Eulien bazka
Eulien bazka
2003, nobela
176 orrialde
84-95511-55-X
azala: Sonia Uribe
Hasier Etxeberria
1957, Elgoibar
2017, Donostia
 
2007, nobela
2005, nobela
Eulien bazka
2003, nobela
176 orrialde
84-95511-55-X
aurkibidea
 

 

Ad finem

8

 

Ikerketaren berri gutxi eman diote ertzainek egun hauetan Damiani. Ihesi zihoazela atxilotu zituzten hiru borreroak ezagutzera eraman zuten azkenekoz polizia-etxera, igande arratsaldean bertan. Eta, bai, haiexek izan ziren bere etxera argazki bila etorri ziren boxeolariak, Argosek lore artean txiza egiteko bakarrik balio duen zakurra dela esan zutenak. Haiek ezer esan ez zutenez, ordea, berak ere ez zuen aipatu makalen artean kukututakoaren tirorik. Honezkero guztiak berdin bazion ere, ahal zela, ez zeukan gauzak nahasten ibiltzeko asmorik. Nahikoa zeukan zeukanarekin.

        Urrutikoetxeak esan zionez, Oxford Klubak bazeukan berezitasun bat. Euren emazteekin egiten ez zituztenak egiteko erabiltzen zuten sare hura Donostia eta Gipuzkoako gizon handienetakoek, bai. Baina sexu harremanetarako erabiltzen zituzten emakumeak ere ez ziren edonolakoak. Emakumeak ez ziren nornahi. Bazuten guztiek berezitasun bat: denak ziren gizonezko ezagunen emazteak edo alabak. Denek zuten jabe ezaguna. Ez zituzten nahi izaten kalekoak. Ez zituzten gura izaten etorkin ezezagunak, putetxeetan aurki daitezkeen horietakoak. Euren kastakoak nahi izaten zituzten jolaserako. Antza, bitxitasun horrek, gatz eta piper gehiago ematen ei zion gizon haien guztien sexu grinari.

        Nolabait esateko, emakume jatorrak izaten ziren edo, behinik behin, jatorri ezagunekoak. Ez zutela balio, bestela. Ezin esan zizkiola, baina harritu egingo litzatekeela erabilitako emakumeen zerrenda osatzen zutenen izenekin. Eta noiztik, gainera, gehitu zuen Urrutikoetxeak, laurogeita zazpigarren urtetik baitzegoen eratuta Oxford Kluba, Donostiako lehengo alkateak berak sortu zuenetik.

        Areto edo etxe jakinik ere ez zutela erabiltzen, esan zion Urrutikoetxeak. Oxford izena ez zegokiola leku jakin bati. Sareari zegokiola, esan zion, eta behar zenean, nahi zuten aretoa edo etxea alokatzen zutela euren zereginetarako. Horregatik ezin izan zutela argazkiko lekua ezagutu.

        Partaide guztiek bazutela beste berezitasun bat ere: guzti-guztiak ziren Ingalaterrako herri horretako unibertsitatean ibilitakoak edo, besterik ezean, Deustukoan. Ez zutela nornahi onartzen euren ezkutuko sarean.

        Emakumeak ez zirela ordaintzen soilik edertasunaren arabera, eta tartean bazirela bi, berrogeita hamarretik oso gertukoak. Ez sinesteko modukoak. Emakumeak gehiago ordaintzen zirela, haien gizonen garrantziaren arabera, aita edo senarraren arabera. Itzelak zirela ordainketako diruak.

        Paradoxa zela, pentsatu zuen, Jaioneren soldata. Azken finean, bere neurriak ezartzen zuela haren soldata. Eta bai, ez zen txikietakoa izango, erabiltzailea Izpizua zenean.

        Damianek gizakiak misterioa direla pentsatu zuen hori guztia entzundakoan. Errazki ez bazen ere, uler baitzezakeen gizon haien gutizia, baina emakumeak. Emakumeak zerk bultzatzen zituen hartara. Zerk eramaten zituen jolas lizunetara. Euren gorputzak neurri haietaraino eskaintzera.

        Dirua ere bai, Arruti, esan zion orduan Urrutikoetxeak, dirua ere bai. Baina Damian ederki jabetu zen, dirua asko izanda ere, esandako beste bi hitzek gordetzen zutela portaera haren giltza eta sekretua: ere bai. Bi hitz horiek esaten ez zuten guztian ezkutatzen zela, batez ere, emakumeak Oxford Klubeko sarera eramaten zituen oldarra.

 

 

Izpizua ez zuen ikusi ere egin nahi izan. Laguna, lagun ohia, lagunartea alferrik galdu zuen hura, esker txarreko adiskidea. Aurrerantzean munduaren bere ikuskera, neurri eta beharren artetik ezabatuko zuen, baita horretarako lan eta denbora apur bat beharko bazuen ere. Alabaina, Damian poztu egiten zen haren ontzian joan ziren egunean ezkutatu zionaz. Poztu egiten zen Jaioneren bizimodu berriaz zihardutenean, gauza bat kontatu gabe utzi izanaz. Poztu egin zen esan gabe geratutakoaz.

        Jaionek bere sexu-ametsetako bat kontatzeko eskatu zion egun hartan. Ametsa kontatu egin ziola esan zion Izpizuari. Zein zen, ordea, ez zion esan. Ez zion esan nahi izan. Eta poztu egiten zen, halakorik kontatu ez izanaz. Lagun ustelari.

        Jaionek irri egin zion bere ametsa kontatu zionean. Oraindik bide handia zeukala ibiltzeko. Horixe esan zion. Bere benetako gizon gurarietara iristeko tarte handia zeukala. Damian, Damian, hori baizik ez bada, esan zion irri artean Jaionek desioa entzun zionean, neuk lagunduko dizut horretan.

        Damianek bere desioa agertu zion. Ezkutukoa. Sekula inori aurrez esan gabekoa. Bere buruari ere isildutakoa. Aitortzea ere lotsarazten zuena. Emakumeak zer sentitzen duen nahi zuela jakin, horixe esan zion Jaioneri. Emakumeak zer sentitzen duen gizona bere barnera sartzen denean. Eta irri egin zion Jaionek bere desioari. Irri, Damianen ametsetakoari. Hori besterik ez bada, esan zion, neuk lagunduko dizut.

        Londres hotelean hartu zuten gela bat. Itsasoari begira. Santa Klara uharteko argiak eta Igeldokoak soilik begien aurrean leihotik. Itsasoaren gainean. Biak biluzik. Hotel Londreseko gelan. Jaione eta Damian. Damian eta Jaione. Aspaldi ez bezala.

        Jar zaitez hor lurrean lau hankaren gainean, esan zion Jaionek, eta supituan, uste ez zuenean, bi hatz sartu zizkion bortizki Jaionek atzeko zulotik. Ipurditik. Hori izan zen guztia. Komuneko zapi batez bildu zuen Damianek, lotsaturik, ustekabean lurrera isuritako hazia eta, gero, jantzi eta alde egin zuen gela hartatik Jaionek. Hori duk hik senti dezakean hurbilena, esan zion. Asko falta zaik oraindik, maitea. Hurrengo batean, nahi baduk, Oxford Klubean. Bila nazak Oxford Klubean. Horixe esan zion pauso hotsak irensten zituen moketaren bidean agur egin zionean.

        Damianek ez zuen lo handirik egin Londres Hoteleko gau hartan eta bazitekeela, erabaki zuen, bazitekeela bera bezalako gizonak ez ezagutzea behar bezala bere burua. Bazitekeela geruza bat eta beste baten azpian ezkutatuta edukitzea benetako desira. Bazitekeela egiazko desiraren lekua zein den sekula ez jakitea. Bazitekeela gizonezko baten baitan, hegabera baten baitan, inork sekula jakin ez dezakeen zerbait habia eginda egotea.

        Izanak izan, poztu egiten zen Izpizuari gertatutakoa ezkutatu izanaz. Poztu egiten zen egia osorik ez eskaini izanaz. Hala ere, ordea, ezin kendu burutik irudia. Irudi mingarria: Izpizua eta Jaione, biak biluzik Oxford Klubean. Izpizuak esaten dio Jaioneri, emakumeek zer sentitzen duten nahi nuke jakin Jaione bihotzekoa. Jaione ederra. Zuek zer sentitzen duzuen nahiko nuke jakin edo ahalik eta gehien hurbildu, behintzat, horretara. Esaten du gizonak, esaten du lagunak, esaten du Jose Ramonek, emazte ohiaren bi hatzek lau hankan jarrita dagoen gizonezkoaren atzeko zuloa bortizki erasan baino pixka bat lehenago.

 

 

Ez diote ertzainek ikerketari buruz gauza handirik esan Damiani. Soilik Oxford Kluba izan dutela hizpide. Horixe. Hasieran ez bezala, Izpizuak eta Aranbarrik, biek ala biek, egin dutela bat Oxford Klubeko partaideen zerrenda osatzerakoan. Hemeretzi. Hemeretzi gizonezko gipuzkoar. Nor baino nor, emagaldu berezien beharretan. Emagalduena baino eskaintza handiagoaren beharretan.

        Jaioneri buruz, ordea, ezetz eta ezetz. Eurek ez dakitela ezer. Soilik Oxford Klubean ikusten zutela emakumea. Putatzarra. Hilabeteak direla desagertu zela eta ez dakitela haren berririk. Galdetzeko Arruti bere senar izandakoari edo bere amari. Eurek ez zekitela ezer Jaioneren hilketaz. Hilda egon zitekeenik ere ez.

        Urrutikoetxeak esan zien orduan gizon batek baino gehiagok bota zituztela zati haiek guztiak leizean behera. Derrigorrez behar zuela horrela izan. Halako lan bat ez zezakeela egin gizon bakarrak. Istant berean jaurti zirela gorpuki guztiak leize zulora, ederki zekitela hori. Eguna ere ezagutzen zutela zehatz: martxoaren zazpia edo zortzia.

        Hiltzaile bakarraren lanaren aurrea baino, pertsona gehiagok egindakoaren parean zeudela, eta esateko behingoz, nortzuk esku hartu zuten hilketa hartan. Bestenaz Oxford Klubeko hemeretziak atxilotu beharrean aurkituko zirela. Malkartsua zela leizerako bidea, bi ordu baino gehiago behar zirela haraino oinez iristeko eta ez zegoela inor halako pisuaz zamatuta, emakumearen zati guztiak lepoan hartuta, leku hartaraino iritsiko zenik. Eginak zeuzkatela azterketak eta, gutxienez, bi gizonek esku hartu zutela hilketa hartan edo, behintzat, gorpukien desagertzean.

        Halaxe ulertu du Damianek Urrutikoetxearen obsesioa. Azkenean. Tenientearen berarekiko eske itsua. Zatiak une berean bota ote dituzten jakin nahi dut, Arruti. Orduantxe ulertu du Damianek bere lana eta juzkua zein den ikerketarentzat erabakigarria. Entomologo adituaren garrantzia.

        Baina ezetz eta ezetz. Izpizuak eta Aranbarrik irmo jarraitu zuten horretan. Jaione Oxford Klubean ikusten zutela soilik, euren lagunarteko sarean, baina horretaz gain ez zeukatela haren berririk. Gainera, inork ez zuela Jaione behartzen bilera haietara. Bera izaten zela sarritan denei hartzen ziena aurrea. Eta ez merke, gainera. Azken hilabeteetan ez zela agertu euren artera, bat baino gehiago ibili bazen ere haren galdean. Haren beharretan.

        Urrutikoetxeak erabaki bat hartu zuen. Bere atzamarretan zituen eskualdeko gizonik prestuenak. Hemeretzi handienak. Tartean lurraldeko Diputatu Nagusia. Eta bat-banaka agertu beharko zuten bere aurrera, Antiguako polizia-etxera. Berak galdetutako orori erantzutera. Teniente apal baten aurrean makurtzera.

        Bere bizitzako lanik garrantzitsuena zeukan begien aurrean eta, bai, kontuz ibiliko zen kasu harekin, Barne sailburuak berak erregutu zion eran ibiliko zen. Zarata handiegirik atera gabe, baina ez zituen haatik lasai utziko. Gizon handi haiek guztiak. Jaione nork hil, nork zatitu eta nork amildu zuen jakin artean, bereari eutsiko zion. Kosta ahala kosta.

 

 

Lupe etorri zaio ikustera. Zorionara. Batere esan gabe. Euren artekoa ezinezkoa dela esatera. Bera ahalegindu dela, baina alferrik dela. Bik ez dutela aurrera egiterik batek nahi ez duenean. Eta damu dela, hainbeste itxaropen puztu izanaz. Bere barnean. Emakume bati ez zaiola egiten horrelakorik. Horixe esan dio, ez lukeela berarekin haserretu nahi, baina joan dadila behingoz popatik hartzera eta gera dadila, bere euli nazkagarrien artean. Bakar-bakarrik. Zorionan. Bakar-bakarrik mundutik apartean.

        Geldi zaitez Véronique horrekin. Berak jasan zaitzala.

        Ezer berririk ez du esan Damianentzat. Horiek eta gehiago espero zituen gizonak. Eta ez daki zergatik, baina ez du nahi. Ez du zeharo argi ikusten, baina ez du nahi. Ez du erabat erabaki, baina ez du nahi. Ohituegi dago ohituretara. Beldurtuegi. Izutuegi.

        Ikusten du, bai, emakumearen azken erasoa dela. Azken ahalegina. Berak kontrakoa esan diezaion jokatzen duela horrela. Baietz, maite duela, esan diezaion. Itxaropena gorde dezala eska diezaion. Orain artean gertaerek agindu duten arren, aurrerantzean aukera handiagoa edukiko dutela, esan diezaion. Esan diezaion hori guztia eta esan diezaion gehiago. Esan diezaion askoz ere gehiago.

        Esan diezaion Zorionan aurkituko duela bere ondoan. Elkarrekin egingo dutela bidea. Bata bestearen ondoan, bata bestearentzat, biziko direla. Elkarren begietan galduta. Bata bestearen azalean babestuta.

        Baina Damianek ezin du. Damianek ez daki. Arantzadiri ematea deliberatu dut, erantzun du Damianek. Denak eman ditut, musu truk. Aurki dira bila. Besterik ez du esan Damianek.

        Begiak piztu egin zaizkio orduan Luperi. Aukeraren bat erne litekeela oraindik, pentsatu du. Etxea euliz hustu ahala, berak leku har dezakeela bertan. Zomorroen hutsunean.

        Gutxi iraun dio, hala ere, sentipenak. Hilda nago, Lupe, esan baitio Damianek. Zeharo hilda. Karramarro bat dut eztarriaren erdian. Bihar kenduko didate munstroa istorio hau hasi zen leku berean, Donostiako Poliklinikan. Goizeko hamaiketan. Hilda nago, Lupe. Zeharo hilda, eta hildakoak ez dira izaten aukera egokia bizirik nahi duen emakumearentzat. Eta hitz beldurgarria esan du: minbizia.

        Zergatik ez didazu orain arte ezer esan. Zergatik ez duzu nirekin hori guztia partekatu nahi izan, galdetu dio Lupek, hunkituta.

        Emakumea ohartu egin da zerbaitek egin diola ihes. Ez dela iritsi behar zuen lekura. Uste baino babes eta geruza gehiago dituela gordetzeko, parean daukan gizonak.

        Zenbat egun dira, Lupe, elkar ezagutzen dugunetik. Hamabi. Hamabost. Hamalau. Zenbat dira guztira. Zer da, bada, denbora labur hori pertsonaren bizitzan. Asko niretzat, hilda nagoen honentzat, baina deus ere ez denbora guztia aurrean daukan zu bezalako batentzat.

        Utz iezadazu, baina, laguntzen. Utz iezadazu zurekin erietxera joaten.

        Ez dut inor nahi alboan. Aski naiz neu. Hildakoak ahaztu egin behar dira, lehenbailehen. Horixe duzu lanik behinena, ni ahaztea.

        Eta ahantzi hitz madarikatua entzutearekin batera, mundua etorri zaio behera emakumeari. Lehertu eta hondar bilakatu zaio eskean zekarrena.

        Banoa, bai. Utziko zaitut bakean behingoz, baina, hala ere, utz iezadazu gauza bat esaten: nahastu egin zara nirekin. Zozoa naizela pentsatu duzu. Zeharo zozoa. Beharrean dagoen emazte bat baizik ez naizela uste izan duzu eta ikaratu egiten zaitu horrek. Kikildu.

        Bestela ikusiko zenuen, ikusten jakingo zenuen, nik baneukala Gorka eta Leireren albistea. Haien argazkiak polizia-etxean banatu zizkigutela denoi. Banekiela haiek ez zirela biologiako ikasleak.

        Duela egun batzuk, Intxaurrondoko kuartelaren kontra jaurti zituzten granadak. Huts egin eta polizia zuten ondoren. Zer uste zenuen. Hori guztia banekien etxe honetan aurkitu nituenean. Zu, ordea, zure eulien artean. Abade frantses baten ipuinak kontatzen. Eta ni isilik. Isil-isilik. Zuregatik. Gu biongatik. Biologiako ikasleak, hori irensteko ere prest egon naiz. Eta zure gelako horman bala batek utzitako zuloa ere, ez dut ikusi nahi izan. Zozoa naizela uste izan duzu eta horixe izan da niretzat okerrena. Ikusi ere ez nauzula egin. Zure barnean bizi den ume izu horren argiak itsututa. Bejondeizula, beraz.

        Damianek emakumea lizar eta makal artean urruntzen ikusi duenean, pena dela erabaki du. Pena dela bera bezalako gizonak azken aukera galtzea. Eta akaso haren besoetan aurkituko zuela beste inon aurkitzen ez dena. Haren begi gazteetan kausituko, ilunpean ibiltzeko adina poz eta adore. Hildako bati, ordea, ez dagokio ez pena eta ez pozik. Ez neke eta ez dolore. Ez dagokio besterik loa baino. Loa. Sekulorum sekulotan.

 

 

Katalina eta Moisesi deitu die telefonoz. Egun batzuetan, aste pare batean edo, Argos zaindu beharko duzue, esan die. Bera erietxera doala, ebaketa gaitz bat egitera. Ez dela ezer. Polipoak. Dena pasatuko dela, lasai egoteko, baina bien bitartean, eurena izango dela zakurraren ardura. Eta etxearena.

        Amari ere deitu dio, bihar Donostiako Poliklinikan eztarriko polipoak kendu behar dizkiotela, esanez. Polipoak eta pulpoak. Eztarrian. Olagarroa esan beharko ote, euskaraz. Ez dela ezer eta egoteko lasai. Ebaketa arrunta dela. Egun batzuetan isilik egon beharra, horixe daukala gaitza. Ez besterik. Eta erreparatu egin dio bere amaren bizitza lausoari. Bizimodu gezari. Poztu egin baita ia, semea zaintzeko edukiko duen aukera berrituarekin. Poliklinikako gela batean. Semea zainduko du. Egunkariak eta aldizkariak eramango dizkio. Pijama berriak ekarriko. Ez etorri arratsaldera arte, esan dio, hala ere. Anestesiatik irteteko, ohera eramaten nautenera arte bederen. Ez lehenago. Bakarrik nahi dut eta. Bakarrik nahiago dut.

        Ondoren, beheko geletara joan eta ate guztiak zabaldu egin ditu. Arkume biriketan zeuden euli askok eta askok ez dute, ordea, alde egin nahi izan. Hantxe jarriak dituzte arrautzak, hantxe, Damianen etxeko gela horietan, dute etorkizuna. Arrautzak, larbak eta ninfak. Ez dute besterik nahi. Munduaren neurria bakarra da. Munduaren neurria ezaguna da. Han geratzea baizik ez dute nahi. Berak bezala, Damianek bezala. Ez du Zorionatik atera nahi, baina ezinezkoa zaio hori. Habiatik irten egin behar du. Poliklinikara joan behar du bihar, eztarriko munstroa errotik ken diezaioten. Kartzinoma ezkataduna behingoz desager dadin. Eta zapi zuri batez astindu ditu euliak behingoz alde egin dezaten. Nahi duten lekura. Nora-nora. Gero ardiki guztiak bota ditu hozkailutik zakarretara, gainean dituzten euli usteko guztiei begiratu ere egin gabe. Kito.

        Horretan dabilela, zarata bat entzun du inguruan eta, harritzekoa, Argosek ez du egin batere zaunkarik. Etxekoren bat izango da. Moises izango da. Katalina izango da. Baina ez, ez dira auzoak. Ez dira aingeru zaintzaileak. Emakume bat da, betaurreko ilunez datorrena. Burua painelu urdin batean bildurik.

        Zertan zabiltza. Zer egiten duzu, erotu egin zara ala, esan dio Jaioneren ahotsarekin. Baboa zara. Inozoa zara. Donostia erdia sartu duzu kartzelan alferrik. Ikusten duzu, bizi-bizirik nago. Ez nau inork hil. Bistan da.

        Lerdoa halakoa. Nire lagun guztiak nahastu dituzu. Bat bera ere ez da gelditu ukitu gaberik. Zozoa behar du gizonak. Edo eroa, bestela. Zu bezalakoa.

        Eta Damianek, baina Jaione, esan du. Baina Jaione, esatea besterik ez du lortu. Non egon zara sartuta. Ozta-ozta, egun gutxiren buruan hirugarrenez harrizko egin zaizkion hesteen artetik.

        Hori ez da zure kontua, esan dio zorrotz emakumeak.

        Orduan, nor da Polloeko emakumea.

        Zein emakume, zertaz ari zara. Deitu lehenbailehen deitu beharrekoari eta esan bizirik nagoela. Ez nauela inork hil. Esan mundu guztiari zure emazte izandako Jaione ez dagoela hilik. Eta askatzeko preso hartu dituztenak. Horixe esan. Besterik ez. Babo halakoa.

        Baina Jaione, itxaron apur bat. Ertzaintzara joan behar dugu lehenbailehen. Ez dago beste irtenbiderik. Zu aurrean ikusita bakarrik sinetsiko dit Urrutikoetxea tenienteak.

        Nik ez daukat zurekin inora joateko asmorik. Emakume librea naiz eta ez dut egin ezer txarrik. Ez daukat inori begira zertan ibili. Miarritzeko taxi bat daukat zain hor kanpoan eta huraxe hartu eta banoa bueltan Parisa. Zazpietako abioia galtzen ez badut, behintzat. Lagun batek deituta, bizirik nagoela erakusteko baino ez naiz etorri zuregana. Eta ikusten duzu. Hementxe naukazu. Bizi-bizirik.

        Atximur egin dio Damiani besoan.

        Hemen ezin da ihes ere egin isilean. Hemen ezin da lasai bizi. Beti behar du mozoloren batek inguruan. Zu bezalakoren bat ibiltzen da beti jira-biraka, mandeulien antzera. Zuek zarete emakumeon zoritxarra, gizon zintzoak. Gizon zintzo askoak. Gizon zintzoegiak. Gauzek nola behar duten dakizuela uste duzuen jakintsu horiek guztiak.

        Eta berriz egin dio atximur leku berean.

        Egin itzazu lehenbailehen egin beharreko denak eta adio, Damiantxo. Hobe dugu berriz elkar ez ikusita. Ondo ibili.

        Harrizko hesteak benetan arindu zaizkio Damiani. Zirindu egin zaizkio. Gainbehera etorri zaio zerua eta ia konortea ere galdu du. Sukar larri batek harrapatuta dago. Ez daki zer pentsatu, ez daki zer egin. Zentzumenak eta adimena, denak geratu zaizkio nahastuta Jaioneren etorrerarekin.

        Bai, Jaione da 64 matrikuladun taxi batean doana. Bera da, Jaione emazte ohia. Poztu behar duen ere ez daki. Ez da behintzat pozten. Beste zerbait da zorabioa eragiten diona. Eguraldi moduko bat, bere mendean osorik harrapatzen duena.

        Lotsa handi bat igo zaio gero, zangoetatik gorputzean zehar, burura. Bero-bero. Aurpegira. Lotsa izugarri bat. Eta gizadiaren gaitz nagusia zein den irakurri berri duela gogoratu da. Irakurtzeko asmorik gabe irakurri duen eleberrian irakurri duela. Montanoren gaitza liburuan. Gizaki guztien gaitz nagusia beti dela bat eta bera. Gauza guztien sekretua: munduaren erdigunea norbera dela pentsatzea. Horixe egiten dutela pertsona guztiek eta horrexek galdu duela bera. Horregatik uste izan zuela Polloeko mahai gainean zeuden gorpuki haiek guztiak Jaionerenak zirela. Damianen mundukoak zirela. Mundu guztia baita Damianena. Mundu guztia baitabil beti gizonaren inguruan. Gizonaren epizentroaren birundan jiraka. Horrexek itsutu zuela. Munduaren erdigunea bere baitan zegoela sentitzeak.

        Telefonora joan da korrika, baina ez du Urrutikoetxea aurkitu. Kanpoan dela esan dio Terek, fiskalarekin bilduta. Jaioneren kasua epaileen aurrean nola aurkeztu pentsatzen ari direla.

        Lehenbailehen dei diezaiola eskatu dio. Larria dela berak esan behar duen albistea eta dagoen lekuan bilatzeko tenientea. Baita fiskalarekin baldin bago ere. Baina ez dio inork deitu arratsalde osoan. Ez dio inork deitu gau osoan eta ez dio inork deitu goizaldean ere.

        Batere gosaldu gabe hartu du autoa. Badaki anestesiarentzat ur trago bakar bat ere txarra izan daitekeela. Bertan gera zaitezkeela itota. Baraurik, beraz, autopistan.

        Polloeko tuneletara iritsi baino apur bat lehenago, keinu automatiko bat eginarazi dio lepoak, burua ezkerretara jiratuz. Jada ez dira ikusten zuloak, apobelarrak estali ditu arrastoak eukaliptoen osteko belardian. Hala ere Gorka eta Leire irudikatu ditu eskuineko etxadian ezkutatuta, bazoka batez tiroka. Chaho edo Matalasen izena sekula entzun ez duten bi gazteak irudikatu ditu hodi batez tiroka. Intxaurrondoko kuartelaren kontra. Beraren kontra ia.

 

 

Poliklinikan lasai egoteko esan diote. Biluzteko eta janzteko txabusina berde bat, atzeko aldetik lotzen den horietakoa. Eta zain egoteko pixka batean. Aldaba doktoreak laster amaituko duela ebakuntza bat, goizeko laugarrena.

        Bitartean, berak erantzun metafisikoak emateko ez duela balio erabaki du. Gustatuko litzaiokeela eleberrietako protagonistengan ikusi ohi duen goi-arnasaren jabe izatea. Ezin, ordea, gaztanberak hezurrik. Mundutarra dela erabaki du berriro. Mundu honetakoa zeharo. Esku-ohe gurpildunean daroatenean, ospitaleko sabaian iragaiten ikusten dituen bonbillak bezain mundu honetakoa. Korridoreetan gurutzatzen zaizkion erizainak bezain mundu honetakoa.

        Eta halako batean, ebakuntza-gelaren erdian biluzik etzan dutenean, anestesistak lasai egoteko esan eta erle bat jarri dio eskuaren ifrentzu gaineko azalean sartuta. Liztor bat, ezten luze-luzeduna. Zizt sumatu du zainean barrura. Hemen zaina errazagoa da harrapatzen, esan dio, horixe esan dio, baina, badaezpada, besoko beste zain batean ere egin dio ziztada. Han ere zizt.

        Non dago Aldaba, galdetu du. Laster etorriko da. Bidean da. Zaude lasai, ni naiz haren laguntzailea.

        Orratz luze-luzeak dira, gorago zintzilik dauden plastikozko poltsa batzuetatik isurki kimikoa dakarten hodi mehe batzuen amaiera metalezkoak baino ez. Bere zainen barruan. Bero handi-handia dakarte. Erre egiten dute ia. Izotzaren antzera.

        Eta, ondoren, istant batean lo egongo zara, gozo-gozo, esan dio anestesistak. Ez duzu ezer sumatuko. Zenbatu hamar arte, esan dio. Damian zenbatzen hasi da. Bat, bi, hiru, lau, bost, sei, eta zazpitik harantzago ez dela joango konturatu da. Anestesiak harrapatu egingo duela erabat. Lotan egongo dela. Edo hilda. Eta berdin-berdinak direla horiek biak. Gezurra eta egia bezala.

        Zein alde dago, bada, bata eta bestearen artean.

 

 

Hendaian

021231