Eulien bazka
Eulien bazka
2003, nobela
176 orrialde
84-95511-55-X
azala: Sonia Uribe
Hasier Etxeberria
1957, Elgoibar
2017, Donostia
 
2007, nobela
2005, nobela
Eulien bazka
2003, nobela
176 orrialde
84-95511-55-X
aurkibidea
 

 

4

 

Garbi dago ortzia baina haize fin batek kristalezkoak bihurtzen ditu belarri muturrak eta sudurraren punta. Garaia ez delako, bestenaz pentsa zitekeen gaur goizeko izotza jaitsi egin dela menditik itsasertzeraino. Hendaiako hondartza bertaraino. K 7. Non ote dago hori. Zein ingurutan, zein gatewaytan, zein katabidetan. Ez dut ezagutzen Izpizuaren txalupa. Nolakoa ote. Portu hau ere ez dut ezagutzen. Zergatik nagusitzen da kolore zuria ontzien artean. Denek berdintsuak dirudite hemen. Ez dit deus esan. K 7 deitzen den lekura joateko ez besterik.

        Jose Ramon Izpizuak motorrak martxan dituen ontzi baten txopatik egin dio diosal urrutitik, besoak airean. Damian, egin dio deiadar eta Damian lotsatu egin da insomnioak egurastera bota dituen agure guztien begiak berari so jarri zaizkionean. Izpizuak lagundu egin dio ondoren, eskutik helduta, karelaz gaindi, txalupara txopa aldetik igotzen. Kabinaduna da, zazpi edo zortzi metrokoa, eta atzeko aldean bi helize handi dauzka burrunbaka. "Mentura" jartzen du letra handitan.

        Txalupa baino gehiago, yatea duk hau esan dio Damian Arrutik bere lagunari eta irribarrez onartu dio honek iruzkina. Baliteke, bai, erantzun dio. Horixe izan da erantzun diona eta ondoren, heldu gogor hor karelean. Erori gabe. Bagoaz eta.

        Izpizuak gozo eraman du ontzia portutik atera bitartean, baina behin Bidasoako uretan sartu direlarik, bizkortu egin du abiada eta Damian harritu egin da bi motorrek erakutsi duten indarrarekin. Gorputzari aurrera tiratu behar izan dio bertikaltasunari eusteko. Zertarako behar duk hik halako ontzia, galdegin dio Izpizuari eta honek, ezertarako ere ez, erantzun dio, noizean behin dena atzean laga eta zuzen-zuzen itsasoan galtzeko.

        Damianek bere lagunaren itxurari erreparatu dio eta lehengo bera dela iritzi dion arren, ez da nehoiz ohituko Izpizua bizarrik gabe ikustera. Ezin da ohitu lehenagoko iraultzaile irmo hura, aurrezki kutxentzat etxeak eraikitzen ikustera. Ezin da ohitu, marxista hura, ontzi azkarraren leman adi ikustera.

        Ez dituk gauzak gutxi aldatu handik hona, Damian, esan dio Izpizuak, Damianen pentsamenduak entzun izan balitu bezala. Heu ere ez haiz lehengo bera. Orduan estudiante finaren itxura huen eta orain, azkarregi zahartuko den zientzialariarena. Urdintzen hasita hago heu ere. Eta barrara iritsitakoan, norantz nahi duk, galdetu dio, eki ala mendebal. Heu haiz patroia, izan da Damianen erantzun guztia.

        Izpizua betidanik ezagutzen duela iruditzen zaion arren, Damianek zehatz du oroitzen noiz egin ziren betirako lagun. Garai nahasiak ziren, eta bera, Damian, bidali zuten Irlandara detonagailuen bila. Hogeita hiru detonagailu, IRAkoei erositakoak, Espainiako Mediterraneo aldeko turismoa eragozteko. Horiexek ekarri behar zituen erakundearentzat. Leherketa bat hemen eta leherketa bat han. Ingalaterrako erreginak baino hobeto hitz egiten duk hik ingelesez eta heu joango haiz Belfastera detonagailu horien bila, agindu zion buruzagietako batek. Hau ere hirekin joango duk, esan zion eta Jose Ramon Izpizua jarri zioten alboan. Bera izango duk bion arteko buru, operazioan.

        Bidaia hartan elkarrekin ezagutu zuten izuak egin zituen adiskide. Diru-maleta eskuetan, geltokietan aurkitu zituzten polizia britainiarrekin sentitu zuten beldurra, hutsa izan zen IRAkoen aurrean ezagutu zutenarekin alderatuta. Une batez hantxe bertan akabatuko zituztela ere esan baitzuen irlandarren buru egiten zuen betaurrekodun batek. Biak bereizi egin zituzten, eta zulo banatan sartuta eduki hiru egunez, ez jan eta ez lo, egiazko ekintzaile euskaldunak zirela egiaztatu behar zutela eta. Kokoteraino zeudela britainiarrek igortzen zizkieten kolore guztietako infiltratuez.

        Damianek eta Izpizuak ez dute hartaz sekula hitz egin baina Damianek badaki, berak bezala besteak ere, ezin izango duela inoiz hiru egun haietako espantuaren zantzua garbitu. Memoriako oroitzapenen artean egonen dela helduta beti, kaparra bezala, bakardade eta zurztasun erabateko hartan gertatu zitzaiena. Une batetik bestera noiz tiro bat jasoko egon ziren berrogeita bi ordutan. Bakar-bakarrik eta eurak ekintzaile euskaldunak zirela egiaztatzeko biderik ez zegoela jakinaren gainean egonik. Biok bakarrik gaituk hemen, esan zion Izpizuak haranzko bidean. Erortzen bagaituk, zerbait gertatzen baduk, biok izango gaituk bakar-bakarrik munduan eta zuzendaritzak ukatu egingo dik gu inora bidali gaituenik. Ez ditek nahi IRArekin daukagun bidea inola ere erretzerik.

        Hainbeste orduren ostean IRAko lau kankailu haiek zuloan sartzen ikusi zituenean, Damianek iraulka sentitu zituen bihotza eta hesteak. Dardara handi bat nagusitu zitzaion eta zurbildura, errautsarena bestekoa. I'm sorry, esan zioten, i'm sorry. Kaka zaharra i'm sorry, kaka zaharra. Ordurako zikinduta zeuzkan galtzak, beldurraren beldurrez. Kakaztuta.

        Detonagailuak hartuta Paristik beherako trenean zetozela, nik ez gehiago, esan zion Damianek Izpizuari, nik ez gehiago halakorik. Utzi eginen diat erakundea. Betiko.

        Oraintxe zagok, bada, gure beharra erantzun zion Izpizuak. Garai txarrak dituk zatiketaz geroztik.

        Besteekin henbilela uste nian nik, gehitu zion ondoren Izpizuak, besteekin. Harrituta gelditu ninduan Belfasterakoa hi hintzela jakin nuenean. Nola segitu duk gurekin besteekin uste hindugunean.

        Damianek bazekien horrexetarako bidali zutela Izpizua berarekin. Ez zirela fio berarekin. Zer ardura dio horrek, itzuli zion orduan erantzuna Izpizuari, zer ardura dio batzuekin edo besteekin ibili. Zer ardura dio horrek.

        Nola esan dezakek hori. Ez al hintzen asanbladako gertaerak ikusitakoan mindu. Han entzundakoak entzunda, nola pentsa dezakek horrela. Nola esan dezakek traidore horiekin edo gurekin ibiltzea gauza bera denik.

        Nik ez diat esan horrelakorik. Heuk esan duk hori. Eta egia duk, gainera. Zergatik nabilen zuekin eta ez besteekin galdegin didak. Nahi al duk benetan jakin. Nahi al duk egia ezagutu: batzuekin ala besteekin ibili, beti izango duk guretzat berdin-berdin. Halaxe pentsatzen diat nik. Bi erakundeak, biak ala biak saiatzen dituk geure mesedetan, nor bere bidetik. Horixe pentsatuta sartu ninduan ni zuekin, baina berdin-berdin ibil nintekeen haiekin ere. Gaur arte, ordea. Amaitu duk. Ez diat gehiago ezer jakin nahi. Nik ez diat honela ibiltzeko balio. Akituta nagok.

        Inork ez diagu balio honetarako, baina ibili beharra zagok.

        Bada, ibil hadi herori.

        Horixe izan zen tarte luze batean elkarri esan zioten azkena: bada, ibil hadi herori. Gero treneko ganbera hartan ez zen gehiago hitzik entzun. Bordeleko geltokia zuten helmuga, han beste norbaitek hartuko zituen detonagailuak errepidez jarraitzeko, seguru asko. Hantxe bukatuko zen bete beharreko lana. Geltokitik irten gabe, hurrengo trena hartu eta akabo.

        Trena geltokian sartzeko balaztak sakatzen hasi zenean, bat-batean bota zuen Izpizuak berea: nik ere ezin diat gehiago, Damian. Hauxe duk azkena niretzat ere. Eta Damianek jakin zuen aitortza txiki haren lekuko izateak, kate handi batez lotzen zituela bi gizonezkoak. Handik aurrerako pausoa, erakundea atzean lagatzeko ahalegina, elkarrekin egin beharko zutela Izpizuak eta berak. Elkarrekin eman beharko zutela pausoa aurrera. Elkarrekin eraman beharko zutela bentzutuaren zama. Egindakoak egin, deus erran ezin duen akituaren mututasuna.

        Zer nahi duk, lupiatan ala bestela, galdetu zion Izpizuak Hendaiako hondartzaren parean zihoazenean eta, heu haiz patroia, erantzun zion Damianek berriro. Heu haiz patroia. Horixe bakarrik erantzun zion, lupia eztarrian zaukaat nik, lagunari aitortzeko aukera profitatu gabe. Korrokoia. Ezkataduna. Bizi-bizirik. Eztarriaren erdian.

        Izpizuak zeruari behatu eta, garbiegi zagok eguna lupiatarako, esan zuen, egun beltzak hobeak dituk horretarako, batez ere euri pixarra baldin bada. Baina krabatarako ere ez zagok gozo, trapaila apur bat harrotu duk eta. Ez diagu deus harrapatuko baina, izanak izan, sasian ariko gaituk, lupiatan. Eta zuntzezko bi kanabera zuri atera zituen ontziaren kabinatik, bakoitzak amu handi bat eta gomazko arraintxo bat zeramala aparexuaren amaieran. Hik hau zainduko duk ababorretik, esan zion Damiani kanaberetako bat luzatuz, lau kilokoa harrapatu nian duela hilabete berarekin. Zaindu ondo.

        Damian poztu egin zen lupiatan ariko zirela entzun zuenean. Batetik, kostatik urrundu gabe ibiliko zirela esan nahi zuelako horrek, beti lehorra agerian, eta bestetik, ordura arte deusik esan ez bazuen ere, beldur baitzen motorrak gelditu eta krabatan edo txibiatan geratuz gero, urdailak laster emango ote zion abisu. Horixe zuen susmoa, aspaldian itsasoratu gabe, goragalea etorriko zitzaiola. Hobe, beraz, motorrak geratu gabe, tor-tor-tor, sasian ibiltzea. Poliki baina haizea aurpegian, behintzat. Eta begiak ostertzean. Ez mareatzeko.

 

 

Isilik egon ziren luzaro, alabaina bi gizonek bazekiten asko zutela elkarri esateko. Aspaldiko partez. Txalupa hondoratzeko adina pisu edukiko zutela elkarri esateko zituzten guztiek. Jakin ere bazekiten esan ere egingo zizkiotela elkarri, goiz edo berant, esan beharreko guztiak. Behin hasiz gero, etengabea izanen zela jarioa. Hasi egin behar, ordea. Lehenengo atea zabaltzeko balioko zuen giltza aurkitu egin behar zutela nonbaitetik. Beti izaten zela horrela euren artekoa, sinatu gabeko liturgia aspaldiko bati segika bezala.

        Tonbarriak, esan zuen Izpizuak Hendaiako bi harri handiak seinalatuz, bi horiek Tonbarriak dituk edo Tonbak. Aiako Harrian bizi ziren jentilek bota omen zitiztean. Baionako katedralaren kontra baina ez hituen iritsi haraino. Hortxe geratu hituen hondartzaren muga eginez. Jendeak Bizkiak deitzen ditik, izen jatorra ahantzi eta erdaretatik itzulita: Les Jumeaux, Las Gemelas. Alferrik izango duk izen hori berreskuratzen saiatzea. Gerra galdua diagu hori ere. Has hadi turistentzat egiten diren postal denetan egiazko izena erreklamatzen eta ikusiko duk. Horretan ere bagaituk gu baldarrak, urrutiko intxaurra beti duk hobea geurea baino, antza.

        Bai gizona, erantzun zion Damianek, honezkero hori ez diagu aldatuko, eta ondoren, Jaione hilda aurkitu diat esan zion. Bai, halaxe, tupustean: Jaione hilda aurkitu diat.

        Damianek gertatutakoa kontatu ahala, Polloeko gorputegiko emakume zatitua deskribatu ahala, Izpizua gero eta zen isiltzenago, gero eta zen zurbiltzenago, gero eta zen izutzenago. Ezin litekek, esateraino. Hori ezin litekek egia izan, esateraino. Nork egingo zion hori Jaioneri. Nork halako izugarrikeria.

        Damian isilik geratu da bere barrua arinduta sentitu duenean. Berak bakarrik zeraman pisu larri bat lagunaren bizkar gainean jarri balu bezala, nahiz eta jakin, ez dagoela Jaioneri gertatutakotik libratzerik. Lapa bezala geratu zaiola itsatsirik gogoan Polloeko mahai gainean aurkitutako ikuskizun ikaragarria.

        Jaionek beste bizimodu bat egiten zian nirekin bukatu ostetik. Eman al zian horren berri inoiz, galdegin dio Izpizuari eta honek buruarekin ezetz adierazitakoan, emakumeak oso desberdinak dituk gugandik, esan dio Damianek. Ez ditek gurekin zerikusirik ezertan. Gu arrainak bagara, haiek karramarroak. Edo alderantziz. Ez gaituk ezpal berekoak.

        Ondoren adierazi dio noizean behin elkarrekin afaltzen zutela Jaionek eta berak. Hiru hilabetean behin edo. Banandu zirenetik, eta lehenengo urtean ia elkar ikusi gabe egon ostean, lagunarte handia lortu zutela eta lehenago ez bezala, laket izaten zutela, biak batera ibiltzea, noizik behin. Kontuak esateko besterik ez, jakina. Eta emakume ezezaguna aurkitu zuela Jaionerengan, sekula pentsatu ere egingo ez zukeen bezalakoa.

        Damianek Izpizuari esan zion lotsatu ere egiten zela Jaionerekin ezkonduta zegoen garaian edukitako harremanaz. Bigarren urtetik aurrera, estatistikak betetzeko soilik egiten genian, Jose Ramon, batere surik gabe. Ulertzen didak, ezta. Ez nian ikusten jakin emakumearen barruan. Berak ere ez, ordea. Berak ere ez zian ezagutzen orduan, barnean gordeta zian andrazkoa. Horretaz beranduago konturatu huen, banandu eta handik denbora batera Donostian amaren etxean bizitzen jarri zenean. Lagun berriak egin zitian garai hartan. Esan zidanez, haiexekin hasi huen kanporatzen bere barneko piztia.

        Zein lagun mota hituen haiek.

        Ez zakiat, baina gizonezkoak eta goi mailakoak, aurrezki kutxako zuzendariak, dendari handiak, diputatuak eta horrelakoak. Donostia aldeko ahaltsu talde bat, berak esan zidanez. Izenik ez zidaan sekula aipatu, bat izan ezean: "Oxford Kluba". Antza, lagunarte hertsi moduko bat osatzen zitean bere lagunek, isilpekoa eta sexu jokoetara emana. Jaionek esan zidanez, zirkulu haren baitan ezagutu zian egiazki bere burua. Gogoko omen zitian gizon talde hark egiten zizkion proposamenak.

        Ez diat gehiago entzun nahi.

        Entzun beharko duk, bada, horrexetara etorri nauk eta. Neu ere harritu egin ninduan Jaione lehenengo aldiz halako gauzak esaten hasi zitzaidanean, baina aitortzen diat zain egoten nintzela gero harekin noiz elkartuko. Hark zer berri kontatuko. Beste bat huen egiazki, Jose Ramon. Ni utziz geroztik.

        Ederki ezagutzen zitian gizonak. Bazekian gure berri. Egiazki, ordea, barne-barnetik ezagutzen gintian, geure ametsik isilpekoenen albiste ere bazian Jaionek. Puta bat nauk, esan zidaan behin, eta ez dakik nola pozten naizen horretaz. Halaxe esan zidaan, poztu egiten zela gizon haien menera jartzeaz, gizon guztiz garbi haien jostailu huts izateaz, gizon haien gutizien gordeleku izateaz. Nirekin dituk asetzen, esan zidaan, eta ez euren emazte betikoekin. Nirekin dituk asetzen Damian eta orain zatorrek gogorrena, neu ere halaxe bakarrik nauk asetzen, gizon horiek guztiek mendean hartzen nautenean, hik irudika ere ez ditzakean gauzak egiten dizkidatenean, haientzat haragizko jostailu soil bihurtzen naizenean, desira huts eta gordinaren oldarra nireganatzen dudanean. Orduantxe izaten nauk egiazko emakumea, Damian, esan zidaan.

        Ezin diat sinetsi.

        Sinets ezak, bada. Egia duk eta. Kontakizun haietan harrapaturik geratzen ninduan. Hasierako lotsak gaindituta, neronek galdetzen nioan zertzuk egiten zizkioten gizon haiek eta, egia, Jose Ramon, nahiago diat hiri esan gabe geratuta. Jakin ezak soilik, Jaioneren plazerik handiena, gizon haiek aitortzera ere ausartzen ez ziren desioak zeintzuk ziren asmatzea eta burutzea zela. Mugarik gabe. Inolako zedarririk gabe. Hortik atera kontuak.

        Jaionek esaten zian kamustuta bizi garela gaur egunean. Egiazko zoriona non zegoen bazekiela berak eta kontatzeko eskatu zidaan, nire sexu-ametsetako bat.

        Ez hion kontatuko.

        Bai, esan egin nioan. Lotsa irentsi eta esan egin nioan, halako batean.

        Eta Jaionek.

        Barre egin zian nirea entzundakoan. Algaraka hasi huen eta ai Damian gaixoa, esan zidaan, oraindik bide handia daukak ibiltzeko. Horixe esan zidaan, bide handia daukadala oraindik nire egiazko desiretara iristeko. Eta sekula ez iristeko arrisku handia ere baneukala, espabilatzen ez banintzen.

        Eta hik.

        Nik ederki ulertzen nian berak esan nahi zidana. Gizonon neurria hartuta zeukala. Ulertzen nian berak bazekiela usteak bizi gaituela egiaren lekuan.

        Berriro isiltasuna nagusitu zen bi gizonen artean. Kanaberak alferrik botata. Ez lupiarik eta ez bestelakorik, kuliska eta kaio zaratatsu zenbait izan ezean. Txalupa gainean hegaka. Berdel triste bat ere ez goiz osoan. Sokoako altueran erabaki zuten mendebalerantz itzultzea, Pasaia aldera. Heu haiz patroia.

        Eta zer uste duk, Oxford Klubeko gizon horietakoren batekin edukiko duela zerikusia Jaioneri gertatutakoak. Urrutitxo joan eta itzulerarik gabeko lekuan gertatu zitzaiola hori.

        Ederki ulertu didak, erantzun zion Damianek. Hori ez baduk, halako zerbait behar dik derrigorrez. Jaione ez zebilean diru beharretan, aitzitik, hori ere aitortu zidaan, gizon haiek nahi beste ematen ziotela. Ez zeukala ezeren premiarik. Berak menpekoaren itxurak egiten zituen arren, ahurrean zituela haiek denak.

        Kontua duk, ordea, ez dakidala nortzuk ziren gizon haiek. Bat beraren izenik ere ez zidala esan. Eta horretan hik lagun dezakek, Jose Ramon: joan hadi Jaioneren amarengana eta galde iezaiok aztarnarik ba ote duen bere alabaren lagunez. Galde iezaiok sekula entzun al izan dion izenen bat, ikusi ote duen norbaitekin edo jakin al duen zerbait. Joan hadi hi Jose Ramon, ni ez naik ikusi ere egin nahi eta. Hi bai, hi gogoko izan hau beti, arkitekto jauna izaki eta ez zomorro artean ibiltzen den ni bezalako ganorabako bat.

        Bai egingo diat hori, edo saiatuko nauk behintzat, erantzun zion Izpizuak. Haren amak dakizkienak bederen, jakingo ditiagu geuk ere. Eta ondoren, baina hik ere egin behar didak niri mesede bat, gehitu zion. Galanta, gainera.

        Hori eginda zagok erantzun dio Damianek, baina, et, et, et, esan zuen orduan Izpizuak. Kontua ez duk hain erraza eta bere arriskua zaukak.

        Ondoren txalupara zergatik ekarri zuen ondo baino hobeto ulertu ahal izan zuen Damianek. Bidaia ez zela doakoa izan, alegia. Izpizuak bere loba Leire eta beste mutil gazte bat egun batzuetan etxean ezkuta zitzan nahi zuen. Muga pasatu bitartean. Ihesi zatozak eta gauzak apur bat baretu artean, gordean behar ditek egon. Azken egunetan ugaldu dituzten mugako zainketak baretu artean. Zer egin eta nora alde egin erabaki artean. Instrukzioak jaso artean. Gauzak ez baitira gure garaian bezala Frantzian.

        Iparraldea ez duk Frantzia, moztu zion lehor Damianek.

        Inork ez ditu bilatuko Hondarribiko golfean, Zoriona bezalako etxe dotore eta burges batean. Hogei urte ingurukoak dira bi gazteak, eta Izpizuak ez zekien zer egin zuten, baina ihesi zetozen eta loba propioa du Leire. Bere arreba Lorearen alaba. Berak ezin ditu etxean gorde. Gurean begiratuko ditek lehenik, esan zion Damiani, mesede hau egin beharko didak, laguna.

        Kaka zaharra, esan zuen Damianek, kaka zaharra. Horiek guztiak aspaldi utzi genitian atzean Jose Ramon. Ez hadi etorri orain eskaera horrekin. Gainera, edozer gertatuz gero, sei urtetik gora egin beharko ditiat barruan. Laguntzeagatik. Kaka zaharra. Ez iezadak eska horrelakorik.

        Eskatzen diat, bada. Ez diat-eta beste irtenbiderik ikusten.

        Kaka zaharra esan zuen berriro Damianek eta, nire etxean ertzain bat utzi diat ohean, esateko gogoa etorri zitzaion arren, isilik geratu zen berriro kaka zaharra eta kaka zaharra esan eta buruarekin baietz egin arte. Egun batzuetan, gordeko zituela bi iheslariak. Bere etxean. Zorionan. Kaka zaharra, Zorionan.

 

 

Bidasoako barrara itzuli direino, hitz erdirik ere ez diote gehiago esan elkarri bi gizonek. Badakite alferrik izaten dela hori bizitzak berak hartzen duenean aurrea. Erabaki eta pentsamendu guztiak gertatzen direla mehe, uhin handi batek bezala, bizitzak azpian harrapatzen dituenean. Arnasa hartu eta ahal den guztia gorde biriketan, ezin da egin besterik. Zuup. Gainean jarri den ur guztia urrundu arte.

        Noiz etorriko dituk, galdegin dio, azkenean, Izpizuari eta, gaur iluntzean bertan erantzun dio honek. Hire etxean agertuko dituk ate joka gaur arratsean. Benetan eskertzen diat hau, Damian, esan dio gero eta salto egin dute biek ontzitik portuko lehorrera.

        Agur ere esan gabe joan da Damian bere autorantz, kaka zaharra eskertuko dizut, kaka zaharra, pentsatuz batera.

        Santiagoko zubia igarotzerakoan, Polizia Nazionala ikusi du bere bidean kontrola ezarrita. Beste noranzkoan, CRSak berdintsu. Ez da giro mugan. Mugarik gabeko mugan. Iragaiten utzi diote eta Damianek eskertu egin du gaurkoa bezalako egun batean bada ere, zahartu izanak zerbaiterako balio izateak.

        Etxera iritsitakoan usain berri batek egin dio diosal sukaldetik. Arroza ikusi du perrexila eta txirlekin mahai gainean plantatuta, eta neskazahar egosi bat olio errez lagunduta. Arrainari laguntzeko moduko ardorik ba ote duen pentsatzen hasi denean, albariñoren bat edo, Lupek salto egin dio lepora kata-muxarra balitz bezala. Beti hantxe egon bailitzan portatu da emakumea. Etxekoa balitz bezala. Damianen beste gauzetako bat balitz bezala. Argos, sotoko ardo botilak, euliak, edo bularraren erdian sentitzen duen nahasmena bezain berea balu bezala.

        Euliez gehiago jakin nahi duela esan dio emakumeak. Konta iezadazu zergatik gustatzen zaizkizun hainbeste. Esan Damian, zer dute euliek besteok ez daukagunik hainbeste gustatzeko, jarraitu du jostari, Damianek aldartea pozteko egin behar izan duen ahalegin eskergari erreparatu ere egin gabe eta, batez ere, gaur arratsaldean biologiako bi ikasle etorriko dira etxera, dardararik gabe esan ahal izateko aurkitu behar izan duen adorearen handiaz ohartu ere egin gabe.

        Ez dakit zenbat denbora geratuko diren. Nire bildumaren inguruan egin nahi omen dute euren tesia, amaitu du Damian Arrutik, mahaira eseri baino lehen. Nire euliak behar dituzte ezagutu.