Paperezko hegazkinak
Paperezko hegazkinak
2002, nobela
152 orrialde
84-95511-50-9
azala: Belen Ibarrola
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2011, narrazioak
2007, nobela
2005, nobela
 

 

Budweiser

 

Elurra abisatu gabe etorri da Londresko asfaltoaren gainera, Fionak horrenbeste maite duen asfaltora. Egun egokia iruditu zaizu etxe ondoko lorategietan hara eta hona ibiltzeko, jitoan dabilen potinaren antzera, eta aspertutakoan taberna batera sartuko zara. Inor gutxi dabil kalean, eta inor ere ez zure moduan. Mara-mara ari du kanpoan. Urteko lehen maluta aldizkarira irristatu zaizu King Juan Carlosen ilea urdindu nahian. "I feel profoundly Spanish. I'm a proud Spaniard, but I'm not a nationalist. Conceptually I don't share nationalism". Aznar Espainiako presidentea mintzatu zaio Time aldizkariari. Bi aste lehenagoko alea da. Zuhaitz baten azpian geratu zara arretaz irakurtzeko. Ez da batere erraza eskularruak jantzita orriak pasatzea. Aznar da kazetarien helburu nagusia, baina euskaldunak elkarrizketatzea ere merezi bide du. Time-k Cristina Cuesta peace activist, Nicolas Redondo Terreros socialist politician eta Carlos Totorica Mayor of Ermua hautatu ditu.

        Jakin beharrak bake-prozesua apurrarazi du egunkari-saltzaileekin, pakiekin. Hemendik aurrera kioskoetako egunkarien lehen orrialdeak irakurtzen saiatuko zara, lehen egiten zenuen moduan. Londresen egunkariak fucking garestiak dira; gertaerak, ordea, beti dira berdinak. Gertaera berdinak ez balira, salneurriek gorabeherak izango lituzkete, burtsan bezala. Hala ere, dena ez da pakistandarrak konturatu gabe irakurtzea zelatatzea espiatzea. Bat baino gehiago erosi duzu aspaldion.

        — Inoiz ez duk Ei Bi Si hartzen, Galder.

        ABC dun. Joan den astean gainbegiratu ninan Instituto Cervantesen. Egunotako iritzi artikuluak Moët et Chandon botilak ditun. Nik garagardoa edaten dinat.

        Damutu zaizu garagardoarena aipatu izana, errazegia jarri diozulakoan. Uste du egoskor hutsa zarela eta hura adibide ezin hobea da. Prejudice erantsi du zure belarriak zulatzeraino, komunikazioa normaltze puntura iritsia ez balitz bezala. Dagoeneko hizkuntza ez da traba, den-dena aditzeko gai ez zaren arren. Bestelakoa da traba, bistan dago. Londres asfaltozko basoa da, baina elur malutek basoa bakarrik estali dute, ez asfaltoa. Zu Fionarekin zabiltza, baina gabe bazenbiltza bezala, gabe mara-mara. Bere etxera abiatu zara.

        Hitzak eta argazkiak aireportuko baskulan galtzen direlako tesia gero eta toki zabalagoa hartzen hasi da zure buruan. "Los 23 miembros de la Mesa Nacional de Herri Batasuna han ingresado en prisión" desagertu da hiriko kale nagusietatik. Pisu gutxiagokoa eta, agian, argigarriagoa da "La ejecutiva de HB entre rejas" esatea. Horrela irakurtzen dituzu titulu guztiak, xanpain egunkariaren kasuan areagotuta: "¡A la cárcel!". Nazioarteko kazetaritzaren aro berri baten atarian zaudetela ohartu zara. Zenbat eta laburrago, orduan eta eraginkorrago. Horretaz gain, ezer ere ez. Ertzaina policeman da. Herri Batasuna party da. Londres urbanoegia da, baso-oihanegia. Egunkari espainiarrek dauzkate mozkorraldiaren eskubide guztiak.

        Pisuaren atarian topo egin duzu Fionarekin. Botila bat ardo zuri dakar. Faustino VI da ardorik maiteena hirian, modakoa, baina hil honetan Espainiak beltza bidaltzeari utzi eta apartsua kanporatzeari ekin dio auzokoen inbidiarako. Kataluniak Codorniu igortzen du; Madrilek Krug Grande Cuvée, Belle Epoque Brut eta Moët et Chandon uzten ditu. "Los nacionalistas viven más cómodos en el País Vasco que los no nacionalistas" irakurri duzu paki batenean. Ez bide dago alde handirik cava egunkari eta xanpain egunkarien artean, denak baitira hordigarriak.

        — Fi, Agua of Bilbao behar dinat lehenbailehen.

        Mila bederatziehun eta laurogeita Dianaren urtean Irratia aurkeztu dizu Fionak. Bere ohean zaudete, ardo zuria edaten. Aukeran nahiago du ardo hori. Zuri berdin dizu. Fiona umezaro ozpindu baten produktu biologikoa iruditzen zaizu, hezkuntza-prozesu tamalgarri baten ondorio mikatza. Ez zaitu, dena dela, bere hautaketak larregi harritu. Zulo horretan Alemaniako irrati bat entzuteak harritu zaitu. Zure iritziz, aparailuak ez du sei libra baino gehiago balio. Erakusteko eskatu diozu, arren, sinesgaitz.

        Ez da oso zaila izan Radio Nacional de España topatzea, Radio Exterior de España. Fionak azken zupada luzea eman dio zigarro bati, aurkikuntzari larregizko inportantziarik aitortu gabe. Zu sor eta lor geratu zara Espainiako ahots ezagunak entzutean. Irratia egun pare bat uzteko erregutu diozu. Hamaikak hamar gutxiagotan entzun dituzu hurrengo eguneko egunkari nagusietako titularrak. Hamar minutu geroago hitz eta pitz hasi dira eztabaida politikoaren hizlariak. Fiona berandu ohartu da Trafalgar galdutako bataila dela. "¿Habéis escuchado a la portavoz de Jarrai?: 'Si quieren la guerra, ¡la tendrán!'. ¡Habrase visto esa niñata!". Oso gertu sentitu dituzu ahotsak. Hordituta dirudite, mozkortuta bustita kakatuta edanda.