Elurretan hotsak
Elurretan hotsak
2004, nobela
184 orrialde
84-95511-68-1
azala: Garbiņe Ubeda
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2002, nobela
2000, nobela
1996, ipuinak
1992, ipuinak
1990, ipuinak
1986, nobela
1984, nobela
Elurretan hotsak
2004, nobela
184 orrialde
84-95511-68-1
aurkibidea
 

 

3

ETXABEKO ASTOA

 

Pertsonaiak:

 

Pepe, ostalaria.

Ander, basozaina.

Txemiñe, papeleroa.

Pello, mekanikoa.

Kako, pasteleroa.

Tolo, parokoa.

Erdoizta.

Lañua.

 

 

 

 

Gauerditik hara, Pepez gain, sei lagun ziren ostatu zaharrean.

      Mahaiak eta aulkiak ez oso zein bere tokian, zerbeza botilak han eta hemen, Pepe musika zerbait jarri eta bi baso txiki likorez betetzen ari zen.

      Kako luzea: iharra, zaildua, hagitz irtena zintzurreko koxkorra, lepoa okerka luzatu eta, sukaldean bainatzen ari zen haur txikiari zozo begira zegoen. Handik ama gazteak, haurraren eskua jaso eta, ume ahotsa irudikatuz:

      «Hola, Kako... Hola.»

      Pello: matrail-gorri, bizarbeltz, musean egiteko lagun bila zebilen; honek ezetz, hark ezetz, Anderri saihetsean ukondokoa jo zion.

      «Partida bat?» esan zuen Anderrek, begiak asko zabaldu gabe; ezpain-harro, soin ederrekoa, barratik baso txikiari heldu eta kolpe batean hustu zuen; «bueno... Niri berdin zaidak; ni, total, horditzera etorri nauk... Pepe!» Hatz potoloaz, basoa betetzekoa.

      Pepek zerbitzatu eta, Tolo lepamotzak, astebeteko bizar zarratukoa, ixtorio on bat zeukan doinuarekin, Anderri:

      «Hi: ba al dakik zer egin duen Joxemarik gaur?»

      «Joxemari... Goikok?»

      «Bai; gaur goizean. Lantokian zegoela, gruarekin hiru tonako pieza jaisten ari zuan tornura poliki-poliki, bere martxan eta batekin hizketan eta... Josetxok ikusi dik ofizinatik eta, sutan dela jaitsi duk: 'Ze ari haiz? Ez al dakik azkarrago, ala?' 'Azkarrago? Presarik ba al dago, ba?' Josetxok amorratuta raka! kendu ziok gruako mandoa eta, urduriarekin edo, rra! pieza kolpean jaitsi dik eta, danba! piezak tornua jo eta hondatu eta korreak a tomar por culo joan dituk... 'Me caguen dios; putasemea haiz hi'... Joxemari ere, hi handi ni handi, pikatu duk eta: 'Nahikoa duk; agur,' esan omen dik. 'Agur? esan ziok Josetxok, nora hoa, hi?' 'Nora noan, hiri esango diat!» Jo eta bertan alde egin ez ziok, ba, Josetxori muturren aurrean.»

      «Eta: lana galdu al du?» galdetu zuen Txemiñek: ikazkin zahar aireño bat, ile-beltza, basakatu begiak.

      Tolok bekainak goititu zituen.

      «Galdu... zizatara joaten diren aitonak galtzen dituk... Berak utzi egin dik.»

      Buruan gorroa, buztin ilunaren kolorekoa bisaia, isil-isila barre egiten zuen Erdoik bere sillan.

      «Kilo erdiko pieza, hi, esan zuen Pellok; pieza, hondatutakoa: kilo erdikoa, hi; bazakiat ze nire anaiak ekarri zian Aiatik pieza hori...»

      «Ez zuan burdinazkoa izango...»

      Ez zen hala izango. Goizean etxe batean burdinazko kalefakzio bat ikusi zuen Kakok; halakoak orain Rocak bakarrik egiten zituen. Badira eta material hobeak. Hobeak? zera, hori modagatik zela. Anderrek Roca komunetakoa ezagutzen zuen. Kakok paf, paf, puruari indar pixka bat eman eta, muxin antza:

      «Komunak? esan zuen; oraingoak ez dituk komunak. Lehenago bai, komunak: lehenago jendeak kaka egin behar zuenean simaurtokiko atean elkartu eta, solas egiten zian, e, solas... E? Komodoagoak oraingoak? Komodoagoak bai, baina...»

      Lehenago-lehenago jendeak soroan egiten zuen. Orain dena tuberiatik barrena itsasoraino joan eta, horrela dago mundua, horrela dago dagoen bezala mundua. Itsasoan, kaka besterik ez balitz: galipota eta... Barkuetako pinturak ere egiten omen du kalte dexente, txipiroiei aldarazi egiten omen die sexua, esan zuen greenpeaceko batek. Izan ere mundua oso globalizatuta zegoen.

      Hartan ari, tiro bat entzun zuten, urruti; ez oso urruti ere; basoan edo, goian izan zen.

      «Lopez izango duk hori,» esan zuen Tolok; beretik edan eta: «Hori gauez katuei tiroak tiratzen ibiltzen duk eta.»

      Erdoi berriz ere barrezka, bat-batean ostatuko atea zabaldu, Joxe Lañua agertu zen: sorbalda zabalak, musu-belarri izugarriak; ahotik lerdea zeriola, zapatilla erdi erantzita eta galtzerdirik gabe, orkatilan zauri gorria begibistan. Egin zizkioten galderei entzungor, zuzen barrara jo eta, bertan bokata txiki bat atzemanik jan egin zuen mokadu batean; hura irentsi eta:

      «Zertzan?» galdetu zuen boz sendo batekin. Solomoa zela, Pepek, eta Lañuak: «Bestolakoiketziok?» Ezetz, Pepek, eta, gelditzen ziren pintxo bakanei errepaso bat emanik: «Batejatekonikez!» erabaki zuen; bat hartu zuen hala ere, jakia bota eta ogia agin-errotara sartuz: «Atazakeatekozeozer.»

      Kopa bat atera zuen Pepek eta barrapetik botila lodi bat. Lañuak, berriz, Kakogana makotuz, kontatu zion...

      Batere lorik egin gabe goizean lanera joan eta, elurra ari zuela aldamiotik aldamiora eta bigatik bigara saltoka ibili zen, hiru plantako etxe batean kanaloia jartzen, goitik begiratzen zuen eta: 'Ba, gaur ez nauk eroriko...' esaten zuen eta, zera, teilatutik ez zela erori eta, orain, erreka ondoan jende pila bat eta haurrak eta ardoak eta arbolen gainean izurde bat ikusi zuen, zeruan, inolaz ere izurdea... Eta gora hura eta beragana bezala zetorren eta, bera begira, bera begira, atzera-atzera egin zuen eta zera, goitik behera errekara erori zen, airean kanpanbuelta bat egin eta suerte ona izan zuen ez zuelako errekapea buruarekin jo, eta suerte txarra izan zuen ze, erreka bazterrean bazegoen haurkotxe zahar bat eta, harekin egin zuen orkatilan ebakia.

      Pepek hurrean ipini zion kopa, eta esan, berak prestaturiko brebaje ona zela. Kopa ertzean azukre hautsa eta pajita batekin, Lañuak begiak xuri-xuri eta errezeloz begiratzen zuen eta, Kakok tragutxo bat edan zuen eta ez zuen aurpegi ona baina ez zuen aurpegi txarra ere jarri eta, Lañuak heldu zion kopari garratz, haren eskuzarrean ez zen kristalik ikusten, beste eskuarekin pajita norabait hegan bidali zuen eta ezpainekin kopa ukitu zuenean: «Zer duk hau?» Azukrea zela; Lañuak usaindu eta: «Alkohola badu?» galdetu zuen, eta baietz eta, jo eta orkatilako zaurian isuri zuen, Pepek betosko iluna jarri zuen eta besteek barre eta Erdoi berriz, beti isil-isila bera ere barrezka, malkoak begietara zitzaizkion eta joan zitzaion ahoa aurpegian alde batetik bestera, neke puska batez eta kokotsaren laguntzaz bere tokian berrezarri zuen, eta Kakok esan zuen, berari ere zumo espezie hark disgusto bat utzi ziola ahoan...

      Halako batean, kanpoan marruma izugarri batzuk entzun zituzten; ikara antzean begiratu zioten batak besteari, Pellok egin zuen ate aldera aurrena, eta besteak atzetik, Lañua bera ere barran atzeman zuen zerbeza bat hartuta dinbi-danba heldu zen ateraino.

      Etxeko ezkaratzean izarren azpian asto bat zegoen; bastak jarrita, pufaka ari zen.

      «Etxabeko astoa!» ezagutu zuen Pellok; hurbiltzekoa egin zuen baina astoak salto egin eta hortzak erakutsi zizkion, gizonek inguratu zuten eta Ander elurretara erori zen, ai, ai eginez han gelditu zen, Erdoik potx, potx eginez lortu zuen astoagana heltzea eta lepoaldea ferekatuz nola-hala pixka bat lasaitu eta uhalak atzemanik leihoaren burdinazko herskailuan estekatu zuen eta bera baratzera txiza egitera baztertu zen, Anderrek ai-ai-ai segitzen zuen elurretan, hankan kalanbrea izan zuen eta Pellok eta Tolok jaso eta orujo tragu batekin bizkortu zuten.

      Lañua zabu-zabuka inguratu zen eta basta-zorroan begiratu eta jertse zahar han-eta-hemen zulaturiko bat atera zuen, eta duda gabe Etxabeko Tomasena zen, esan zuen Pellok, eta Kakok esan zuen: Tomas bera ez zela urruti ibiliko, bestela ez baitzen entenditzen, eta seguru asko astotik eroriko zela, ez zela izango aurreneko aldia... Eta Pellok esan zuen: Asto hark bazekiela bakarrik ibiltzen, eta noski etxetik pixka bat aldendu eta elurretan galdu egingo zela eta bere senez ostatura etorri, haren ama, berak ezagutu baitzuen, handik baziren... igual hamabost urte, etortzen baitzen egunero bertara: Tomasek bordan obrak egin zituenean kakoetan porlana garraioan erabiltzen baitzuen, eta bertan parada egin ere bai askotan, lasto batzuk edo baba puxka batzuk janez kanpoan uzten zuen, berak txikito pare bat eta haren seme Tapaxek, artean umemoko bat, pipa batzuk jateko denbora...

      Isilaldi bat izan zen, Pellok berak hautsi zuena:

      «Bo! Ni etxera noak eta neuk eramango diat Etxabera astoa!» esan eta, egiten zuen hotzarekin nola eramango zuen, eta: «Etxerako bidean, etxerako bidean!» Ja hasi zen uhalak askatzen, Tolok ahapeka bezala esan zuen: «Baietz bakailaoa ahaztu...» «Arrayua, bai!» asaldatu zen Pello, ostatura sartu eta poltsa batekin atera zen. «Me caguen dios, etxera ailegatu eta ez baldin badut bakailaoa beratzen uzten, bihar arrebak kaxuelan ni jarriko naik pataten artean!»

      Hainbesterekin uhalei heldu eta tiraka hasi zen, astoak ez zuen harekin joan nahi; piper min bat jartzeko ipurdian, esan zuen Txemiñek, baina Pellok oihu pare bat egin eta hura nahikoa ez zela sabelean ostiko bat jota komentzituta utzi zuen eta, bazihoazen, bada, gora aldera biak, eta haiek bazihoazela besteak haiei begira zeuden, zeruan izarratu ederra zegoen eta elurrarekin bazterrak franko ongi ikusi eta Aireko errebueltan ezkutatu ziren arte egon ziren begira, eta bizar haiekin eta astoarekin isil-isila elurretan, Anderrek esan zuen, Bibliako patriarka bat ematen zuela oraintxe.

      Hotza sumatu zuten eta sartu ziren berriz ere ostatura lagunak, elurretan egun haietan gauza handiak gertatu ziren, Araban otsoak atera ziren eta Burgosko herrixka batetik zazpi atso helikopteroarekin erreskatatu zituzten...

      Bitartean atera zituen edatekoak Pepek, eta berak esan zuen orain astoak edonon eta Adunan asto talde koxkor bat ikusi zuela berak, Tolok esan zuen, Bordaberrin goiza arrantzan ematen zuen asto jator bat bizi zela, haren arrantzak Eguzki tabernatik entzuten zirela, eta polideportibotik ere, lagun batek esan ziola hori, eta Txonaren aitak ere erosi zuela astoa, eta Txemiñek: Astoa ez, mandoa zela Txonaren aitak erosi zuena, baina mando hark ama zuela astoa, eta horregatik zituela astoaren belarriak, eta indarra, berriz, aitarena zuela, eta bizkor eta gogorragoak izaten zirela mando haiek, amaren aldetik astoak zirenak. Lañuak denbora guztian begiak itxirik eta irribarre handi bat egiten zuen eta azkenean begiak pixka bat zabalduz esan zuen, berak bazekiela Txonaren aitak mando hura non erosi zuen, eta non erosi zuen jakin nahi bazuten Nafarroan erosi zuela, begia kiñatu zuen, eta ez zuen gehiago esango, «nteitzek?»

      Han-han gogoratu zitzaion Kakori arratsaldean Tapax ikusi zuela Donostian.

      «Amaran, obrak ziren kale batean zegoan hura, esku batean paketetxo bat eta bestearekin mobilaren numero txikiei sakatzen ari zitzaiela, eta 'kaixo' eta 'kaixo' eta 'zer habil hemen?' eta nik: 'Hementxe, mandatu bat egiten... Eta hi?'... Egon pixka bat.»

      Erori baitzitzaion ahotik purua; makurtu zen, jaso zuen, berriz hartu zuen ezpainetan.

      «'Hementxe, arrebaren etxera noak eta, bide batez, karneta kadukatu zaidala esan zidatek eta, foto batzuk ateratzeko zain.' 'A,' nik, eta: 'Fotoak?' begiratu diat inguruan, eta: 'Non atera behar dituk?'... Iepe!»

      Berriz ere purua erori zitzaion, berriz makurtu zen, pafa-pafa egin, ez zuen ongi tiratzen, sua eskatu zuen, piztu zuen, inora begira gelditu zen.

      «Eta? Zer pasa zaio...?»

      «Epe; bai. 'Fotoak? esan zioat, non atera behar dituk?' eta: 'Hemen, ba, fotomatonean;' begiratu diat eta: 'Ze fotomatona?' begiratu dik berak ere eta: taka, orduantxe konturatu duk: fotomatona uste zuena, han ari ziren obra bateko kaseta bat izan, eta kanpoan ziren fotoak, ile soiltzearen aurkako anuntzio batekoak!»

      «Sanoa mutila! esan zuen Txemiñek, eta: Haren arreba, haurdun al dago?» Ez nik dakidala, ez inork zekiela, ez zutela aspaldian ikusi; Txemiñek, berriz: «Lehengoan apeaderoan ikusi nian eta, irribarre eder batekin zegoan, halako kontentuarekin gero duda ibili nian: Haurdun ote dago?»

      Baziren, ba, haurra izateko pentsatze hutsarekin gaixotzen zirenak ere, esan zuen Kakok, eta bera emakume balitz, haietakoa izango zela ze, latza baita, mundu puto honetara ume bat ekartzea. Baziren beren umetokia alokatzen zutenak ere, Tolok esan zuen; eta, negozio polita izan behar zuela horrek, bataz bestean zortzi mila dolar balio behar zuen umetokiaren alokairuak, euroak, beste hainbeste, edo gehiago igual orain, eta prezio horretan dena sartzen zen.

      «Gaur egun zaila duk emakumeak kontentatzea,» esan zuen Kakok, eta Lañuak:

      «Bai, ee?»

      «Bai, bai, hala duk!»

      Emakumeak, hemengoak izan edo hangoak izan alde handia izaten dela, esan zuen Kakok. «Italiakoak dituk emakume beroak, esan zuen; Frantzian, aldiz, ez dituk hain beroak izaten, baina eraman egiten haute, eta alperrik duk, ezin duk ebitatu...»

      Hartan ari, kanpoan eztanda bat aditu zuten.

      «Beste tiro bat,» esan zuen Txemiñek, eta denak une batez isildu, belarriak erne jarri zituzten; ez zen, baina, beste soinurik izan, eta Tolok esan zuen, Pelloren arreba izango zela hura, eta Pello bera bota ez bazuen aurki astojana izango zela Basaburun.

      «Suediako bat ezagutu nian...» esan zuen Kakok, «hura, mutilak, besteak ez bezalakoa zuan, artea eta guk konprenitzen ez ditugun beste gauza batzuk apreziatzen zitian, hark zeukan ekarria hark, ez zakiat nongo katedralaz ari zuan eta ni berari begira eta karpa baino ixilago nengoan, eta ja zeharo etsi eta ja harengandik ezer espero ez nuenean, bat-batean etxera lagunduko al nion galdetu zidaan...»

      «Heuk bai suertea...»

      «Aspaldiko kontuak... Orain ez, motel; orain, pelikula bukatzen denean ohera sartu, txorta pixka bat egin eta lo gelditzen nauk. Lo egin aurretik, ia gauero: telebistan dozena erdi bat hildako ikusi eta gero ohean larrujotze bat.»

      «Guk holako gutxi,» esan zuen Txemiñek; berak behintzat, etxera lanetik neka-neka eginda heldu eta gogorik ez zuela askotan izaten; lehengoan hala ere, emaztea eta biak ohean zirela, egunero bezala telebista piztu eta inkesta baten berri ematen ari ziren, esan zuten amerikarrek astean behin egiten zutela, astean behin, hi, eta hori adituta telebistako presentadoreek barre egin zuten, noski gutxi zelakoan, eta emazteak ere aditu zuen hura eta, zer egingo zuten ba, asteguna baldin bazen ere, egin zutela saioa... Eta zerbait gehiago esatera zihoan baina kanpoan arrantza batzuk entzun zituzten eta hormaren kontra ostiko batzuk, Erdoi eta Kako atera ziren eta atzetik Txemiñe eta Tolo ere bai, basoa kolpean hustuta Ander ere eta Lañuak barra utzi eta bera ere zabuka eta atzetik Pepe ere bai oraingoan.

      Kanpoan Tomasen astoa zegoen. Hormaren kontra izu egina eta hortzak klaska-klaska, Kako saiatu zen hari uhaletatik heltzen eta astoak txamarran osk egin zion eta atx! eskuan osk egin balio bezalaxe salto txiki batzuk eginez apartatu zen, Txemiñe kristoka hasi zen eta astoa oraindik ere gehiago ikaratu eta bera ere jauzika hasi zen eta hiru lagunen artean inguratu eta berriz ere Erdoik potx, potx eginez lortu zuen hurbiltzea eta tripapean zingila pixka bat laxatu eta pixka bat baretu zuen, gero heldu zien uhalei eta leihoaren herskailuan estekatu zuen.

      Lañua ere heldu zen astoagana baldarka eta basta-zorroan begiratu eta Tomasen jertse zaharraz gain poltsa bat atzeman zuen, eta noski Pelloren poltsa zen, Pelloren bakailaoa, eta Tolok esan zuen: «Merkea zagok, ba, bakailaoa!» eta orain ezkero Pellok balde batean gezatzen jarri zituela bizarrak, bitartean Erdoi astoari kokospean ferekak egiten ari zitzaion eta, astoak eskua lamizkatu zion.

      «Han zer edo zer pasatu duk,» esan zuen Kakok, eta Pepek esan zuen, bidean lapurrekin topo egina izango zela Pello, eta goizean poligonoan ibili zirela eta arratsaldean Ezekielek mendian behera zetorrela pelaje gaiztoko tipo bat ikusi zuela Tapategin, eta: «Ke-ba! esan zuen Txemiñek, hori Amabiko ostatuan urteko pitarra probatzen gelditu duk Tomasekin-eta!,» han egongo zirela biak ala biak zein baino zein atxur galantagoarekin eta han beste konturik ez zela, eta astoa, berriz, zer egin behar zuen?, ezagutzen zuen bidetik barrena jaitsi, eta bide bakarra gainera! Eta bazitekeen hala izatea, eta bazitekeen ez izatea hala, eta hartan Erdoi isilak:

      «Ikusi egin behar!» esan zuen, eta astoari belarrira hitz batzuk esan zizkion eta Pelloren bakailaoa basta-zorroan sartuta uhalak askatu zituen eta astoak orain batere protestatu gabe mantso-mantso jarraitu zion, lagunak harrituta zeuden, haiek ja bazihoazen gora eta lagunak haiei begira-begira, «horiek Etxabera? Txemiñek esan zuen, horiek ere Amabira bai!,» eta Tolok: Erdoik eramango zuela, bai, Etxabera astoa, batek eramango bazuen hark eramango zuela... Segitu zituzten bistarekin Aireko errebueltaraino, eta ezkutatu zirenean, Kakok:

      «Otxomak barrenera!» esan zuen eta, hala zihoazela, Tolok: «Gaur egun, animaliak eskapoan, normalena da;» egun gutxi lehenago Toledon zezen bat kamioi batetik ihes egin eta sartu omen zen Tajo ibaira behera eta gero gora alde zaharrera egin omen zuen eta jende saldo bat atzetik eta zibilak ere azaldu omen ziren baina jabea ez omen zuten identifikatzen eta jabearen baimena behar omen zen tiro egiteko eta, hala ari zirela plaza batera ailegatu ziren eta hantxe zezena zeharo errenditu eta erori egin omen zen, jende artetik albaitero bat azaldu omen zen eta hark jendea uxatu eta, esan omen zuen, zezena deprimituta zegoela...

      Anderrek ez zuen ezer konprenitzen eta Pepek basoa bete zionean: «Demokrazia dagoen bitartean izango duk guretzako orujoa!,» eta Txemiñek: «Demokrazia... representatiboa!» esan eta, zerbeza tragu bat kolkoratu zuen eta musika eskatu zuen baina Pepek esan zuen ezetz, protestak izan ziren eta Kako kantari hasi zen eta Lañuak zer edo zer marmarkatu zuen baina ez zeukan aski indarrik eta barraren kontra geratu zen isilik; Tolok esan zuen: «Guk, bestalde... oraindik badugu Camille!;» Camille, gure azkeneko hartza, orain bere kobazuloan negu siestan egongo zen hura, iaz esnatu eta lau ahuntzekin gosaldu omen zuen eta aurreko urtean berrogeita gehiago ardi akabatu zituen eta artzainak haserre zeuden... «Camille bizi den artean...!» Hutsik zegoen basoa jaso zuen Anderrek, Lañuak bere sudurrari heldu eta begiak kiñatu zituen eta, hartaz ari eta beste artzain baten kontua ekarri zuen Txemiñek: Granadako bat, poltsan larogeita hamar gramo kamamila zituela harrapatu zutena, eta fiskalak bi urteko kartzela zigorra eskatu zuen harentzat... «Ardiak, ardiak...! esan zuen Kakok; haiek gu baino hobeto bizi dituk ze, gu beti ezean bizi baikara, eta ardiak, berriz, hezetik hezera!»

      Txemiñek Ander besarkatu zuen, eta honek, «oraintxe, esan zuen, mmm, oraintxe arkume bat, oraintxe sarmientoekin erreta txuletilla batzuk...», eta Txemiñek: Gaur ere, meza ostean, beheko plazan udaletxearen kontu txorizoak eta txakolinak eman zituztela, berrehun baino gehiago txorizo puxka baziren eta, bost minutuan denak bukatu zituzten!; sorianoak izango ziren, Kakok esan zuen, eta ke-ba! eta bertakoak ere bazirela eta hala zirela gehienak, Kakok esan zuen: «Mezak gosea ematen duela!,» eta Tolok, tripa ferekatuz: «Bai, ni horregatik ez nauk joaten!»

      Istant hartan tiro bat aditu zuten, une batez denak isildu eta belarriak erne paratu zituzten baina ez zen beste soinurik izan, Kakok esan zuen hori ez zela ehizako eskopetarena izan eta hori fusil batena izan zela, eta Anderrek, eskopetarena izan zela, eta igual behi eroak zirela eta hasi zirela inguruko baserritarrak Inglaterrakoak bezala suizidatzen, eta Aezkoan oraindik orain erdi kaskatuta zeuden bi behiburu atzeman zituztela eta Tomasen astoa ere juizioa galduta egongo zela, Pepe, berriz, eskoba pasatzen hasi zen eta, pixka bat hari utzita esan zuen tiro hura tximinia batean botatakoa izango zela, baserriren batean tximinizuloa ikatzaren hautsarekin itsutu egingo zela eta suak hartu eta sua itzaltzeko tiroa gora bota egin behar zela...

      Eta, aulkiak jasotzen hasi zelarik, beste ronda bat eskatu zioten, Pepek ezetz aurrena, baina Kakok zemai egin zion eta Anderrek denbora zaharrak aipatu zizkion eta bueno eta eurak zirelako eta azkenekoa aterako ziela, esan eta egin, eta Anderrek, barra gainean txatar pila bat utzita: esateko zenbat zen hura, bitartean Txemiñek billete handi bat utzi zuen barra gainean eta lehengoa ere egiteko zegoela eta biak egiteko handik, Lañua oraintxe esnatu zen eta: «Nikingoit!» esan zuen ez oso goxo, bere xarparekin hartu egin zuen billete hura eta airera bidali zuen eta berak pagatuko zuela, atera zuen sakelatik billete sorta bat, besteak samurturik gelditu ziren, pagatzera joan zen baina nonbait estropezu egin eta lurrera joan zen, Txemiñek esan zuen: «Atxur galanta harrapatu duk, kabroi horrek,» Anderrek paperezko serbilleta bat paratu zuen buru gainean eta kantari hasi zen, eta hura hala eta besteak nola-hala zeudela kanpoan pafaka ezagunak entzun zituzten.

      «Hemen duk astoa,» esan eta, Txemiñe eta Tolo atera ziren eta zeukaten eskarmentuarekin eta Erdoiri ikasita ere, potx-potx eta maite-maite egin eta erraz aski menderatu zuten, atera ziren eskobarekin Pepe eta orujo botilarekin Ander eta Kako bere puruarekin ere, astoak urruma egiten zuen eta dardarka eta hipaka zegoen, bizkarrean izerdi hotza eta tripa txuria ferekatuz noski penaren bat zeukala, Tolok esan zuen, eta sukarra zeukala, esan zuen Txemiñek, bitartean helduka-malduka Lañua ostatutik irten zen eta astoagana joanda lotu zen bere jakineko zereginari, basta-zorroan begiratu zuen eta hartan Tomasen jertseaz eta Pelloren bakailaoaz gain Erdoiren gorroa bilatu zuen; hura ikusirik:

      «Hor goian baduk misterioren bat!» esan zuen Kakok, eta Anderrek:

      «Erantzuna Amabin zagok!,» eta Txemiñek:

      «Otxomak ba hara!» Eta bera aurrean, eta besteak atzean, Lañua eta Pepe izan ezik, besteak iufa eginez abiatu ziren astoarekin gora, astoa ja kontra egin gabe, etsi-etsian lotu zen bideari haiekin, Kako itzuli egin zen eta:

      «Hi ez al hator?» eta Lañuak:

      «Gojunna'ni,» gero joango zela bera, bitartean Pepe ostatura sartu zen eta lagunek segi zuten gora eta aska parean zeudela Kako itzuli egin zen eta:

      «Gero bazkari Tximitxan!»

      Baietz gisa, orru bat egin zuen Lañuak, atzera Kakok:

      «Txuleta bana...!»

      «Baai!»

      Txabola parean zirela, berriz ere itzuli zen Kako:

      «Ordu bietan!»

      «Baai!» Handik pixka batera, berriz: «Hiruretan!»

      «Baale!;» Kuadrillan azkena, segi egin zuen Kakok eta, dagoeneko Aireko errebueltan: «Ahal baduk, ordu bietan etorri!»

      Zer edo zer esan zuen Lañuak; haren ahotsa aditu zuten behintzat; ez zuten, baina, ulertu zer esaten zuen.

      Aurrean Txemiñe, astoari uhaletatik helduz, eta besteak Kakorekin atzean, Kako kanta marmarrean hasi zen eta Ander eta Tolo ere aise eta airaturik aurrena, barre samurrak eginez, gero, berriz, Azkaraino arnas neketan eta berriketa gutxiko, handik gora Etxabe, beste horrenbeste edo gehiago eta elurra ere ugariago zegoen, orain lehengo hanka zuloei begira Kako zihoan Txemiñerekin aurrean, gero astoa, pafa-pafa eginez ez oso lasai, Anderrek hari, eztula eta eztularen artean hitz goxo batzuk esaten zizkion, taldean Tolo zen atzena, hura ere ozta-ozta eta pixka bat kuxkurtuta zihoan, aurrerago langa bat pasatu eta handik hatzek bitara egiten zuten eta noski batetik Amabira, eta bestetik Etxabera iritsiko ziren, eta bueno, eta batek xuxen Amabira nahi, eta besteak, lehendabizi astoa Etxaben bere ukuiluan utzi, eta gero jaitsiko zirela Amabira txorizo-arrautzekin gosari egitera, eta azkeneko hori, eta hala, hotzarekin zurrunduta eta erdi pot eginda atera ziren Etxabeko kaskora, zeruan mila izar eta ekialdera pixka bat argitzen hasi zen, bertan hiru arbola zeuden, haien enborrak antzigartuta eta kukuluetan, berriz, hosto iluntxa batzuk, orain astoak ez zuen aurrera egin nahi, uhaletatik tira egin eta makilarekin saihetsak berotu ere bai, handik Etxabe berehalaxe zegoen, etxeko teilatua ikusten zen ja, bat-batean Anderrek esan zuen han aurrean itzal batzuk ikusi zituela, adarra jo zioten eta, baietz, esan zuen Anderrek, han kanpoan jendea zebilela, besteek ez zuten ezer ikusten eta pixka bat segitu zuten, halako batean:

      «Alto! Manos arriba!»

      Begiratu zutenerako, inguratuta zeuden, Txemiñek eskuak altxatu zituen eta astoak jauzi egin eta Kako elurretara jausi eta tiro bat izan, sustoarekin Ander ere jausi zen elurretan eta astoak arrantza handi bat egin eta maldan behera harrapaka joan zen, hartara Tolok ere elurra jo zuen eta guardia zibilek, baserritik jaitsi, eta gogor hartu zituzten.

      Lañuak hurrena, ostatu kanpoan enbor batzuen gainean lo gelditu zen eta, astoaren arrantzekin iratzarririk, zabar jaiki eta, haren basta-zorroan Tomasen jertseaz, Pelloren bakailaoaz eta Erdoiren gorroaz gain, orujo botila bat atzeman zuen. «Gehiegi edan diat!» esan eta, lo segitu zuen.