Hodei berdeak
Hodei berdeak
2003, nobela
296 orrialde
84-95511-56-8
azala: Xabi Alonso
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2006, narrazioak
2001, rapsodia
1998, saiakera - nobela
1995, nobela
Hodei berdeak
2003, nobela
296 orrialde
84-95511-56-8
aurkibidea
 

 

—4—

 

Ciudad Viejako apartamentukoak isilik zeuden aspaldi. Magnetofonoa, hortaz, geldirik zen, apartamentuan ahotsak entzuten zirenean, bakarrik, martxan jartzen zen modelo aski berria baitzen. Furgonetaren atzeko aldeko entzun-tokiak anplifikadorea ere bazuen, eta beharrik, seinalea nahiko baxu iristen baitzen.

        Teorian, ni analista nintzen. Baina Montevideoko estazioa txikia zen, eta gehienoi denetarik pixka bat egitea egokitzen zitzaigun.

        Furgoneta hogeita lau ordu egunean egoten zen apartamentuaren ondoan aparkaturik. Guk egunero egiten genuen hango buelta, dena OK zegoela baieztatzeko. Waldo, neu eta lehen zerbitzua egiten ari zen nobato bat, Spring deituko duguna. Ordu pare bat egoten ginen. Waldo egon izan ez balitz aspertuko ginatekeen. Waldo beteranoa zen, ni ez hainbeste, baina Spring labetik atera berri-berria zen. Waldoren berriketari adi egotea tokatzen zen. Bere ile beltz luzeak eta alkandora lorez estanpatuak kontraste handia egiten zuten berriaren kalpar argi eta motz-motzarekin eta traje gorbatadunekin, unibertsitario-begirada argiarekin. Ni ez nintzen Waldoren mailara iristen, baina nire itxurak, ordurako, ez zuen zerikusirik aberriaren atleta harenarekin behintzat, burusoiltzen hasia nintzelako, eta koipe pixka bat pausatzen ari zitzaidalako giharren gainean, besterik ez bazen ere.

        Nik banekien Waldo lan egina zela Espainian 1950eko hamarraldiko urteetan, Hego Ameriketara destinatua izan baino lehen.

        Bere esanetan, Espainia lanerako paradisua zen.

        —Etxean bezala ginen. Eta emakumeak...

        Konpainiaren ordezkaria izan zen 1956an, Espainiako gerra garaian Errusiara joandako haurrak berriz Espainiaratzeko saioak hasi zirenean. Gure ugazabak beldurrak zeuden KGBk ez ote zuen aukera profitatuko berraberriratutako ehunka haur horien artean agenteak infiltratzeko. Franco jada ez zen mutil gaizto bat, antikomunismoaren gatazkako aliatu baliagarria baizik. Espainia eta Estatu Batuak adiskidetu berriak ziren.

        Agente bikoitzak erreklutatzeko ere ez zen aukera txarra. Harrera-batzorde bat eratu zuten, eta Waldo bertan sartu. Mila "haur" —esan nahi baita, 1956rako ederki koskortutako gizon-emakumeak— baino gehiago Espainiaratu ziren, eta bizpahiru dozena agente identifikatu zituzten, gehienetan Konpainiaren laguntza ezin baliagarriagoarekin. Waldok ez omen zuen galdeketetan zuzenean parte hartzen, baina itzaletik zuzentzen zituen, aholkulari gisako zerbait zen.

        —Galdeketa luzeak ziren, eta zorrotzak. Adoptatu zuten familiaz, ikasketez, egoera zibilaz, proiektuez, zaletasunez, osasunaz, denaz galdetzen zitzaien. Txostenak errepasatzen nituen, historial batzuk aukeratzeko —sudur gainean kolpetxo batzuk ematen zituen, bere usaimenaren nolakoaz kontura gintezen—. Historial batzuk aukeratu, eta haien gainean jarduten nuen lanean. Apendize-ebakuntza egin diotela? Et, et, et, kontuz gero, txitxarroa sakatu nahi digute; hurrengoan galdeiozu non egin zioten apendize-ebakuntza hori. Artean bagenekien Moskuko ospitale jakin bateko zein atal zehatzetan atenditzen zituzten KGBkoak. Mila detaile txikik salatzen zituen.

        Egia izan, gezurra izan, Waldoren berriketarik gabe, askoz aspergarriagoak ziratekeen inolako gertaerarik gabeko zainketa luze haiek. Kubako enbaxadako morroi baten barrandan ari ginen. Ciudad Viejako apartamentuan amorantearekin biltzen zen. Morroia enbaxadako transmisioez arduratzen zela bagenekien. Amorantea guk erreklutatua zen, baina kubatarrak ez zekien, noski.

        —Zerria ederki ibiliko da bere kuttunarekin; eta, bitartean, gu hemen, lata barruko sardinak bezala, txilibituari gusturik eman ezinik. Espainiako neskak, ordea...

        Zelataldi horiek askotan bukatzen ziren Pocitos eta Punta Gordako putetxeetan. Waldori harrera ona egiten zioten guztietan. Waldo tematu zen Spring horietako batera eramaten. Berdin egiten zuen Montevideoko estaziora joandako umemoko guztiekin. Gizonak barruan zer dakarren jakiteko, hankatartean zer dakarren jakin behar da, esan ohi zuen.

        —Eta Hewart ez dator?

        —Hewart? Nola etorriko da, ba, marikoia da-eta!

        Springek begiak plater eginda zituela begiratzen zidan. Bost axola niri Waldoren ironiak, nire asuntoak gobernatzeko maila aitortzen zidanez gero. Baina Springi gauzak poliki azaldu behar zitzaizkion, bestela kapaz baitzen Oldmanengana, estazioko nagusiarengana, alegia, kontu eske joateko. Eta Oldmanek, bere golf-partidetarako denbora kentzen ahalko zion zernahi gai, irain pertsonaltzat hartzen zuen.

        —Zaude, zaude... Marikoia da baina emakumeak gustatzen zaizkio. Ezkonduta ez dago, ba?

        —Badira ezkonduta dauden homosexualak —esaten zuen Springek, arrazoi osoz.

        —Azalduiozu, Tom.

        —Azalduiozu zeuk.

        Waldok, Madrilen zegoela, Espainia guztiko emakumeak ezagutu ei zituen. Nor baino nor ederragoa. Hango inteligentziako koronel bat omen zuen ehiza-kide, askotan. Espainian lan egitea oso dibertigarria zen. Esaterako, sobietarrak Hungarian sartu zirenean, koronel horri informazioa segundorik galdu gabe pasatzeko agindu zioten.

        —Gaua zen, oso berandu. Hala ere, hots egiteko agindu zidatenez, hots egin nion. Ohetik aterako nuen, jakina. Koronel jauna, esan nion, errusiarrek Hungaria inbaditu dute. "Goizeko bostetan!?" erantzun zidan, "Hauek al dira inbasioak egiten hasteko orduak!? Doa-zela popatik hartzera!!" Eta ohera itzuli zen.

        Waldo irriz lehertzen zen ipuinarekin. Nik ere irri egiten nuen, baina ilea militarren moduan moztutako eta txukun jantzitako gure kolega gazteak harriturik begiratzen zidan, ulertu ezinik; Spring hezur gogorra izaki; halako anekdota bat ezin zitekeen irrigarritzat har, protagonista koronel sobietar bat izan ezean. Bota ere egin zion: "Ez dakit zertan den irrigarria herri aliatu bateko koronelak halako arduragabekeriaz jokatzea, mendebaldeko segurtasunari zuzen-zuzen doakion gai larri batean".

        —Lasai, Spring, hitz egiteko modu bat baizik ez da —egingo nukeen orduan egin zituela Waldok algararik handienak, fatxadaz barrura izanik ere.

        Orduan Waldo, oraindik, beste bat gehiago zen, beste putakume bat gehiago, ez besteok baino hobea, ez gaiztoagoa ere. Springek, aldiz, alde batetik pena ematen zidan, eta beste alde batetik amorrazioa. Dena, Spring hura begiratu eta nire burua, hamar urte lehenago, irudikatzen nuelako. Spring haren kasua nirea lakoxea izan zitekeen, edo ez. Spring gehienek, denborarekin, okerragora egiten dute.

        Ni ordurako ezkondua nintzen. Unibertsitatetik atera eta berehala ezkondu ginen Penny eta biok. Bera ere, ni bezala, familia katoliko moral estu bateko alaba zen; elkar maite genuen. Lehenbailehen ezkontzea erabaki genuen, hala egin ezean urruti ikusten genuelako gure bizitzak elkartzeko unea, eta puritanismoak ezarritako trabak gainditzeko bide bakarra irizten geniolako.

        Eta han nuen Spring hura, sudur puntaren aurrean. Waldoren eta bion irriak ulertzen ez zituena.

        —Ulertu itzazu espainiarrak, Spring —saiatu nintzen—; moneta-truke guztietan galtzaile ateratzen dira, zu eta biok ez bezala.

        Bazuen ironiarentzako halako koraza bat, iragangaitza. Labain egiten zioten ironiek, euriak plastikozko xira batean labain egiten duen bezala. Neure buruari galdetu nion zerk eraman zuen Spring furgonetaren atzeko alde hartara; mundua erdi normala balitz Martini bat eta oilasko-sandwich bat hartzen beharko luke, edo lagunen zain, zaldi gainean paseoa emateko, edo beisboleko emaitzak begiratzen.

        Denok geundeke hobeki beisboleko emaitzak begiratzen.

        Nahi baino lehenago jakingo genuen zer aldetara lerratuko zen Spring hura, ordea. Bera bezalako asko ezagutu ditut, nire herrikideen artean; munduari berri ona zabaltzen ari zaizkiolako uste osoa dute, hainbeste non etsiak ezin ditu inoiz ere, inolaz ere harrapatu; euren filosofia eta bizimoldeak onartzen ez dituztenei ezjakin irizten diete, lehen; gero, ustezko ezjakinak, bestelako balioak dauzkatela erakusten saiatzen badira, itxi egiten dira ostrak lez, halako geruza iragangaitza eta ikusezina jariatzen, segregatzen dute, beren espiritua preserbatibo babesle erraldoi baten barruan biltzeko; hortik aurrera, begiratzen dute ikusi gabe, entzuten dute ulertu gabe, ezerk erre ez dezakeen adreilu erregor bihurtzen dira, dena euren amerikartasuna aratz, puru gordetzeko amoreagatik; eraman dezakezu holako amerikar bat munduko antipodetara, mila urte askotako kultura batek blaituriko isla batera; egon trankil, gure amerikarrak bereari eutsiko dio Manhattanen balego bezala, mila urte askotako kultura horrek ez baitio urradurarik ñimiñoena egingo bere amerikartasunaren koraza zulaezinean. Gure amerikarrak ez du une labur batean ere pentsatuko besterenik ulertzeko ezintasun errotiko hau bere gabezia denik, noski, ez bada bestearen ezjakintasuna, edo are okerrago, maltzurkeria, tema, gaiztakeria setatia. Orduan, kontuz ibili, erasanak sentitzen direlako. Horretaz konbentzitzen direnean, kasu, arriskutsuak baitira; dolarrez nagusitzen saiatuko dira, lehen, eta gero armez. Baina, edozein astakeria eginda ere, ez zaie kontzientzia aise alatuko.

        Horretan fededunen antzerakoak dira. Fededunak, arrazoizko argudioak huts egiten badio, fedea ateratzen dizu, eta orduan zure irismenetik kanpo gelditzen da, harrapaezina da, totem horrek besteen gainetik jartzen du. Amerikartasuna ere bere gisako fede bat bezalakoa da, osagarri kultural, antropologiko, historiko, ideologiko, ekonomiko eta nik dakita zer gehiago dituen koktel oso berezia. Mendebaldeko zibilizazioa. Gehienetan ezinezkoa izaten da jakitea nork erabakitzen duen osagarriak zein neurritan sartu behar diren koktel-ontzian, baina. Susmatu baizik ez da egiten. Edonola ere, ondorioa da amerikarrari "mendebaldeko zibilizazioak", kristauari fedeak bezala, norbera ongiaren eta gaizkiaren gainetik jartzeko balio diola.

        "Fedea", "antikomunismoa", "aberria"... Hitzak eta hitzak, eta ondoren hitz gehiago. Alibiak, koartadak. Ordurako aspertzen hasia nintzen. Hitza potoloago, eta aspertuago. Eta, hala ere, ni ere hitzez beteta nengoen, eta nago... Askotan federik gabeko fededuna naizela pentsatzen dut, botila erdi hustuta edo erdi beteta ote dagoen sekula erabakitzeko gauza ez den itzal irrigarri bat, nire hitzak ere sinesten ez dituena.

        Kubako enbaxadako agenteari jarri genion entzuketa-sistema nahikoa sinplea zen, guk "mikrofonoa eta kablea" deitzen genuenetakoa: mikrofonoa, kable eta guzti, ezkutatu; gero kablea transmisore bateraino eramaten da, eta entzuketa-tokian transmisorearen seinalea anplifikatzen da. Kubatarraren amorantea arduratu zen mikrofonoa ezkutatzeaz; gero gure teknikariak moldatu ziren kablea telefono-hariarekin batera apartamentutik ateratzen. Instalazioa ez zen oso txukuna; are, nago behatzaile aditu bat neke handirik gabe konturatuko zela azpijokoaz.

        Waldo arduratu behar zen kontaktu zuzena egiteaz; hori ez zen, begi-bistako arrazoiengatik, Springentzako lana.

        Kubatarrak arazoak zituen, ekonomikoak eta pertsonalak; guk bizimodu berria eskainiko genion enbaxadako klabeen koadernoen truke. Gure teknikariak zioen lau ordu nahiko liratekeela koadernoak ireki, argazkiak egin eta berriz zigiluz jotzeko. Plana aurrera ateraz gero, kubatarren inteligentzia-trafiko guztia irakurtzen ahalko genuen. Waldok kontaktua egin zuen, eta Hernandezek —hala zuen izena kubatarrak—, hasieran, baiezkoa eman zigun. Waldok beste zita bat egin zuen; zita hartara neu joan nintzen, hogei mila dolarrekin, baina Hernandez ez zen ageri.

        —Kubatar kabroiak dantzarazi nahi gaitu, e, Tom?

        Waldok arrazoi zuen, bai horixe. Kubatar madarikatu hark, puska batez, jo batera eta jo bestera eduki gintuen; Hernandez bere enbaxadan ezkutatu zen lehen, gero berriz gurekiko kontaktua onartu zuen, gero ezagutzen gintuenik ukatu. Hainbeste gorabehera tartean, azkenerako gertatu behar zena gertatu zen, eta Waldo Hernandezen amorantearekin nahastu zen. Orduan kubatarra bere kabuz desertatzen saiatu zen, Brasilgo mugako arraian atzera egin eta bere burua justizia iraultzaileari eskaini zion arte.

        Operazioak huts egin zuen, hortaz. Klabe-koadernorik ezean, kubatarrak bere joan-etorrietan sortutako zarata aprobetxatu genuen. Kubaren aurkako prentsa-kanpaina antolatzearekin konformatu behar izan genuen. Baina, orokorrean, txandrio bat izan zen.

        Springek berak ere, tartekoa zenez, irentsi egin behar izan zituen ohiko aldarri abertzaleak eta eraginkortasunaren aldeko deiak oro.

 

 

Txandrioak bere ondorioak sortu zituen.

        —Berrantolaketa bat egitea erabaki dut —esan zuen hurrengo bileran Oldman jaunak, Montevideoko estazioko buruak—. Spring Alderdi Komunistaren aurkako operazioetarako buru berria izango da. Tom Hewart Poliziarekiko loturaz arduratuko da, eta Waldo Gomes, Waldo Gomes... edotariko laguntzaile exekutiboa izango da.

        Springi, ezagutzen ez genituen arrazoiak medio, goranzko ostikoa ematen zitzaion. Horrek are nabarmenago uzten gintuen. Gu egiten gintuzten kubatarraren deskalabroaren arduradun nagusi.

        Gainerako estazioko kideek dolumina bezalako zerbait adierazi ziguten. Erabakiak, praktikan, Springen azpiko egiten ninduen, baina niri, ordurako, berdin-berdin zitzaidan. Waldo are egoera tristeagoan geratzen zen. Nolabaiteko neskametza zen "edotariko laguntzaile exekutiboa" izen arranditsuaren azpian ezkutatzen zen benetako eginkizuna. Edozertarako morroia.

        —Sobietarrei lagundu beharko genieke, Oldman beren kideko egin zezaten. Halakoek, etsaiarentzat lan egiten badute, hainbat hobe. Ba al zenekien poztu zela Hernandezenak porrot egin zuenean? —Waldoren Oldmanekiko ezinikusia aspaldikoa zen; bere kutxa gotorreko klabea ezagutzen zuen, gutunak irakurtzen zizkion, ezkontzatik kanpoko istorioak zerrendatzen zizkion—. Kubatarrak, bere klabeekin, lanez gainezkatuko gintuela beldur zen, eta berak erretiratu arte —hiru edo lau urte baizik ez zituen falta— golfean aritu beste asmorik ez du. Baina bere ipurdia nire gainean pausatuko duela uste badu, jai dauka.

        —Azukre-kanaberako langileak Bella Unionen elkartzen ari dira. Montevideorako martxa prestatzen ari dira.

        Hau Springek esaten zidan, Punta del Esteko Porongon, whisky bat eskuan. Lan berria jantzi handiegia zitzaion. Bazekien, ez zen hain ergela. Edaten hasia zen; baso bat eskuan edukitzeak berdintzen gintuela usteko zuen, ausaz, edo edariak kemena emango zion.

        Horrelakoetan, gehienetan, erantzun ere ez nion egiten.

        Gure harremanak korapilatsuak ziren; nire esperientzia, berarentzat, altxor bat zen, berak falta zuen altxorra, hain justu. Baina nik ez nuen nire altxorra ez edozein preziotan, ez edonori oparitzeko.

        Oso talde hauta elkartzen ginen, Porongon. Ganaduzale aberatsak, Barne Ministerioko funtzionarioak, salatariak, txibatoak, gu geu, jasmin-lurrin mingotseko neska batzuk. Oldmanek bi zaletasun zituen: golfa eta neska gazteak. Bigarren hau Porongon asetzen bide zuen. Behin bere emaztea etorri zen eta eszena bat egin zion. Oldmanen emaztea berrogeita hamapikoko emakumea zen, gaizki eramaten omen zuen senarraren fideltasun eza.

        —Oldmanen atsoa psikiatrarenera joaten da —jakinarazi zigun Waldok.

        Gero jakin genuen psikiatrak —Konpainiakoa berau— azaldu ziola normala zela, bizimodu sekretu eta tentsioz beteak hartaratzen zuela, ez kezkatzeko, Oldmanek maite zuela.

        —Hewartek ez dizkio atsoari adarrak biltzen —jakinarazi zion Waldok Springi.

        Halaxe zen, edo halaxe izan zen, behintzat, gurea konpon zitekeelako esperantzak bizirik iraun zuen artean.

        Waldo ez zen ezkondua. Oso emakume berezia beharko zuen Waldo sei hilabete baino gehiago eramango zuenak.

        Bossa nova eta candombe erritmoek goxatzen zituzten Porongoko arrats nagiak. Spring Linda izeneko batekin ibiltzen hasia zen. Garai hartan Pennyk erabaki zuen Ameriketara itzuliko zela. Seme-alabak berarekin eraman zituen. Ez zen bereizketa formala, baina elkarrengandik gero eta urrunago geunden. Ez duzu burua lehengo lepotik, aurpegiratzen zidan Pennyk. Arrazoia zeukakeen, hain segur.

        —Zuk uste duzu Sendicek pausoa emango duela?

        Informazioa trukatu nahi zuelako simulakroak huts egiten zionean, Springek ilea leundu nahi izaten zidan. Debekatu nion arte, usu emazteaz eta familiaz galdetzen hasten zen maniobra. Kopa bat ateratzen zidan eta aita nahi ninduen, anaia nagusia, bederen.

        —Baliteke.

        Izan ere, nire aholkuak garestiak ziren.

        Nazkatu egiten ninduen. Pentsatzen hasita, ez Springek berak, egoera jakin batek Spring bezalakoak zertaratzen dituen ikusteak baizik.

        —Sendic hori akabatu behar da —entzun zen, ganaduzale mozkor batek esana—. Peludos!

        —Gogorra haiz mutilarekin —hau Waldo zen, ni baino aliatu boteretsuagoen bila, nonbait.

        Kanaberako langileak antolatzen hasiak ziren Uruguaiko iparraldean. Inork lantzen ez zituen 22.000 hektarea desjabetzea eskatzen zuten. Ezkerreko alderdiek eta erakundeek laguntza ematen zieten. Tupamaro izena denen ahotan zegoen, inork talde hartaz ezer gutxi zekien arren. Faxistek, bere aldetik, eskuadroiak eratzeari ekin zioten. Ezkerreko alderdien elkartzeko tokiei eta militanteei eraso egiten zieten, lokalak errez, militanteen hanka-besoetan esbastikak grabatuz, labanaz. Denok uste genuen Polizia nahastuta zegoela erasoetan.

        —Zer dago horretaz, Tom?

        Springi geratzen zitzaion azken baliabidea gehiagotasun hierarkikoa baliatzea zen. Oldmanen aginte-moduak gero eta hobekiago imitatzen zituen. Gero Lindari besotik heltzen zion, eta dantzan hasten ziren. Linda bertakoa zen. Berak azaldu zidan zer esan nahi zuen porongo hitzak, tonu delizios batez.

        —Mate belarra hartzeko erabiltzen dugun ontzia da. Denetariko gaiez eginda daude: egurrez, alpakaz, latoiz, urrez, boliz... Sekula dastatu duzu matea?

        —Behin, Argentinan egon nintzen batean.

        —Argentinarrena diferentea da. Haiek xehe-xehe txikitzen dute belarra. Guk ez.

        Dantzan ari zelarik, Lindak airezkoa zirudien. Spring bossa novarekin saiatzen zen. Dantzari penagarria zen, ez zuen dantzarako dohainik, baina gazteak ez dira euren gabeziez konturatzen beranduegi den arte. Konturatu orduko beren erretratua osatu dute. Gehien-gehienetan, ukitu bat gorabehera, betiko izaten da. Candombearen perkusioaren erritmoan saiatzen zenean are okerragoa zen, epilepsia atake batek jota zegoela ematen zuen. Tangoan ikasi nahi zuela zioen.

        Baina, maite, aginte-moduak maite zituen.

        —Zer dago horretaz, Tom?

        Azken finean, nire egitekoa zen.

        Hiruzpalau polizia nominan zeuden. Capurro izeneko bat aukeratu nuen, nik neuk erreklutatua zelako, eta kapitaina zelako.

        —Sartuta gaude —batere harridurarik gabe entzun nion. Agian harrituago zegoen bera, nire galderak entzunda—. Helburuak? Bihurriak izuaraztea. Lezioren bat ematea, beharrezkoa izatera.

        Informazioa Springi pasatu, eta jarraibideak eskatu nizkion.

        —Adi ibili, baina kanpoan gera zaitez, momentuz bederen.

        Alde egitekoa egin nuen.

        —Hewart —deitu zuen, eta une batez zer esan ez zekiela gelditu zen—. Ez naiz zure begikoa, ezta? Nirekin ongi etortzea komeni zaizula esango nizuke, baina konturatzen naiz alferrik dela. Zenbat urte dituzu? Hogeita hamabost? Berrogei? Nik hogeita zortzi. Sinetsidazu, zure adinera iristean estazio-buru izango naiz, gutxienez, edo aholkularia Washingtonen. Elkarri laguntzen ahal diogu, edo elkarri oztopoak jarri, zure erabakia da. Baina ez ahantzi sekula ontzi berean gaudela.

        Raul Sendicek, noizbait, klandestinitaterako pausoa eman zuen.

        Ni ito egiten nintzen "Amerikako Suitza" deitzen zuten herrialde hartan. Estazioan, gauzak asko aldatu ziren Spring agertu zenetik. Nitaz jada ez ziren fio, bazter uzten ninduten. Waldok berak bizkarra ematen zidan, eta niri ez zitzaizkidan interesatzen euren arteko tirabira absurduak, eskalafoian gora egiteko nahiak sortzen zituen bekaitzak eta mokokaldiak. Gero eta garbiago zegoen Springek adiskide onak eduki behar zituela Langleyn, edo Washingtonen, edo bietan, esku luzekoak. Esan liteke Oldmanen jokabide apatikoak sortzen zituen hutsune ugariak betetzeko kontsignarekin bidalia zela zentraletik. Oldmanek zerbitzu-orri luzea eta ona zuen. Zertarako bera bezalako beterano bati koskoak ukitzen hasi? Oldman eta gero, Waldo zen beteranoena, baina exekutiboa zen, eta ez, begi-bistako arrazoiaz, buru egiteko Konpainiak nahi izaten duen gizon-klasea. Gero neu nengoen, txepel bat alegia, zerbait okerrago ez banintzen, behintzat. Springen etorrerak Konpainiaren arazo guztiak konpontzen zituen: estazioa bere geldotasunetik ateratzea eta politika berriak aplikatzea posible bihurtzen zuen, Oldmanen ospea, lasaitasun-nahia eta —batez ere— erretiroaren baldintzak batere ukitu gabe. Jokaldiak bazuen bere logika, eta Waldo izan zen konturatu zen lehena. Hortik nirekiko aldarte-aldaketa, hortik Springekin gero eta hobeki moldatzea. Niri, aitzitik, jada ez zitzaidan interesatzen Springi kirrinka egiten zizkioten piezak olioztatzea.

        Pennyk idatzi zidan: "Baieztatu dut, bihotza urraturik baieztatu ere, behiala lotzen gintuzten ideiak, balioak eta printzipioak hutsaren hurrengo direla nik sekula ezagutu ez dudan Tom Hewart berri batentzat. Ezezagun bat zara, Tom". Garbiago esaten ahal da? Baina arrazoia zuen. Ez nekien zeintzuk ziren nire ideiak, balioak eta printzipioak. Federik gabeko fededuna, itzal bat. Gaitz erdiaren kontzientzia lauso batek gidatzen zituen, ozta-ozta, nire urratsak. Baina ez nuen, oraindik, dena uzteko erabakia hartzeko kemenik biltzen.

        Pennyk utzitako hutsuneak abandonu-egoeraren gaitz guztiak azaleratzen zituen. Premia gorriko larrualdiek doilor huts sentiarazten ninduten. Edan egiten nuen, gero eta gehiago, baina edariak ez zidan inolako efektu askatzailerik eragiten; mihia, hanka-besoak eta ibilera trakestuko zizkidan, noski, baina ez zidan errealitatearen gaineko kontzientzia bizia lausotzen; hausnarrean aritzearen berezko alderdirik ilunenak areagotuko zituen nire gogo-jardunean —errepikapen obsesiboak, ideia paranoikoak—, baina ez zuen nire pentsamenduaren argitasuna galarazten; aitzitik, batzuetan alkoholak sentiberatasun edo ikuspegi-garbitasun bortitzagoa eragiten zidan. Eta zer, kanaberako langileek martxa bat antolatzen bazuten? Beren herrian zeuden, gu ez bezala; Amerikako Suitza hura ustelkeria eta gaitasunik ezaren erresuma zen, non interes publikoak helburu politiko alderdikoien mende baitzeuden, guztiz. Zer eskubide genuen, benetan, Sendic hari konturik eskatzeko, ezer leporatzeko? Fedea eta pragmatikotasuna baino gehiago behar zen, zinez, gure jokabidearen hipokresia eramateko. Pennyk seme-alaben zaintza eskuratzeko borrokatuko zela gaztigatu zidan, baina, bitartean, ez zidan trabarik jarri seme-alabak ikustera joan nendin. Haiekin egoteko egunaren zain pasatzen nituen orduak.

        Gauetan, Porongon, whisky batzuk edaten nituen, balkoitik Playa Mansa eta Maldonado aurrean nituela. Gero eta gehiago nintzen itzal bakarti bat.

        Behin Linda ikusi nuen, kristalaz beste aldera. Bakarrik. Springen zain egongo zela pentsatu nuen. Keinu egin nion nirekin elkar zedin. Txikia zen, argala eta beltzarana.

        Badia, gauez, begietsi nuen.

        —Ez naiz nire etorkizunaz gogoratzen —errezitatu nuen—. Ezin dut jakin nire iragana nolakoa izango den. Gau betierekoaren naufragoa naiz. Eta ilauntasunean bilatzen dut aterpe.

        —"Etorkizunaz gogoratu"? —Linda erdi harritu erdi dibertiturik zegoen—. Norena da?

        —Ez dakit. Poeta bat, poeta ingelesen bat, uste dut.

        Irri egin zuen.

        —Zer iruditzen zaizu irrigarri?

        Serio jarri zen berriz, bere irriak min egiten ahal zidala une batez pentsatu izan bailuen.

        —Ezer ez. Bakarrik...—gelditu egin zen.

        —Bakarrik...? —nik, esaldia buka zezan aupatuz.

        —Ez zintudan imajinatzen poema bat errezitatzen. Aurreiritzi ergel bat baizik ez da, noski.

        —Ez, arrazoi duzu. Poemak errezitatzea ez da nire bizimoduaren ohiko jarduna. Nire bizimodua eta poesia ez dira ongi uztartzen.

        —Agian alda dezakezu.

        —Bizimoduz, ala poemaz?

        Irri egin zuen, berriro.

        —Zu nire begikoa zara, Tom.

        Linda ezti-ezti mintzatzen zen eta katuaren mugimendu xuabeak zituen, tenperamentu alai, sentibera eta goxoaren osagarri. Ezin nuen ulertu zer ari zen Spring bezalako astazakil batekin. Zergatik zabiltza munstro batekin, maitea? galdetzeko gogoa etorri zitzaidan, baina ez nuen deus galdetu.

        —Zer pentsatzen duzu nekazarien erreibindikazioez? —atera zitzaidan.

        Irriño deszifragaitz bat egin zuen. Begi beltzak zituen. Gaztea zen.

        —Nahiago dut poesiaz mintzatzea, axola ez bazaizu.

        —Jakina. Barkatu nire zakarkeria. Zergatik edukiko zuen horri buruzko iritzirik zu bezalako neskato eder batek?

        Waldo aldendu samarra zebilen nigandik. Nik sumatzen nuen beste azpijokoren bat zerabilela esku artean, eta nirekin topo egitea saihesten zuela.

        Borroka armatua errealitate bihurtzen ari zen: lehergailuz egindako atentatuak, atrakoak. Azken lehergailua, Brasilgo enbaxadako merkataritza-bulegoetan. Kalte txikiak eragin zituen. Alabaina, aldameneko horma batean, izen hauxe ikusi zen, margotuta: Tupamaros.

        —Ansorena —Ansorena Montevideoko polizia-burua zen— ikertzen ari da. Sendicen taldea dela uste du. Raul Sendic bera Uruguaira itzuli dela uste dugu —Springek.

        —Uste dugu? —Oldmanek.

        —Hau da, Sendic, aireko txiki bat erabiliz, Montevideo ondoko aerodromo batean lurreratu zela badakigu. Ansorena jakinaren gainean jarri genuen. Iruditu zitzaigun...

        Oldmanek ez zion aparteko garrantzia ematen, eta Uruguaiko Alderdi Komunistaren aurkako operazioak lehenetsi nahi zituen.

        —Hala ere, Sendic... —Springek, ostera ere, burugogor—. Gure analistek ez dute gauza handirik ikusten beren sudurrez harata. Burokraziak itota gauzka. Metodo berriak behar ditugu.

        Springek estilo berria dakar, ohartarazten zuen Waldok. Oldarkorragoa.

        Hori behintzat egia zen. Funtsean, eztabaida kakatzan leporaino sartzearen alde zeudenen eta nolabaiteko distantzia gordetzearen alde zeudenen artean zen.

        —Gehiago inplikatu ezean, Hego Amerika guztiak eskuetatik ihes egingo digu —esaten zuen Springek.

        Inork ez zuen nire iritzia aintzat hartzen eztabaida haietan. Zokoraturik, entzule mutu, munduaren bukaeraren zain zegoen txorimalo bezalakoa nintzen.

        —Zuk zer deritzozu? —galdetu nion Waldori halako batean.

        Waldok irri sardonikoa egin zuen erantzun baino lehen.

        —Niri igual-igual zait. Baina beteranoa naiz, eta are beteranoagoa izateko planak dauzkat.

        Partida erabakita zegoen, jokatu ere egin gabe. Oldmanek eskuak libre utzi zizkion Springi, bide batez bereak garbituz:

        —Poliziaren arazoa da. Ofizialki, guk ez dakigu deus. Hortik aurrera... —isilune adierazgarria—, konforme?

        Hodei beltz bat hurreratzen ari zen, baina ezer gutxi nuen nik egiteko.

        Pennyk dibortzio-tramiteak hasiak zituen. Epaile batek erabaki arte, handik aurrera, seme-alaben zaintza bere esku geratzen zen.

        Mozkortzea erabaki nuen, baita horretarako Porongoko whisky guztia edan behar banuen ere. Seigarrena edo edaten ariko nintzen ikusi nuenean.

        —Linda!

        Ordura arte ikusi ez nion aire larri bat zerabilen.

        —Jakin duzu unibertsitatekoa? —Ez nekien zertaz ari zen ere. Beste pertsona bat zirudien, helduagoa edo.

        —Aizu, zer egiten duzu Spring bezalako morroi batekin? Neska jatorra dirudizu.

        Tinko begiratu zidan, begi tristeekin.

        —Gehiegi edan duzu.

        —Edo gutxiegi. Egarriak nago.

        Neskak arrazoi zuen, baina nik ere bai. Barrara hurreratu nintzen, oholtzan kantatzen ari zen bikoteari kasurik egin gabe. Beste whisky bat eskatu nuen.

        Nire ondoan, ganaduzale horietako bat hizketan ari zen, kezkatuta zirudien. Azken hilabeteetan Tupamaroek lehergailuz egindako atentatuez ziharduten. Idatzita dago, haurrek eta mozkorrek baizik ez dute egia esaten:

        —Eta zer nahi duzue? Herri honek behar duena lurra lantzea da, produkzioa eta esportazioak handiagotzeko, lanpostuak sortzeko. Eta horretarako lurraren jabetzaren egitura ukitu behar da.

        Bizkarra eman nien erantzunik espero gabe, eta terrazara abiatu. Bidean, baten batek nonbait norbaitek norbait hil zuela esaten ari zela iruditu zitzaidan, ez nuen ongi entzun, eta ez nuen aintzat hartu. Lindak esandakoaz gogoratu nintzen; begiez bilatu nuen, alferrik. Ordurako alde egina zen. Kanta baten aireak entzuten ziren. Hitz batzuk harrapatu nituen: "Hoy, en pleno siglo XX, nos siguen llegando rubios, les abrimos las puertas y los llamamos amigos...". Bat-batean ni baino edanago behar zuen norbait eszenatokira igo zen, kantarien emanaldian parte hartzeko asmoz.

        Waldo zen.

        Areto guztia zarataz bete zen. Batzuk protestaka hasi ziren, beste batzuk txistuz, eta irriz. Waldo bikotearen izena iragartzen zuen txartelaz jabetu zen, eta dantza-pauso erridikuluak egiten zituen, txartela erakutsiz: "Los Zucará".

        Jendea fueraka.

        Fuck you! Son of a bitch! Fucking bastard! You are shit!

        Total eginda zegoen, nekez eusten zion hanka bien gainean. Egurtuko zuten, Porongoko arduradunak garaiz ezagutu izan ez balu, eta erreskatatzera joan izan ez balitz.

        —Nik ez dut tiratu! Fuck you! Nik ez dut tiratu! Fuck you! Bastard! —lanbasa izugarria zeukan. Niri, nahiko edanda izaki, irri egitetik eman zidan.

        Yankee, eraman ezazu zure laguna hemendik!

        Derrepente sentitu nuen inork tira egiten zidala mahukatik. Linda zela doi-doi konturatu nintzen. Urduri mugitzen zituen eskuak. Negar egin berri zela nabarmena zen, baita ni bezalako mozkor arraildu batentzat ere.

        —Spring! Non dago Spring!?

        Besoak zabaldu nituen, ezintasunaren irudi.

        —Nire anaia atxilotu dute!

        Ez nekien anaia bat zeukanik ere.

 

 

Mozkorraren egunean, faxista talde bat Montevideoko unibertsitatean sartu zen, ikasleak asanblada bat egiten ari ziren unean. Istilu gogorrak izan ziren. Poliziak esku hartu zuen. Sarraski bat izan zen: bi ikasle hilik, su-armen zaurien ondorioz, beste bi dozena inguru zauriturik, batzuk larri, asko atxiloturik.

        Biharamunean, Waldok hosto zimurtu bat zirudien. Gibelak ez bide zion garai bateko zerbitzua egingo.

        —A zer parranda, atzokoa, e, Tom? —nahikoa edan nuen nik ere nire bizitzan mozkorren tranpa zahar horretan erortzeko. Alegia, ez zen bezperakoaz gogoratuko.

        —Gehiegi hitz egiten duzu edaten duzunean, Waldo —bere aurpegi hanpatu eta lurkarari so gelditu nintzen. Hilduratu nahi nuen.

        Gorrotatzen nuen Waldo, torlojua, erloju bateko gurpila, edo auto bateko delkoa gorrotatzen ahal den modu berean. Galdetu nion neure buruari nola eramango zuen sobietarren ohitura sexualei begia atxiki behar izatea, sobietarrek berdin egiten dutela jakinik, gezur interesatuek eta erdi-egiek osatutako materialez pozoia barreiatzen ibili behar izatea, ikasle babesgabe batzuei tiro egitea edo tiro egiten zutenei bizkarrak babestu behar izatea. Oldman zinikoa zen, Spring fanatikoa, eta Waldo amorala. Infamiaren soldaduak. Eta ni? Gogora etortzen zaizkit kidetasun itxura interesatuaz hitzerdika zabaldutako gure arteko jerga, jakinaren gainean dagoen kasta aukeratu baten kode sekretuak, eta sekta baten joko absurdua irizten diet; haur-jolasa dela esan liteke, hilkorra ez baledi; ehunka milioi dolar gastatu ditugu Freik hauteskundeak Allenderi irabazteko, eta batek "amona osasunaz makal dabil, Tom", botatzen dizu, konplize, irri disimulatu baina asebetearekin, eta ondoren golfean aritzeko tresnak hartu eta ospa egiten du, arratsaldean libratzen duela esanda; munstrokeria da, baina ondorio bakarra da aberrazioa eta munstrokeria ere giza-ezaugarriak direla, gure parte direla, errukia edo malenkonia, zalantza edo beldurra diren bezal-bezala. Ez da nik nire burua justifikatzeko esaten dudalako; aski adibide esanguratsu dago historian zehar kontrakoa uste duenak bere burua engainatzen duela demostratzeko.

        Oldman bilatu nuen, haserre bizian. Kanpoan geratzeko aginduak eman zizkidaten, baina gero Springek jarduteko nire atzetik, ni bazter utzirik. Oldmanek bere bulegoan hartu ninduen. Beste estazio, beste toki, beste hiri, beste herrialde batera joatea eskatu nuen, ofizialki.

        Erabaki bat, azkenik. Ihes egiteko erabakia baizik ez bazen ere.

        —Ez badut estazio honetako arduradunen konfiantza, ez du zentzurik nik hemen segitzeak.

        Oldmanek onartu zuen nire eskaera, hotz.

        —Baina, lekualdaketa-agindua jaso eta destinu berria ezagutzen dugun artean, estazio honetako funtzionarioa zara —Oldman zaharrak ez zuen nahi erretiroko bidea malkartuko zion arazorik.

        Springek agindu zidan Montevideoko Poliziarenera joateko, Ricardo Montes delako baten egoeraz galdetzera. Lindaren anaia zen.

        Waldo eta biok abiatu gara.

        Objektiboki kontatzen saiatuko naiz, argazki-makina banintz bezala, edo txakur batek, hizketan baleki, kontatu ahalko lukeen bezala. Bestela ez diot goragaleari eutsiko.

        Polizia-burua Ansorena da, Ansorena koronela, segurtasun publikorako arduradun gorena. Eseri gara bere bulegoko mahaiaren aurrean, Waldo, Ansorena, irratia entzuten ari den beste koronel bat eta laurok. Ansorenari agur-hitzak esaten ari garen bitartean, hots motel samar bat entzuten hasi naiz, beste koronelaren irratitik ez datorrena, azkenik pertsona baten ulu apal bezala identifikatu ahal izan dudana. Kaleko saltzaileren bat edo, pentsatu dut, pentsatu nahi izan dut. Waldo han dago, bere gorputza behintzat han dago, baina ez balego bezala da. Bigarren koronelak irratiarekin segitzen du; futbol partida bat ematen ari dira. Ansorenak irratia altuago jartzeko eskatu dio beste koronelari. Ulu apalak goraka eta goraka doaz, garrasi lazgarri, itzel, total bihurtu arte; Ansorenak irratiaren bolumena altuago jartzeko eta altuago jartzeko, oihuka bera ere; Waldori begiratu diot eta poker aurpegia jarri du. Etenda nonbait, garrasi-egilea isildu da, Ansorenak Montes haren egoeraz interesatuko dela esan du, eta Waldo eta biok enbaxadara itzuli gara.

        —Springi ez zaio gustatuko, Lindarengatik, batez ere —Waldok.

        Capurro kapitainarekin hitz egin behar dudala erabaki dut; ez dakit jada solaskidetzat onartuko nauen, agian Springek eta bere mutilek dagoeneko desautorizatu naute bere aurrean; ez dakit bera zer jarreratan dagoen ere, baina ahal duena egin dezala eskatu behar diot; diru gehiago eskainiko diot, beharrezkoa izatera, hala edo nola moldatuko naiz gastua justifikatzeko, estazioan onar dezaten.

        Gero Springen aurrera agertu naiz, txostena emateko.

        —Ez zara zertan kezkatu. Ansorenak esan du pertsonalki arduratuko dela. Zelofanezko zorro batean bilduta itzuliko dizula Montes, lazo eta guzti.

        —Badakizu espedientea irekitzen ahal dizudala, Hewart? —mukizuak hortzak erakutsi nahi dizkit. Bazuen gogoa, nonbait.

        Nik ere bai, ordea.

        —Begira, Spring, tupamaroen aurkako operazio bat hasi nahi baduzu, has ezazu, baina ez ahaztu eskuliburuan idatzitakoak, erakutsi dizkizutenak; hemengo Poliziako harakinak baino zerbait gehiago beharko duzu.

        Capurro kapitainak entzun nahi izan zidan. Tupamaroen oinarri soziologikoak azter zitzala gomendatu nion. Ez zen egiteko erraza, artean oso gutxi genekielako haien antolamenduaz. Denborarekin jakiten joan ginen: kanabera langileak, nekazariak... baina bazeuden koadroak eta ikasleak ere, gehienak PCtik Alderdi Sozialistatik eta ezkerreko beste hainbat alderditatik mugimendura bilduak, eta industria-langileen multzo koskor bat hirietan.

        —Ez da alferrikako lana izango. Goiz edo berant, Konpainiak laguntza eskatuko dizu agenteak infiltratzeko. Hainbat okerrago Ansorenaren harakinentzat.

        Hobe beharrez ari nintzen, baina inozokeriaz. Azken finean, horrek torturaren erabilera masiboa atzeratuko zela baizik ez zuen esan nahi. Eta gero, Konpainiak bere metodoak ezarriz gero, okerrago izaten ahal zen. Nola zegoen botila hura, erdi husturik edo erdi beterik? Baina, momentuz, gaitzerdi, hala baledi.

        —Zergatik "eskatuko dizu"?

        —Ni banoa hemendik, Capurro.

        Nire lekualdatze-agindua atzeratzen ari zen, baina.

        Unibertsitateko gertaeren ondoan, estazioan ia denek bizkarra ematen zidaten. Waldok berak apenas hitz egiten zidan.

        —Unibertsitateko istiluetan parte hartu zenuen, Waldo. Springek aginduta?

        —Hemengo Poliziak tiratu zuen. Aski frogatuta geratu da.

        —Sala nezake, Waldo.

        —A, bai? Eta zer egingo duzu? Liburu bat idatzi?

        Nik sumatzen nuen beste azpijokoren bat zerabilela esku artean, eta nirekin topo egitea saihesten zuela.

        Linda ikusten hasi nintzen. Palermo langile-auzoko pisu apal batean bizi zen. Bere anaia onik kaleratu zuten, eta eskertu nahi izan zidan. Nonbait, Ansorenari egindako bisita Polizia eskua gainean jartzen hasi baino lehenago gertatu zen. Zorte ona mutilarentzat.

        —Ez didazu ezer zor. Springi zor diozu.

        —Ez gizon horren izenik nire aurrean aipa, otoi.

        Bere anaiarena gertatu ondoren, muturtu omen ziren.

        Lindak ordura arte ezagutzen ez nuen Montevideo bat ezagutzeko aukera eman zidan, nik ibiltzen nuenaz oso bestelakoa. Lindak erakutsiko hartan frigorifikoetara goizeko seietan lanera zihoazen langileak, mundua txokolatezkoa zela uste zuten pitucas, portuko merkatu zaharrean arraina oihuka eskaintzen zuten saltzaileak, Tristán Narvajako ferian edotariko objektuen inguruan pilatzen diren begiluzeak, umeak zaintzen zituzten amak, amuebladoetan, programa baten zain, ibiltzen ziren bulegariak, parkeetan, oso goizetik, usoei ogi-papurrak ematen zizkieten jubilatuak zeuden.

        —Norbera ohetik zein ordutan altxatzen den, horra klase-diferentziaren erakusgarririk fidagarriena.

        —Eta horiek? —galdetzen nuen nik, jubilatuak seinalatuz.

        —Horiei esnagailuaren txirrina subkontzientean betiko itsatsita geratu zaie.

        Parkeetan, zuhaitzen hostoen artetik iragazten ziren eguzkiaren printzak bizigarri zitzaizkidan. Baina Lindak errealitatearen gainean pausatzen zuen begiradak ez zuen konplazentziarako zirrikitu handirik uzten.

        —Uruguai bulego handi bat da; Errepublika izatera iritsi den munduko bulego bakarra.

        Bere ustez, Uruguai lozorroan zegoen, konformismoak eta esperantza faltak esku loturik. Bera gizartea inarrosi eta gauzak aldatu nahi zituen belaunaldi bateko partaidea zen. Bere familiaren jatorria apala zen, gurasoak ipar aldeko herrixka batean sortuak ziren. Familia, Linda haurra zelarik, Montevideora aldatu zen.

        —Aitak instrukzio apurra zuen, eta enplegu publikoaren segurtasun goxoaren bila etorri zen. Familia batek, Uruguain, behar bezalako familia izateko, enplegatu publiko bat eduki behar du, gutxienez.

        Baina ez omen zen denentzako enplegu publikorik. Jende gazteak bi alderdi politiko historikoen klub eta egoitzetako lanetan eta zereginetan laguntzen zuen, trukean deus eskatu gabe, inoiz batean enplegu publikoa lortuko zuelako esperantzan. Porongon lehen aldiz ikusi nuenean, nik ere uste izan nuen bizimodua hala edo nola bilatu behar horrek eraman zuela Linda gure artera. Baina ezagutu ahala, gero eta nabarmenago zen Linda ez zela andrakotarako sortua.

        —Egunen batean nire gurasoen herrira eraman behar zaitut, Uruguairen benetako aurpegia ezagutu dezazun.

        —Eta zein da Uruguairen benetako aurpegia?

        —Zer janik ez duen herri gose eta pobre batena.

        Nire erreserba adieraz zezakeen keinu bat egin nuen. Lindak irri mingotsa egin zuen.

        —Azken finean, zu atzerritarra zara. Okerragoa da Montevideoko jendearena: bertan goxo bizi dira, coima ordainduz, ustelkeriazko putzuan itota, Uruguaik osoak ematen duen aberastasuna zurrupatuz, eta errealitateari bizkarra emanez. Itsasoari so daudelako aitzakiarekin, euren atzean gertatzen denaz ez dute ezer jakin nahi. Uruguai Sorocabanako pareten artean hasi eta bertan bukatu egiten dela uste bide dute. Fallutos!

        Ulertzen nuen zer adierazi nahi zuen; alegia, txosten-hizkera erabiliz, esan liteke ezen abeltzainen ustiapenen egokitzapen-eza eta nekazaritza erreformarik ez izatearen ondorioz, hazkunde ekonomikoa hutsaren hurrengoa zela, biztanleria, aldiz, biderkatzen ari zen bitartean. Horixe zitekeen nire ikuspuntua. Baina, jakina, txosteneraz esanda ez ziren entzuten jendearen tripako zorriak. Lindaren ikuspuntu hura ere neureganatzeko gauza sentitzen nintzen.

        Tranbiek jendez mukuru zirkulatzen zuten. Esku trebeek, gero, forma emango zioten giza-orea zen, baina haiek ez zeuden jakinaren gainean.

        —Zerbait ekarri dizut.

        Orri-sorta bat zen, kalko-paperez idazmakinan kopiatuak.

        —Hemengo poeta batenak dira.

        Oso garrantzizkoa izan zen niretzat, bizitzen ari nintzen une kritiko hartan, Lindarekin eduki nuen harremana. Maiteminduta nengoen? Errazena baietz erantzutea litzateke, baina ez zen erabat egia izango. Batetik, nire erreakzio emozionalak kontrolatzeak, agindu baten proportzioa hartzen zuen niretzat; bestetik, ez zen justua Lindaren bizkar gainean hustu nahi izatea barnean neraman zama pisu guztia; azkenik, maitemina zer den definitzeko arazoak eduki nitzake. Haatik, indiferente uzten ez ninduena ez dut argitu beharrik, noski. Hain zen gazte eta eder... Berarentzat pisuegi zen harri itzel baten azpian imajinatzen nuen Linda, eta sufritu ere egiten nuen.

        —Ez zaitez niregatik larritu, Tom. Ez nago bakarrik.

        Springekin nola nahastu zen konprenitu gabe segitzen nuen. Edo ez, agian ordurako zerbait konprenitzen hasia nintzen. Eta orduan are miresgarriago egiten zitzaidan Lindak, itxura fisiko hauskorraren azpitik, gordetzen zuen borondatearen burdina susmatzea.

        Ukendu sendagarria ekarri zuen Lindak nire espiritu hilduratura.

 

 

Nik ez nuen jakiterik izan, xehetasun guzti-guztietan, nola gertatuko zen, baina susma dezaket, gutxi gorabehera.

        Estazioan halako giro ustela antzematen nuen. Oldmanek lan errutinazkoak agintzen zizkigun, Spring eta Waldo aparte ibiltzen ziren, beti elkarrekin. Unibertsitatekoaz geroztik, nahiko garbi zegoen euren jokoa zein zen. Springek gehiago inplikatzeko egiten zuen eskaera bakoitzaren azpian zitalkeriarako dei bana ezkutatzen zen. Baina zer egin nezakeen nik?

        Gainetik kentzearren, Prensa Latina albiste-agentzia kubatarraren egoitzako telefono-lerro bat pintxatzeko agindu zidaten.

        —Zer dago horretaz, Tom?

        Albiste-agentziak inteligentzia-operazioak aurrera eramaten laguntzen zuela oso garbi zegoen niretzat.

        Beste ekipo bat arduratzen ari zen Uruguaiko Alderdi Komunistako egoitzako areto nagusian mikrofonoak jartzeaz. Hauek denak ohiko operazioak ziren. Baina zer ari ziren Spring eta Waldo?

        Prensa Latinaren hileko aurrekontua hamar mila dolarrekoa da. Telefono-entzuketaren bidez jakin ahal izan dugu horren erdia baizik ez dutela erabiltzen soldatak eta gastu arruntak ordaintzeko. Zertan erabiliko da gainontzekoa?

        Galdera erretorikoa zen, noski.

        —Banketxean kontu horien funtsak nora doazen jakiteko inork lagundu nahiko baligu... Ardura zaitez, Tom.

        Tupamaroen ekintzen laburpena: 400 kilo dinamita lapurtu zuten harrobi batean. Handik gutxira, metxa eta detonagailuak, beste toki batetik. Lapurtutakoari berehalako etekina atera nahiaz-edo, laster lehergailu batzuk jarri zituzten, Bayer eta IBM enpresetan, besteak beste. Gero, Montevideoko arma-denda batean pistolak, errebolberrak eta fusilak lapurtu zituzten.

        —Dinamita gordeleku batean baino gehiagotan atxikiko dute.

        —Detonagailuak, Waldo, detonagailuak... —hitzak airean harrapatu nituen, inguruan inor ez zegoela uste zuten. Ikusi nindutenean berehala isildu ziren.

        Nik banekien Spring eta Waldo polizia-buruarekin, Ansorenarekin, maiz elkartzen zirela.

        Banketxe batera huts egindako atrako batean, taldeko bi kide harrapatu zituzten. Huraxe gure harridura: bat ingeniaria zen, bestea irakaslea. Armen gordeleku bat ere kausitu zen. Bertan berrogeita hamar bat kilo dinamita ere bazegoen.

        —Interrogatorioetan informazio ona lortuz gero, infiltrazio-saioren bat presta genezake.

        —Poliziaren asuntoa da. Ofizialki ez dakigu ezer —esaten zuen Oldmanek, behin eta berriz.

        Gero, albistea eztanda bera baino arinago hedatu zen: bi aktibista hil ziren, kotxe baten barruan prestatzen ari ziren lehergailuak eskuetan leher eginda.

        All American Cables enpresan paratu nahi omen zuten.

        —Dinamita harrobian lapurtutakoa omen zen.

        —Dabilenari gertatzen zaio... —Waldok irribarre enigmatikoa egin zuen.

        Capurro tenientearekin eduki nuen hizketalditxo bat. Esaten zuenez, komisaldegietan garaipen baten moduan ospatu zuten bi tupamaroak lehertzea. Lehergailu hura aldez aurretik manipulatuta zegoela, Poliziarenean inork ez zuen zalantzarik egin.

 

 

"Padre nuestro que estás en los cielos / con las golondrinas y los misiles / quiero que vuelvas antes de que olvides / como se llega al sur de Río Grande..."

        Zita Ciudad Viejako boliche batean zen. Kafe zaharrak mirail handiak zituen, egur noblezko markoekin, marmolezko gaina zuten mahai biribil txikiak, eztainuzko barra bat. Sabai altuan, haizegailu batzuk. Dena zen zaharra, baita mahaiak zerbitzatzen zituzten jaka zuriko bi gizonak ere, baina denak atxikitzen zuen halako duintasun-aire bat.

        Zapata-garbitzailea mahairik mahai saiatzen zen. Goizerdiko ordu hartan, gehienak libre zeuden. Zerbitzariak, ordea, beteta zegoenetako bat seinalatu zidan. Mahaiaren inguruan, lau edo bost gizon zeuden eserita. Handik gertu bide zegoen egunkari edo astekari bateko kazetariak, idazleak, marrazkilariak omen ziren. Gogoan dut horietako bat, gaztea, Che Guevararen karikatura bat zirriborratzen ari zela paperezko ahozapi gainean.

        Hurbildu nintzenean, ez zidaten begiratu ere egin. Gazteak Cheren karikaturarekin segitu zuen. Bi bibotedunek hizketan jarraitu zuten. Beste batek, papertxo bat luzatu zidan, helbide batekin.

"...santificado sea tu nombre / no quienes santifican tu nombre / cerrando un ojo para no ver las uñas / sucias de la miseria..."

        Alde egin nuen ezer esan gabe.

        Helbidea medikuntza fakultatetik gertu zegoen liburu-denda batekoa zen. Hara abiatu nintzen, poliki, beste ibiltari arduragabea bainintzen. Ez nuen inor atzetik.

        Liburu-dendan liburu zaharrak saltzen ziren. Sabairainoko apalategiak mukuru zeuden, eta bertan sartzen ez ziren aleak zoru gainean barreiatuta, pilo handietan. Medikuntza-tratatuak, are apunteak ere, baina baita eskuliburuak, almanakak, politikarien zein pertsona ospetsuen biografiak edo literaturazko liburuak ere, klasikoak batez ere. Liburu-dendak ganga altuak zituen.

        —Liburu-denda izan aitzin, kabareta izan zen —azaldu zidan jabeak, harrera egin eta nik zer edo zer esan beharrez, altuerari buruzko iruzkin tontoa egin nuenean.

        Atzeko aldera pasarazi ninduen.

"...porque tu reino también está aquí abajo / metido en los rencores y en el miedo / en las vacilaciones y en la mugre / en la desilusión y en la modorra..."

        Han barruan, bibotedun bat zegoen nire zain.

        —Niretzat toki egokia da. Fakultateko ikasleak eta medikuak maiz etortzen dira liburu-denda honetara. Neu ere medikua naiz.

        Bi fluoreszenteren argia eskasa zen gela zabala bere osoan argiztatzeko. Tokia hala edo nola metatutako liburuz lepo zegoen. Kabaret zaharreko eszenaren atzeko aldea izan behar zen, oraindik gordetzen baitzituen, han goian, tramoiako zati izango ziren burdinazko barrak.

        —Zu... medikua?

        —Eta zergatik ez? Fakultatean ibili nintzen garaian, oso ganoragabea nintzen, guztiz azalekoa, kasik futbola baizik ez nuen buruan. Gero, ikasketak bukatutakoan, ospitalean lanean hasi nintzen. Hiltzen zen jendearen erdia desnutrizioz hiltzen zen. Orduan galdetu nion nire buruari norentzat izango nintzen mediku: aberatsentzat, hala bigarrenez ospitaleratu orduko deshidrataturik hiltzen zirenentzat?

"...ayer nos lo quitaste, dánosle hoy..."

        Gizonak mantso eta argi hitz egiten zuen, jende xeheari gauzak azaltzen ohituta dagoenaren antzera. Bibote beltzak kontraste bizia egiten zuen buruko ile ordurako zurituarekin, hain zuri bizia ze argi eskasaren gainetik gailentzen baitzen, argi-iturri nagusi.

        —Zergatik fio zara nitaz?

        —Lindaz fio naizelako.

        Une batez, Lindaren ahotsa entzuten ari naizela iruditu zait: "...tu voluntad igual se está haciendo en el viento / en el Ande de nieve / en el pájaro que fecunda a su pájara / en los cancilleres que murmuran yes sir / en cada mano que se convierte en puño..."

        Eta gero: doilorregiak gara, buruz eta gorputzez, beste pertsona batez harrotasunik gabe gozatzeko, edo umiliazioa ez sentitzeko besteak gutaz gozatzen direnean...

"...perdónanos si puedes nuestras deudas / pero no nos perdones la esperanza..."

        —Borroka armatua da iraultza sozialistarako bide bakarra. Ia ezinezkoa da klase-borroka, erradikalizatzen bada, borroka modu horretan ez bukatzea. Gure herriak behar dituen egiazko irtenbideak bilatzeak oligarkiaren eta zapalketa-erakundeen aurkako borroka zuzenera eramango gaitu, ezinbestez. Gaur egun, Uruguain, borroka armatua ez da soilik posible, nahitaezkoa ere bada. Iraultza egiteko modu bakarra da.

        Pobreak dira mundu justuago baten premia sentitzen duten lehenak, eta normala da. Are, zilegi da pobreek mundu justuago baten nahia eta aspirazioa edukitzea. Baina, helburu hori lortzeko asmoz, elkartzen hasten direnean, egia esan... Inoiz ez dira iristen boterera, hau da, beren demasiak, okerrak eta gaizki eginak justifikatzeko diskurtsoa sortzea posible egingo zien egoerara, edo oso nekez eta kostu handiak, bai ideologikoak, baita giza-baliabide mailakoak ere, ordainduz —Castro bera salbuespena baizik ez da—. Eta boteretik kanpo gelditu eta luze jardutearen ondorioz, hasierako bertuteak —altruismoa, eskuzabaltasuna, idealismoa, lanerako ahalegina— desagertu, eta poliki-poliki azaleratzen dira beren berezko kontraesan eta akats guztiak, gehi giza-kondizioaren ondare unibertsalak direnak ere. Abenturakeria, ikuspegi laburra, sektarismoa, arduragabekeria, odolgosea, lehenen artean. Elkartasun falta, bekaitza, koldarkeria, bigarrenen artean. Emaitza orokorra patetikoa izaten da kasu gehien-gehienetan. Sarkastikoa irudi luke nik hau esateak, jardun ezkutuan hori horrela izan dadin arduratzen naizenetakoa izanik. Baina ekuazioak termino hori ere jaso behar du, zuzena izango bada.

        —Okertzen ari zaretela uste dut. Abentura armatuarekin beti berdin gertatzen da: jakin ohi da nola hasten den; ez dago jakiterik, ordea, nola bukatuko den...

"...todavía / nos deben como un siglo / de insomnios y garrote / como tres mil kilómetros de injurias / como veinte medallas a Somoza / como una sola Guatemala muerta..."

        —Gure bi kideak hil zituen bonbaren manipulatzailea zeuen bulegoetatik atera da.

        Argazki batzuk erakutsi zizkidan. Ezagutzen ez nuen toki batekoak. Gordetegi bat, txatartegi bat izan zitekeen, edo garaje bat agian. Argazkietan nik ongi ezagutzen nituen bi gizon ageri ziren.

        —Lehergailuaren gordetegia zen. Gure zabarkeria, kasu honetan, barkaezina da.

        —Eta, hala ere, hiltegira bidali zenituzten... —nik, asaldatuta.

        —Ez, noski; argazkiak leherketa eta gero eskuratu genituen, ustekabean, halabehar hutsez.

        Ezin sinetsita begiratu nion. Besteak irri labur eta mingotsa egin zuen.

        —Jakin nahi duzu nola izan zen? Irrigarria da. Barkatu, irrigarria litzateke tragikoa ez balitz. Gure lagun batek zaintzen zuen tokia, ondoko txabola batean bizi baita. Badu hamar urteko seme bat. Guk eman genion argazki-makina...

        Isildu egin zen. Emozioak ez zion aurrera egiten uzten.

        Keinu bat egin nuen, ez nituela xehetasunak ezagutu nahi adierazteko asmoz.

        Beste gauza batzuk ere erakutsi zizkidan: paperak, grabazioak... Materiala egiazkoa zen, zalantzarik gabe.

        —Nola eskuratu duzue?

        Ez zuen ezer esan.

        —Linda!?

        Bibotedunak ez zuen erantzun.

        —Nahikoa ikusi duzu —erabaki zuen.

        Eta gero, izen bat: Spring.

        Spring? Merezi zuen ala ez alde batera utzita, ezer onik ekarriko al zuen Springi kalte egiteak? Izan ere, hain erraza balitz... Aitzitik, ez al zuen dena okerragotuko? Gaitza eginda zegoen, eta beste gaitz bat egiteak ez zuen aurrekoa konponduko. Hortaz, gauzak bere hartan segituz gero, gaitzerdi...

        Ile zuriko biboteduna nire erantzunaren aiduru zegoen. Bere begiak, kontzientzia gordetzen den erraiaren azala urratu nahi zuten labanak ziren.

        Gaitzerdi? Norentzat, gaitzerdi? Hildakoentzat? Bibotedunarentzat? Lindarentzat? Niretzat?

        Etikazko jantzia justizia-nahiari bezain ongi erortzen zaio koldarkeriari. Orduan, zer gelditzen da?

        Baina zirt edo zart egin behar nuen, batera edo bestera eginda ere, nire baitan gauzak ez zirela oso ezberdinak jakinik.

        —Spring? Ezin dut zuen ideologia onartu. Are gutxiago zuen metodoak. Gehiegi eskatzen didazu.

"...no nos dejes caer en la tentación / de olvidar o vender este pasado / o arrendar una sola hectárea de su olvido..."

        Gau batean, norbaitek potentzia handiko lehergailu bat jarri zuen Porongon.

        Triskantza handia izan zen. Maldonado aldera ematen zuen balkoietako kristalak txiki-txiki eginda geratu ziren. Zurezko zorua bere tokitik atera eta mila ezpaletan saltatu omen zen. Musikarien jardunerako zegoen eszenatokiko oihala, Uruguaiko banderaren koloreekin egina, guztiz erre zen.

        Balkoiko kristal handien aurreko barrako apalategian bourbon-hornidura berezia zuen Oldmanek probokazio pertsonaltzat hartu omen zuen.

        Ez zen zauriturik izan, are gutxiago hilik. Baina Tupamaroek erreibindikatu zuten leherketa, eta Konpainiakoek sentitu zuten, lehen aldiz, ukiezinak ez zirela konturatzean izaten den lehen sosegu gabeziaren zantzua.

"...arráncanos del alma el último mendigo / y líbranos de todo mal de conciencia / amén."

 

 

Iruñean zegoenean, Tom Hewart, ahal zuen guztietan, Cinema kafetegira hurreratzen zen goiz erdi aldera, kafe bat edo agian ardo bat edateko asmoz. Cinemak lau edo bost zurezko mahai zituen behe aldean, gehi beste hiruzpalau zinema-areto bateko palko baten moduan atonduta zegoen goitegian. Barra ere tripaduna zen, aire neoklasikoko antzerkietako palkoetako balkoien antzera. Hewartek bazekien, gutxi gorabehera, nortzuk aurki zitzakeen Cineman ordu horretan: Azpiroz mediku leitzarra, Zakarro, karta jokalari amorratua, Iriarte, Rodriguez, Beroiz aita-semeak... Aita ia egunero joaten zen, eta semeak, seme nagusiak, unibertsitatea utzi eta dendan laguntzen hasi zitzaionetik, askotan hartzen zuen hamaiketakoa aitarekin. Miguel Beroiz aitaren itxura berbera zuen Mikel Beroizek, aita baino hamar zentimetro luzeagoa eta hamar kilo arinagoa zen arren.

        Egun hartan Hewart Miguel Beroizekin zetorren; semea bertan zen, Diario irakurtzen ari zen.

        —Hara! Hemen Huarte! —agurtu zuen Iriartek, sartu eta baso bat ardo eskatzera zihoanean.

        Ordurako bazen denbora franko lagunek Huarte esaten ziotela. Amerikanoa ere deitzen zioten, ez gutxitan. Miguelek, aldiz, gehienetan bere izenez deitzen zion, Tom, alegia.

        —Atera beste bi —Beroiz zaharrak Iriarteri—, Tomentzat eta biontzat.

        Azpirozek bere ipurdi alimalea mugitu zuen aulkian, eta betazal tarrotuen atzetik behatu zituen, apur bat harriturik.

        —Miguel, Miguel... Ardotan hasiko zara, ordu honetan? —Beroizen usadioa kafea zen, goiz erdian—. Ño, zer edo zer esan behar du horrek.

        Beroizek irribarrea egin zion, baina ez zuen ezer esan. Amerikanoarekin batera sartua zen tabernan, ordu erdi bat lehenago, artean lagunenetako inor ez zegoela. Inor egon izan balitz, ohi baino zurbilago zetorrela konturatuko zatekeen. Amerikanoak betiko itxura erakusten zuen, baina. Ordea, Azpirozen esana nahikoa izan zen ardoekin mahairatzen zen Iriarteren jakinmina pizteko.

        —Zer da, Miguel?

        —Galdetu Tomi —esan zuen Beroizek.

        —Bidean arazo teknikoren bat eduki dugu —Hewartek, irribarre enigmatiko batez.

        Mikel Beroiz Goran Petralicen ohiko zutabea irakurtzen ari zen ondoko mahai batean. Berarentzat ez ziren Amerikanoaren hitzak entzutean belarriak tentetu zitzaizkion, begiak paperetik jaso ez bazituen ere. Mikel Beroizek bazekien bere aita eta Amerikanoa goizean goizetik atereak zirela elkarrekin Iruñetik, autoz, nora eta zertara, zehatz, ez jakin arren.

        —Arazo teknikoa? —Iriartek jakinminez, zer aurpegi jarri behar zuen jakin gabe.

        Beroiz disgustuzko keinu bat marrazten entseatu zen.

        —Zer dio Petralicek, Mikel?

        —Ba —bere tonua artikuluan benetan interesaturik dagoenarena zen—, zera dio, Rhodesia zigortzen badute, honek zailtasunak ekarriko dizkiola Ian Smi-then gobernuari, baina hari bakarrik ez, gehiengo afrikarrari ere ekarriko dizkiola, eta zailtasunak gehitzeak eragiten ahal duela ideia iraultzaileen hedapena. Hori, nonbait, Smithentzat bezain arriskutsua omen da Londresentzat. Petralic honek asko daki —baieztapena ez ezik, nolabaiteko galdera lausoa ere bazen Mikelena.

        —Bai horixe. Batzuetan gehiegi ote dakien begitandu izan zait —komentarioak zimurtu arin bat eragin zuen Amerikanoaren bekainartean, baina lehengoari segitu zioten hitzek desagerrarazi zuten—. Auskalo, asko daki edo dakienaren plantak egiten ditu. Asmatu, imajinatu egingo du, igual —Miguel Beroiz inteligentziazko keinu bat egiten ari zitzaion Iriarteri.

        —Gu bagoaz Bar Baztanera, Mikel —Beroiz aitak, aulkitik altxatuz— Segituko duzu dendara?

        Hiru gizonak, hots, Iriarte, Hewart eta Miguel Beroiz joan egin dira, Mikel Beroiz bertan utzita, zapuzturik.

        —Zer izan da? —Iriartek, jakinminez.

        Eltzetzuek geldiarazi gaituzte, Belaten —Beroizek, irri trufari batez—. Eskerrak Tomi, bestela gaizki pasako nuen, e Tom?

        Amerikanoaren ezpainek irri egin dute, baina begiek ez.

        —Exajeratzen ari zara, Miguel.

        Beroizek Berako baserri batean hartzen zituen kontrabandoko materialak. Mugakoek altzari txikiak, mahaiak, aulkiak edo mesanotxeak bailiran enbalatzen zituzten. Gisa honetan bildurik, Beroizek bere kamioi txikiaren atze aldean sartzen zituen. Paketeen artean beti zegoen beste negozio are klandestinoago bati zegozkionak.

        —Geldiarazi egin gaitu, zera, Almandozko gaditano horrek. Txingorra baino gaiztoagoa da. Begitan hartua nauka.

        —Eta Alzugarai zer moduz?

        —Alzugarai? Alzugarai ongi, oso ongi. Hari berdin zaio. Hark paketeak pasa eta ez du deus galdetzen. Gizon sanoa da. Guretarra ez dut esango, baina gure kontra bederen, ez dago. Badakizu zer esan zidan lehengo egunean? Berari Katatxu gustatzen zitzaiola, Euzkadiko selekzioan jokatu zuelako.

        —Ederra aparejua. Gomez sarjentua izan bazina, soldadutza Malagan egin eta flamenkoarekin zaletu zela kontatuko zizun.

        —Konta diezaiola nahi duena. Nik ez dut kexarik.

        —Gainera, Katatxuk ez zuen Euzkadiko selekzioan inoiz jokatu.

        —Ez ote? Zaude, zaude... Gerra hasi eta gero, ez, baina hasi aurretik, agian —nabari da oroitu nahi duela; azkenean esku keinu batez adierazi du oroimen-ariketa beste batetarako uzten zuela—. Hor konpon. Esaten ari nintzena: Gaditano madarikatua, hasi da eskua behar ez zuen tokian sartzen... Redios!

        Eta hau esatean, Beroizek ukabilak itxi eta ezintasunezko imintzio bat egiten zuen.

        —Hain justu orriak zeuzkan paketeari eskua atxikirik, irekitzeko eta irekitzeko hasi ez da ba! Redios!

        Eta orain goiko ezpainaz behekoa estaltzen zuen, lepoko giharrak tenkatuz eta burua goitik behera mugituz. Larritasunaren irudi bera.

        —Eta? Zer egin duzue?

        —Nik esan egin diot: joño, Gomez, badakizu zertan aritzen naizen, badakizu zer negozio daukadan, jakingo ez duzu, ba!, komoda aski polita eraman zenuen etxera lehengoan! Hilean behin edo gehiago pasatzen naiz zuen aurretik, orain zertara dator hau? Eta kabroia ezetz, paketea irekitzeko eta irekitzeko. Orduan benetan larritzen hasi naiz. Zerbait susmatuko al dute...?

        —Kontrabandoarenaz?

        —Hor konpon, kontrabandoa! Besteaz!

        Orain Amerikanoaren bizkar gainean adiskidantzazko txaloa jo du.

        —Ordea, Tom laguna hurreratu zaio, atzeko aldera eraman du, hitz egin dio... eta nik ez dakit zer arraio esan dion, baina bakean utzi gaitu!

        —Dirua ez zenion emango, ezta? —Iriarte zen.

        Amerikanoak uko egin zuen buruaz.

        —Ez da ezer izan —Amerikanoaren karantza eta tonua apalak ziren—. Estatubatuarra nintzela, presaka genbiltzala eta ez genuela legezkorik ez zenik egin baizik ez diot esan.

        —Hori bakarrik? Hain erraz?

        —Bueno... —zalantza une bat— gobernadore zibilaren adiskidea naizela ere esan diot.

        Iriartek algara urduri bat egin du.

        —Eta benetan, hala zara?

        Iriartek, Beroizek edo beren lagunek ez zituzten bezalako harremanak zituen Amerikanoak. Horrek nola-halako gaitzikortasunik pizten zuen bazterrotan. Usu mesfidati eta errezeloz betea zen Iriarteri susmagarria iruditzen zitzaion, esaterako. Beroizek barkatzen zuen; izan ere, hura bezalako hiri probintziano eta txiki batean, normala zen negozio-gizon kanpotar inportante bat nabarmentzea, eta oso berezkoa plazako goi mailako zirkuluetan, inoiz edo behin, bere burua aurkeztu behar izatea.

        —Adiskidea... ez. Baina behin elkar aurkeztu gintuzten, jakin nahi baduzu.

        Iriarte pipertu egiten zen. Beste batzuetan ere atera zion gaia Miguel Beroizi.

        —Arriskutsua da.

        —Arriskutsua? Orain arte lagundu, besterik ez du egin. Asko zor diogu Amerikanoari.

        —Um! —ezer esateko ez zuenean, Iriartek purrustadaz adierazten zuen bere desadostasuna—. Eta nola ezagutuko zuen gobernadorea, e?

        Beroiz bestearen mesfidantzaz trufatzen zen.

        —Horrenbeste badakit, neu izan bainintzen lekuko. Joan den urteko San Ferminetan. Apartadora joan ginen. New Yorkeko Zezenzaleen Elkarteko burua zegoen bertan, emakumezko bat, oso dotorea. Norbaitek esan zion han zeukala herrikide bat, emakume honek ezagutu nahi izan zuen... Gobernadorea zihoan New Yorkekoarekin, gidari. Ardo zuri bat hartu genuen, fino bat. Nik ere bai, bide batez esanda.

        —Um! —Iriarteren lakonikotasuna areagotzen zen umore txarrez zegoenean—. Zu gobernadorearekin? Zuk jakingo duzu. Ni zapatari xume baten semea baizik ez naiz —Iriarte itsuki fio zen Beroizez.

        Bere aldetik, Amerikanoa, Beroizi behin esan zionez, ez zen Zakarroz fio.

        —Jokalaria da. Lehengo batean diru mordo bat galdu zuen Baztanen, musean. Neuk ikusi nuen. Nondik ateratzen du dirutza?

        Beroizek ez zuen gaztigua aintzat hartzen, baina ez zion Amerikanoari ezer esaten, berau ez mintzearren. Baina zenbat jokatuko du Zakarrok?, egiten zuen bere artean Miguel Beroizek, ehun, hirurehun, bost ehun pezeta hilean? Zakarro bakarra zen eta gurasoena izandako etxean bizi zen. Bestela ere nahiko kezka zuen Beroizek bizioa, baino bizio txikia, azken finean, irizten zionari erreparatzen hasteko. Beroizen ustez, horrelako detailetan ikusten zitzaion Amerikanoari amerikanoa zela, beste kultura batekoa, alegia. "Diru-mordo bat" zenbat zen adosten saiatu izan balitz, agian Beroizek kezkarako arrazoirik aurkitu zukeen, baina ez zen inoiz horretan saiatu.

        —Zakarro gizajoa, utziozu bere diru-pizarrak nahi duen bezala xahutzen. Okerragoa da nirea. Ni ez naiz semeaz fio.

        Amerikanoak bekainak uztaitu zituen, harriduraz, antza.

        —Paper batzuk eduki ditut falta nire lan-mahaitik. Hasieran uste nuen emazteak botako zizkidala. Andre hauek, badakizu, dena garbi edukitzeko mania horrekin... Agiraka ere egin nion. Baina berak ezetz eta ezetz, ez duela ezer ukitu. Haserretu ere egin zitzaidan, eta, egia da, berak ez ditu nire gauzak ukitu. Hortaz...

        —Ez da izango... Galdu egingo zenituen —Hewartek garrantzia kendu nahi ziola ikusten zen.

        —Eta ez da hori bakarrik; Mikel arraro samar dabil, kezkatuta nauka.

        —Gazteak! —Bestearen kezka arintzeko esana zen, baina zerbaitek salatzen zuen Amerikanoak berak interesez jasotzen zuela albistea.

        —Orain beste bi horiekin gero eta gehiago ibiltzen da...

        —Zer beste bi?

        —Julen eta Roberto. Ezagutzen dituzu. Inoiz topatu ditugu.

        Amerikanoak baietz, buruaz.

        —Mutil sanoak dirudite.

        Beroizek zalantzazko keinua egin zuen.

        —Zer esan nahi duzu, beharbada...

        Baina Hewartek airean eskegita utzi behar izan zuen bere galdera, Beroizek keinu larderiatsu batez moztu baitzuen.

        Hewart eta Beroiz aita-semeak, Iriarte azeri-irriñoko gizasemea, Zakarro eta Azpiroz medikuaz gain, Josetxo Rodriguez, eta Errepublikaren aldeko fusilatu baten semea zen Leonardo izeneko beste bat izaten ziren Cinema eta Baztan tabernetako tertuliakide edo partidakide finkoenetakoak. Egozkue apaiza ez zen horrelako tokietara joaten, ardozale ez zelako baino areago, Beroizen aburuz, itxurak gordetzeagatik. Elkartu ohi zirenen artean, iritzikideak ez izanik ere, inor ez zen erregimen zalea, nork desadostasuna bere moduaz adierazten bazuen ere; gehienek purrustadaka, normalean, besterik deus ez.

Cinemako Sebasek eta Baztango Egañak ongi tratatzen zituzten. Josetxo Rodriguezen ustean, bai batean eta bai bestean ere, ardoa ona zen.

        —Eta eskerrak! Gaur egun ardo bat eskatu, eta ez dakizu zer edango duzun —esaten zuen maiz.

        —Halakok du errua. Horrek hondatu du Iruñeko tabernetako ardoa —arranguratzen zen Azpiroz medikua—, eta "Halakok" idatzita dagoen tokian, ardogile ezagun baten izena aipatzen zuen.

        Mikel hamaiketakoetan parte hartzen hasi zenetik, maiz entzuten ziren nazioarteko gaiak.

        —Jugoslaviarrak, Petralicek alegia, dio Estatu Batuetako aditu militarrek bi aholku eman dituztela: Hego Vietnamen dituzten indarren kopurua igotzea, 190.000 soldadutik 500.000ra pasatuz, eta gerrako aurrekontua ere igotzea, 5.300 milioi dolarretik 13.000ra. Igotze hauek hurrengo taktika garatzeko bidea emango omen dute.

        Egun hartan Hewarti iruditu zitzaion ezen Mikel Beroiz gazteak bazekielarik berari nazioarteko politika gaiak laket zitzaizkiola, bere etorrera profitatzen ari zela giroko tentsioa arintzeko. Miguel Beroiz, aita, haserre bide zegoen eta beste aldera begiratzen zuen. Azpirozek bere makilaren giderra ferekatzen zuen. Bere betondo hanpatuek eta gerritik gainez egiten zioten bolumenek apo erraldoi baten irudia gogorarazten zuten. Ezagutzen zutenek bazekiten ergeltasunetik gertuko traza hori ustekabe asko gordetzen zituen kutxaren estalkia zela. Iriarte, belarriak beti tente zituen azeri mutur zorrotza, izan zen galdera egin nahi izan zuen bakarra.

        —Eta zein da taktika hori?

        —Gerra erabatekoa, totala —Mikelen hitzen atzean gordetzen zen erronka nabarmena zen. Beharbada damutu zen esan izanaz, baina ez zegoen atzera egiterik. Mutikotan, aitaren larderia desafiatu zuen batean, poltsa bete mandarina erori zitzaion kaskarrean. Orain? Hitzak airean eskegita gelditu ziren. Oihuka hasiko al zitzaion?

        Beroiz zaharra ez zen ergela, baina. Sekula ez zuen pentsatu Mikel horrenbestera ausartuko zenik, hau da, goizean goizetik zeukaten sesioa bere lagunen aurrean ateratzen ausartuko zenik, bere lagunen aurrean oilartuko zitzaionik, hotz, eta horrek berak erakutsi zion haserreak, haserre itsuak, gaizki utziko zuela besteen aurrean. Denboratxoa hartu zuen ezer egin edo esan aitzin, eta, semeari berriz begiratu ziolarik, bere suminaldiak ongi administratzen dakienaren plantan mintzatu zen.

        —Segi lanera, Mikel —ahotsa lasaia zen, baina aldi berean lehorra; bi ezaugarri kontrajarriek zemaikor bihurtzen zuten. Aurkako arrazoirik onartzen ez zuen agindua zen.

        —Ustaxi zerria! —Mikelek marmarrean esan zituen hitzok.

        Mikel Cinematik atera zen, ateaz danbatekoa emanda.

        —Zer esan du? —galdetu zuen Leonardok.

        Baina inork ez bide zituen aintzat hartu gaztearen esanak, edo benetan ez zioten entzun. Amerikanoak bai, entzun egin zituen, eta entzun bakarrik ez; ustekabez eta kezkaz jaso ere bai. Esan, ez zuen ezer esan ordea.

        —Gazteak! —erabaki zuen Azpirozek. Beste askotan bezala, apo-begi erdi itxien atzetik hitz egiten zuen.

        Amerikanoari bere semearen akordua etorri zitzaion, eta nostalgiaren zimikoa sentitu zuen. Mikel Beroizen adinera laster iritsiko zen bere semea, urte gutxi batzuk baizik ez ziren falta, eta orduan ere bere semeak dena zekiela usteko zuen, baina benetan noraezean ibiliko zen bizarguri bat izango zen, ahul, zaurigarri. Manipulagarri. Bere semea... eta bera, zer? Inor ez da inoiz nahiko jakintsu, inor ez dago inoiz aski zailduta manipulagarri ez izateko.

        Iriartek galdera egiten zion Beroizi, baina galdera mutua, begiez bakarrik egiten den horietakoa.

        Bazirudien Iriarteren aurpegiko giharrak nagi, edo ahul zirela, eta ez zirela gauza beti erakusten zuen irribarre-erdi hura irribarre oso bilakatzeko, ez eta erabat ezabatzeko ere. Fama zen Iriartek hanka bat Saran eta beste bat Zugarramurdin pasatu zuela gerra, eta bere idazmakina zaharrean prestatzen zituela frankisten lurretan ibiltzeko ezinbestekoak ziren salbokonduktuak. Iriarte Aurizkoa zen, jaiotzez, baina Zugarramurdin bazuen familiarik eta ezagunik, aita han ibili baitzitzaion lanean.

        —Beran familia eta Saran seme-alabak! —gogoraraziko zion, aukera edukiz gero, Josetxo Rodriguezek, edo Leonardok.

        Iriartek, badaezpada ere, ez zuen inoiz inork ezagutzen ez zituen seme-alaba horien zurrumurrua gezurtatzen. Baina begietako galdera mutuari erantzun ziolarik, Beroiz ez zegoen txantxetarako.

        —Zorionekoa zu, Iriarte, seme-alabarik ez daukazun horrek!

        —Ilobak ditut, ordea!

        Beroizek Tomi kontatu zion zer edo zer; arazoa zen ez omen ziola dendan behar beste laguntzen, arazoa zen hala ere ez zuela ikasten segitu nahi, bertan ez bazen, beste nonbait, arazoa zen amonaren etxera bizitzera joan nahi zuela, arazoa zen bere neska laguna, Garbiñe, arazoa zen Julen eta Robertorekin elkartzen zela... arazoa zen eskalatzera joaten zela, eta ama dar-dar batean jartzen omen zela sokarekin eta motxilarekin ateratzen ikusten zuen bakoitzean. Dena omen zen arazo.

        Amerikanoa entzuten ohituta zegoen, eta bazuen, gainera, letra larriaz idazten den Historiaren pareten aurka talka egitera kondenatuta daudenen aldeko ixuria.

        —Joan den igandean Tolosako mutil bat hil zen Etxaurin. Jaisten ari omen zen, laprast egin, eskuak erre, soka askatu... eta burua apurtu zuen. Orain emazteak, Carmenek, kontuak eskatzen dizkit. Nik mendizaletu nuela esaten du. Tolosako mutilak hemeretzi zituen, gure Mikelek bezala.

        Semea, hemeretzi urte betetzen dituenean, nire ondoan baneza, pentsatu zuen Hewartek.

        —Hemeretzi urte besterik ez.

        —Mukizu hauek! Orain, amonaren etxea berarentzat nahi duela-eta, haserretu ez zait ba!?

        —Aizu, Miguel, niregatik bada —Amerikanoa, deseroso—, uztazu etxea mutilarentzat, nik ez nuke nahi...

        —Ezta pentsatu ere! —eta hemen Miguel Beroizen lepoko zainak hanpatu egiten ziren—. Etxea nahi badu, lan egitea dauka!

 

 

Andonik egongelako gurutze erraldoiari begiratu zion. Segundo batzuk lehenago beste bat zuen ikusia, berdin-berdina itxuraz, baina aise handiagoa, amona zenaren oheburukoaren goi aldean. Eta sukaldean bazegoen beste bat, txikiagoa baina.

        —Balio lezake —izan zen bere erabakia.

        Ez zen gurutzeaz ari, noski, nahiz eta urrats handietan segitzen zuen amonaren gelatik egongelara, eta egongelatik amonarenera, gurutzeei so eta dir-dir zoro bat begietan. Mikeli, batzuetan, burutik eginda zegoela iruditzen zitzaion. Baina ez zuen ezer esan.

        —Beraz, hona etortzen zara neskarekin... —burla-aire batek blaitzen zituen Andoniren hitzak.

        —Bai... —Mikelen matrailek kolore gorri salatari baten zantzuak hedatzen zituzten.

        —Tartetxo goxoak pasatuko dituzue hemen, elkarrekin... —Andoni gozatzen zen gaztearen enbarazu eta nahasmenean jorra eginez.

        Mikel erabat gorritu zen.

        —Utzi txorakeriak alde batera —esan zuen, gaiaz aldatzeko azken ahalegin izugarria eginez—. Balio du edo ez?

        Alferrik izan zen. Andonik ez zion begirik kentzen. Bere irri nasaiak gelako zoko guztiak bete zituen.

        —Arraioa... Hala al gabiltza oraindik? Ez al duzu uste...

        —Balio du edo ez du!? —oihu egin zuen, galdetu baino gehiago, Mikelek, gehiago ezin jasanez.

        Andoni errukitu zen.

        —Nor gehiago etortzen da?

        —Ama etortzen da hilean behin edo, garbitzera. Gainerakoan, neu bakarrik.

        —Zu eta zure neska.

        —Garbiñe ez da gehiago etorriko.

        —E, e, motel, lasai, nik ez dut esan... —Andonik desenkusazko imintzioak egiten zituen bere esku zabalekin.

        —Nik esaten dut —moztu zion Mikelek, haserre—. Nik esaten dut, eta kitto.

        Bibotedunak eragozpenen larria neurtu zuen burua alde batera eramanez.

        —Esaiozu zeuk garbituko duzula hemendik aurrera.

        —Neuk garbituko dudala esan? Hori okerrago da, orduan susmoz beteko da.

        Andonik ulertzen zuelakoa egin zuen.

        —Ondo da. Hilean behin baino ez bada... Tira, beste toki bat bilatzen dugun bitartean, balio du. Ama datorrenean, edozeren aitzakian, lagundu iezaiozu. Bestalde, bost edo gehienez sei hilabete barru dena pasako da. Beraz, behin, agian bitan lagundu beharko diozu, bakarrik. Armairuak-eta begiratzen ditu?

        —Normalean ez.

        Mikelek zerbait gehiago esan nahi zuen.

        —Inoiz alkilatzeko asmoa dutela esan dute; salduko ote duten ere aipatu izan dute.

        —Saldu? Zenbatean? —galdetu zuen Andonik, bat-batean merkatu inmobiliarioaren gorabeheretan kezkaturik, itxuraz.

        —Ez dakit... —elkarrizketa bide absurdua hartzen ari zela iruditzen zitzaion, baina erantzun egin zuen. Beti erantzuten zituen Andoniren galderak—, 200.000 pezeta. 250.000 pezeta, agian.

        Ez zen ausaz ari. Inoiz entzun zion amari, asmo hori aipatu zutenean, amona zenaren pisu zaharra, Kale Nagusikoa —aspaldi propagandarekin iheslari zebilen Kepari gordelekua emateko balio izan zuen berbera—, saltzekotan, aise aterako zizkiotela berrogei mila duro.

        Andonik bizitzaren garestitzearen norainokoa adierazi zuen, modu berezian txistu eginez, eta esku bat goitik behera astindu. Orduan ulertu zuen Mikelek harpa jotzen ari zitzaiola.

        —Zure gurasoek ez dute ezer egingo, dituzten hiru seme-alaba ederrak edukita, eta diruz ondo ibilita, dabiltzan bezala. Neska eta biok ezkontzen zaretenerako gorde nahiko dute.

        —Ez gara ezkonduko! —hasi zen, baina laster konturatu zen irrigarri geratzen ari zela, eta tonua ez ezik, gaia ere aldatu zuen—. Ez dute alkilatuko... Baina, alkilatuko balute? —Mikel haserre zen bere buruarekin. Andoni beti zegoen bera baino bi, hiru mailadi gorago.

        Bibotedunak ez zuen akuilua zaurian gehiago sakatu nahi izan.

        —Alkilatzen badute, orduan ikusiko dugu. Baina nire iritzia horixe da: balio du. Ondo ari zara, Mikel —Andoni serio jarri zen, giza-baliabideak egoki kudeatzeko beharraz kontziente izateak berezko adar jotzeko gogoari gaina hartuta—. Materiala poltsetan ekarriko dugu, amonaren gelako armairuan gordeko dugu. Ez dira 60 kilo baino gehiago izango, hiru edo lau kirol-poltsa baizik ez, aise sartuko da. Amak armairuak ez irekitzea, zure kontu.

        Orduan bibotedunak Mikelek sekula ahaztuko ez zuen gauza bat egin zuen. Sukaldera joan zen, eta amonak behiala, euri egunetan, arropa zabaltzen zuen galeriatik bi gantxo hartu zituen. Gero, Mikeli besapean zeukan Diario alea eskatu zion. Ondoren, bi urrats luze emanda, amonaren gelara sartu, oinetakoak kendu eta ohe gainean zutitu zen. Diario alea zabaldu zuen Kristo gurutzatuaren aurrean; orrien zabalak Kristo haren beso erraldoiak puntatik puntara neurtzeko erabilitakoa zirudien. Gantxoez finkatu zuen egunkaria Kristoren eskuetan.

        —Berak ere ilustratzeko eskubidea dauka, ezta?

 

 

Euskarazko eskolak Beroiztarren etxean ziren. "Dut, duzu, du; dugu, duzute, dute; errepikatu", esaten zien Don Joxe Egozkuek, apaizak. "Baina nik 'det' dela entzun dut", esan zion hasieran Iraizozek, aita zena giputz eta euskalduna izanik, bere burua nabarmentzera derrigortua ikusten zuenak. Bai, esaten zuen orduan Don Joxek, eramanaz, halaxe da Gipuzkoan; baina Akademia laster biltzekoa da, denentzako berdina jartzeko, eta berdin horretan 'dut' izango da. Beraz, zuek 'dut' ikasi behar duzute".

        Mikelek, hasieran, ez zituen oso gustuko kabalistiko, amaiezin susmatzen zituen esgrima-saio horiek. Denbora galtzea iruditzen zitzaion. Edozein aitzakian utzi egiten zituen eskolak. Horrela salbatuko dutela herria uste badute, pentsatzen zuen.

        Beroiztarren etxeko klaseetara Miguel Beroiz, Iraizoz eta Carmen joaten ziren. Idoiak, alabak, Mikelen arrebak, oso serio hartzen zituen, eta Luisek, aldiz, ahaleginak egiten zituen, bereak eta bi egin ere, kale egiteko. Denborarekin, Amerikanoa ere joaten hasi zen.

        Idoia izango zen, urte batzuk geroago, euskara menperatzera iritsiko zen bakarra.

        Irakaslea Joxe Egozkue zen, apaiza berau. Literaturzalea zen, eta adiskideak zituen, Euskaltzaindian ez ezik, euskaltzale eta literaturzaleen artean ere bai. Baina Egozkueren jarduerak zenbaezinak bakarrik ez, kontagaitzak ere baziren.

        Egun batez, denbora tarte luzea bertatik pasa gabe egon eta gero, Mikel euskarazko eskolan agertu zen, ustekabean, berriz ere. "Dut, duzu, du; dugu, duzute, dute", errezitatu zuen, Osasunaren hamaikakoaren azken izenak emango bailituen, baina serio, bere anaia Luis harrituaren aurrean. Euskaraz sekula ikasiko ez zuten bere gurasoek, Iraizozek eta Amerikanoak, letania entzunda, onespen-keinu asea egin zuten; Mikel zen, denetan, "duzute"ren zeta txistukaria hobekien ahoskatzen zuena, Egozkuerekin ezin aldera zitekeen arren. Honi, dena den, mutila entzunda, seme iriolearen alegiaren bigarren emanaldia ikusten ari zela begitandu zitzaion.

        Zer iruditu zaizu Mikel berriz euskarazko eskolara etortzea? galdetu zion apaizak Miguel Beroizi. Biak elkarrekin zeuden, Beroizen dendako bulegotxoan, behegain batean zegoenean. Apaizak laguntza eskatu zion agiri bat idatzi eta kopiak egiteko, gero banatzeko ere laguntza eskatuko zion moduan. Agiria honela hasten zen:

"Bada aspaldi euskal apaizek ez dutela agiririk argitaratu. Litekeena da inork isiltasun hori gaizki interpretatzea, inork uste izatea egia, justizia, askatasuna eta gizonaren duintasunaren alde egin behar dugunok ez dugula kontzientziarik, ez garela konturatzen gertatzen ari diren hainbat jazoeraren larriaz. Ez dugu nahi, gaur den egunetik aurrera, inork gure isiltasuna konplizitatetzat hartzerik".

        —Zer iruditzen zaizu Mikel berriz euskarazko eskolara agertu izana?

        Beroizek ez zuen apaizaren galdera zuzenean erantzun, eta bekainak jaso zituen, uztai eginda utzi arte, ezer esan gabe. Biek elkarri begiratu zioten. Ikusiko dugu, ebatzi zuen Beroizek, idazmakinarantz seinalatuz. Segitzeko gonbidapena nabarmena zen.

"Elizak gizonen eta herrien eskubide naturalei buruz duen doktrina, aski ezaguna bestalde, da gure analisiaren iturria. Eskubide guztien erroa eta funtsa pertsonaren duintasuna da, berau ezin baitaiteke bortxatu. Edozein gizakik, jaio aurretik ere, hainbat eskubide dauzka, edozein Estaturenak baino lehenagokoak eta goragokoak. Gizonaren ahal guztien batuketak ere ezin du eskubide hauen betetzea galarazi."

        Ikusiko dugu? Zer ikusiko dugu?, apaizak ostera bere galderekin, Beroiz bakean uzteko asmorik ez zuela seinale, eta, bide batez, bakean uzteko asmorik ez bazuen, norabait iritsi nahi zuela seinale. Zer ikusiko dugun? Euskarazko eskoletara etortzen segitzen duen edo uzten duen. Arraroa da. Ez da itzuli nik esandakoengatik, ezta zu ikusteko amorratzen dagoelako ere. Beroizek ez zion teklak sakatzeari utzi, mintzatu bitartean:

"Gizon guztien goren eskubidea askatasuna dela diogunean, herrien askatasuna eta autodeterminazioa ere defenditzen ditugu, lege naturalak eta eskubide positibo-jainkotiarraren barruan. Balio moral guztien begirunea da kristauen dotrina; eta gizarteak aspaldi kondenatu zuen, publikoki, genozidioa."

        Bada, nik segitu egingo duela uste dut, zioen apaizak. Ez al duzu ikusi nola jarri den Luisek, anaiak, adarra jo nahi izan dionean? Moztu ezazu kalparra, ye-yé ganoragabe horrek, esan ez dio ba! Joxe Egozkuek irri egiten zuen hitzak gogoratzean; Beroizek bi hatzez tekleatzen zuen, baina oso azkar. Aurrean zegoen hautsontzian farias bat zegoen, erdi erreta.

"Uste dugu, zinez, Espainia osatzen duten pertsonek, klaseek, herriek eta komunitate politikoek ez dutela askatasun nahikorik. Begiak irekitzea aski da errealitate triste hau ikusteko. Estatuak ezartzen duen norabide bakarreko pentsamendu politikoarekin bat ez datozenen jarduna kondenatu eta atxilotuak izaten dira. Erregimenak dirauen urte luzeetan, behin eta berriz, pertsona horiek kartzelara eraman eta bertan 'sine die' atxikitzen dituzte; gero, Gobernadore, Ministro edo Segurtasun Zuzendari batek ongi irizten dionean, Auzitegi Berezi batera eramaten dituzte, 'Estatuaren aurkako matxinada' akusazio larriaren pean epaituak izateko."

        Joxek igarri zuen Beroizen begietako galdera, orain testuak sorrarazia. Espainia? Kontzesio taktiko bat da, azaldu zuen apaizak. Apaiz askok izenpetu behar zuen agiria, guretarrak ez direnak ere barne.

"Gure herriko komisaldegietan tortura erabiltzen da, askotan injustua den lege bat urratu dena nor den jakin ahal izateko. Susmo zital bat nahikoa da poliziak edo guardia zibilak tortura dezan herritar errugabea. Ez gara salbuespenaz ari. Agintariek ezagutzen dituzte jardun hauek, eta gerta ez daitezen ezer egiten ez dutenez, sistema baten aurrean gaudela esan dezakegu, ezbairik gabe. Honek gure herria asaldaturik dauka, eta ez gure herria bakarrik: hainbat ordezkari atzerritarrek, bai diplomatikoek, baita alderdi politikoetako arduradunek ere, Espainia bisitatu dute epaiketa politikoak eta kartzelak ikusteko, informazioa biltzeko, eta modu honetan Espainiako Estatuak gizakiaren aurka egiten dituen demasakeriak geldiarazteko."

        Eta, Mikelek euskarazko eskola utziko ote duen, ez dut uste —informatu zuen apaizak—. Etxekoa uztea, ordea, bai, litekeena da. Baina Eusko Bazterran izena ematekotan ei dago. Ez al dizu deus esan?

        Beroizek murruskada bat egin zuen, baina ez zuen begia paperetik desbideratu. Aitzitik, txokorrari sakada bat eman eta ingurua kez bete zuen, atzera berriz teklei ekiteko. Honela, Egozkuek ez zuen ikusterik izan bere hitzek zer eragin eduki zuten.

"Ezin dugu aipatu gabe utzi gure herria, Euskal Herria, hemen eramaten baitugu aurrera gure lan apostolikoa. Euskal apaizok gure herria maite dugu, Gaztelako apaiz batek bere herria maite duen bezainbesteko erruki kristauarekin, edo Ugandako gotzainek giza-familia, zeinaren parte egin baitzituen Jainkoak, maite duten bezala. Baina, Eliza garenez, eta jardunean ari den Eliza garenez, eskubidea daukagu, eta eskubidea ez ezik, betebeharra ere, borondate gaiztoz edo akatsez gure herriaren aurka egiten diren atentatuak salatzeko. Horregatik orain salatu nahi dugu, espainiarren eta mundu osoaren aurrean, egun Espainian indarrean dagoen politika, Jainkoak euskaldunei eman zizkien ezaugarriak ahantzarazi, zokoratu edo are amorruz ezabatu nahi dituena, inoren probetxurikan gabe eta gure interes goienen kalterako, hau da, gure interes espiritualen kalterako."

        Eta hirurehunetik gora apaizek izenpetu duela agiria esan duzu? —galdetu zuen Beroizek, tekleatzen aspertzen hasia—. Den luzearekin, seguru nago erdiak ez duela irakurri. Egozkuek irriño bat egin zuen, elkarrizketa desbideratzeko saio orori entzungor. Atzaparra bezalako esku bat jarri zuen Beroizen bizkar gainean. Egozkueren espiritu pastoralak askotarako ematen zuen, eta horren araberako keinueraz lagundurik gauzatzen zen.

        —Badakizu zer galdetu didan Mikelek, eskola bukatzean? Euskaraz "Azkatuta" edo "Askatuta" idazten den.

"EUSKARA, EUSKAL HERRIAREN EBANJELIZAZIORAKO ETA KULTURARAKO TRESNA BEHARREZKOA DA, eta eskubidea du, bai elizaren aurrean, baita zibilizazioaren aurrean ere; bizitzeko eskubidea eta landua izateko eskubidea. Hori ukatuko balu, Elizak jarrera absurdua eta kontraesankorra hartuko luke, eta gizarteak ukatuko balu, gizarte horrek pertsonaren aurkakoa eta genozida dela erakutsiko luke. Eta hauxe da gure kasua, gaur, Espainian. Eta ez da krimen hau zuritu dezakeen arrazoi historikorik, sozialik edo politikorik."

        Beroizek orria idazmakinatik atera eta Egozkueri eman zion, honek errepasa zezan. Burumakur zegoen.

        —Joxe, Mikelek kezkatuta nauka.

        Joxe Egozkue ez zen eguzkitara zabaldutako zapi urdinpeko biztanle arrunta. Saminak etxe zabala, eta atseginak mehea duela azala jakinik, milaka gogapen zituen buru-errotan, elkar joka, hainbeste galderak buru-habia zapuztu arte; zeruan kakotu beharreko inguma zen, eta erromeria nahastu batean gardosten zebilela iruditzen zitzaion; olagarroaren beso haserreak bihotza elkortu eta odol tantarik gabe utziko ziola beldur zen, edo labana zorrotzak erditik ziola urratuko, ustelgai, zakarretara bota behar izateraino; begietako sorgin-argi baten aiduru zen, izarrak oinetan nahastuko zitzaizkion egunaren zain.

        Joxe Egozkuek soneto txar batzuk zituen idatzita eta Nemesio Etxanizen laguna zen. Laguna baino gehiago; ispilu eta maisutzat zuen. Haren bidez zeukan Andimak pentsatzen zuenaren berri. Egozkuek ez zuen Andima ezagutzeko zorterik izan, baina haren entzutea bazuen. Behin, Azkoitiko apaizak haren gutun baten pasarte bat erakutsi zion, Caracastik edo atzerriko hor nonbaitetik bidalia: "Emen ere zerbait egiten da euskararen alde ez bear litzaken beste, baina ontan ere gorrotoa eta seta besterik ezta ageri gure ABERTZALE SONATU oriengandik. ETAkoek euskal klaseak ireki ditutela eta sail ortakoak dirala-ta etzaiela inola ere ezertan ere lagundu bear, euskara partidu akitu baten jarauntsia bailitzan. Ala ere ari dira eta maila biko ikastolak ireki ditute: eztakitenena eta analfabetoena. Berrogeitik gora dabiltza bietan. Nik badakit beste sail goragoko bat ere jarri nai izan dutela eta euskaltzale argi bati eskatu ziotela ikastola orren ardura artzeko: erantzuna... ALDERDI SONATUAK inola ere ez ziola uzten ETAkoen gauzetan parterik artzen... eta euskara baztarrean utzi zuen. Zer derizkiozu? Eurak ezer egin ez eta besteak egiterik nai ez euskararen alde. Garaia dugu euskera maite eztuten alderdi eta partiduei aurpegia estalkia kentzeko argi ikus dedin beren euskararekiko gorrotoa."

        —Ño, Joxe, eta niri esaten didazu? —defenditzen zen Beroiz, apaizak hortik erasotzen zuenean. Beroiz, euskaraz ikasten ari zen, eta aritu ez ezik, ikastola berriaren proiektuan sartuta zegoen, eskolatzeko adineko haurrik ez zuen arren.

        —Eta zer esaten didazu Enbatakoekin egitekoa zen bileraz?

        Egozkuek, galdera egiten zuelarik, jatorri bereko beste gutun baten pasarte hau zeukan buruan: "Entzun dudanez, alderdi-sanedrinekoak, beldurtuta daude Enbata dala-ta Prantziko agintariek ez ote duten makila jasoko euren aurka. Ai gizajoak, ori baino ikuspegi zorrotzagoaren jabe dira agintari ok, Prantzikoak alegia, sanedrineko agurok batere parterik ez dutela gazteen eraginean ikusteko".

        —Beyriskoek jakingo dute zertan ari diren.

        Izarrak ez zitzaizkion hain erraz oinetan nahasten. Ezta oinak izarretan ere egia esan; aitzitik, oinak lokatzean, estropezu-harrian, basatzan lotzen zitzaizkion usuen. Nemesioren hitzak gogoratu zituen: "Lehengoan Urlia andereño erremin hori aho bete hortzekin gelditu zitzaidan. Patxi gorra beste mundura bialtzeko kezkarik ez nukeela izango esan niolako. Ezin zitekeela hori egin; etzela zilegi. Esan niona: zilegi ez ezik, barkamen osoa irabazteko lana zitekeela. Herria zapaltzen hainbeste urtetan, guzien eskubideak jaten bizi dena, ezin garbitu alajaina! Horrelako burukerak galtzen ez diren bitartean, ez dugu ezer handirik egiterik. Euskaldunok bide bat besterik ez dugu: israeldarrek hartu zutena: hizkuntza piztu eta indartu, eta izkiluak zorroztu. Hori egiten ez duen herriari, ez dio inork begiratzen, ez demokratek eta ez Elizak".

        —Zure seme Mikelek ere jakingo du bere burua zaintzen.

        —On Joxe, nabari da ez duzula seme-alabarik —Beroizek, zapuztuta.

        Baina zaputzak ez zuen luze irauten, eta maiz, horrelako saio baten ondoren, mokadu bat jatera joaten ziren elkarrekin. Beroizek ordainduta. Joxe Egozkuek, hainbat denbora geroago, gorabeherak eduki zituen Poliziarekin, militante armatu bati ihes egiten lagundu ote zion. Ez zuten haren aurka ezer frogatu.

        Beste batzuetan, euskarazko eskola bukaturik, Beroiztarren etxean geratzen zen afaltzen, eta gero Radio Paris entzuten zuten. Ordurako ohitura errituala zen, garai bateko premia eta behin-behinekotasun sentimendurik pizten ez zuena. Beroizek Aita Onaindia Munichen ezagutu zuela gogorarazteko aprobetxatzen zuen.

        —Goiz batez, meza ematera joan eta Errepublikaren defentsan eroritakoen aldeko meza egin zezala proposatu zioten —kontatzen zuen—. Badakizu zer erantzun zuen?

        Beti zegoen zer erantzun zuen ez zekien baten bat.

        —Ez zela oraindik jaio bere meza bat ekintza politiko bihurtuko zuenik.

        Egozkuek irri egin zuen bere baxu-ahotsaren harpeetatik, justu zeri egiten zion inork inoiz ez jakiteko moduan.

        Amerikanoak gero eta egonaldi luzeagoak egiten zituen euren artean. Nabari zen gustukoagoa zuela giro hori Madrilgoa baino. Euskaltzaletzen ez ezik, mendizaletzen ere ari zen. Beti ez bazen ere, ahal zen guztietan joaten zen On Joxeren eskoletara.

        —Zer iruditzen zaizu Amerikanoa? —galdetu zion behin Beroizek.

        Egozkueri zaila zitzaion esatea Amerikanoa zer iruditzen zitzaion.

        —Horrek zuk baino lehenago ikasiko du euskaraz.

        Egozkuek ez zuen, ezin zuen izan deus Amerikanoaren aurka, eta hala ere, ez zen bere aurrean laketzen. Amerikanoak lagundu egiten zuen, euskaltzale fin bihurtzen ari zen, gizon serio eta zuhurra zen, atsegina ere izaten bazekien hiru basoerdi hartuta, baina hala ere... Egozkue beti barrandan, zelatan ari zitzaion, bere egiazko asmoak salatuko zituen detailearen, txikikeriaren zain, sekula agertzen ez zena. Eta, bestalde, bai, ez zen zalantzarik bere eskola hartan, eta Idoia kendurik, bera zela euskaraz ganoraz ikasteko aukerarik gehien ikusten zitzaiona, tarteka joaten ez bazen ere, batzuetan epe luzeak eskoletara joan gabe pasatzen bazituen ere.

        —Kale Nagusiko pisura aldatuko ote den dabil. Bitartean, giltza eman diot, ustekabean teilatupea behar izanez gero, non jausi eduki dezan.

        —Mikeli ezer esan diozu?

        Galderak Beroiz ustekabean harrapatu zuen.

        —Ez, oraingoz. Tom bere gauzak pisuan sartzekotan dagoenean, orduantxe esango diot.

        —Baina bitartean...

        —Bitartean, badakizu nolakoa den Tom. Diskrezioa bera da, gizon itxura hartuta. Seguru nago, pisua erabili behar izanez gero, aurretik gaztigatuko didala, enbarazurik ez sortzeko —ematen zuen horrelako azalpenak emateak Beroiz gogaitzen zuela.

        Jardun pastoral luzeak ematen duen eskarmentuak hartaratua, Mikeli jakinarazi zion giltzarena, lehen aukera eduki zuenean.

        —Entzun dut Amerikanoak zure amonaren etxeko giltza baduela...

        Mac Arthur jenerala ez zen gehiago larrituko Pearl Harbourrekoa jakin zuenean. Mikel lekutu egin zen, tximista demonio. Egozkuek bekainak altxatu zituen, pentsakor.

        Bestalde, egia zen Beroiz, aita, ibiltzen zela lehen ikastola eratzeko lanetan, laguntzaile; baina luze gabe istiluak hasi ziren, eta bat zena bi bihurtze bidean jarri zen. Hori zela kausa, hirukote batek —Beroizek, Iriartek eta Kuntxillosek osatua— bisita egin zion On Manueli, Manuel de Irujori.

        Don Manuel tanke bat zen, tankearen logika zerabilen, eta are, masailezurrak tankearen aurreko aldea ekartzen zuen gogora. Kuntxillos erabakiak adostu zale zen, eta horregatik bururatu zitzaion, Beyrisera baino lehen, Telesforori bisita egitea. Beroiz eta Iriarte konforme agertu ziren. Don Manuelek noizbait esan zuen Telesfororengan idealistak, erromantikoak, poetak, gaina hartzen ziola gizon politikoari. Kuntxillosek, Beroizek eta Iriartek egin zioten bisita hartan, honela despeditu zituen Telesforok: "Zuek ez dituzue gure kideak nik bezain ongi ezagutzen. Ez duzue deus lortuko".

        —Erabakiak, batzuetan, egoeraren ondorioak dira —esan zien Don Manuelek.

        Beti izaten zen, aldian behin, Don Manuelekin hitz egiteko gairik. Azken garaietan, Don Manuelek hartzen zituenean, Jauregizar zeukan beti ondoan. Jauregizar ez zen atzerriratu bat, diasporaren semea baizik. Jauregizar gaztea zen, blazer erako jakak zituen gustuko, eta tenislari baten moduan mugitzen zen. Bere etenik gabeko irribarreak bi hortz-lerro ezin zuriago erakusteko aitzakia zirudien. Ziotenez, Jauregizar nazionalismoaren leinurik zaharrenen eta errespetagarrienetako familia batekoa zen; Sabino Arana bera batzartu ohi zen, Jauregizarren aitonaren Bilboko etxean. Halakorik! Nork esango zidan niri, zapatari baten semea naizen honi, esaten zuen Iriartek, gauza hauek hizpidera ateratzen zirenean, ez ironia punturik gabe. Iriartek egun hartan ezagutu zuen Manuel Irujo.

        —Erabakiak, batzuetan, inguruabarren seme-alabak dira, errepikatzen zuen Don Manuelek.

        Telesfororen baitan poeta gailentzen omen zen bitartean, irmotasuna zen, bere adierazpen gorenean eta osoenean. Denek errespetatzen zuten horregatik. Hamarkada luzeetako basamortua pasea zen tanke-gidariaren logika hari esker.

        —Bai, Don Manuel —saiatzen zen Kuntxillos, hainbatgarrenean—, baina beharrezkoa dugu lagunarte zabalagoetan gure hazia barreiatzea, gure ideal berberak egosten diren beste giroetan ere geure burua agertzea, batasuna lortzeko asmoz, batasunik gabe ez goazelako inora.

        Kuntxillos ere tematia izaki. Eta ez batere hiztun txarra, ez horixe, bere ikuspuntuak egoki eta dotore adierazten zekiena baizik. Kuntxillos zen, hiruretan, gutxieneko pedigria zeukan bakarra.

        —Baina egoera... —Don Manuelek.

        —Baina batasuna... —Kuntxillosek.

        Ezponda bat, tanke-gidariarentzat, gainditu beharreko oztopo bat baizik ez da. Zer zaizkio tanke-gidariari ezpondan hazten diren landare xumeak, lasterka ibiltzen diren sugandilak, arrautzak erruten dituzten zomorroak. Tanke-gidariak ezpondaren pendiza eta gasolio-kontsumoa baizik ez du buruan.

        —Javier, Javier... Zure aita bezal-bezalakoa zara... —Don Manuelek.

        Jauregizarrek irribarreak banatzen zituen ezker-eskuin.

Alderdia, Alderdia eta Alderdia! Azkenik, Telesfororen profezia beteta, hirukoteak Iruñera aldera hartu zuen, beren ikuspuntuak aurrera atera ahal izan gabe. Ez zen lehen aldia, ezta azkena izango ere. Eta hau abertzalea al da? esaten zuen, bueltan, Iriartek, Jauregizarrengatik. Jauregizar? Jakina, estatubatuarra da nazionalitatez, baina Bilboko familia nazionalista zaharrenetakoa, Bizkaia osoan, halako, halako eta halako herrian, halako etxea, halako jauregia eta halako lur-sailak zeuzkana, alabetako bat ez dakit zer izeneko armadorearekin ezkondua, Alderdiaren babesle handia, hura ere.

        —Eta Don Manuel Sabino aurrez aurre ezagutu eta bizirik dagoen azkenetakoa da —Kuntxillosek.

        Baliteke Telesforo poeta txoro bat izatea, baina bizirauteak eta pragmatismoak gainontzeko guztiari aurre hartzen dionean, zer geratzen da? galdetu nahi zion bere buruari Beroizek, baina ez zen ausartzen, edo agian ez zitzaion komeni.

        —Eta behin Uzkuduni irabazi omen zion esku-pilotan buruz buru —Beroizek, frustrazio txikien pilaketak ekarriko hodeiei putz egiteko edo.

        —Pilotan? Ostikoka ere irabaziko ziokeen —Iriartek.

 

 

— Zerri putakumeak!

        Andonik ez zuen bere amorrazioa ezkutatzen. Mikelek hain haserre ikusten zuen lehen aldia zen. Hitz leungarririk esatea pentsatu zuen, baina ez zituen ezpainak elkarrengandik bereizi, bestearen haserrealdia areagotzeko baizik ez zutela balioko uste izanda.

        —Zer esan nuen ba! Ez al duzu ikusten? Ez al duzu begirik kokolo aurpegi horretan edo zer!?

        Andoniren haserrearen aurrean ez zegoen mutu egoterik, antza; konpartitu beharrekoa zen, alegia. Baina Mikelek ez zuen Andonik mutur aurrean jartzen zion orriari begiratu behar zer esaten zuen jakiteko, berak aitari ebatsia baitzen. Aitzitik, kasik buruz zekizkien bileraren aktako pasarte batzuk:

"ETAtik erabat bereiz daitezela. Lehen elkarrizketan elkarren arteko kolaborazioa sortuko balitz, Enbatak ETArekin edozein harreman apurtu beharko luke: alegia, idazkaritza, helbidea, argitalpenak, propaganda, eta abar."

        —Ikusten? Ez etorri gero niri batasun konturik aipatzen! Batzuei buruko txoriak hegan joan ahal balekizkie!

Beyrisko elkarrizketa honen ostean, A.ko I. A.rekin elkarrizketa bat izan zen, zeinean honek azpimarratu baitzuen zuhurtzia eta diskrezioa guztiz beharrezkoak direla, Frantziako agintariekin liskar txarrik ez edukitzeko. Esan zuen, baita ere, denborak arrazoia eman diola kanpoko E.B.B.ri, Frantziako lege pean dauden taldeekiko harremanetan gure antolamendua ez konprometitzeko orduan. Horrelakorik egin dutenek (ETA) Iparraldetik alde egin behar izateaz aparte, oso lan negatiboa egin dute.

        —Jakina! Batzuek alde egin behar dugun bitartean, haiek lasai asko biziko dira, bazkari ederra joz eta puru handi bana errez!

        —Horiek ere... Bon, horietako batzuk ere abertzaleak dira.

        —Bai, adibidez zure aita, ezta?

        —Utzi nire aita bakean.

        Andonik, murruskada batez, bizkarra eman zion Mikeli, eta Kale Nagusira ematen zuen leihotik begira jarri zen. Minutu batzuk egin zituen mugitu gabe, isilik. Mikelengana itzuli zelarik, bere jenio bizia menderatuta, bere onean zen, bere buruaren jabe.

        —Mikel, uste dut beste urrats bat emateko ordua iritsi dela. Erakundeko arduradunarekin hitz egin dut; erakundean kezkatuta daude militanteen prestakuntzarekin, hobetu behar dela deritzote, eta, zera... hamar eguneko ikastaro bat egingo dute aurki. Prest bazaude, zure izena emango dut bertara joan zaitezen. Haiei ondo iruditu zaie.

        Haatik, proposamen egin zion egun hura izan zen Andoni ikusi zuen azkena.

        Hilabete luzeak pasatu ziren eta Andoniren berririk ez. Mikelek kazetak miatzeko ohitura hartu zuen. Noizean behin sarekadaren baten berria ematen zuten, Bizkaian edo Gipuzkoan, eta berak berria behin eta berriz irakurtzen zuen, gorabeheraren batek Andoni atxilotuetako bat ote zen susmatzeko arrazoirik ematen zuen. Baina albisteak laburrak ziren, eta zehazgabeak: batzuetan atxilotuen inizialak ematen zituzten, noizean behin ezizena ere bai. Inoiz ez zuen Andonirik ikusi, nahiz bazekien Andonik beste ezizenik edukitzea litekeena zela. Batzuetan egiazko izenak ere ematen zituzten, oso-osorik, eta are jaioterriak ere, baina horrek ez zion ezertan laguntzen, berak ez baitzekien Andoniren egiazko izena zein zen, ezta nongotarra zen ere. Mikelek ulertzen zuen itxoin behar zuela, lo bezala egon beharko litzatekeela bere unearen zain, baina ez zuen pazientzia nahikorik. Eta, bestetik, isolamenduak, ziurgabetasunak eta desorientazioak hartaratua, batzuetan beldurraren itsasoan itotzeko zorian sentitzen zen.

        Mugitu gabe itxoiteaz itota, Julen eta Robertorekiko harremana sendotzen hasi zen orduan. Kidetasun handia sentitzen zuen Julenekin; Robertorekin ezberdina zen, nahiz eta mutil sastorra zela ukatzerik ez egon. Julen eta Roberto ibiltzen ziren zirkuluetan mugitzen hasi zen, ahal bezainbesteko diskrezioarekin. Bere isolamendutik atera ahala, bor-bor txikian irakiten ari zen bere neurriko konspirazio-mundu gaztean sartzen joan zen. Zeinean eztabaida politiko eta kulturalak, txikitoak, neskak, zurrumurruak eta esamesak nahasten baitziren. Alea eta lastoa bereizten jakinez gero, bazegoen zer ikasia.

        Eta hala jakin zuen berak Elena ezizenaz ezagutu zuen neska preso zegoela Iruñeko kartzelan; han eta hemen entzundako komentarioetatik, lagunarteko solasetatik, eta jasotako panfleto eta orrietatik nolabaiteko egoeraren konposizioa osatu zuen. Andoniz zenaz bezainbatean, hiru aukera ikusten zituen: lehena, atxilotuta egotea zen; bigarrena, atzerriratu behar izatea; eta hirugarrena, erakundean bertan izandako eszisioan, berriekin joan izana. Azken hau ezinezkoa iruditzen zitzaion. Atzerrian egon balitz, nolabaiteko kontaktua egingo zukeen ordurako; beraz, logikoena zen kartzelan egotea, harremanei segida emateko une egokiaren zain.

        Julen eta Robertorekin eztabaida sutsuak edukitzen zituen. Haiek adiskide minak ziren, eta hasieran bien kontra egin behar izaten zuen; emeki-emeki, ordea, Julenekin gero eta ikuspuntu antzerakoago zein topagune tinkoagoak zituen, eta Roberto zen, orduan, haserretzen hasi zitzaiena. Mikelentzat garbi zegoen zerbaitetan sartuta zeudela. Mikelek zenbait argitalpen eta orri pasatu zizkion Juleni. Robertori ez, ordea.

        —Zer eskubide dute errusiarrek Txekoslobakia inbaditzeko? Gure jarrera errusiarren demasakeria salatzea izan beharko litzateke, Txekoslobakiako herriaren aldekoa.

        —Munduko langileria da nire herria, ez Txekoslobakia.

        —Ez, e? Hortaz, Euskadi ez da gure herria.

        —Euskadiko langileria bai.

        —Eta burgesia ez? Euskal burgesak ez dira euskotarrak?

        —Ez, patrika ukituz gero.

        Honelakoek Roberto amorratzen zuten; eta Julenek Mikelekin bat egiten zuela ikusteak are eta gehiago amorratzen zuen.

        Urteak aurrera egin ahala, ekintza-giroa gero eta handiagoa zen. Ikurrinak paratzen zituzten, lehergailuak jartzen zituzten erregimenaren aldeko monumentuetan; grebak eta mobilizazioak gero eta indartsuagoak ziren. Sarekadak eta erorialdiak ere, gero eta ugariagoa. Etorri zen Iruñeko Aberri Eguna, Vuelta a Españan Urbasan jarritako lehergailua, salbuespen-egoera. Etxebarrieta hil zuten.

        Mikelek ezin zuen gehiago.

        —Julen, zerbait egin beharra dago.

        —Batzuk ari gara, ba.

        Bi gauez elkarrekin ibili ziren Etxebarrietaren hilketaren aurkako pintadak egiten.

        Paretetan idatzirik utzi zuten oihu isilak atarramentu ona eduki zuen. Mikelek ohar idatzi bat jaso zuen berriro ere: oharrak pazientzia eskatzen zuen, luze gabe edukiko zuela beste zita bat. Gauza serio zihoala, erakundeak militante prestatuak behar zituela eta Mikelek edukiko zuela horietako bat izateko aukera. Bitartean itxoiteko.

        Juleni zerbait iradoki zion.

        —Agian. Ikusiko dugu —erantzun zuen besteak.

        —Ikusiko dugu? Ez zaitut ulertzen, Julen.

        Eta gero, lehergailuaren afera geratzen zen. Amonaren etxean segitzen zuen, lo, esku trebeagoek noiz jasoko zain. Amak, batez ere Garbiñerekin utzi zuenetik, laster alkilatuko zutela esaten zion, baina Mikelek ez zuen sinesten, uste zuen amaren trikimailuak zirela, Garbiñerekin berriz konpon zedin, bortxaz. Susto ikaragarria hartu zuen, ordea, aita pisua ikustera zihoala jakin zuen egunean, are handiago txiripa hutsez jakin baitzuen, etxean inork ez baitzuen aintzat hartu berari deus esaterik.

        —Aita amonaren pisura? —zopa jaten ari zen entzun zuenean, eta ahokada-zopa purrustan atera zitzaion, bere anaiaren alkandora zipriztinduz—. Noiz? Zertara?

        —Bihar edo etzi —erantzun zion amak—. Aitaren lagun amerikano horrek ikusi nahi du. Esaten du beharbada alkilatuko lukeela, hona gero eta gehiago etortzen denez, nekatzen ari dela San Nicolasen apopilo egoten, edo Maisonaven edo Yoldin gela pagatzen. Amerikanoak dio ordaindu nahi duela; zure aita ezagutzen duzu, ordea, eta badakizu nolakoa den: doan utzi nahi dio —esateko moduan nabari zitzaion amak ez zuela aitaren erabakia hain gustuko—. Ikusten, Mikel? Zuk ez zenuen uste inork nahiko lukeenik, ezta?

        Bazkaltzen bukatu gabe Kale Nagusiko pisura abiatu zen, arrapaladan. Lehergailua han zegoen; etxean ez zegoen inor. Beharrik.

        Ez zuen denbora luzeegi zerbait pentsatzeko. Ordura arte amari gauzak ezkutatzea ez zen hain zaila suertatu, baina aitarekin besterik zen, are eta gehiago amerikar sudurluze harekin baldin bazihoan: aitak bazter guztiak erakutsiko nahi izango zizkion, amona zenaz (aitaren ama, beraz) mintzatuko zitzaion, denetariko azalpenak eman nahiko zizkion... Aita ikusten eta entzuten ari zela iruditzen zitzaion Mikeli: zer dira hiru poltsa handi hauek, Mikel? Aita madarikatua, txoratuta bezala zirudien bere lagun amerikar horrekin.

        Materiala etxetik ateratzea beste irtenbiderik ez zegoen; ordu batzuez baino ez bazen, bisitak iraun bitartean, gero berriz lehengo tokira sartzeko. Gero gerokoak. Baina berak bakarrik ezin zuen. Kinka larri horretatik ateratzen laguntzeko, Mikelek pertsona bat ezagutzen zuen.

        —Julen, mesede handi bat eskatu behar dizut.

        Julen burdindegi bateko gordetegiko arduraduna zen. Bertako giltzak ez ezik, garraioko furgoneta ere ibiltzen zuen.

        —Ongi da. Elkarri lagundu beharrean gaude.

        Kale Nagusiko pisura joan ziren. Bertan zeudela oraindik, Julenek poltsetako edukia begiztatu zuen. Harridurazko txistu luzea atera zitzaion

        —Joder, Mikel, zer nahi duzu? Gobernu Zibil osoa bota? Eta guri ezer esan gabe!

        Aita pisura zihoalako gaztigua jaso zuen egun bereko arratsaldeko azken orduan egin zuten garraioa. Gordetegia parte zaharrean zegoen.

        —Kakazaharra! —Julenek.

        Poltsak DKV zaharretik jaistekotan zeuden. Julenek gordetegiko ate ondoko leihotxoa seinalatu zuen. Ez zen argizulo bat baino askoz gehiago, baina bertatik ateratzen zen argiak barruan norbait zebilela salatzen zuen.

        —Zakarro izango da —Julenek zalantza egiten zuela zirudien—. Itxoin hemen minutu bat. Normalean ez da hain berandu arte geratzen.

        Zakarro egur ziri bat bezain meharra zen, Juleni gordetegiko lanetan laguntzen zion. Gizon ezkibel eta feldera zen. Aurpegiko zimur ugarien kausaz, zena baino zaharragoa zirudien, baina ez zituen hirurogei urte izango. Denak harritu ziren Arrondok, burdindegiko jabeak, lehengo arduraduna erretiratu zenean, bizitza guztia gordetegian lanean pasatako Zakarro ordez Julen jarri zuenean gordetegiko arduradun. Arrazoia zen Arrondok uste zuela Zakarro aski zabartuta zegoela karta-jokoa eta koñaka zirela kausa, azkarregia ez izateaz aparte. Sentitzen dut, Zakarro, esan zion, gazteei utzi behar zaie lekua, ulertzen duzu, ezta? Hitz horrexekin adierazi zien bere aukeraren arrazoia galdetu zien lagun eta ezagunei:

        —Gazteei lekua utzi behar zaie.

        Bost minutu geroago, Julen DKV ondoan zegoen berriro.

        —Hor, gehienez, bi egun atxikitzen ahal dut —gaztigatu zuen Julenek—. Luzeagorako bada, zerbait asmatu beharko dugu.

        Amonaren etxeko poltsak apalategi batean utzi zituzten, iltze-kutxa batzuen atzean.

        Gordetegitik bueltan taberna batean sartu ziren, basoerdi bana hartzeko.

        —Zaude lasai. Zorte pixka batekin, bihar arratsaldean eramaten ahalko dut materiala ostera.

        —Zer da gauza?

        —Aitak Amerikanoari erakutsi behar dio pisua. Alkilatu nahi duela dio.

        Juleni pare bat aldiz egokitu zitzaion Amerikanoarekin egotea.

        —Zer iritzi duzu Amerikanoaren gainean?

        Mikelen begirada basoaren hondoan hiltzen zen. Azken orduetako larria nabari zitzaion.

        —Amerikanoaz? Amerikanoak kezkatzen al zaitu?

        Julenek deus garbirik esan nahi ez zuen keinu deszifraezina egin zuen.

        —Ez naiz Amerikanoaz fio.

        —Ez dakit zer esan. Aitaren laguna da. Francorena denik behintzat ez du ematen. Eta Zakarroz fio zara?

        —Zakarro gixajo bat da.

        Bigarren basoaren ondoren kolorea itzuli zen Mikelen matrailetara.

        —Mila esker, Julen.

        Julenek esku-zarta adiskidetsua eman zion bizkar gainean.

        —Ez da ezer. Elkarri lagundu beharrean gaude.

 

 

Niretzako, Uruguaiko asunto hura guztia gaizki bukatu zen. Konpainiak Langleyra itzultzeko agindu zidan. Han laster erabaki zuten ez nenbilela osorik burutik, arazo psikologikoak nituela. Konpainiak hainbat psikiatra jarri zituen nire eskueran, tratamendua segi nezan. Nire lehen inpultsua uko egitea izan zen, baina zuhurtziak agindu zidan hobe zela esaneko, otzan jokatzea, egoera berriak eskaintzen zizkidan aukerak zeintzuk ziren ikusi artean, behintzat. Nire helburua, ordurako, Konpainia behin betiko uztea zen, baina ez zitzaidan komeni danbateko bat joz alde egitea, edo zegoeneko nahikoa hondatuta zegoen nire ohore eta ospe onaren azken apurrak erretzea.

        Tratamendua hasi baino lehen, aurretik nuen psikiatra-saioa aldapa gogorra begitantzen zitzaidan. Konpainiako psikiatrek ez zuten fama onik. Esaten zen psikiatrak baino, kontraespionaje agenteak izaten zirela. Alegia, nirea bezalako kasu batean, pentsatzekoa zen nire osasun mentalaz baino, Konpainiaren integritatea salbu uzteaz arduratuko zirela. Ez nuen arrazoirik ikusten hori guztia zalantzan jartzeko.

        Zorte ona eduki nuen, ordea. Roger Box doktorea izan zen nire kasuaz arduratu zen mediku-taldearen burua. Box Armadakoa zen, ez Konpainiakoa; oraindik uste zuen, antza, Hipokratesen zinak zer edo zertara konprometitzen zuela, eta aspertzen hasia zegokeen, bestalde, Vietnamdik iristen zitzaizkion kasu latzekin.

        Zorte ona eduki nuen, gainera, MK-ULTRA programakoen eskuetan erori ez nintzelako.

        Konpainian zabaltzen ari ziren esamesa eta zurrumurru batzuen arabera, abian zegoen MK-ULTRA izeneko programa bat, psikiatriaren oinarriak informazioa lortzeko prozesuetara aplikatu nahi zituena. Entzuten zenez, metodoak ez omen ziren, nola esango genuke, oso konbentzionalak. Nik orduan hori baizik ez nekien programa horri buruz, eta, metodoak "oso konbentzionalak" ez zirelako esamoldearen urrin eufemistikoa begi-bistakoa izanik ere, geroxeagora arte ez genuen jakiterik izan —ez ginen jakiten hasi, esan beharko genuke, zehatzago izateko, informazioa oso-oso poliki joan baitzen barreiatzen—, programaren izenean zer nolako basatikeriak egin ziren, zer nolako horroreen museoa gordetzen zen Gottlieb doktoreak, Cameron doktoreak eta enparauek sortu zuten programa horren estalkipean.

        Zorte ona eduki nuen, nolabait, psikiatra klase haien ospearen gainbehera hasita zegoelako, eta galdutako fama berreskuratzeko Nosenko izeneko dohakabe batekin berebiziko eginahalak egiten ari zirelako. Nosenko hau KGBkoa izandakoa zen, baina gure aldera pasatua. Sobietarrek ez zutela zerikusirik Kennedyren heriotzan esaten tematu zen; aitzitik, presidentea akabatzeko konplota Estatu Batuetan zertu zela. Konpainiako psikiatrak afanatzen ziren, beren tortura-metodo sofistikatuenekin, agente bikoitza zela demostratzen. Tipoa gogorra omen zen, eta nahiko lan eman omen zien. Nosenko gizajo horrek lagundu zidan, berak jakin gabe, agian hari esker ez nindutelako hartu beren esperimentuen itu.

        KGBko agente ohiari dagokionez, hiru-lau urteko tratu latza eta gero, agente bikoitza zela ezin frogatu eta bakean utzi zutela entzun dut.

        Roger Box doktorea arduratu zen, beraz, nire tratamenduaz. Gaixo bat bezala hartu ninduen, eta uneoro lagundu nahi izan zidan, nahiz eta Konpainiak zerbait presionatu zuela badakidan, bereziki nire nagusi-ohia izandako Oldmanen bidez. Nik atzean Springen eskua zegoela nabaritzen nuen. Poligrafotik pasa nendila nahi omen zuten. Boxek babestu ninduen, eskaera horri uko eginez, irmoki.

        Gaixorik nengoen? Bai, agian, edo ez; bai eta ez. Boxek zioen neurotiko bat nintzela; nik, adar-hostoen erdiak iharturik dituen zuhaitz bat bezala ikusten nuen nire burua. Bazegoen nire baitan itzalak hartutako eremu handi samar bat, eremu ilun bat, nire espirituaren ibilera trabatzen zuen harria bezalakoa. Baina guztiz kontzientea nintzen, eta ez nuen inoiz ere autokontrola galdu. Boxek fenotiazina oinarria zuen tratamendu bat jarri zidan. Ez nuen pilula bakar bat ere irentsi. Ez naiz egundo pilula-zalea izan. Aldi hartan, edateari erabat utzi ez banion ere, gutxiago irensten nuen, bederen.

        Konpromisozko irtenbidea bilatu zen; Boxek, nire alta izenpetu zuenean, jardun aktiborako ezindurik nengoela zioen txostena aurkeztu zuen, baina, aldi berean, beste lan bat egiteko oztoporik ez nuela. Praktikan, honek esan nahi zuen beste lan bat bila nezakeela Konpainiatik kanpo; hau, bere aldetik, nitaz libratzen zelarik likidazio txiki bat ordaindurik, eta beste inolako nirekiko obligaziorik onartu gabe.

        Askatasuna berreskuratu nuen, alegia. Boxen borondate onaz baliatu nintzen? Ez dut uste hori esateak egoerari justizia egiten dionik. Box ez zen tontolapiko bat, eta ni ez nengoen nire onean. Irtenbide horretara iristea zela nire helburua, hori ere egia da.

        Geratzen zitzaizkidan lagunek eta nirekin haserre ez zeuden ahaideek lagundu zidaten lana bilatzen. Urteetan zehar egindako harreman horietako bati esker, jakin nuen John Deerek Espainiako zuzendaritza-taldea indartu nahi zuela, espainieraz zekiten enpresa-exekutiboak behar zituztela. Probak gainditu nituen, fikziozko curriculum eta guzti. Konpainiak ez zuen oztoporik jarri.

        Espainiaratu nintzenean, bizimodu berri bati ekiteko gogotsu nintzen. Hasieran, bakean utzi ninduten. Batzuetan uste nuen libre nintzela, benetan. Libre nintzela uste izatera iritsi nintzen, ia. Ez nuen sekula pentsatu Beroizen ibilera-lagun izateak inolako oztoporik ekarriko zidanik. Gero Petralic agertu zen nire bizitzan. Eta horren ondorioz, La Zarzuela hipodromoan elkartzekoa nintzen Waldorekin. Hamar egun baizik ez zirela pasa Waldorekin lehen elkarrizketa eduki nuenetik, nire lankide ohiak deitu zidan.

        Hipodromoan egin genuen zita, lehengoan bezala. Waldo berriketarako gogoz zegoen. Karpeta lodi samar bat zeraman eskuan, detailea ez zitzaidan oharkabean pasa.

        —Ez, ez dut zaletasuna galdu —berresten zuen Waldok—; Ever Perdomo, Julio Fajardo, Oscar Dominguez... Maroñasko jockey mitikoak guztiak, gogoratzen?

        Ausaz, ez bide zen oroitzen ni ez nintzela Montevideoko Maroñas hipodromoan sekula izan. Edo berdin-berdin izango zitzaion, eta erdeinua adierazteko modu bat baizik ez zen.

        —Biba zuek! Hauek eta hauen lanik gabe hemen ez zen zaldi-lasterketa askorik egiterik izango.

        Langile talde bati buruz ari zen. Laugarren lasterketa berehala hasiko zela-eta, pistan gertatzen zenak bereganatu zuen gure arreta. Hipodromoko langile talde batzuek, hirunaka, pista zeharkatzen zuten, mazoak eskuetan, aurreko lasterketarako zaldiek eragindako zuloak estali asmoz. Hirukote horietako bat tribuna aurreko zuzenean ari zen lanean, helmugarako zatia txukunduz, guregandik hurbil.

        —E, Tom: baietz lodikoteak, mahuka hutsetan dabilenak, helmuga beste biek baino lehenago zeharkatu! Hamar dolar!

        Dolarraren egonkortasuna defendatzeko hainbeste kemen agertu eta gero, bidezkoa zen Waldok apustuak dolarretan egin nahi izatea. Waldoren eskuetan nengoen. Postura egin nuen, beraz, lodikotearen ondo-ondoan zebilen altu mehar baten alde; izan ere, urrats luzea egiten zuela erreparatu nion.

        —Norbait atzetik eduki duzu?

        Bizkarrak harrotu nituen.

        —Ez. Ez dut uste.

        —Ez zen lehen aldia izango. Espainian zaudenetik, estazioan badakite zure berri.

        Ezin dut esan konturatu nintzenik, ezta konturatu ez nintzenik ere.

        Pistan, nik pentsatu bezala gertatu zen: meharrak laster hartu zion aurrea lodikoteari.

        —Zuen lana da —berriak ez ninduen bereziki artegatzen.

        —Irrigarria da, Tom. Hona lehen aldiz etorri nintzenean, espainiarrak oso atzeratuta zeuden; teknika, prozedura eta antolamendu mailako gauza asko berritu edo zerotik antolatzen hasi behar izan genuen. Espainiarrentzat iraultzaren parekoa izan zen. Pentsa, ordutegia ere aldatu genien: goizeko zortzietatik arratsaldeko bostak arte, ordubeteko atsedenaldiarekin. Eta orduan espainiarrak protestaka hasi! Haiek etxean hiru platereko bazkaria jo nahi zutela, eta gero siesta egin. Egundoko iskanbila! Ba, ez zen modurik izan konforme gelditzeko, eta bi ordutegi jarri behar izan genituen: guk gurea, eta haiek goizeko zortzietatik arratsaldeko zortziak arte, hiru orduko etenaldiarekin, beren zorioneko siesta egin zezaten!

        Waldoren inguru-minguruetara makurtu beharra zegoen.

        —Baina gauzak zeharo aldatu dira, Tom —segitu zuen—. Programa berezi bat eratu zen. Espainiako goi mailako ofizial batzuek burutu dute, jada, programa. Gurean, Estatu Batuetan. Kontaktuak maila gorenean izan dira. Bukaeran parrandatxo batzuk antolatu zituzten, hemengo arrain handi bat, Alonso Vega, zihoan espainiarren ordezkaritzaren buru. Bon, horrek esan nahi du, funtsean, elkarrekiko konpromiso batzuk sortu direla. Badirudi estazioan inor zutaz gogoratu dela... Baina ez omen da ezer. Huskeria bat.

        Batzuetan huskeria bat izaten da gaitz larrienen abiapuntua. Hodei txiki bat sekulako ekaitzaren iragarle izatea. Baso bat poxpolo batek kiskaltzea, eta holako.

        —Ni kanpoan nago.

        Nire erantzunak grazia egin zion Waldori. Eskua mugitu zuen, axolagabe, mugimendua irriño batez lagunduz.

        —Ez Tom, ez. Inor ez dago erabat kanpoan, inoiz ez. Ez nazazu behartu; ez gaitezen kaka zaharrak nahasten has, Tom. Uruguaikoa gogoraraztea nahi duzu? Badakizu zer zurrumurru-klase zabaldu zen... Batzuek oraindik ere uste dute ziria sakatu diozula Konpainiari.

        —Berriz zatozte historia zahar horiekin?

        —E, Tom, niri ez didazu inozoaren eszena antzeztu behar. Badakizu Springek ez zizula sekula sinetsi. Zorte handia eduki zenuen, zure aurkako frogak biltzen jarri ez bazen. Springek gerra-kontseilu baten aurrean paratuko zintuzkeen lasai asko. Zer nahi duzu, norbaitek haizegailua kakatzaren erdian berriz jartzea?

        Isildu zen, hori guztia esan behar izatea nekagarria bailitzaion. Baina gehiago ere esan zuen.

        —Jainkoarren, Tom, zure haurren etorkizunak ez al zaitu kezkatzen?

        —Springek nire aurkako frogak bildu nahi baditu, ez dezala ahaztu nik ere nire kartak baditudana —ez nuen uste Waldo gauza handirik larrituko zenik, baina haurren aipu lotsagabeak akuilatu ninduen—. Ez nazazue behartu... izan ere, Waldo, zuretzat ere ez litzateke samurra izango, zuk ere azalpen batzuk eman beharko zenituzke. Ez niri mehatxurik egin, Waldo.

        —Konforme, Tom. Lasai zaitez.

        Biok isildu ginen. Zaurian ibili eta gero, tresneria garbitzen ari den erizaina zirudien.

        Gutxi falta zen zuloak estaltzen zituen hirukoteak bere lana bukatzeko, laugarren lasterketa berehala hasiko zen. Bazirudien meharrak lodiaren aurretik zeharkatuko zuela helmuga; baina orduan, helmugatik metro batera gelditu, zigarro bat piztu, eta erretzeari ekin zion, lasai-lasai. Bitartean, lodikotea helmugako marra zeharkatu eta jada barneko ukuilu aldera zetorren.

        —Aja! —bota zuen Waldok, azeri irriaz, eta eskua luzatuz, diru eske—. Esan dut, bada! Lodikotea aurretik!

        Laugarren lasterketako zaldiak abiatu ziren. Waldok utzi zidan largabista hartuta, haien ahalegin itzelari begira jarri nintzen aurrez aurreko zuzenari ekin ziotenean, beren senari men eginez edo zigorraren beldurrez ari ote ziren pentsatuz.

        Barne aldera abiatu ginen, hurrengo lasterketaren zain. Denbora horretan guztian eduki zuen karpeta lodia eskuan. Ordura arte ez zuen askatu.

        —Tori —esan zidan bat-batean, karpeta luzatuz—. Niretzat ahoskaezinak diren izenez beteta dago. Emaiozu begiratu bat. Dena dago bertan. Arraioa, Tom! Kontuz gero, euskaldunekin. Ongi ezagutzen ditut. Zikinkeriak jan eta edan, besterik ez dute egiten.

        —Ezagutzen dituzu, Waldo? Benetan?

        Waldok airean mugitu zuen eskua, agian ezer esan izanaz damuturik.

        Begiratu azkar bat eman nion karpetako edukiari, han bertan. Aski, lana gogotik egin zutela baieztatzeko. Hainbat xehetasunek argi adierazten zuten Espainiakoen laguntza ere eduki zutela lana burutzeko.

        —Elkarri laguntzen diogu. Guk prestakuntza ematen diegu, haiek uzten dizkigute beren artxiboak, eskatuz gero. Espainiako iparraldean lortu duten infiltrazio-maila ez da oso sakona, oraingoz; garai zaharretatik geratzen zaizkigun kontaktuekin ere lan egiten dugu.

        Karpeta lodia atxiki nuen. Berokiko poltsikoan gutunazal lodi bat nuen Waldorentzat. Gutunazalaren ertza agerrarazi nuen.

        —Hemen ez. Kotxean gaudenean.

        Erabiltzen zuen Seat 1500 autoko atzeko aldean sartu nintzen. Waldok gidatzen zuen. Eskatu nuen helbidera eraman ninduen.

        —Txostenaz aparte, Petralicen biografiari buruzko datu batzuk ere sartu ditut gutunazalean. Ez zara aspertuko.

        Iritsi ginen emandako helbidera. Gutunazala eman nion. Agur esan eta atea ireki nuen.

        —Tom —espero baino lodiagoa topatuko zuen gutunazala, ausaz—; haserre daude, ez zaituzte bakean utziko hain erraz. Zentzagarri baten beharra ikusten dute. Uruguairen erara izango dela errepikatzea atsegingarri zaiela esango nuke.

 

 

Waldok esku artean utzi zidan karpetak pare bat arratsaldeko denbora-pasa eman zidan. Uste nuena baino osoagoa eta interesgarriagoa suertatu zitzaidan karpeta barruko txostena.

        Berez, txostenak Madrilgo enbaxadak Estatu Departamentuari bidaltzen zion memorandum bat zen, eta bi parte zituen: lehena, enbaxadakoek berek egiten zuten analisi orokorra zen, nolabaiteko laburpen historikotik hasi, eta Espainiarekikoak zertan zeuden bukatu; bigarrena, Bilboko Kontsulatuan prestatua, xehetasun txikiagoetan sartzen zen, eta nik neuk, aldez edo moldez, ezagutzen nituen gertaeren eta pertsonen erreferentzia batzuk biltzen zituen. Bigarren parte honetan propio aipatzen zen ezen bertan ematen zen hainbat informazio Espainiako autoritateen laguntzarekin bildua zela. Azken-azkenean, zati berezi batean, nitaz eta nire jardunaz mintzatzen zen.

        Horretaz aparte, idazmakinaz mekanografiatutako hamabost-hogei orrietan, Petralicen mirakuluen berri ematen zen. Orriok, besteek ez bezala, ez zuten inolako ikurrik, ez inolako ezaugarri berezirik ere. Hortaz, Waldok berak idatzita izan zitezkeela pentsatu nuen. Baina orain ez naiz orri hauetaz arduratuko.

        Madrilgo enbaxadakoek, bere txostenean, Estatu Batuen eta Espainiaren arteko harremanen errepaso historikoa egiten zuten, arrazoitzeko eta justifikatzeko, funtsean, Francoren Espainia nola pasatu zen etsai izatetik aliatu estrategiko garrantzitsua izatera. Bereziki, Francorekin izenpeturiko 1953ko itunak aipatzen ziren, inflexio-puntuaren izaera eduki zutenez. Munduko bi blokeen logikaren menpe izenpetu ziren itun hauen arabera, baldin eta komunistek mendebaldeko segurtasuna mehatxatzeko moduko eraso militarra jotzen bazuten, Estatu Batuek nahi erara erabiliko zituzten Espainiako baseak eta portuak. Horren trukean, Francoren erregimenak abantaila politiko handiak lortzen zituen; batez ere, lortzen zuena zen munduko lehen potentziak ez zuela gehiago bere erregimena zalantzan jarriko segurtatzea; hau da, praktikan, honek esan nahi zuen Estatu Batuek atea ixten ziotela Espainian aldaketa demokratikorik izateko posibilitateari. Honek, Francorentzat, horizonteko lainoak uxatzen zirela esan nahi zuen.

        Bilboko kontsulatuaren txostenak "Euskal auzia" zeukan bataio izena. Hasieran, konpainia eta EAJren arteko harreman historikoez aritzen zen; Agirre lehendakariak eta bere kolaboratzaileek lehen FBIri eta gero Konpainiari informazioa pasatzeko osatu zuten sareaz, atzerriko Eusko Jaurlaritza eta alderdiko militantzia inplikatuz; Agirrek Estatu Departamentura egindako hainbat bisitaz eta horietan lortu finantzazioaz, Konpainiaren konturakoa, mintzatzen zen; eratu sare horretako Galindez bezalako agenteek eduki zuten garrantzia eta pisua; honen bahiketan eta desagerketan eragin zuten faktoreak eta pertsonak, eta abar. Euskaldunekin inoiz kolaboratu behar izana justifikatzen zuen, Bigarren Mundu Gerran eta ondorengo urteetako giroan hauek hainbat eremutan, Hego Amerikan batez ere, zuten eraginarengatik, eskualde horretan Ardatzeko potentzien asmoak neutralizatzeko, Espainian Francoren erregimenaren egonkortasuna higatzeko (53ko itunak izenpetu arte horixe baitzen estatubatuarren ikuspegi estrategikoa Francori buruz), toki batean zein bestean eskaintzen zuten infiltrazio eta informaziorako aukerengatik eta abar. Hitz batez, sozio erabilgarriak izan ziren garai batez.

        Gero esaten zen ezen, Francoren erregimenarekiko jarrera aldatuagatik, urte batzuetan zehar euskaldunen adiskidetasunari atxikitzeko saioa egin zela, hala ere. Joko bikoitz honen adierazgarri, 1954 urtean Columbiako Unibertsitatearen ehungarren urteurrena ospatzeko eginiko Bilera aipatzen zen, zeinean Galindezek, NBEko behatzaileak eta Eusko Jaurlaritzaren atzerriko ordezkariak parte hartu baitzuten, Espainia ordezkatuz. Honek, noski, Francoren Gobernuaren haserrea piztu eta erantzun diplomatikoa ekarri zuen, "izanik gabeko Gobernu baten errefuxiatu politiko batek ordezkatzen zuelako Espainia, eta AEBko Gobernuak beren asmo ezinezkoei haizea ematen ziela ikusirik".

        Kontuak kontu, enbaxadako txostenak irizten zion taktikak, puska batean, bere helburuak bete zituela, keinu hauen bidez euskaldunen itxaropena elikatzen baitzen, egiazko laguntza ekonomikoa, logistikoa, politikoa... Francorentzat zihoan bitartean. Gero ohartarazten zuen, alabaina, euskaldunak aspertuta zeudela itxoiteaz, eta jada konprenitzen hasiak zirela AEBren laguntza ez zela sekula iritsiko, eta, hortaz, estrategia aldatzen ari zirela.

        Estrategia honen aldaketaren ondorioz, EAJ berriz ari omen zen indartzen eta antolatzen "Espainiako Iparraldean, Frantziako liderren pisua arintzen den bitartean". Irujo, Ajuriagerra, Beyris eta horiek bezalako izen batzuk aipatzen ziren, ordurako nik ongi ezagutzen nituenak. Azken urteetan Euskal Herrian euskal nazionalistek emandako hainbat pauso arretaz aztertzen ziren, izenak, tokiak eta beste hainbat xehetasun emanez. Xehetasun hauen fidagarritasun-mailaz ere aritzen ziren, EAJn zeukaten infiltrazio-mailaz ari zirenean. Nik ezin nuen baieztatu datuok zuzenak ziren, baina niretzat bederen, egiantza handia zeukaten; izan ere, Beroiz nire lagunaren izena aipatzen zen. Zehatz esateko, bere izena agertzen zen Municheko 62ko bilerara (Espainiako indar demokratiko gehienak bildu zituena, Francok contubernio hitzarekin bataiatu zuena), EAJko ordezkari joan zirenen zerrendaren barruan. Horrek harritu ninduen gehien, erakusten zuelako informazioa lehen eskukoa zela. Izan ere, iturria aipatzen zen: Watchman klabe-izena zuen delako bat zen informazio hau eskuratzen zuena, "Agirreren garaietan erreklutaturiko agente baten semea, euskaldunen ondorengoa baina estatubatuarra nazionalitatez, aldi berean EAJn afiliatua, ordea, mailarik gorenean harremanak dituena, zuzendaritzaren ohiko aholkularia eta, aita bezala, gure agentea ere badena". Nire artean pentsatu nuen modua bilatu beharko nuela Beroiz mintzarazteko; ia datuak baieztatzen zituen ikusi nahi nuen. Horrek eman zezakeelako Konpainiak erabiltzen zituen datuen fidagarritasunaren berri, batez ere. Bestalde, oraindik, nola edo hala, haiekin kolaboratzeko prest zeudenen edo egon zitezkeen agenteen soslaiak deskribitzen zituen: atzerriratuak, haien ondorengoak, Chateau Rotschildetik pasatutakoak... Orokorrean, azken ondorioz, handik edo hemendik eskuragarri zeukaten informazio-maila ontzat ematen zuten.

        Txostenaren egileak gogorarazten zuen ezen, euskaldunen kasuan, Estatu Departamentuak ez zuela begi onez ikusten borroka armatua sustatzea Gerra Hotzaren testuinguruan, "balizko jardun armatuak Alderdi Komunistaren alde egingo duelako ezinbestez, komunistak baitira borroka klase horretarako prestatuen eta antolatuen daudenak".

        Txostenaren egileak edo egileek zioten ikusten ari zirela, EAJren zenbait sektoretan, Francoren aurkako borroka aktibismo eta are terrorismoaren ildotik bideratzeko tentazioa. Horren froga, iturri fidagarri horietatik elkarrizketa pribatuetan entzundako pasarteak aipatzen zituzten. Nolabait esan, ez ziren bakarrik iritzi partikular soilak, nola-halako iritzi-korrontea osatzen zuten uste sendoak baizik, eta adibidetzat, Alderdi aldizkariaren hainbat pasarte aipatzen zituzten, hau, esaterako: "Ante quienes han dado tantas pruebas de su voluntad de destruir todo lo que sostiene hoy la causa de nuestro pueblo; ante quienes en más de una ocasión han puesto de manifiesto sus intenciones genocidas contra Euzkadi, empleando para ello toda clase de medios, y mientras no se nos ofrezcan garantías de que por procedimientos legales podremos reivindicar nuestros derechos, no renunciaremos al derecho de la violencia y en cuanto a su uso no nos dejaremos influir por provocaciones cualquiera que sea su origen. La emplearemos en la forma y medida que las circunstancias la hagan a nuestro entender aconsejable para alcanzar los fines que perseguimos". Hau eta hau bezalako beste pasarte batzuek argi aski erakusten omen zuten, indarkeriazko crescendo baten arriskua ez zela hipotesi burugabea. Gero, inteligentziazko agente trebeak, bide horretatik sartzeak, EAJrentzat, zer nolako ondorioak eduki zitzakeen analizatzen zuen, bukatzeko esanez ezen, "ETAko hainbat militantek ere argi ikusi duten bezala", EAJk ezin izango ziola, luzaro, estrategia armatu bati eutsi. Bruno delako bat aipatzen zuten ETAren lehen esandako analisiaren egiletzat; analisia Espainiako konfidenteren baten bidez euren eskuetara iritsia zen, nonbait.

        EAJri zegokionez, txostenaren azken ondorioa zen ezen "merezi duela gure harreman historikoei atxikitzea, hau posible den neurrian, baina inolako konpromiso eraginkorrik hartu edo gauzatu gabe,", zeren, "benetan Franco jeneralaren erregimena inarrosteko antolamendu-gaitasunik, indar politiko edo militarrik ez badute ere", eta hortaz, nazioarteko politikan jokatzen ahal duten papera "hutsaren hurrengoa bada ere", beren neurrian baliagarriak izan zitezkeelako, "Francoren oposizioaren ikuspuntuak ezagutzeko talaia ezin hobea eskaintzen dutenez", eta are, "Espainiako Gobernuak kezkaz ikusten duen indarkeriaren balizko birjaiotzea kontrolatu ahal izateko", zela EAJren ekimenaz, zela 'hainbat fenomeno jaioberriren eskutik, ETAren eskutik', zeinaren gainean 'informazio garrantzizkoa eman baitezakete', esaten zenez.

        Garrantzizkoa da esatea txostena hainbat denbora lehenago egina zela, 67an edo 68ko hasieran agian, ez naiz datarekin zehatz gogoratzen.

        Erakunde jaioberri honek, ETAk, txostenaren orri batzuk hartzen zituen: "ETAk ekintza terroristak abiatzeko asmoa du, eta, hortaz, potentzialki arriskutsua da ordena publikorako, nahiz eta haien eragin politikoa oso mugatua izan, bai geografikoki, baita politikoki ere, bere jardun-eremuan bertan". Ondoren erakunde honen argitalpenen edukiaren azterketa zehatz eta sakona egiten zen, bukatzeko esanez ezen "kontzientzia politiko handiko militanteak ditu, eta jardun armatuak garatu ohi duen dinamikaren nolakoaz jabeturik, komeniko da adi egotea, zelula klandestinoak infiltratu ahal izateko, talde honen jarduera, mugimenduak eta harremanak ongi ezagutzeko, baita, kasua iristen bada, gure interesen alde manipulatzen saiatzeko ere".

        Espainiako agintariek beren kezka agertu zietela aipatzen zen, ordurako hilketa biolento batzuk gertatuak zirenez. Honen harira, Waldok niri esandakoa berresten zen, alegia, espainiarren talde bat, Camilo Alonso Vega ministroa buru zuela, inteligentzia mailako instrukzioa jasotzen aritua zela Ameriketan.

        Memorandum luze hauetaz aparte, euskaldunei eskaintzen zitzaien zatian, nitaz jarduten zuen atal berezi bat zegoen.

        Atala, niri buruzko balioespen biziki negatibo batzuk ematen hasten zen, haientzat ulertezina zena, hau da, nik Konpainia utzi izana, nolabait justifikatzeko.

        Nire zerbitzu-orriaren laburpen batekin hasten zen. Horretan, hutsaren hurrengoa zen hamar bat urtez nire nagusien oniritziarekin egindako lana, eta, aldiz, ikaragarri inportanteak Montevideoko bi-hiru urteetako gorabeherak, zeinetan traiziorako joera kezkagarria erakutsi omen bainuen. Nirea nortasun ez egonkor, zalantzati, anbiguoa eta manipulagarria omen zen. Horren froga garbiak ziren nire edariarekiko menpekotasuna eta gaizki disimulatutako jaidura homosexualak (Jainko maitea, berriz ere!). Horren ondorioak ziren nire patologia mentalak (Box doktore gizajoak ikusi izan balitu bertan egozten zitzaidan historiala tripaz gora eror zatekeen, ikara hutsez) eta nire porrot afektiboak (hemen bereziki aipatzen zen nire familia-egoera). Ibilbide alderrai eta ganoragabe honen azken xelebrekeriak euskaldunekin harremanak izatera eraman omen ninduen. Hemen nire jatorriaren arrastoan jarri ninduen Muriel Williams irakaslea aipatzen zuten, eta ez oso modu amultsuan. Muriel etxekoandre barea da, baina, han esaten zenari kasu eginez gero, Lee Harvey Oswald bera baino arriskutsuagoa litzateke.

        Orokorrean, nitaz eskaintzen zuten koadroa hain zen patetikoa, hain omen nintzen gaizkile erreprimituaren, balizko traidorearen eta patologia-biltzailearen arteko nahasketa moduko bat non, baita nirea bezalako izaera duen batentzat ere —nire barnean arakatu-zale eta segurtasun gabea, besteen iritziak aintzat hartzearen aldekoa, hortaz—, irrigarria gertatzen baitzen.

        Eta, zergatik ez esan, kezkagarria ere bai, hor nonbait aipatzen baitzen Konpainiak ere ez zuela alde batera uzten ni presionatzeko posibilitatea, "nire ahulezia nabarmenak elementu potentzialki arriskutsu egiten ninduenez".

        Gero, neukan lana eskuratzeko nola moldatu nintzen adierazten zen. Nonbait, nire lan berriak beren bedeinkapena lortu zuen, "Konpainiarekiko interferentziak saihesteko balioko zuelako, eta, hasieran bederen, bere gaineko nolabaiteko kontrola egiteko aukera emango duelako".

        Gero euskal gauzekin neuzkan harremanen jatorria eta harremanak berak jorratzen zituzten, luze.

        Renoko Unibertsitateko Muriel Williams irakaslea zegoen jatorri hartan.

        Hain zuzen, Williams andrea izan zen nire deiturak, Hewart, jatorri euskalduna eduki zezakeela ohartarazi zidan lehen pertsona. Urteak ziren irakasle harekin, harira ez datozen arrazoiak medio, topo egin nuela; Williams Ameriketara joandako euskaldunez ziharduen tesia egiten ari zen. Ordura arte ez nintzen inoiz kezkatu nire jatorri urrunaz, horretaz jakin nahi nuen guztia opor-garaietan arrantza egitera eramaten ninduen nire aitak —Bostongo merkataria berau— asetzen baitzuen. Eszeptiko erantzun nion irakasle andreari. Hewart? Hewart euskalduna? "Ingeles hizkuntza jainko jeloskor bat da —erantzun zidan orduan, irribarre batez—. Deitura bat, ingelesa ez denean, ingeles moldatuko dute amerikar bihurtuko duten arte. Beren gisara ahoskatuko dute behin eta berriz, deituraren jabea ere gaizki ahoskatutako deitura amerikartura ohitzen den arte". Nirea bezalako beste hainbat kasuren berri eman zidan, kasuistika luze-zabala eta korapilatsua deskribatuz; emigrazioa noiz gertatu zen, nondik sartu zen etorkina Estatu Batuetara (inmigrazio-agintariek jarrera ezberdinak erakusten zituztelako izenei dagokienez, besteak beste), integratze alderako faktore soziologikoak... Nonbait, ba omen zegoen deitura kasik altxor bat bezala gordetako euskaldunen ondorengoak, baina baita guztiz kontrara jokatu zuen beste multzo bat ere.

        Orduan ez nion kasu handiegirik egin Muriel Williamsi, bere kezka nire bizimoduan ezertarako ere eragiten ez zuen kontu aski exotikoa baitzen niretzat. Baina hainbat urte geroago, bizimodu berriak Espainiara eramango ninduela jakitean, gogoratu nintzen Muriel Williams irakasleaz, eta Hewart horren jatorria zein izan zitekeen ikas zezala eskatu nion. Hainbat Estatutara eta hainbat artxibo zaharretara eraman gintuen ikerketa baten ondoren, zehaztu ahal izan zen, ilun-gune askorik gabe eta arrazoizkoa zirudien konfiantza-tartearekin, nire arbaso euskalduna XIX. mendean Nevadara artzain joandako Pedro Huarte izeneko jaun bat izan zela. Ikerketak hilabete batzuk eta dolar kopuru handi samarra eraman zituen, baina, orokorrean, merezi izan zuela iritzi nion.

        Deituraren aferak, egin nuenean niretzat nolabaiteko denbora-pasa atsegin eta bitxia izan zenak, ordea, bere ondorioak eduki zituen, zeren, Espainian lanean hasi nintzenean, herrialde hartako iparraldera lan-bidaia egin behar izan nuenean, kasualitate hutsak Huarte izeneko herri bat zeharkatzen zuen errepide batera eraman baininduen. Hagitz hunkipen estrainioa sentitu nuen izena herri ñimiño hartako lehen etxeko paretan idatzita ikusi nuenean. Nolabait esan, paper horituek eta datu zaharrek baieztatuagatik, ordura arte erabat sinesten ez nuen amets inozo samar bat egiazkoa izan zitekeelakoa sentitu nuen, lehen aldiz. Han kausitu nuen lehen froga, esan dezagun, ukigarria, Pedro Huarte delako bat benetan inoiz batean existitu ahal izanari buruz. Gelditu egin nintzen mendi arteko herrixka hartan, eta beltzez jantzitako amonei so egin nien, simaur urrina usaindu nuen, txapeldun sudur-gako horietako bat nire lehengusu urrutikoa izan zitekeelako ideia zoroak kulunkaturik, agian nire jaiotzarekin bukatuko zen kontingentzia-kateari hasiera eman zion oinarrizko taupada eta arnasa intimoa harrizko etxe horietako pareten artean entzun zelako ideia erridikuluak liluraturik.

        Huarte izeneko herriaren aurkikuntzak, lehen esan dudan bezala, ondorio garrantzizkoak eduki zituen, bisita hari beste bisita batzuek segitu ziotelako, eta bisitak egitearekin batera harreman berri batzuk lantzen hasi nintzelako.

        Ez dakit zer topatu nahi edo espero nuen. Beharbada Hemingwayk deskribatu zuena espero nuen ikustea: astakilo batzuk zahatoari saka eta saka, menturaz, Hemingwayk berak bezala, nire abenturei eszenatoki erromantikoa eta kontrapuntu exotikoa ipiniko zioten masa korala baizik ez nuen nahi edo espero.

        Orduko hartan, ordea, mendi punta bateko santutegi bat topatu nuen. Herritarrek azaldu zidaten nola irits nintekeen, autoz. Han hasi zen Euskal Herriarekin zaletuko ninduten kasualitateen segida. Nire lehen solaskidea Santutegiko zaindaria izan zen, abade txiki eta bizi bat; berak azaldu zizkidan Santutegiko eta Aralarko kondairak eta historiak; berak esplikatu zidan inguruko herrietako jendeak euskara izeneko hizkuntza bat hitz egiten zuela, eta hizkuntza misteriotsu horri buruzko lehen datuak eman. Artean nik euskara bazegoenik ere ozta-ozta entzuna edukiko nuen noizbait. Berak eman zizkidan, hitz batez, inguru hari buruzko lehen berri fidagarriak. Gauza batek hunkitu ninduen gehien: ikusteak zer xalo eta zer abegikor hartzen ninduen abadeak, harentzat atzerritar bakarti eta berezi samarra baizik izango ez nintzen arren.

        Bisita horietako batean ezagutu nuen Miguel Beroiz. Santutegia, laino artean, bat-batean, harrizko mamu bat balitz bezala nire begien aurrean agertu zen batean izan zen. Beroiz oinez igoa zen, gogoan dut ostatu barruan sartzean, tenperatura aldaketa tarteko, artilezko mendi-alkandoratik ke-hodeitxoak iragazten zirela. Beroizek berrogeita bost bat edukiko zituen orduan, baina sasoikoa zirudien, osasuntsua. Santutegiko zaindariak aurkeztu zidan. Begira, Miguel, hau Tom Hewart da, lagun amerikar bat. Gure herriaren historiaz eta kulturaz interesaturik dago. Negozio bidaian dabil. Agian laguntzen ahalko zenioke hemengo lurrak eta hemengo jendeak ezagutzen.

        Beroizek baietza eman zuen irribarre zabal batez. Gero askotan baieztatu ahal izan nuenez, gizon baikorra eta alaia zen, jenio bizikoa, zailtasunei eta zoritxarrei aurre egiten umorea galdu gabe ohitua. Nekez zehatz daitekeen arrazoiren bat medio, hasieratik izan ginen elkarren begikoak. Laster ikasi nuen Beroiz kanpotar batek desira lezakeen anfitrioirik onena zela. Kanporakoia zen, ez zen sekula ezertarako nagi, jende eta toki asko ezagutzen zituen.

        Eta, hain justu, aurkikuntza horren ondoren nire ezagun eta adiskide bihurturiko hainbat gizonen izena —Beroiz, Iriarte, Egozkue...— ikusi nituen Waldok eman zidan txosten horretan.

        Nik banekien beren ibileren berri, gutxi gorabehera. Zenbaitzuetan lagundu ere egin nien beren jardunetan. Niretzat jolas bat bezalakoa zen, besterik ez, elkarrekiko kidetasuna tinkoagotzen zuena. Ez nituen erabat serio hartzen, nolabait: uste dut Bismarck izan zela esan zuena ezen politikan, zer den posible eta zer ez bereizten ez dakiena, haur bat bezalakoa dela, ez dela politikoki heldua. Nik haur handi batzuk bezala ikusten nituen, zilegi bada horrela esatea. Baina jabetzen naiz esanak baduela zama gutxiesgarri bat, eta ez zait justua iruditzen, neu izan bainintzen euren babesa eta lagunartea bilatu nuena, eta ez alderantziz. Agian horrek esan nahi du ni ere beste haur handi bat baizik ez nintzela.

        Izenak bakarrik ez, bere ibileren berri ere ematen zen, neurri batean zehaztasun ikaragarriaz, nik ibilera horietaz nekienaren arabera, eta zehaztasun berberarekin, edo agian batere zehaztasunik gabe, nik ezagutzen ez nituen beste ibilera batzuei zegokienez.