Blackout
Blackout
2004, nobela
184 orrialde
84-95511-61-4
azala: Jeanne Mannen
Xabier Montoia
1955, Gasteiz
 
2021, narrazioak
2017, nobela
2013, nobela
2004, nobela
2000, poesia
1999, nobela
1998, kronika
1997, narrazioak
1992, ipuinak
1991, nobela
1988, poesia
1985, poesia
1983, poesia
Blackout
2004, nobela
184 orrialde
84-95511-61-4
aurkibidea
 

 

—3—

 

Reich-aren bandera Eiffel dorrearen gainean dagoenetik aste bete doi-doia iragan eta engoitik irekiak dira Montmartreko kabaret eta ostatu gehienak. Le Grand Jeu, L'Heure Bleue, Le Monico, Pigalle karrikan barna hedatzen den izen iradokorren lerroa. Eta Le Bon Diable, jakina.

        Zazpietan hurbildu da hara, ireki baino oren pare bat lehenago. Musika entzun du atea zabaldu orduko. Sarreran nehor kausitu ez, eta beheiti jarraitu du, Donne-moi ton sourire datorkion aldera. Jaka eta flokarik gabe ari dira musikariak, garagardo edo freskagarri bana beren oinetan, zigarreta bana ezpainetan dilindan. Gaueko emankizuna prestatzen ari dira. Pista inguruko mahaietako argi gorriak oraino itzaliak, zuriak dituzte piztuak. Kolore gorri ilun batez margotu paretetan, deabru alai baten irudiak hauteman ditu.

        Une bat, otoi, erran eta han utzi du emazte gazte-ederrak, iguriki.

        Flocard bera etorri zaio abegikor. Musikariak bezala, hura ere jaka eta flokarik gabe dago. Mahai batera egin dute. Flocardek eskua altxatu, eta lehengo zerbitzari bera azaldu da.

        Zer edan nahi duzu?

        Zalantzan dirudi Etxegoienek.

        Koñaka, menturaz?

        Ongi.

        Bi Hennessy, Olga, erran dio zerbitzariari Flocardek.

        Ongi haiza?

        Bai.

        Egunkarian ere bai?

        Bai.

        Kiroletan oraino?

        Bai, baina biziki akiturik.

        Aferen munduan sartu beharko hukeen, Jean, nire gisan. Profita hadi oraingo gerla honetaz. Sal, eros, hor duk sosa.

        Sal, eros, nik? Nik eleak saltzen baizik ez zakiat. Eta are txarragoa nauk erosten. Ardo beltz merkea baizik ez diat erosten, ardo beltz merkea, ez hau bezalako koñak zoragarria.

        Eleak ere saltzen dituk, eta hainbatetan oso kario. Jakin beharko huke horrenbertze.

        Ez nireak.

        Hireak ez? Nornahirenak eros zitzakek ordaintzen dituenak, hark jakinarazi nahi duena aditzera emanez gero, bai.

        Ni ez nauk Mauriac, ni ez nauk Eluard. Ez nauk joaten Florera edo Montparnasseko kafetegietara. Ez nauk intelektualen lagunartekoa.

        Hi poeta haiz, aitzitik.

        Ez. Nik kirolaz idazten diat egunkari zirtzil batean. Izan nintzen poeta Champagne aldeko erreketan baratu zuan.

        Poeta, kazetari, axola guti. Sosak benetan nahi izanez gero, nonahi kausi daitezkek.

        Bila ditzagun elkarrekin, beraz.

        Ez duk ideia txarra. Seguru zer edo zer sortuko dela.

        Luzaz mintzatu dira, gerorako egitasmoak egin dituzte, kabareteko atearen zabaltzeko tenorea heldu den arte. Jaka ekarri diote Flocardi. Jantzi, sakelatik atera mitxeleta lepo inguruan estekatu, eta eskua eskaini dio: Izanen gaituk, Jean. Etor oro prest duanean. Eta, arren, ez pipa gehiago Gauloises horiek.

        Zinkera hurbildu eta Lucky Strike kaxa bat atera du handik. To, eman dio, benetako tabakoa, amerikarra, ez hire Gauloises zikinak. Hona etortzean izanen duk zer pipatu, behintzat.

        Kutxa besapean karrikara egin duelarik, sartu dira Le Bon Diablen gaueko lehen bezeroak: aitzindari alemanak ia denak.

 

 

Egunkariak salgai daude berriz ere Parisko bulebarretan. Abia osoan dira makinak Etxegoien lanera azaldu denerako.

        Besta bart ere? jakin nahi izan du Lucek.

        Hain eite makurra ote diat?

        Betikoa, guti goiti-beheiti.

        Mila esker. Goazak kafe bana edatera.

        Hire bila etorri dituk.

        Nire bila, nor?

        Fazonen idazkaria.

        Gero joanen nauk, kafea eta gero. Orain ezinen nikek nehorekin solastatu.

        Kafea bai, baina alkohol tantarik ez diete ostatuan eman. Debekatua omen dute.

        Orok hobera eginen zuela erraten hidaan. Asmatzaile galanta hi, orain ezin ardorik ere edan. Baina hiri bortz axola, etxean edaten duanez.

        Gonbidaturik hago gurera, erran nian lehengo batean. Ez haiz azaldu, eta ez duk engoitik nire familiaren estakurua.

        Lanpeturik nabilek azken aldian.

        Alemanen aurkako iraultza artatzen ari haiza?

        Ez. Hi bezalako blagazale funsgabekoen aurkakoa. Ostatuan gaudek, ez hire etxean. Ez ahantz.

        Tabakoa atera du Etxegoienek: To, pipa eta isil.

        Amerikarra, ohartu da Luc zigarreta piztu bezain agudo. Aitaginarrebari ebatsiko hizkion Biarritzen.

        Ez dio Etxegoienek ihardetsi. Kea ahokada biribiletan kanporatzen du pentsakor.

        Zer gertatzen zaik? jakin nahi du Lucek. Hi bezalako ziniko bat ere azkenean gerlaz arranguraturik?

        Zinikoa izanen nauk, baina ez arrangura. Fazonek zertarako nahi ote nauen, horrek kezkatzen naik.

        Zozokeriaren baterako, ziur aski.

        Fazonek ez dik egundo zozokeriarik egin.

        Egia.

        Ez dik horretarako astirik.

        Bere langileok esplotatzearekin aski lan.

        Bon, Luc, neuri ez didak prediku hori egin behar. Buruz zakiat eta hik baino anitzez lehenagotik.

        Jakin jakinen duk, konprenitu batere ez.

        Konprenitzen ez dudana heu haiz, nola iragan daitekeen norbait anarkista izatetik ziniko erresumindua izatera.

        Poeta izatetik kazetaria izatera iragaiten den molde berean: aise, oharkabean kasik. Hogei urte barru konprenituko duk ederki.

        Bai, aita.