat ere ba al dago? Nik ere pala badaukat.»

      «Hartu, hartu...»

      «Usaina adituko huen hik, pala hartzerako...»

      Ardo beltza eta txistorrarekin argitu ziren lagunen aurpegiak. Mandik, masa bukatu behar eta, pixka batean segitu zion. Juanak, eskuan platera zuela, miretsita haren obrajeari begira:

      «Mm... Ederra gelditzen ari da.»

      «Oraintxe liso-liso utzi eta, bihar arte... Aber inor ez den esertzen.»

      «Bai... Hor igual eseri egingo da ez dakienen bat.»

      «Plazan badira balla batzuk eta, haietako bi edo hiru ekarrita...»

      «Bestela, almazenean baditut burdin batzuk udan toldoak jartzeko horietakoak, horiek aterako ditut eta zinta batekin...»

      «Ez da txarra, hori;» Mandi zutundu eta, pintxo bat hartuta: «Eskerrik asko.»

      «Besteak ere hartu...»

      «Nik bai,» esan zuen Gastonek, eta Larrari: «Hik hartu bestea, honek bi hartzea gehitxo izango duk eta.»

      «On egin dizuela;» Juana, zihoan hartan, itzuli egin zen eta: «Alde hori garbitzen hasiko naiz igual...»

      «Utzi Juana, esan zuen Gastonek, hori guk bukatzen dugunean eskobarekin egingo dugu eta momentu batean.»

      Juana tabernara sartu eta, lagunak puxka batean hitzik trukatu gabe, jan-jan eta zurrut gelditu ziren.

      «Mm, esan zuen gero Joxemarik, gaur espero diat bart gauekoa bezalako amets txarrik ez dudala egingo...»

      «Zer amets egin duk ba?»

      «Pentsa, tornuan ari ninduan eta pixt! begian txiribiri bat sartu zaidak.»

      «Bai, esan zuen Mandik, komeni duk antiojoak jarrita lo egitea.»

      Barre egin eta, bere basoa apuratuta, Larrak:

      «Bueno... Nik joan egin behar dut.»

      «Itxoin ezak motel, esan zion Gastonek, oraintxe bukatu eta eskuak garbitu eta gora eramango haut.»

      «Ez. Hor gelditu naiz...»

      «A; nobiarekin...»

      Koloreak pixka bat aterata, bazihoan Larra.

      «Hi, esan zion Mandik, lan ederra egin duk e... Zer edo zer ateratzen bada, bazakiat norengana jo.»

      «Bale...»

      Arte hartan, bere mertzeriatik atera zen Maite, ateari giltza eman eta, berengana kopetilun eginez:

      «Zer? Hor jarri al duzue orain arbola?»

      «Gaizki al dago ba?» esan zuen Gastonek; Maitek ezpainak bihurritu, hotz juzgatu zuen; «beste horretan Mikaelari bista kentzen diola eta.»

      «Mikaelari bista kendu?... Bueno.»

      «Total, esan zuen Joxemarik, hemen jarri edo han jarri, zu beti ezkonforme egongo zara.»

      «Ez da hori,» doinua pixka bat eztitu zuen Maitek; «hor malda behera hasten da eta, txakurrek hanka jasotzen dutenean, txizerreka dendaraino etorriko da.»

      Gastonek, Maitegana urrats erdi bat emanda:

      «Zuk ba al dakizu zertarako den horko hesi txiki hori?»

      «Hori? Nondik atera duk hori?»

      «Arbolaren inguruan jartzeko da hori!»

      «Egingo diote ba kasu txakurrek burdin zati horri... Bertan txiz egingo ditek.»

      «Nahiago, txiza bakarrik egingo balute txakurrek herri puto honetan,» esan zuen Joxemarik.

      Maitek, barre antza:

      «Kaleko zulo horiek eta tapatu itzazue; ja, ari zaretela...»

      «Hori udaletxean esan!»

      Maitek esku keinu bat eginda kalean gora joan, denbora berean Uxue eta Nadia atera ziren etxe apaletik; plastikozko txamarra serratua, galtza kanpanak, suela lodiko oinetakoekin Uxue. Apenazko begirada bat, koket-koket joan ziren haiek ere gorantza.

      «Egunon, e!» Kasurik ez haiek, begi ñika egin zuen Gastonek, zigarroa ezpainetan hartu, lagunei ezin eskaini, paketea bukatu zitzaion. «Lehenago Agustin etorri da... Legea beteko omen ditek, hi.»

      «Legea? musturtu zen Joxemari; zer ikusia du legeak hor?»

      «Ya. Aire freskoarekin joan duk...»

      «Legea beraiek jartzen ditek, ala? Beraiek arauak bai, jarriko ditiztek baina... La ostia. Legeak gainean zaudek, haiek ez ditiagu ukituko, baina arauak...»

      «Horrekin zaudek.»

      «Hori abstraktoa duk; edo... Nola duk? Abstraktoak koadroak izaten dituk, bizitza zer izaten da... Absurdoa!»

      «Legea duk... paisajea, figurakeria,» esan zuen Mandik.

      «Legea, bakoitzak berea,» Joxemarik.

      «Bueno, hala ere margen pittin bat badiagu: hau egin zezakeagu, bestea... Ez diagu Juan Carlos primeroren semeak bezalako margenik baina...»

      «Felipe.»

      «Ez zakiat nola den; hori.»

      Istant hartan pisuren batetik kortxozko tapoi bat erori zitzaien.

      «Bazkaltzeko ordua, esan zuen Gastonek: Korneliok ireki du botila.»

      Mandik basoak erdi bete, eta:

      «Hau edan eta jaso egingo diagu; ba?»

      «Hori di-da egingo diagu. Ekarri taladroa...»

      Joxemarik tragua jo, ezpaina ezpainarekin igurtzi zituen.

      «Badakik zer pentsatzen ari naizen? esan zion Mandiri... Bizitza elur-paisaje bat bezalakoxea dela...»

      Hara begira, pixka batean pentsakor gelditu ziren biak; gero Mandik:

      «Igual bai e, esan zuen; hala ere... horrekin zer esan nahi duk justu-justu?»

      «Hi...» Begiratu izugarria jaurti zion bere lagunari Joxemarik. «Ez nauk filosofoa, ni!»

      Zubi aldetik trajez jantzitako tipo bat etorri, haiei begiratu gabe eta kableak eta ladrilloak saihestuz etxe txikian sartu zen.

 

 

Larraitz liburutik irakurtzen, Mikaela erdi etzanik, burua kojinean ezarrita, begiak itxita zegoen.

      «Treinta años atrás, el viajero catalán de turismo por Italia ponía ante la pasta su cara de máximo estupor y absoluto descontento. No le gustaba la pasta al burro, con mantequilla, ni al pomodoro, con salsa de tomate, ni al sugo, con carne picada. Por suerte, todo esto es ya pasado. Todo catalán distinguido y cultivado considera hoy día que la pasta es un plato apetitoso, sanísimo y suculento, sobre todo si el queso que la acompaña es parmigiano. En este punto, estamos a todas luces dentro de la corriente...»

      Hartan, ateko txirrinak jo zuen; Mikaelak begiak ireki zituen.

      «Ui, esan zuen; zein izango da?»

      «Uxueri giltzak ahaztu edo...»

      «Ez; adituko genuen... Aber, begiratu xulotik.» Larraitz ate aldera joan zen, karrask egin zuen zoruak bere oinetakoen azpian. «Zein da?»

      Larraitzek, pauso bat gelarantza emanik, apaltxo:

      «Gizon bat, korbatarekin.»

      «Ai... Pentsatzen dut zein izango den... Aber zer nahi duen, ireki ezazu... Zaude, ekarri Mixi; ez zaio gustatzen korbatako jendea.»

      Larraitzek ireki zuen atea.

      «Arratsalde on, esan zuen agentearen ahotsak; Mikaela etxean al da?»

      «Bai, hor dago...»

      Gelara egin zuen agenteak: gabardina beltza, traje gris iluna, larruzko kartera besapean, aurpegi txikian begi bizi-hezeak, ezpain fin-ubelak, ile apurrak atzeraka orraztuak.

      «Arratsalde on.»

      «Berdin.»

      «Zer moduz, ondo?»

      «Betiko moduan.»

      Zerbaiten bila balebil bezala bere inguru txikian begiratu zuen agenteak.

      «Abrigoa, esan zuen Larraitzek, nahi baduzu... Ekarri.»

      Gabardina erantzi zuen agenteak.

      «Eskerrik asko. Hara... Ez duzue bero handirik hemen.» Mikaela isilik, eta: «Ez al zara hotz?»

      «Hotza? Zertarako nahi dut?» Begiak bazterkatu zituen.

      «Noski... Jarri naiteke?»

      «Jarri. Zertarako da?»

      Agenteak ez zuen erantzun; Larraitzek aulkiaren bizkarreko arropa puxkak hartu eta, pasillora zihoala:

      «Sukaldean egongo naiz e, Mikaela...»

      Agentea jarri egin zen eta, arnasa sakon hartuta, belaunen gainean kartera zabalduz:

      «Pentsatuko duzu, zertara natorren...» Folio batzuk atera zituen. «Zure espedientea ikusten egon gara eta... Gauzak ez daude batere txukun... Alkilerra ordaindu gabe badaramazu...» Paperetatik irakurriz: «Sei hilabete, horrek egiten du... mila bostehun eta hirurogei euroko zorra.»

      «Orain zer zaude, nagusiekin ere tratuan?»

      «Ez. Nik nagusiarekin ez daukat ezer baina, hark udaletxean egin du erreklamoa eta, noski ikusi dute kontua blokatuta duzula... martxotik; ze, bestalde badituzu, zuzendu nazazu gaizki banago, ordaindu gabe, bi kredito: bat Guipuzcoanoarekin eta, noski Kutxarekin bestea... Horiek ere pendiente daude eta... denborarekin interesak handituz doaz. Oraintxe baduzu, bi banku horiekin... hiru mila eta berrehun euroko zorra. Bada ba zerbait.»

      «Kutxakoa, ia kitatu genuen.»

      «Ia-n dago koxka. Horretan falta dituzu... seirehun eta berrogeita hamar euro. Bestea, larogeita hemeretzian eskatu zenuen.»

      «Senarraren entierroa pagatzeko zen.»

      «Badakit. Badakit gaizki ibili zaretela, badakit historia, zure gurasoak ere ezagutu nituen...»

      «Bai; beti diru eske.»

      «Nahi ezta ere, hori da nire lana... Kontuak halaxe daude.»

      «Baina, kreditu horiek, orain ezin ditugu pagatu. Nire pentsioarekin doi-doia iristen zaigu... Badu zazpi urte ez didatela igotzen.»

      «Badakit hori; baina, etxea? Etxearekin zer pasatzen da? Laguntza hartzen ari zara udaletxetik.»

      «Gauza asko daude... Eskolako komedorerako aurten kendu digute laguntza; argindarra ere pagatu behar da. Zuk ez dakizu...»

      «Baina, etxeko laguntza etxea ordaintzeko da, Mikaela.»

      «Alaba zaharrari inplante bat jarri diote. Zuk ba al dakizu zer gastu den hori?»

      «Nik ez dakit zer ari zareten. Kontuak ez dira ateratzen...»

      «Dena oso garbi dago. Hor ditut fakturak!»

      «Kontua honelaxe dago: nagusiak zorra ordaintzeko bi hilabeteko epea ematen dizu; bestela... tribunaletara joko du. Hori ebitatu behar da.»

      «Bi hilabete... Erraz esaten duzu.»

      «Ez da nik esana.» Artega, paperak ordenatu zituen. «Orain, inporta ez bazaizu, etxeari begiratu bat eman beharko nioke.»

      «Zer ikusi behar duzu?»

      «Ondasunen inbentarioa egin beharra daukat.»

      «Lehenago ere eginda zaude!»

      «Berriz egin behar da. Hemen daukat ordena; nahi al duzu irakurtzea?»

      «Niri ez irakurri ezer.»

      «Nahi baduzu, neska hori izan daiteke lekuko.»

      «Bai. Larraitz!» Zalukara, apuratuxe etorri zen Larraitz. «Aber. Gizon honek etxea miatu nahi du eta, begiratu zer egiten duen.»

      Irribarre zuria egin zuen agenteak.

      «Aber, hasi zen, hemen...» Gelako altzariei gain-begiratu bat emanik: «Ezer berririk ez dago; bueno...» Paperean begiratu zuen; «estufa hori lehenago ez zenuen baina, ez dugu kasu egingo... Bale.» Larraitz atzean zuela, pasillotik hara zihoala:

      «Ondo begiratu e! hots egin zion Mikaelak; ondo begiratu... Zer uste duzu! Ni, azken hemeretzi urtean bertan bizi naiz eta, ez dut ezer berririk ikusi, ezta bista neukanean ere, eta zuk, oraintxe jainkoak daki nondik etorri eta, uste duzu zerbait bilatuko duzula!»

      Haiek hara, Mikaelak irain batzuk murduskatu zituen, esku dardartiz ura edan, katua laztandu zuen. Taladroaren hotsa zetorren kaletik. Agenteak, berriz ere etorri eta:

      «Thomson hori berria duzue...»

      «Ez da gurea telebista,» zirt-zart Mikaelak.

      «Ez al da zuena? Behar nuke froga agiri bat.»

      «Nola froga agiria! Ahizpak erosi zuen, hark izango du!» Dar-dar egiten zion matrailak. «Sukaldeko zuloa ere jarri! Ez al duzu ikusi? Hori ere berria da!... Zulo hori ere guk pagatu beharko dugu!»

      Larraitzek, alboan eserita, leunki:

      «Lasai, Mikaela...»

      «Ganbaran...» esan zuen agenteak hotz.

      «Ganbaran!... Fabrikan istripua izan nuenetik ez naiz hara igo! Joan, joan, han bilatuko duzu urrea!»

      Kartera hartzearekin irribarre goibela egin zuen agenteak.

      «Sinets egidazu, ez zait atsegin hau egin behar izatea.»

      «Ya; batek egin behar, ezta?»

      Agenteak, prestuki, berri on bat dakarrenaren doinu samurberaz:

      «Hara; bankuarekin hitz egin dut, Guipuzcoanotik, hilean ehun eta hogei euro ordaintzea proposatzen dizute. Neurrikoa da. Zer esaten duzu?»

      «Zer esango dut... Aber zer egitea dagoen.»

      «Saiatu zaitez. Ez du merezi horregatik mikaztea.»

      «Ahorratzea baduzu lastoa.» Agentea ez baitzen beretik higitzen: «Ba al duzu besterik?»

      «Bai. Uxuez hitz egin nahi nizun.»

      «Hitz egizu ba.»

      «Kontua da... Aspaldi ez omen da eskolara joaten.»

      «Jo egiten zuen eta, irakasle batek.»

      «Ez da hori esan didatena... Irakasle guztiekin baditu problemak, eta ikasleekin ere...» Beste paper bati so: «Egin ditu... hiru delitu gelan; patioan beste bi; portaera txarragatik eta insultoengatik ere baditu parteak; anonimoak bidali ditu... Horietaz aparte, kalean behin, eta trenean beste behin atxilotu dute. Ez omen dabil konpainia onean...»

      «Hori ez da zure gauza.»

      «Ez da nire gauza; bien. Dena dela: hola segituz gero, esan didate zuri esateko, eskolaz aldatu egin beharko dutela.»

      «Korrekzionalera bidaliko dutela, esan nahiko duzu.»

      «Korrekzionala ez da baina, horretan utziko dugu. Hori baino lehenago behintzat, gizarte laguntzaileak harekin hitz egin nahi du. Lehengo hilean eman zion zita, Uxue ez zen azaldu... Beste zita bat jarri dio. Astelehenean, goizeko hamarretan. Nahitaez joan egin beharko du zita horretara... Badakizu, Mikaela: IMIa kendu egingo dizuete, hura eskolara joaten ez bada.»

      «Kendu? Ez al digute nahikoa kendu? Urtearekin, sei mila pesetan laburtu digute laguntza!»

      «Hori denei egin dietena da.»

      «Bai! Aprobetxatzen dira, ez dugulako eskolarik...»

      «Bestalde... jakin dute Jone azken sei hilabetean lanean ari dela.»

      «Lanean? Horixe... Ez da sekretu bat hori. Zer, ba. Etxea pagatzeko doia ematen digute eta, ez al da normala, alaba zaharrenak lanen bat egitea? 'Lan egin behar da, lan egin behar da!' ari dira beti eta, ez dute kondenatuko orain, lanean hasi delako. Zertatik biziko da bestela?»

      «Horiek ordea, deklaratu behar dira; zuk badakizu hori, deklaratu behar dituzue... sarrera guztiak. Bestela santzioak izango dira. Astelehenean bilduko da teknikoen batzordea, erabakitzeko etxea ordaintzeko laguntza eman ala ez.»

      «Laguntza hori, ez ahal digute kenduko!» Bere gauzak biltzen hasi zen agentea. «A! Pobreak geure burua desterratu beharko dugu hemendik!»

      «Hori da dena, esan zuen agenteak. Barkatu... Nik ere nahi nuke berriz ez etortzea.» Ate aldera egin zuen, bertan «gero arte» lehor batez agurtu zuen Larraitzek; berau itzulian zetorrelarik:

      «Laguntzak kendu, esan zuen Mikaelak; ikusten duzu?... Ez!, guri ez dizkigute kenduko laguntzak!»

      «Zergatik ez diozu esan Jonek lana galdu duela?» galdetu zuen Larraitzek.

      «Ez dizkiot gure pena guztiak kontatuko horri...»

      «Etxean ez dela behintzat esan behar zenion.»

      «Hori ezin diot esan: alaba bakarrarekin, oraindik ere gehiago jaitsi egingo bailigukete diputazioko laguntza.»

      «Baina, orduan, haurdun dagoela esan behar zenion; hartara...»

      «Eeez... gaixoa; enteratzen badira hura nola dabilen, kapaz dira umea kentzeko... Ui! Zuk ez dituzu horiek ezagutzen.»

      Egin zen isilean, kanpoan burdina arrastaka eramateko hotsa aditu zen, agur oihu bat. Katua emeki jaiki, bizkarraz Larraitzen izterra ferekatu, isil-isila pasillora egin zuen.

      «Iluna dago, esan zuen Mikaelak... Zer pasatu da?»

      Larraitzek leihotik hara begiratu zuen eta:

      «Mm... Dago kolore bat...»

      «Oraindik hor al da?» asaldatu zen Mikaela.

      «Zein?»

      «Ernio...»

 

 

Arbolaxka zutik, lanabesekin auto aldera joana Mandi, Joxemari eta Gaston eskoba-palarekin obrako kondarrak zemento zakuan sartzen ari ziren.

      Eskuak galtzetako poltsikoetan, Txonaren aita bankuari zurrun begira zegoen.

      Joxemarik kapazoa hartu, autorantza egin zuen.

      Gastonek ere: etxe txikiko bebarruan zakua eta pala-eskoba utzi, irten eta, Txonaren aitari agur esanik, lagunen atzetik abiatu zen.

      Kalean beste inor ez zen...

      Elurra hasi zuen.

      Lagunak barruan zirela, autoak demarratu zuen.

      Ireki zen Mikaelaren gelako leihoa.

 

 

«Aiba, esan zuen Larraitzek. Elurra hasi du...»

      Leihoa ireki, eskua luzatu zuen; maluta sendo batzuk urtzen utzi zituen ahurrean.

      Bazihoan, txapela malko txuriz pintakatua, kalean gora sigi-saga Txonaren aita.

      Bestaldean: estoldako zulotik, txerrikume bat besapean zuela, ijito bat atera zen.

      Zubiaren zokoan orduantxe, amona bat azaldu zen: buruan painueloa, sudurra luzea, katiuskak...