Paperezko hegazkinak
Paperezko hegazkinak
2002, nobela
152 orrialde
84-95511-50-9
azala: Belen Ibarrola
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2011, narrazioak
2007, nobela
2005, nobela
 

 

 

        Inpernua zirudin Gernika gureak gauaren ilunean. ¡Bizi geran arte gure baitan izango dan irudi negargarri!

        Sugar ikaragarriak zijoazten lurretik zerura. Oñaze nabarmenaren agerpen ziren sugarrak. Erri baten azkenatzaz mintzo ziran sugarrak. Erri baten eriotzatzaz mintzo tristean ari ziran sugarrak.

        Alboetako mendiak mamorrutzarrak iduri. Diran bañore mila bider aundiagoak ziruditen.

        Sua zen eregin. Ondamendizko sua jaun da jabe.

        Erriaren alde batetik bestera suaren eresia bestereik etzenun entzungo.

        Sua... sua... sua...

Jesus Insausti "Uzturre"

 

 

Ahuspez, Galderrek eskuak luzatu zituen itsumustuan. Bota bat ukitu zuen lehenik. Pixka bat gorantz egin eta aspaldi hustutako Bud botilatxo bat agertu zitzaion. Horrela ezinezkoa zelakoan, koltxoiaren eskuinaldera lepoa bihurtu eta argia piztu zuen. Behegainean azken bospasei asteetako ondasunik gehienak zeuden sakabanaturik. Emmak ez zuen ulertzen zelan bizi zitekeen anabasa haren erdian, hartan Fernandoren antza zuela.

        Galtzerdi baten barruan sumatu zituen antiojoak. Izara maiztuarekin zikina garbitu eta sudurrean pausatu zituen. En el bazoqui de Ochandiano ondea ya la Cruz de Borgoña del Requeté... Idatzizkoari mila bederatziehun eta hogeita hamazazpiko apirilaren bederatzi jarri zioten orriaren behealdean. Iruñeko Zapateria kaleko berrogeita bederatzigarrenari zegokion alea. Estafetakoa izan balitz ere, berdin. Egia aitortzera, Iruñekoa zela zen datu baliagarria. Koltxoian etzanda, buruak jarraitzeko agindu zion. Aldez aurretik zehaztu bako presa zen. Kanpoan oro zen berandu ez bultza mesedez come on come on. Desasosegua erabat jabetu zen berataz. Arratsalde osoa estutu gura zuen presak.

        Puzkerra bota bazuen ere, kiratsa beste toki batetik sartu zen gelara. Garagardo bat behar zuela erabaki zuen Galderrek. Arropak eta bestelakoak mugitzeari ekin zion. Alferrik. Egun batzuk lehenago galdu Gizarte Segurantzako txartela baino ez zuen topatu. Sukaldera jaitsi zen. Aurreko gaueko hondarrak zeuden lapiko batean. Rissotto platerkada batez gain, lau garagardo hartu zituen hozkailutik.

        ...Los fugitivos vascos que se acogen a nuestras columnas, cuentan espantados la tragedia de villas como la de Guernica, que han sido quemadas y destruidas por el fuego intencionado de los rojos casi en su totalidad, cuando las tropas nacionales se encontraban a más de quince kilómetros. Kiratsa Salamancako Estatuburuaren komunikatu gisa etorri zitzaion azkenean. Puzkerrak eta putzak bat egin zuten bere aurka, hizkuntzari matxinada. Artikuluaren sinatzaileak Jeneralaren hitzak jasotzen zituen hirugarren paragrafoan. Lehenbailehen jakin gura zuen bigarren artikulua Diario de Navarra-ri ere bazegokion. Ez zen luze zain egon. Hirurak egunkari beretik atereak ziren. Marriot zuzen zebilen. Sevillako eta Salamancako prentsa-arduradunek ezin hobeto egin zuten beren lana. Nork ez zuen sinetsiko Espainia nazionalean Asturiasko dinamiteroek erre zutela Gernika?

        Galderrek bihotz ikaratuaren taupada biziak nabaritu zituen koltxoian. Ez zegoen seguru norenak ziren berbak. Kazetariarenak eta Estatuburuko bozeramailearenak mingain bakar batenak omen ziren. Sevillako edo Salamancako gizona kazetaria bera zitekeen. Gogoratu zitzaion Luis Bolinek hamaika izen hartu zituela. Sinatzailea ezagutzeagatik berehala baztertu zuen, baina behin-betiko onartu zuen hamaika bizi bereganatuak zituela sasikume hark. ...Otra vez en marcha y otra detención, a poco, en la larguísima caravana, para dejar paso a los generales Mola y Solchaga, que regresan de inspeccionar las más avanzadas líneas. Vienen en coche y vuelven de los parapetos donde suenan los tiros y se arriesga la vida. Eta Fernando Arangurenena ez zen salbuespena.

        Laugarren botila amaitzean, Galderrek ukabilak estutu zituen besoak luzaturik, ezkerrean hormaren parean eta eskuinean balio handirik gabeko ondasunen gainean. Hormak berde bezain mutu zirauen, ez zen Fernandoren etxekoa bezain adierazgarria bezain kuxkuxeroa bezain zuria bezain gezurtia. Bezain traidorea. Deigarria zen haren biluztasuna. Hainbat astetan ez zuen deus eskegi, eta eskegi bazuen, ez baitzuen gogoratzen, ez zegoen jada. Isilarena egiten zuen horma biluztuak, irudi beltz beldurgarririk gabe.

        Kanpoan oro zen goxo suabe ezti. Barruan oro Enrique VIII oro Cromwell oro Lord Mountbatten. Larri zegoen. Bihotza lehertzeko zorian zeukan, zaldi zauritu batena bailitzan. Urdaila kexu zuen zirriz-zarraz eta korrok egiten hasi zitzaion. Hotzak ere bazegoen, burusi eskoziar bik orkatiletatik zamaraino estaltzen zuten arren, berogailua aspalditik piztuta zegoen arren.

        Berriro bereganatu zituen lurrean lagatako paperak.

        — È una corrispondenza per te di Paesi Baeschi —iratzarri zuen Donnatellak hamarrak aldera.

        Galder arrapaladan jaitsi zen eskaileretan behera eta bortxaz kendu zion gutuna italiar harrituari.

        — Grazie Donna, sei un sole —musukatu zuen algara batean.

        Susmoa zuen Joseren erantzuna zela. Egia aitortzeko, zegoeneko uxatuak zituen itxaropen guztiak.

        Fernando Arangurenek bospasei hilabete zeramatzan Diario de Navarra egunkarian, Raimundo Garciaren zuzendaritzapean. Bazitekeen Mola bera eta buruzagi karlistak ere ezagutu izana, Baleztena, Lizartza, Arraiza... Arriba España-n ere idatzi omen zuen inoiz, baina hogeita hamazazpiko apirilean lehenaren berriemaile ofizial jardun zuen Iparraldeko Frontean.

        Matxinatu faxisten aldeko frankotiradorea ez ezik, Bolinen harikoa ere ba omen zen Fernando. Hark ez zuen nahitaez esan nahi haren izaera harroputza zeukanik, ezta ere hark ongi antolaturiko azpijokoetan zebilenik, baina haren begiko izateak gordinki salatzen zuen. Galderrek lehendik zekien Bolin ez zela Urdaibain errebeldeak Gernikako errautsetara sartu zirenean. Haren ordez, Aguilera eta Rosales kapitainek zelatatzen zituzten kazetari atzerritarrak. Fernando haiekin zebilen orpoz orpo. Galderrek bazuen Aguileraren berri Londresera joan baino lehenagotik. Gerra hasi bezain laster lerro batean ipinarazi ei zituen bere laborariak, sei aukeratu eta besteen aurrean tiro koldarra eman. Pour encourager les autres, ulertzen duzu?, esplikatu zion Peter Kemp ingelesari.

        — È una corrispondenza per te di Paesi Baeschi.

        Zur eta lur utzi zuen Joseren gutuna jaso izanak. Ez zuen uste gai izango zenik Fernandoren arrastorik inon topatzeko. Onartu beharra zeukan aurreiritziaren okerra. Bere kolkorako barre egin eta irakurtzeari ekin zion. Hirugarren artikuluak urte bereko maiatzaren leheneko data zekarren, errepublikarrik gabeko eguna, sinatzaileak hondakin eta errautsak besterik ez baitzituen topatu, negar-anpuluek lagatako begi gorriren bat.

        Galder bihurritu egin zen. Lagunak bidali hirugarren artikulu hark garbi frogatzen zuen Fernando Gernikan egon zela apirilaren azken egunean. Beharbada hogeita bederatziko eguerdiaz gero zebilen. Haren begiek ere ikusi zuten Caponek hiru egun lehenago ikusitako sugarren kito ketsua. Fernando beste kazetari nazionalista eta atzerritar batzuekin batera sartu zen, zeru urdin baten azpian, hondakin-meta espantagarrira. Aurri eta errautsak bakarrik topatu zituenez, hura ere ikaratuta sartu omen zen. ...Ayer se procedió a la inspección de las ruinas de ese espectro todavía humeante. Un oficial de prensa nacionalista y un sargento de la IV Brigada de Navarra dirigieron las operaciones y demostraron a los periodistas españoles e internacionales la falsedad de las acusaciones de Aguirre difundidas a través de Radio Bilbao.

        Aguilera eta Rosales kapitainak han ziren. Fernandok ez zeukan bizkarra uneoro zaintzen zionik. Italiarrak ere bere kasa zebiltzan. Erreportariek galde egin zieten bizikide izutu apurrei, noiz ofizial nazionalen laguntzarekin noiz bakarka. Caponek Monzon ikusi zuen Fernando Aguilerarekin mintzatu zeneko tokitik gertu. Santa Maria eliza zutunik zegoen oraindik.

        — Nor da basakeria honen erantzulea? —Monzon Ertzaintzaren lanen antolaketan zebilen buru-belarri, eta zenbaitetan ematen zuen ez zituela erreportarien galderak aditzen.

        — Franco.

        Kiskaltzen ari zen herrira sartu aurretik, Alemaniako nahiz Italiako abioien berri eman zioten iheslari batzuek. Gobernazioko funtzionario ezezagun batek bonba zati batzuk erakutsi zizkien bildutakoei. Zorroaga teniente eleaniztuna ere haiekin zebilen. Itzulpenak egin behar zituen. Lekuko batzuek, harrigarriro, ez omen zekiten gazteleraz.

        — Ikusten dozue? Arranook ez deutsie dudei tokirik ixten.

        Josefinatarren ospitalera joan zen. Han ez zegoen arranoren arrastorik. Fernandok, behintzat, ez zuen ezer ikusi, eta bakarrik ibili zen. Ospitalea birrindurik zegoen. Ofizial bati galdetu zion ea gaixoen biziak errespetatu zituzten, eta hark sorbaldak goratu zituen, zer zekien berak. Soldadu nazionalak sartu zirenean ez zegoen inortxo ere. Capon apaiz talde batengana hurbildu zen hiru egun lehenago.

        — Bonbardaketea hasi aurretik berrogeita bi miliziar zauritu egozan hemen. Orain danak hil-hotzik —arranguratu zen Alberto Onaindia Valladolideko katedraleko apaiza. Gerora elkarrizketa bat egingo zion periodikoan argitaratzeko.

        Ulertu zien aita Etxeandia hil egin zela bonbardaketan. Gero Errenteria auzunetik jarraitu zuen. Bonba su-emaileek etxeak erretzen zituzten. Bide beretik ekin zion Fernandok ere, ageriko arrazoirik gabe, txikitutako San Juan kaletik.

        — Meatzari asturiarrek maisutasunez jokatu ditek. Dinamitak erraiak erauzi zizkiok herriari.

        — È una corrispondenza per te di Paesi Baeschi —iratzarri zuen Donnatellak hamarrak aldera.

        ...Los que han cometido tal acto de vileza se refugian hoy en Bilbao, hacia donde el ejército del general Mola marcha imparable. Nos queda la amarga sospecha de que lo que ha ocurrido en Irun, Eibar y, ahora, en Guernica, no sea más que un aviso de lo que puede ocurrir en Bilbao. Galderrek hasperen egin zuen. Ez zegoen besterik bere zorionerako. Zegoeneko hutsik zeuden Bud botila guztiak, balio handirik gabeko ondasunen artean ezkutaturik. Alkoholak eragindako zorabio txikia nabaritzen zuen sabaiari begira.

        Bat-batean, Fernando Aranguren Diario de Navarra-ko gerra berriemailea ikusi zuen lainotan, Gerra Zibileko historiaren hizki ikusezinetan desitxuraturik. Koltxoian etzanda Teresa Barasoain zuen akorduan, eta Jose Fermin Aranaz eta Indalecio Perurena eta Maria Garaikoetxea eta Juanito Etxegoien eta Leon Urroz eta Pilar Arozena. Beste hildako guztiekin ere oroitu zen. Begitandu zitzaien paperezko frontean zeudela, bai zera. Zalantza egin zuen. Adolfo Urioste edo Angel Allende Salazar kaleetan gernikar egoskor apurrei galdetu behar izan zien zerk beldurtu zituen. Inork kontatu behar izan zion hasieran dena joan-etorria zela, astelehenero bezalaxe, eta gero itsasadarretik hegazkin bat agertu zela eta bonba eztandak entzun zirela Ibarra de San Juan ibiltokian, Ezenarro familiaren jauretxearen ondoan. Gordeleku antiaereoetara egin zutela korrika oihuka negarrez. Gero baten batek keinu egin zuen ateratzeko, pasea zela arriskua, eta berehala zerua hegazkin beltzez tindatu zela, sua eta kea, ez zegoen ezenarrotarren etxearen arrastorik. Sua eta kea. Esan omen zion arren ez salatzeko, edo salatzeko hala nahiago bazuen, zegoeneko berdin zitzaiolako, aita senarra seme-alaba biak kiskalita atera baitzituzten Bilboko suhiltzaileek.

        Londres londresa da. Josek argi zeukan irabazleek ez dutela inoiz galtzaileengandik ezer nahi izaten. Mundu berriak galtzailez lepo behar zituen kartzela hilerria besterria. Hura Bilbokoekin batera erori zen. Ikaratuta zegoen. Larrinagako kartzelakoak salbuetsita, lehen aldia zen matxinoak aurrez aurre ikusten zituena. Onenean hebain-hebain eginik lagako zuten. Ugari fusilatzen zuten eta denak makilatzen zituzten. Kartzelaratutakoan galdu egin zen ikara, ohituraren ohituraz eta lehen egunetako egurraren egurraz derrigorrean galdu ere, sarriago ikusten baitzuen Cabañas kaporal mengelaren begitarte kamutsa, kopeta zimurrez betea, Laredo aurreko zeru-muga baino.

        Hil batzuk lehenago, aldiz, Torrontegi hotelean, irabaztearen eta galtzearen arteko haria gero eta ikusezinagoa zen matxinoen aldekoentzat. Askapenaren tenorea gerturatu ahala, gero eta begi-bistakoagoa zen CNT eta FAIkoen ordua. Nazionalek Artxandako muinoetara iristea lortzen bazuten, Arenal eta Abando anarkisten esku geratuko ziren. Emakume aberats batek erran zuen abertzaleak alde egiten ari zirela Hendaiara Bordelera Southamptonera. Frantzia eta Ingalaterra herri traidoreak ziren: abertzaleen eta komunisten lagunak. Abertzaleen eta komunisten lagunak ziren hoteleko kazetariak ere. Galderren ustez, Ben Caponek jakin behar zuen Fernando Aranguren faxisten luma zorrotza zela. Baita besteek ere. Eta agian ez zitzaien axola. Edozein Fabrizio Verini Sanzetti bailitzan. Baina Nafarroako egunkari baten lumaduna ez zen edonor. Emmari egindako traizioa sentitu zuen Galderrek. Baita Fernandok Emmari egindakoa ere. Biziki.