Ezinezko maletak
Ezinezko maletak
2004, nobela
256 orrialde
84-95511-62-2
azala: Asun Goikoetxea
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2017, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1998, kronika
1996, poesia
1991, poesia
 

 

Fermin

 

Ferminek psikologo biltzar batera Londresera zihoala hots egin zionean, Bazter hotz egon zela iruditu zitzaion, Aliziaren pozerako esan beharko zuen, Aliziak ez baitzuen gustuko Lekunberri Aranaztik zetorren ezer, nahiz eta ezer hori Bazter izan, bere lagunarte osoan Harakin eta Estiren ezteietan gustuko izan zuen bakarra; baina Ferminen aburuz, emaztea ongi ezagutzen zuela iruditzen zitzaion, Bazter zelakoz Herritik ihes egin zuena.

        Ferminek, badaezpada ere, berehala argitu zion ez zuela ostatu hartzeko lekurik behar, biltzarrarekin batera zihoazela hotela eta otorduak; harekin egon baino ez zuela nahi, eta orduan laxatu zela iruditu zitzaion.

        Aliziari harrigarria egiten zitzaion, «Horren adiskide handiak izanik», ahoskatzen zuen hain ongi erabiltzen zuen ironiaz baliatuz, «nola ez dakizuen non egiten duen lana, andrerik baduen, edo gutxienez, bikotekiderik, zer bizimodu daraman; alegia, salbu eta ez baldin badago zuek susmatu baina jakin nahi ez eta hark ezkutatu nahi duen zer edo zer».

        «Zer, esaterako?» oldartu zitzaion Fermin, gehienetan Aliziarekin ados baldin bazegoen ere, «Adosegi» Jexus Marirenez, aldi hartan maltzurki jokatzen ari zela iruditu baitzitzaion.

        «Hara, hori zuek jakinen duzue. Ez zarete ba zuek elkarrekin hazi zaretenak!».

        Fermini iruditu zitzaion Alizia, askotan legez, ernegatzen zuena, zuzenean beharrean, zeharka ari zitzaiola egozten.

        Argi dago ez duela nahi biltzar horretara joan nadin, pentsatu zuen bere baitarako Ferminek; eta joanen zela argi bazeukan ere, biziki interesatzen baitzitzaion Depresio eta Kontsumo gizartea harremanetan jarriko zituen biltzar hura, onartzen zuen Aliziak bazituela arrazoiak minduta egoteko: bakarrik geldituko zen, astebeterako baino ez baldin bazen ere, Enekorekin eta Maialen jaioberriarekin.

        Biltzarraren bigarren egunean hots egin zionean abegitsuago aurkitu zuen Bazter. Baietz, geldituko zirela, arratsalde hartan lan egin behar zuela eta gau aldera, zortzietan, joanen zitzaiola bila. Baietz, biltzar tokira bertara. Biltzar tokiko areto nagusiaren ate ondoko telefonoa zintzilikatu zuenean ohartu zen, ez zekiela Bazterrek zertan egiten zuen lan, eta berehala etorri zitzaion Aliziaren ironia: «Horren adiskide handiak izanik!».

        Adiskideak ote ziren?.

        Areto nagusian sartu zen. Iraganaren berrantolaketa eta Depresioaren arteko lotura ezkutuez ari zen hizlaria: «Gure oraina iraganeko oroitzapenetan egiten dugun irakurketan oinarriturik dago; are gehiago, esan dezakegu, neurri handi batean irakurketa horren emaitza garela, eta, beraz, garrantzi handia daukala gure osasun mentalean oroimen horien antolaketak. Etxe baten eraikuntzaren similaz baliatuz, esan genezake, teilatua paratzen badugu oinarriak baino lehen, edo leihoak leku okerrean paratzen baditugu, etxe okerra geldituko zaigula; antolaketa hau, izan ere, ez dagokio denbora hurrenkerari, baizik eta gure bizitzan garrantzitsu izan diren alderdiei. Zera baino ez dut esan nahi, oinarrian guretzat garrantzikoak diren oroimenak paratu behar ditugula, eta hona nire hitzaldi honen gakoa, errealitateari iruzur eginez». Hizlaria burua altxatzen ikusi zuen, azken esandakoak biltzarkideengan izan zezakeen eragina neurtzeko.

        Adiskideak ote ziren?.

        Haien adiskidantza oroitzapenaz baino ezin zen elikatu, baina, bestalde, «edade honetara heldurik edozein adiskidantza oroitzapenez elikatzen duk; izan ere, orainak ez ziok gure adiskidantzari aukera gehiegirik eskaintzen, ikusi ere oso gutxitan ikusi izan gaituk. Gure adiskidantza, hizlariak esan bezala, errealitateari iruzur eginez edo, argi esateko, errealitateari egindako iruzurrari esker bizi duk, oroimenak hoberako aldatzen duela».

        Ez, zentzu estriktoan ez ziren adiskide; baina izan baziren, adiskidantza oroitzapen haien berrelaborazioari esaten zitzaiona bazen.

        Hizlariari begiratu zion. Oraindik ere baieztapenaren eragina neurtzen ari zen, entzuleei begira.

        Alizia etorri zitzaion gogora. Bere burua engainatzen ari zen. Ez ziren adiskideak, adiskidantza maitasunean baitago oinarriturik, eta maitasuna oraina da; gainontzekoa, esanen zuen Harakinek nahi zuena, bizi izandako maitasunaren oroitzapena, sentimenduen arkeologia zen; gezurra, alegia; bizitzeko beharrezko gezurra, baina gezurra. Baina baita ere, pentsatu zuen, osasunaren izenetako bat, hizlariak ongi esan bezala.

        Gaurkoak oroitzapenen kutxa berritzeko balioko zion.

        Erdi lozorroan eman zituen arratsaldera arte gelditzen zitzaizkion orduak.

 

 

Lurra bustirik zegoen. Erabat ilundurik zen hiriaren gainean. Haize hotzaren labanak lozorrotik erauzarazi zuen. Errainu artean agertu zitzaizkion kale argiak, neoizko letrak, ñir-ñirrean, autoen argi-fokuak. Gabardinaren lepokoak jaso zituen. Eskailera zabaletan gora zetorren gizonari erreparatu zion. Zintzilik zeraman gorbata gorria, eskailerak igotzen zituen bitartean. Bat batean bere burua ikusi zuen ispilu batean bezala: trajez jantzita zegoen.

        Mekaguen la puta, esan zuen bere artean, hoteleko atarian gelditu behar genian.

        Hoteleraino hurbildu-ez hurbildu egon zen, baina erlojuak seiak eta hamar seinalatu zizkion; nahikoa gertu baldin bazegoen ere, ez zuen betarik joan-etorri egiteko.

        Baziren sei urte inguru Bazter ez zuela ikusi. Haizearen labana areagotu zion galtzarbeetatik aurpegiraino hedatu zitzaion izerdi hotzak. Ez zihoan abagunerako egoki jantzirik. Gehiagotan ere gertatua zitzaion, eta bazekien gauean behin baino gehiagotan sentituko zela preso trajearen barnean, besteak berari buruz zer uste zuen etengabe galdezka.

        Mekaguenlaputa hotelera joan behar nian. Trajez jantzirik ikusiko naik, eta ergela naizela pentsatuko dik.

        Hitzak bere artean ahoskatu ahala errabia olde bat igo zitzaion zintzurrera. Alizia irudikatu zuen maltzurki barrezka: «Ez duzu sekula zure herri hori zerorren baitatik deserrotuko». Egia zela pentsatu zuen; urteak zeramatzan Bazterrekin luze egon barik, ez zekien zer pentsatzen zuen, ez zekien non lan egiten zuen, ez zekien, hitz batean esateko, nor zen, eta Lekunberriko aurre-juzgu eta bizipenak etorri zitzaizkion, ez onerako, gainera, Aliziak esanen lukeen bezala, baizik eta lotsaturik sentitzeko, edo errudun, edo traidore, eta azkenik haserre eta sumindu.

        Lekunberri puta horrek nerabe egin hau betiko!

        Ezinegonik erlojua begiratu zuen. Eta hogei. Berriz ere barnera sartzea otu zitzaion, baina uxatu egin zuen gogoeta hura arestiko lozorroaz akordaturik.

        Kale zabala gurutzatu zuen, Tamesis ibaiak asaldadura baretuko ziolakoan. Ilun zihoan ibaia, urik ez zeramala zirudien. Beste aldean eraikin dotoreak ageri ziren, botereak botere dela erakusteko behar dituen horietakoak, jauregi neogotiko handi bat, etxe-orratz erraldoi bat harantzago, Buckingham ezkerraldera. Lekunberri Aranazko elizaz akordatu zen. Nola erakusten zen han boterea? Eta ez zitzaizkion etorri eguneroko dotrinan apaizak emandako jipoiak, haren tirania erabatekoa, ez eta maistrak eskolan haur haien gainean zeukan aginte ankerra, ez; etorri zitzaiona, Harakinek eta Harakin bezalako batzuk, Bazter barne zenbaitetan, lege idatzibarikoen bidez, haien mesedetarako ezarri ohituren bidez, lerrotik ateratzen zenarekiko erdeinu bidez, artasuna eta iraultza nahia nahasten zituen jarrera haren bidez, baldarki erabilitako boterea izan zen; «Seguru aski», esanen lioke Aliziak gogoeta kontatuko balio, «horrek egin dizulako min gehien, eta hori duzulako oraindik haragi bizian». Eta konforme egon beharko luke Aliziarekin, gehienetan bezala, nahiz eta konforme egote hori gero eta makurrago eraman.

        Atzera begira jarririk, ebatzi zuen Bazterrek ez zuela horrelako «jokoetan» parte hartzen; esaterako, Bazterrek ez zuen koadrilan ongi pasatzeko ergel bat behar; Harakinek, aldiz, bai, haren kontura barre egiteko; eta askotan, gehiegitan, Fermini berari egokitu zitzaion rol mingarri hori.

        Koadrila hitza bera ere nazkagarria iruditu zitzaion, euskaldunen banakakotasun gabeziak sortutako talde ama zorrotz bezain irentzailea. Eta bere buruari aitortu beharra zion, azken bolada hartan, jada gazte ez zela, egunerokotasunaren pisutasunak gero eta makurtzenagotzen zuela; aitortu beharra zion, batzuetan ments zuela komuntasunaren epeltasunari esker bizia erraz bihurtzen zuen jende talde hura, ama ments izaten den moduan.

        Haize bolada bustiak bere baitatik atera zuen atzera berriz. Taxi bat gelditu zen Biltzar Jauregiaren aurrean. Bazter ikusi zuen jaisten. Esti eta Harakinen ezteietan baino askozaz argalagoa zegoen; orduan joera zena, errealitate bilakatua zen buru soilduan; kuzkurturik zirudien, «Hotzagatik, beharbada» pentsatu zuen. Zehatzago behatzearren, eskailerak igo zitzan utzi zion; eta ia goian zegoela, Ferminek lasterka gurutzatu zuen kale zabala, autoak saihestuz, «Bazter, Bazter» garrasika.

        Eskailerak igotzen ari zela, trajez jantzita zihoala pentsatu zuen atzera. Jauregiko ate nagusitik sartzear zegoela sorbaldan ukitu zuen.

        «Fermin!» zabaldu zizkion besoak.

        Elkar besarkatu zuten barrezka.

        «Zer moduz!».

        «Ongi, ongi».

        «Oso mehe hago».

        «Badakik, zaindu egiten nauk. Hi, zer eginen diagu? Bukatu duk hemen?».

        «Hik nahi duana».

        «Afaltzera joatea pentsatu diat, eta gero zer edo zer har zezakeagu».

        «Konforme».

        Taxian igo ahala isiltasuna egin zen bien artean. Ferminek ibaiaren bestaldeko eraikin ofizialei erreparatu zien: Parlament House, Buckingham Palace. Ez zekien nondik hasi: non lan egiten zuen, non bizi zen... galdera bat-batekoegiak izateaz gain, haien arteko distantziaren nabarmengarri iruditu zitzaizkion —sei urte atzera, Esti eta Harakinen ezkontzara—, bizitza pertsonalez ezer kontatu ez zuen Bazter hari egiteko. Eguraldiaz zerbait esateari, halaber, ergelkeria bainoago iritzi zion, azken zortzi urtetan behin baino ikusi ez zuen adiskide bati egiteko.

        «Zer moduz kongresua?» salbatu zuen Bazterrek.

        Maitasuna oraina da, etorri zitzaion gogora.

        «Konduktistegia, badakik; nahiz eta gaur arratsaldekoa saio interesgarria izan». Profano batendako interesik gabeko azalpen luzeegi batean trabatu zen gero, harik eta Bazter gizalegez entzuten ari zela ohartu arte. «Badakik, psikollolloak» ebatzi zuen nahasketatik ateratzeko, duela hamar urteko adar jotzea berrituz. Aliziak dantza egin zion gogoan, «Zarena zara» kanta ergel baten leloa bailitzan abesten.

        «Zer moduz hire andrea? Beste haur bat izan duzue, ezta?».

        «Nola dakik?».

        «La Policía no es tonta». Barre egin zuten.

        Fermin berehala ohartu zen Bazter bera bezain noragabeturik zegoela berarekiko, eta nahiago zuela eremu arrunt eta komunak zapaltzea, iragana eta inguruak, alegia.

        «Harakinek aipatu zidaan».

        «Orduan badakik...».

        «Bai, bazekiat haien ume atzeratuarena; Kaplan doktorearengana etorri zuan, Down sindromean aditua duk, baina ez zioan esperantzarik eman».

        «Bai, mediku pila ibili ditek. Esti oso kezkaturik zegok».

        «Harakin ere bai. Gogorra izan behar dik, hire amets guztiak zapuzten direla esatea. Dena dela, beti bezain tinko segitzen dik».

        «Bai, tinkoegi» ausartu zen Fermin.

        Gelditzeko agindu zion Bazterrek taxi gidariari, Fermin harritu zuen ingeles azentuarekin.

        «Oso ongi mintzatzen haiz ingeleraz» esan zion, jaitsi zirenean.

        «Nahi likek» erantzun zion. «Gustuko dituk jatetxe japoniarrak?».

        Ez zitzaion erantzunaren espera gelditu, eta letra japoniarrez apainduriko atetik barneratu zen.

        Lurrean eserarazi zituzten. Areto erdi hutsari erreparatu zion Ferminek, paper eta egurrezko tabikeak, mahai baxuak, horma hutsak, lanpara ongi kokatuak. Zerbezak ailegatu ahala heldu zituzten isiltasunari ihes egiteko.

        Nola biziko ote zen? Egia ote zen Aliziak zioena, alegia, homosexuala dela eta homosexualitate hori bizitzeko alde egin zuela herritik? Izan ere, alde egin beharra zuen lasai ibiltzeko? Seguru aski bai. Nola bizi desberdina izanik Lekunberrin? Herria bertako legearen arabera irabazle izendaturikoentzako tokia zen, azpimarratu zion bere buruari, Donostiara bizitzera joatearen erabakiaren arrazoiak berrituz.

        «Beno, eta kontaidak: zertan habil?» galdetu zion Ferminek, gehiegi galdetzen ari zelako susmoak harturik.

        «Lanean esan nahi duk?».

        «Bai».

        «Han eta hemen. Baina azken aldi honetan pub bat hartu diat. Badakik, hemen gobernuarenak izaten dituk pubak, enkantean ateratzen dituk, eta bat hartu diat. Ongi».

        Azalpenak jakin-mina ase ote zion desafioz so egin ziola iruditu zitzaion Fermini.

        «Ez nekian» poztu zen Fermin, begiradari ez ikusiarena eginez; erabakirik zegoen Bazterren bizitzari buruz zerbait jakitera, ez Aliziagatik, beragatik baizik.

        «Bai, duela gutxi» jarraitu zuen Bazterrek, gorputzaren teinkada laxatuz. «Kostatu zaidak, baina azkenean lortu diat. Ez duk han hire taberna izatea bezala, baina negozio ona duk».

        Fermin beste aitorpen baten espera gelditu zen, baina etorri ez zenez, isiltasuna ezarri zen haien artean. Janaria ekarri zuten halako batean. Sushia. Ferminek ezin izan zuen nazka keinua bisaiatik ekidin.

        «Proba ezak, motel» esan zion Bazterrek, irribarrea ezpainetan. «Ona duk, ikusiko duk».

        Ferminek baiezkoa egin zion.

        «Zer moduz zegok Esti?».

        «Badakik, ez duk oso bolada ona pasatzen ari».

        Une batez, Bazterren hersturagatik ezinean zihoan elkarrizketa hari ez laguntzea erabakirik, bere horretan utzi nahi izan zuen aipatutakoa, baina kontatu nahiak bultzaturik zera gehitu zuen: «Ez zabiltzak oso ongi Esti eta Harakin. Nolabait esateko, eta hauek Estiren hitzak dituk, Harakinek ez dik onartu nahi Down sindromedun semea duela, eta ihes egiten omen dik. Berriz ere jo eta su hasi omen duk militatzen, eta gero eta lan gehiago egiten omen dik harategian ere. Hitz batean, gaizki; eta Estik ez zekik zer egin».

        Komentarioarekin deseroso ikusi zuen Bazter. Isiltasuna ezarri zen bien artean. Bazterren isiltasuna komentario harekin afaria izorratu izanagatik zela iruditu zitzaionez, erru olde batek hartu zuen Fermin. Atzera eta atzera egin zuen. Aliziarengana hurbildu zen une batean, eta pentsatu zuen zertarako hots egin ote zion Bazterri, zergatik arakatu behar izaten zuen oroitzapenetan, zer zela-eta zegoen herri nazkagarri hari estekaturik.

        «Ez zegok eskubiderik gure ametsekin egiten ari direna egitera».

        Bazterren ez-ulertu bisaia agertu zitzaion, putzu huts baten modura.

        «Jendea hiltzen ditek gure izenean, eta jada nik ez zekiat zeren alde nagoen. Hiltzearen aurka nagoela zekiat bakarrik. Komando hura osatu nahi izandu genuenean munstro bat elikatu genian, eta horretan errua diagu. Hura gelditu beharra zegok, geure buruen, euskaldunen kontra ari gaituk. Ez duk jakinen, baina Alizia, nire emaztea, aspalditik zebilek talde bakezale batean, Gesto por la Pazen. Gelditu beharra zegok, ez ditek eskubiderik gure ametsen izenean egiten ari direna egitera. Gure Ametsak! Izan ere, ez duk horren inportantea independente izatea, ez?».

        «Ez duk hain inportantea euskaldun izatea» bota zuen Bazterrek sorbaldak jasoz.

        Isiltasuna zerbeza tragoxka bat bezala kokatu zitzaien.

        «Eta Jexus Mari?» galdetu zion Bazterrek, ezaxola iruditu zitzaion tonuan; baina Fermin ongi asko ohartu zen Bazterrek ez zuela ildo hartatik jarraitu nahi

        «Ongi».

        Basoetako zerbezatik zehar begiratu zioten elkarri.