Hodei berdeak
Hodei berdeak
2003, nobela
296 orrialde
84-95511-56-8
azala: Xabi Alonso
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2006, narrazioak
2001, rapsodia
1998, saiakera - nobela
1995, nobela
Hodei berdeak
2003, nobela
296 orrialde
84-95511-56-8
aurkibidea
 

 

                                Eskerrik asko Jose Luis Diaz Monreal
                                eta Javier Alonso Ezkairi,
                                baita beren leku-kotasun eta paperekin
                                lagundu didaten hainbat eta hainbat laguni ere.

 

 

 

—1—

 

Lehena, ahoa siku-siku geratzen zaizu, ez listurik ez ezer sortzeko gauza ez dela —Amerikanoa bero-bero ari da, erlijio berri bat zabaltzeko ahaleginetan ari bailitzan—. Gero, zazpiak jotzen dutenean, esplikagaitza den zerbait gertatzen da, esplikagaitza... Gihar guztiak tenkaturik, baina aldi berean pisurik ez bazenu bezala, nola esango nuke...

        Apur bat harriturik begiratzen diote, taldeko emakumezkoek batez ere, Amerikanoari, egoeraren arabera, kosta egiten baitzaio barrua irekitzea.

        Esplikagaitza bada, nola esplikatuko duzu, bada, esan du Zakarrok, norbaiten ezpainetan irria loratuko delakoan. Inork ez dio kasurik egin, inork ez du erantzunik eman, partez Amerikanoarekiko kortesiaz, partez dagoeneko ardo gorriak afaltiar guztien mihiak dorpetu baititu. Beroizen semea Mikel eta bere lagunak, Julen eta Roberto, burlaka ari dira izkina batetik, txiripaz eta konpromisoz egokitu zaie afalondoko kafera joatea, eta hartatik lekutzeko irrikan daude, tragotan eta, ahal bada, neskatan. Miguel Beroizek —aitak— begiradaz eten ditu bere semearen eta haren lagunen algarak. Erdizka baino ez, beti ere. Mari Josek, Beroiz aitaren arreba gazteagoak, ezin disimulatuzko miresmenaz begiratzen dio Amerikanoari, Amerikano lerden, lirain, babes-emaile eta orojakitun hari. Amerikanoa ikaragarri ongi moldatzen da gaztelaniaz. Eta berea esan arte bakea edukiko ez duenaren baitako suarekin ari da.

Marcelianoko goiko jantokia mukuru dago, mahai guztietan ozen mintzatu eta ozen egiten da irri, batzuek jota kantari ekin diote. Izkina batetik txistu batek zortziko baten lehen notak aireratu ditu. Jota kantari ari zirenetako bi txistuarekin ari direnen mahaira hurreratu dira, zortzikoan lotzeko. Umore on, jai eta gangar usaina gradu eta dezibelio askotakoa da, baina, hala ere, Amerikanoak lortu du mahaikideen arreta atxikitzea.

        —...nola esango nuke ba... gorputza arin-arina bailitzan, eta, aldi berean, ahoak falta duen hezetasuna, poro guztietatik isuriko bailitzaion, izerdi moduan alegia... Gero, nork nondik nora egin nahi duen-eta, batzuk hasten dira arrapaladan, eta zuk suabe-suabe ekiten diozu... atzetik datozenak gero eta abiada handiagoan datoz eta zu ere gero eta lasterrago zoaz... azkenean hondar hatsa ematekotan diruditen gizon batzuk datoz, dena emanda, eta ez diezu aurpegira begiratu behar jakiteko zer gertatzen den, bitsetan hautsi den olatuaren molekulak bezalakoak baitira, eta zu zeu ere, olatuaren hurrengo ur-tanta, bitsa bihurtuko den hurrengo molekula zarela badakizu, baina ez duzu horretaz pentsatzeko astirik, ordurako zure gorputza hezur eta mami baita, eta ez beste ezer, eta orduan adarrak ikusten hasten zara, bat, bi, hiru, lau, bost, sei...

        Beroizek, Zakarrok, Iriartek eta Rodriguezek baietz egin dute buruaz; hiruretatik Zakarro da segitzen duen bakarra, bere gorputz mehar eta iheskorra adarren enbatei eskaintzen tematzen dena. Zakarroren larruazal hauskarak eta etengabeko eztulak osasun galduaren ideia ematen duten arren, korrika ongi moldatzen da. "Ezkongabea delako segitzen du", edo, "hain da argala ze zezenek ezin dute harrapatu" esan ohi dute besteek euren artean; orain nostalgiatik, ortodoxia zail batetik edo connaisseur baten ikuspegi askietsitik segitzen dituzte Amerikanoaren hitzak; Julen, Roberto eta Mikel Beroiz berri samarrak dira, berriegiak eta gazteegiak Amerikanoaren literaturari irri ez egiteko, eta ardo gorri luzeak beiratutako begien atzetik burlatzen dira, modorro-modorro, seigarren adarraren kontura Amerikanoari adarra joz, esanahi biko eta hiruko esaldiak euren artean marmarreatuz eta irri eginez. Emakumeak, hau da, hiru ezkonduen emazteak, Iriarteren alabaren ezkontzaz ari dira, gizonen berriketak aspertuta, Carmenek, Beroizen emazteak zuzendurik. Mari Jose ere batu zaie, baina besteek zer esango hartaratua, ez baitu gizonketari agertu nahi; gainontzekoan, berez, nahiago baitzukeen Amerikanoaren ele suharra entzun.

        —...eta, bertatik bertara ikusita, gero konturatzen zara —"gero", azpimarratzen du— zezenek arnasots berezia dutela, korrika egiteko modu bitxia dutela, hankak aurrera botaz eta buruak kulunkatuz bezala... eta sinets ezazue, neroni nahaspilatik nola atera asmatzea zait beldurgarrien, erretirada da zailena, zezenak nola etorriko eta nik nondik egingo dudan alde... izan ere, ausardiarik handiena ez da nork bere burua arriskuari eskaintzea, handik ospa egiteko behar den odol hotza eta bista ona edukitzea baizik, eta abiada eta indarra.

        Urte hartako entzierroak istripu gehiegi gabe ari dira pasatzen. Lau izan dira ordurako; Mikelek bi galdu ditu, ezinean, ordu askotako parranda eta gero; Julenek, aldiz, ez luke ezerengatik bat bera ere galduko. Amerikanoa ez da zezen aurrean gaizki moldatzen, duen adinerako sasoi onean, trolle onean dagoela ezagun du. Baina darabilen mistika irrigarri samarra iruditzen zaie, eta jaramon egin gabe entzuten diote, erdi trufari, erdi soraio.

        —Hain da, hain da... —Amerikanoa bera konturatu da bere adierazmoldeak ez dituela ukitzen zezen-jokoa beren gizonezkotasunaren berezko agerbide bezala ikusten ohitutako talde horretakoak— ...esperientzia erabatekoa... Hain da...

        Berak esan nahiko luke sexu-jarduna bezalakoa dela, norberaren berezko bitasuna, berezko dikotomia ezabatzen duela, gorputzak eta buruak zirrikiturik gabeko osotasun irmoa erdiesten duten esperientzia bakan eta miresgarria dela; edo, agian, inoren gorputza eta inoren itzala batasun bereizezina osatzen duten une magikoa. Baina Amerikanoak badaki luze-laburrak neurtzen, eta ahalke suerte batez, ez da ausartuko hain urruti joaten.

        —Adrenalina-jarioa hain da bortitza...

        —Droga bat bezalakoa da, bai —lagundu nahi izan dio Beroizek, ez oso konbentzituta.

        —Bat, bi, hiru, lau, bost, sei... Maaaaaambo! —dio Robertok, nahikoa pixpilduta. Eta irri egiten du, Julen eta Mikelekin batera.

        Hiru gazteak, zain daukaten gau beroaren besoetan amiltzeko irrikan, altxa eta agur hitzak esaten hasi dira, gehiegizko zeremonia irrigarri eta trufariaz.

        Mahaian geratu direnak zezen-feriaren gorabeheraz aritu dira. El Viti oso ongi egon zen zazpian, eta mundu guztia dago bere bigarren arratsaldearen zain. Arratsaldean zezenketan egon dira, Amerikanoa ere bai. Amerikanoa joateko zelako aitzakiarekin, barrera batzuk lortu dituzte, eguzkian. Amerikanoak ez du maite, gehiegizkoa iruditzen zaio. Ordea, ez du ukatzen ahal sentimenduak inarrosten dituen emozio kontrajarriak pizten dizkiola. Are gehiago barreratik, non, hurbiltasun hutsez, koloreek, soinuek, usainek, gorabehera ñimiñoek ere, denak, beste dimentsio bat hartzen baitu. Txiki hori, nola da, bai, Puerta, Conde de la Corteren zezentzarrengandik hurbil-hurbil paratu eta zezena kasik altuagoa dela gizona baino konturatu denean bezala. Edo, zulo harrigarriro handitik borborka zerion odol freskoak zezenaren mantu beltza nola izarniatzen zuen ikustean. Ikuskizun hiperrealista zaio, eta gogoeta harrigarrien eragile; izan da zezen bat, hirugarrena bere ustez, hezigaitza, fierra, sekulako indarra eta kasta zuena; inork ez dio neurririk hartu ahal izan: morroien kapoteak aurretik eraman ditu, zaldia bota du, banderilleroak ihesean paratu ditu, halako moldez non, denak izuturik, une batez hondarrezko biribilaren jaun eta jabe egin baita. Eta, hala ere, naturaren indar izugarri horrek ere, gainontzeko zezenek bezala, heriotza baizik ez zuen edukiko bukaeratzat. Kalteren bat eragin zezakeen agian, adarkadaren bat eman ziezaiokeen banderilleroari, agian toreatzailea zauritu edo zilipurdikatu zezakeen, baina azken-azkenean amore eman beharko zuen, toreatzaileen, beren laguntzaile anitzen eta zezenketaren zuzentzaileen truku, engainu, amarru eta tranpa ugarien aurrean; salbazio posiblerik gabe, belauna makurraraziko zioten, burua apalaraziko, ikusleen begi gosetien eta emozio fuerteen egarri daudenen orroen artean. Zezenak ez du ihesbiderik, baina berak ez daki, arrazoimena falta duen izakia baita. Berea masaren ankerkeria-gosea berdintzeko esperantzarik gabeko borroka da, eta borroka hori da, aldez aurretik kondenatuta dagoenari ausardia erakusteko zibilizatua omen den gizarteak eskaintzen dion azken aukera. Zezenaren alde jartzeko edo eta zezenketa eta giza-jarreren arteko konparazio errazak egiten hasteko tentazioari men egin baino lehen, zahatoa eskatu zion Beroizi.

Marcelianon lehen aldiz sartu zen une berean, mozkor handia zen eta pixka bat idazten zuen bere herrikideaz, Hemingwayz alegia, mintzatu zitzaizkion, Tom Hewarti, hots, Amerikanoari, naïf samarra iruditzen zitzaion miresmen batez. Makina batek zin egiten zuen kopa hartuta zegoela Nobel sariarekin, eta batzuen kasuan egia izatea ere bazitekeen. Edonola ere, Ernesten balentria alkoholikoak askoz ere ezagunagoak ziren, The Sun Also Rises, inork irakurririk ez zuen nobela baino. Hewartek, ordea, irakurrita zuen, eta bere ustez, produktu tipikoki estatubatuarra zen, zilborretik kikirriraino doan tarte estutik idatzita: alegia, mundua zilborretik begiratuta eta zakilaren exigentzia larrien kolpez idatzita. Hewarti entretenigarria iruditzen zitzaion, are amerikarrak zein nafarrak (nafarrak ez eta vascos deituak liburu osoan), mamiari baino estatusari eragiten zioten diferentzia txiki batzuk gorabehera, haur gutxi asko maitagarriak bailiran idatzitako liburu aski irrigarria. Zerikusirik ez nazioarteko kritikariek edo bertako agintariek egiten zuten irakurketa traszendental eta solemnearekin. Baina Hewart ez zen literatur kritikaria, ezta alkatea ere. Eta Ernest zaharra bezain hordizale ez izanik ere, ez zion tragoari muzin egiten.

        —Atera whisky bana —esan zion zerbitzariari.

        —Whisky! —Zakarrok. Modan zegoen.

        —Emakumeei ere bai? —zerbitzariak.

        Amerikanoak bizkarrak harrotu zituen, emakumezkoek whiskya edatea komenigarria ote zen, mahaian sortu zen eztabaida eta kalapitari kasurik egin gabe.

        Hewart diskretuki literaturzalea zen, eta Antoñana delako batek egunotan Diarion idatzitakoa harrigarri samarra iruditu zitzaion: "Algo que se extendía por toda la ciudad nos desagradaba. Era ese olor a podrido. Esos ojos sin luz, donde se había instalado lo más oscuro del ser humano. Muchos ojos como esos, repetidos hasta el infinito, en las sillas de los cafés, en los divanes de los hoteles, posadas, fondas del tres al cuarto. Era cansancio o soledad. Lo más triste de estos días son los ojos de las gentes". Hewartek ez zuen juzkurik egiten, baina hor beste ikuspegi bat zegoela, aski kontrajarria, ez ikusteko bezain itsu ez zen.

        —Tontakeriak! —esaten zuen Zakarrok, gauza haien gainetik zegoela salatu nahi zuen tonuaz, baina egiatan amorratuta—. Mikaztuta badago, doala etxera!

        Zakarro lapatxa bezala itsasten zaie ahal duen guztietan. Sekula ordaintzen bukatzen ez den behialako zor bezalako bat omen zegoen Zakarrorekin, inork gogoratzen ez zuena.

        Amerikanoak begiz galdetu zien Beroizi eta Iriarteri.

        —Niri ez galdetu, ni zapatari baten semea naiz —desenkusatu zen Iriarte.

        Beroizek ez zekien zer esan. Ez zuen lerrook idatzi zuenaren berririk.

        —Gauza bat jakin nahi duzu, Tom? Niri erraldoiak gustatzen zaizkit. Oilo-ipurdia jartzen zait.

        Eta egia zen. Hewart ohartu zen goizean, erraldoien konpartsarekin zebiltzanean, Beroizi begiak blaitu zitzaizkiola, gaiteroek, atabalariaren tarrapataren laguntzaz, karrika-dantzaren airea hasi baino lehenagoko sarrerako deiaren akordeak jo zituztenean. Ez zuen ulertzen zertan zetzan berari zarata karrankaria baizik iruditzen ez zitzaion soinu haren magia, baina Hewart etsirik zen, ordurako, gauza batzuk erdizka eta beste batzuk sekula ulertu ez zituelako ideiarekin, eta justua irizten zion.

        Rodriguezek jakin nahi zuen, bere lagunen ahotik, Riau-Riaua nola joan zen.

        —Eta zu non zinen ba?

        —Euskal-en. Raulek irabazi zuen —aurrea hartu zien besteen galderari.

        —Nik esango dizut. Bi ordu t'erdi iraun zuen. Diariokoak kexa azaldu zuen: nahikoa dela, mutilek beren burua bota egiten zutela udalekoen aurrean martxa oztopatzeko. Autoritateak ez al du modurik edo baliabiderik, bere agenteen bidez, ganberro dozena batek sorrarazten duen luzapena eragozteko?

        —Ni ere zoruan ibiliko nintzatekeen, zer arraio —Rodriguezek—. Baietz zure semea eta bere lagunak saltsan ibili.

        Beroizek ez zuen ezer esan.

        —Egia da Ordoñezek milioi bat zezenketako eramango duela?

        Kalkulua zen 140.000 ibilgailu sartuko zirela hirian egunotan, eta 1.080 ohe alkilatuko zirela; ibilgailu asko eta ohe gutxi. Jendeak autoan egingo zuen lo, edo lorategietan, edo lagunak edukiko zituen, edo herrira itzuliko zen. Oheak, batez beste, 150 pezeta eguneko egiten zuen. Oheen negozioarekin Ordoñezi arratsalde bat ordaintzeko beste atera zitekeen, gutxi gorabehera.

        —Ona dago edari hau —zioen Carmenek, Beroizen andreak.

        Beste emakumeek ere baietz egiten zuten buruaz, irrien artean. Whisky bat denentzat eskatu eta drangada txikitan edaten ari ziren.

        —Mozkortu egingo zara eta tontakeriak esaten hasiko zara —Iriartek bere andreari, igarle.

        —Zuk, ordea, ez duzu edan beharrik tontakeriak esateko —Iriarteri, andreak.

Marcelianok ere bezero amerikarrak bereganatzeko beharrari amore eman zion, ate ondoko txartelean ikusten ahal zenez:

"Lamb on the spi. Typical dishes, your specialities".

        Juantxo, zerbitzaria, euskalduna zen, baina hori ez zen iragartzen, hori zekienak zekien. Ciga oihal-dendan eta hori bezalako gutxi batzuetan baizik ez zen "euskaraz mintzatzen da" eta gisakorik jartzen. Anozek, Marcelianoko jabeak, azalpenak ematen zituen.

        —Fraga ez da ibili ba, Espainia osoan zehar, Parador Nacional horiek irekitzen? Amerikanoek ez al diote eman, ba, 5 milioi dolarreko laguntza? Eta niregana etortzen zarete kontu eske arkume pixka bat saldu nahi diedalako?

        Azken Parador horietakoa irekitzean, Fragaren ondoan Estatu Batuetako enbaxadorea egon zen.

        —Palomareskoa eta gero, oso lagun gelditu omen dira.

        —Tom, zuk enbaxadorea ezagutuko duzu, agian.

        Tomek ipurdia mugitu zuen bere aulkian, deseroso.

        —Ezagutu, ezagutu...

        —Ezagutzen duzu edo ez?

        —Pare bat aldiz egon naiz berarekin, bai.

        Baten batek miragarritasunezko txistua egin zuen, burlaz agian, agian ez.

        —Normala da. Enbaxadako agregatu komertzialak aurkeztu zidan. Espainian bizi garen estatubatuarrak familia bat bezalakoak gara —Amerikanoak entzun zuen bere hitzen oihartzuna, izuturik, eta min egin zion.

        —Torrejongoak ere bai?

        —Zoaz popatik hartzera, Iriarte.

        —Et, et, ni zapatari xume baten semea baizik ez naiz.

 

 

"Diruaren baitan datza injustizia ororen hazia". Horrela etorri zitzaion, hitz bakoitza bere tokian, bata bestearen ondoren, garden, kontzientzia irrati-esatari bihurtu balitz bezala. Esaldia etorri eta ulertzea, mamiraino ulertzea, dena izan zen bat. Tango dantzari bikoterik uztartuena legez. Agian, Zakarroren buruan ez zen ordura arte halako argi-txinparta itsugarririk inoiz piztu.

        —Mokofina izatea eta bizioak ordaintzeko beste ez edukitzea bezalako kondenarik ez dago —esan zuen, inozentziaz maskaraturiko grina txarrez, bere aurrean eserita zegoen medikuak.

        Musean ari ziren. Zakarrok hogeita zortzi zeukan, bestea zen esku. Mahai gainean zeuden mila duroekin zorrak estali, etxeko itoginak konpondu, litxarreriaren bat erosi eta are Rosari zerbait oparitzeko edukiko zuen. Zorrak estali. Zakarrok beheko ezpainari ausiki egin zion, amorrazioz. Kristaua musean aritzen hasi zen unetik asmatu zen lehen jokaldia egin nahi zion medikuak. Amerikanoa eta besteak begira zeuden, isilik. Baztango jabea, Egaña, aspaldi gorde zen sukaldean, nahikoa ikusi zuela iritzirik. Pasadako begirazoa nahiko izan baitzuen gauza zertan zen eta nola bukatuko zen atzemateko. Gero komeriak.

        Dirua behar izan ez balu, berdin aterako zen aurrera hogeita hiru, hogei, hamazortzirekin. Medikuak Zakarrok uste zuena baldin bazuen, hogeita zortzi izan, hogei izan, ez zen alderik. Behin puntu ona etorriko, eta txakurraren putza. Mila duro horiek behar izan ez balitu... Berak behar zituen, baina, medikuak ezertarako ez.

        Medikuarentzat harrokeria kontua baizik ez zen, prestigio kontua. Medikua, Urlia jauna, Baztandik hiru etxe-uharte harantzagoko Mokan elkartzen zen koadrilakoa zen. Jokalariak, baina dirudunak. Dirudunak bakarrik ez, zerbait gehiago ere bai, nola esan, arrazoia beti alde dutenetakoak, inoiz erantzun txarrik espero ez dutenetakoak, jende otzana maite dutenetakoak, irabazleen sailetakoak, agintzen zutenen kastakoak. Edozein ezbeharren aurrean "Usted no sabe con quien está hablando" batez erantzuten ohitutakoak. Erregimenekoak. Alegia, Urlia jauna, medikua, gobernadore zibilaren adiskidea zen, eta ez zen etorria Mokatik Baztanera almazenetako enplegatu batek, maka batek kartetan irabaz ziezaion. Prestigio kontua zen. Kartak denentzat dira berdinak, esaten zion Zakarrok bere buruari, baina honentzat, mila duro galtzea, niretzat duro bat galtzea bezalakoa da.

        San Sebastian eguna pasata zegoen eta angula kiloa 600 pezetara jaitsia.

        Injustua zen. Diruaren baitan datza injustizia ororen hazia. Ikusleak eztul txikika ari ziren, berantetsiak. Medikuak irriño burlatia erakusten zuen, baina Zakarrok ez zien begiratu ere egin.

        Partida oso modu ergelean zertu zen. Zakarro Baztanera joan zen, Berekoetxeak, El Tigre de Gorriti deituak, Polipasoren aurka jokatu behar zuen desafio baterako sarrera eske. Zakarrok ahaide bat zeukan Uitzin, Berekoetxearen alde duro batzuk jokatzeko asmoa zuten. Hori hilabete lehenago edo gertatu zen, ongi gogoan zuen, Los Caídosko petardoa zartatu zen egunaren biharamunean gertatu zen, bazterrotan ez zen beste gairik. Lehergailua gaueko hirurak aldera lehertu zen, Urlia medikua iratzarri egin zuela esaten ari zen. "Hijos de mala madre! Gamberros!" kexatzen zen medikua. Zakarrok periodikoa zeukan irekita, zein orritatik aintzat hartu gabe, eta belarria paratzen zuen, disimuluz, izenburuak begiratzen zituen bitartean: "Defectos de esposos y esposas. Ellos: Tacañería, fumar demasiado, jugar, salir solos. Ellas: no limpiar suficientemente el hogar, pasar demasiado tiempo en vestirse, afán de mando, se fijan en hombres famosos". Zakarro ezkongabea zen, Rosa ikusten zuen hilean behin, denen isil eta ezkutuan. Rosa Amparoren txaletean ezagututako emakume bat zen. Elkarrizketan sartu zen, zertan ari zen ohartu ere egin gabe, eta nola izan da, galdetu zuen.

        Medikuak fieltrozko kapela erabiltzen zuen, bibote fin bat erakusten zuen ezpain gainean. Zakarrok haren entzutea zuen, bistaz ezagutzen zuen; medikuak, ordea, ez zuen bestea ezagutzen. Medikuarekin beste bi gizon zeuden. Zakarrok haien trazari erreparatu zien; gertu zegoen Gobernu Zibiletik etorriak izango zirela iruditu zitzaion. "Bi dinamita-kartutxo ziren, berrogeita hamar bat gramokoa bakoitza. Batek ez du leher egin", jakinarazi zuen medikuari laguntzen ziotenetako batek. Pintada batzuk ere utzi zituzten, DIOS, PATRIA, REY = OPIO zioen bat esaterako. Zakarrok ikusia zuen arestian, Bar Baztan aldera egin zuenean, hain zuzen. Zartatu zen kartutxoak Monumento a los Caídosko ate alboetan zeuden oroigarrietako bat suntsitu zuen.

        Bazkalondoa zen, bizpahiru mahaitan musean ari ziren, medikuak eta bere lagunek laugarren bat behar zuten. Proposatu egin zioten. Baztango Egañak keinu adierazkorra egin zion, diskretuki, begiz. Zakarrok uko egin zion gonbidapenari, ostera eskatu zioten, temati. Eseri egin zen, ezetz esatea ezinezkoa zela etsita, Egaña patxaranaren bila joan zen. Medikua kontrario suertatu zitzaion. Zakarro bertako mutilzaharra zen, uste zuen kartetan trebea zela. Edaria jokatu zuten.

        Medikuak ordaindu zituen kopak, partida puntura jokatuta, Zakarrok hogeita hamar baitzuen, eskutik, eta musa eman baitzuen. Medikua oilartu zitzaion, errebantxa eskatu zion, biak bakarrik, aurrez aurre, dirua tarteko. Zakarrori aukera ona iruditu zitzaion. Hilabete geroagorako gelditu ziren.

        Kontuz horrekin, gaztigatu zuen Egañak, dirua jokatzea gustatzen zaio.

        Hilabetea pasatu zen, eta orain, Zakarrok hogeita zortzi zuen, bestea zen esku. Mahai gainean zeuden mila duroekin zorrak estali, etxeko itoginak konpondu, litxarreriaren bat erosi eta are Rosari zerbait oparitzeko edukiko zuen. Zorrak estali. Galtzera... diru asko zen. Zakarrok beheko ezpainari ausiki egin zion, amorrazioz. Kristaua musean aritzen hasi zen unetik, asmatu zen lehen jokaldia egin nahi zion medikuak. Medikuak txuliatu egin nahi zuen, ziria sakatu nahi zion, harentzat mila duro galtzea ez zen ezer, gero ederki egingo zuen irri bere kontura, hanpa-hanpa eginda oilar bat bezala, zorripiztu nardazua, atera beharra zegoen, ez zeuzkan mila duro horiek, berarentzat ere, deus ez balira bezala jokatu beharra zegoen, ezin izango zion harroputz hari sekula irabazi bere armekin jokatuta baizik.

        —Euki —kartak ahoz gora jarri zituen, abaniko bat irekiko bailuen eginez.

        Gelako kea bezain lodia zen tentsioa desegin egin zen hasperen orokor batez. Medikuak ez zituen eskuak dirurantz berehalakoan eraman. Zorte txarra, Zakarro, esan zuen, itxuraz lasai. Hitzok Zakarroren bihotzeraino barneratu ziren, aho zorrotzeko labana hotza bezala. Mila duro... dirutza zen gordetegi bateko maka soila baizik ez zenarentzat. Amerikanoari begira mintzatu zen, bakailao lehorra baino espresiogabeago, medikuaren begiei ezkutatuz zauritik zerion odola.

        —Bi bateko zituela uste nuen.