Paperezko hegazkinak
Paperezko hegazkinak
2002, nobela
152 orrialde
84-95511-50-9
azala: Belen Ibarrola
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2011, narrazioak
2007, nobela
2005, nobela
 

 

 

If I'm free it's because I'm always running

                                      Jimi Hendrix

 

— Emmak deitu dik, hire lagun ingelesak.

        Galder Hackneyn metrora sartu eta Green Parken Victoria lineara aldatu zen. Eguna eman zuen East London line Bakerloo line Jubilee line Northern line Metropolitan line Hamersmith & City line. Sagutxoen gainetik pasatzen zen trena. Hau tuneletan galtzean, haiek korrika egiten zuten. Galder konturatu zen hiritarrak ez zirela sagutxoekin ikaratzen. Ez zieten nazka ere ematen.

        Londres lar kosmopolita bihurtu zitzaion. Bihotza taupadaka hasten zen hiri-erdialdeko geltokietara hurbiltzen zenetan. Begirada galduak ekartzen zituzten goizak eta gauak. Gero eta nekosoagoa zitzaizkion elkarrizketak azentuak hitzak begiradak orrazkerak metroaren lengoaia. Metroko sagutxoak. Metroko trenak. Itsasoko uhinak ziren, beti joan-etorrian, itsasgora goizeko zortziak laurden gutxiagotan eta itsasbehera arratsaldeko bostetan. Urik gabeko itsasoa zen. Biktimarik gabeko itsasoa.

        Metroak asfaltoak argiek taxi beltzek irlandar erako tabernek Green Parkeko katagorriek indioen durbanteek alkohol-dendetako Kaliforniako ardoek telejanariak nesken betazal margotuek garbitegi ederrek eta eraikin ofizialetako bandera britanikoek neka-neka eginda lagatzen zutela erabaki zuen. Emmari egindako traizioa Emmak egindako traizioa zen.

        — Londres ez duk inori ihes egin ahal izateko horren handia. Bazakiat haitzulo horretan hagoela. Deituko al didak?

        Bi mezu zeuden erantzungailuan. Emmarena zen lehena. Bigarrena ere Emmarena.

        Greban zeuden zabor-biltzaileak. Poltsa beltzek berehala gainezkatu zituzten kontenedoreak, greba barik astean behin jasotzen baitzituzten. Kronenbourg poteek poltsen erdia betetzen zuten bederen. Zinemara tabernetara lagunen etxeetara dantzazuloetara joatea gero eta gogorrago egiten zitzaion. Zertarako kaleratu, garagardoa etxean bertan edan bazezakeen? Gero eta sarriago edaten zuen pisukide italiarrekin. Errazago onartzen zituen haien burrunbak dinbi-danbak plaustak. Jainkoa DJ bat zela zioen beltz burusoil bat gurtzen zuten. Galderrek ere gurtzen zuen apurtxo bat. Gelako koltxoian jesartzen zen. Batzuetan Donnatella kontu-kontari joaten zitzaion aldamenera. Italiarrak barre egiten zuen zurrut egiteari utzi gabe. Graduaziorik gabeko betaurreko beltzak janzten zituen. Baziren aste batzuk Donnatellarekin oheratu nahi zuela.

        — Badakin, Donna? Aguilera kapitainak ziri ederra sartu zionan kazetari frankistari. Putakume galanta!

        — Tutti gli spagnoli siete matti. Zoro hutsak zarete.

        Fernando hil duk, amaitu zen Emmaren bigarren mezua.

Neguaren amaieran, kanpotik etorritakoek behe-lainoaren hutsa nabaritu zuten. Bere buruari galdetu zion ez ote zen mito hutsa. Ez zuten sekula jakingo. Ez eben jakingo. Hiri erdialdeko kalezuloetarantz ikusten zituen Galderrek gaueko lokamutsetan; egunekoetan, ostera, Buckinghamgo soldaduek gorrotatzen zituzten gogotik; ahoa bete hortz geratzen ziren luxuzko dendetako erakusleihoen aurrean, ezin sarturik; lerdea isurtzen zitzaien kalerik dotoreenetan barrena; eta zirrara berezia sentitzen zuten multinazionaletako tabernetan mutil suediar batek lager bat jartzen zienean.

        — Fernando bere ohean hil duk. Hantxe aurkitu dik errentatzaileak.

        Emmaren bigarren mezua entzun zuen lehen uneko akordu garbirik ez zeukan. Hiru edo lau aldiz jarri zuen erantzungailua berria segurtatzeko. Sentitu zuenaz ere ez zen oso ongi oroitzen. Hustutako Bud botila haietako bat bezalaxe sentitu zelako irudipena zuen. Seguru zegoen behintzat, inoiz ez zuela Fernandoren heriotza hain mikatza irudikatu. Agerian zegoen, lehenago horretaz pentsatu izan balu, Fernandok bere bakardadean hil beharra zeukala, bere ohean, edo bere gelako sofan, argazkien irudi beltzen liburuen testamentuaren artean. Haren heriotzak ez zuen gehiegi atsekabetzen, goizago edo beranduago gertatu beharrekoa baitzen, baina inork ez zuen Londresko errentatzaile zikoitz bat lekuko izaterik merezi.

        Konkordeak zerua urratu zuen. Londresko zerutik bi minutuan behin igarotzen da hegazkin bat Heathrowra Gatwickera Stanstedera. Galder ohitu gabe zegoen artean. Aireportuan bezain galdurik sumatzen zuen bere burua afrokaribearren auzune hartan. Emmak jakinarazi zion zorretan zegoela berarekin, Ben Caponek ez ziola lanik egin Gobernuari, Alexander Marriotek baizik. Foreign Officeri. Galder begira geratu zitzaion, harrituta. Fernando ere zur eta lur gelditu zen Capon berriro Madrilen ikusi zuenean. Marriot Londresen zen ordurako. Aste bi baino gehiago ziren gerra amaitua zela.

        — Burutik egin zaik? Badaki Bolinek hemen hagoela?

        — Bada horrek ez dakienik?

        Ben Caponek esku bat jarri zion sorbaldan, lasaitu nahian. Fernando Aranguren ministerio batean hasi berria zen.

        — Hemen ez hago seguru. Bazakitek zer idatzi huen Guernicaz.

        Caponek irri txiki batekin erantzun zion. Apirileko eguraldi grisari aurre egiteko, kafe triste bat edatera gonbidatu zuen. Erlojua begiratu zuen Galderrek. Belu zen. Kalean oro zen Southern Confort pinta Jack Daniel's pinta-erdi Orangina Smirnoff Canada Dry. Neskak binaka sartzen ziren komunetara. Emmak azaldu zion egunkariak erabaki zuela, Madril jausi ondoren, erreportari bat eduki behar zutela alde hartan. Fernandok ospa egiteko agindu zion Caponi. Lehenbailehen. Arrazoi bat edo beste, bere laguna zen. Espainiak bere Franco zuen bere Negrin bere Ramiro de Maeztu bere plaza nagusiak bere argindarrik gabeko herriak bere kanpandorreetako erlojuen itzalak arratsaldeko lauretan. Baita mendeari bizkarra emateko modu berezia ere. Ongi aski zekien hark zer gertatu zen apirilaren hogeita seiko arratsaldean. Eta hala ere laguna zen.

        Galder zorioneko testuaz gogoratu zen, non entzun gura zituen azalpenak emango baitzituen Fernandok. Emmak ez zizkion emango, behinik behin.

        — Testamentuaren bila ibili nauk, baina alferrik.

        — Nola alferrik?

        — Ez diat aurkitu. Idazki guztiak gainbegiratu ditiat hirutan gutxienez. Ez zagok ezer.

        — Ez din hiretzat utzi?

        — Ez.

        — Benetan? Buru-hankarik gabekoa dun halako testu bat idaztea hil aurretik inori ez emateko.

        — Gerra Zibileko argazkiak bakarrik utzi ditik. Ez zakiat non dauden idatzi horiek.

        Testua beretzat ez zela bazekien arren, Galderrek urtebeteko garagardo guztiak emango zituen Fernandok zer idatzi zuen ezagutzeagatik. Zer Caponen heriotzaren gainean. Seguru baitzegoen, autoa erre aurretik garbitu zutela. Jakingura mingarriarekin konformatu beharko zuen. Beharbada ez zegoen libururik. Beharbada damutu egin zen eta azken unean erre egin zuen. Auskalo. Zentzubako ematen zuen testu bat prestatzea, baldin eta ez bazegoen oso gauza inportante bat inori esateko. Josek berak ere onartzen zuen hura. Larrinagako gertaerekin gomutatzen zen batez ere. Lapa haitzari nola, hala itsasten zitzaizkion hilketa basa haiek. Berandu iritsi zen, Monzon eta Polizia Motorizatukoekin batera. Preso eskuindarren gorpu odoleztatuek presondegiaren barren-goiak lohitzen zituzten. Gorpu mutilatu batzuk ere bazeuden barreiaturik. Bilboko egunkariek txikertutakoen berri eman zezaten agindu zion Leizaolak Arbex zentsoreari. Eman egin zuten. Baita atzerriko egunkari eta irratiek ere.

        — Baina eskribidu, saldukeriaz eskribiduko neuke nik! Gerrea akabau aurretik, zezeilaren 27an ezagutu eben ingelesek Francoren gobernua. Alejandro Goicoecheaz eskribiduko neuke! Aldarazitako hizki guztiez! Southamptonez!

        Galder ez zegoen pozik. Irrikan zegoen jakiteko zergatik eduki zuen Emmak isilean Fernandoren eta bien arteko harremana. Litekeena zen, baita ere, Fernandoren idatzia Emmak gorde izana. Antza denez, esandakoa baino pixka bat gehiago zekien beti. Baina, usteak uste, ez zuen zirikatu nahi.

        Hura agurtu ostean, Victoriara sartu zen. Neguaren amaieran kostata ulertu zuen metroko enplegatuaren ahots axolagabea. Line hartako lanek atzerapenak omen zekartzaten atzera ere. Bidaiari errukarrien orkatilei erreparatu zien, King's Road eta Sloane kaleetako zapata-denda garestietan bortxaturiko orkatilei Green Parkeko zelaietan puskatzeko orkatilei baso urbanoaren asfaltoak handitutako orkatilei Royal Ballet-erako orkatilei egunaren luze zoroak gorrituriko orkatilei maitemintzeko orkatilei maiteminez hiltzeko gisako orkatilei. Metroa etorri orduko bultzaka hasi ziren bidaiariak, mantsotu gabeak beratu gabeak londreseratu gabeak. Barruan, hamaika begitartek orkatilak irentsi zituzten.

        — Orkatila diok? Hara bestea! Ez zagok arterik orkatiletan.

        Artea kanpoan eta barruan, egin zuen arrapostu Galderrek bere artean. Londresek euria zekarren. Londresen ezin zaio euriari ihes egin. Batera eta bestera begiratu zuen, ahaleginetan. Neguko jantziek senperrenak egiten zituzten orkatilak ezkutatzeko. Bere aurrean emakume luzanga bat Newsweek-era kiribildu zen buru guztien gainetik. Bagoian oro zen Guggenheim Come to Bilbao Bravo Spain.