Leuropa
Leuropa
2002, nobela
196 orrialde
84-95511-51-7
azala: Anthony Russo
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2004, nobela
2000, nobela
1996, ipuinak
1992, ipuinak
1990, ipuinak
1986, nobela
1984, nobela
 

 

Goizian abiatu ginen, Gipuzkoan lanbroa ari zuen eta gero pixka batian ere bai laino arraro bat, goiz erdirako benpein, mendi batzuk pasa genituen, peña arteko leku bat, han Sakik antioju beltzak jarri zituen, eguzkia atera zen, zeruak garbi garbiak eta bero zakar bat!

        Joan gara bastante ixilik, ni enintzen behin ere halako kamion haundi batian ibili eta hango trasteei eta paisajiari begira, gustora nengoen! Zergatik Sakik freno motorra jarri zuen eta beti larogeita hamarrian eta neri hola ibiltzia gustatzen baitzait, ni Inazioren furgonetarekin ibiltzen nintzen polikiago ere eta kamionak atzetik tu tuu eta nik eskuarekin pasa! pasa! esaten nien, holaxe nijoan, entretenituta, bazterrak pixka bat ikusi eta ezagunen bat ikusi ezkero kaso egiteko ere!

        Saki ere ixil ixilik zijoan zergatik Frantziako joan etorri hartan bolantian ordu asko egin zituen eta pixkat lur jota zegoen. Irratia jarri zuen, euskerazkoa puntu bateraino, gero hori galdu genuenian beste bat espainolez jarri zuen. Erre eta erre zijoan, esaten zuen bestela loak hartuko zuela.

        Burgosko parte hori, ze lehorra den! Adituta nengoen, baina enuen hainbeste pentsatzen. Gehiena garia behar du, tartian izango dira beste belarren batzuk, centeno edo eztakit ze izena esan zuen Sakik, baina hori horiak dira denak, eta baita lore gorri pilo bat ere, haiekin opioa egiten dela, esan zidan Sakik, uste dut adarra jotzeko. Dena liso lisoa da, itsasoa bezala, solamente han urruti antzematen ziren mendien silueta batzuk. Handik hara, ehiza toki ederrak, esan zidan Sakik. Garia eta halakorik etzela harri paraje batzuk ere baziren, banakako arbola batzuk kopa biribilekoak eta tartian tartian makalak ere bai. Orain han inor bizi al da? Herriak bai ikusten ziren baina, kotxe batzuk gorabehera etzen jende arrastorik ere!

        Esan nion Sakiri: Hauek izan behar ditek bista zorrotza gure aldian, zergatik guk alde batera begiratu eta baserri bat aldapa batian, beste aldera begiratu eta elektrizidade torre bat beste aldapa batian, bi hiru kilometrotik hara ezin deus ikusi guk! Eta berak: Aldaparik ez izatia bai, orain hauek gehiago ikusi? Hi igotzen balin bahaiz Andoainen kasko batera, handik ikusten duan panoramia eta ikusten duan herri pila hemen eztuk katalejoarekin ere ikusten! Baita ere esan zuen: Eztiat entenditzen motel, jendia hemen nola bizi daitekeen. Zergatik Sakik kezka hori zeukan, gero hemen ere, Pueblo deitzen dioten hemengo barrio batian ere, hola esan zidan: Motel motel hona bizitzera etortzia buruan jarri zitzaion lehendabizikoa ezagutuko nikek! Zer pentsa ematen zion horrek: batzuk zergatik bizi diren ipar poloan, eta beste batzuk islatxo batian! Esaten zuen guk bagenuela suertia, zergatik munduan gure herria bezalakorik eztago!!

        Burgos kapitala pasata Hernaniko kamionero bat jarri da gure atzian eta handik aurrera Saki piztu eta biek krixton solasak ibili dituzte, kamioan ze nobedade ziren eta, nesken ixtoriak eta.

        Gero beste kamionero bat sartu zen tartian, kanal diecinuebian, eta musika flamenkoa jarri zigun harek. Zergatik Saki eta bestia, Hernaniko hura, Krispin izena zuena, gehiena espainolez ari ziren, baina tartian tartian fraseren bat edo beste euskeraz esaten zuten, eta beste tipo hura seguru aski horrekin pikatuta edo garraztuta zegoen eta, musika flamenkoa jarri zuen. Jota jota, esan zion Sakik, zerbait esan nahi baduzu esan ezazu baina etzazula musika hori jarri la ostia. Bestiak kasurikan ez, orduan Sakik eta Krispinek beste frekuentzia bat bilatu zuten eta han segitu zuten. Eta, beste hura, musika jarri zigun hura, Sakik susmoa, aurrian genuen bat zela, Sevillako bat. Gero mendian gora gatozela aurreratu dugu, puto koreano me caguen dios, etzian falta Sabinok arrazoia, izen hori hor atera zuen. Baina Sakik edozeinengatik esaten zituen jesukristonak, espainolez eta frantsesez eta belgez zer esanik ez! Eta gero arratsaldian kurba peligroso batian Espainiako batek majo majo pasoa eman zigun eta Sakik esan zuen: Noizian behin ateratzen duk parte onekoren bat ere!

        Eguerdian kamion pila bat geldirik zegoen jatetxe batian gelditu ginen. Zergatik obligatuak bait geunden gelditzen, ya lau ordu t'erdi egin genuelako bidian eta orduan tokatzen zen deskantso bat egitia. Krispin hori ere jeitsi zen gurekin, mutil mozolo bat, aupa, aupa, sartu gara jatetxian, gizonezkoz betia zegoen, Sakik: Segituan nator, esan digu eta, sukaldera sartu da, han egon da pixka batian, hangoak ezagunak inondik ere eta, ni han zeuden muñeka eta beste souvenir batzuei begira egon naiz, baziren mostradore gainian lurrezko pote polit batzuk ere, haietan eztia zegoen! Eta, Saki sukaldetik irteten ari zela, han zegoen tipo txiki batek: Tienes fuego? galdetu dit neri, eta nik: Ez, esan diot, euskeraz, tipoak pasmatuta begiratu dit, Sakik hari sua eman dio, gero neri: Hi, Tximi, Espainian garela, la ostia! Gero mahai batian jarri gara hirurak, Krispin hori zebilen larri larri, bere mobilari eztakit ze pasatzen zitzaion, ezin zuen asmatu, deiak bazituela baina etzekiela nor ari zitzaion eta etzuela lortzen hitz egitia. Bera ere Algecirasera zijoan, eztakit norako silla ruedas batzuk hango portuan utzi behar zituen, silla horiek Andoaingo Obean hartuta gainera, baina karga gutxi zeraman eta osatu nahi zuen. Azkenian telefono publikotik deitu zuen eta lortu egin zuen hitz egin behar zuen harekin hitz egitia, gero Madriden gelditu behar zuen. Zergatik hori ere autonomo zebilen eta autonomoak agidanez beti telefonoarekin buruhaustiak, mobila lurrera bota eta hankapian txafla txafla egiteko gogoa zeukala esan zuen eta Sakik esan zuen, alde ederrian bizi zirela kamioneroak lehenago, gogoratu zuen bere osaba nola ibiltzen zen: astian biaje bat ez oso luzia, askoz ere lasaiago, orain hori bai, orduko burrunba etzela parre egitekoa, hala bukatu omen zuen bere osaba harek, gor gorra, ezkerreko belarritik ezer etzuela aditzen, eta eskubikoan ere dexenteko falloa.

        Benpein bazkaldu genuen, entsalada hirurentzat eta gero Krispinek eta biok arraina eskatu dugu eta Sakik xerra patatekin, bai al dakik zeren xerra den? Krispinek galdetu zion, baina hari ajola gutxi, zergatik Krispinek esan zion, itxura bazuela txekor eroarena izatia, eta Sakik esan zion, azienda eroak azienda sanoari afektatu behar ziola, eta bera seko jota zegoela berez edo aspaldi, beti holako ateraldiak izaten zituen.

        Komentatu zuten baita ere nola kamionzaliak huelga bat prestatzen ari ziren, eta Sakik: Aber bueltan... aber guri tokatu behar zaigun, baina bueltan huelga zen edo etzen ikusteko ez genuen betarik izandu, eta hau eta beste, nik ikusi nuen Krispin huelgaren alde bezala zegoela, eta Saki berriz, kontra bezala, orain ze arrazoiak esaten zituzten, egia esan ahaztuta nago. Kamionero putakume horiek, esan zidan gero Sakik, federazioko edo eztakit nongo jefeez ari zen, baina, etzuen lehenago aritu ziren harekin zerikusirik izango, ez dute ba seguridade gehiago eskatzen, ez daitezela ilegalak kamionetara sartu!!

        Eta, han ginela, telebisioan partidu zaharren bat ematen ari ziren eta, gu tarteka hari begira eta, gero notiziak jarri zituzten eta, eztakit non zen, Espainiako edo ez oso urrutiko itsas puertoren batian behintzat girasol pipaz betetako barku bateko bodegan sei tipo, Errumaniakoak uste dut esan zuela, atzeman omen zituzten hilda! Ez omen zituzten zeramazkiten jakiak ikutu ere egin, eta inbestigatzen ari ziren nola gertatu zen hiltzia, aber aire faltaz izan zen edo insektizida baten eraginez edo nola krixto izan zen. Esan behar dut momentu hartan notizia horrek inpresio haundi bat egin zidala, zergatik gu negozio berian genbiltzan ulertzen! Eta etzen jendiak esaten zuena, esan badakigu gauza asko esaten dela, han ikusten zen telebistan barku hura, egia behar zuen...

        Gero kafiak hartu eta Krispinek esan zuen bera lasai zijoala eta siesta egin behar zuela, total makinan gelditu zen, eta Sakik berriz, gu aurrera goazela, agur esanda joan egin ginen. Egin bait genuen dagoeneko ordubete pasia, hori omen da legiak esaten duena, eta orduan bagenuen ibiltzia beste lau ordu t'erdiz, eta gero ordubeteko deskantsua egin behar genuen, eta gero beste ordubetez ibili, eta gero zortzi orduko deskantsua, eta gero ya hogeita lau orduak osatu bitartian kamionak geldirik egon beharra zeukan!

        Handik behera nahikoa laster Madridera sartu ginen, han zegoen trafikoarekin ni pixka bat ikaratuta nengoen! Eta, sartzeko hartan, goitik nola pasatzen ziren abionak! bata bestiaren atzetik, herrian txoriak diren baino gehiago baziren abionak. Hiriaren gainian laino zatar bat zegoen, ni enengoen oso lasai, hango etxe pilarekin, hango jendiarekin ere, denak igualtsuak, txoferrak denak antioju ilunak jantzita, bata bestiarekin haserre bezala. Zergatik Espainiako beste tokietan, Burgosen eta horietan, ikusten zen jendia zen pixka bat gu bezalakoa, batzuk txaparragoak, bestiak luziagoak, baina Madridekoak denak igualak eta, etzitzaizkidan oso normalak iruditu!

        Madrid pasata baziren beste herri haundi batzuk, industria sail ikaragarriak, han bazegoen enpresa bat eztakit ze edari egiten zutena, Sakik esan zidan: Horra nik botilak Irundik, taponak Usurbildik eta papera botilari pegatzen zaiona... eztakit nondik esan zuen, hiru tokitatik eraman izan zuela berak materiala hara!

        Handik aurrera ni ya nekatuta nengoen, zapatillak kendu eta hankak guanteraren gainian jarri nituen, enintzen lehen bezala paisajiari begira, halako batian kontrol bat topatu genuen, guardia zibilak egin zigun gelditzekoa, baina ez jeisteko eta etziguten eskatu ezeren paperik ere, ruedei begiratu zieten, Sakik esan zuen: Caguen, erruedak gaizki ditudala ibiliko nauk! bazenekite... Eta, handik aurreraxiago La Mancha deitzen den toki batian gelditu ginen, zergatik nik sabeletik egin beharra neukan, eta han ginela Sakik esan zidan: Hemen eta hemen don Kijote ibili zen, klaro, lojikoa zen, zergatik don Kijote de la Mancha zen, baina nik uste nuen horiek liburuko gauzak zirela eta enuen han barrena bere zaldiarekin imajinatzen.