Leuropa
Leuropa
2002, nobela
196 orrialde
84-95511-51-7
azala: Anthony Russo
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2004, nobela
2000, nobela
1996, ipuinak
1992, ipuinak
1990, ipuinak
1986, nobela
1984, nobela
 

 

Egun hura Sakik kamiona deskargatzen eta karga on bat bilatzen eman zuen eta nik berriz, txabolan gure «pasajeroekin» eman nuen.

        Esnatu nintzenian Mustafa kanapian eta gizon zaharra besaulkian eserita zeuden, beste bi mutilak lurrian kukulduta oraindik lozorro zeuden.

        Mustafa gaztia eta mutil rektoa zen, lau haietatik nik uste bera zen bakarra han ingurukoa edo behintzat han denbora gehiena zeramana, ezagutzen zituen bazterrak, sukaldian aritzen zen, berak ekarri zidan gosaltzeko kafesnia eta ogi zati bat, eta bera bakarrik ateratzen zen txabolatik noizik eta behin, hori bai, hesiraino bakarrik eta beti denbora gutxiko.

        Zaharra, berriz, eztakit nola izena zuen, gizon mehea zen, ixila, itxura kaxkarrekoa, txaketa eta galtza korriente batzuk jantzita zegoen eta buruan inoiz kentzen etzuen gorrito txuri bat zeukan. Hura beti diskreto eta bulla guztietatik aparte zebilen baina bere begi zirrikituetatik begira begira, etzitzaion detailerik eskapatzen, neri ere noizik eta behin begirada bizi batzuk eta batzuetan igual zerbait esateko gogoa ere, baina badaezpada ixilik! Gizon hartaz gero Sussuk kontatu zidana besterik eztakit: eztakit nongoa zela, herria esan zidan, eta Frantzian zeukala familia, seme edo alaba batzuk hango emazte batekin eginak, eta egin omen zituen Lyonen hogeita eztakit zenbat urte, eta egun batian, orduan bazuen lau urte gutxi gorabehera, poliziak atxilotu omen zuen eta eztakit zergatik hiru urteko kondena bat jarri omen zioten eta kartzelatik atera zenian Magrebera bidali zuten, zergatik Frantzian hainbeste urte egin eta carte de sejourra besterik etzuen! Pasatu egin omen zitzaion beste paperak egitia, kontua da etzeukala nazionalidade frantsesa. Eta, orduan berriz hara joan nahi zuen eta noizpait ere pakia! nahi zuen, eta hortaz nik esaten dudana: guk badugu ba nahi dugunian hona aldera etortzia, eta hemengoak, zertako ezin dira ba nahi dutenian Europara joan??

        Beste biak Iassin eta Ahmed ziren, lehenengoa zen mutil leial bat aldian beti liburu bat zeramana, eta bestia zen Ahmed, eta hau etzen Marokokoa hau Aljeriakoa zen, eta honek ere hitz gutxi edo batere etzuen esaten, baina nerbio hutsa zen, begien txuria gorri gorria zeukan eta aurpegia markaz beteta, asko erretzen zuen eta arropak zeuzkan tarrat bat hemen zulo bat hor, krixto bat eginda.

        Ni haiekin izan nintzen denboran ez batekin eta ez inorekin enuen batere problemarik izandu, kontrarioan, harreman ona denekin, zergatik zen nik ikusten nuen jende bat gu bezalakoa, orduan beren apuroak eta beren larriuniak zituztenak baina jende langilia zen, gainera han ez ginen bata bestiari konplikatzeko bizitza ulertzen? denok bait genuen interesa berbera: gauzak ondo ateratzia.

        Gosaldu eta gero egondu nintzen denbora dexente kanapetik altxatu gabe, zergatik nik ez bainekien zein zen etxeko legia eta igual etzen komeni egunez ateratzia, baina nik ere nere beharrak banituen eta azkenian Mustafari galdetu nion, eta Mustafak esan zidan: han atzian simaur zuloa zegoela baina, neretzako mendian libre zela egitia! Orduan atera nintzen.

        Han ziren txakur batzuei kasu pixka bat egin eta zoko batian aisetu nintzen. Gero atzian zen menditxo batera igo nintzen, zer ikusten ote zen handik.

        Alde batian herria eta lehenago esan dizudana zegoen, bestian berriz, harrien artian erreka eder bat, behian emakume batzuk arropak garbitzen ari ziren eta goian haur batzuk jolasian ur zulo batian. Hauek bapo bizi dira hemen! pentsatu nuen.

        Harkaitz batian jarrita haiexei begira nengoen eta halako batian bidetxiur batetik gizon zarpail bat zetorrela ikusi nuen: jilabaren txanoa jantzita, sandaliak, herrenka, esku batian makila eta bestian saski bat zekarrela zetorren. Eguzkipian poliki poliki, eta gora iristen ari zenian auzoko txakurrak atera zitzaizkion zerbaiten usaian eta berak makilarekin ux! ux! eta ahots larri batekin inprekazio gogor batzuk bota zizkien.

        Orduan gustora egingo nuena: errekara jeitsi eta bainu gozo gozo bat hartu, baina pentsatu nuen etzela lotsa onekoa izango, amonak esaten zuen bezala, eta bestaldetik jeitsi nintzen berriz ere auzora, baina, ez bainuen berehala txabolan sartu nahi, begi bistan ere inor etzen eta, hantxe parian zegoen piku arbola baten itzalian, lur gogorrian eseri nintzen.

        Gero gizon kojo hura azaldu zen gure plazan, txabolan sar atera egin zuen eta ya saskirik etzuela nere pareraino etorri zen, bertan gelditu egin zen eta: Salam 'alekum! esan zidan, hori baita hemengo saludoa eta nik: 'Alekum salam, esaten den bezala.

        Eta berak: Ongi etorri, zer berri, ongi zurian, pozten naiz, ni ere ongi nago Allahri eskerrak, goiz ederra, ongi ote zara?...

        Eta nik: E, e, hemen esaten dena bai, bai esateko, baina ni egia esateko haren piurarekin pixka bat atzeka nengoen ez baitzuen gizon harek batere itxura onik lehen begi kolpe batian, goitik beheraino hautsez betia, aurpegia txanopian ikusten zena txupa txupa eginda, ezpainak harrotuak eta hortzak ere gosaltzeko muturreko bat eman izan baliote bezala benpein ez bakoitza oso bere tokian, gainera enekien zein zen eta zertako gelditu zen hantxe eta gainera enion dena entenditzen baina gutxi gorabehera bai, behintzat nik enion solasik eman, berak berriz, krixton diskurtsoa bota zidan, zerbait entenditu niona:

        Esan salam arabe bati, ogi bat galduko duk, hitz egidak beldurrik gabe. Ez al haiz magrebia, Europatik al hator? Ongi etorria pikuen eta harri koxkorren herrira, eta lasai egon hadi! Hi pertsona al haiz? Ni ere pertsona nauk, horregatik kasu egiten diat, eztiat deus eskatzen, itzal pixka bat bakarrik, Allah haundia da, hementxe jarriko nauk.

        Gizon hori Sussu zen eta ordu onian ezagutu nuen! gero esango dudanez berari esker bainago orain hemen eta libre.

        Egongo ginen hantxe pikupian bi bat orduz bai, eta orduan esan zizkidan ixtorioekin esan behar dut nik pilo bat flipatu nuela.

        Hitz egin zidan Espainiako erregiaz, nola behin berak itsasotik atera zuen nola bizitza salbatu zion, nola erregiak gonbidatu zuen bere palaziora eta nola erregina berarekin prendatuta gelditu zen, nola harekin «egin» zuen eta nola handik jaio zen alaba bat, baina Espainiako erregiak jakin zuenian Marokoko erregiari abisua pasatu zion, eta orduan Marokoko erregia bere atzetik ibili zela, erregia oso azkarra zela baina berak ere bazuela «pentsamentua» eta soto batian izkutatu zela eta handik bakarrik ateratzen zela goizaldian meskitara joateko, eta Allahk entzun egin zituela bere orazioak eta tximista batek jo zuela erregia buruan, eta erregia hil zenian hemen iparraldian jende asko mozkortu egin zela, inork etzuelako maite, baina bera etzela mozkortu, berak burua zuelako, eta bazekielako errege berria Rifeko familia haundien eta amerikanoen lagun mina zela eta haiekin etzetorrela gauza onik, pistola bat erosi ez erosi ibili zela baina azkenian etzela deziditu, ze hemen pistola bat duenari lepoa moztu egiten diote, eta buru bat hemen mila dirhamekin erosi daitekeela... Hori dena Allah gora eta Allah behera eta entenditzen enituen hitzak eta berak espainolez zekizkienak hala esaten zizkidan eta ikusi gabe sinistu ez daitezkeen makina bat keñuz.

        Gero motokarro edo karromato batian, eztakit nola esaten den, lagun batek Krimo ekarri zuen auzora, pixka batian Sussu eta biak aritu ziren, Krimok diru zerbait eman zion Sussuri, gero Krimok esan zidan neri etxian sartzeko, barruan freskoxiago zegoela eta zerbait jango genuela, eta Sussuri ere esan zion sartzeko nahi balin bazuen, baina Sussuk etzuen nahi eta han gelditu zen.

        Hortaz Mustafa eta bestiak, eta Krimorekin seiak egin genuen otordu txiki bat, Umaima sukaldian zen, hura ere etzen uste dut egun guztian etxetik atera, gabian joan zen, eta baziren hiru edo lau arrautz egosi xehe xehe xehe eginda gatz pixka batekin eta olio txurrutada batekin plater haundi batian, eta hori izan zen denentzako bazkaria, hori bai olioa oso ona eta ogia ere kategoriakoa zegoen! Gero Krimok nonbaitetik naranja bat atera zuen eta neri eman zidan, nik egia esateko apetito ederra bainuen besteen ajola gutxiz gustora jan nuen, baina ni nere artian: hauek hola janda... enauk harritzen iraileko irak baino iharrago egotia!