Elurretan hotsak
Elurretan hotsak
2004, nobela
184 orrialde
84-95511-68-1
azala: Garbiņe Ubeda
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2002, nobela
2000, nobela
1996, ipuinak
1992, ipuinak
1990, ipuinak
1986, nobela
1984, nobela
Elurretan hotsak
2004, nobela
184 orrialde
84-95511-68-1
aurkibidea
 

 

5

AZOKA

 

Pertsonaiak:

 

Joxe, jubilatua.

Niko, arotza.

Guridi, telefono enpresa batekoa.

Mandi, Joxeren iloba.

Fede, zaharra.

Jon, bakailao saltzailea.

Lutxi, fruta saltzailea.

Sebas, gazta saltzailea.

Maxune, ogi saltzailea, Joxeren alaba.

Arantxi, Maxuneren laguna.

Leire, neskatikoa, hitz bakarra esaten duena, «antzara» esan gura duena.

Lupe, gizarte laguntzailea.

Eltzo, morroia.

 

Hilario Tapia, haren Emaztea eta Alaba, Koxme, Txoferra, Azokako jendea, Paseanteak, burruntzia prest Ijitoak.

 

 

Elur izoztua teilatu gainetan eta inguruan, herri kale batean etxe-villa bi.

      Eskuin, etxe handia, lorategian ezpelak, erramuak, limoi arbola eta beste arbola txiki, erdi parean iturria eta horma kontra borda txiki bat; antzara hotsa zetorren handik.

      Obretan zegoen ezkerreko etxea: zakar kontainerra aurrean, zur plantxak atarian, kristalik ez leiho zuloetan, leihoz barrura eskaiola plakak, igeltsu zakuak, trasteak han eta hemen. Lorategi bazterrean, baratze txikia. Ate ondoan zakurra lotuta zegoen. Herri bista ederra handik. Hotza egiten zuen.

      Niko: tente, begi-eztia, gaztain-ile karakoila, leiho markoak paratzen ari zen.

      Joxe: txikia, txapela, jertsea, piper antzeko sudurra, kapazoko erreminten artean zerbait ari zen bilatzen.

      «Mutiko. Lista ikusi al duk?»

      «Ee?»

      «Lista; atzo hemen utzi nian eta...»

      «...»

      «Lista... Ba al dakik zer den?»

      «Lista? Ez...»

      «Soka mehea... Cordel edo nola esaten da?»

      «A; lista... Ez, ez dut ikusi. Lista, lista...» Iltze bat sartu, eskaileratik jaitsi, bere kutxatik soka mehe bat ateraz: «Honek balio badizu...»

      «Ez. Lista behar diat.»

      Kalean furgoneta bat gelditu zen, motorra itzali gabe Guridi agertu zen lorategian. Zakurra zaunka zegoela, hurbildu gabe hark:

      «Egun on. Txona etorri al da?»

      «Berdin, esan zuen Joxek. Etorri duk, kableak bertan utzi eta ziztu batean joan duk, ez baitakit nora. Noiz etorri behar duzue?»

      «Aber zer esaten duen honek. Nik polideportibora joan behar dut orain. Hamarrak dira; aber eguerdirako... Hombre, Niko.»

      «Iepe. Zer, saunara al zoaz?»

      «Nahi bai. Zera, mikrofonoetan aberia izan ditek eta...» Joxek barrura egin zuen. «Kako atxilotu ditek.»

      «No jodas... Noiz?»

      «Gauean. Eta, besteren bat ere bai.»

      «Zein, ba?»

      «Ez zakiat. Txonaren aitak esan zidak: Basaburun, bi edo hiru eraman dituztela; Kakoren berri bakarrik zekien berak... Bueno; joan behar diat horren bila...»

      Elkar agurtu eta Niko bere lija lanera bildu zelarik, Guridi bazihoan eta, bere kotxean iritsi zen Mandi. Kapota erdi zabalikakotik arbola txiki bat ageri, berak berriz, ardo botila kutxa bat ekarki, baratzean sartzearekin zakurrak burua makurtu eta isatsari eragin zion.

      «Kaixo. Hor al da Joxe?»

      «Bai. Joxe!»

      Mandik kaja atalondoan utzi, zakurrari maite igurtzi batzuk egin zizkion. Joxe agertu zen.

      «Luis! Aspaldiko.»

      «Bai... Fresko zarete!»

      «Fresko... horixe! Kaltzontzillo luzeak ibili behar... Zer hago, katarroarekin?»

      «Bai; atzo elurretan ibili ginen eta... Ardoa ekarri dizut.»

      «Ondo zagok, ondo zagok. Zer duk, libre goiza?»

      «Ke-ba. Kale zaharrean banku bat jartzen ari gara eta...» Nikori: «Hauek zer daude, berniza emanda?»

      «Horiek? Ez. Linazi-olioa emanda daude.»

      «Ama non duk?» galdetu zuen Joxek.

      «Katarekin joan da Donostiara: Marijoren haurrarentzat arropa batzuk erostera edo. Etzi datoz, ala?»

      «Bai. Etzi.»

      «Urduri egongo zara.»

      «Bah... Aber haiek etortzerako markoak jartzen ditugun behintzat.»

      Mandik, etxe barruan broka bila joana zen Nikori:

      «Marijose-ta. Etzi ekarriko ditek Txinatik alaba.»

      «Bai, esan dit Joxek...»

      «Elurra ikusiko du...»

      «Elurra? esan zuen Joxek. Herenegun deitu zitean eta, han ere ari omen zian mara-mara.» Taladroarekin etorri zen Niko. «Zuek ez duzue umerik egiten eta...»

      «He! esan zuen Mandik; horiek ez dira hola-hola egitekoak; egin baino lehen, ondo pentsatu behar da.»

      «Pentsatu bai! egiten duzue... Guk aitzakia gutxiago ibiltzen genian: ti-ta, gero eliza pasa eta segidan dozena bat ume!»

      «Orain ez dago hori egiterik; orain oso garesti dago bizitza.»

      «Garesti? Zer uste duk: guri ogi zakuak debalde ematen zizkigutela, ala? Ezin dela arroparik erosi? Eskatu egiten da! Etxea, ezin dela erosi? Alkilerrak, zertarako daude?... Hara, atera dituk.»

      Ondoko etxeko bordatik, karraka handia eginez atera ziren hamar bat antzara. Artale xehetuak barreiatu zituen elurretan Hilariok. Zaunka hasi zen zakurra. Mandik, irrizu:

      «Hasi dela festa.»

      «Orain paseatzera aterako ditik. Errekan, txalbururen batzuk bilatzen ote dituzten edo... Bera bai, txalburu galanta.»

      «Haserre al zarete oraindik?» Nikori: «Lehengo batean, kartetan tranpak egin omen zitian Hilariok eta...» Joxeri: «Hilabete pasatu da ba!»

      «Zain zagok, nik kasu egiteko baina, zera!... Badik bere lumekin egotea. Orain usoak ere baditik. Ikusi! pareja bat hor. Turkiarrak omen. Inporta zaidak niri Turkiakoak edo Galiporniako erregearenak diren...»

      «Lumako jendea,» esan zuen Nikok.

      «E?»

      «Ez al da esaten, txoriengatik eta: lumako jendea?» Osaba-ilobak aho zabalik gelditu ziren.

      «Guk holakorik ez,» esan zuen Mandik.

      «Ardi jendea eta, erle jendea eta... Esan zigun irakasleak, hala esaten zela.»

      «Ardi jendea, adituta nagok, bai...» esan zuen Mandik.

      Zaunka segitzen zuen zakurrak eta, Joxe barrura zihoala, lepo-kokotsean egin zizkion Mandik esku atseginak.

      Nikok, tirafondoa sartu eta:

      «Horrek kozka egingo du gainera,» esan zuen.

      «Honek? Xaxatuz gero bai!»

      Laster etorri zen Joxe, eskuan lista zuela.

      «Aurkitu duzu.»

      «Bai. Sukaldean zegoan.»

      Niko tirafondoa sartzeko makurtu, istant hartan ama-alabak atera ziren aldameneko etxetik; kalerantza zihoazela:

      «Egun on, esan zuen amak; eguzkitan goxo...» Mandiri: «Zer moduz? Aspaldi ikusi gabe.»

      «Ondo esan beharko. Zuek zer, paseoan?»

      «Azokara buelta.» Joxeri: «Ari zarete...»

      «Beharko.»

      «Marijose eta, noiz etorriko dira?»

      «Etzi, jainkoak nahi badu.»

      «Ikusteko gogoa izango duzu.»

      «Horixe...»

      Kalean behera haiek:

      «Neska ederra,» esan zuen Nikok, une batez ari zenetik bista jasota.

      «Lore? esan zuen Mandik; bai... Ama ere plantakoa zagok.»

      «Bai! Hor egoten duk behintzat, señora bat bezala, eguzkitan hankak zabalik kokakola ondoan duela... Orain Interneten ibiltzen ikasi omen dik... Hola zeukatek baratzea.»

      «Egun batean porruak interneten erostea izango da, osaba.»

      «Bai, zera. Porruak, baratzean. Niri ere, orain urte batzuk Marik, emazteak, esaten zidaan: 'Orain, jubilatu garela eta, egingo al dugu Parisera buelta...' 'Eta baratzea?' esaten nioan nik...»

      «Eta? Joan egin zineten azkenean...»

      «Ez. Hiru egunetarako, Saloura joan gintuan... Paris ezagutzen genian gainera: sesenta y seisean joan gintuan hara; artean zuek jaio gabe noski. Parisera ailegatu gaituk eta, hura trafiko pila. Ez genekian non aparkatu, ibai ondoan utzi genian. Eiffelen dorrera igo gintuan. Paris osoa ikusten zuan handik. Ez gintuan goraino igo. Lehenengo pisuan ginela, toki bat ikusi genian. Jaitsi eta, aparkatu genian. Ez genian handixe mugitu izandako lau egunetan.»

      «Eta, zer ikusi zenuten?» galdetu zuen Nikok.

      «Ikusi beharrak: Notredame eta, opera eta, metroa eta...» Mandiri: «Mari, badakik, beti bere musikarekin. Orain alper-alperrik zagok hor pianoa. Horien alaba zaharrenak ere, hemen ikasi zian. Ez diat uste segitu dionik. Lotsa gutxirekin hor ibiltzen duk orain, nobioa Alemanian duela eta, beste mutil batekin hemen...»

      Fede pasatu zen kalean tirri-tarra; bastoiarekin agurtu zuen Joxe, eskuarekin etortzekoa egin zion honek. Hilario beste aldera begira, Fedek baratzera egin zuen; txapela hark ere, potoloa, musua gorri-gorri.

      «Egunon etxekoak.»

      «Baita zuri ere.»

      «Nondik nora Fede?»

      «Be... Etxetik etxera.»

      «Hala duk eta giroa... Hiretzat eman zidatek;» ate ondoan zegoen poltsa erakutsi zion.

      «Zer dugu ba?»

      «Basurdearen burua.»

      «Burua?» Poltsaren ertzetik barrenera begira; «zer egin behar diat nik horrekin?... Maurik eman al dik? Horixe; banekian, ekarrita zeudela... Ba! Zer edo zer asmatuko diagu.»

      «Eta asmatzen duzunean, abisatu...» esan zuen Mandik; «bueno, osaba; Fede, Niko: ni banoa; besteak zain egongo dira eta.»

      Joan zen lasai asko hura, Niko taladroa lagata kanpoko aldetik markoari begi zorrotzarekin begira gelditu zen; haren ondoan eguzkitan plantatuta, agure biak.

      «Ogia hire kontu,» esan zuen Joxek.

      «Hi! Panaderoa hi haiz...» Nikori: «Honen panaderian, ogi ederrak jaten genitian txikitan guk.»

      «Bai, esan zuen Joxek, guk gerran eta, talo hotza gutxi jan genian...»

      «Ogiaz sabela ondo bete eta, gero, etxera berandu ailegatu eta, askotan babarrunik ez. 'Non dira babarrunak?' 'Hi ixilik egon, hi ogi ederrak janda egongo haiz eta!'...»

      «Babarrunak... Espezialak egiten zitian zuen amak. Bixigua ere bai, behin zuenean jan genian, ez zaidak ahaztu.» Nikori: «Honen amak, etxean astebetez, hamar egunez bizirik edukitzen zian arraina: ahoan aguardientearekin ogi zatitxo bat jarri eta freskeran edukitzen zian belarrarekin ondo estalita...»

      «Orduan ez zegoan kamararik eta... Orain, atzo ere, telebistari begira nengoan eta, kri-kra, plastiko hotsa etorri zuan sukaldetik, bost minutu ere ez zituan pasatu eta, mahaira!... To! Ardoa ere baduk.»

      «Bai; Biasteritik ekarri dik ilobak.» Puxka batean botilei begira egon, eta: «Igual probatuko diagu...» Begiak arrunt zabaldu zituen Fedek: nahi izanez gero... «Zer, ba! Hotzari kontra egiteko ere...»

      Joxe barrura zihoala, Nikok poltsa batetik zilarrezko paperean estalia otartekoa atera zuen; Federi eskaini zion.

      «Eskerrik asko,» eman zuen eza Fedek.

      Basoak zekartzala etorri zen Joxe.

      «Zuk, Joxe?»

      «Jan, jan!» Ardoa zerbitzatu zuen. «Edan ere egingo duk...»

      «Ezin esan ezetz.»

      Fedek, basoa jasota:

      «Ilobagatik... Nola dakar izena?»

      «Leire, monasterioa bezala.»

      «Urte askotako.» Tragua jo zuten. «Mm... Polita zagok!»

      «Bai. Biasterikoa: bertakoa... Atzo Joxemiren tabernan izan ninduan eta, barra gainean, taka: Dueroko ardoa. 'Hi, esan nioan mutilari, ardoa Duerotik zer ari zarete ekartzen? Hemen ez al dago ba ardorik?'... Ba al dakik zer esan zidan? 'Esnea, aitona, zuk esnea edan behar duzu!' Me caguen... Esnea? Nahikoa edan genian amaren besoetan esnea... Hik ba al dakik Bergaran zer pasatu den?»

      «Ez. Zer pasatu da ba?»

      «Toribiok esan zidak. Joan omen duk hango zaharren etxera mediku gazte bat, zirt edo zart, meriendatzeko baso ardoa kendu, txokolatea eta kafesnea, jarri dik. Ederra kontua. Manifestazioan atera omen dituk zaharrak; joan omen dituk udaletxera, komisio bat igo omen duk alkatearekin hitz egitera eta... Ardoa. He! Harekin ez baitago jolasik...»

      «Akzidenteak ere izaten dituk asko baina...»

      «Horixe! Gaurko gazteek ez baitakite edaten. Gauean hamabitan ikusten dituk, denak mozkortuta zaudek. Garai batean bi egun eserita eman eta, zenbat eta gehiago edan, orduan eta hobeto geundean. Orain ez zagok izpiriturik; ez zakiat zergatik izango den hori: batere txisterik ez, bla-bla-bla, beti soinu bera. Atzo ere, Joxemirenean, gazte kuadrilla bat, nahi gabean aditzen egon ninduan eta, Estatu Batuak gora, Estatu Batuak behera... Pena eman zidaan;» basoak arrabete zituen; «guk sikiera harri bat hartu eta farola bat hautsiko genian... Tori.» Federi: «Hi Estankoko Txominekin gogoratzen al haiz? Luze bat; Algodoneran ari zena... Ez haiz gogoratuko hi. Hura nire kintakoa baitzen: eskolan elkarrekin ibiliak. Inklusakoa zuan. Sano edaten zuena; fenomenoa kantatzen; esaten zian: 'Nik eskerrak amarik ez neukanari, sehaskan marru ederrak eginda, nik kantatzen han ikasi nian!'... Ba, ez zakiat ze problema izan zuen nagusiekin, ez ziotela pagatzen edo, behintzat gau batean zakua bete harri joan zuan fabrika kanpora eta, klinki, klanka, kristal guztiak txikitu zizkian. Eta bazituan kristalak fabrika zahar hartan!...» Tragua jo zuen, eta: «Hura azkenekoan, gerra hasitakoan ikusi zitean: Leitzatik barrena karlistak zetozela eta, lagun kuadrilla bat, kontzejupean eskopetak hartu eta, Amasa aldera abiatu zituan... Ez zuan gehiago etorri.»

      «Eta zu...?»

      «Ni?... Etxean. Ez gerrara joan nahi nik! Etxetik atera gabe... Handik tiroak aditzen genitian eta, beldurrak. Goiz batean, kanpoan jende hotsa eta, izebak esan zidaan: 'Armarioan, Joxe! Sartu hadi armarioan!'... Sartu nauk armarioan, eta: 'Arriba España!,' ezkaratzetik. Falangistak zituan. Ama eta izeba, aitaren arreba eta amona ere bazegoan eta, ez zekitean haiek zer esan behar zen, ixil-ixilik gelditu zituan. Jatekoa eskatu zitean, amak arrautza batzuk jarri zitian egosten, halako batean tximiniatik behera tanka! urdaiazpikoa erori zuan... Hitz gogor batzuk esan eta, gosaldu eta hura hartuta joan zituan behintzat.»

      «Gaur gauean ere hor ibili dituk.»

      «Bai, esan zuen Nikok; Basaburun egin omen dute redada bat.»

      «Zuluetak esan zidak, Altunaren txatarrerian linternarekin ikusi dituztela zibilak.»

      «Eta;» Nikok otartekoa bukatu, zigarroa piztu zuen, «zuk zer egin zenuen: gerra armarioan igaro edo?»

      Joxek edan egin zuen, eta:

      «Astebete egin nian hanka bat armarioan nuela... Gero, mutil guztiak eramaten ari zirela eta, izebak esan zidaan: 'Aldegik hemendik!...' Beste batekin: Alanoko Lukaxekin, gauez joan ninduan. Mendiz mendi Errenteriara eta, hura han gelditu zuan eta ni handik Hendaiara eta handik Baionara pasatu ninduan.»

      Kalean mutil bat azaldu zen motoan; Jon zen, bakailao saltzailea.

      «Joxe!; Maxunek, plazara joateko!»

      «Joateko? Zer du ba?»

      «Ez dakit! Oraintxe joateko, sin falta!» Brrr! alde egin zuen.

      «Ze boladak eman ote dio orain? Non daukat makila? Iepa... Aurki sillan jarriko naitek... Orain diputazioan ematen omen ditiztek... Bai; ez dituk hain txarrak, hala ere, diputaziokoak.»

 

 

Bazterretan eta han eta hemen metatuta elurra, plazan azokalariak: teilapean baserritarrak eta patata saltzaileak, arrautzak, eztia, baratxuri eta limoiak. Atso xahar bat aulkitxo batean jarrita, mahai kaxkarrean babarrunak eta intxaur pila txiki bat zituela. Piku lehorrak, olibak, karameluak; urdai eta txorizoen furgoneta; frutazaleak: haietako bi, Lutxi eta Koxme; Lutxi: emakume ile urdintzen hasia, esku makurra, gorro grisa eta amantala pintarratua. Haien ondoan gazta saltzailea: Sebas; lodia, aurpegi gorrikoa, mendiko botak eta jertse urdin ilunarekin jantzia.

      Komaien kalakak, erreklamo hotsak, hizketaldi laburrak. Bakailaoa, piper txorizeroak eta ardoak. Haraxeago pitxiak; painueloak buruan, Marokoko neska bik, bazarreko gauzak; beltz larru gauza saltzaileak, tres por dos, arropazaleak. Erreka ondoan, makalen azpian, karabanen babesean, ijitoen kanpamentuko sua: musika, oihuak, haurrak elurrarekin jolasean, emakume bat sasitan arropa xeheak zabaltzen ari.

      Lutxi eta Sebasen artean, ogi eta bizkotxo saltzailea zegoen: Maxune; ile-kizkur, hortz bat hona beste bat hara, paparra, aurpegi biribila. Ogi handiak, etxean egindako ogiak; gari ogiak, zekalezkoak, arto irinarekin eginak. Neska argal bati ogi puxketatxo bat eman zion probatzen, une hartan azaldu zen Joxe: bere makilarekin tarra-tarra, geldialditxoa egin zuen gazta puestoaren aurrean.

      «Ez? neska argalari ari zitzaion Maxune; bestea nahi al dun? Zenbat nahi dun: hola?... Gehixeago?» Moztu eta balantzan pisatu zuen eta: «Lau eta hogeita hamabost.» Kobratu egin zion eta, ondoko frutazaleari: «Begiratu ezan Lutxi pixka batean hemen... Aita! Utzi gaztak orain... E? A, lista ekarri al didazu...? Ondo; orain ez dugu behar baina; ekarri, ekarri... Ederra daukagu, aita. Hondarribitik deitu dit asistenteak. Hemen dago Leire... Etorri egin da.»

      «Etorri al dira!?»

      «Aita. Aditu ondo. Marijo han da; Txinan dira Marijo eta Santi. Beste bikote batek ekarri du Leire; handik Madrilera: beste bikote batek ekarri du. Hori esan dit asistenteak; ez dakit nolaz izan den, ez dakit ezer... Aditu, aita. Haiek bidean dira orain. Deitu didanean abiatzekoak ziren, hemen dira laster.»

      «E, e?... Leire, ba al dator; zeinekin dator?»

      «Asistentearekin, ba: Lupe edo nola da...? Berak ekarriko du.»

      «Eta, Marijo non da?»

      «Aita; aditzen al didazu? Zer ibili zara, zurrutean?»

      «E?... Arotza hamarretakoa egiten ari zunan eta, baxoerdia atera zionat.»

      «Bale, bale; orain ez gara sesioan hasiko... Marijo eta Santi han dira, Pekinen dira haiek. Oker bat izan da, aita, ez dakit nolaz izan den. Dakidana da, oraintxe datorrela Leire.»

      «Baina... Etxean dena hankaz gora zagon eta, leihoak ere jarri gabe zauden!»

      «Badakit. Horregatik esan diet hona etortzeko.»

      «Hona?»

      «Hona: azokara etorriko dira. Esan diot non garen, hona ekarriko du Leire.»

      Sinplo gelditu zen Joxe.

      «Eta, nik zer egin behar dut?»

      «Zu lasai egon, aita. Zer edo zer behar bada esango dizut. Gure etxera eramango dugu umea.»

      «Zuenera...?»

      «Maxune! hots egin zuen puestotik Lutxik; hau zenbatean dun?»

      «Bostean! Horiek denak bostean, mahaspasena seian!... Lasai, aita. Deitu diot lanera Ixakari, furgonetarekin orain etorriko da...»

      «Enpanadarik ez al daukazue?»

      «Ez, esan zuen Lutxik; Koxme! Nora zoaz orain?» Txiza egin beharra zeukala adierazi gizonak.

      «Segi ezan hirera Lutxi... Zuk?»

      «Nik... Gaurkoa al da ogi hau?»

      «Ez, ba! Noizkoa uste dun? Labetik atera berria... Aber, aita. Atenditu egin beharra daukat. Zu lasai ibili... Enee! Panorama ederra aurkituko din gure ume gaixoak.»

      «Joan hadi neska, esan zion Lutxik; guk egingo ditinagu hemen egitekoak.»

      «Lasai; oraintxe semea datorrenean jasoko dinagu... Fotoa ikusi al dun?»

      «Aber...»

      Bezerorik ez zen eta, patrikatik haurraren fotoa atera zuen Maxunek.

      «Hamar hilabete zitinan hortxe; orain hamabost ditin.»

      «A ze nexka xiprixtina.»

      «Ikaragarri bizkorra omen dun. Aber Ixaka datorren... Zer da hau, baina! Kamioi festa dugu, ala!»

      «Autobian sirenak ibili ditun... Bai?»

      «Pónme unas manzanicas de esas... Dos kilos o así.»

      «Aita... Aber. Zoaz umearentzat arroz pixka bat erostera. Arroza edo... Ez dakit zer jarri.»

      «Porrusalda egion... Tres treinta y cinco.»

      «Bai. Gero hartuko ditinat porru batzuk eta fruta zerbait ere, Lutxi, gogoratu... Ene! Moldatuko al da?»

      «Moldatuko ez dun! Tori... Gu ere jarri gintunan, ba.»

      «Bai! Baserritik hona...»

      «Alde ederra! Lau urterekin, jaitsi eta lehenbiziko egunean, paella jarri zidanan bazkaltzeko izebak. Ez ninan probatu ere egin. Arratsaldean, Santa Kruzak zitunan eta, osabak tiroen barrakan panpina bota zinan eta... harekin konforme.»

      «Aita! Esnea ere erosi eta... Farmazian, haur txikientzako hiru-lau poto... badira ba...» Dirua luzatu zion.

      «Gazta ere erosiko dinat.»

      «Orain gaztarekin eta orain zure gauzekin ez denbora pasa ibili; laster hemen dira eta... Supermerkatura joan: kilo bat arroz, esnea eta... Esandakoa. A! Pañalak ere...»

      Bi edo hiru kamioi pasatu ziren, errepidea kruzatzeko zain zegoela Joxeri, bestaldeko espaloian estoldako tapa altxatu egiten zela iruditu zitzaion; hura segituan itxi zen; pixka batean hari begira gelditu zen Joxe; pasatu ziren beste bi kamioi, ertzainak beren argiekin pasatu ziren; Joxek kalez bestaldera egin, Arantxi agurtu zuen.

 

 

Errepidea bueltan zeharkatu zuelarik ikusi zuen: Maxuneren besoetan, beroki gorria, galtzak ere gorriak, arropa bola batean, flekillodun aurpegitxo bat: musu lodi zikin bat, errusiar tankerako belarritakodun gorro batez inguratua.

      Arantxik bere eskuen artean zeuzkan haurraren eskutxoak hartuta. Lupe zegoen haiekin, asistentea: argala, ile-motza, beltzez moderno jantzita; Joxek behin ere ikusi ez zuen gizaseme bat ere: burusoila, galtza grisak, oinetako lustratuak.

      «Begira, esan zuen Maxunek aita zetorrela ikusiz; aitona badator; aitona...»

      Joxe lotsa antzean inguratu zitzaien.

      «Hemen al dugu...»

      «Bai. Esan: 'Leire, Leire naiz ni...'»

      Leirek une batez begiratu zion Joxeri bere orein-begi beltxez, eguzkiak galarazi zion, luzatu egin zen Maxuneren beso artetik askatzeko bezala.

      «Joan nahi al dusu maitia? Nora joango sara su? Nahi al dusu ogi puxketa bat?...» Leirek ogia hartu, ahora eraman zuen. «Gose sara e...»

      Bitartean, larri antzean, Lupek Joxeri:

      «Esan diot Maxuneri. Bartzelonako bikote batek ekarri du Madrilera Leire... Haiek Pekinera berandu ailegatu eta... beren umea zelakoan Leire eman diete. Izenak trukatu edo... Enbajadan ere ez dakite nolaz izan den.»

      «Marijok deitu duelako! esan zuen Maxunek: Haiek abioian zirela Marijok deitu du Madrileko enbajadara handik: Leire ez zela han! Atzo goizean hartu behar zuten beraiek eta...»

      «Madrilen jakin dute, segitu zuen Lupek, Bartzelonako horiek, hau Leire zela eta beraiena han gelditu zela. Enbaxadako gizon batek ekarri du Hondarribira Leire: Arren eta arren barkatzeko eta, esplikazioak eskatu dituztela; telefonoa ere eman didate... Hemen apuntatu dizuet.»

      «Bazuen berak etortzea! Entzutekoak entzungo zituen!»

      «Noski joan behar zuela eta... Saiatu omen dira zuekin kontaktuan jartzen baina, inork ez omen zuen telefonoa hartzen.»

      «Hartu ezin! esan zuen Joxek, jarri gabe dugu eta...»

      «Ene! hots egin zuen Maxunek; tripa jaten egongo da Marijo; ezagututa hura...»

      «Zeukan ilusioarekin, esan zuen Arantxik; harritzekoa hala ere, nolaz ez dizuen deitu.»

      «Deitu egingo zigunan baina... Lineak oso gaizki zabiltzan.»

      «Eta: haiek noiz etorriko dira...?»

      «Bihar arte han egon beharko dute,» esan zuen Lupek.

      «Erreserba eginda zeukatenan eta... Orain, igual da! Leire hemen dugu behintzat!» Musu ematera zihoala, neskatikoak atzera egin zuen.

      «Nekatuta egongo dun, esan zuen Arantxik, halako bidaia...»

      «Ba! Nekatu itxura handirik ez zaukan: lasai asko zagon... Ei, pollita, lasaia sara su; e; baai...»

      Leire ogia txupatzen ari eta, denak berari begira. Puestoen artean jende gutxixeago zebilen orain. Txoferra, autoa gaizki aparkatuta utzi zuela eta, trafikoa zuzentzen ari zen udaltzainarekin ez eta bai ari zen.

      «Zer pasa da hor? galdetu zuen Joxek... Hainbeste kamioi!»

      «Autobian irauli omen da kamioi bat, platerez kargatuta zihoana.»

      «Ikusi aita, ez al da polita... Nahi al dusu aitonarekin joan?»

      Joxeri haurra ematekoa egin zuen, Joxek baina, makila apur bat jasota bere ezina erakutsi zuen. Leirek ere libre nahiago zuen. Maxunek lurrean utzi eta, tapa-tapa, oinez hasi zen haurra.

      «Ikusi nola dabilen...»

      «Ez da galduko, ez!»

      Leire fruta puestora heldu eta, eskua luzatu zuen.

      «Ez polita... Hori ez!»

      Berandu; hartu egin zuen sagarra Leirek, dozena bat ale lurrera joan ziren; ingurukoak barrezka, errebueloa izan zen.

      «A ze tximixta etorri den.»

      Berriz ere Maxunek hartu zuen besoetan.

      «Argia da, bai, esan zuen Milak; kotxean ere, palanka-kanbioari heldu eta diren botoi guztiak sakatu nahi zituen.»

      «Aita, esan zuen Maxunek: orain etxean zuretzat egin beharko da tokia... Ixaka etorriko da orain. Esan diot, haurrarentzako silla ekartzeko ere... Han al dago arotza?»

      «Bazkari egitera joana izango da hura.»

      «Bai; guk ere...»

      Eltzo lepaluzea azaldu zen, belarrian irratitxoa zuela; Joxeri zuzenean:

      «Goñik ederra atzo, e! ederra... Antzeman, e, hark, nola zetorren pilota eta, sillen gainetik, e, salto egin, sillen gainetik, hamaika t'erditik jo eta, ona egin, e, ona, bai, e, ona egin zian!...» Besteengana itzuli, haurra ikusi zuen, masailean atximurka egin zion. «Amarekin ondo e, amarekin, bai, bai!»

      Leirek harrituta begiratzen zion.

      «Eltzo da, esan zuen Maxunek; osaba Eltzo...»

      «E... e,» esan zuen Leirek.

      «Hiri ari zaik, Eltzo.»

      «E, niri, bai, niri ari zait, e, e, niri!»

      «E...»

      Sebas ere inguratu zen.

      «Grita, niña, grita, si quieres comer!»

      Maxunek zorrotz begiratu zion.

      «Zer uste duk, espainolez entenditzen duela, ala!»

      «Euskaraz ez din ba jakingo... Zer da, Txinakoa? Horixe; han ez ditun kabituko eta...»

      «Hi! Honen herrian hi baino monigote azkarragoak seriean fabrikatzen ditiztek!»

      «Ni baino azkarragoak... Baita, hi baino guapoagoak ere!»

      Une hartan Jon, bakailao saltzailea etorri zen korrika, haur aulki bat ekarki.

      «Torizue. Ijitoei eskatu diet... Gero eman haiei.»

      «Baina baina... Jon!» Hura baina, joana zen, keinu irrigarri batzuk eginda. «Enee... Mutil hau ez zagon oso-osoa... Ai!; hori ez maitia... Belarritakoa ez...»

      Bitartean Eltzok, kartera zabalik, pikardiaz, erretraturen bat erakusten zion Joxeri:

      «Guapa, e, neska, guapa, e...»

      Txoferrak erlojua erakutsi zion Luperi diskretu.

      «Bai, esan zuen honek, nik ere joan beharra daukat... Bueno, pottoki... Agur. Edozer gauza, badakizue... Hor dituzue beharreko paperak.»

      «Joan lasai; orain ja gu moldatuko gara.»

      Adioak egin eta bazihoala, Lupe itzuli zen:

      «Pañala aireportuan kanbiatu diot...»

      «Bai; ondo dago dena... Agur... Orain bainu bat hartuko dugu etxean, bale maitia?»

      «Neuk eramango dinat...» hasi zen Joxe.

      «Zaude pixka bat; non sartu ote da gure mutil hori?»

      «Hor nonbait ataskatuta egongo dun... Deitu egion.»

      «Etxean zaukan eta mobila... Ba, furgoneta behar dugu... Bueno; badakizu zer? Gu hasiko gara puestoa desmontatzen, eta zuk, aita, emazu buelta txiki bat umearekin... Eramazu errekaren ondora, hor badago eta elur panpina bat... Eta, emaiezu silla ijitoei... Okurritzea ere!»

 

 

Haur aulkia abiatu zelarik, heldulekuari bere eskutxoez atxikita, Leireren harria...

      Festa handi bat zegoen. Jende larri haiek, sudur handiak eta oinetako izugarriak zituztenak, geldirik ezin egon eta, arropa puxkak elkarri eman eta koloretako frutekin jolasten ari...

      Gizon gorri hura, jendearekin borroka eta oihu egiten zuena, eta aitona tripa handi burubeltx hura, orain joan, orain etorri, gazta batekin dantza egiten zuena.

      Patatak partitzen ari zen kamioi batetik gizon bizar-zarratu bat, eta hots egiten zuen, paatatak, paatatak, jostailuzko hitzak eta soinu arraro bat... Emakume erraldoi ile-hori beldurgarri batek berari begira kar-kar egiten zuen...

      Garraxi egin zuen eta, berriz ere, aitona hura han: buruan txapela, matraila gorria, sudurraren tokian patata bat eta makila bat zerabilena... Beragana makurtzean, krak, zimurtu zituen musu-belarriak, otx! egin zuen, eta berak barre...

      Eta aitonak: hitz sekretu batzuk esan zizkion, berarentzako hitzak, eta taka, haren eskuan karamelu bat agertu zen. Hartu zuen, kri-kra papera marruskatu zuen, aitonari begiratu zion... eta bota. Eta berriz ere aitona makurtu, eta berriz ere otx!, eta eman berari berriro. Eta berak... bota.

      Aitonaren begi izugarriak. Karamelua ematekoa egin, eta tati. Ematekoa, eta tati... Bularrean kilima batzuk, barre egiteko gogoa, poz arraro bat, argi izpi urdin-urre bat eskuan... Abiatu ziren...

      Txakurtxo bat etorri zen usnaka. Arbola gainean, haur bat laino batekin jolasten ari zen. Beste haur batek, emakume zuri-zuri potxola-potxola bati begi bat kendu zion. Kanta soinu bat; non, nor ari zen kantatzen?... Aulkitxotik atera zuen aitonak. Eskoba pasatzen ari zen emakume bat, mila koloretako soinekoa, misteriozko hitzak esan hari aitonak...

      Eskua hartu zion: aitonaren esku beroa, biak suari begira. Su malkoak, egur erreak, karraskotsak, kearen urrina. Aulki batean jarrita, gizon ile zuri-luze bat pafa-pafa, pipatik erre eta, inoiz behinka ttu eta ttu, listua botatzen zion suari. Prest zegoen burruntzia su gainean...

      Haize xuri bat, far-far, arbolatik hosto triste bat erori zen. Hari begira zegoela, diz-diz egin zuen errekak; karra-karra, antzarak errenkan.

      Eskua harantza goititu, aitonari behatu zion; eta esan zuen:

      «E.»