Paperezko hegazkinak
Paperezko hegazkinak
2002, nobela
152 orrialde
84-95511-50-9
azala: Belen Ibarrola
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2011, narrazioak
2007, nobela
2005, nobela
 

 

 

        Gritos de niños, gritos de mujeres, gritos de pájaros, gritos de flores, gritos de maderas, gritos de piedras y de ladrillos, gritos de muebles, de camas, de sillas, de cortinas, de cazuelas, de gatos y de papeles.

Pablo Picasso

 

 

Caponen egunkariak bidalitako beste gerra-berriemailea, Alexander Marriot, Eibartik hurbil zebilen. Galderrek bazekien Gernikaren gaineko haren albisteak ez zirela ostegunera arte iritsi. Ben Capon Bilbon zen. Arratsaldean ibiltzera kaleratu zen. Kalderapekoak ikusi zituen errenkadan maskor itxurako iturri batean. Bilboko emakumeak ur-ontziak eta treskak noiz beteko zain zeuden. Arana Goiri batailoia zuten mintzagai. Gehienek jantzi beltzak zituzten soinean. Gizon bati baino gehiagori entzuna zion, mairuek emakumeak bortxatzen zituztela. Umeak jaten zituztela sinesten zuenik ere bazegoen. Auskalo. Gernikako irudiak ahaztu gura zituen aldez edo moldez. Ez zen erraza izango. Irudiak argazki bihurtuak ziren buruko artxiboan eta Bilbok ez zuen larregi laguntzen. Bazirudien harea zakuak husten dibertitzen ziren umemokoak bakarrik zeudela gorpuen hatsarekin nazkaturik. Hil-kanpaiak entzuten ziren edonon. San Anton San Nicolas Santos Juanes Santiago. Ezizen komunista eta anarkistarik gabeko hotsak ziren, kamarada gabetuak. CNT, POUM eta Alderdi Komunistak ez zekiten ezer intsentsuaz. Konturatua zen hiletak gero eta sarriago egiten zirela. Elizak antiaereoetara sartzeko baino ez ziren abandonatzen. Fernando de la Revilla 22 Conde de Mirasol Begoña-Axpi La Laguna Lutxana 8. Orotara ehun eta hogeita hamazazpi aterpe zenbatu zituen. Jose askotan egon zen.

        — Gehienak hezetasun handiko soto edo bebarruak ziran. Edo tunelak edo zubien azpian egokitutako tokiak. Akorduan daukat Rodriguez Arias kalekoa. Behin aurrez aurre euki nebazan Eliodoro de la Torre, Juan Astigarrabia eta Gonzalo Nardiz.

        Parkeko lakuaren inguruan polizia bi zaldiz zamalkatzen ari ziren oso lasterketa patxadatsuan. Turisten erreguak jasan behar izaten zituzten noizean behin. Hyde parkean oro da argazki erretratu picture, baita neguan ere. IRAk zaldizko baino zaldi gehiago hil zuenekoaren paperezko irudi lainotua etorri zitzaion Galderri gomutara. Barre egin zuen bere artean. Poliziak turisten itzuri zebiltzan, zaldizkoak ez du ezinbestean zalduna zertan izan. Parkean ez zegoen giro. Katagorririk ere ez zen ikusten. Emmak noiz edo noiz jauzi egiten zuen hotza engainatzeko.

        — Hire aitona 1936ko azaroan iritsi zunan Espainiara. Haren lehen kronika hil horren hogeita hirukoa dun.

        Egur puskak, koltxoiak eta altzari apurtuak pilatzen ziren etxe baten ondoan. En los frentes no hay jornadas de ocho horas. En la retaguardia, si es preciso, no debe haberlas, horman. Goriev eta Miaja jeneralen arteko zubi lanetan zebilela adierazi zion Koltsov Pravda egunkariaren kazetariak. Gero beste kronika batzuk etorri ziren, ez asko. Lehen brigadistak, Alemaniako komunistak. Khale prusiar ofizial ohia. John Cornford poeta, aspaldiko laguna. Inork esplikatu zion Madril brigadistei esker salbatu zela. Dolores Ibarruri, Federica Montseny eta Victoria Kent-ek joan-etorri ugari egiten zuten fronteetara. Miretsi egiten zituen emakumeak. Navacerrada Buitrago Guadalajara. Durruti hemeretzian akabatu zuten Modelo espetxearen aurrean. Atoan eroan zuten Ritz hotelera, bertan baitzegoen milizia katalanen ospitalea. Gerra hasi aurretik otorduak 10 pezeta balio zuen Ritz-en. Kazetari atzerritarrak Gran Via eta Florida hoteletan ziren. Koltsov bera ere hantxe zegoen.

        — Gerra puta honegatik ez balitz, Espainia zoragarria lukek —argitu zion Marriotek Madrilera iritsi zen bezain laster—. Ikusi, ikusi Errepublikaren prentsa berria: Nuestra Cosecha, Nuestra División, Dabrowrzczak, Stajanov, Stalin... Zaborra, ez beste!

        Capon ez zegoen seguru gerrak zekarren zaborra ala zaborrak gerra. Auskalo. ABC-Diario al Sevicio de la Democracia, El Debate, Informaciones, Ya erantzun zion gogorik gabe. Jakinaren gainean zegoen jada. Egunkari guztiak zeuden zentsuraren mendean. Marriotek bekozkoa jarri zuen. Ez zen harekin gaizki moldatzen baina, azken batean, ailegatu berria zen. Agindu zion Chiki-Jaira eramango zuela pilota partida bat ikustera.

        — Tori.

        Caponen egunkariko artikulu baten fotokopia zeukan Galderrek eskuetan. Ez zen hark sinatua, ez eta Marriotek ere. Hedabide nagusietan bi egun lehenago agertutako berri eta iritzi-artikuluetan miatzen zuen. Informazioa toki askotatik iritsi zen Londresera. Egunkari bakan batzuek soilik zeuzkaten berriemaileak, Bizkaian hilketa basa jazo zenean. The Times-ek gogor salatu zuen Alemaniako hegazkinen ankerkeria. Hark jasotako Agirre Lehendakariaren hitz batzuk ere bazeuden Galderren paperean. The Morning Post-ek, bestalde, harri eginda galdetzen zuen zein ote zen hain triskantza odolbako haren benetako zioa. Hogeita bederatzian Salamancako Estatuburuak eginiko ukazioaren berri eman zuten hedabide ugarik. Ez zegoen horren garbi nork deuseztatu zuen Gernika.

        — Tori. Fernandok esaten dik argazkiak maltzurrak direla, ez direna agertu gura dutela.

        Negua hotz, Emma hotz. Urte mordoa joan ondoren lagunekin gogoratzeko balio duen argazki horietako bat zen. Urteak gorabehera ondo kontserbatuta zegoen. Bertan bost lagun eta bost izen agertzen ziren: Hume, Madner, Salinas, Capon eta Fernando. Argazkiaren atzealdean Fernando Aranguren zegoen idatzita. Galderrek izen-deiturak bakarrik identifikatu zituen. Begirik zolienak ere ez zuen hura ezagutuko. Ondo aldaturik zegoen. Murmurikatu zuen Emmak bera zurtzeko gaitasun itzela zeukala. Salinas Madrilgo kazetari bat zela azaldu zion hark, La Libertad egunkarikoa.

        — Bazegonan beste bat, Jorge Salinas mexikarra. Washington Post egunkarirako idazten zinan.

        — Ez duk hori.

        — Berdin dun. Salinas ez zaidan interesatzen.

        Argazkian CNTko emakume miliziar bi ere bazeuden, loteria denda baten aurrean, erretzen.

        — Fernando Florida hotelean zebilean beharrean, ikasi bitartean. Bertan ezagutu zitian kanpoko kazetariak.

        — Gerra puta honegatik ez balitz, Espainia zoragarria lukek. Gerra puta honegatik eta, zer esanik ez, Peinado koñak nazkagarri honegatik.

        Walter Moore, Henry Chilton Ingalaterrako enbaxadorearen laguna, zegoen beraiekin. Aspaldi esana zuen Frente Popularren gobernu ahulegiak ateak zabaltzen zizkiola inboluzio bati. Ministerioetan inork jaramon pittin bat egin balio, ez ziratekeen egoera hartara helduko. Atzeranzko aldaketa sudur aurrean zegoen. Han denek zuten haren berri.

        — Hik zer uste duk, Fernando?

        — Aranguren eszeptiko hutsa duk, nik uste.

        — Bai, zer espero daiteke heriotza bizitzaren interesgarriena dela dioen morroi honengandik?

        Moorek lehen aldia zuen kazetarien bunkerrean. Larregitxo iritzi zion espainiarraren usteari. Ikusi balu zelan metatzen ziren gorpuak fronteetan, oso besterik mintzatuko zen. Baina, gorpuak gorpu, bestelako kezka batek entretenitzen zuen. Inboluzioaren gaineko gogoetak ahantzi ezinik zebilen artean. Otsailaren amaieran esan zion Julian Besteirori Falangeko Madrilgo bulego nagusia ixteak kalte handiak ekarriko zizkiela. Calvo Soteloren hilketak nola edo hala gertatu beharrekoa baino ez zuela aurreratu. Laguntzeko prest zeudela. Azañak berak entzun behar izan zuen. Britainiar guztien izenean hitz egiten zuela.

        Marriot eta Terencek iruindarrarekin tematzea nahiago zuten.

        — Birritan pentsaturik, gerrari esker izan diagu herri zoragarri honen berri. Ezagutu beharko duk Espainia zeharo anakronikoa dela. Eskerrak Tharsis, Rio Tinto eta beste enpresa batzuek bussines egiten duten! Lehen Mundu Gerran ere ez zenuten parte hartu!

        Caponek bakea emateko erregutu zien. Fernando joan eta etorri zebilen, kazetarien esan eta trufei erreparatu gabe.

        Moorek argi eta garbi laga zuen ez zegoela ados azkenarekin. Gomutatu zen Bizkaia eta Gipuzkoako itsasgizonek burdingaia garraiatu zutela urpekontzi alemaniarren mehatxuari muzin eginez. Ausartak ziren euskaldunak. Sota ekarri zuen akordura bereziki. Josek ere ahotan hartzen zuen sarri hura.

        — Santurtziko moiletan Ramon Sota zanaren andra zaharra ikusi neban, Lady Sota, ilobek inguraturik. Lehen gerra handia amaitu ostean, sir izendatu eben ha be. Andreari besterrira joan beste aukerearik ez jakon geratzen. Dan-dana Sota sir bihurtu ebenen erruz. Eta gero askok dinoe italianoek berbea jan ebela Santoñan. Ederra gauzea!

        Londresen oro zen jela izotza horma leia. Oro ice. Emma ice, parkeko edozein putzu balitz bezala. Galderrek bazekien jada Fernando Arangurenena, ondo jakin ere. Londreserainoko bidea Paristik beharrean, beste nonbaitetik pasatzen zelako susmoa zuen aspalditik. Madrildik, esate batera. Emmak erakutsi argazkia bere susmoa egiaztatzera baino ez zetorren. Haren etxean botatakoa Gernikan aterea zela jakin ondoren hartu zituen lehen errezeloak. Adinak eta jatorriak salatzen zuten Fernandorekiko lotura. Nahikoa argi zegoen oharkabean joateko. Galderrek ez zion orduan ezer aipatu Emmari. Eta bere ustez, orain bazegoen zer komentatu. Fernando Arangurenek oraina ez eze, iragana ere bazuen; zertaz idatzi bere testamentuan. Baina Emmak eraman bazuen haren etxera, hari bakarrik zegokion erabakitzea noiz argitu bien arteko harremana. Kazetaria eta ikaslea elkarren alboan zeuden. Zitekeena zen argazkia Fernandorena izatea. Eta hura ere Emmak bakarrik azal zezakeen.

        Moorek beste guztiek baino hobeki zekizkien Espainiarekikoak; hobeki Euskadirekikoak. Marriot iritsi berria zen, azken batean. Baina ez zuen ahoa zabaldu. Hitz egiteko moduari desegoki bazeritzon ere, hein batean bat zetorren harekin. Espainia ez zen hogeigarren mendeko herria.

        — ...Eta gerrari esker izan badugu herri zoragarri honen berri, gerra hau ere zoragarria da!

        Terencek bakarrik barre egin zuen Marrioten ateraldiaren kariaz. Caponek begi-imintzio bat egin zion Fernandori. Ulertzeko. Iruindarrak beste keinu batez adierazi zion ez zuela halakorik zertan egin. Ondotxo zekien zergatik zen Espainiako gerra ingelesen ardurakoa. Hain anakronikoak ez ziren izango, ba!

        Caponek apur batean lankideen solasa utzi eta Fernandorengana jo zuen.

        — Marriot eta biok bagoazak hiriburutik.

        — Banengoen! Aspergarria duk Madril uneon.

        — Gora joateko asmoa zaukaagu.

        — Ederki! Zenbat eta gorago, orduan eta giro hobea. Neuk ere igo beharko nikek.

        Isilune bat egin zen.

        — Hire herrira goazak! —iragarri zion Marriotek.

        Handik lasterrera, Iruñera alde egin zuten beren egunkariaren ideologiak eskaintzen zuen bisita-txartelari esker. Caponek bi aste ere ez zituen han igaro. Iparraldeko lur-eremu errepublikarrera sartu zen, Madrilen adostu bezala. Marriot matxinatuekin geratu zen.

        Londresen oro zen nola aurre egin hotzari. Ez zegoen ordurako poliziarik. Ez zegoen apirilaren hogeita bederatzian Caponen kronikarik. Editorialaren alboan, Marriotek bidalitakoak hura eta beste kazetari ingelesen lehen bertsioa ukatzen zituen. Galderrek pentsatu zuen Hyde parkean ez zegoela hotza engainatzerik. Negua mutu, Emma mutu. Marriot Gernikan egon ahal izan zen egun hartan, faxisten eremu gero eta zabalagotik baitzebilen. Kronikak, hala ere, hogeita zortziko gertaerak zekartzan. Nazionalek aurrera egiten zuten geldiezin Gernikarantz, eta Salamancako nahiz Sevillako jeneral koronel kapitainek uko egiten zieten gorrien zein beraien menpean borrokatzen ziren guztien gezurrei, bereziki Agirre bezalako koldarrenei.

        Galderrek jakinarazi zion Emmari, Caponen oso bestelako lumaz idatzi zuela Marriotek, inongo hitz zirraragarririk gabe, nahikoa hotz, ingurua zelatatzera mugatzen den belatzaren moduan. Gernikakoari dagokionez, Radio Nacional de Salamancako esatariaren hitzak jaso zituen. Luis Bolin matxinatuen prentsa-bulegoetako nagusiak dena ukatu zuen. Hogeita seian eguraldi beltza egin zuen eta ezinezkoa zatekeen abioek hegan egin izana. Baina, hortik harago, Guernica ez zen militarren jomuga, handik 15 kilometrora baitzeuden eta berehala sartzekoak ziren. Zergatik deuseztatu behar zuten beren esku erortzear zegoena?

        — Emma, utziko al didan argazkia? Bihar itzuliko dinat.