Paperezko hegazkinak
Paperezko hegazkinak
2002, nobela
152 orrialde
84-95511-50-9
azala: Belen Ibarrola
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2011, narrazioak
2007, nobela
2005, nobela
 

 

Foster's

 

"Spain. Two suspected members of the Basque separatist group ETA have been killed in a shoot-out with police in central Bilbao". Hodei beltzek estaltzen dute gaur Londresko zerua. Euria ekarriko duen ala ez ikusteko dago. Zure iritziz, eutsi egingo dio. Egia esan, ez dizu ardura. Bart gaueko pintak jirabiraka dabilzkizu buru-gorputzean. Une batez goragalea etorri zaizu. Arrapaladan komunera joan eta zulora beha geratu zara, barrukoak noiz hustuko. Ez da deus ere atera. Zeure aurpegi desitxuratua baino ez duzu ikusi zuloko ur garbian. Agerikoak dira betazpiak. Betzuloak. Ahots lakarra daukazu. Komuna zikindu beharrean zaude, baina nahitaezin batean itotzen ari zara. "La viuda del policía asesinado por el comando Bizkaia este mes, dice que le parece fantástica la muerte de los terroristas".

        Eguerdi aldean jaiki zara ohetik, Steve eta Helenen etxean. Biak Fionaren lagunak dira. Haienean eman duzue gaua. Fiona lo-zorroan dago oraindino. Ez duzu iratzartuko. Helenen eta telebistako esatariaren hitz ulertezinak iristen dira gelara. Mutilaren arrantzak entzun dituzu jantzi bitartean. Ozenegi iruditu zaizu larunbat goizerako. Azkenean Fiona esnatzea lortuko dute.

        Zabuka jaitsi dituzu eskailerak. Sukaldera sartu zara zuzenean, egarria kentzeko asmotan. Itxura ezin penagarriagoa erakusten du. Edalontzi plater garagardo poteak edonon. Hozkailua irekitzean jaki indiarren usaina sartu zaizu urdaileraino. Edateko zer edo zer bilatu eta erdi hustuta dagoen mahats-zuku botila hartu duzu. Helenen jario ulergaitza eta ttika massala-ren usaina nahasten ari zaizkizu. Steveri zerbait aurpegiratzen diola ematen du.

        Haxixak zure barrenak garbitu ditu egongelako atera azaldu zarenean. Besaulki beltz batean luzatuta daude Steve eta Helenen soin erdi biluztuak. Bi-biak aurrerantz so, begiak kliskatu gabe. Argi dago auzi garrantzitsu batez mintzatzen ari direla telebistan. Esatariaren berbak, ohi bezala, zure aurka bihurritzen dira. Oraingoan, zorionez, ez zaude haien premian. Autoaren itxura diatonikoak ulertarazi dizu istripu larri baten aurrean zaudetela. Helen begiratu gabe mintzatu zaizu. Zeuk ere ez diozu begiratu. Erabat ezinezkoa da bizirik irtetea trikitixa horretatik.

        Iluntzeak egongelatik atera gabe harrapatu zaituzte. Esnatu deneko hanka egin du Fionak, komunetik pasa barik, erosketak egin behar zituen. Zuk -ketak bakarrik ulertu dituzu, baina sumatu duzu erosketak zirela. Ez dakizu oso ondo zertan den zure harremana Fionarekin. Beharbada esaten duenaren erdia ulertuko bazenu, ez zeundeke gustatuta. Beharbada egunero aurkitu zale zara. Batek daki. Berdin da. Bere lagunek peta berri bat egiteari ekiten dioten bakoitzean autoaren irudia agertzen da. Steve potroetaraino dago. Helen titietaraino dago. Bost axola zaizkio Diana Charles Erregina, baina Steveren jarrerak bere senetik ateratzen du. Gainera, azaltzen gaitza bada ere, triste dago. Zeu bezain triste. Hedabideei ihes egin ostean, haien alde egin du testamentua Dianak, esaten ausartu zara esaldiaren egitura poliki osatu ondoren. Stevek eta Helenek ezer aipatu gabe begiratu dizute. Fionak egin ohi dizkizun keinuak egin dizkizute. Argi dago ez dituztena zure hitzak ulertu.

        Etxe ondoko taberna batera jaitsi zara. Luze gabe etorriko dira Helen eta Steve. Baita Fiona ere. Telebista zure txokolate beroa baino beroago dabil Jarcha musika talde pleistozenikoak abestu duen honetan. Aldaketa xume baterako eskatu duzu txokolatea, esne barik. Egunkari espainol bat zabaldu duzu barra gainean. Dianaren heriotza baino berri gehiago bada munduan. "El Ministerio del Interior ha realizado un vídeo denominado 'El rostro de ETA', cuyo objetivo es dar a conocer en determinados países la verdadera realidad del terrorismo en España". Ohartu zara zure inguruan The Guardian egunkaria dela nagusi. Lasaiago sentitu duzu zeure burua, horren den eskandaluzkoa hil honetako prentsa britainiarra. Espainiako egunkaria ez da tabernako begiluzeen gogokoa. Bere txikerrean, egonean dago barran. Beste hot chocolate bat eskatu duzu. Modan dagoen abestia da pelikula bati esker. Zuri ongi datorkizu berriak erretzeko: "HB se enfrenta a Jarrai y pide un clima sereno en la calle. Jarrai se defiende argumentando que sus militantes siguen la línea oficial marcada por KAS. Además, opinan que si meten a la cárcel a los miembros de la Mesa Nacional, a los que tildan de 'señoritos', 'ya pondrán a otros', tal y como sucedió la primavera pasada".

        — Hemen ez zagok HB ezagutzen ez duenik. Izozki marka nagusietako bat duk —harritu egin zaitu tabernariari hain ondo ulertu izanak.

        Hurrengoan adierazi beharko diozu zer den KAS.